Behin batean
INDIARREN ISTORIO BAT
Ez zuten hotsik egin behar eta berau ondoegi zekitenez gero, oso astiro zebiltzan hirurak. Larru mehezko mokasin haiek belarrak tolesten zituzten bigunkiro. Sugeen antzera. Hodei Zuria lehena zen. Hurrengoa Koiote Beltza zen eta azkena, arkuak eta buirakak zeramatzana, Arrano Gorria.
Eguzkia irtetear zegoen oraindik ekialde haustsu eta urrun hartatik. Egunsentiaren gorritasun epela, berez, airean zen zabalik.
Zuhaitzak bukatu egiten ziren. Oraingoan nekezago ibiltzen zen, gordelekurik ezaz. Komantxeen begiraleak ez ohi zeuden lo. Astiroago zebiltzan, narras, arroken gerizaldetik.
Oso begi distiratsuak Hodei Zuriarenak. Izerdiz blai zedukan Koiote Beltzak bere haizkoraren girtena; arnasa urduria zerabilan Arrano Gorriak.
Pauso bat... pauso bi... deus ez. Aitzinago jo zuten. Ez zen ezer entzuten. Aurrerago amildegi bat zen eta haren beheko partean komantxeen kampamendua. Ez zuten amildegiaren hegalean inor ikusi. Estrainioa zen benetan. Bertaraino linburtu ziren mesfidantzaz. Inork ez zien «gel»ik esan.
Eguzkia ez zen oraino agertu baina amildegiaren beheko partean harana klartasun leun batez argitua nabari zen. Ibar berde zabal bat, goizeko behelainoen artean zurizkatua.
Arrano Gorriak ez zuen yeusik ikusten, berak omen zuen bista ederra gora behera. Oso arraroa zen guzti hura. Hiru hilabete lehenago haraino joanak ziren eta kanpamendua handixek ezin hobeki ikusi zuten.
Erreka ongi nabari zen lainoa gora behera, eta bai ur gainetik azaltzen ziren harri handiak —komantxeek alde batetik bestera oinez iragateko apropos jarriak— baina larruzko xabolak ez ziren agiri.
—Ilargiaren mendietara joanak dituk! —ohar erazi zien Koiote Beltzak.
—Ezin; zuhaitzen hostoak berderik diaudek oraino, ehiza ez duk oraindik hemendik joan. Zergatik joanen ziratekeen?
—Eta zergatik ez da ikusten kanpamendua ba?
—Ez diakiat, Koiote Beltza, ez diakiat, baina ez duk posible hain arin hemendik...
Ez zuen esaldia bukatu, supitoki, haranean argiune bat egin baitzen.
—Horra, zerbait ikusten duk orain.
Beste biek, amildegiaren hegaletik, lurrean etzanik, harantz zuzendu zituzten begiradak.
Egia zen. Lainoa ezereztuaz ari zen kotoizko mataza mehe mehe bat bezala eta ibarreko alderdiak zehatzagoki azaltzen zitzaizkien.
—Etxe bat, bi...
—Hiru..., lau... bost...!
—Zuriak, gizon zuriak honaino heldu dituk!
—Horregatik ez diaudek hemen komantxeak.
—Goazen hemendik. Otso Zuriak dioen bezala ez duk egoki hemen gera gaitezen. Suzko eta trumoizko harmak ditiate halakoek.
—Eta komantxeak non daude?
—Batek jakin! Goazen hemendik; Hodei Zuriak arrazoia dik, niri ere ez ziaidak bat ere gustatzen guzti hau.
Bihurtu ziren baina burua itzultzean eguzki altxatu berriak gizon baten irudia ikus erazi zien arroken ondoan.
—Komantxe bat duk. Gertu denok!
—Geldi hadi Koiote Beltz! Zahar bat duk eta ez dik aldean harmarik.
—Ez hadi fida gero! Ba dakik nolakoak diren komantxeok.
—Goazen harengana, baina erne,
—Eta beste batzuk gorderik baleude? —Ez diat uste, baina kontuz.
