Behin batean
Xabier Kintana

Kriselu, 1972

 

 

SISYFO

 

                                ...eta bertan ere Sisyfo dago, bere bekatuen gaztigutan

                                arroka haundi bat mendi batetik tontorrera igotera kondenaturik,

                                behin igonez gero, berriz ere erortzen zaiolarik...

                                                                                                 (Grekoen mitologia)

 

        —Baina ez ziaidak axola. Nik ba diakiat zer egiten dudan; noski, nekatu ere egiten nauk, baina gauak ene nekeok desegiten ditik. Sekula ez nauk keixatuko. Egin nuena egin nian, baina ez diat bat ere damurik hargatik. Jainkoak hor diaudek bai, baina gaur mila indar eta boterez inguraturik egon arren, egunen batean, horik ere...

        Sisyfok begiak ireki zituen. Mendien urruntasunean eguzki berria ikusi zuen jaiotzen. Eguzki haundi, gorri, beroz eta kemenez beteriko bat. Altxatu zen. Goizero gauza bera, menditik behera jautsi, behelainoen artean murgildu eta begiez bezperan madarikazioak —Jainkoek— eror eraziriko arroka haranaren zein partetan zetzan ikusi. «Atzo beherago erori zuan» kontsolatu zuen bere burua. «Egun bide zati bat gutiago dukek.» Mendira ere begira gelditu zen. Berau egunero egiten zuen. Antza ohitura hori hartuta zedukan. Behin baino gehiagotan erabakia zuen ez zela horrelakorik egin behar, hots, egunaren hasieran harria noraino eraman behar zuen begiratuez gero, hain bide luzearen ikusteaz aldez aurretik, eskuak arrokan jarri baino lehen ere, ahulduta sentituko zatekeela; baina alferrik dena. Arrazoi guztien kontrakoa bazen ere, egunero ohitura xar hartara bihurtzen zen automatakiro.

        Harria bueltaka hasi zen. Astiro zihoan. Sisyfok galduta zedukan harez gero, esperientziak erakutsirik, presaka ibiltzeko gogoa. Horrela nekea arinago etortzen zitzaiokeen. Onena patxadaz abiatzea zen, pausoka, baina eten gabe.

        Lainopetik ongi joaten zen. Goizeko hozkirriak ahaleginen izerdia freskatzen zion. Harria bueltaka zihoan. Herria oraino ez zen jaikia, «Agian gaur jaieguna dukek» ziotson gizonak buruari. Ez zen xoririk entzuten eta goiko errekaren urjauziaren hotsa besterik —haizeak boladaz zekarkiona— ez zen sentitzen. Tira, hori bai, harri haundi biribilak bueltatzean ateratzen zuen hotsa.

        Sisyfok arrokaren atzetik egiten zuen bultz jeneralki, eta honegatik ez ohi zekusan bidearen aurrean zer zegoen ez eta harriak zer zapaltzen zuen ere. Egunean egunean igoteaz harbide hura ongi markaturik zegoen. Hasieran beste bide batzuetatik ere saiatu zen, baina azkenez erosoena eta zentzuz aisena zeritzona hautatu zuen. Kontuan har bedi beti ez zela posible handik joaterik. Jakina, harri madarikatua —madarikaturiko harria, hobe— behin mendiaren alde batera erortzen zen, A izeneko ibarrera, eta bestean, ordea, B zeritzonera. Horregatik Sisyfok bi bide zituen, bakoitza haran ezberdin batetatik ateratzeko.

        Esku argal, beso zailtsu eta luze haiekin harria erabiltzen zuen. Ba zekien nondik zen egokiago bultz egiten, ongi zezagutzan bidearen aldapa eta toki istiltsuak, bihurgune gaizto eta harbel labanak zeuden lekuak. Oztopo guztiok ondoegi zekitzan eta ahaztuz gero eguneroko bidea bera aski zen berriz gogora erazteko.

        Sisyfok bide ertzeko ikuskizunei ere soa egiten zien. Astiro baina —harria bezala— basoa jantziz eta tankeraz aldatzen zen. Gaur atzo ez zeuden lore batzuk zekuskian haritz ondoan; belarra, zenbait tokitan, haziago zegoela; fago batetan habia berri bat egiten hasia zutela errexinulek; ordurarte ikusi gabeko klase batetako ximeletak airean dantzan zeudela...

