Behin batean
GIZA ALDAKETA
Gela ilunska hartan zeutzan biak, Krisna eta beronen emaztea, Taia. Aitzinean, aldaretxo ttiki batetan, bakezko arnasa dariolarik Gautama printzearen irudi bat dago,
Gautama haundiki izan zen, baina bere sujeten min eta atsekabez urrikiturik, bere on eta erosotasunei uko egin zien, eta basora joanik, han, bakartatean, munduko plazerak ukatzen ikasi zuen, plazeretatik desplazerak datozela ongi ikusirik. Umilki bizitzen ikasi zuen, harrokeriatik gorrotoa eta herrak sortzen baitira. Munduaren mila itxurapenez eta itsukeriez tentaturik bizi izan zen, baina Gautama, egun luzez gogortzen ari izan zen mantsoki, bihotz xamurrak ematen duen burdinazko ezkutuaz gordeta. Bere buruaz baliatzen ikasi zuen eta espiritutasun soilean iraun zuen, hil ezinik.
Ez zen ezeren ez inoren beldur eta haren saindutasuna ikustean, mila lagun asko etortzen zitzaizkion beragandik ikastearren. Bere ikasle ugariek «argitua» esaten zioten, Buddha, haien hizkuntzaz. Eta Buddhak gozoro irakasten zien mundu honetako nekeen, grina gaiztoen eta itsukeria guztien azpitik irteteko modua. Horregatik, Mendebaldean Kristoren irakaspenak zabaltzen hasi baino askoz lehenagotik, ekialde osotik hedatuak ziren Buddharen irakatsi saindu haik haren jarraitzaile ugarien bidez.
India oso erlijio eta espiritubide jatorra da aspaldidanik, eta berton budismoa, luzaro pertsegitua izan arren, oraino bizirik dago askorengan. Bertan, gainera, adimendua eta espiritual indarrak eragiteko ariketak asmatu ziren orain 5000 urte inguru direla. Geroago, dakigunetik, Jesu Kristo jaio baino bi edo hirurehun urte lehenago, Patanjali, Joga deritzon psike ginmasiaren eratzailea bizi izan zen.
Krisna eta Taia jogiak dira, jogalariak. Egunero bi bider, Buddharen irudi baketsu eta espiritualaren aurrean, zenbait iharduketa egiten dute. Liburu deboziozkoetatik ere irakurri egiten dute egunean egunean. ...eta mina, oinazea, tristura, gure gorputz denborazko eta sasoizko aldakor honen gora beherak besterik ez dira. Espiritua denen gainetik dago, eta meditazioz, gogo iharduketa bortitzez ekinez gero, zure espiritua ez da gorputz horren menpeko izanen, libre baizik. Ez duke minik sentituko, ez eta tristurarik ere, eta Nirvanak hurrupatu eginen du, halako egoera zoriontsu eta amesgarri batetara eramanaz.
Heriotzeko orduan espiritua inoren gorputzagana daiteke, eta hantxe iraun lehengo nortasunaz. Espirituak heriotza garaituko du eta hilezina izanen da horrela. Baina horretarako, egizu ahalegin eta ekitaldi asko. Pentsa ezazu ezereztasun soilean, bakartate huts guztien gaineko bakartatean eta egon bertan mantsoki, ase zaitez arnasaz, aireko Praná, Izadiaren hats osasungarria bularreratuaz.
—Eta heriotzarik ez datorke, Taia—, ziotson Krisnak bere andre politari,
—Ez, nik ere ez dut heriotzarik sinesten, ene senar maite. Betierekoak izanen gara sekulaz.
—Bai, betikotasuna biziki sentitzen dut Nirvanarako bidean.
—Neuk ere bai. Izadiaren atal mugagabe naizelakoan nago orduan, eta ezerk ez nau kezkatzen. Hor, halako mundu lanbrotsu eta materia gabeko horretan ez dut ezer sentitzen, neure izatasuna ezik.
Taiaren begiak, begi ilun ilunak, Buddhaganatu egiten ziren hitzok kontsideratzean, debot debotki. Etxeko andre prestua zen Taia, emazte maitatzaile eta ona. Bere senarraz zoraturik zegoen eta ohi ez bezalako emankortasunaz eskaintzen zion bere buru gozoa.