Hurbildu zitzaizkion. Agurea ez zen higitu. Ezpainak elkar elkar eginik zituen eta begiak eguzki irten berriarekin josita,
Inguraturik, Hodei Zuriak galde egin zion komantxez: —Pi kanki?
Agureak begiak eguzkitik kendu gibe, eta astiro astiro, etsipen triste batez erantzun zion:
—Komantxe zaharrok hobeki diakiagu oraino siuxen hizkuntza siux gazteok komantxeona baino. Erantzunen dauat, gerrari gazte. Ni Atiakwat nauk, hor zegoen herriko azken laguna.
Bi ilargi izanen dituk laster hura gertatu zenetik. Gaua zuan. Zaldi hotsa entzuten genian edonondik. Guk ez ohi diagu gauez burrukarik egiten. Manituk ez dik hori ontzat hartzen.
Ilunean zuan dena. Andreen eta haurren oihuak eta herriaren zalapartak airea betetzen ziaten. Tiroak entzuten zituan eta gizon, eta emakume, eta haur, eta zaldi asko lurrera erortzen zituan hilik.
Gero zaldun batzuk sartu zitziaizkiguan kanpamendura. Ganibet luze zorrotz batzuk zerabiltzaten, gizonen eta emakumeen eta haurren biziak mozten zituztenak. Guk ere batzuk hil genitian. Baina haik gu baino gehiago zituan. Siuxok, segur aski, ez zenuketen hainbeste hilen.
Nik eta beste batzuek basorantz egin genian ihes, baina oso guti heldu gintuan. Gehientsuek bidean galdu ziaten bizia.
Hemen bizi izan gaituk orain arte. Gaur bat, bihar beste bat, apurka apurka hilaz. Atzo alaba hil zitzaidan, siux, gelditzen zitzaidan alaba bakarra. Hark biltzen zitian biontzako janak, ezkurrak eta basaranak, mazustak eta zizak. Erreka ondoan topatu nian hilda. Gizon zuriek bortxatu eta hil ziaten. Ni ez nauk honez gero gerrari bortitz bat, agure zahar makal bat baizik. Ezin ziezakeeat ordain erazi haren herioa. Honegatik hiltze latz bat gelditzen ziaidak, goseak eta barneko erresuminik ekarriko dautatena.
Orain hiltzen baninduk, egia diotsat, siux, mesede handia egiten heuket.
—Siuxok ez diagu zaharrik hiltzen. Hator gurekin, aitona, gure Herrian ez duk zer jan faltako behintzat. —Ez, mila esker, gerrari noble, baina ba dakik komantxeok beti izan garela harroak. Norbere herrian gosez hiltzea hobetsi diagu hauzoarenean janez bizitzea baino. Hemen hil dituk eneak, ez duk bidezko ba kanpoan hil nadin. Komantxe batek, eskerrak errendatu arren, ez duk siuxen artean biziko.
Siuxek elkar begiratu zuten, Hodei Zuriak, denen izenean, erantzun egin zion:
—Barka ezak... guk u...
—Ez diagok zer barkatu, lagun. Ongi ibili.
—Agur aitona.
—Bai,
Bakarrik utzi zuten. Zuhaitzetara sartu aurretik Arrano Gorriak atzerantz egin zuen so. Atiakwat lehengo lekuan zegoen bere manta zaharraz estalirik, beste arroka bat bailitz bezala.
Oihanaz beste aldean Hegats Luze gaztea itxadoten zegokien lau zaldiekin. Hitzik esateke, zaldien gainera igon eta handik urrundu ziren.
Herritxoa ez zegoen oraino aski populaturik, baina astero familia berri bat edo bi etortzen zen bertara. Behiak zelai berdeetatik baurrez ari ziren eta basetxeetan ez ziren oraindik iltzeen, oholen eta mailuen hotsak amaitu. Tabernatxo bat ere ba zen han.
