Behin batean
Xabier Kintana

Kriselu, 1972

 

 

UKRONIA

 

                                Elas yzul albaneça yragan den denbora

                                Segur oray eniqueci dudan gogoan veharra.

                                                                     ETXAPARE, 1545

 

        Guztietarik, etortzeko den denbora da fruitukorrena, hartan den dena gerta baitaiteke. Dena dateke orduan posible, eta nolabait geure menpean dadukakegu.

        Gaurko egitada batek biharkoa moldatzen du, eta orobat etzikoa ere. Katea batean bezalaxe. Kausa ondorio delako binomio ezaguna. Eta Ukronia, hain zuzen ere, aurretik zerbait gertatu balitz orain zer izaten litzatekeelako erresuma hipotetikoa dugu, hau da, egon ez dagoen denbora.

        Orain hogei eta hamasei urte gerra bat egon zen. Berau gauza segura da, hari esker gaur egun gozatzen ditugun fruituak bezain segura. Hauetariko bat, eta ez, noski, ttikiena, bakearen dohaina da. Baina gaurko egoera honen sustraia orduan dago, hartan du guzti honek bere iturria.

        Eta gerrak berak ere aurrean ukan zuen bere jatorria, noski, eta kontatu daukutena zinez sinesten dugularik ba dakigu gerta haren kausa Espainiako II Errepublika gaizto, komunista eta Jainko gabeko hura izan zela. Eskolatik gurutzeak kentzeraino ailegatu zen. Ordena ez zen kalean errespetatzen eta bandera gorridunek edonondik egiten omen zuten nahi zutena, hau da, beste askok nahi ez zutena. Hura zuzendu beharra zegoen, eta erabat zuzendu zen.

        Pentsa dezagun, ordea, gerta zitekeen gauza baita, Alfonso XIII erregea ez balitz hain agudo hil, eta beronen pertsonaz errestaurazio bat egon balitz zer gertatuko zatekeen geroago.

        Euskal probintzietan ba zen E. A. J. zeritzon alderdi burjes bat, askok, maliziaz agian, «zakila» deitzen zutena. Eta orduan Espainiako II Errepublika etorri zen. Mundu guztiak zekien —arazoa guztiz sekretua baitzen— militarrek matxinada bat eratzen zihardutela, eta Napoleontxu Agirretxokolate jaunak, bat ere tontoa ez baitzen, besteak beste, altxamendu horri ongi burutzeko posibletasun ugari igarri zizkion eta ez zuen azken orduko promes liluragarrietan sinetsi ukan nahi. Errepublika, behar bezala, porrot eginik amildu zen.

        Hurrengo urtean erregeak domina ugari errepartitzen zuen militar adoretsu eta guzti hura posible egin zuten jaun prestuen artean. Gora asko entzun ziren.

        1940.ean, Espainiako Erreinu birjarri berri hark Euskal eskualdeari halako estatutu bat eman zion Espainiako Estatu bat eta bakarraren barnerako. Estatutu horrekin E.A.J. galardoatzen zen, Errepublika jainkogabe eta marxista zital haren aurrean erabili zuen portaera zintzo, kristau eta jatorraz. Horren bitartez zenbait abantail zeudekeen ekonomian eta kulturan.

        Eta egia esan, erregearen kontseilariek zuhurki kontseilatu zuten honetaz monarka, zeren Europako II gerra orduantxe bertan lehertzeko baitzegoen —berau sekretu haundi bat izan arren— mundu guztiak ongi zekienez, eta beldur izateko zen —Jugoslavian kroaten kasua aski gora zen mintzo— euskal alderdi hartakoak Hitler-en alde jartzea.

        Europako gerra hura bukatu egin zen. Hitler azpiratua eta Japon atomizatua. Eta hona hemen —Ukronian historia oso arin linburtzen baita— berriz ere 1972. urte ukronikoan gaudela, hots, sasoi honetan bertan, baina beste dimentsio batetan, lehen halako gertakari batzuk jazo ez balira, agian gaurkoa litzatekeen epokan.

        Euskal probintzietan ba dago gobernu autonomo bat, Euzkadi deritzona. Bertoko hizkuntza ofiziala, Espainiako Estatu osoarenarekin batera, hots, gaztelaniarekin, euzkerea deritzon zerbait da.

        Orain, noski, irakurleari esplikatu beharrez nagokio nola konpondu naizen Ukroniara bidaiatzeko. Oso gauza ezaguna da Euskal Herrian bejetariano —irakur bedi euskaltzale— bakoitzak halako zaletasun kuriosoak dituela. Esate batez, Urlia irakaslearen katua, Sandia idazlearen filatelia, Berendia nobelistaren antiespainoltasuna, neronen erleak, beste horren denen kontratasuna, haren garbizaletasuna, poeta psikodeliko horren oteitzismoa, bestearen Rh negatiboa, hurrengoaren Rh positiboa eta abar. Askoz ere gehiago ere ba dira, baina ez noa aipatzera, irakurlea asper ez dakidan.

        Hara, ene beste arrarokeria, gehienbat euskaltzaleok geure arrarokeriak pareka baititugu, zientzia fikzioa da, denbora-makinei buruzkoa bereziki. Aspaldian ibili naiz Ukroniara joateko asmotan, horretarako behar nuen makina asmatu nahirik. Makina horrek hurrengo puntuok bete behar zituen, neronek egin ahal ukateko: a) egiteko merkea izan, Kintanaren ekonomia, eta bereziki hilaren azkenean, nola ibiltzen den oso gauza jakina baita; b) benetan praktikoa izatea, zeren egin ondoren, Ukroniara gabe, kasu batez, Melanesiara eraman banenza, ene asmoetarako alferra bailitzateke; c) joan eta etorria egiteko izatea, agian, Ukronia, leku atsegina gabe, atsekabea gerta bailiteke; e) martxak arinak edukitzea, aditzaren batasunarena baino martxa lasterragoak bai, behintzat; f) jezarleku eroso batez hornitua egotea, eta ez Gernikatik Bilbora jarri berri dituzten pseudosasiurbano horien antzekoa, zutik ibiltzekoa. Eta besterik ez.

        Irakurleak aisa uler dezakeenez, guztiok kondizio gehiegi dirateke denak makina berean sartzeko, eta horregatik aparatua ez zen hain egiteko erraza. Baina hasi nintzen lanean. Egia aitortuz, Poul Anderson-i zor diot bidaia hau, hura Ukroniaren asmatzailea izanaz, baina bidaia neronek ez bestek egin dut.

        Mandoak behar ziren, ibilgailu transdimentsionala horien bitartez norabait zuzentzeko. Norabait, helburuak... oinharrizko liburuak hartu nituen gidaritzat, nork nora nahi zuen jakiteko. Gerra aurreko liburuak ziren interesgarrienak. Iturrietan edan. Onena horixe (eta Lizardi).

        Gero pertsonaiak. Bizitzak berak emanak. Oso merkeak. Hirugarrenik dimentsioen, eta asmoen, denboratik zehar, aldatzea. Berau gaitzena, baina ez hain beste. Matematikaz eta Geometriaz baliatu behar. Birtualismoz. Lerro zuzen baten hasiera ikusiz gero, luzatuz luzatuz... noraino hel daitekeen igartzen da. Optikazko imajina birtualak bezalaxe, ikusi ez arren, nonbait —Utopia batetan— egiaz daudenak. Eredu ona nuen. Etxeko egongelan jezarri, luma hartu, boligrafoa hobe —zein idazlek eskribatzen du oraino lumaz?, esnobistaren batek ezik...— eta tira, imajina birtualak ateratzera. Denbora emateko modu atsegin bat, bederen.

        Eskualde autonomo honetako kaleetan nago. Poltsikoan ba ditut amonaren etxetik noizbait hartu nituen xanpon zuri haietako batzuk Gobierno de Euzkadi jartzen duten horietakorik. Agian oraindik zirkulazioan daude. Kale ertz batetan kazeta saltzaile bat dakusat. Paperen gainetik dituen xanponak berdin berdinak dira. Zorionean! —Ekarzu bat, mesedez— esan diot.

