Behin batean
TRESNAK
Herriko plazan agertu zenean guztiek miretsi zuten. Distiratsu, berri berririk, zenbait etiketa oraindik kendu gabe, halakoxea zen Milkoren traktorea.
—Makina bat diru kostatu bide ziaiok —esaten zuen sakristauak.
—Baina Milkok ongi aterako ziok irabazia horri —zioen herriko alkateak. Mutil fina duk hori. Ikusak zenbat urtetan ibili den dirua aurreratzen eta bere bizioetatik sakrifikatzen, azkenean traktorerik hoberena eros ahal ukateko. Eta nik neuk behintzat arrazoia ematen zioat. Erostekotan, sakrifizio pixka bat gehiagorekin bada ere, onena erosi, bai horixe!
—Onegia duk traste hori honelako herri batetarako —zioen sakristauak.
—Onegia ez duk inoiz ezer —erantzuten zion alkateak. Hara, Milko oso aditua duk traktoretan. Soldadutzan mekanikari izan zuan eta armadako traktore marka guztiekin iharduki zian. Hemengo lurrari ongien komeni zaiona zein den ba diakik, bai horixe. Den denak frogatu ditik eta! Berak ba diakik zergatik hautatu duen hori. Ikusiko.
Biharamon goizean, eguzkia oraino irtenik ez zegoenean, Milko sorora joan zen. Traktorearekin batera eman zioten argitasun-liburuxka ongi irakurria zuen aurreko gauean. —Noski, esplikazio gehiegi dakartza —esana zion andreari— baina gero, praktikan hasiz gero, norberak buruz ikasi gabe erabilerak berak argitzen dautzu dena. Ikusiko duzu.
Eta arrazoia zuen. Goizean apurka apurka soroa goldatzen hasi zen. Palankatxoekin arduraz ibili beharra zegoen. Martxak ere kontuan hartzekoak ziren eta atzeko hidraulikoa ez zuen gogotik kendu behar buelta bakoitzean, goldeak ongi irauliko bazituen. Maniobrak ere astiro egin behar.
Teoria ondo ezagutzen zuen, baina urteak ziren praktika bizi bat erabili zuenetik. Gainera halako traktore ederraren abantailak ordurarte ez zituen eskuan eduki. Ibiltzeko sistima pixka bat ezberdina zen zenbait puntutan. Baina ba zihoan ikasiaz.
Goizeko hamar eta erdietarako, Milko Writer-ek ba zekusan bere obra. Lehen hildoak, egia zen, pixka bat okertuak zeuden —praktikarik ez oraino eta!— baina hurrengoak hobetotxoago zeuden, eta azkenak, gainera, idiekin egindakoak baino artezagoak. Nahikoa ikasi zuen goiz hartan. Bi edo lau egunen buruan maisu bat zatekeen traktor lanetan.
Andreak semetxoa bidali zion gosariarekin, eta eguzkiak oraino oso gogor jotzen ez bazuen ere, Milko soro hegalean zegoen makal luze baten ondotxoan jezarri zen gosaltzera, Tortilla jan ondoren —ohiturazko ardo zurrutada gozoekin— gazta pixka bat zuritzen hasi zen.
—Egun on, Milko! —agurtu zuten hirurek batera. Milko, ikaraz ia, atzera bihurtu zen. Jainko bedeinkatua! zer zen hura! Apaiza, medikua eta notaria. Eta hirurak elkarrekin.
—Egun on, egun on... hala ekarri —erantzun zien harriturik. Zer nahi duzue jaunok?
—Deus ez. Hire traktore berria ikustearren etorri gaituk. Herrian horrelakorik ez diagok eta...
—Ez, marka honetakorik ez dago bat ere. Ttikiagoak bai, baina.
—Eta honelako traktore haundi hau honako, erresultatu onik ateratzeko modukoa izanen dela uste duk? Gangartxoa ez ote da izanen?
—Ez dut uste. Kontuz erabiliz gero...
—Horra hor! —esan zuen apaizak. Kontuz! heuk esan duk. Beronekin kontuz ibili beharra diagok. Idiak bezain segur eta mantsoa ez duk, segur aski, berau.
—Idien parekorik ez diagok lur hauetarako, ez —esan zuen notariak. Idiak beti diaudek ibiltzeko prest, ez diate gasolinarik ez oliorik gastatzen, eta gainera, jaten duten guztia, behin zahartuz gero, okelatan ere ematen diate polliki. Tramankuluok, ordea, xatarrerako ez beste ez dituk gauza,
—Eta duten prezioa, gainera! Makina bat diru pagatu beharko huen haugatik, ez da?
—Ez hainbeste —Milkok guztiei adi. Gainera erraztasunak ematen dituzte ordaintzeko. Garantia ona ere ba du; bi urte.