Krisna ere gizon gazte eta ona zen. Taiari beronek berari beste gura zion. Gauero, amoroski laztantzen zuen, ekialdeko mila maitasun saio eta xera bereziak egiten zizkiolarik.
Biak ziren jogi aurreratuak —agian Krisna aurreratuagoxe— eta elkarrekiko sakontasuna ezin haundiagoa zuten. Taia, baina, osasun gutikoa zen, eta kausa honegatik seme alabarik ez ukatea erabaki zuten, diruz nahiko ondo egon arren. Horretarako, baina, ez zuten askoz ere urte geroago Europan asmatuko ziren pildorarik behar. Jogak ba du horretaz ariketa gaitz bat, saiatuenek ez bestek lortzen ez dutena. Horren arauez, maitasunezko elkartzean gizonak ez du hazia isurtzen emakumearengan, modu misteriotsu batez bere gorputz propiora hurrupatu baizik. Honela andrea atseginez ase eta beteta sentitzen da luzaro, haragizko elkartzea dorpeki hausten ez baita, Europako ezkonduen artean, tamalez, hain maiz gertatzen den bezala.
Oso zoriontsuak ziren senar emazteok, eta bene benetan esan zitekeen berengatik, elkarrekiko jaioak zirela.
Baina egun batetan gauzak okertzen hasi ziren. Sasoi hartan India politika-eragin bizitan zegoen. Ingeles inperialistek ez zituzten hain erraxki kendu nahi beren erpa gutiziatiak bertako eskualdeetatik eta Indiar herriak aberri askatuaren alde jartzen ziren Europar haien kontra.
Hantxe zegoen Mohandas K. Gandhi bere bakezko manifestazio ixilez. Hantxe zeuden gizatalde izugarri eta geldi haik, mantsoki, munduari beren askatasun deia eginaz.
Eta antxe zegoen Krisna bera ere, haiekin batera bere protesta mutua eginaz. Poliziak, baina, kolpeka hasi ziren alde hartan. Gandhitarrak ez ziren lekutik higitu eta Krisna buruan jota utzi zuten basatiki.
Kolpea oso xarra izan zen eta lagunek etxera eraman zuten pena saminez. Bertan, Taiak, bigunki eta emero zaindu zuen egunaz eta gauaz, baina zauria gaizkoatu egin zen.
...eta ordenaren indar publikoek handik bakean joateko gonbidatu zituzten baina haiek, isilik eta beren jarreraz agintarien lepotik burla nabaria eginaz ez zuten obeditu, beren eskuzko ehuntegitxoekin eho eta eho ekinaz. Zirkulazio osoa geldi erazten zutela kontuan harturik, poliziak bere harmez baliatu behar zuen, erreboltari haik handik kentzeko beste modurik ez zegoenez gero. Ordu erdi geroago ordena eta zirkulazioa berriz ere jarriak ziren. Jendearekiko burrukan polizia batek zauri bat hartu zuen besoan, dirudienez erreboltari haietako batek hamorruz kosk eginik; hospitaleko medikuek ez dela hain larria izan deklaratu dute, baina hala ere egun pare batetan ezin zerbitzurik egin dezake. Erreboltarien partetik larogei hil egon omen ziren eta berrehun zaurtu, informaziook, ordea, ez dira osorik baieztatuak izan, dakigunetik manifestatzaileek ez baitute hospitalera joan nahi, odolusten badaude ere: horrenbesterainokoa da horien basatikeria!
Ondorio guztiok nigargarriak direnik ezin uka, baina kontuan har bedi erantzukizun osoa honelako mutinen eratzaileengan gelditzen dela, zeren poliziak bere obligazioa betetzea besterik ez baitu egiten, hots, ordena publikoa errespeta erazi eta...
Egunak pasa, baina Krisna ez zen osatzen. Taiaren erregu eta iharduketak ez ziren aski izan gorputz gaixo hari osasuna ekartzeko.
