Aza 02 23

Pasoliniren poemak

Azaroaren 2an topatu zuten, 1975ean, Pier Paolo Pasoliniren gorpua Ostiako hondartzan. Erabat argitu gabeko hilketa, handitu egin zuen idazle eta zinemagile italiarraren inguruan lehen ere ernea zen polemika eta zalaparta. Gutxi barru Munduko Poesia Kaierak bilduman haren antología bat argitaratuko du Susa argitaletxeak, Irene Hurtado de Saratxo Mendietaren itzulpenean. Pasoliniren heriotzaren urteurrenean, hona antologia horretako sei poema.
Gramsci_Pasolini

Urr 30 23

Juan Luis Zabalaren Dimisioa

Bukatu da. Gizakiak dimititu egin du eta AGK Agintaritza Global Konputarizatuaren eskuetan gelditu da mundua. Donostiako kaleetan androide polizien azpitik dabil orain gizakia, Arbas haranean bizikleta gainean hegan, Ilargitik jaiotetxearen eraisketa behatzen. Euskal Herri independentea, iritzilari neurolana, zituenik ez zekien umeen aita, Bowieren itzala, Marteko margolari helduaren desira, adimen artifizialaren meneko editorea eta beste gurutzatzen dira, hala, hamabost kontakizun hauetan. Egungo politiken biharko agertoki posibleak dira Juan Luis Zabalak zientzia fikziora egin duen hurbilpenean irudikatu dituenak. Irakurlearen esku dago erabakitzea Dimisioa distopia goxoa den, edo utopia triste eta etsia. Osorik irakur dezakezue sarean.

Dimisioa - JL Zabala - azala

Urr 18 23

Iñaki Irazu
oroimenaren basoan

Nonbait badabil poeta, oroimenaren basoan dabil Zakur zaunkak bigarren poema liburuan. Betiereko forma hartu duten hitzen bideetan doa aurrera, izuaren zimurrak, gauaren atzaparrak, argi orbanak, lurrazpiko gelak eta harrizko etzalekuak zeharkatuz igaroaldian. Gerra garaiko kontuak eta ondoko urteetako behe-laino beltza datoz Iñaki Irazuren orriotan, inoiz utzi gabeko lekuetara eta inoiz agurtu gabeko jende batengana itzulera bat. Osorik irakur dezakezue liburua sarean.

zakurzaunkak

Ira 29 23

W.H. Audenen poemak

Irailaren 29 batez hil zen, duela 50 urte, Wystan Hugh Auden, XX. mendeko ingeles poeta handienetarik bat, 1928an hasi eta 1971 bitartean mende osoko poeta bat izan zena.  1920etako Ingalaterrako idazle giro ezkertiarrean hasi eta hazia, berrogeitaka urtetan garatu zen bere literatur lanetan bilakaera hala bere pentsamenduan —marxismotik fede protestantera egindako bidea— nola bere poesiagintzan: mende hasierako modernismoa, forma tradizionalagoak, forma barrokoen eta pop estilokoen alternantzia, gizartearen porrotaren isla, azterketa psikologikoak… Momentua poema euskaratu zuen 1985ean Joseba Sarrionandiak, baina zabal Juanjo Olasagarrek ekarri dio Auden euskarari, 1987an Susa argitaletxearekin plazaratutako Antologiarekin. Irakurleen gozagarri.

Ira 02 23

Gartzelako egunkaria

hotxomin

1969ko irailaren 2an hil zen Ho Chi Minh, poeta, politikaria eta iraultzailea. Vietnamen independentziaren aldeko borrokalaria, hango alderdi komunistaren sortzailea —baita Frantziakoarena ere—, Indotxinako gerran frantsesak garaitu eta Vietnamgo lehendakari izan zen. Eta poeta. Gartzelako egunkaria bere poemen bilduma bat da, Txinan preso zela Ho Chi Minh-ek idatzia, eta Iñaki Aramaiok Herrera de la Manchan preso zela euskaratua (Susa, 1985).
susa20

Uzt 14 23

Miroslav Holuben begirada poetikoa

Zientzialaria, immunologoa zela nabarmentzen da Miroslav Holub poetaz berba egitean, haren lanbide eta pasioak eragin zuzena baitauka haren obra poetikoan. Zeri begiratzen dion, eta batez ere begiradan. 25 urte bete dira uztailaren 14an Holub hil zela, eta gogora ekarri nahi izan dugu Karlos Cidek egindako antologia (Susa, Munduko Poesia Kaierak, 2016), eta baita 1991n Hegats aldizkarian  Maite Gonzalez Esnalek itzulitako lau poema.