Joe MacTolle-k, harotzak, herria izateko asmoa zuenaren sarreran, zurezko xartel pintatu berri bat jarri zuen: New Barrenbury. Ez zen, egia esateko, artezko obra bat, baina inork ez zion kontuan hartu N haren lerro okerra aldrebes jarria zegoela —honetan guztiek hark bezanbateko eskola zutela adieraziz— eta mundu guztiak pozez gainezka hartu zuen hura.
Denboraz Saloon dotore bat izatera helduko zela uste zuen tabernaren jabeak whisky pixka bat —honela deitzen zuen berak behintzat— zerbitzatzen zion Samuel Black zaharrari. Oso xarlaria zen agure hura eta herrira bizilagun berri bat zetorrenean ez zuen parada hura galtzen tabernan —whisky dzangada bat edo biren truke— komantxeen istorioa kontatzeko. Mila xehetasunez kontatzen zuen dena, bera hantxe egon balitz bezala, mundu guztiak indiar guztiak hil zitzaten arte bere gurditzarretik ez zela irten ondoegi jakin arren.
—Eta gero, den denak garbitu ondoren, egurrak ekarri, haiekin pilatu eta sua eman genien. Nolako usain zantarra zerien indiar zikin haiei! Ikusi bazenitu, ikusi! Haik ziren emakume itsusiak! ia ia haiekin ezer xarrik egiteko gogorik ez zitzaikezun etorriko.
Bi urte geroago New Barrenbury politto hazia zen. Oholezko taberna zaharraren jabearen profeziak egia bihurtuak ziren eta harez gero markako whiskia edan zitekeen bertan. Sarrereko N-aren lerro okerra, gainera, zuzendua zegoen. Samuel zaharrak zioenez apaizak oharterazi zion pintoreari akats hura, baina ongi ez dakigu. Noski, irakurleak igarri bide duen bezala, eliza bat ere eraikia zen eta jendea nolabaiteko dotoretasunez hasi zen mintzatzen. Mister Robertson, miss Anne... kapelak korteski kentzen ziren kalean, eta igandeetan New Salooneko jabea bera ere mezatara joaten ohi zen predikari mormoi haren hitzak entzutera.
Miss Anne-k, alkatearen andreak, herriko beste andre prestuekin mintzatu ondoren, Salooneko «neskak» (Mogelen arauez -tillak ez baitziren, segur aski) elizaren azken partean, ate ondoan, geldi zitezen lortu zuen. Noski, ez zen gutiagorako. Haiekin tratutan ibili beharra ere!
Thomson Gregoryk, predikariak, oso ahalmen bikainak zituenik ezin uka zitekeen. Kristoren erresuma sutsuki eta gartsuki ager erazia zien eta konbertsioak ordurarte ezezagun zen modu batez ugalduak. Nagusiek beren morroi eta unainak igandero elizara joatera obligatzen zituzten, beren soldatak galdu nahi ez bazituzten behintzat. Herri eredua benetan New Barrenbury Far West osoan.
Baina zazpigarren urtean gauzak iluntzen hasi ziren. Trenbidea bertara heltzeko zegoen, egia, eta beronek gauzak askoz ere hobeki jarriko zituzkeen, baina ba zegoen herrian problema latz bat. Ez, ez zen hain arazo aparta. Soldatapeko unain ibiltariek kontatzen zutenez, beste hainbat herritan ere gauza bera gertatzen zen. Salooneko jabea alkate bihurtua zela eta erruletan galduriko dirua zela bide, errentero eta maizter bihurtuak zituela errantxo aberatsenetako lehengo jabeak. Sheriff-a, gauza jakina izaten denez, alkatearen zerbitzuan zegoen eta orobat gertatzen zen beronen komisari eta polizigizon guztiekin. Lex legis, hirugarren deklinaziokoa. Noski, jujea bera ere, ez zen kasualitatea alkatearen suina izatea.