Eta penagarriena heldu zen. Krisna gaixoa, gero eta ahulagorik, hiltzen hasi zen. Taiak ezin esan daitezkeen ahaleginak egin zituen amaitze mingarri hura gerta ez zedin, baina alferrik izan zen. Krisna, kandela baten hondarra bezala bukatzen zen, itzaliaz.
...eta judizio bat eginen zaie hospitaletik irten baizen agudo. Horrelako probokazioak egiten saiatzen direnei gaztigu egoki bat eman ezik, laster desordena genuke geure artean. Are gehiago, manifestatzaile zitalok, poliziari beste biderik ematen ez diotelarik, ordenaren zaintzaileen «gehiegikeriak» paira ezinak direla eta gobernuaren ustelkeriaren frogak bezala erakutsi nahi dituztelarik, guk uste dugu ezen...
Eta Krisna hil egiten zen. Kinka larri hartan, Taiari, bere Taia maitatuari, otoi, ongi entzuteko bere azken hitzak eskatu zion,
Arnasa xiztu izugarri eta nekeza zuen eta hitzak berak ere hats beherapen isilak bezalakoxeak ziren.
—Taia, Taia —ziotson—, ongi aditzen nauzu?
—Bai, ene Krisna; zer nahi duzu? —erantzun zion maitasun beroaz emazteak.
—Ni ba noa gorputz honetatik, ene maite; betiko noa. Baina... —eta arnasa egin zuen sakonik Pranaren indar eragileaz baliatu nahirik— ni ez naiz bukatuko. Gorputz hau gabe ere, nolabait izanen natzaitzu. Taia, entzun ezazu ondo esateko dautzudan hau.
—Esazu bada, maite —Taiak, begiak adi adi.— Ni... inoren gorputzera pasatuko naiz, beste pertsona batengana, Huraxe izanen da ene gorputz berria... eta berarekin zu berriz maite ahal ukanen zaitut, ene Taia... Bai, ...neure azken arnasaz neure gogoa beste inorengana iraganen dut, eta bertan biziko.
Begiak hertsi zituen eta gero berriz hasi zen mintzatzen:
—Bai, ba dakit gehienetan birpizteak haur jaio berrietan obratzen direla, baina, baina... ez, ni ez naiz haur jaio berri bat izanen... neure urteetako gazte bat aukeratuko duket, ni bestekoa... huraxe zeure senar berria izan dakizun... Taia!, Taia maitatu hori! ... aditzen dautazu?
—Bai Krisna, baina ez zaitez hainbeste mintza, arnasa galdu egiten zaitzu eta.
—Ez naiz xantxetan ari, Taia... bene benetan diotsut, etorri eginen naiz inoren itxuran. Zuk u.. zuk ezagutu eginen nauzu, ezagutu beharko nauzu hala eta ere, bai ... ezagutu eta ezkondu eginen gara elkarrekin berriro... ez da horrela izanen Taia?
Emazteak irribarre egiten zion. Sinesten ote zuen? Krisnak baietz uste zuen, baina hobeki pentsatuko zukeen andreak hitz eder eta itxaropengarri haik sinetsi nahi zizkiola pentsatu balitu.
—Taia... —ekiten zion Krisnak—, etorri... bai, berriz ere zuregana etorriko naiz... laztandu eginen zaitut...lehen bezala, oroitzen zara, maite? Inoren gorputz arimak gatibatu, bai gatibatu eginen ditut, ... ni ostera ere zure zerbitzari maitatzailea izateko... Agur, agur Taia... banoa... Izadiaren iraun beharrak tiratu... tiratu egiten nau bortizki... Gautama printzearen espiritu argitua balia bekit... une honetan.
Krisnaren begiak itxi egin ziren apalki eta arnasa gero eta geldiroago zebilkion. Airea nekez sartzen zen eta nekezago irteten. Buruaz gogoeta eta ariketa gogorrak zerabiltzan jogiak, bere espiritu hilezina gorputz zaurtu haren loturetatik askatu eta eten nahirik. Ordu laurden batetan egon zen horrela, isilik, eta gero, hats beherapen sendo eta luze bat eginez, gorpu hilotz geratu zen.
Taiak ez zuen nigarrik isuri. Ardura haundiz jagon eta jantzi zuen gorpu hura eta mosuz laztandu. Biharamonean erre egin zuten zeremonia batetan.