        Eta gihar guztia tentsiotan jarririk harri madarikatua —madarikaziopeko herria— bueltaka eta bueltaka gora zihoan. Egur, landare, harritxo eta animalia zapalduen krauskada entzuten zuen eta batzuetan gupida ere sentitu haien kausaz. Ez zuen, ordea, eguzkiak inoiz nigarrik ikusi Sisyforen begietan. Urtaroak ere mutatu egiten ziren. Udaberritik negura bidearen egoeraren eta inguruko Naturaren bisaian gizona aldaketez ohartzen zen.

        Loreen sasoia, xorroxioen garaia, bide euritsu eta labanago baten lagunak zituen. Urrezko gariena eguzki erretzaile eta bide latz izerditsu batena. Udazkena, agian, hoberena zitzaion, freskotasunaz batera bide ertzeko mahastietatik, noizik behinean, zenbait pikor hartzeko parada ohi zuelako. Baina udazkenaren laguntasun atsegina laburra ohi da, eta maiz laburregi, neguaren profezia dakarten euriteek sarritan behar baino lehenago hura hondatzen diotelako. Eta negu luze grisean Sisyfo hotz ikaraz ibili behar da, arroka, bideko ur izoztuetan laban eta irrist egiten duen arren, egunaren buruan mendi tontorreraino berdin berdinik heldu behar delako. Horretaz gure gizonak ahalegin berretuak eta doblatuak atera behar ditu. Orduan bai nekatzen dela, orduan bai min ematen diotela beren oin eta esku ubelduek, orduan bai ahuldurik bukatzen duela bere eguna.

        Ez ohi doa isilik, baina, ala ere ez du kantatzen. Haren madarikazioak eta biraoak entzutean, Jainkoek eta apaizek bide hartzen dute beste gizonei Sisyforen gaiztakeria eta inpietatea nolakoak diren erakusteko. «Kondenaturik badago, dakusazuenez, ongi merezita kondenaturik dago».

        Iluntzea da. Mendiaren goiko aldean, sartzear dagoen eguzki gorriaren kontran, Sisyforen eta harriaren silueta beltzak ederki ikusten dira. Gizonak hurbil dakusa honez gero mendiaren gaina. Irribarre egiten du eta azken indarrekin harria gorantz sakatzen du. Ba daki ez dela goraino heldu arte pausatu behar. Gogoan du, doloroski gogoan, zorigaiztoko egun hura, heldu aurretik arnasa egiteagatik, sasoi aurretik garaitia kantatzeagatik, harria menditik behera erori zitzaionekoa. Gau oso batean ibili behar ukan zuen, osorik indarge, hura erremediatzeko, berriz ere arroka jaso arte.

        Baina behin gertatua aski zuen lekzioa betiko irakasteko. Arrats honetan Sisyfo ongi heldu da gailurreraino. Metro batzuk gelditzen zaizkio bakarrik heltzeko. Hats bat, arnasa sakon bat, urrats bat, eup!

        Harria, sekula likenik ez goroldiorik atxiki ez zaion harri madarikatua —madarikaturiko harria— lohiz, bide zikinkeriaz, landare berdetasunez eta animalia zapalduen gorritasunez kakaztua, orain, Sisyforen izerdiz distiratsu argitzen da itsaspean gordetzen den eguzki gorriaren azken errainuetan. Diamante preziatu bat baino ederrago esten du gizonak bere harria, eta bertan, gauaren lehen orduak etorri aurretik, Sisyfok, lurrean jezarrita, bere lanaren fruitua dakusa, bere izerdien kausa eta bere existentziaren arrazoia. Luzaro ez, baina.

        Martitz, gerraren Jainkoa, sadismo eta krubeltasun guztien aita, bertara datorkio arratsero. Gerragizona da. Buruan brontzezko kaskoa dakar, greko gisa —hala dio berak—, sudur puntarainoko gordegailuaz. Bularra metalezko ezkatadun harmadura batez estalirik daduka, defentsa batzuk zangoetan, sandaliak oinetan. Ezkerrean ezkutu urdin bat, uso zuri bat pintatua duena eta eskuinean lantza luze bat.

