Mar 15 13

Takiji Kobayashi, 1928-03-15

Japoniako literatura proletarioa deitutakoaren idazle behinena da Takiji Kobayashi. Obra laburreko idazlea –29 urte zituela hil zuten torturaturik–, langile klaseak eta mugimendu obrero eta komunistak 1920ko hamarkadan bizi izan zituenak kontatzen ditu bere literaturak. Japoniako historian data lazgarria da 1928ko martxoaren 15a; egun hartan hasi eta hilabete batzuetan milaka lagun atxilotu zituzten, torturatu eta, epaiketa luze baten ondoren, zigor gogorrak ezarri. Senki (Bandera Gorria) aldizkarian 1928-03-15 kontakizuna argitaratu zuen Kobayashik, gertakari haiek azaltzen. Hiromi Yoshidak ekarri du euskarara, ez ingelesez, ez espainolez, ez frantsesez aurki ez daitekeen lana.

Mar 06 13

Meaberen Kristalezko begi bat

Errealitatea eta fikzioa josiz eta urratuz, pintoreak autoerretratua margotzen duen gisan idatzi du Miren Agur Meabek nobela berria: Kristalezko begi bat. Martxoaren 7an Donostiako Udal Liburutegian aurkeztu aurretik osorik eskaintzen dizugu sarean. Amodiozko haustura batek eragindako minetik ihesi, bolada baterako Landetara joango da, adiskide batzuek utzitako etxera; eta han, idazten hartuko du sosegua, bizitzako galerei, bere izateari, desamodioari eta askatasunari, idazkuntzaren zentzuari buruzko gogoetak paperera ekarri ahala.

Ots 28 13

Botoiletan, Antton Luku

Maiatz argitaletxeak duela hamabost urte, 1998ko apirilean plazaratutako ipuin bilduma da Botoiletan, sarrera batez eta hamaika kontakizunez osatua. Antton Lukuren liburu hau “mugaz haratako Euskal Herrian urte frankotan idatzi den hoberenetako bat, modernoenetariko bat” da, Aingeru Epaltzaren arabera. Nolakoa da agertzen duen gizartea? “Antzaldatze bizian abiaturik, molde zaharrak arruntik baztertu ez eta berriak guztiz onartu ez dituena”. Orain sarean osorik eskaintzen dizkizugun ipuin hauek, errekaren osinean, botiletan gorde izandakoak dira: ustekabean aurkitutako altxorra.

Ots 19 13

Rene Char hil zela 25 urte

Gaurko egunez, 1988ko otsailaren 19an, ordu biak laurden gutxitan Rene Char hil zen Parisen. Urte hartako apirilean Maiatz aldizkarian Zazpi poema euskaratu zituen Itxaro Bordak. Eta sarrera lagungarria egin zion Aurelia Arkotxak: “Rene Charrengana lehen aldiz hurbiltzen denak sekulako inarrosaldia sentitzen du (…). Errana izan da idazle zaila dela, baina insistitzen baldin badugu, poetaren munduan sartzen baldin bagara, ohartuko gara hermetismoa gure buruan dagoela bakarrik, guk erabiltzen ditugun hitzen eta hitz multzoen higaduran. Rene Char irakurtzean, kolpez mundu sortu berri baten dentsitatean, bortizkerian, biziaren lehen daldaran, edertasunetik jalgitzen den pindarrean sartzen gara”.

Ots 14 13

Legez kanpokoa, Le Guin

Fantasia edo fikzio errealistikoa generoko kontagintzan ezaguna da Ursula K. Le Guin idazle amerikarra. Jasone Larrinagak Legez kanpokoa ipuina euskaratu zuen iazko urrian, Bilbo Hiria Irratian grabatu eta Xerezaderen Artxiboan entzuteko eskaintzearren. Orain irakurtzeko daukazu Euskarari Ekarriak gunean. Mutiko bat du protagonista, basoaz haratago erresuma berezi bat aurkitu duena.

Ots 07 13

Bizitza nola badoan

Itxaro Bordak 1984an plazaratu zuen bere lehen liburua, eta poema bilduma harexekin abiatu zuen Maiatz elkarteak argitaletxea, 1982an aldizkaria sortu eta bi urte eta erdi geroago. Bizitza nola badoan osorik eskaintzen dizugu sarean, hitzaurrean Itxarok idatzitako lerroak gogoratuz: “Hogei eta bost urte konplitzearekin, ohartu naiz zahar aire gaizto bat hartu nuela. (…) Hamarkada luze honetan poema ergel batzuk izan ditut nire biziko urrats bakoitzaren lekuko. Batzuk, zorionez, suaz erre nituen ekain eguzkitsu desesperatu batean, besteak hor ditut mila liburu eta paperen artean galduak. (…) Zuentzat zenbait poema hautatu ditut”.

Ots 06 13

Peruarenaren Liburu berdea

Ez obeditu inori nobela argitaratu zuen Mikel Peruarenak 2009an, Angiolillo anarkistak Arrasaten Canovas del Castillo agintari espainiarra hil zuen sasoian girotua, Erreginak udako oporrak Donostian egiten zituen garaian, XIX. mendeko azken urteetan. Nobela haren bizkarrezurra eta adarrak eraikitzeko baliatutako gaiak sarean ipintzen ari da orain Peruarena Liburu berdea gunean. Nobelan sartu ezin izan zuten gaiak, edo nobelan iradoki soilik egiten direnak, eta baita ere nobelaren arrazoiketa, argudio eta trama batzuk azaltzen dituztenak.

