Azala eta pintura:
erramun mendibelanda
|
Nola atondu (dudan nire) gela bat norberarena
5. Gela egurasteaz: leihoen orientazioa
Egurastea nahitaezkoa da, hautsa, toxinak, usainak, bakterioak, hezetasuna eta abar egotzita, edozein tokik atsegin irauteko. Norberaren gela osasungarria izan dadin, premiazkoa da aire garbia arnastea (gainera, hobeto lo egiten ere lagunduko digu). Sistema ona omen da kontrako korronteak sortzea, zenbait leiho aldi berean zabalduta. Nire gelako leihoek eskaintzen dituzten bistak:
5.1. Lekeitio, jaioterria, eta Bilbo, urte askotako bizilekua. Batetik bestera eta bietan beti.
5.2. Itsasoa, fondoko teloia: paisaia, irudimena elikatzen duten elementuz betea (irla, malekoia, hondartza, goroldioak, kalatxoriak, arrainak, sareak, amuak...); espirituaren ispilu, pultsioak itzultzen baititu (nahasmena, segurtasun eza, antsietatea... eta orobat, baretasuna, energia, onarpena); intimitaterako txoko (konfidentzia-trukea errazten duenez gero); erronka-leku (igeriketaren paralelismoagatik); bizipen erotikoaren lekuko; doluaren gordailu. Nire itsasoa ez da arrantzaleen itsasoa; ez da, ezta ere, abenturetako itsasoa; are gutxiago erbestearena.
5.3. Miramar, baratzea. Ortulauaren plantak egiten ditut, lurra landu, belar txarrak erre eta errautsak berrerabiltzen ditudalakoan. Maila metaforikoan bai da horrela, zeregin horiek eta idazjarduna konparagarriak baitira. Jardinean fruta-arbolak, loreak, putzua, zomorroak eta katuak daude... bere kautan gobernatzen ez den estanpa, zaindua izan behar duen idazkuntzaren ikonoa: locus conclusus eta locus inconclusus aldi berean. Eta aldi berean locus amoenus —maitasunaren eta adiskidetasunaren gozamenean irekitako bazterra— eta locus eremus —toki gozakaitz eta oldarkorra, gainbeheraren adierazgarri—. Miramar hor da atezuan, aterpe geza ez bilakatzeko.
5.4. Kanposantua, heriotzaren egoitza instituzionala. Grekeraz, koimeterion, lo egiteko tokia, etxekoen logela.
5.5. Paseko dekoratuak, ezinbestekoak ñabardura emozionalak azpimarratzeko: autoak, baselizak, parkeak, tenpluak, museoak, hotelak, ospitaleak, han-hemengo hiriak... Honako edo halako oroitzapenak mamitzen laguntzen dute: ingurunea mezua da bera ere.
Nola atondu (dudan nire) gela bat norberarena |