Behin batean
Xabier Kintana

Kriselu, 1972

 

 

AMORE MAITE

 

                                Vztaçu hurrancera amore mayte

                                Oray, particeco damu guinate.

                                                       ETXEPARE, 1545

 

        —Ez dakik nor hil den?

        —Mikel Garamendi.

        —Mikel Garamendi? Noiz?

        —Atzo, antza. Ez duk gaurko kazeta irakurri?

        —Ez nik. Ba dakin ez dudala inoiz prentsa irakurtzen. Dioenerako.

        —Ba, honetan dioenez, atzo hil zuan. Arratsalde honetan dituk hiletak.

        —Joan beharko dinat ba. Non dira?

        —Zerean... kaputxinoetan, zazpi t´erdietan.

        —Eta zeretik hil da ba? Gaztea zunan gizona.

        —Ez diakiat horixe ba. Nik berripaperak dioenaz besterik ez diat jakin, eskelaren berri hutsa.

        —Hi ere joanen haiz hiletara?

        —Ahal badut bai. Lantxo bat diat egiteko oraino, Sanchezek filosofian aginduta; aste honetan presentatzeko epea amaitzen duk eta ba dakik, horrekin xantxetan ibiltzerik ez diagok. Dena dela, joateko ahalegina eginen diat behintzat.

        Begiaz keinu bat egin zion, Unibertsitateko tabernaren atetik nor sartua zen adierazteko. Kaka, zuzen zuzenik berengana. Den aspergarriaz. Berriz ere gonbita eginen ziekeen «obra»ren ariketa espiritual haietara joateko. Hobe popatik hartzera balihoa! Nola ez zen konturatzen, baina, ez zitzaiela xanda hura pertsona normalei interesatzen?

        Orijinala benetan, gaur eguraldiaz hasi da mintzatzen, —Bai, oso ederra! Noiz botako du? Kristo! orain Etxaideren linguistika klaseaz! Holakoa esan du, e? Kontxo, kontxo, nork esan! Ostra, noiz demontres...? Pelikulak, pelikulak orain. Carlos III.ean ematen dute, e? Eta orduan polita da, ez da? Bai, ahal badugu... Et et et, leihotik begiratzen hasi da. Honetan bai, bonetan bai, ... Ba al dakizue datorren astean ariketa espir... Zu, barkatu baina zer ordu da? Hamabiak? Hamabiak diozu? Ene! bai berandu egin zaitala, billabesa galdu behar dut oraintxe berton ez banoa. Barkatu Iñigo! Hi ere ba hator, Gotzone? Gutienez, motel!! ez ninduan bertan tipo harekin tabernan utziko, nik uste. Gaur hiri tokatzen zaik xartelak ordaintzea. Ai, barkatu! Eskerrik asko. A ver si pasais palante que vamos más apretaos que los güevos de... Medikuntzakoak orain. Gure gainean jartzen ez badira behintzat ez diakusanat non kristo sar daitezkeen. Bai horixe! autobus gehiego ipini beharko lukete eta hobeak! Zoazte aurrera, zoazte aurrera! ardiak bagina bezala...

        —Puf. Ezer hartu nahi dun?

        —Txikito bat pagatzeko beste baduk...

        —Bai eta xistor batzuk ere.

        Anton Armendaritz, beranduegi heltzeko beldurrez, gerta ohi den bezala, ordu laurden bat lehenago ailegatu zen elizara. Jende asko zegoen atean barnera sartzeko presarik agertu gabe. Ate ondoan pertsona batzuk lutuz jantzita zeuden. Hilaren ahaideak, antza. Ez zuen bat ere ezagutu. Beno, horrelako jende zaharren artean ohitura izaten da adiskideen hiletara lutuz jantzirik joatea. Agian ez dira ahaideak. Edo bai, litekeena da. Zergatik ez,