Beraz lurrak aberatsago izanen ziratekeen trenaren etorreraz. Komunikazioak beti ondasuna dakar eta... zera, alkateak mila biderrez esan zien herritarrei, O Quirites! Abeltzainak eta batez ere unainak —bai arraro gelditzen direla euskaraz cow-boy gaixoak— ez zeuden konforme. Soldatak monopolio baten pean zeutzan. Eta norengana joanen ziren erantzuki egitera, alkatea bera jabea bazen? Eta tiroz ez zen ezer konponduko. Polizia zuhurra zen; noski, horrexetarako dago.
Errantxodun ttipi bi hilik agertu ziren egun batez eta haien alargunek alkate jaun ongileari saldu behar ukan zizkioten lurrak.
—Ez dute horrenbeste balio, baina nolabait karitatea egitea, ehem, gustatu egiten zait, andreak. Ba dakizue zer esaten duen predikariak... zer balio du mundua irabazteak, arima galduz gero...! Eta hiltzaileei dagokienez, ez horretan ardurarik eduki. Jamesek, sheriffak, esan nahi dut, harrapatu ditu. Samuel Black eta Lewis Nicholson izan dira. Ez zuten aitortu nahi, baina bigarren egunean, tort..., zertu, ba dakizue Jamesek metodo gogor xamarrak darabiltzala, baina holako kriminalokin ez da errukirik ukan behar. Dena dela aitortu egin dute; ondo aitortu ere. Bihar urkatuak izanen dira plazan.
«Eskerrik asko, alkate jauna» bana esan zuten, baina J. Sus O'Sandy alkateak ez zuen halakorik aditu andreen bekoskotik.
Hirugarren errantxoduna oso gizon zuhurra zen eta horregatik, holako batetan inguru hartako haizeak ez ziola osasunerako onik egiten pentsatu zuen eta oso prezio arrazonagarri batetan saldu zion errantxoa alkate jaun prestuari.
Laugarren errantxoa ez zen saldu, baina ez zen behar, Bonanzatarrena baitzen.
Beraz, bi edo hiru errantxoxka ttipitto izan ezik, herri guztia alkatearen eskuetan zegoen. Egia esan, kasu honetan gerta bezala, magazin, denda, usandegi, botika eta kabaret gehiago jarri ziren, eta herria alaiago egin zen, panem et circenses, Kamasutra beneragarriak zioenaren eredura. Eta jendeak, egia esan, ez zituen begi xarregiez ikusten zikinkeria gozo haik. Agian Marcuse eta beronen kontsumoko gizartearen kontzepzio eta formulazioak oraindik jaioak ez zirelako, O! Zorioneko garai haik!
Baina handik ehun kilometrotara, Mendi Arrokatsuen bestaldera siuxek dantzetan ari ziren, udaberriro bezala. Koiote Beltzak, ihesaldi batetan, Washington-go seminarioan bost urtez teologia ikasirikoak, gerraren dantza predikatzen zuen.
... eta bertan trenbidearen planoak ikusi nituen, o Siux Herri maitea, eta ba dakit lehengo komantxeen lurraldeetatik hona etorriko dela. Eta, eta, eta —zeren Koiote Beltza seminarioan toteldun egin baitzen, geroago Edisonek asmatuko zituzkeen gramofonoen disko lerratuen gisa— eta trenarekin gizon zuriak eta gizon zuriekin gerra, sua, heriotzea, bekatua, ifernua... zera, zera, zera, ... esan nahi dut akabua. Gerra egin behar diegu zatar horiei. Kendu behar diegu hemendik trena iragan erazteko asmoa, eta odola, odola, odola —eta oihu ikaragarri bat jaurtiki zuen, siuxek gerran egiten ohi zuten bezalakoa, hots, filmetan bezala.
Herria harmatzen hasi zen. Arkuak, tragazak, haizkorak, lantzak, ganibetak, metrailetak —ez, hau anakronikoa (edo eta ukronikoa) bailitzateke— eta beste halako harma izugarri, hilgarri, herrikoi eta aproposak prestatzen hasi ziren indiar guztiak. Gizonek, andreek, zaharrek, haurrek eta (Axular dibinoak dioen bezala) itsuek ere tornuan edo arrodan bedere ari behar zuten.