        —Arrats on, Sisyfo —diotso, baina Sisyfok ez dio deus erantzuten.

        —Sisyfo, gaiztoa haiz, oso gaiztoa —errepikatzen dio Martitzek aurpegi serio batez. Jainkooi agurrik ez egitea inpietatea duk. Ahaztu duk agian Jainkook hi gaztigatzeko boterea dugula?

        Sisyfok, isilik ordea, begiak, begi nekatuak, altxatu dizkio gerraren jaun guztiahaldunari, burua lehen bezain makurtua duelarik.

        —Agian —dio Martitzek berriro— nekaturik hagoelako ez dukek mintzatzeko gogorik. Gaixo Sisyfo! urrikalgarria haiz benetan.

        Sisyfok ez du ezer begiratzen. Begiak lainoz betetzen hasi diren mendi arteko ibar urrunetan galduta ditu, betzuloetan ez baleduzka bezala, airetatik zehar, egiatan ezeri begiradarik egin gabe, osorik erraturik. Aurpegi hark ez du bat ere adieraztasunik. Hilda bezala dago, baina bizitan. Martitzek dioen guztia mila bider entzundako disko edo irrati urrun batetatiko —orduan ez zela irratirik dirudi, Homerok dioskunetik— berriak bezain axolagabe zaio. Beti bat, betiko hitzak, betiko tonua, batzutan leun, batzutan ezti eta azkenez ironiko edo mehatxagarri... hire barkeskearen zain gaituk oraino. Prometeo, kateatua bazen ere, damuturik zegoelako askatu eta barkatu egin diagu azkenez; hiri ere barkazioa bera emanen dauagu barkeske bahatorkigu. Hemen habilan urteen kontua galduta dadukak honez gero... Baina hor, beheko etxe horietan bizi diren gizonek ba dakite ni hemen nagoela. Egunero ikusten naute neure tormentu honekin. Leihoetatik kandelek edo olioek egindako argixka hori ahula ikusten zuen Sisyfok laino artean mendiaren gainetik... eta hire kondena hau eternala dela ere ba dakik, eta eternaltasuna zerik den... agian baten batek etxe horietan nigan pentsatzen duke. «Gaixo Sisyfo» esaten duke. Aski litzaiket hori jakitea.

        Bat, bat bederen... xinaurri batek, urtean behin, bere asea edanez, itsasoko eta munduko ur guztiak agor, xuka, hondar eta akaba ditzanean... gaur ere bi nekazarik haitzurra eta laia memento batez utzi dituzte ni begiratzeko. Elkarren artean zerbait ziotela entzun dut. Zer zioten, ordea ezin dut entzun... hire penaren eternaltasuna oraindik hasteko dagokeela... Ba dakit horregatik neure tormentu honekin pentsa erazteko bidea ematen diedala... erraza duk lan alfer guzti hau uztea, heure bihurkeria horri egiok uko, hator gugana barkamenaren bila, horixe duk dena... zenbat ene moduko dagoke mundo osoan? Mendi bakoitzean bana ez, agian, baina egon ere bai, batek jakin!...

        ... eta bestela hemen egonen haiz betiereko, zaharrik, ahulik, heure ideiotan setatiki murgilduta, beste gizonen irrigarri, munduko edertasuna eta zoriona hire ondotik nola dabilan eta hik nola ezin goza dezakean ikusirik, hire ahalegin guztiok ezertarako ez direlarik...

        Berriz ere Martitzenei begira gelditu zitzaizkion kondenatuaren begiak. Mutu, bihurri, agian gorrotoz aseta, beti bezala.

        —Herorrek nahi ukan duk —esan zuen Martitzek, gerraren eta biziaren Jainko boteretsu hark arrokari ostikada handi bat emanaz. Sisyfok, bat ere zirkinik egin gabe, zein alderditara erori zen begiratu zuen, biharamonean harantz bila joateko. Ondoren ttua jaurtiki zion Jainkoari hamorruz. Martitzek buruan ostikada galant batez erantzun dio eta zerutik gora hegaz eginik, bertatik aurpegira pixa igortzen dio lotsagarriro, —Jainkoengan ezeri lotsagarri erizteko posibletasunik baldin badago behintzat.