Indian Tribune-k okasio berri bat ukan zuen albiste berririk eskaintzeko; ...ziren. Dirudienez, gizon hori orain bi aste gertatu ziren manifestazioetan harturiko kolpe batez hila zen. Jakina, honetan ere errua poliziaren lepora joan da. Azpikeriatan dabilan jendailla horrek ez du okasiorik galtzen ordenaren mantenatzaileen izen ona zikintzeko; hiru pertsona, taldexka horren buruzagitzakoak, harrapatuak izan dira eta justiziaren eskuetan jarri.
Egunak astiro iragaten dira, ikaragarrizko gelditasunaz. Taia, bere gizonaren oroipena galdu ezinik, egunero segitzen da Buddharen irudi miragarriaren aurrean makurtzen malenkonia xamurrez.
Lantzean behin senarraren espirituaren ikuipenak sentitzen dituelakoan dago, arima iharroste sendoak, eta une haietan dardaraz hasten da, emozioz.
Asteak ere joaten dira patxadaz eta Taiaren esperantzak oraindik tinkorik dirau. Bere baitan segur baino segurago dago bere senar maitea etorriko zaiolakoan.
Hilabetea ere iragan da hil zenetik eta oraino haren arrastorik ez. Gauetan gomuta ukaten ditu hilaren beso sendo eta gura ukanak. Eta boladaz, larriune saminak datozkio. Kinka itzelak benetan Taiarentzat.
Desesperantza ere susmatzen zuen. Eta arrazoia, jogi kontzientzia, errebelatu egiten zen ezkortasun horren aurka. Ez, haren senarra ez zen hil, nonbait bide zegoen, baina laster, egunen batetan, berriz ere helduko zitzaion lehen bezala. Halaxe prometatu zion berak, eta Taiaren eginkizuna, emazte esaneko guztiaren eginkizuna bezala, huraxe sinestea zen, itxadon egotea, konfidantza edukitzea; segurki etorriko zitzaion dudarik gabe.
Iluntze askotan izarrei begira lotzen zen Taia, argi urrunen dirdiren esanguretan bere gizonaren berriak aurkitu-nahiz. Baina Izadia mutu geratua zen eta Taiaren bihotz maitatzailea kezkaz hasi zen, gero eta kezka saminagotan.
Egun batez, ordea, gizon gazte bat etorri zitzaion. Taiak etxeko atea irekirik, ezezagun hura ikustean zerbait sentitu zuen barne barnean.
—Egun on, andrea. Taia andre alarguna zara zu? —Bai jauna. Zer nahi duzu enegandik? —Hara... zertarako natorren ezin niezakezu esan une batetan. Luzarotxo mintzatu beharra nuke eta... —Oi! pasa zaitez barnera, jauna, eta jezarrita zeure desira adieraziko dautazu kunpliki.
Jaun gazte hura jarri egin zen bisitentzako gelan. Taiak, metalezko kopa landu eta eder batetan ardo gozo bat zerbitzatu zion.
—Begira andrea, ... ni Marab Japut naiz, ipar aldeko probintzia batetakoa, Han bizi izan naiz oraintsu arte.
Goiz batetan, ohetik altxatzean, zerbait estrainio sentitu nuen nigan. Nola esanen neukezu... eragite bat... ikuipen kezkagarri bat... Zer zen ez nekien ontsa.
Nik —ardo hau oso gozoa da andrea, ez, ez, mila esker, ez dut gehiago nahi— neure anaiarekin egiten dut lo, gela berean. Beronek esaten zeutan, gauetan, ametsetan nengoela, izen batzuk esaten nituela, eta esaldi ilunak. Bide batez ene nortasunaz aldakuntza nabaria gertatu zen. Ene gustuak, ohiturak, esanak eta gurariak ganbiatzen ari ziren, neronek zergatik ez nekiela.
Taiak arduraz entzuten zituen Marab Japuten hitzak. Une batetan gizon hura besarkatzeko gogoa etorri zitzaion, barneak bultz eginik. Geldi egon zen baina. Gainera, Marab entzuten zuen bitartean, zenbait gauzataz ohartu zen. Haren ezpainak, haren barre egikera, begien higidura bera eta beste garrantzi gabeko mila keinu, Krisnarenak bezalakoxeak ziren. Huraxe ote zen bada haren senarraren espiritua zedukan gorputza?