Urt 30 13

1.000 ebook saldu ditu Susak

2011ko azaroaren 2an abiatu zuen Susa argitaletxeak ebook salmentarako plataforma. Baziren merkatuan eta inguruan eredu zenbait, baina Susak berea landu eta asmatu zuen: DRM giltzarraporik gabekoa eta 3 euro (+BEZ) ale bakoitzaren salneurria, 2 euro idazlearentzat eta 1 argitaletxearentzat.
(gehiago…)

Urt 28 13

Imanol Elias hil da

Antzerki idazlea eta zuzendaria izan zen Imanol Elias (1936-2013), baita ere historia zalea. Antxieta taldea sortu zuen, eta ondoren Azpeitiko Antzerki Topaketak. Obra askoren egilea zen Elias, hogei inguru, Loiolako Herri Irratirako egindako pieza laburrez gainera. Bi obra dituzu sarean: Zirt edo zart (komedia), 1986an Egan aldizkarian argitaratua; eta Bi ahoko ezpata (Arturo Kanpionen legenda batean oinarritutako drama), 1985ean Antzertin argitaratua.

Urt 24 13

Dideroten 300. urteurrena

Jeinu bat izan zen Denis Diderot. Drama burgesaren sortzailea, nobelagile berritzailea (Jacques le fataliste et son maître), saiogile aparta eta Encyclopédie erraldoiaren arduraduna. Urriaren 5ean beteko dira 300 urte Diderot jaio zela eta Frantzian ekitaldi ugari izango dira urte osoan. Iñaki Iñurrietak lau ipuin itzuli zituen 1995ean Hau ez da ipuina izenburupean (duela lau urte eman genituen sarean). Orain Pedro Diez de Ultzurrunek euskaratutako Teosofoak (“menturaz filosofia mota denik eta bitxiena”) digitalizatu dugu, 1998an argitaratua. Saiatuko gara urrian ekartzen Rameauren iloba nobela elkarrizketazkoa eta satirikoa, Joxan Elosegik 2005ean itzulia.

Urt 16 13

Vladimir Nabokov Miarritzen

Zortzi urte zituela izan zen Nabokov lehen aldiz Miarritzen, 1907ko oporretan, eta bi urte geroago bigarrenez, 1909ko abuztuan. Hain berezia izan zen uda hura, ezen Lehen amodioa izenburua ipini baitzion Miarritzeko ipuinari, 1948an The New Yorker aldizkarian argitaratua eta ondoren 1951n Speak, Memory oroitzapenen liburuan. Jasone Larrinagak itzulpena bidali digu, eta halatan euskaraz estreinakoz irakurriko duzu Nabokoven kontakizun bat, Colette neskatila gomutatzen duena. Nabokovi sasoi hartan irakatsi zion hondartzako baigneur baten laguntzaile lepokerrak euskaraz miserikoletea esaten zaiola lepidopterari.

Urt 10 13

Larzabal hil zela 25 urte

1988ko urtarrilaren 11n hil zen Piarres Larzabal, euskal teatrogile handienetakoa, hogeitaka antzerki obraren idazlea. Haren obra osoa Piarres Xarritonek bildu zuen zazpi liburukitan, besteak beste: Nork hil du Oihanalde? (1950), Etxahun (1951), Bordaxuri (1952), Herriko botzak (1956), Mugari tiro (1959), Ibañeta (1968), Matalas (1968). Kontakizun eta hitzaldiez gainera, kronika oso biziak dira Larzabalen Oroitzapenak, 1922tik 1979 bitartekoak. Denak batuta dituzu Armiarma atariko Klasikoen Gordailuan.

Urt 05 13

Beneten Lehenengo alegia

Espainiako literaturako XX. mendearen bigarren erdialdeko idazle nagusienetako bat, hainbat idazleren narrazio estiloan eragina izan zuen Juan Benetek, duela 20 urte, 1993ko urtarrilaren 5ean zendu zenak. Madrilen jaiotako idazlea Región izeneko eskualdean kokaturiko bere eleberriengatik ezaguna bada ere, baditu zenbait ipuin eta alegi bilduma ere. Horietako laburtxo bat, Lehenengo alegia izenekoa, Jon Kortazarrek euskaratu zuen 1982an eta Idatz & Mintz aldizkariaren 3-4 zenbakian argitaratu.

Urt 04 13

Makina antzezlanaren irakurraldia

Joxemi Zumalabe hil zela hogei urte beteko dira urtarrilaren 12an. Haren omenez hainbat ekitaldi izango dira datorren astean, eta horien artean Makina antzezlanaren irakurraldia urtarrilaren 11n (ostirala) 19:00etan Andoainen, Martin Ugalde Kultur Parkean. Makina antzezlana Jose Anjel Eizmendik, Antton Santamariak eta Joxemi Zumalabek idatzi zuten, 1967ko uztailaren 24an taularatu zen eta Kriseluk argitaratu zuen 1969an. Obra labur horren irakurraldian parte hartuko dute, besteak beste, 1967an antzezle izan ziren lagunetatik hiruk: Antton Santamariak, Luis Gorrotxategik eta Rafa Egigurenek. Bide batez, Joxemi Zumalaberi buruz Lorea Agirrek 2003an idatzi zuen Ipurtargiaren itzal luzea liburua paratu dugu sarean.

Abe 27 12

Agur, bohemia!

Pio Barojak 1911n idatzitako antzezlana da Agur, bohemia! (Adiós a la bohemia), Ramon eta Trini maitale izandakoen arteko solasaldia taberna batean. 1923an estreinatu zen Cervantes Antzokian; Piok egunkaria irakurtzen ari den agurearen papera jokatu zuen eta bere anaia Rikardok tabernako morroiarena. Urte batzuk geroago, Pablo Sorozabalek opera txiki bat egin nahi zuen eta, Barojak libretorako moldaketa eginik, musika paratu zion; 1933an jokatu zen lehen aldiz Madrilgo Calderon Antzokian.

Agenda

Efemerideak

Kritikak