        —Zein? Euzkadi, Iparraldeko Kazeta, Euzkel-erria ala Euzkel egunkaria?

        —Berdin zait —eta ematen dautan Euzkadi hartu dut.

        —Zenbat da?

        —Bost laurleko.

        —Har ezazu.

        —Agur jauna.

        —Agur t'erdi... zera! agur zuri.

        Irakurtzen hasten naiz. Leizaola lendakarijak Beihl doistar ordarijarekin itz-egin dau goxeon. Viet-Nam-eko guda berezija ezta oindiño amaitzen. Ertzañak Bizkai'ko Laba Aundijetako langilliak burdiñolatik atera dabez indarrean. Arri-jasotzallien azken txapelketa aundija Gernika'n.

        Goiza da oraino. Bederatziak hogei gutiago. Arenaletik ostera bat eginen dut Bilboko bizitza nola hasten den ikusteko. Orain arte langile jendea besterik ez dut ikusi, paketetxoa eskuan Sestaorako edo eta Erandiorako trenen estazioetarantz doana. Agian gaztelau itxurako jende gutiago ikusten da.

        Euzkadi irakurtzera hasten naiz berriro... lagi barri orren bidez auxe erabagiten da: Euzkadi'ra urtero etorri daitekezan erbestetarrak amarreun baño eztirala izan biar...

        Kaleen izenak bi hizkuntzetan ipinita daude: Berburujabetasunaren txaidea, Calle de la Independencia, Zaragoza'ko ziñopen txaidea, Calle de los mártires de Zaragoza...

        Oso ikusgarria da dena. R pikordunak leku guztietan; ikurrinak hiru koloredunak, zuri gorri eta berde (edo hemen esaten denez, orlegi margoa). Lorategiak (hemen bigi-tokiak deitzen dira, xartel batetan oraintsu irakurri dudanez) berdinzki eraturik daude kolorez: zuri, gorri eta berde (edo orlegi). Tabernen eta denden izenak euzkeraz ipinita daude, eta batzuk, gutienak, bai eta erdaraz ere, gaztelaniaz batez ere. Ba dira zenbait —Le lion d'or, Les petites suisses...frantsesez ere daudenak, baina hala ere, den denek dute behean euzkel itzulpena. Gran Vian —oraingo euzkeraz Ibilbide andia deitzen delakoan— Lopez eta Haro'tar Jagobaren eskultura ondoan Bizkai'ko Txindi-etxea altxatzen da ohi ez bezalako garaieraz. Gorago supermagazin batzuk daude, Engalandar ebagia izenarekin.

        Etxeen hormetan, ia guzti guztietan, gizon bizardo baten moldezko irudiak agiri dira, alkitranez eginak, azpian Arana eta Goiri'tar Sabin. JEL! eskribua dutela. Nik neuk, memento batez, hura idatzi zutenek ez zutela Azkueren hiztegia 393. orrialdean ongi ikusi pentsatu nuen, bestela ez zitzaikeen inoiz burutuko halako oihu abertzaleak jartzea.

        Ukronian, goiz guztietan, geroago ikusteko parada nuenez, bederatziak inguruan Bilbo'ko udaletxetik txistulari talde bat irteten da kaleetatik zehar joanaz egun ona guztiei, ohean oraino dautzan guztiei eskaintzera.

        Ordu honetarako, haurtxoak ikastoletara doaz. Toki guztietan ume taldeak eta eskolautobusak agiri dira. Ikastetxeetara ere ba doaz (kolejioetara antza) autobus batzuen eskribuen arauera. Haurren jantzia oso ugaria da itxuraz eta kolorez, baina den denak, oso gauza kuriosoa berau, kaiku gisakoak dira, edo eta «mendigoxale» deitzen diren elastiko horietakoak; bat ere ez doa xapelik gabe.

        Argia nahikoa handia da orain eta kaleetatik ari den bizimodua hobeki ikus daiteke. Xit ikusgarria da ofizio bakoitzeko jendeak nola dauden jantzita begiratzea. Oitura zar eta garbijen aldeko erkalseñak (sic) horrela aginduta duela argitu zeutan bertako andre batek. Turista batzuk fotografiak egiten ari ziren —ezta fotografía esaten, argazkia baño, zuzendu zeutan ikastolara zihoan haur batek—, eta gauza ez zen gutiagorako. Esnesaltzaileak, kalegarbitzaileak, okinak, izparringi-saltzaileak, jaupariak —harrigarria bada ere Espainiako beste ezein tokitan ez da orain sotanarik ikusten— den denak beren ofizio edo bizimoduari zegokion jantzi bereziaz zebiltzan. Abarkak, zinta gurutzatuekin, eta xapelak ia pertsona guztien buruetan ikusten ziren. Minigonak, aldiz, neska turisten belaunetan ezik ez ziren agertzen.

        Guztiz interesgarri egiten zitzaitan kaleko (txaideko, barkatu!) hizkuntza entzutea: ... el lendakari le dijo a la emakume del primer erkaltsein que no era egoki un jantzi tan irekia para aquella jaia. Te puedes imaginar que gorri se puso aquella andre... ... la irrati del gobierno recomienda colocar mas ikurriñas en los leyos durante los aberris egunas... ...los esaldis del irakasle se deberan poner en todos los geltokis...

        Oso estrainiaturik geundeke gehienok kaleetako (txaideetako, barkatu berriz ere!) ezpaloiak ikustean. Baina berau, eguerdi aldean ikusi nuen gauza bat izanaz, gerotxoago kontatuko dautzuet.

        Haurrak ikastola-ikastetxeetan zeudelarik eta txaideetan (honetan bai!) etxeko andreak erosketak egiten ari zirelarik, nik Bilbo Zaharrerako bidea hartu nuen, bertako bizimodua ikertzeko asmoz. Denda guti ikusten zen. Geroago azaldu zeutatenez Engalandar ebagiak konpetentzia haundiegia egiten zien eta zergak ezin ordainduz zebiltzan merkatari ttipi gehienak. Denden erakustegietan sarri ikusten ziren honelako xarteltxoak: salneurriak, lehen 357 laur. orain 320. Harriturik gelditu nintzen bertan h bat ikustean. Geroago jakin nuen zergatik, baina.

        Ribera 6 txaidera (ohitzea besterik ez da, ikusten?) joan nintzen, hau da, Ukronia ez den denbora honetan Euskaltzaindiak bere bulegoak zituen lekura. Ez zegoen bertan bat ere izen-xartelik, baina neronek atea jo nuen eskuaz. Zaratots batzuk entzun ondoren, andre bat irten zitzaitan bertatik. Oso pintaturik zetorren eta paparrean eskote nabaria zuen. Etxe barruan halako iluntasun gorrixka bat zen eta nekez ikusten banuen ere, beste laupabost andre, jantzirik baino erantziagorik zeudenak, susmatu nituen. Atean zegoenak keinu bat egin zeutan. Zertara nentorren azaldu nionean, musturra okertu zuen eta esplikatu zeutanez, Euzkeltzaindija ez zegoen han aspaldiko urteetatik. Nik hura ez nekiela nolabait azaldu nahirik, euskaldun berri polako bat nintzela esan nionean, honela erantzun zeutan:

        —Bai, ezagun duzu, mordoilo xamar darabilazu euzkerea eta. Ba Euzkeltzaindija Ibilbide Andian dago orain, 62. zenbakian.

        Eskerrak eman eta agurtu nuenean, kanporantz abiatu nintzen. Eskilaran soldadu —uste dut halakoei gudari esaten zaiela— mozkortu irribarretsu bi topatu nituen. Jakina, zerbait arraro topatua nion neronek andre hari!

