Urr
03
02
Jon Mirande, Mikel Lasa, Joan Mari Irigoien, Joseba Sarrionandia, Tere Irastortza, Rafa Egiguren, Juan Kruz Igerabide, Jon Arano, Luigi Anselmi, Karlos Linazasoro eta Juanjo Olasagarre, 11 liburu berri hauekin XX. Mendeko Poesia Kaierak bilduma osatu eta bukatu du Susa literatura argitaletxeak. Urriaren 4an (ostirala) goizeko 11:30etan izango da aurkezpena Donostiako Miramongo Arbelaitzenean.
2000ko ekainean abiatu zen Koldo Izagirrek apailatutako poesia bilduma hau, eta lau agerralditan 40 idazleren antologia labur bana argitaratu: poema hautatuak, bibliografia eta diskografia, Izagirreren sarrera banarekin. Gerraurreko klasikoak bezala, mende amaierako joera eta estilo aniztasuna jaso dute 40 kaierek, harik eta denera 2.500 orrialdeko argitalpena moldatu arte.
Eka
27
02
Jokin Urain eta Iñigo Aranbarri idazleek bi liburu berri argitaratu dituzte Susa argitaletxearen Amukoak bilduman. Jokin Urainek Isilik doaz urak liburua dakar 18 poemez; Uraini lehendik ezagutzen dizkiogu: Gatibu sortu nintzen ,”Adlotse” eta “Izaina”. Beagle itzuli zuan, Martin kronika idatzi du Iñigo Aranbarrik, Cabo Verdetik.
Susako Interneteko dendan liburu bat erosten duenari Amuko bat oparitzen zaio, eta dagoeneko 10 dira agertutako liburuak, beste inon topatu ezin direnak. Amukoak saileko egileak: Juan Luis Zabala, Jose Luis Otamendi, Edorta Jimenez, Koldo Izagirre, Xabier Gantzarain, Harkaitz Cano, Itxaro Borda, Pako Aristi, Jokin Urain eta Iñigo Aranbarri.
Eka
20
02
Xabier Izaga idazlea Gasteizen da 21 urteko erbestealdiaren ondoren. Poema liburu baten egilea da: Bart irakurtzeko gaur izkiriatua (Susa, 1998). Sun Tzu txinatarraren “Gerraren Antzea” euskaratu zuen (Txalaparta, 1995). Izagaren literatur artikuluak Gara egunkariaren Mugalari kultur gehigarrian irakurtzen ditugu.
maiatza
30
02
Pablo Sastrek bere seigarren nobela Leuropa aurkeztu zuen maiatzaren 23an Donostian, Juan Luis Zabalak lagundurik. Andoaingo bi gaztek Marokora egiten duten bidaldia kontatzen du, handik jendea kamioi batean gorderik ekartzeko joanak. “Errealitatea gogorra, gordina, zakarra, dramatikoa eta tragikoa den arren” adierazi zuen Juan Luis Zabalak, “egiari ihes egin gabe baina alferrikako espanturik gabe eta paternalismorik gabe kontatzen du (…) Tximi da narratzailea, inozentea, motz samarra; bere begirada horretan dago nobelaren gakoa“. Pablo Sastrek aitortu zuen: “minik ez balitz bezala saiatu naiz errelitate horri heltzen“. Interneten irakurgai dauzkazu Leuropa nobelaren hasierako pasarte batzuk.
maiatza
09
02
Datorren maiatzaren 16an (osteguna) Lutxo Egiak Paperezko hegazkinak nobela aurkeztuko du Donostian eta Bilbon. 1997an Londresen kokatutako istorioa da Egiarena, baina 1937ko Gernika ere badu oroimenean. Bonbardatutako Gernikara abiatutako kazetari baten iloba ezagutuko du Galder protagonistak. Hiri lainotsu bat baino gehiago, oroimen iturria da Lutxo Egiaren nobelako Londres. Susa argitaletxeak aurkezten duen liburu hau Lutxo Egiaren bigarren liburua da, aurretik Pamiela argitaletxearekin poesiazko “Kalezuloko animalien itzalak” kaleratu zuen. Aurrerapen gisa Interneten dituzu Paperezko hegazkinak liburuko hiru kapitulu.