Azala eta pintura:
erramun mendibelanda
|
Nola atondu (dudan nire) gela bat norberarena
11. Estetika irizpideak: depurazioa eta hibridazioa
Estetikak edertasuna du hausnargai. Norberak edertasuna zelan hauteman eta balioetsi, halaxe jantziko du bere gela, eta gelak jantziko du norbera. Nire irizpideen artean, bi.
11.1. Estiloaren depurazioa. Poema oro da arkitektura. Eta arkitektura orok ihardesten dio estilo bati. Norberaren estiloa da bakoitzaren adierazteko modua, bere obra ezaugarritzen duten tasunen multzoa. Tasun horiek aldatuz joaten dira astiro-astiro, beti ere erredundantziari ihes egin nahirik: irakurleak bereiziko duen baina gogaikarria izango ez zaion kutsu propioa dugu amets. Nire aurreneko testuek mota guztietako bolutak eta arkitrabeak luzitzen zituzten, mezua erdizka ostentzeraino aliterazio, barne-errima eta bestelako baliabideen artean. Geroago, apaingarriei muzin egiten hasi nintzen, komunikazioa bermatze aldera. Azken aldian, berriz, nahas-mahasean jardun dut barrokismoa, abstrakzioa eta estilizazioa konbinatuz. Poema konbentzionalagoen artean, badira poema postalak, poema gutunak, poema antzezlanak, poema ipuinak, haikuak, eite tradizionalak imitatzen dituzten poemak... Errima ere toki eske, edukiari ponpositatea kentzeko, edukia apuntalatzeko edo erritmoa areagotzeko. Orobilduz, esango nuke klaustroaren ornamentaziotik geranioaren minimalismora pasatu naizela, eta geranioaren minimalismotik, dibertimendu eklektikora.
11.2. Hibridazioa. Poesia eremua librea da. Bertan, egile bakoitzak ahal duena egiten du, jokora sartuta bere idiosinkrasia eta tresnak: bilaketak egiten ditu (plastizitatea batez ere) geroago irakurleak bere esperientziatik osa ditzan. Mendebaldeko mentalitatea kontzepzio binarista bati loturik egon da (gizona-emakumea, eguna-gaua, pentsamendua-sentimendua, poesia-prosa...). Planteamendu hori murritzegia da, dena ezin delako aurkarietan edo osagarrietan oinarritu: hibridazioa estimulu askoren eraginpean dagoen sortzailearen egonezinaren emaitza da. Berbarako, prosazko poesiak —hibrido horrek— ekarpen interesgarriak egiten ditu: errutina bisual bereziak proposatzen ditu (paragrafoen egiturak, lerroarteak, sangradoek eta abar pisua dute), irakurketa-espektatiba berriak pizten dizkio irakurleari eta poetikoa zer den ulertzeko beste era bat eskaintzen du. Beraz, proiekzio fisikoa, komunikatiboa eta artistikoa dauzka. Eta guk ez al dugu maite poesiaren desautomatizazioa? Jakintzaren historia egitearen eta desegitearen arteko tirandurak diktatzen du. Generoen dekonstrukzioa ez da gaur goizekoa. Sailkapen zorrotzek ez daukate zentzurik, didaktikan ez bada. Eta guk ez al dugu maite kontzeptuen dilatazioa?
Nola atondu (dudan nire) gela bat norberarena |