        Gran Viara joan behar, edo Ibilbide Andira. Parkeraino ibili behar ukan nuen 62. zenbaki hori topatzeko. Edifizioa bera. Ukronia ez den sasoi honetan bertara paper ofizialen baten bila joan behar ukan dut. Horregatik etxea ezagun egiten zitzaitan, bertako bulegoak zeharo diferente ziren arazo batzuetarako utzia bazen ere.

        Barnean lan egiten zuten guztiek, gizonezkoek behintzat, bizarrez horniturik zuten arpegia; neskengatik ez dut uste beste horrenbeste esan zitekeenik, nahiz eta, agian, abertzaletesunagatik bizar naturalik ezean —baten batek izan ezik— bizar artifizial bana eramateko prest egon.

        Paretetan Arana eta Goiri'tar Sabinen fotografia (argazki, barkatu irakurle!) eder batzuk zeuden, bai eta Leizaola lendakariarenak ere.

        Jende ilada luze luzeak zeuden bertan; itxadoten, antza.

        —Sua? mesedez? —eskatu zeutan batek.

        —Ez dut erretzen, baina... itxadon, bai, hementxe dut poxpolo kaxa bat. Har ezazu.

        —Mila esker. Hau da denbora alferrik eman eraztea, Ordu erdi batez egon naiz hemen eta ilada hau metro bat ere ez da aurreratu. Ba dakizu, hor barnean daudenek ez dute presa handirik eta...

        Entzuten ari nintzen.

        —Eta dena izen demoniñoengatik. Zergatik ez dute izen-askatasunik utziko?

        Batek kontuzago hitz egiteko keinu bat egin zion andre hari, bada ez bada ere.

        —Beti ixilik! Aspertuta nago jadanik. Eraman nahi banaute, eraman nazatela ordu onean!

        —Eta zein izen jarri nahi diozu zuk?

        —Joana. Nafarroako azken erregina bezala.

        —Ez duzu erraz zertifikatua lortuko. Jone ipiniko dautzute.

        —Baina, Nafarroako erregina Joana Albretekoa zen, eta ez Albret'ar Jone!

        —Bai, baina, hemen arrazoirik ez da behar; ba dakizu nolakoak diren!

        —Eta zuk?

        —Nik bikiak ukan ditut. Batari Oier eta besteari Bihotz,

        —Oier onhartzen dute, ene koinata baten semeari izen hori utzi zioten, baina Bihotz hori... Eta h bat duenez gero, um!

        —Euskara zaharreko izen bat da, Akitaniako hilarrietan aurkitua —-gehitu nien nik.

        —Bai, bai, baina, ba dakizu, hemen... ......bakarrik. Kontuan hartu karneta ere eskatzen dutela. Jakina, beren euzkel izen horretakoren bat jarri ezik, abertzaletasun bada ez badako bat dukezula susma dezakete, eta noski, zure fitxa egin...

        Bertan jakin nuen nola Euzkeltzaindijan sartzeko beharrezkoa zen «zakil»ean afiliatua egotea, bai eta kristau katoliko, apostoliko eta erromatarra izatea. Bai eta, nola Ihartza zeritzon euskaltzain (euzkeltzain) bat budista zela eta, egotzia izana zen hain gorporazio debot hartatik.

        Linguistikazko oinharri guztiak aita Arriaindiagak ezarriak zituen eta euzkera guztia haien gainetik eraiki behar zela predikatzen zen. Halaber, jakin nuen nolako hestuasunak iraganak zeduzkan arestian Lewis izeneko linguista ezagun batek, Arriaindiagaren teoria sakratuen kontrako eritzi latinzale batzuk, hipotesis gisa, formulatzeagatik. Noski, hala ere ez zen kasu hura gutiagorako, euzkerako orma hitza, agian latinezko forma-tik zetorkeela esatera ausartzea ere!

        Euzkeltzaindiko lendakari berria, ohitura sakratua (eta bedeinkatua) ez hausteagatik, apaiza zen Ukronian. Izena Agurrain'dar Kepa Imanol zen, jesuita bat bera. Egun hartan, hain zuzen ere, Euzkeltzaindikoen batzarra ospatzekoa zen.

        Ilada aurrera joana zen eta niri zegokidan xanda.

        —Zer gura dozu? —galde egin zeutan neskatxak.

        —Hara, ni euskaldun berri polako bat naiz, Xabieroslaw Kintanosky, —erantzun nion seriotasuna galdu gabe. Eta gaur Euzkeltzaindiaren batzarra dagoenez gero, ikusle bezala, jaun guztiok agurtu nahi nituzke. Bai, Euzkeltzaindikoak, ni neu Poloniako hizkuntzaren akademiakoa bainaiz.

        Neska hura adi adi gelditu zitzaitan. Gero leihatillatik aldendu zen.

        —Bai, polskar euzkeldun barrija dala diño —entzun nion esaten beste gizon bati— eta batzarrekoak agurtu gura leukezala. Zer esan behar dautsot?

        Gero enegana etorri zen berriro.

        —Zatoz, nigaz, jauna!

        Areto zabal batetara eraman ninduen

        Oraino ez zen ordua. Han baina, ba zen Agurrain'dar Kepa Imanol jesuita jauna eta Sesteron'tar Kiril liburugile famatua.

        —Egun on, jauna —agurtu ninduten begiko begikoki. Polskakoa zera orduan

        —Bai, Kintanosky irakaslea naiz, Krakoviako Unibertsitatekoa.

        —A! —esan zuen Sesteron jaunak— Krakoviako ikastetxe Nagusikoa zera, ez da?

        —Bai, Bilbora etorri naiz oporraldi hauk iragatera eta, kasualitatea!, Euzkeltzaindia egun biltzen delarik, guztioi neure agurrik beroena ematera etorri natzaitzue.

        —O! batzarrak oso begi onez ikusiko du hori —esan zuen Kepa Imanol jaunak. Zalantzarik gabe. Asko kostatu zaizu euzkerea ikastea?

        —Ez, ez hainbeste... eslabiar hizkuntzen sintaxisa bera duela esanen nuke eta...

        Ikusten? —oihu egin zuen Kirilek— nik, beti esan dut euzkeratik eslabiar izkundeok sortuak dirala. Joskerea bera. Zein arkikunde aundi aundia

        Ordua jota zegoen. Jendea jezarri zen

        Batzarra hasteko, lendakariak arrosarioaren lehen misterioa errezatu zuen. Batzarkideek azken gurutzearen se ñalea egiten bukatu zutenean, ene presentazioa egin zen. Neronek guztiei eskerrak eman eta amaitu nuenean... huraxe gauza ezustekoa! Oteiza'tar Sabin jaun karmeldarrak honela esan zuen.

        —Jaun... jaun andreok! Ez ote da miragarria honelako jaun polskar batengan geure euzkerea entzutea? Nik euzkeltzain urgazlea egitea eskatzen det.

        —Bai, bai —esan zuten beste boz batzuek.

        —Euzkerea trakets xamar darabil, baña kanp... erbestekoa dan ezkero... bai, parkatu leio...

        Isiltasuna egin zen, eta gero, lendakaria idazkariarekin eta mahainean zegoen beste jaun batekin mintzatu ondoren, euzkeltzain urgazle izendatu ninduten, guti gora behera oraingo euzkeltzain laguntzailearen gradoa bera zena.

        Batzarra hasi zen benetan oraingoan.

        Arrupe'tar Ixidor jaun pasiotarrak xosten bat irakurri zuen, euzkeraz filosofia tomista osoa nola itzuli behar zen esateko. Metafisikazko kontzeptu goi eta nahaspilatuok zehatz mehatz eduki genitzan euzkeraz. Oso xalotua izan zen, batez ere concepto hitza esateko (berak ongi azaldu zeukunez latinezko cum capio hitzetik hartua zena) euzkereak nolako aberastasuna zuen erakutsi zuenean: gogai, adigai, oldozkai, oldozkun, uste, gogamen, asmo, bulko, burutakizun, bururakizun, burutapen, bururapen, burutasun eta burutaera. Ni neu segur nago Akinoko sainduak ez zukeela susmatuko sekulan bere filosofia hain modu ugari batez erabiliko zioketenik.