        Belar batzuez begiak garbitzen ditu Sisyfok, berekiko «zerria» pentsatzen duelarik. Izarrak ñir ñir goian. Berriz ere etxe urrunetako kandela argi dardartiei egiten die so. Orain argia ia etxe guztietan dago. Eguzkia gordea da eta horizontean hodei dindirri batzuk, ikazkin kopeta gorri, ari dira eratzen. Gizonak, begi minez, esku maskortuak dakuski eta mihiaz egun hartan egindako ebaki bat garbitzen du. «Piztiek bezala, zakur batek egin lezakeen bezalaxerik, bestela ezinean» dio isilik.

        Gaua Jainkoen oturuntza-ordua izaten da, Sisyforen barurordua den bezalaxe. Mendiko belarrek ez dute elikadurarik aski, baina tira, besterik ez dagoenean...

        Morfeok, bere loekin, kontsolamendua ekartzen dio gauero Sisyfori. Berau, burua makurturik, nekearen besoetan etzaten da.

        —Sisyfo, Sisyfo!

        Arnasa bat.

        —Sisyfo, e, Sisyfo!

        —Zer! ? Nor deabru? Nork deitzen nau?

        Ilunetatik silueta bat irteten da. Jantzi gonadun harekin ezin igarri daiteke gizonezko ala andrazko bat den.

        —Nor haiz?

        —Berdin duk hori, Sisyfo..., lagun bat, adiskide bat.

        —Aski diat horrekin. Zertarako etorri haiz? —Jan ezak lehenago. Begira, janari pixka bat ekarri dauat. Gero mintzatuko gaituk.

        —Hi... haizena haizela, mila... mila esker, lagun. Hi, egiaz, mila esker.

        Sisyfok jan egiten du. «Kontxo, bai gozoa dela berau; ia ia giza janarien zaporea ahaztua nian». —Lagun, haizena haizela, berdin duk, eskerrik sentituenak eman behar dauzkiat; benetan, bihotzez esanda. Baina, ... are hire afari honek baino mesede eta poz haundiagoa hire etorrerak egin diautak. Zergatik etorri haiz?

        —Hara... neronek ere ez diakiat ondo zergatik etorri naizen. Hik erakarrita noski. Herrian mila bider ikusi haut heure harri horrekin bueltaka habilala. Bai, eskolako haurren, apaizen eta beste askoren burlen arten ikusi haut, izerditsu, zikinik, edo hobeto esateko, zikindurik, eta nolabait gure eguneroko bizitzako pertsonaia klasiko bat bahaiz ere —haurren mamua bezalakoxea— hitaz ez dakidala deus askorik konturatu nauk.

        Gaiztoa eta bihurri bat haizela esaten entzun diat, eta honexegatik kondenatua. Baina besterik ez. Hala ere, higandik entzun nahi nikek zer dioan heure buruaz, Sisyfo.

        —Ni nor naizen? Ba nakusak, kondenatu bat, noizbait bekatu larri bat egin nuen eta oraindik hartan murgilduta nagoelako gaztigatu bat. Gizon huts bat. Ez greko ez mazedonio, ez zuri ez beltz; orixe, gizon bat. Sisyfo diat izena, Ptolomeo edo Hlovik edo Marcus gerta nintekeen bezala.

        —Zer egin huen ba?

        —Nik ere ez diakiat ondo zer egin nuen. Ez nauk, egia esan behar badauat, ongi gogoratzen; agian huskeria bat, baina zerbait egin nian. Baina aintzinan egin nuena zer den ez duk orain ardurakoa.

        Zerurantz begiratu zuen.

        —Hobeki esplikatuko dauat, lagun. Zer egin nuen ez diakiat, baina ba diakiat, horixe bai ba, neure egite harekin Jainkoei halako nagusitasun pixka bat kendu niela, eta haren damu ez izateak min haundia egiten diela oraino, egunero neure liberazioa damu horren truke eskeintzen baitautate. Eta nik hauxe pentsatzen diat: zergatik Jainkoak hain boteretsuak badira, ene damuaren premian daude?