Gerra prestatzen ari zen. Zorroztarriak, xinpart artean, egunero gastatzen ziren pittin bat gehiago. Baina zibilizazioa ez zegoen geldi.
Goiz batetan, eguna argitzen zenean, mendi tarteko Siux Herri hartara misiolari bat etorri zen. Thomson Gregory apaiz mormoi haren zazpi andreetarik baten semea zen, Jainkoak, aitari bezala, predikaziorako dohain bikainez iluminatua.
Eta ebanjelioaren —h. d., ebanjelio mormoiaren— egia eta hitz garbia ereiten hasi zen indiarren artean. Mendekosteko miraria harengan obratzen hasi zen, siux en hizkuntza pittinka baina segurki ikasiaz baitzihoan. Hala ere, goiko Jaunak geldiroegi aurreratzen zela uste bide zukeen, zeren miraria alderantziaz gerta erazi baitzuen, eta gure Thomson Gregory II.a konturatu zenenerako Siux Herri osoak ingelesa berak siuxa baino hobeki ikasia zuela ikusi baitzuen, eta honetan Jainkoaren eskua, hatzamarra, eraztuna eta borondatea nabariturik, harez gero predikazioa ingeles hutsez egin zuen.
Hodei Zuria eta Arrano Gorria zaharturik zeuden sasoi hartarako, eta horregatik ez zihoazen kanpamenduko mezatara. Hala ere predikariaren boza berez zen aski garai mila kilometro ingurutara ozenki adi zezaten. Aitagandiko heredentzia, apika.
—Gizon zuriak ez dira gaiztoak —ziotsen— zuek bezalako pertsona batzuk dira, Arimadun, Jainkoaren kreatura, egunen batez zerura edo eta ifernura joateko, zuek bezalaxe, deituak.
—Nigatik behintzat hobe denak ifernura balihoaz, —zioen hoz goraz lotsagabeki Arrano Gorriak— baina oraintxe eta berton, lurreon.
—Ha, gizon zoroa! Baina zer uste duk direla unain eta gizon zuriak? Piztia batzuk ala? Herori bezalako gizonak dituk, hobeak ez badira! Hi ez haiz joaten bisonteen atzetik janari bila? Bai, noski. Beraz leku batetatik beste batatera bahabila, haik bezala, zer duk esateko? Eta ez ote zaik hiri inoiz gertatu bisonteen atzetik joaterakoan bidean beste indiar eta tribu batzuetakoekin suertatu eta haiekin bisonteengatik burruka egitea? Ez? Noski baietz!! Zer orduan? Zergatik diok ba gizon zuriak indiarrok baino gaiztoagoak direla?
—Oraindik ez duk jaio indiarrik, beste indiarrik, zahar zein gazte, gizon zein emazte, haur zein agure, masakratu duenik. Eta neronek azken komantxea ezagutu nian, hire leinuko eta kastakoek beste guztiak hil ondoren.
—Ba! Ez duk horrenbesterako, gizona. Gainera, denbora horik lehengoak dituk. Orain inork ez dik indiarrik hiltzen. Zuek gu bezain Estatu Batutarrak zarete. Gainera, jatorriz, zuek are eskubide gehiagoz, eta honetaz harrotu beharko zenukete.
—Hitzak, beti hitzak. Horixe duk gizon zurion dohaina. Baina bi mihitakoak zarete zuek, hareetan dabilan kriskitin-suge pozointsuaren antzerakoak. Puaf! nazka ematen dautazue, egian diotsat.
—Ha, gizon zitala! Ha gizon eroa! Gorrotoa diatzak hire bihotz gogortuan. Behaztuna diariek hire hitz horiei, Zentza hadi, pentsa ezak Jainkoaren legeak zer dioskun. Anaiak izan gaitezela denok. Elkar maita dezagun!
—Zuen Jainkoaren hitzok zuentzat onak direlako darabiltzazue. Ez nauk horietaz bat ere fidatzen,
—O gizon gogorra! Ifernuratuko haiz, qui non credat sit condenatus dio Braulio Doneak.