        Ondoren Zaratain'dar Karla'k xosten luze bat irakurri zuen, euzkeraz hika edo hitano nola ez den existitzen frogatzeko. Hau ere xalotua izan zen, baina gutiago.

        Hurrengo xostena Zelakantorena'tar Andoni'k irakurri zuen, haren bidez bere lagun Urrutizilorrutugaztañatzapagatzaurtundua'tar Zeledon jauna, oso arkitekto abertzalea berau, Euzkeltzaindiko kide egiteko komenientziaz. Arrazoiak hauxek izan ziren: a) delako jaun horren aberastasuna, b) oso arkitekto ona eta d) oso katoliko zintzoa zela. Gainera —gehitu zuen Zelakantorena jaunak—, ba du euzkera garbijan liburutxo bat egina, ortopteroen bizkarroien sexual bizitzaz, baina oso idazti morala eta garbia da hau, ez gaizki pentsa.

        Batzarrean zeuden zazpi serorak (lekaimeak, barkatu) beren buruko zuri zabalekin, bela batzuen antzera, ezezka eta oztopoak ipintzen hasi ziren, «sexual» hitza zeraman lan bada ez badako hartaz. Horrelako batean moja batek: begitik sartu zeutan bere buruko bela handiaren punta zuri eta almidoiztatua. Irribarre goxo batez erantzun nion. Azkenez, baina, arkitekto hori ere euzkeltzain egin zuten. Harekin eta lehentxoago izendaturik zegoen polskar harekin, euzkeltzainen kopurua zazpi milakoa zen.

        Hau bukatuta gero, Andonegi'tar Kauldi'k beneditarra berau, bere herritxoan, Elgetakoa zela jakin erazirik, madarien azaleko puntu beltxei nola esaten zaien esplikatu zeukun.

        Ondoren beste jaun batek (agian X'tar Z zatekeenak) bere amonatxoari behin «izkintxi» hitza entzun ziola adierazi zuen, baina ez zekiela segur zer esateko zerabilan. Guztioi galdetzen zeukun ea ezaguna genuen «izkintxi» hitz polit hura. Denok ezetz.

        Ez dakit nork proposatu zuen komisio (edo batzorde) bat izendatu behar zela euzkeraz perretxiko askomizeto eta basidiomizeto guztien izenak erabakitzeko. Eskabide hau oso xalotua izan zen eta batzorde hori lehen bait lehen gelditu zen izendaturik.

        Beste batek galdetu zuen ea euzkeraz zenbat hitz zeuden, zeren bere lagun amerikar esperantista bati erantzun behar baitzion horri buruz. Zenbat hitz zeuden kontatzeko, beste batzorde bat izendaturik gelditu zen.

        Aristides'tar Gabirel Mirena zeritzon gazte bihurri batek galdetu zuen ea zertan zegoen zuela bost urte izendatu zen aditza batzeko batzordea. Murmurio ikaragarria egin zen areto hartan zeuden mila pertsonen artean eta lendakariak, kanpai haundi bat joaz, ixiltzeko agindu zuen.

        —Euzkelkiak aberastasun bat dira! —oihu egin zuen Zelakantorenak,

        —Bai, bai! —orrokatu zuten beste guztiek.

        Azkenean, batzarrean agerturiko hitz guztiak Mikeltorena'tar Lewis jaunak bere, noizbaiterako hiztegian agertu behar zituela eskatu zen. Eskari hura, ia guztiak bezala, ontzat hartua gelditu zen.

        Zerbait esan beharra, dagoke Mikeltorena´tar Lewis honi buruz. Berau ingeles euskaldun bat zen— beste batzuk frantses euskaldunak diren arrazoi berberagatik—, eta hori dela eta, Lewis izen $hakespearetarra zeraman; egiaz baina bere lagun mamiek, Koldo esaten bazioten ere, Lewis jauna oso prestua zen, eta agian kanpoan jaioa zelako, objektibotasun haundiagoaz zekuskian linguistikazko arazoak. Hori zela eta, begi gaiztoz ikusia izaten zen sarritan batzarretan, Aristides gazteak kontatzen zeutanez. Kanpoko Unibertsitateetan zedukan prestijioagatik ez balitz! ...

        Egun hartako batzarra bukatzeko, hain erabaki garrantzitsuak hartu ondoren, Agurrain'dar Kepa Imanol jaunak euzkeraren etorki biblikoaz ordu laurden batez egin zeukun hitz Bizkaiko euzkelki sortaldetar jatorraz, agian beste guztiei (ia guztiek Gipuzkoako barietate Goierritarra erabilia baitzuten) hark ere berea ongi zezaguela erakusteko.

        Berau eginda, beste arrosario-misterio bat errezatu zen eta berandu zela eta, letaniak hurrengorako utzi. Denok bazkaltzera joan ginen.

        Ukronian fama haundikoak dira euzkeltzainen janaldiak. Jendeek «euzkeltzain baten moduan jan genuen» esatean, zer adierazi nahi zuten berehalaxe jabetu nintzen. Neronek ere, neure latin irakasleari, Segura jaun onari, entzuna diot, agian Horationen poesiaren batetan agertua nola Erromatarrek, esaten zuten «salioen gisa jan» h.d., apaizen, gisan jan, ondo eta ederki jateagatik. Bilbo ukroniko hartan esaera bera, baina euzkeltzainen kausaz. Herria bizkorra da gero!

        Gipuzkoar Sukalgintza izeneko jatetxean sartu ginen. Ni ere bai, jakina, harez gero jatun... euzkeltzain, esan nahi dut, bainintzen. Mahaina ongi jarria zen jadanik. Jezarri egin ginen. Usain ona zetorren; Lehendakaria idazkariarekin, hizketan ari zela konturatzen nintzen bai eta beronek niri keinu irribarretsu bat egiten zeutala ere, nitaz mintzatzen zirela disimulatu nahirik.

        —Nola esaten da polskeraz ura? —galde egin zeutan Sesteron-ek.

        —Ura? Edatekoa?

        —Bai, bai, edatekoa, erakuslea ez dena,

        —Voda —erantzun nion, agian halaxe gerta zitekeelakoan.

        —Voda, voda... — berresan zuen— oso interesgarri da berau. Voda.., eta ogia?

        —Ogia? —nik zerbait pentsatuaz. Ba... ogiari bratny esaten diogu.

        —O! bratny, bratny... hiruresan zuen harridura haundiaz. Oso hizkuntza kuriosoa polskera hau —oharterazi zeutan.

        —Noski, nik hala deritzot behintzat —neronek ohi ez bezalako seriotasunaz.

        Halako batean idazkaria etorri zitzaitan.

        —Kintanosky jauna —esan zeutan— une batez bakarrik.

        Bihurtu egin nintzen hargana.

        —Barkatu, baina zu kristaua, esan nahi dut, katolikoa zara?

        —Ni katolikoa? Jakina baietz! Polako guztiak bezalaxe! —erantzun nion guztiz minduta.

        Zirudienez ene aurpegikerak beldurra eman zion.

        —Barka... barkatu! Hainbat hobe horrela. Bai, dena dago orain ongi. Zera zen, Euzkeltzaindijaren araudia, ba dakizu...

        —Barkatuta zaude, jauna.

        Sesteronek keinu bat egin zeutan idazkaria joan zenean.

        —Araudi hori aldatu beharko litzateke, nik uste. Katolikoei bakarrik jartzen duen lekuan, nik neuk kristauei ez besteri jarriko nuke.

        —Ba... bai, ez legoke hain gaizki —neronek apaltasunaz.

        —Baina hemen ezin dezakezu horrelakorik esan. Uf! ez dakizu oraindik nolako integristak diren arazo horretan! Ongi bazeneki!

