Nola atondu (dudan nire) gela bat norberarena
Miren Agur Meabe

HEA Kultura Elkartea, 2022

 

 

7. Altzariak

 

      Altzarien funtzioa, estetikoaz gain, ez da besterik erosotasuna eskaintzea baino. Altzariek sorturiko ongizateak onurak ekartzen dizkio produktibitateari.

      Nire gelako altzariak, juxtu-juxtuan.

 

      7.1. Mahaia, eta mahaiak lau hanka:

      Bat: Autofikzioa eta bizitza arrunten balorazioa: “Biografia orok igortzen du izpiren bat.” (27)

      Bi: Fragmentazioa. Bizitza, memoria eta artea ulertzeko modu bat, deitu patchworkaren txatal, mosaikoaren tesela, organismoaren zelula, argazkiaren pixel, egunkariko ebakin, puzzlearen pieza: “Ahanzturak milikatuko dizkigu erraiak. / Elipsien puzzle bihurtzear dugu memoria.” (28)

      Hiru: Intertestualitatea. Testuak bata bestearen gorputzean atsedentzeko jolasa, aldi berean beste gorputz handiago baten zatiak izanik. Beregainak baina josita hainbat elementu errepikatzen direlako, denen artean testuingurua, ideiak eta esanahia osatzearren: palmondoaren biolentzia, piztia arketipikoak, begiari buruzko gorabeherak... : “Amak negar egiten zuen / eta gauzak erosten zizkidan. / Besteak beste, ile-orratz bat / adornu batekin: / neskatxo bat lo ilgoraren igitaian.” (29)

      Lau: Metaliteratura.

      a) autoerreferentzialki, testua eten eta barruan sartuta, zerbait argitzeko; edo testuari buruzko zalantzak irakurlearekin konpartituz: “Mezuei gantza kentzen dihardut labanaz, / alfer-kinkallatik libratu nahiz ahotsa. / Badut erritmoaren sena, xehetasunekiko joera, / irudietarako gustua, emozioaz gogoetatzeko xedea. / Zer diostazu emaitzaz? Esadazu / benetako bizitza aski den benetako poesia egiteko.” (30)

      b) erkaketaz, beste idazleen aipuak ekarriz autoritate-argumentu edo dialektikarako premisa legez, batzuetan minipasticheak eratzeraino: “Lau gauza hauek kenduta / hobeto biziko nintzatekeen: / amodio batzuk, / lanbide hura, / soberako kiloak eta idazteko grina. / Semeak berenez asmaturiko kontraepitafioa: // Ez egin kasurik: / orain ere idazten ari da.” (31)

      c) fede-aitormena eginez, gure patologia, arrazoiak, erritualak, prozesuak, ildoak eta abar ez abandonatzeko: “Ez zilegitu, hitzak, ofizio hau albora dezadan, / nahiz eta gordinak jo, / nahiz eta onurak jan (...)” (32)

 

      7.2. Jarleku gurpilduna, genero batetik bestera mugitzeko.

 

      7.3. Apalategia, eta apalategiak lau balda: Poesia, Narratiba, Haur eta Gazte Literatura (gaixoak balda bakarrean sartu behar beti), Itzulpenak.

 

      7.4. Besaulki etzangarria, atseden pixka bat hartzeko zein eztabaidarako.

      Antzez dezagun auzi bat:

      — Generoa aukeratu egiten da? Ala generoak aukeratzen gaitu gu?

      — Zein barregarria den argi antzeko batek jotakoen jarrera hori, aukeratuak sentitzen direnena! Alabaina, pentsatzen dut poeta izatea ez dela arbritarioa.

      — Filosofoa eta zientzialaria izatea kasualitatea ez den moduan?

      — Hautu halabeharrezkoa ote da ba.?

      — Ufff.

 

 

Nola atondu (dudan nire) gela bat norberarena
Miren Agur Meabe

HEA Kultura Elkartea, 2022