        Haur demoninoak! Bola horik asmatu zituena ere! Nolako zaratotsa egiten duten baina. Hori bai, anaia da. Zenbaitzuk atsekabea ematen ari zitzaizkion. Gizontxo batek funerariakoek jartzen ohi dituzten mahain beltzen gaineko paperetan bere izena ipintzen ziharduen, eta beti gertatzen ohi den bezala, bai eta ezin etor zitekeen baina defuntuaren familiarekin harreman haundia zedukan besteren batena ere. Kunplitzeko, noski. Hiri haundietan hiletak aspaldiko lagunak berriz ikusteko parada ematen duten sozial zeremonia batzuk dira, eta beraz, ez da bat ere harritzekoa batzuek hilagatiko pena agertzen duten artean, beste batzuk biziengatiko poza besarkadaz erakusten egotea.

        Antonek ere Unibertsitateko ohizko lagunekin batera, kolejioan ibiltzen zeneko adiskide zaharrak ikusi zituen, bai eta adin guztietako ezagunak ere.

        —Bihotzetik hil da —zioen lagun taldetxo batetan zegoen gizon ezezagun batek. Atzo hilda topatu zuen. Atake bat, dirudienez. Ez gara ezer,... oraino berrogei eta lau urte ez zedukan gizon bat... horra.

        —Baina entzun dudanez ez da berau sufritu duen lehen atakea. Lehendik ere bihotzetik ibilia zen, antza. Kaputxinoen eliza aurreko ezpaloia jendez betetzen hasia zen eta ibiltariei enbarazu ez egiteagatik jendea barnera zihoan. Jendetze pila polita zegoen. Batzuen artean euskaraz mintzatzen entzuten zen, eta ez zekitenen artean ere abertzale tonu nabaria zuten agur batzuk entzuten ziren.

        Mikel Garamendi mediku famatu bat zen Iruinean, medikuntzan baino gehiago —horregatik sendagile xar bat zela esan gabe— bere euskaltzaletasunagatik. Hala ere, ez ziren bertan zeuden guztiak haren euskaltzaletasunaz etorriak. Ba ziren halaber pertsona gaztelau arruntak, mediku hilarengandik, sozial segurantzaren arazoan, medizinak garestiak direla eta ez direla, harturiko mesede eta atentzioak ahazten ez zituztenak.

        Azkenez, ba ziren, hobe ez, aipatzea luze eta gorrotagarri litzatekeen beste arrazoi askorengatik etorritako etsaiak eta bizi zenean inoiz estimatu ez zutenak.

        Eliza bete egin zen. Meza euskaraz eman arren sermoiaren bigarren partea eta beste zenbait zati erdaraz egin ziren. Pertsona batzuek orduraino ez zuten jakin defuntua euskaltzalea izana zenik.

        Apaizak ez zuen okasioa galdu euskaldun —eta bereziro nafar— herriaren zintzotasun eredugarria, zeinaren parte hila bera baitzen, goraipatzeko, eta bizi zenean —denok ditugu geure faltak eta— «agian» oker batzuk egin bazituen ere, halako bizitze zintzo eta sakrifikatu bat eraman zuen gizonari azken mementoan ez ziola barkarnena eta grazia Jaunak ukatuko.

        Kantuak ere gora gora gora altxatzen ziren, zilarrezko koru batek jaurtikirik. Elizaren erditan, estalirik, gorpua zetzan bere zerraldoan.

        Antonek, Gotzoneren ondoan jarririk, gogoratu egiten zen defuntuaren bizitzaz, batez ere, Iruinera, Unibertsitateko euskal eta katalan gazteak erakarririk, Raimon etorri zen arratsalde hartaz.

        Zortzirak inguru ziren eta, afaria bukaturik, gazteak hizketan ari ziren kantariarekin Mike1 Garamendi jauna handik agertu zenean. Isilik egon zen, entzuten, Antonen ondoan jezarrita, «Gazte hau Europar mailan diagok» aipatu zuen Raimonez. Esan zuenez ezin joan izan zitekeen kantaldia entzutera, azken orduan uste gabeko gaixo batzuk presentatu zitzaizkiolako, baina hala ere ez ziren Raimon pertsonalki ezagutzeko era hura joaten utzi nahi. Handik batekin eta bestearekin hizketan ibili zen medikua. Sukalderaino ere sartu zen, eta gero, begiekin keinu bat egin ondoren, azken agurra egin zeukun.