Eka 01 23

Argialdiak ipuin liburuaren book trailerra

Miriam Lukik idatzitako Argialdiak ipuin liburuari irudi aurkezpena prestatu dio Julen Altubek. Maite Gurrutxagaren ilustrazioak, Verde Pratoren ahotsa eta zenbait irudi eta letra batu dituzte book trailerrean.

maiatza 25 23

Afrikatik hitzak

Afrikaren Eguna da maiatzaren 25a. Ez dira gehiegi oraindik euskarari ekarritako egile afrikarren liburuak, tamalez, baina poema eta narrazio zenbait baditugu Euskarari Ekarriak atarian. Dataren karietara, testu horietatik bi gogorarazi nahi ditugu. Ngugi wa Thiong’o  Kenyako autorearen Aintzazko minutuak, alde batetik. Afrikako idazle handienetako bat, bertako hizkuntzen eta kulturaren aldeko hautu, aldarrikapen eta gogoeta ezinbestekoak eginak dituena. Testu horietako bat da Aintzane Ibarzabalek Bake zibila (Susa, 1989) libururako euskaratu zuena. Belaunaldi berrien erakusgarri, bigarrena: NoViolet Bulawayo zimbawetarraren Jo dugu Budapest ipuina, postkolonialismo ondorena dei dezakegunaren literatur emaitza.

maiatza 18 23

Miriam Lukiren bederatzi ipuin

Ogiaren usaina eta izuarena. Hitzen pisua eta iraganarena. Nola eraman guztiak gorputz bakarrean? Zer esan merezi izan ote duen jakin nahi duenari eta zer prestatu azkena izango den afari handirako? Noraino garen ahizpa eta zenbat gehiago iraun dezakeen ihartzen utzitako laguntasunak; zenbat trago izango ziren denera, zenbat airean kiskalitako hegazkinak. Gisa horretako galderak dabiltza Miriam Lukiren estreinako ipuin liburuko protagonisten buruetan. Maitale, lagun, senide zein klase arteko harremanen ertzak behatu ditu idazleak bederatzi kontakizun hauetan, nola, isiltzearen isiltzez, zerbait pitzatzen den azkenean eta tartetik argi-zirrinta bat sartu, joan edo geratu, ezinbestean erabaki behar ez dela ohartuz. Osorik irakur dezakezue sarean gaurtik aurrera.

maiatza 17 23

Agur, Joan Mari Irigoien

Joan Mari Irigoien hil da. 74 urte zituela, itzali da Altzako idazlearen irribarrea, eraman du heriotzak bizitzara engaiatuta bizi eta jardun izan duen laguna. XX. mendeko euskal literaturako erreferente ezinbesteko bat, narratibaren alorrean eman zituen lanik ezagunenak, 47 urteko ibilbidean obra bikain eta aberatsa osatuz. Eleberrigintza bereziki landuagatik ere, 1975ean, frankismopean artean, poesia liburua izan zen argitara eman zuen lehen lana, Hutsetik esperantzara, eta geroztik beste zazpi poemario ere argitaratu zituen. Susa argitaletxeak XX. mendeko Poesia Kaieren bilduman kaleratu zuen antologia Irigoienenen jardun lirikoaren erakusgarri aparta da. Hona bi liburuak, idazle handiari omenaldi.

maiatza 09 23

Libe Goitia Artetxeren estreinako poema liburua

Sei geltokitatik igarotzen den zeharkaldi poetikoa osatu du Libe Goitia Artetxek Fast fatum poema liburuan. Gai agorrezinen bideetatik —partitzea, hiria, maitasuna, heriotza—, geografia propio bat eraiki du, eta intuizioz zein ziurtasunez betetako lerroen artean ageri da poeta bizitzaren zantzuak haztatzen —amaren eskuak, herdoilaren edertasuna, odolezko marrazkiak—, tradizioarekin zein adierazpide garaikideenekin elkarrizketa betean. Osorik irakur dezakezue sarean.