        —Ez diagok gaizki pentsaturik, Sisyfo; baina ez ote duk uste, agian karuegi ordaintzen duala heure bihurkeria hori?

        —Hori neronek ez bestek erabaki beharko nikek, eta oraingoz ezetz uste diat,

        —Nolakoak dira Jainkoak?

        —Hi eta ni bezalakoxeak. Are zitalagoak oraino. Martitz bederen zerri huts bat duk, eta berori Jupiterren mandataria denez gero, pentsa ezak nolakoxea datekeen nagusia, Krubel— eta gogorkeria edozein tokitatik diariek haiei. Boteretsuak omen dituk Jainkoak eta ni neu, gizon gaixo bat besterik ez naizen hau hemen gatibaturik niauate. Ezagun duk bai ez direla hain boteretsu ni bezalako baten beldur badira.

        —Oso gauza kuriosoa duk diostaan hori, zeren behean, herrian, aldareetan baititugu, beharrezkoak direlakoan.

        —Nik neuk behintzat ez ditiat inola ere behar bizitzeko, are gehiago, haik diren artean, nerau behintzat ez nauk zoriontsu biziko.

        —Eta nork gobernatuko luke mundua, nork uztak ekarriko, nork lurrari bizia emanen?

        —Bu bu bu, horik guztiok Jainkoengandik datozela frogatu beharko huke, eta bestetik, guzti hori balemate ere, nahiko ordain jasoa kobratzen daukutenik ezin uka. Beste edozeinek merkeagorik eginen likek guzti hori. Gerrak, izurriteak, ekaitzak, hondamendiak, nekeak eta izerdiak eta gero heriotza, guti deritzek hauei?

        —Mundu guztiak hire modura pentsa baleza, ... agur Jainko gaixoak!

        —Nola esan duk? Horra... horra! Horixe duk haien beldurra; horixe duk dautaten ikara. Prometeo hasiera markatu bazuen ere, azkenez amnistiatua izan duk Herkulesen bitartez; horrek esan nahi dik Jainkoek gehiago kaltegarri ez zaiela kontsideratu dutela, hots, egin zuenaz ongi damuturik dagoela inori huraxe bera predikatzeko. Baina Sisyforen kasta ez duk, ez, makurtzen diren horietakoa.

        Eta Sisyfok, aspaldi aspaldian egiten ez zuena, irribarre, barre algara sendo sendoak egiten zituen. Aurpegia argitua zuen, begi ertzetatik harrotasunezko eta pozezko nigarrak irtetear zitzaizkion.

        Beren kontrako gizarte baten hazi bizi bat niatzaiek. Odolezko etorkizun gorri baten sinbolotzat niadukaate. Hik argitu dautak problema, lagun. Jainkoak zerutik behera jaurtiki behar ditiagu.

        Eguna argitu zenean Greziako mendi haren pean bi Sisyfo ari ziren arroka altxatzen, harez gero. Bien artean haitz hura hobeki, aiseago zebilan. Egia da Sisyfo zaharrak esperientzia haundiagoa zuela hartan berriak baino, baina beronek, horregatik indar berriak zekartzan eta hauei esker harri madarikatua —Jainkoek madarikaturikoa— erraxago ari zen gorantz. Egunak joan egunak etorri, arroka harekin bi lagun zebiltzala ikusteak beste lagun bat erakarri zuen ea zergatik ari ziren hartan galde egitera,

        Biharamonean hiru ziren. Eta hurrengo egunean bost.

        —Bai, bai, baina zuek zoraturik zaudete. Eguzki bero honetan eta arroka horri bultz... ez, ez zabiltzate kopetatik ongi, nonbait. Ez zarete pertsona normalak.

        —Eta zer da pertsona normal bat? Bai, norma, neurri eredu baten arauezkoa dena. Beraz, eredua nolako, normaltasuna bera ere halakoxea izanen dateke. Anfiteatrora joaten, tenplora joatea, Jainkoei eskerrak errendatzea normala bada, lurrari atxikia ibiltzea, aurpegia inoiz jaso gabe edukitzea normal izatea bada, gu, noski, ez gira eredu horretakoak, ez, ez gara normalak. Baina guk jartzen dugun neurriaren arauez, ordea, zuek zinatekete eznormalak, eta gu normalak.