        —Ez, ez, ez duzue ezer ordaindu behar —esan zuen jatetxeko jabeak. Zerak, zuen laguna den jaun horrek... kontxo! non sartu da orain? Beno, berdin da. Hark pagatu du guztia eta ez dago ezer kitatzekorik. Orduan jakin genuen zertarako etorria zen egiaz. «Nik ondoegi dakit —esan zeukun hargatik bisitatzera joan gintzaizkionean— honelako kantari bat ekartzeak diru asko kostatu zaitzuela. Lagundu gura ukan dautzuet, horixe da dena. Ala neure diruaz ezin egin dezaket nahi dudana? Tira, hau oso ebanjelikoa bada ere, zuek ere parada egokiago bat ukanen duzue diru hori enplegatzeko». Eskerrak ematerakoan haserretu egin zitzaikun. «Duenari eta ahal duenari ez zaio eskerrik zor» erantzun zuen erdi bromaz.

        —Eta honelako beste asko. Haren bizitzaz ez dinagu, egia esateko, gauza nabaririk jakin, baina gizon ona zunan, Gotzone. Ba diakinat mezatara etorri zaion jendetzak ez duela berez ezer esan nahi. Gaur edozeinen hiletara —eta aberatsa bada gehiago— asko joaten dira, baina...

        Bitartean, Zaragozarako kamino ondoko hauzotegian, estudianteen apartamenduzko etxe batean, norbaitek edan egiten zuen.

        ... Nolako egun ederrak iragan ditudan hirekin, Bertha. Marseillen izan zunan, gogoratzen dun? Lau urte, baina harez gero beste gizon bat naun. Hiri esker. Nork esanen zeutan medikuntzazko uda-batzar batek hi ezaguteraziko hinderautanik? Bertako hondartzetan lehen, Rivieran gero. Gazte denboretatik nigan egundaino sentitua ez nuen sentimendu berria berriz sorterazi heutan. Bertha, Bertha! zenbat maite haudan!

        Egia esan, neure andrearen kausaz sufritu egiten dinat. Ez, ez daunat esan nahi damuturik nagoela; hori inoiz ere ez. Baina haren eta bien artean honez gero, eta hori hi ezagutu aurretik ere, maitasunik ez badago ere, hark itxura kontserbatu nahi liken, haren andre izena publikoki irain ez dadin behintzat. Hik ba dakin Espainian ez dagoela oraingoz dibortziorik, bestela gauzak errazagoak lituzken. Beraz bizitza bikoitz bat eraman beharra dinat: ofizialki, harekin bat ere harremanik ukan ez arren, neure andrearekin, eta bihotzez eta espirituz, beti hirekin, amore maite.

        Albora utzi zuen eskutitz hura eta nigarra begietan beste whisky dzangada bat edan zuen.

        Errezibitu ditinat hire berriak eta ez dakin ongi nolako poza eman dautanan Iruinera Filosofia ikastera hatorrela esatean. Orain elkarrekin luzaroago egon ahal izanen gaitun.

        Ez ahatz heure medikuntza titulua ekartzeaz, diostananez, berton hospitalean edo klinikaren batetan lan egin nahi badun, beharrezkoa izanen baitzain. Hona hatorrenerako apartamendu bat alojeatu dinat. Atsegin ukanen dunala uste dinat zin zinez. Hasieran diru problemarik bahu, ez ardurarik ukan, nerau behar den guztian laguntzeko prest bainago.

        Letrak gabe haren ezpainak zekuskian, hitzok esaten zituela. Ontsa ez zekien irakurtzen ala xingola magnetofoniko bat entzuten ari zen. Oroipenak ziren, bizitasunezko zati iraganak, boladaz, oraingo esaldien erakartasunaz, gogora zetozkionak.