—Kapatunkaka wapiakalala tupanlapun et chiviritam meam —dio Manitu Sainduak.
—Blasfematzen ari haiz, burlatzen ari haiz, agure, kontuz Jainkoaren hiraz! Fin gaitz ukanen duk. Zerutik sua eroriko zaik egunen batez.
—Puaf! —egin zuen ttu Arrano Gorriak.
Baina misiolari on baten zereginari jarraikiz, ehungarren ardi galdua utzirik, Thomson Gregory II.ak beste larogei eta hemeretziei predikatzen iharduki zuen. Koiote Beltzari, bihotzean berau oso gerraria bazen ere, lehenagoko seminario urteak bihurtu zitzaizkion gogora. Hain ederrak ziren amodio unibertsalezko hitz haik!
—Hara —segitzen zuen predikariak— pentsatu behar duzue kolonoak kultura gabeko pertsona gaixo batzuk direla eta zuei burla eta mesprezio egiterakoan ez direla konturatzen gaizki egiten dautzuetela. Haik zibilizazioa dutelakoan daude eta zuek basati batzergarri batzuk. Horixe erakutsi diete eskolan. Baina bihotzean oso pertsona onak dira. Neronek ongi ezagutzen ditut. Orain inork ez du nahi zuek hiltzerik. Zuekin bakean bizi nahi dute, lagun bezala, bat ere gorrotorik gabe.
—Noski, hasieran zail samarra izanen da, baina gero dena errazago joanen dateke. Fedea eduki behar dugu, fedea. Jainkoaren hitza sinetsi, karitatea praktika...
—Noski, guztiok dakigu hori putaseme bat dela baina nork botako du hemendik? He! hi Jakob, ikusak ea atea ongi hertsirik dagoentz. Ba dakik James eta horren morroiak bilera ezkutuen zain ibiltzen direla. —Arrazoia duk. Ez duk alkatea jaurtikitzea erraz izanen. Gainera bera bakarrik balitz! baina hor dituk James eta besteak, jujea, haren dendetako arduradunak; eta pistolari alokatuak ez ditiat hemen aipatzen.
—Gainera Estatu honetako gobernadorea haren laguna omen duk eta hori ez duk xantxetakoa.
—Bai, baina behin hilez gero goberandoreak alferrik likek ezer egitea, ez deritzok?
—Noski, lehen bait lehen garbitu behar diagu.
—Eta James!
—Eta bai jujea ere!
—Bai, bai.
—Horixe.
—Behera J. Sus O'Sandy!
—Hil bedi James!
—E! E! U! U!
—Isilik, isilik lagunok! Ez dezagun burua gal! Ez gaitezen geure senetik atera. Ongi diagok guzti hori, baina nork jarriko dio katuari xilina? That is the question! Hik Clarck? Hik William? ala hik Mountino?
—Jakina ezetz! Ez diagu zerekin. Ez diagok harmarik.
—Ez eta adoretik ere, lagunok. Ongiegi bizi gaituk bizitza arriskutan jartzeko. Ha, ideial bedeinkatuak! non zaudete?
Baina apaizak azken hitza bere, eta...
—Nik seme bat dut siuxen artean. Esan diezakeot... agian laguntasuna emanen leukegute, batek jakin!
—Basati zikin horiek?! Tira, tira, hi ere burutik jota habila, artzain. Horrelakorik esatea ere!
—Ez diagu guk hemen indiarrik behar. Gainera gero gure artean bizitzera geldituko lituzkek.
—Indiar guztiak lurpean diaudek ederkienik; kanpora ideia hori!
—Baina herritar maiteok, —esan zien apaizak— zer da nahi duzuena? Alkatea bota ala orain arte bezala segitzea? Noski, gauza guztiek dute prezio bat, baina batzuetan, ongi jokatzen jakinez gero... Pentsa ezazue zenbaitetan deabruaren laguntasuna bera ere —eta barka biezat gure Jaunak— probetsagarri daitekeela eta...