        Benetan euzkeltzain batzuen moduan jan genuen. Bost t'erdiak ziren Gipuzkoar Sukalgintza-tik irten ginenean. Jendea barraiatzen hasi zen. Euzkeltzain bat, batzarrean ia ixilik egon zen bat, enekin etorri zen.

        Kaleko ezpaloi bakoitzetik jende modu ezberdina zebilala nekusan. Ezker aldetik zebiltzanak aurpegi beltzaran, jantzi arlote eta trauskilekoak ziren. Eskuinekoak ordea, dotore, xapeldun, indartsu eta harro.

        —Zergatik —galdetu nion euzkeltzain laguntzaile baina urgazle hari.

        —Begira Xabieroslaf...

        —Xabieroslaw —zuzendu nion.

        —Bai, egia, barkatu Xabieroslaf —segitu zen pixkat gorrituta—, ni Malaletxebarria'tar Josu naiz. Josutxu lagunentzat. Zera... a, bai! Ezkerrekoak maketoak dira, kanpotik (barkatu, atetik, bai, atetik esan zeutan) etorritakoak, baltsakerizko asmoaz, gizartekeriz kutsatuak eta jaupa deunera inoiz joaten ez direnak. Ba dakit irakurle gaixoari buruko min itzela ematen diotela honelako hitz garbiok, baina Ukronian horrelaxe erabiltzen direnez gero, uste ukan dut komeni litzatekeela guztiok kontuan hartu eta liburuan ipintzea. Dena dela, zorionean, edozein irakurlek topa ditzake hitz guztiok aita Muxika'tar Palgida-ren hiztegi ukronikoan.

        Malaletxebarria jaunarekin beronen etxe ondora joan nintzen. Medikua zen. Berau ezin ederkiago erakusten zuten atari ondoan zituen lau izen haiek:

 

MALALETXEBARRIA'TAR JOSU

Sendagile              Osalari

Sendalari                Osagile

 

        —Guk bai dugula hizkuntza aberatsa, ikusten? Lau izen eder eta jator! Zuek nola esaten duzue osagile polskeraz?

        Mediku —erantzun nion irribarrerik gabe.

        —Horra ba! —irribarrez— españeraz bezala. Mediku!

        Agurrak egin genituen elkarren artean.

        Beste ezpaloira iragan nintzen. Bertako jendea komunismoz (edo baltsakeriz! ) eta, sozialismoz, (edo gizartekeriz) kutsaturik omen zeuden. Nik neuk ez nien sufre usain berezirik hartzen. Agian, mundu guztiak dakikeen bezala, oso usaimen xarrekoa naizelako. Haik ere euskaraz mintzatzen ziren, eta neronek aisago ulertu nituen. Ez dakit nola hasi zen. Taberna batetan edo. Bera Zamudiokoa zela esan zeutan. Bertan ari zen lanean. Hizketan luzaro aritu ginen. Gizon hegikoa zen, osorik jatorra. Euskara landua zerabilan, eta ongi adierazten zuen nahi zuena. Nekez adi zitekeen hura langile huts bat zenik.

        —Alfabetatze kanpainak —esan zeutan. Hari esker zertxobait ikasi dut. Ez nukeen askorik jakinen ikastolakoaz geldi banendi.

        Gero beste ardandegi batetara, eta gero beste batetara joan ginen.

        —Honetan... neronek ordaindu bear diat. Ba d...akik?

        —Ez, ez eta ez. Horixe ezetz ba! Lehengoan ere ne...reonek, ala, ala... zuk?

        Azken autobusa zen. Ia hutsik zihoan.

        Hiru giltzekin saiatu zen. Atearen zerrailan bat ere ezin zuen sartu. Atea barnetik ireki zen.

        —Gau on, Mari. Hau Mari duk, ene andrea —esan zeutan, atea ireki zuena seinalaturik. Mari, hau laguna bat dun ...Hi, nola esan dautak duala izena?

        —Xabier.

        —A, bai, Xabier. Xabier dun hau, Mari. Lagun bat, egiazko lagun bat.

        —Ai ene! lagun pare galanta zuek! Ordu hauetan eta oraindik kaletik.

        —Txaidetik, Mari, txaidetik —ziotson Patxok irribarrez. «Egizu euzkera garbija» irratiak dioenez.

        Andreak barre egin zuen, eta ordurarte senarraren faltaz ukan zuen beldurra aienaturik, barnera sartzeko gonbita ere bai.

        —Edan bapo, baina afaldu gabe oraino, ez da egia?

        —Baa...

        Haurrak ohean zeuden ordu hartan. Hiru seme alaba zituzten; Xabier, Luisa eta Anton. Hauzo guztiek honela deitzen zituzten, nahiz ikastolan beti Txaber, Koldobike eta Andoni izenez egon.

        Andrea, Mari Etxeberria, Errezildarra zen, oso etxeko andre jatorra eta emakume adoretsua. Hauzitegian, ordea, Etxeberria'tar Miren itxuraldatua zegoen.

        Konturatu nintzenez, etxe hartan ez zuten telebistarik (edo orduan esaten zen bezala, urrutikuskinik). —Haurrengatik —esplikatu zeutan Patxok—. Ba dakik nolako programak ematen dituzten. Alienagarriak dituk osorik.

        Patata-tortilla hura gozo gozorik zegoen. Ardoa ez zen xarra gainera, baina ez nuen gogo handiegirik edateko. Marik esnea eta ortuariak karutuak zirela kontatzen nuen. Autobusen prezioak ez zirela altxatuko, zioen berripaperak, eta hori laster altxatuko zirelako seinale segur segura zen. Gasolinarekin ere antzeko zerbait gertatua zen. Hasieran esan zuten gasolinaren prezioak altxatuko zirelako marmar guztiak gezur hutsak zirela. Aste bete geroago, gaitz bazen ere, prezioak berak mantenatuko ziratekeela, eta hurrengo astean, dzast, prezioak, mundu guztiak profetizatu bezalaxerik, igon egin ziren. Berriak klabe ezkutuz ematen ziren, baina jendeak ongi igartzen zituen. Ez ba!

        Kafea egongelan zerbitzatu zeukun. Liburutegi polit bat zuen etxeak. Patxok gehienak UR editotialetik hartuak zituela adierazi zeutan. Harpideduna zen.

        —Jende askok hartzen ditik. Merkeak dituk eta ez pentsa kontsumoko horietakoak direnik. Serioagoak dituk. Ikusak herorrek.

        Eskuztatu nituen. Nonbait antzeko zerbait ikusia nuen uste dut. Denetarik zegoen: politika, erlijioa, poesia, e konomia, historia, nobelak... Interesgarri neritzon. Ukronian bizi ez nintzelako, bestela nerau ere harpidedun eginen nintzatekeen.

        Beste problema bat eskolena zen. Estatuak ez zien baimenik ematen gurasoen ardurapeko eskolak jar zitzaten.

        —Noski, ezetz biribilik ez diaukuate inoiz esaten, baina ba dakik. Bai, legeak ba dik halako puntttxka bat, haurrak gurasoenak direla dioena, eta beraz berauek nahi dituzketen irakastegietara bidaltzeko eskubidea dutelakoa. Baina gero gerokoak! Eskola berri bat onhar dezaten, mila instalazio deportibo eta ez diakiat zenbat metro karratu behar dituk. Hitz batez, inoiz ez duk horrelako bat egiteko beste diru topatzen, eta azkenean... osorik galerazirik baleude bezala. Hori duk abertzale burjes hauen demokrazia.

        Lehen mailan, hots, parbulario deitzen diren horietan, errazago duk dena, eta hauetan ba dituk nahiko. hauzotegian. Hala ere mila paper, mila poliza, bi mila itzulinguru, hezierako ministeriotik... eta gero, baimena lortzen baldin baduk, edozein egunetan datozkik eskola edo ikastola-azterlariak, gure irakesleek —guk maistra eta maisu deitzen ditiagu— euzkera garbija gabe, mordoiloa irakasten dietelako akusazioaz. Edo eta haurrei baltsakerija eta gizartekerija irakasten zaizkiela esanaz. Haurtxoei komunismoa irakatsi; haundiagorik oraino!