        Gure harremana jakinen den egunean, zeren egunen batetan berau ere jakinen baitateke, batez ere Iruine gisako hiri probintziar batetan, ene amorantea haizela esanen dikenate, edo hemendik esaten den bezala, hirekin arrimatuta nagoela. Baina niri ez diautan ardura horrek. Andreak jakitea, familiak jakitea, mundo guztiak jakitea ere orobat ziaidan. Hire ondoan nagoenean sentitzen dudan poza eta betetasuna susma ahal balezate, agian isilik lieudeken gaixo guztiok. Baina, hik eman dautanan berri onaren ondoren, neronek beste xar bat eman behar daunat.

        Ene seme Karlos, nagusia, poliziak eraman din, antza denez Unibertsitateko politiko arazo batzuetan parte harturik zegoelako. Abokatuarekin mintzatu naun eta ordena publikotik juzkatuko dutelako esperantzatan diagon. Agian, hala izan bedi, hilabete bat edo bi besterik ez zionate jarriko.

        Ba dakin nola alderdi honetan ere neure andrearekin burrukan ibiltzen naizen. Gure semearena dela kausa berriro ere haserratu gaitun. Honetan eskandalu izugarria egin din, hots, semeari neure ideia politiko galgarri eta arriskugarriak kutsatu dizkiodala eta abar. Niri esker etxeko bakea eta familiaren batasuna —gure etxean bakerik eta batasunik aspaldion sekula egon balitz bezala— hautsi egin dela eta abar eta abar. Ene andreak neurosis-aren sintoma nabariak ditin, baina ez nihoakion berriz hori aipatzera, zeren behin egin nionerako, zorigaiztoz nola erantzun zeutan ondoegi baitakit. Gainera, zoratzeko gogoa badu, zora bedi bakean.

        Aukera diken berak ere beste lagun bat zoratzeko. Ondoegi diakin ni ez nintzatekeela inola ere haserretuko horregatik. Adarren mamua maitasuna edo eta «ohore» sentituegi bat dagoen artean egoten dun, ez bestela. Maitasunik ez diagon bat ere bion artean eta bestetik nigan ez dun gaztelau zapar eta leialen ohore klasiko hura inoiz bizi. Ene andreak ba diakin, ongiegi jakin ere, alferrekoa dela gure artean ezer berriz loratzerik. Hala ere zintzotasuna gordetzen diautan, ez maitasunaz, noski, neure zintzotasunik eza arpegira botatzeko baizik. Bera ona den artean, ni gaiztoa naizela esan ahal dezan.

        Dakusananez hau ifernu bat dun enetzat eta hire esperantzatan ez bestela bizi naizela sinets dezaken. Laster arte ene amore, ba dakin...

        Eta hitz haik eskutitz zahar batzuetatik irakurri gabe, entzun egiten zituela uste zuen, edo bestela, egun haietan hainbeste bider irakurri ondoren, buruz esaten zituela, nigarrekin letrak ezin ikus zitzakeelako. Malkoek laprast egiten zuten begi haunditu haietatik eta tropelaka erortzen. Aurpegia ile urreztatuez behin eta berriro xukatzen zuen, azalean berariaz min atsekabe eta erregarri bat egin arte. Eta hondo gabeko iturri biziak berriz ere betetzen zitzaizkion nigarrez. Whisky botilari tapoia berriro atera zion. Pop! egin zuen, eta berehalaxe edaria edalontzi luzera isuri. Arratsalde hartan zenbatgarrena zen, ordea? Batek jakin.

        Eta bitartean, Marseilleko Mikel Garagorri jauna, kaleko Mikel, Rivierako Mikeltxo eta geroagoko, oraintsu arteko Mikeltxo maite, hozten ari zen bizitzarako. Heriotzaren besoetan bizien mundutik desagertzen ari zen, bihotzak horrela nahi ez arren. Mikel hila, Mikel hila; buruak honela ziotson, gogoak ideia ikaragarri hori aldendu nahi ukan arren.