        —Zuen neurria! Eta nortzuk zarete zuek horrelako eredutasun bat jartzeko? Beno, gurea..., gurea arrazoizkoa da. Nork jarri duen? Ba... ez dakit ba,... Naturak edo, bai, berezkoa da, naturala. Ala ez?

        —Dena dela, zuena, zuek jarria denez gero, ez da zuzena, zeuen alde jarri duzue eta. Zeuen burua justifikatzeko jarri duzue, ez da?

        —Eta nor justifikatzen du zuenak? Huraxe jarri duena.

        —Jainkoek?

        —Pentsa ezak nori egiten dion mesede gehien.

        —Noski, noski...

        ...... ...... ...... e? lagunok, ba dakizue zer pentsatu dudan? Ba dago arroka horretan lekutxo bat enetzat ere? Horra noa ba!

        Bai ederki doala arroka madarikatua gorantz. Bai, astiro, bai, geldiro baina bai segurki abiatzen dela mendi puntaraino. Sisyfoek kantatzen dute, Sisyfoek elkarri adorezko hitzak ematen dizkiote eta elkarren indarrekin Harria tontorrerantz daramate. Eup! Eup! Hortik saka ezak! Hortxe, hortxe...!

        Eta herrixkatik, arratsaldero soroetatik nekaturik datozenak talde hura mendiaren gainaldean dakusate sartzear dagoen eguzki gorriaren kontran. Sisyfoak dira, diotsote elkarri, eta begiek adimenduzko keinu bat egiten dute.

        Eta Martitz guztiahalduna, aita Jupiter ahalguztidunagoaren mandataria, arratsero etortzen zaie, eta hitz egin, eta arrokari ostikada eman eta guztiek jaurtikitzen dioten ttua garbitu ondoren guztiei pixa jaurtiki zerutik. —Honetan ez nau busti.

        —Noski, guztiontzako pixik ez du zerri horrek.

        —Ikusi duzue, ia ia honetan ttuaz ito dugu.

        —Kontuz ibili beharko du hurrengoan! Erne ez badabila behintzat, arroka honexen azpian lehertu behar dugu. Bai horixe!

        Eta Jupiter olinpikoa Junorekin eta Martitzekin, Venusekin eta Merkuriorekin, Uranorekin eta Neptunorekin arratseroko oturuntzarako biltzen da. Eta zeruetako jauregi distiratsuan Txipreko ardo gozoak Korintoko mahats pasekin batera edaten dira, eta Ejiptoko datil eztiak Eskitiako kaviar zaporetsuarekin jaten dira, eta Arabiako perfume lurrintsuak kezko laino deliziosoez sentitzen dira jantoki zabal, loreztatu eta zoragarri hartan. Saturno ez da etorri, Kronos zaharra, denboraren Jainkoa, iragan, presente eta etorkizunaren jauna, hila da, bere seme Jupiterrek berak hilda. Baina hil aurretik ere Saturnok bere denboratasunaz mendekatuko duke bere heriotza.

        Eta kolorezko izarretan lurreko gizonek ba dakusate Jainkoen jaialdi eta oturuntza haundiosoen argitasuna. Eta ilargiak ba diotse: —Zer zarete zuek, hilkor ezteusok, Jainkoen ahalmen neurri gabekoaren parean?

        Eta apaiz jaunak, ondo afaldu ondoren, Jainkoei gizonen arima eskas eta bekatarien alde erregutu zien, eta tenploko ateak ongi baino hoheki hertsi ondoren, sakrilegoek ezer ohos ez dezaten, bere ohera joan zen, bertan bere ohaide ederrarekin —gauza jakina da Greziako apaizen artean zelibatoa ez zela diskutitzen— lo egitera.

        Zakurrek etxeen ondoan zaunka edo ahausika dihardute, bakoitza nolakoxea den. Jabeak, etxe barnean ixilik daude. Eta Greziako olibondoetatik mozoloak irteten dira eta saguzaharrekin hegaz doaz gauean. Leihoetako argiak, banan banan, itzaliaz joaten dira etxe guztietan, gauero bezala.

