Api
02
13
Bederatzigarren edizioa egingo du Literaldiak Bartzelonako Euskal Etxean, apirilaren 5ean hasi eta apirilaren 26ra bitartean. Karmele Jaio, Harkaitz Cano eta Hedoi Etxarte beren liburu berriez mintzatuko dira eta Joseba Sarrionandiaren saiakeraren katalanezko itzulpena aurkeztuko dute. Sant Jordi egunean Harkaitz Canok eta Kirmen Uribek Twist eta Mussche nobelak sinatuko dituzte Rambletan. Eta Mugaldekoak musika taldearen kontzertua izango da larunbat honetan.
Mar
27
13
Urtero, martxoaren 27an Nazioarteko antzerki eguna ospatzen da. Urtero, munduko antzerkigile batek manifestu bat idazten du egun honetarako. Sarritan, manifestua euskaratu eta gurean ere irakurri egiten da antzerkiaren inguruko mezu hori. Aurtengoan Dario Fo idazleak idatzi du agiria, eta Iñaki Iñurrietak euskaratu du. Euskal antzerkilari batzuen artean manifestua bideoan grabatu dute Bilboko Pabellon 6 aretoan.
Urt
04
13
Joxemi Zumalabe hil zela hogei urte beteko dira urtarrilaren 12an. Haren omenez hainbat ekitaldi izango dira datorren astean, eta horien artean Makina antzezlanaren irakurraldia urtarrilaren 11n (ostirala) 19:00etan Andoainen, Martin Ugalde Kultur Parkean. Makina antzezlana Jose Anjel Eizmendik, Antton Santamariak eta Joxemi Zumalabek idatzi zuten, 1967ko uztailaren 24an taularatu zen eta Kriseluk argitaratu zuen 1969an. Obra labur horren irakurraldian parte hartuko dute, besteak beste, 1967an antzezle izan ziren lagunetatik hiruk: Antton Santamariak, Luis Gorrotxategik eta Rafa Egigurenek. Bide batez, Joxemi Zumalaberi buruz Lorea Agirrek 2003an idatzi zuen Ipurtargiaren itzal luzea liburua paratu dugu sarean.
Abe
03
12
Durangoko Azoka egunetan 88 ekitaldi izango dira Ahotsenean, musikakoak 52 eta 36 liburuei buruzkoak; beste era batera esanda: ordu erdiro ekitaldi bat. Idazle hauek izango dira Ahotsenearen bosgarren aldian: abenduaren 6an Bernardo Atxaga, Eric Dicharry, Ramon Saizarbitoria, Jon Arretxe, Pako Aristi; abenduaren 7an Rikardo Arregi, Xabier Etxeberria, Bertol Arrieta, Xabier Soubelet; abenduaren 8an Joxemari Iturralde, Karmele Jaio, Harkaitz Zubiri, Hedoi Etxarte; abenduaren 9an Oier Guillan, Asier Sarasola, Ainara Maia, Iñaki Segurola, Urtzi Urkizu, Peio Jorajuria.
Aza
12
12
Azaroaren 15erako, osteguna, Nazioarteko PEN Klubak idazle presoen egunaren deialdia egin du mundu osoan, urtero bezalaxe. Ataramiñe elkarteak eta Euskal PEN Klubak antolaturik, Letrak giltzapetik irakurraldia izango da Donostiako Boulevardean 18:00etan, eta ondoren 19:30ean Mitxel Sarasketarekin, Fermin Munarrizekin eta Laura Mintegirekin solasaldia Udal Liburutegiko sotoan.
Urr
03
12
2004ko urrian Larrabetzun sortutako Literatura Eskolak 2012-13 ikasturteko egitaraua ezagutzera eman du. Bederatzigarren edizio honetan Txillardegiri buruzko Markos Zapiainen hitzaldia iragarriz apaindu dute kartela. Urriaren 27an (larunbata) Hendaian abiatuko dira eskolak, Joseba Sarrionandiak egindako itzulpenen inguruan. Hurrengo hilabeteetako gaiak izango dira: Txillardegi (azaroan Donostian), itzultzaile aitzindariak (abenduan Oreretan), gure literatura erdaretan (urtarrilean Zarautzen), genero eta nazio identitateak antzerkian (otsailean Gasteizen), migrazioa euskal literaturan (martxoan Durangon), Amaia Ezpeldoi pertsonaia (apirilean Iruñean) eta John Cheever (maiatzean Bibon).
Uzt
25
12
Uztailaren 29an lehenik eta abuztuaren 5ean ondoren, Jose Mendiage idazleari buruzko pastorala jokatuko du Arrokiagako herriak, Jean Bordaxarrek idatzia. Mendiage (1845-1937) Ameriketara joan zen hemezortzi urte zituela eta Argentinan, Txilen eta Uruguain bizi izan zen Montevideon hil zen arte. Itsasoaz bestaldean ezagutu zituen Iparragirre, Otxalde eta Otaño. Zazpiak bat liburuan (1900) eta aldizkarietan argitaratutako Mendiageren bertso eta olerkiak Piarres Xarritonek batu zituen 1992an Jose Mendiague, haren bizia eta haren kantuak bilduman, tartean noski Kantuz izeneko oso ezaguna. Pastoralaren mustrakako irudiak (uztailaren 15ean hartuak) Kanaldude telebistan dituzu.