—Ene anaiak —jarraiki zitzaion kontari Marab ametsetako izenak entzuten zituen; pertsona eta leku izen batzuk ziren eta niri behin denak esan zeuzkidan. Guztiokin, zeu, Taia zaren hori, hemen bizi zarela jakin nuen, dakusazunez, buruak misterioski esanik. Eta hain bortizki iharrosten ninduen zure izatasunak ezen zuregana, zu ikustearren etorri arte ez bainaiz baretu.
Krisnak ardotik edan zuen.
—Eta egia esateko, zeu holakoxea zarela jakin ukan dut nolabait, ametsetan edo, ezaguturik. Areago oraindik, ba dirudi lehenago ezagutu egin zaitudala nonbait. Hona etortzean alarguna zarela esan dautate. Damu dut benetan zure zoritxarra, andrea... baina, ausartki esan arren, ...noski, oso urrundik etorri naiz eta ezin bihur naiteke orain... begira, ene asmoa hauxe da...
—Zeuk ezan, jauna —Taiak adi adi.
—Hara... ba dakit asko maite zenuela zeure gizona eta ene proposamendu hau lotsagabekotzat har dezakezula, baina, otoi, entzun nazazu.
—Bai, Marab jauna, entzun eginen zaitut gogoz.
—Andrea, neure ametsetan agertu zatzaizkidanean zeredozergatik izan bide da. Halabeharrak ene bidean jarrri zaitu, eta zurekin mundu honetako gizonik zoriontsuena nintekeela susmatzen dut. Bai, zurekin ezkontzeko asmoz etorri naiz, baina horretarako ez dago presa haundirik.
Taiak ez zuen begietatik unetxo batez ere Marab-Krisnaren irudi dardarezkoa aldentzen. Dudarik bat ere ez zegoen. Huraxe zen haren Krisna!
Gizona aurrera joan zen.
—Ba dakit asko kostatuko zaikezula ni maitatzea, baina bide guztiak erraxtuko dauzkizut. Urtebetean edo bian elkarrekin irten gintezke... elkar ezagutu arte. Nerau oraintxe berton ere, ezkonduko nintzateke zurekin, baina zuk ni ondo ezagutzea nahi dut, eta ahal baduzu ni maita nazazula.
Elkarrekin ibiliz gero maitatzen ez banauzu, ba... lehen bezala. Dena dela, ene andrea, permiti iezadazu hilero neure diru laguntasuna ematea, alarguna zarenez gero kanpoan trabailatzen ari ez zaitezen.
Isilune bat egin zen.
—Nahi ez baduzu ez gaur ez bihar erantzunik eman. Itxadon eginen dut zerorrek ipin diezadazun eperaino.
—Ene jauna —ihardetsi zion xarmangarriro Taiak zure gogo on eta noblea dakusat. Mila esker. Egia da, zuk diozun bezala, asko maite ukan nuela neure senarra eta ez zaitala oraindik haren oroimena neuregandik joan. Baina zure kezka aditzen dut, eta bestalde, hain dira miragarriak kontatzen dauzkidazun gauzok! Hain urrundik nigatik etorria zatzaizkidan horri, nola ezetzik eman? Bai, zure gogoa bada, ezkongaietan has gaitezke.
Mesede bat erregutuko neukezu baina, ...apur batez itxadoteko, oraindik goizegi baita, eta hauzoak marmar hasiko lirateke. Noski, ez da hainbeste denbora iragan ene senarra hil zenetik eta...