Gerrari azkarrak bidetik zihoazen. Gerrara abiatuak ziren, horretarako usatzen den kolore gorriz eta zuriez. Haizkorak zorrotz, ganibetak zorrotz, tragatzak zorrotz, haginak zorrotz, gogoa bera ere zorrotz zerabiltzaten.
Arrano Gorriak mila kontseilu on eman zizkien bere herritarrei, halako zozokeria egitera joan ez zitezen. Gizon zuriek indiarren hondamendia ekarria zuten eta hori ez zela ahaztu behar, sinetsiegi zihoazela inoren bihotz onean eta abar. Baina Thomson Gregory II.ak boz eta bokantza bikainagoak zituen.
Arrano Gorriak etsi egin zuen, Hodei Zuriari behatu eta musturra okertuz esan zuen: —Ezkontzera doazen gazteen antzekoak dituk, burkide. Beti entzun zieate ezkonduei ez ezkontzeko, gero damutuko direla eta; baina alferrik duk. Tontakeria egin behar duk, egin eta gero tontoak izan garela ikusteko, nahiz eta egunero inorengan tontakeria horik ikusiak izan. Ha! noiz ikasiko dugu! ? Ifernu delako horretan agian.
Eta gazteen artean bat ere entzulerik ez zuela ikusirik, Arrano Gorria umetxoei hasi zitzaien istorioak kontatzen.
Koiote Beltza eta beste gerrariak poz pozik hurbiltzen ziren New Barrenburyra. Gizon zuriak haien premian zeuden. Ohore bat indiarrentzat beraien laguntzea. Noski, nolabait zurien harrokeria minduko zuketen, indiarren laguntasuna bera ere premiazkoa zela erakustean, eta bestetik indiarrek beren odol antsia gizon zuri gaizto haiengan aseko zuketen.
—Eta ondorio zoragarriz —ziotson predikarik— bitzuon arteko adiskidetasuna betiko sendotuko duk. Ez duk gehiago indiarrek ez arpegi zurbilik egonen, denok gizon anaiak izanen gaituk Kristo gure Jaunagan. Nolako zortea zen predikaria moduko gizon argi bat herrira etortzea, pentsatzen zuen berekiko Koiote Beltzak. Egia esan, kultur antsia eta gogo bizia duen batentzat gauza nekea zen hain herritar basati eta jakite gutikoen artean bizitzea. Predikaria plazagizon bat zen, zeharo intelektuala.
Arrano Gorria siuxen kanpamendu bakartian haurtxoekin hizketan ari zen: —Gizon zuriak zoro hutsak dira. Gogoan dut nola behin, gehiagoko gabe, bisonte aralde baten kontra tiroka hasi ziren. Ehun animalia inguru hil zituzten. Bisonteak berak ere zoratu egin ziren hilkintza hartan. Ba zirudien ez zirela konturatzen gertatzen zitzaienaz. Haien artean batzuk lurrean arnasarik gabe erortzen ikustean elkar jotzen hasi ziren, talde ttipiak eginaz eta beren adar zorrotzekin, gizon zuriei eraso beharrean, elkar hiltzen zuten.
Azkenean gizon zuriak ez zuten tiro gehiago jaurtiki eta hala ere bisonte bat ere ez zen bizirik gelditu, elkarren artean triskaturik. Bisonteek burua ukan balute zuriei erasoko zieketen gogorki eta behar bada haik hilen, baina ez, hori egin beharrean, halako zoraldiak jota, elkar hiltzea nahiago ukan zuten, honetan beren indarrak sakabanatuaz eta alferrik erabiliaz. Noski, bisonteengandik ezin zitekeen besterik espero, animaliak izaki. Manituk halaxe egin ukan ditu, seme.
New Barrenburyn erasoa hasi zenean jendea bere etxeetan gorde zen. Koiote Beltzak irtenbide guztiak moztu zituen, bai telegrafoa ere, eta tiroketa hasi zen gogorki.