Fast fatum - Libe Goitia Artetxe - azala

maiatza 03 23

Su festak, Euskal Herriko musika jaialdiak XXI. mendean

Musika jaialdiek Euskal Herrian izan duten egitekoa aztertu du Jon Urzelai Urbietak Su festak saiakeran, mende erdian, eremu globalean zein lokalean jazotakoak harilkatuz: Mairuelegorretako kobetatik hasi, Woodstocken errepliketatik igaro, eta Kobetamendiko zein Irisarriko zelaietara heldu. Gerraosteko kontsumo gizartearen garapena, transgresioaren lilura, gaztetasunaren asmakizuna, folklorizazioa, gentrifikazioa, urbanoa irentsi nahi duen urbanismoa, eta beste arakatu ditu Urzelai Urbietak. Walden, Martxa eta Borroka, Guggenheim. Be basque eta normaltasun simulakroak. “Marka bat eraiki nahi da, ez herri bat”, ohartarazi du. Harekin, baina, gogo kolektibo garaikidea taupaka non den ere bistaratu du, non ari den tradizioa berritzen, non komunitatea bere burua berrimajinatzen. Oro ez baita erre usaina oraino.
Osorik irakur dezakezue sarean.
Su festak - Jon Urzelai Urbieta - azala

Su festak saiakeran aurkezpenean Jon Urzelai Urbietak irakurritakoa sarean jarri dugu denon eskura.

Api 19 23

Txikiaren Hitz etena

Telesforo Monzonen hitzekin egindako kantua ezagunagoa izanagatik ere, bazituen Eustakio Mendizabal  Txikia-k berak idatzitako kantu eta poemak. Jon Arano poetak bildu zituen eta 1992an argitaratu, Susa argitaletxearekin.  Gaur 50 urte hil zuen Espainiako Poliziak  Algortan 28 urteko itsasondoarra, militantzia politiko nabarmena egina zuena ordurako. Urteurrenaren harira, hona Txikiaren Hitz etena.

Api 18 23

Bollerak erresistentziarako gorputz gisa, Eva Perez-Ponsen ahotsetik

Lisipe bildumak 13. alea kaleratu berri du, Eva Perez-Ponsek idatzia, Erresistentziarako gorputzak: bollerak izenburupean. “Heterosexual” eta “homosexual” kategorietan oinarritutako sistema normatiboak dakarren domestikazioaz harago, praktika indibidual zein kolektiboen bitartez egituratuko gorputz bezala aurkezten zaizkigu bollerak liburu honetan, erresistentziarako eta eraldaketarako gorputz bezala. Bestetasunaren ertz bollera ez-bitarretik idatzita, kontzeptu filosofikoen eta gertaera historikoen errepasoa egiteaz gain, ekintza zuzen ez-biolentoaren proposamena ere jartzen du mahai gainean. Osorik irakur dezakezu liburua online ere.

Mar 23 23

Armiarma.eus eta Wikipedia literaturaren sarean

Duela bost urte Literaturaren Zubitegiko datu basea Wikidatarekin bateratu genuen. Bost urteotan euskal literaturako datuak eguneratzen jarraitu dugu, eta euskarazko wikipediak -eta hizkuntza guztietan aukeran-  bere datutegia egunean jarri eta grafiko ezberdinak sortu ditu.

1.051 idazleren fitxak ageri dira Wikipedia elikatzen den Wikidatan. Eta horrela 1958. urtetik gaur arte euskaraz argitaratu diren liburuei buruzko informazioa jaso daiteke sareko entziklopedian; literatur generoak aztertu, emakume idazleen gorakadaren datuak urtez urte begiratu, idazleak herrialdeka sailkatu, literatur argitaletxe ezberdinen bolumena neurtu, eta orohar helduen euskal literaturaren inguruko datuak ezagutu eta kontrastatu.

wikipedia

Armiarma.eus atariaren funtzioa sarean gure literatura hedatzea da, eta Wikipediarekin kolaboratzeko prestutasuna izan du beti, eta aurrerantzean ere gure datuak, fitxak eta ezagutza hedatzen jarraitzeko asmoa daukagu.

Agenda

Efemerideak

Kritikak