—Ene andrea —esan zion Marabek eskuak munkatuz (hain zuzen Krisnak ongi ohi zuen bezalaxerik) mila esker. Oraindik ere mundo honetako gizonik zoriontsuena nauzu. Gura duzun denbora guztian igurikiko zaitut, baina nahi baldin baduzu inora joan zintezke bizitzera. India oso zabala da eta inork ezagutzen ez zaituen tokira eraman zintzaket. Han elkarrekin irteten arinago hasiko ginateke eta... barka iezadazu neure aringura hau, neure andre on horrek, baina zureganako amodioak itsuki narabila ia,
Ni aberats samarra naizela esan dezaket eta nahi duzun tokiko ostatu edo etxean bizi zaitezke ene kontura, gastu guztiak ene ardurapean. Ez, ez, ez pentsa hori enetzat karga bat litzatekeenik, gainera ez du horrek inolako konpromezurik zurekiko; nahiz eta gero elkarrekin ezkondu ez, zure ondoan egon ahal izatearren ere ni oso zoriontsua nintzateke eta gastaturiko diru guzti horrek beste ezerk baino poz gehiago emanen leuket. Baina, noski, guzti hau zure gogokoa baldin bada... bestela, zeuk nahiago duzuna, ene andrea.
Taiak baitetsi zuen proposatze hura eta handik bostehun kilometrotara bizitzera joan zen hurrengo astean, Taia eta Marab egunero irteten ziren. Mendira, itsasora, basora... mila tokitara joaten ziren.
Marab ondratua baino ondratuago zen eta haren nahi osoa Taiaren desirarik ttikiena betetzea besterik ez zen.
Taiak gero eta Krisnaren antz haundiago bat ikusten zion galai hari eta pittinka eta emero bere benetako nortasunaren berri ematen zion.
Marab Japut bera ere jogi bat zen eta psike-ekintza honen berri ba zezaguen sakon sakonki. Asko poztu zen Taiaren gustu berdinekoa zela ikustean eta andrearen espirituzko eritziek osotoro betetzen zuten.
Zortzi hilabete geroago, iratzartze-lan haundi bat egin ondoan, Taiak egia aitortu zion Marabi.
—Marab, gauza haundi bat esan behar dautzut. Ez, arren ikaratu, egia baita. Usu esaten dautazu gero eta ahaztuago zarela zeure lehenaldiaz, zure nortasuna aldatu egin dela eta eneganako maitasuna igarria eta lehendik ezagutua bezala ere ba dadukazula.
Zu, Marab, ez zara ene lehengo gizona besterik. Iratzarri behar zaitut, ene Krisna, zu baitzara gorputz berri honengandik hitz egiten dautazuna.
Ez zara oroitzen? Ez ote dakizu nola esan zeneutan, hiltzear zeundelarik, inoren gorputzean sarturik etorriko zintzaizkidala? Kontura zaitez ene Krisna maite hori! Zu, zeu zara eta ez Marab!
Marab-Krisna mutu gelditu zen. Begiak erdi hertsirik zituen eta eskuek burua eusten zuten. Buruko min itzela zedukala pentsa zitekeen. Han espiritutasunezko bakartate izugarritan oihu eta hots boladak zetozkion. Irudi eta lehengo ikustaldi berrikusiak, lehengotasunetiko oroitzapen eta nortasuna.
Honela ordu laurden batez egon zen. Taia ondotxoan zegokion eta mantsoki hitz gomuta erazleak esaten zizkion.
Azkenez gizonak begiak ireki zituen. Begi zabal eta berriak. Andreak laster igarri zuen aldakuntza ikaragarria: hura lehengo Krisna zen!
—Krisna! ene Krisna maitea! —esan zion, beregana, besoak zabalik joanaz.
—Taia, ene bihotzeko Taia kuttuna! Bai, neu naiz, zeuk iratzarri nauzu argitara. Taia, ene Taia zintzo eta maitatu hori!
Mosuz eta laztanez bete zuten elkar. Biak zeuden nigarrez, ohi ez bezalako poztasunaz. Krisnaren boza itzela zen, birpiztu batena bezain zolia. Senar emazteak berriz ere elkartuak ziren.
Legea eginaz ezkontza agudo prestatu zuten. Maraben ahaideak eta Taiaren ama eztegura joan ziren.
Ezkontza gaua oso gozoa izan zen eta lehengo maitasuna berretua zen haiengan. Lehen bezala.
—Berria zara enetzat Taia. Aspaldikoa izan arren osorik berria orain,
—Nik zugan beste gizon bat dazagut gorputzez, Krisna maite, zeu berbera bazara ere.
