maiatza
27
04
Hiriaren kronika bat egin du Paddy Rekaldek Bilbo dub kronikak poema liburuaren bitartez, eta Bilbo berrituak eta monumentalak ezkutatzen duen beste Bilbo hori agerian jarri du. Paddy Rekalderen bosgarren liburu hau idazlearen poesiazko bigarrena duzu.
maiatza
13
04
Edu Zelaietaren bigarren poema liburua, Mugaldekoak, argitaratu dute koedizioan Euskalgintza Elkarlanean Fundazioak eta Susak. Lau ataleko liburuak hiru ditu poesiazkoak eta laugarrena narrazio labur bat. Muga kontzeptua da denetan ardatza. Edu Zelaietak errezitalak egingo ditu Beñardo Goietxe eta Raul Garcia musikariak lagun dituela, Beran (maiatzak 28), Gasteizen (ekainak 15), Larrabetzun (ekainak 25).
maiatza
06
04
Eider Rodriguezen Eta handik gutxira gaur liburuko hamasei narrazioak Joseba Sarrionandiaren hitzaurre batekin datoz: “Ondo bereizi behar dira fantasiak eta mamuak. (…) Eiderrek, errealitateak duen mamu partearen kronika egiten du ipuinotan zehar, bere fikzioa ez dabil fantasien bila, baizik eta mamuen bila“.
Api
15
04
Ezinezko maletak Juanjo Olasagarreren nobela ziztatzailea duzu, gupida gabe egindako belaunaldi baten erretratua. Hiru nafar Londresera iritsi dira, koadrilakoa izandako laugarrena (Carlos) hil egin baita Londresen, eta haren hiletara joan dira elkarrekin haserreturik dabiltzan hiru adiskideak. Londresko krematoriora iritsitakoan, trabesti batek egiten die harrera. Denboran atzera begirakoak eginez, Sakanako koadrilaren ibilietan, sentipenetan eta bizimoldeetan arakatuko du irakurleak. Interneten osorik jarri dugu Ezinezko maletak nobela.
Mar
25
04
Xabier Montoiak nobela berria argitaratzearekin batera izena jarri dio trilogiari: “Hilen bizimoldea”. Izan ere, Hezur gabeko hilak nobelako Jean Etxegoien pertsonaia dakar Blackout honetara (nobelaren erdia eskaintzen dizugu hemen). Trilogiako lehendabizikoan Etxegoien Frantziako Armadako soldadu zen Gerla Handian, eta orain Bigarren Mundu Gerlan kazetari lanetan dihardu naziek okupatutako Parisen. Montoia hirugarrena idazten hasita dago, Aljeriako Gerra sasoira jauzi eginik; Elektrika izango omen du izenburua.
Abe
18
03
Argitalpen berri bi egin ditu Susak Amukoak sailean: Jon Benitoren Orbel zaku bat poesiazkoa (Xabier Gantzarainen irudiekin) eta Jon Alonsoren Umoreari buruzko gogoeta hitzaldia. Amukoak bildumako liburuxkak ez dira salgai izaten, soil-soilik Susaren web-dendan libururen bat erosten dutenek hartzen dituzten opariak baitira, idazleek irakurleei egindako opariak alegia. Alonsoren eta Benitoren berri hauez gainera, aukeran dituzu Zabala, Otamendi, Jimenez, Izagirre, Gantzarain, Cano, Borda, Aristi, Urain eta Aranbarri idazleenak ere.
Abe
04
03
Durangoko Azokan Susa argitaletxeak lau stand izango ditu (Goienkalea 41-44), horietatik bat osorik XX. Mendeko Poesia Kaierak bildumari eskainia. Bestalde, idazle hauek izango dira Susan: abenduaren 5ean (ostirala) Jon Alonso (Hodei Berdeak), abenduaren 6an (larunbata) Pako Aristi (Libreta horiko poemak), Edorta Jimenez (Kilkerren hotsak, Hemingway eta euskaldunak zerbitzu sekretuetan), Hasier Etxeberria (Eulien Bazka) eta Juan Ramon Madariaga (Izozmendiak). Abenduaren 7an (igandea) Edorta Jimenez eta Juan Ramon Madariaga.
Susak Iñaki Uriaren ipuin bat eramango du opari Azokako bezeroentzat.
Aza
27
03
Juan Duñabeitia eta Ernest Hemingway elkarrekin ageri diren argazki batekin dator Edorta Jimenezen liburu berria: Hemingway eta euskaldunak zerbitzu sekretuetan. Duñabeitia marinela, Untzain abadea, Ibarluzea anaiak eta Areitio pilotariak, Pako Garai eta beste batzuk dira liburuko protagonista nagusiak; baita ere bidenabar: Jose Antonio Agirre, Jesus Galindez, Manu Sota edo Antonio Irala. FBIren barruan Basque Intelligence Service zer zen jakingo duzu, agiri sekretuak, gutunak, gertakari bitxiak… 36ko Gerra, gerraren jarraipena exilioan eta Karibea, horra Edorta Jimenezen ikerketa eta abenturazko liburuaren ardatzak.