Uzt
05
12
“Gabriel Arestiren koplak ahoan” hitzaldiarekin abiatuko ditu Xabier Amurizak Eako Poesia Egunak uztailaren 13an, ostiral arratsaldean. Biharamunean, uztailaren 14an, Mikel Elorzaren hitzaldi bat, Iñigo Astiz eta Jon Gerediaga eta Ione Gorostarzuren poemen irakurraldia eta Mikel Lasaren poesiari buruzko solasaldia izango dira. Eta uztailaren 15ean bi errezitaldi: Leire Bilbaoren Scanner liburuan oinarritua bat eta bestea Ez dok/n armairu. Asteburuan, zenbait antzerki emanaldiez gainera, Norte Apachek eta Ruper Ordorikak kantaldi bana eskainiko dute.
maiatza
12
12
Unai Iturriagak egindako afixan ageri den Lauaxetaren gabardina baliaturik iragarri dute Literaturiaren laugarren edizioa, ekainaren 1, 2 eta 3an Larrabetzun egitekoa. Lauaxetaren fusilamenduaren 75. urteurrena izaki, poetaren omenezko kantaldi handiarekin abiatuko da Literaturia. Liburu aurkezpen eta azokaz gainera, emanaldi literarioak izango dira: EH3 Kolektiboarena Teilatuko lizarra bildumako testuez, bestetik Mugaldekoak, eta errezitaldietan Iñigo Astiz, Eric Dicharry eta Ione Gorostarzu. Irakurle taldeen arteko mahai-inguru bat izango da, baita ere beste bat itzultzaileen artekoa. Egitarauan dira halaber: Igor Elortza eta Jon Maiaren bertso-trama; Xentimorik gabe antzezlana (Ramon Agirre eta Inazio Tolosarekin); eta Xabier Montoiaren kontzertua.
maiatza
07
12
Maiatz argitaletxeak maiatzaren 15 eta 16an arratsaldez egingo ditu aurtengo solasaldiak Baionako Euskal Museoan, 28. edizioan. Peio Jorajuria eta Pierre Mestrot beren liburuez ariko dira, Itxaro Bordak Laura Mintegi elkarrizketatuko du, “Zer aldatu da euskal literaturan 30 urtez?” mahai-ingurua izango da, Eric Dicharryk eta Xabier Erkiziak performancea eskainiko dute eta Urtzi Urkizuk errezitaldia.
Api
07
12
Bartzelonako Euskal Etxeak antolaturik, apirilaren 11tik maiatzaren 12ra bitartean izango da aurtengo Literaldia. Ibai Autxak Kanonaren gaineko nazioaz liburua aurkeztuko du; Hasier Etxeberriak hitzaldia egingo du eta ondoren mahai-inguruan ariko da Aritz Galarragarekin eta Beñat Sarasolarekin; beste mahai-inguru batean jardungo dute baita ere Mariasun Landak, Arantxa Urretabizkaiak eta Miren Agur Meabek; Haragizkoa errezitaldia eskainiko dute Rafa Ruedak eta Edorta Jimenezek. Egitarau zabalaren xehetasunak hementxe dituzu.
Ots
14
12
Igande honetan, otsailak 19, bestelako omenaldia jasoko du Txillardergi idazle zendu berriak. Hemeretzi idazlek antiguatarraren testuak irakurriko dituzte, Donostiako Victoria Eugenia Klubean, goizeko 12:00etan. Hona Bakarrik nago Zerubiden goiburuko ekitaldian parte hartuko dutenen zerrenda: Ana Urkiza, Harkaitz Cano, Joxe Austin Arrieta, Ramon Agirre, Ibon Sarasola, Jokin Ansorena, Patri Urkizu, Beñat Sarasola, Koldo Izagirre, Arantxa Urretabizkaia, Rafa Egiguren, Fito Rodriguez, Joan Mari Irigoien, Juan Luis Zabala, Ramon Saizarbitoria, Hibai Iztueta, Dorleta Urretabizkaia, Iban Zaldua eta Mariasun Landa.
Aza
24
11
Durangoko Azokan egunero zabalduko da Ahotsenea. Musikari eta idazle, 350 sortzaile inguruk parte hartuko du 95 ekitaldiko egitarauan. Idazle hauek izango dira: abenduaren 4an Yolanda Arrieta, Xabier Mendiguren, Pako Sudupe, Leire Bilbao, Fernando Morillo, Iñigo Aranbarri; abenduaren 5ean Xabier Artola, Daniel Landart, Joseba Azkarraga, Gaizka Zabarte; abenduaren 6an Kepa Larrea, Martin Etxeberria, Unai Elorriaga, Irati Jimenez, Jeremias Erro, Tere Irastortza, Goizalde Landabaso, Asel Luzarraga, Lutxo Egia; abenduaren 7an Juan Gorostidi, Ana Urkiza, Xabier Suobelet, Casado da Rocha, Fito Rodríguez, Harkaitz Cano; abenduaren 8an Mitxelko Uranga, Xipri Alberbide, Eñaut Etxamendi, Jimenez Maia.
Uzt
06
11
Gabriel Arestiren Zuzenbide debekatua obra poetikoari buruzko mahai-inguruarekin abiatuko dira Eako Poesia Egunak uztailaren 15ean, ostiral arratsaldean. Biharamunean Beñat Sarasolaren hitzaldia eta Miren Agur Meabe, Mikel Etxaburu eta Jon Benitoren errezitaldiak izango dira. Igandean, uztailaren 17an, Ramon Agirrek eta Inazio Tolosak kontatuko dute Zer egin poema batekin. Asteburuan gainera: Joseba Tapia, The Soul Stompers, Txori mugariak performancea eta Maddi Oihenart.
Eka
14
11
Duela hiru urte Axularren Gero, duela bi Mogelen Peru Abarka, iaz Jon Miranderen Haur besoetakoa eta aurten Ramon Saizarbitoriaren Hamaika pauso irakurriko dute Bilbon ekainaren 16an (osteguna) goizeko 8:00ean hasi eta etenik gabe, 12 orduko irakurraldian. Bilbo Zaharra euskaltegiak urtero antolatzen duen klasikoen irakurraldia izango da.