Mar 28 02

Egunkariaren literatur gune berria Interneten

Euskaldunon Egunkariak bere Interneteko edizioan literaturari buruzko gune berri bat plazaratu du. Bertan 47 idazleren bibliografia, 1999, 2000 eta 2001ean euskaraz sortutako liburuen zerrenda, liburu horiei buruzko albiste eta kritiken loturak batu ditu. Begia gehigarriko kritikak eta iruzkinen bilduma eta literatur albisteak ere kontsultagai daude www.egunkaria.com/literatura gunean. Hilero gai bat izango da eztabaidagai gunean, bisitarien partehartzea sustatzeko. Hileon Joseba Sarrionandiaren “Lagun izoztua” liburua da eztabaida sail horretako gaia.

Mar 21 02

Antzerki liburuak

Susa literatura argitaletxeak 11 antzerzlan kaleratu zituen 1985etik 1991 bitartean. Mark Legassek idatzi eta Maskarada antzerki taldeak taularatu zuen Gastinbeltzaren karabinak izan zen Antzerki saileko lehen liburua (osorik dago Interneten). Ostean argitaratu ziren: Iñaki Uria eta Mikel Antzaren Beteluko balnearioko mirakulua (osorik Interneten), Mario Benedettiren Pedro eta Kapitaina, John Steinbecken Itsas izar bat zen, Alfonso Sastreren Ez da pale egiteko oldua, Xabier Mendigurenek idatzitako Kanpotarrak maisu – Kultur Ministrariak ez digu errukirik, Guillaume Irigoienen Hamar manu minduak – Apetitu on!, Imanol Eliasen Haunditasun ametsak – Hiru morroiak, Maskarada taldeak hain ezagun egin zuen Patrick S?skindek idatzitako Kontrabajua (osorik Interneten), Maskaradaren Marxkarada (Marx anaiek idatzia) eta azkenik Milan Kunderaren Jacques eta Nagusia.

Ots 21 02

300 literatur kritika

Eguneroko prentsan eta aldizkarietan agertzen diren literatur kritikak biltzeari ekin genion 2000. urteko abenduan, eta dagoeneko helduen literaturako liburuen 300 kritika batu ditugu. Denak irakurgai dituzu Susa literatura argitaletxearen webguneko kritiken sailean. Astean bizpahiru aldiz eguneratzen da.

Urt 10 02

Aurkezpena

Literatur ekimenak iragartzearren sortutako e-posta bidezko albistegia da Literatur Emailuak. Susa argitaletxearen web guneko berritasunekin batera, idazleen hitzaldien zein errezitaldien albisteak emanen dizkizugu. Efemeride sail bat antolatu dugu, euskal idazleak gogora ekartzeko.Eta beste web gune batzuetako edukiei erreferentziak egiten saiatuko gara. Astero-asteroko albistegi hau jasotzea hautazkoa denez gero, hurrengo Literatur Emailuak jaso nahi ez badituzu, bidal iezaguzu mezu bat. Zure adiskideren bati bidal diezaiogun nahi izanez gero, jakinaraziko diguzu haren e-posta helbidea. Mila esker aldez aurretik. susanews@armiarma.eus

Agenda

Efemerideak

Kritikak