        Baina hauzotegion ba ditiagu zazpi edo zortzi eskolatxo, erdi ezkutuak gehienak. Ez duk nahi koinak kopatxu bat? Bai, gizona, bai!

        Hara... tontakeriak dituk, baina da dakik behin zer aipatu zuten eskola bat itxiteko? Zera... hamar eta hamar «hogei» direla irakasten zaizkiela haurrei!

        —Zera! baina, hamar eta hamar hogei ez ote dira ba?!

        —Noski, baina ez euzkera garbijaz. Sabino Aranak berramar zirela esan zuenez gero... ba... hura Abandoko arranoa zuan eta... ba dakik.

        Gero gelatxo batetara gidatu ninduten. Loak laster hartu ninduen.

        Biharamona jaieguna zen. Kafesnea edaten ari ginelarik, atean norbaitek jo zuen. Guk sukaldetik berbaro bat entzun genuen. Mari ezdabaidaka ari zen etorri berri harekin. Gero, oso umore xarraz, guregana etorri zen.

        —Liburu saltzaile bat da. Etxeko jaunarekin hitz egin nahi duela dio. Zera duk, Patxo, «Euzkel Idaztaundi» sortakoa.

        —A, bai? Orain entzunen din horrek entzutekoa! —esan zuen hasarre biziz. Gero, sukaldeko atean gelditurik, niri so egin zeutan eta irribarre batekin, antza, hobeki pentsaturik, honela esan zeutan: —Hi, Xabier, hator enekin. Hemen ikusteko bat diagok eta.

        Saltzaile hura egongelara pasa erazi zuen Patxok. Larruzko zorro haundi bat zekarren, agian liburuz betea. Sofan jezarri ondoren, zorro haundi hartatik magnetofoi ttiki bat atera, eta klik! martxan jarri zuen, guri bere irribarrerik begikoena zuzentzen zeukun artean.

        Magnetofoiak halako zaratots estrainio batzuk egin zituen —magnetofoi guztien antzera— eta ondoren, txistu urrun baten soinu gainean, boz eztitsu bat hasi zen mintzatzen:

        —Ba ote zenekien ingeles legeak euskal lege zahar eta foruetatik kopiatuak direnik? Ba ote zenekien Nafarroako erresuma Europako erreinurik inportanteenetako bat izan zela? Ba ote zenekien euskarak Kaukasoko hizkuntzekin nolako ahaidetasuna duen? Ba ote zenekien euskal arrazaren Rh- oso berezia dela? Ba ote zenekien orain dela ehun urte Bizkaiko azken hartza Mañarian hil zenik? Ba ote zenekien Louis XIV.aren garaian euskal kortsario bat egon zenik? Ba ote zenekien Bilboko portuaren aberastasunak Gaztelako artile merkatalgoatik etorri zirenik? Ba ote zenekien... Ba ote zenekien... Ba ote zenekien... Ba ote zenekien... Ba ote zenekien...?

        Klik! egin zuen berriz ere itzaltzean. Patxok ni begiratzen ninduen irribarrez. Aho zabalik nengoen tonto baten gisa. Saltzaileak, agian ni etxeko jauna nintzelakoan, bat batean galdera egin zeutan:

        —Ba ote zenekitzan guztiok, jauna?

        —Baa... nik i...

        —Horra ba! —egin zuen oihu triunfalki—. Eta zu euskalduna zara? Eta zu abertzale bat zara? Ai Euzkadi maitia! nora joanen zara honelako semeokin?! Ez ote zara lotsatzen zeure ezjakintasunaz? Ez ote zara errudun sentitzen, Euskal kulturari, zeure asaba zaharren jakintzari, euskal arraza noble, gizatiar eta sendo honekiko jakituriari behar den beste ez eskaintzeaz? Ez zara lotsa euskaraz ia ia analfabeto izateaz euskal gauzei dagokienez? Ai Jainkoa, nora goaz!!

        Patxoren seme alabek, pijamaz oraino, ate ondoan zeuden, saltzaile haren deklamatoria ederra entzuten. Hirurak adi adi. Gizonak begi ertzetik ikusi zituen.

        —Horra hor zure seme alabak! Nahi duzu berauk ere zu bezalako ezjakinak izan daitezen? Kultura gabetasunaren zulo beltzean amil daitezen nahi ote duzu? Jakina ezetz! Hona hemen bada erremedioa, hona hemen euskal kulturaren giltza eta urrezko bidea! Suskriba zaitez paregabeko sorta honetara! International Review of Basque Studies! Azkue, Kanpion, Urkixo, Shakespeare, Schuchardt, Etxegarai, Dodgson, Lenin, Uhlenbeck, Napoleon Bonaparte, Lhande, Vinson, Marx, Jaurgain, Mao Tse Tung, Lacombe, Mujica, Darricarrère, Aranzadi, Axular, Nikita Iruxtxev eta beste euskaltzale famatu asko eta asko. Denok hartu dute parte obra ikaragarri honetan! Eta hona hemen «Euzkel Idaztaundi» sortak zuri eskaintzen dautzula holako prezio barragarri batetan. Bai, prezio irrigarri bat ezan dautzut, jauna; zeren, liburuotan, ehun liburu mardulotan dagoen eta datzan kultura preziagaitzerako, zer da dirua? Ia pena ematen daut kultura hain merke saltzeak. Ai jauna!, zein merke saltzen den kultura aspaldion!

        Ia ia nigarrak irteten zitzaizkion.

        —Baina nolabait saldu behar. Bizitza horrelaxe da. Merkatalgoa. bizibeharrak... Inprimatzaileei ere ordaindu behar zaie eta. Ehun liburu eder prezio penagarri batez.

        Zorrotik liburu pare bat atera zuen.

        —Ikusten? Asiako azeri berdeen larruz forratuk: Kanboyako urregorri finezko letrak kantoietan: itsasapo harmatuaren xirlaz egindako inkrustazioak; Niloko deltako papiroez egindako paper berezi honekin. Ikusten, ikusten? Den dena pentsatu dugu zuri kultura ahalik eta ongienik zerbitzatzeko. Inbertsio ona benetan. Liburuok, bestalde, uretan sartu arren ez dira usteltzen.

        —Nik neuk —oharterazi nion— ez ohi dut urpean irakurtzeko ohiturarik.

        —Ez du horrek ardura, jauna. Bihar etzi submarinista-ekipo bat eros dezakezu, eta orduan zer? Itsasoan irakurtzeko gogoa badatorkizu, zer? Zer irakurriko zenuke orduan? Ikusten duzu? Gainera, itsaspeko trankiltasunean inon baino hobeki irakurtzen dela jakin behar zenuke. A, jauna, jauna! Guk den dena dadukagu pentsaturik.

        Gero inbertsioak. Edizio zaharra agortua dago honez gero. Ba dakizu zenbat eskaintzen zuten I. R. B. S. sorta zahar bategatik? Larogei eta hamar mila laurleko, jauna; bai bai, dantzuzuna bera: LAROGEI ETA HAMAR mila laurleko! ! Guk edizioa bera, letra berekin —honela fac similen balioa hobeki gordetzeko— ehun eta hamar mila pezatatxutan saltzen dautzugu, askoz ere hobeki aterea, larruzko azal estereoskopikoekin eta garo usainaz. Hau duzu inbertsio egokia! Hemendik hamar urtetara prezio doble bat ukanen dute. Zure seme alabentzako altxor bat uzten duzu horrekin; kultura tesoro paregabe bat denik ezin uka dezake inork. Erraztasunak oso haundiak dituzu. Bi mila pezeta hilero. Zigarrotan horrenbeste gastatzen duzu ia konturatu gabe. Eta zigarroak oso kaltegarriak dira osasunerako; horixe gainera. Ikusten? Mesede bat egiten dautzu sorta hau erosteak. Apurka apurka tesoro bat pilatzen ariko zara etxean; baietz jauna, baietz...