—To, to, to, bi urte guti duk. Eta gainera kaletarren hitzei ez diek kasurik eginen, ez da?
—Neronek, ba...
Medikuak, ordurarte isilik egonik, hitza hartu zuen:
Ikusak Milko, idiak, gurdia, karramarroa, narra, lera... tresna guztiok bertakoak dituk, izen polako bana dutenak. «Traktorea» ordea, hori kanpoko hitz bat duk, kanpotik ekarritako tresna batena. Nola etorriko zaie poloniarrei ongi kanpotik etorririko erdalkeriarik?
—Baina gauza onak, edonongoak badira ere, onak badira, zergatik ez ditugu onhartu behar? Gainera, traktore hau, Alemaniatik badator ere, ba dakizue lurralde horik Poloniakoak direla.
—Hori ez duk hiri heure gurasoek irakatsi dauatena, ez horixe. Lege zaharrak hausten ari haiz, Milko. Poloniar sustraiko ez diren gauzak kanpora egotzi behar ditiagu.
Ezagun zen Herri hartako medikua zein kastatakoa zen. Noski, Polonia zoriontsu hartan anitz medikuk medikuntzako lizentziaturaz batera linguistikan eta lur langintzan ere titulu polit bana jasoa zuten —filosofian edo soziologian ez zenean!— eta antza, Galeno eta Hipokratesen irakaspenei beste modu batetara eritzirik, aspaldion sendatzen ari beharrean, beren beste mila lizentziaturei dagozkien arazoetan murgilduta dabiltza, halako punturaino, non zenbaitek nonbait ez zuela norbait osatu nahi publikoki deklaratu baitzuen. Agian ez zekien nola. Horrexegatik, noski.
—Nik neuk lehen bait lehen erosi huen etxeari bihurtuko niokek. Istripuak ere noiznahi gertatzen dituk tramankulu horiekin.
—Ez ahatz emaztea eta bi haur dituanik, bestalde.
—Eta heure osasuna bera.
—Horixe. Bekatua duk Jainkoaren begi aurrean norbere bizitza arriskutan jartzea. Hik ongi dakik hori, Mílko —apaizak aurpegi urrikaltsuaz.
—Noiz pagatuko du makina honek bere burua, baina? —galdetu zion Andrei Mijailovitx notariak. Motorea konplikatuxe dik. Nik neuk ez diat uste oso egokia zaianik. Edozein egunetan hire gainera eror diaitekek. Andrea lutuz. Idiak ez badira, beste traktore xinpleago bat bederen...
...eta ... eta ... eta. ..eta...
—Amen!!! —esan zuen Milkok bururaino eginda.
—Nola amen?
—Bai, amen. Ez da amen esaten meza amaitzerakoan? Latinezkoetan bederen?
—Ba... bai. Zertara dator meza kontu hori baina?
—Hemen ere meza bukatu dela jaunak! Nik lan egin behar dut; entzuten? Ni naiz, eta ez zuek traktoreaz ibili behar dudana. Ni naiz, Milko Writer naizen hau, marka hau beste guztien artean hobetsi dudana. Nik dakit neure eguneroko lanean zer den gehienik komeni zaitana. Nekazaria da nor, eta ez beste, lurreko gauzetan.
—Zer esan nahi duk zehazki horrekin? —galde egin zuen medikuak.
—Zer esan nahi dudan? ZOAZTELA HEMENDIK! Argiro eta «zehazki» oraingoan?
—Hau duk hau! Goazen hemendik lagunok! Honelako astorik! Heziera eta gizabidea ez dakiten horiekin...
Milkok arnasa egin zuen. «Amen» pentsatu eta traktore gainera igon zen berriro.
Herriko apaiza, guztiz atsekabeturik, bere koinatu buztarginagana joan zen.
—Ez diakiat, Jozef —esan zion— baina Milko horrek bere traktore horrekin lan on bat egiten baldin badu ez diat uste guk buztarri asko salduko dugunik. Zerbait egin beharko diagu. Herriko kroniketan bederen zertxobait idatziko diat, asmakeria berrioi kontra egiteko. Izan ere, idien parekorik ez diagok inon!
Medikua eta notaria elkarrekin joan ziren Herriko plazaraino. Medikua kafetxera sartu zen. Mijailovitx jauna, notaria, ez zen O cementeiro dos vivos hartara, bertan betiko agure zaharrak kartetan eta mundu konponketan —kafesne eta kopa artean— ari zirela ondoegi jakinik. Etxeko atea irekitzean, eskuaz poltsikoan giltza bilatzen zuen artean, burua eragin zuen. Milkorengan zuen gogoa, gazteengan.
Eta ezer esan gabe, geroak geroa argitzen dukeela pentsaturik, etxera sartu zen.
Bilbon, 1971-eko udazkenean
Behin batean |