... nola Indiar abertzalekeria faltsu horrek Europar zibilizazio eta kulturaren aurrean sineskeria eta superstizio huts diren ezaguera metafisiko estrainio horik kontrajarri nahi dituen. Barregarria da osorik, fakir erdizoroen ariketa «miragarri» omen diren horik zientzia, filosofia, arte eta kultura Europarren parean jarri nahi ukatea, ingeles hizkuntzaren aldean hindi delako zirri borrozko berbeta hori, zibilizazio modernorako, irrigarri gertatzen den bezalaxe. Honekin, baina, ez dugu esan nahi bertoko ohiturak eta usadioak, folklorearekin batera, errespetagarriak ez direnik, aitzitik, gure erreginak berak bere azken bisitan deklaratu zuen bezala, bertoko gauza guztiok biziki kurioso eta kontserbagarri dira. Gauza jakina da, bestalde, hindi hizketari buruz Thomas W. Johnson irakasleak nolako eritzi linguistiko interesanteak eman berri dituen, agian hindi delako hori indoeuropar hizkuntza-ama eta Europako oraingo hizkuntza bizien arteko zubi bezala harturik, halako argi nabari bat atera daitekeela aipatuaz. Baina honetatik aspaldion zenbaitek darabilaten superbalorazio-tonu hantu eta harro horretara ba da diferentzia, eta...
Egunak zoriongi pasatzen ziren eta Taia laster ohitu zen bere gizonaren gorpu berrira. Mosuak berdinak ziren eta maitatzeko era bera ere bai. Hilabete asko joan zen amodio berri eta zoragarri honetan eta biak gero eta elkarganatuagorik sentitzen ziren. Heriotza gainditua zen, guztiz garaitua maitasunaren bitartez.
Arratsalde hartan, besteetan bezala, Krisna bere lanetik zetorren. Ontsa sentitzen zen eta etxera sartzerakoan, harengan ohitura hautsezina zen bezala, bere andreari mosu bat eman zion maitekiro. Afalorduan lantokiko berri eta hautuak kontatzen egon zen eta gero, Taiak eskaratzeko garbitasuna eginik, Joga ekitaldi batzuk egitera joan ziren.
Gauean giroa aldatu egin zen eta egunaren sargoriak trumoia ekarri zuen. Eguraldi zakar hartan montzoiaren sasoia gainean zegoela igar zitekeen. Haizeak ziztu luzeak zerabiltzan eta etxe inguruko banbuak, eztulka bezala, makurtu egiten ziren. Ohetik ximisten argi zurbila ikus zitekeen leihoen zirrikituetatik zehar iraganik eta ostotsen zaratak etxea bera dardaraz iharrosten zuen. Taia eta Krisna elkarrekin ondo besarkatuta zeuden, eta gizonak bere gorputz eta arima osoz andre ikaratia baretzen eta alaitzen ziharduen.
Ximist batek etxe ondoan jo zuen hein batez eta Taiaren ikara nabariagoa egin zen. Krisna besarkatu zuen, baina berau gogorturik bezala zegoela konturatu zen.
—Krisna, zer gertatzen zaitzu?
Ez zuen erantzunik jaso.
—Krisna, maite, gaizki zaude ala? Esaidazu zerbait!
Baina gizona mutu zegokion. Taiak, kezkaturik, argia biztu zuen.
Gizonak, argiak min eginik, begiak igortzi zituen; gero erdi itsuki, pausa haundiz, haren haragiagandik urrundu. Begiak lausotuak zeduzkan, eta Taia, iluntzetik argitara iragate arin hartaz ongi ez zekusala, ez zen kargutzen bertan gertatzen zenaz.
Halako batetan, Krisnak hitz egin zion. Ez ordea, behingoan, unada luze batez begira begira gelditu ondoren baizik.
—Nor zara zu, emakume? Zer egiten dut nik zure ondoan biluzik?
Taiak oihu izugarri bat egin zuen. Gizon hura, bertan haren ondoan zetzan gizon estrainio hura, Krisna gabe, Marab Japut zen!
Del sueño de la muerte para quererte, despertaré,
Gasteizen 1968-ko udan
Behin batean |