        Patxo altxatu zen. Eskuak atzekaldean zeramatzan. Hasi zen.

        —Ba ote zenekien etxeko jauna, hori gabe, ni naizela? Ba ote zenekien bizitzeko, hamabi ordutan lan egin beharrez nagoenik? Ba ote zenekien etxe honetan proletariak ginenik? Ba ote zenekien potroetaraino nadukizuenik zuen liburuokin? Ba ote zenekien oso umore xarraz plantatzen naizela saltzaileak guretik agudo ez doazenean? Ba ote zenekien forjaria nintzenik? Ba ote zenekien... Ba ote zenekien...?

        Ez, ez zekien, antza. Baina ezin agudoago ikasi bide zuen. Magnetofoia, liburuak eta ausartzia guztia zorrora sartu, irribarre itxura ukan zuen keinu bat egin eta irteteko aterantz abiatu zen gizona, egun on, digo gau on, digo agur, esanaz.

        —Ikusten duk? —esan zeutan Patxok. Igandean ere ezin egon haiteke trankil heurean. Honekin hirugarrenez etorri dituk hona. Liburuak metroka erosten dituztenentzako liburu «merkeak» dituk horik. Zergatik ez goaz hortik bueltatxo bat egitera?

        Mari, Xabier, Luisa, Anton, Patxo eta ni kanpora irten ginen. Otxarkoagako kaleak alai ikusten ziren. Haurrek usoei otapurrak jaurtikitzen zizkieten. Globo saltzaile bat nabari zen urrunean, elizaren ate ondotxuan. Automobil guti zebilan. Motorrek zalaparta galanta ateratzen zuten beheko autobidetik.

        Taberna baten ondoan hiru «ertzain» uniformedun zeuden, hiritarrez jantziriko beste batekin.

        —Hori ixilpeko bat duk, lagun, —esan zeutan Patxok.

        Tabernariak, beronen andrea lagun, ate gaineko xartela kentzen ziharduen.

        —Zertan ari da? —galdetu nion Patxori.

        —Burkide —oharterazi zeutan Patxok— irakur ezak xartela.

        Obeditu nion: «Herri Taberna», eta zer?

        —Ezer ez. Gaizki eskribaturik dagoela horien ustez, eta euzkerearen garbitasunaren kontra joateagatik multa bat jasoko dik. Xartela ganbia eraziko zieate gainera.

        Bistan zegoen egia zela, «Ertzain» batek bere patruila-kotxetik beste xartel bat atera zuen: Edantoki erikoya.

        —Bai, berberek ohi diakarrate, baina ongi paga erazi ere bai. Horrelakoxeak dituk.

        Artxanda aldatsetako txakolindegi batetarantz abiatu ginen. Horma batetan honelako xartel bat ikus zitekeen, haurrek ertzeak kenduta.

 

OLERKARIJEN TXAPELKETA NAGUSIJA

Bagilla edo Garagarrillaren 7tik 9ra

Mungijan

Azkena Lazkaon egingo da Garagarrilla

edo Uztallaren 5etik 8ra.

 

        —Zera... —esan nuen harriturik— bertsolari xapelketa baten deia duk hori, ez da?

        —Bai, bi mundu dituk hauk, burkide. Gurea eta horiena. Guk euskara batu bat, literatur euskara noble bat nahi dugulako, mordoilozale izena eraman erazten diaukuate. Haik abertzaleak eta garbijak. Gu erdaltzale eta zikin. Gure euskara baldresa duk, haiena euzkera herritar eta aberatsa, aldiz. Frantses Iraultzaz oroitzen haiz? Brumaire, Vendimiaire, Nivose, Germinale, Pluviose... Hemen ere antzekoak jarri ditiate: Epalla, Loralla edo Orrilla edo Lililla, Bagilla edo Garagarrilla, Garagarrilla edo Uztailla, Dagonilla edo Agorrilla edo Agorra... euzkelkien aberastasunak gordetzeko omen dituk guztiok. Eta edo denak, aldiz, batasunaren izenean.

        —Eta lanaren kontuan nola zabiltzate? —galde egin nion.

        —Esak hobeki «ertzain»ek nola garabiltzaten.

        Patxok musturra eta burua okertu zituen atsekabe nabariaz.

        —Dena gurpil zoro bat duk. Alkatea —Esnetxarragoraindio'tar Mikel— eta Aldundi edo Diputazioko lendakari edo presidentea Euzkadipithekus'tar Kepa oso abertzale ezagunak dituk. Euskal arraza huts hutsekoak biak. Noski, horrelako toki publikoetara sartu ahal izateko, hamar deitura edo abizen euskarazko eduki behar dituk. «Ertzain»ek ematen diate horretarako zertifikatua, eta ez pentsa erraz lortzen denik. Hire hamargarren aitonaren jaiotze-agiria topatzen ez bada, beste bederatziak euskaldun huts hutsak ukan arren, ez diate papera ematen.

        Baina horrez gainera, eta hau duk xarrena, beste zertifikatu bat eskatzen diate, hartan hi, hire aita eta hire aitona, gutien gutienez, «zakil»ekoak nola izan diren frogatzen delarik. Eta hau ez ziaiok askori ematen. Gainera, inoiz «ertzain»ek zer edo zergatik harrapatu bahaute, agur, ez diagok zer eginik.

        —Ene denbora kronikoan —esan nion— gizon famatu bat egon zuan, Adolf Hitler zeritzona.

        —Ukronian ere ezagun diagu hori. A! zera... zuan. Agintariak aipatu dauzkiat. Garraiobide publikoak, fabrikak, supermerkatuak, magazinak, berripaperak... den dena beren eskuetan diate. Haiek eta beraien familiak edo sendiak.

        Jakina, ordaintzen daukuten guztia beste leku batetatik kentzen diaukuate. Ez duk astebete pasatzen, alokairua altxatzen daukutenetik, trenen eta autobusen prezioa jasotzen denera. Orain bezala.

        Eta grebak egitea hemen alferrekoa duk. Prentsak kanpaina gogor bat erabiltzen dik beti langileon kontra. Betiko kontua, baltsakeria, gizartekeria eta kanpoko ideiez kutsaturik gaudela. Egiaz diotsat, potroetaraino niagok.

        Eta gero, hortxe dituk «ertzainak». Greba bat hasten den une berean, bertan diaudek. Tiroak ere egoten dituk sarritan. Ba diakiat ez duala berau hain erraxki sinetsiko, hire denbora kroniko delako horretan honelakorik gertatzen ez datekeelako, baina egia duk.

        —Ez, ez, ene denboran zoriontsuak gaituk. Ez diagu horrelako bidegaberik bat ere ezagutzen, burkide.

        —Ni neu, baltsakerizale naizela eta, bost bider eraman niauate bertara. Presondegia gozoa duk, to! galdeketen parean; baheki! Huraxe duk sufrikarioa! Ez haizela euskaldun diotsate, kanpotar ideiekin kutsatua haizela, putaseme bat haizela, Euzkadi ez duala maite, eta ez diakiat nori saldu nahi dioala... eta jo eta ke, kolpe hemen eta kolpe han.

        Haurrak ximeleta baten atzetik ari ziren jolasean. Udazkeneko eguzki horixkak leuntasun xarmagarri bat jartzen zuen alderdi osoan. Gorantz genbiltzan, txakolindegirantz.

        —Ertzainak berak ere arraza onekoak dituk. Hau, agian, ez duk egia. Ba dakik jendeak batzuetan gehiegizko gauzak ere asmatzen dituela, baina hortik marmara diabilak euzkotar abenda edo arraza garbikoen artean hautapen bat egiten ari izan zirela, elkarrekin ezkondu eta hala arraza hobatzeko. Hau aspaldian egin omen zuan ezkutuan, orain hogei eta hamar urte edo. Ia bi metrotako neska eta mutil sendo euzkotar haiengandik etorkizuneko euskal arraza nagusia irtetekoa zuan.