        —Sisyfo, Sisyfo, entzuten nauk? Ni ere beste lagun bat nauk, ...lagun gurakoa behintzat. Galdera bat egitera niatork. Enetzat hau oso premiazkoa duk. Ni ere izerdiak eta nekeak pairatzeko prest niagok, baina esan iezadak, Sisyfo, noiz datorke egun hori? Noiz ikusiko dugu harria behingoz tontorrean betiko? Bizitza horretan eman behar badut, uste diat ba dudala eskubide neure ahaleginen fruituak noiz ikusiko ditudan jakiteko, edo eta inoiz helduko diren ala ez jakiteko ere. Zeren, Sisyfo, ez ote duk herorrek ere inoiz pentsatu nolako gauza ikaragarria datekeen segurtasun eta itxaropen hori gabe saiatzea? Are gehiago, nik neuk behintzat, aurretik hori jakin gabe ezin nizakek lanik egin, zeren alfer lan bat gerta daitekeelako beldurrak berak aldez aurretik ahulduko baininduke.

        Sisyfo zaharrak bere bizar zuri luze baina odolez eta hautsez zikindurikoaren artetik irribarre egin zuen tristeki eta honela erantzun zion: —Beren buruei eten gabe galdera hori egiten dieten baina lanean ibiltzera saiatzen ez direnengatik, hain zuzen ere, giabiltzak gu oraino Harria altxatzen. Filosofiatan ibili gabe, lanean ibili bazinete, arroka aspaldidanik jarrita ziegokean.

        —Baina nola eduki dezakek horrelako konfidantza bortitz hori, Sisyfo? Hire fedea miresten diat.

        —Fedea, fedea, ez diat nik astirik fedea dudan ala ez pentsatzen ilbiltzeko. Hemen niagok behintzat, eta horrekin zerbait egiten dudala ongi diakiat. Pentsamendu espiritual guztiok izerdirik asko ez darienentzat uzten ditiat.

        —Eta..., baina Sisyfo, pentsa ezak: egunen buruan alferrekoak balira hire ahalegin guztiok? Ez ote duk hau inoiz pentsatu?

        —Alferrekoak ez dituk izanen. Beti egonen dukek beste bat segituko dena; Kateak beti ditek maila berri bat, ni ez banago ere.

        —Eta enpeinu honetan hil bahendi ezer ikusi gabe?

        —Hi bai hilen haizela, baina ni ez. Nerau gizonen espiritu errebeldea nauk eta horregatik besteengan biziko nauk. Bestalde, adi ezak ongi hau: ni hil eginen niauate, bizia kenduko diautaate, baina neurez ez nauk beste mundura joanen. Horregatik, alde aurrez bere hil eguna, guti gora behera, seinalatu zaion bati, herio ala heriotza arteko aukera guztia alferrekoa duk. Horrek ez dik zentzurik bat ere. Ni kondenatu bat nauk, gu kondenatu batzuk gaituk, ez ahatz hori!

        —Baina...

        Esanda dagoen bezala, Kronos hil zen, baina denboraren herioak, denbora huts eta gertaera gabekoaren hiltzeak, historia sorterazi zuen postumuski. Agian berau dateke Jainko zaharrek Jainko berrien gainetik obratu duten mendekua. Agian bai.

        ... ekintza iraultzaile guztietan, hitzaren zentzurik zabalenean, Harrobi Berriko lan bortxatuetara kondenatuak izanen dirateke bizitza guztirako, eta sedizioaren buruzagiak, ordea, biziaren penapera kondenatuko.

        Oikorintoine-ko Herriak ongi entzun zuen Jupiterpoulos koronelak grekoei emandako abisua,

        Harrobi Berriko lan bortxatuetan.

        —Sisyfo, Sisyfo, denbora luzea iragan duk, baina oraino ezagutzen haut. Noski, ba dituk zenbait gauza inoiz aldatzen ez direnak. Eup! Saka ezak hik hortik... bai, jaioko dituk berriak! !, nik harriaren beste toki honetatik ekinen zioat eta! Gu gaituk...

 

Bilbon, 1971ko Abuztuan

 

Behin batean
Xabier Kintana

Kriselu, 1972