James eta beste poliziak, ongi harmaturik, kaleetan barrikadak jarri ondoren haien atzetik hasi ziren tiroka. Alkatearen eta jujearen erreguak erdi alferrekoak gertatu ziren, baina ez guztiz, zeren indiar batzuk hiltzeko gogoz zenbait herritar prestuk fusila hartu baitzuen.
—Batek jakin —zioten halakoek— nolako asmuz datozen piztia gorri horik.
Baina beste herritarrek ba zuten, hori bai, zenbait harma, isilean kanpotik ekarririk. Teilatuetatik eta Jamesen morroiak indiarrei beha zeudenean atzetik tiroren bat jaurtikitzen zieten ezkutuki.
Apurka apurka poliziak ahulduaz joan ziren. Munizioak falta zituen. Ordurako indiarren gorpuak pilatuak ziren edonondik kaleetako barrikada guztien aitzinean. Tiroak tartekatzen hasi ziren unean Koiote Beltzak gerrari guztiekiko erasoa egitea agindu zuen. Jamesek bizia bertan galdu zuen eta orobat haren lagun guztiek. Alkatearen etxera sartu eta berau, andrea, alabak eta morroi guztiak garbitu zituzten, bakoitzaren ilea oroigarritzat kendurik. Jujeak ez zuen zorte hoberik ukan.
Orduan, triskantza hura bukatu zenean, etxeetako leihoak zabaldu ziren eta bertatik mila eskupeta agiri. —Zoazte hemendik indiar zikinok —oihu egin zuen batek.
—Bai, alde hemendik zerritzarrok —beste batek. Koiote Beltzak ez zuen tutik aditzen.
Tiroak edonondik hasi ziren erortzen, udetako euri zaparradak bezala. Indiarrek ihesari eman zioten baina Koiote Beltza bertan amildu zen lurrera.
Egia esan, batzuek ihes egin ahal zuten, baina gehienak lurrean zeutzan: batzuk aurreko burrukan eta beste asko uste gabeko estrosada traidore hartan.
Bi Thomson Gregorytarrak buruzagi eroriarengana makurtu ziren azken otoitzak egiteko. Hura, ordea, ez zegoen guztiz hil. Begiak ireki zituen eta Thomson Gregory II.a ikusi zuenean —non sartuko zen erasoaldi guztian predikaria, baina?— honela esan zion;
—Zer gertatu da?
—Aditu behar duk, Koiote Beltza, ez diate oraindik ulertzen indiarrok onak izan zaitezketela. Buru gogor xamarrak dituk ene herritarrak. Aditu behar dituk.
—Baina hik esan heukun, predikari, hik esan heukun... guri haik ulertzeko, haik aditezko esaten heukun... eta ulertu, aditu egin genitian, baina gu ez giaitiate horiek ulertu, ez aditu... ukan... nahi.
—Ez, ez duk hori, lagun. Bestalde zibilizazioa ez duk mendian bizitzea eta... Geroago hobeki pentsatuko diate. Neronek esplikatuko zieat dena eta orduan ongi adituko zaituete; ikusiko.
—Hilda gero, salda bero. Zoritxarrez ez duk ene herritarrentzat gerorik ez hurrengorik izanen. Madarikatzen haut, pater, eta madaritzatzen diat neure burua hain tonto eta sineskor izan nintzelako eta neure herria hain dohakabeki heriotara eraman dudalako...
—Hil duk, seme.
—Pena da, aita. Gizon zintzoa zen.
—Requiescant in pace.
—Amen.
Eta aita semeen begi debotak goiko zeru urdinetara altxatu ziren Guzti Ahaldunari bekatari hil berri haren arimarako miserikordia eskatuaz.
—Eta bisonte haien gorpuetara zeruko saiak, putreak etorri ziren, —kontatzen zuen Arrano Gorriak tristeki— eta beren moko oker zorrotzekin urratu eta jan egin zituzten zelaian.
—Paranoia, paranoia huts hutsa —zioen irriparrez mediku jaunak haik guztiak ikustean. Eta jestu ezkor batekin burua eragin zuen.
Bilbon, 1971.eko udan
Behin batean |