Urr
02
03
Edorta Jimenezen bosgarren nobela argitaratu du Susak: Kilkerren hotsak. Espioi nobela da, eta aldi berean nobela historikoa eta inbestigaziozkoa. Uriarte espioia du protagonista, 36ko Gerran izan zituen aginduak eta lanak kontatzen dituena. Hari horietatik tiraka, dokumentu ezezagunak eta benetakoak ere agertuko ditu, adibidez: Alejandro Mallona alkate errepublikarraren fusilamenduari buruzkoak. Aurkezpena urriaren 9an (osteguna) izango da 11:30etan Donostiako Udal Liburutegian, eta arratsaldez 20:00etan Bilboko Likinianon. Bien bitartean, Kilkerren hotsak nobelako lehen zazpi kapituluak irakurgai dituzu.
Eka
05
03
Jon Alonsok Hodei berdeak nobela berria aurkeztuko du datorren astean, ekainaren 13an (ostirala) goizeko 11:00etan Donostiako Bilintx liburudendan. Aurrerapen gisa, hementxe dituzu nobelaren lehen bi kapituluak. Joseba Jaka III. Literatur Bekako sariduna izan zen Jon Alonso, eta argitalpena Euskalgintza Elkarlanean Fundazioaren eta Susa argitaletxearen eskutik dator.
Mar
27
03
Joxerra Garziak aurkeztuko du Hasier Etxeberriaren nobela berria, Eulien bazka, martxoaren 28an (ostirala) 11:00etan Donostiako Udal Liburutegiko Sotoan. Damian Arruti zientzialaria (entomologoa) du protagonista, eztarrian gaitz bat duena eta hilko ote den beldur dagoena; hala ere gertakari harrigarri batek gehiago larrituko du ustekabean: zortzi zatitan moztutako emakume-gorpu bat aurkitu du Ertzaintzak… eta, itxuraz, Damianek ezaguna du. Hona hemen Susa argitaletxearekin plazaratuko duen nobelaren lehen kapitulu biak.
Abe
05
02
Durangoko Azokan Susa argitaletxeak lau stand paratu ditu (Kalebarria 41-44), horietatik bat osorik XX. Mendeko Poesia Kaierak bildumari eskainia, 40 antologiekin. Bestalde, idazle hauek izango dira Susan: abenduaren 4an Pablo Sastre (Leuropa) eta Josu Landa (Odolbildua); abenduaren 6an Lutxo Egia (Paperezko hegazkinak), Jon Benito (Aingurak erreketan), Iñigo Aranbarri, Josu Landa, eta Jose Luis Otamendi; abenduaren 7an Igor Estankona (Tundra), Xabier Mendiguren (16 ipuin amodiozko), Kirmen Uribe (Bitartean heldu eskutik), Josu Landa, Jon Benito eta Iñigo Aranbarri.
Aza
21
02
Mikel Ibargurenek Deserriko karrikak bere bigarren poema liburua aurkeztu zuen azaroaren 20ko arratsaldean Baionako Mattin liburudendan egindako errezitaldian. Egilearekin batera Jon Benito idazleak parte hartu zuen. Ibargurenek 1996an argitaratu zuen lehen poema liburua: Hemen gauak lau ertz ditu, hura ere Susa argitaletxearekin.
Urr
24
02
Tundra du izenburua Igor Estankonaren bigarren poema liburuak (lehenak Anemometroa, 1998an argitaratua). Urriaren 24an (osteguna) aurkeztuko du liburu berria Literatur Jazza jardunaldiko errezitalean: Bilboko Kalderapekon (Perro kalea) arratsaldeko 20:15etan. Gitarraz lagunduko dio Borja Estankonak.
Urr
08
02
Gure literaturaren aurrerapauso guztiak poesiak markatu zituen joan den mendean. Orixe, Lizardi, Lauaxeta, Mirande, Aresti gabe, esaterako, ezin konpreni liteke gure historia. Koldo Izagirrek apailatutako XX. Mendeko Poesia Kaierak bildumak, 40 poetaren antologia labur bana argitaratuta, 1.119 poema ekarri ditu: aldizkarietatik, ahitutako liburuetatik eta gaur egungoetatik.
2000ko ekainean abiatutako poesia bilduma 2002ko urrian amaiturik geratu da, lau agerralditan plazaratu ondoren. Agerraldi bakoitzean Koldo Izagirrek egindako aurkezpen hitzaldiak Interneten dauzkazu: Gure poeten piztiak (2002-10-04), Uraren bideak (2001-06-15), Gure poeten malkoa (2000-11-24) eta Errealitatearen arbola (2000-06-30).
Poeten gorazarre izan nahiko luke XX. Mendeko Poesia Kaierak bildumak, baina batez ere irakurleen zerbitzu. Gerraurreko klasikoak bezala, mende amaierako joera eta estilo aniztasuna jaso dituzte 40 kaierek. Idazle bakoitzari sarrera egin dio Koldo Izagirrek, bibliografia poetikoak eta diskografiak eman ditu; xehetasunok, liburuetan ez ezik, Susa argitaletxearen webgunean ere badituzu orain, zenbait poemarekin batera (batzuk errezitaturik entzungai).