        Zenbat ordu goxo, zenbat egun zoragarri, nolako bizitze bete eta zoriontsua haren ondoan. Iruine inguruko herrixketatiko ibilaldiak automobilez. Pirinioetarainoko xangoak, Etxalarko usoak saltsan, Frantziarako «medikuntza-batzarretarako» bidaiak, Italiako itsasoa, Erromako kale garbiak eta bertako izoztuak —nolako izoztu gozoak ematen zizkieten Erroman baina!—, Mikeltxo neurea, amore maite, non haut? Zertarako eskenarioa berriro piztu protagonistetarik bat hila bazen?! Agian... beste dzangada bat whisky... komediaren —komedia ote?— azken partea bukatu beharra zegoen soilki.

        Baina.., baina... hark ez zuen zentzurik, whiskia, hura hilda zegoen, guztiz hilda, hilik, betiko... bai. Baina zergatik, zergatik ordurarte ez zuten biek hobeki, naturalagoki bizi? Noski, egunen batetan, hain arin ez baina, hil eginen ziratekeela ere pentsatu beharko zuketen; hartaz, zergatik orduan ez zuten denbora, egun bakoitza, ordu, une bakoitza hobeki dastatu? Zergatik beti ezkutuan? Zergatik andrearen eta lagunen begietatik gordeta? ...ez zuen komedia, ala trajedia, hark zentzurik; eta xarrena zera zatekeen, erremediorik ez zuela. Alemanian dibortziatuko zen eta normalki biziko. Aaa! ze ederki sartzen den whiskia. Baina, zertarako edan? ...??

        —Kanpora kanpora dena! —Berthak ukabilaz botila jo zuen eta berau mahain gainera erori ondoren, bueltaka ertzera abiatu zen behera.

        —Bat, biga, hiru, lau, bost... ttipi hori sei... zazpi... zazpi zatitan. Ijitukoak horrela ezkontzen omen ditun; lurrezko pitxar bat lurrera bota eta zenbat zatitan hautsi, hainbat urtetarako ezkondurik gelditzen ditun. Horien ondoren, biek nahi baldin badute, beste pitxar bat, edo bestela bakoitzak beste lagun bat topa zezaken. Hautsi da botila eta edaria, guti egiatan, isurita dago baldosen gainetik. Odola zirudin, gorputz batetatiko odola... odola, bai, gorputz hautsi batena.

        Neska makurtu egin zen nekez eta botila zati bat hartu zuen... Scotch whisky... 1888. urtean... irakurri zuen.

        Egun bi geroago, lehen klasearen ondoren, Anton Armendaritz Gotzonegana joan zen eskuan berripapera zeramalarik.

        —Irakurri dun gaurko kazeta?

        —Ez; zer dakar hik erosteko?

        —Irakur ezan ongi hau.

        —...eta lehengo egunean, Urriaren 13.ean, informatu genuen bezala, hiri honetako mediku ezaguna zen

        Mikel Garamendi jauna bihotz atake batez hil zen etxe berean, Zaragozarako kaminoa, 71n, bere apartamenduan aleman sujeta den Bertha Müller andrea, hilik arkitua izan da zirkunstantzia estrainio batzuetan. Poliziaren kriminal brigadak oraintsu eman duen informearen arauez, antza, 28 urtetako emakume gazte honek, Hospitalean ginekologi sailean lan egiten zuenak, edari alkoholdun bat neurri demasetan hartu ondoren, botila hautsiaren kristal batez baliaturik, bere lepoan ebakidura sakon batzuk egin zituen jugular zainak moztuz. Gorpua garbitasuna egiten zuen andreak topatu du eta...

        —Don Kosme, irakurri duzu?