        Ba dakik sasoi hartan hemendik Darwinen teoriak oso modan egon zirela, nahiz eta eboluzionismoari oraingo apaizek darwinkeria dei egin. Supergizon haiek mundu osoa konkistatuko zikeaten. Eta zer atera zen handik? Oraingo fabrikotako langileon kontra ohi datozen «ertzain» erraldoi kaskuts horik. Esan dauadanez, behar bada hau ez zukean egia, baina mundu guztiak darabilan solasa duk bederen.

        Gero bertoko eta kanpoko langileen arteko burruka sorterazi nahi ukan diate, baina alferrik, batasuna inoiz baino sendoagoa baita. Sindikalismoan ere ez diabiltzak gauzak ongi, baina aspaldion arazoa pixka bat hobeki dagoela esan genizakek; ez asko, ordea, Hala ere proletalgoaren kontzientzia haziaz dioak. Neronek esperantza bortitz bat diadukaat.

        Txakolindegira heldu eta bertan jezarri egin ginen. Toki epela zen, hegoaldeari begira. Mahats parren peko zizelu luze batetan geunden. Mahatsen artean liztor batzuk ari ziren burrunbaka. Eguzkia aski jasoa zen eta eguerdia markatzen zuen.

        —Txakolin pitxar haundi bat eta... bat, bi... sei edalontzi, Alfonso.

        —Ondo. Txakolina nola gura duzue, xuria ala beltza?

        —Gorria, beltza gabe.

        —Bai, gorria izan beharko zen, baina aurtengoa... um! denbora, ba dakizu.

        —Ekazu orduan xuria. Hau hobeki dagoke, ez da?

        —Bai, bai, xuria primeran dago.

        —Ea bada!

        Egiaz primeran ez zegoen, baina ez zen hain xarra. Haurrek patata frijitu pakete batzuk ekarri zituzten, amak dirua emanda.

        —Hauk ere —esan zuen Patxok patatak seinalatuaz— alkatearen koinatuarenak dituk. Honetarako ere esklusiba dik eta. Haritxo guzti guztiak ongi lotzea gustatzen ziaiek gure nagusiei. Ez diagok ekonomi sail bat haik hartan sartu gaberik.

        Beste gauza askoz ere mintzatu zen Patxo. Haurrak jolasean ari ziren txakolindegian, bertan zeuden burdinazko igel batzuei ahora xapak botatzen,

        ... pelota jokoarekin. Jendea berotu egiten zuan horrekin; baietz gizona, baietz. Futbolekin ez. Ba dakik, bertokoa ez dela eta... Horretaraxe ere oso arrazistak dituk. Apostuak oso negozio onak izaten zituan. Hara, gainera galtzaileek lan-ordu gehiago sartu behar ziaten galtzeak emendatuko bazituzten. Neronek ikusia hauxe, Atano ala Txikito Mallabikoa, zein zen hobea delako ezdabaida batetan, lau gizon kolpeka hasi zituan elkarren artean, eta haietako bat hospitalera eraman behar ukan ziaten.

        Ez, ez, zezenak galerazirik diaudek. Eta ez duk, noski, oso ikuskizun krudel eta odoltsuak direlako, espainolak direlako baizik. Hortxe dituk idi frogak edo eta ahari topaketak, eta harri jasotzaileak eta estropadak; astakeria galantak, noski, gizon bat birrindu arterainokoak daitezkeenak, baina hor ez duk bat ere gogorkeriarik; hori euskal kirol jator eta osasuntsua dukek.

        Baina lehengo berotasunak gaur ahulduak dituk ia zeharo. Gazteak ez dituk pelotazale. Idi demak zaharrez beterik egoten dituk soilki. Gobernuarentzat gazteria problema bat bihurtu duk. Orain whiskitegiak eta dantzatokietarako bolada heldu duk, sexual askatasuna, noski.

        Barregura ematen diautak putekin zer gertatu zen gogoratzeak. Hasieran hura ere, euzko moral garbijaren izenean, galerazi nahi ukan ziaten, baina gero, sexual errepresioa kentzen ez bada, politikazkoa nekezagoa dela eta, ontzat hartu zuan. Baina hor ere euskalduntasuna. Aski dukek Cortes edo «Bakaldun batzar» kalera joatea bertako andre guztiak «poxpolin» eta dantzari jantziaz ikusteko. Marikoiak, atzelariak eta makarrak, ordea, pilotari-jantzi zuriaz diaudek, xapela berde edo orlegi eta gerrikoa gorri. Ez gogoz, noski, legeak hala agindurik baizik.

        Zorionean ba diagok gazte pila adoretsu bat euzko gobernu zoriontsu eta euzkotar hau ezin jasanik dagoena. Baina hauk klandestinitatean ari dituk. Hormak alkitranaz pintatzen ditiate gauez. Gobernuak eta «ertzain»ek gogorki pertsegitzen ditiate, jarritako ordenaren hausleak direlako. Bakea eta egonkortasuna birrintzera diatozak, haiek diotenez...

        Baina zer kristo gertatzen zaio makina honi? Hau ez duk Ukronia! Queridos espectadores, una avería en los equipos transmisores... Bai, horrelako zerbait esan beharko diat neronek ere, honetarako tradiziorik ez badago ere. Ea nola irteten zaitan: Irakurle maiteok, ukroniara joateko makinan gertatu den uste gabeko istripu batek bidaia interesgarri honen azken partea irakur dezazuen galerazten dauku. Geure borondatez kanpo dagoen akats hau barkatzen jakinen daukuzuelako esperantzan gaude. Mila esker.

        Baina ilunaldi honen ondoan trankil egon naiteke. Irakurleak ez du inoiz jakinen —agian ez— nolako eragin miragarriak sorterazten dituen drogak. Eta horregatik Ukroniarako bidaia honetan ez naiz bat ere mareatu, eta bertako errealitatea oso, osorik eta biziki sentitua iruditu zait, are ene eguneroko errealitatea bera baino egiazkoagoa. Bi gramo, bi gramo aski izaten da. Hiru letra: L. S. D., edozein botikatan saltzen dena. Baina garantiapeko prezintuaz, bestela...

        Noski, drogekin ere nolakotasuna kontuan hartzekoa da. L. S. D. egiazkoa ez bada, edozer irten daiteke. Aspirina batzuk eta koka kola bat ere droga da, baina estudiante dirugabeen drogaxka merke honetatik marka oneko droga on batera... aldea da. Tira, tira, esanen dute nahi duketena, baina... bai!

        Kalera irten naiz. Drogak ez du ondorik uzten, baina airea hartzea komenigarria da. Abertzale zahar bat topatu dut bidean. Estepan, Estepan Izenluzenorgehiagoketa jauna, oso gizon zintzo eta jatorra bera.

        —Bai, zuek gazteok —esan daut.

        —Zer gertatzen zaiku gazteoi ba?

        —Zoratuta zaudete, h-ak eta horrelako gauzak... et et et. Eta burua eragin du jestu urrikalgarri batez. Guk gerra galdu ukan ez bagenu...! Ai! zer litzateke orain...

        —Ukronia —erantzun diot. Ukronia; bai, Estepan, gaur Ukronia litzateke. Eta barrezka, sorbaldan kolpetto bat heman ondoren, barrezka joan natzaio.

        —Zer?? Ukrania, Ukro...??!

        Atzera begiratu dut. Bere bideari jarraiki zaio burua eraginaz. Ni neureari. Ez diot entzun esan duena, baina hauxe izan baietz:

        —Hauk gazteok! Nolako euskara darabilaten; aditu ere ezin egin lekieke ezer. Gure denboretan, aldiz...

 

Bilbon, 1971.eko Irailaren 14ean

 

Behin batean
Xabier Kintana

Kriselu, 1972