        —Bai, Anselmo bai. Lotsagarria duzu holako berri bat Don Mikel Garamendi defuntuaren ondoan ipintzea. Ba zirudizu, bai, etsaiak ez dituela falta gaixoak hilda gero ere. Tira, berak hil zuela esan ez dutenean ere.

        —Baina egia ote da zuenik amor... zera... andre horrekin zebilanik?

        —Guztiok gaituzu gizonak eta...

        —Ez, ez, ez ziozut nik ezer, baina miretsi egiten dizut Don Mikel moduko gizon zintzo bat horrela bizitzerik. Beste bat izan balitz..., baina nor eta Mikel Garamendi jauna.

        —Begira, begira Anselmo, egia esateko, batek baino gehiagok ba geniekizun zer horrekin zebilala. Azken aldion andreak berak ere ba ziekizun. Guztiok gaituzu humanoak, ba dakizu... baina dena dela, Mikel moduko gizon zintzo baten kasuan, eta are gehiago hilda gero, alemansarena moduko istorio horik... zertu, ezkutatu beharko lituzkezu, ez baita inondikan ete dotore honelako...

        —Horixe, horixe; gorde, gutienez. Hauxe bai eskandalua. Eta nolako mina alargun gaixoari. Ongi diozu, ez diagozu eskubiderik.

        —Dena dela, mirestekoa duzu noraino heldu zen neska aleman hori. Hargatik hiltzea ere... Ez pentsa holakorik edozeinek egiten duenik. Eta garaiotan are gutiago!

        —Ba! zera, dirurik utziko ez ziolako edo, izan zitekezun, ez deritzozu? Horrelako andreek dirua besterik ez dizute nahi.

        —Gerta diaitekezu horixe ere, bai...

        Unibertsitatetik irtetean.

        —Bai, bai egia duk. Kontxo, atzo esan zieutaan.

        —Eta dena Karlosen andregaia delako?

        —Ez zioate horregatik esan. Arrazoirik ez. «Zeure bizimodu pertsonalean pixka bat arakatzen baduzu, asko pentsatu gabe, noski, zerorrek topatuko dukezu zergatia.» Horrelaxe esan ziok dekanoak.

        —Eta nola demontres jakin dute Alizia Karlosen andregaia denik? Espia talde bat dute ala? Hau akabukoa dun! Ba zirudin guztiok fitxaturik gaduzkatela Unibertsitate honetan. Non bizi garen, norekin gabiltzan... baina zer kristo da hau?

        —Dena dela, uka ezinezkoa duk dekanoak eta Unibertsitateak nahi dituzten ikasleak hartu eta nahi ez dituztenak egotzi egiteko eskubide osoa dutenik. Unibertsitatea berena dutenez gero...

        —Bai, eta ongi berena. Non matrikulatuko da Alizia datorren kursurako orain?

        —Ez diakik oraindik. Zaragozan edo Bilbon.

        —Ederra egin zionate. Bera bertokoa izanaz.

        —Bilbon osaba bat dik, horregatik.

        —Bai, baina.

        —Hor diatork billabesa. Hik pagatu behar duk gaur.

        —Gaur ere bai?

        Hilabete batzuk geroago. Asko geroago.

        —Hi izan hintzen, Bertha, ezagutu ez hindudan arren, ene aitaren azken urteak eztitu hituenak. Horregatik, har ezan, modo postumo batez hire... maitearen semeak eskaintzen dauzkinan lore hauk. Agian zerurik ba diagon eta adi dezaken berau.

        Eta espantabera faltsu eta hipokrita guztiak eskandaliza bitez nitaz.

        Iruineko hilerrian, Arga hibaiaren ondoan dagoenean, Karlos Garamendik, gartzelatik irten berriak, horixe esan zuenean, Gotzonek eta Antonek elkarri begiraturik, aditu egin zuten, hura, Euskal Herri zintzo eta jator honetan eguneroko ogia ez bada ere.

 

Bilbon, 1971ko udan

 

Behin batean
Xabier Kintana

Kriselu, 1972