Eka 22 06

Zirikadak eta beste

Elezahar, kondaira, ipuin eta pasadizoak dira Klasikoen Gordailuak gaur sareratzen dituenak, serioak batzuk, umoretsuak besteak. Hizkuntz aldetik sinpleak bezain ideologikoki serioak dira, esaterako, Arturo Kanpionen Euskal lanak (1878-1909). Zirikatzaileak eta umoretsuak, berriz, XX. mendearen atariko aldizkarietan Pedro Migel Urruzunok argitaratutako pasadizoak, bertsoak eta ipuin modukoak, hemen Iru ziri (1899-1922, 1965) eta Sasiletrau baten ziria, eta abar (1897-1923, 1973) bildumetan ematen direnak. Ildo berekoa da, halaber, Paulo Zamarriparen Firi-firi (1935) idazlana. Egile bera du, azkenik, dotrinako haurrentzat egindako Anaiak gara (1929) ipuinak ere.

Eka 22 06

Joxe Austin Arrietaren poemak

Narratibaren alorrean ezagutu genuen Joxe Austin Arrieta, Bidaia / Termitosti (Ustela, 1978) eta Abuztuaren 15eko bazkalondoa (GAK, 1979), baina 80ko hamarkadan poesia bereziki landu zuen: Arrotzarena neurtitz neurgabeak (GAK, 1983), Bertso-paper printzatuak (Elkar, 1986), Mintzoen mintzak (Elkar, 1989). Hizkuntzaren lanketa, erritmo eta neurrien jokoa, Susa argitaletxeak XX. Mendeko Poesia Kaierak bilduman kaleratu zuen Joxe Austin Arrietaren poemen antologia. Osorik eskaintzen dizuegu.

Eka 18 06

W.H. Auden: “Poesiarik benetakoena, itxurakeriarik handiena”

T.S. Eliot ostean ingelesezko literaturan marka eta hondar gehien utzi duen poetatzat daukate Wystan Hugh Auden (York, Ingalaterra, 1907-Viena, Austria,1973). Ozeano Atlantikoaren bestaldetik zetozen ingelesez idatzitako poesiaren berrikuntzarik nabarmenenak XX. mendean: Elioten beraren edo Ezra Pounden poemak ziren besteentzat bidea zabaltzen zutenak. Audenek, ordea, tradiziotik Yeats arteko zubi berri bat egin zuen. Poesia modernoaren aitatzat daukate askok ondorioz.

Eka 15 06

Arrakalak ikuskizuna sarean

Urte bitan ia 30 emanaldi eskaini ostean, Bihotz Bakartien Klubaren Arrakalak ikuskizuna azkenburura dator. Ekainaren 15ean (osteguna) hondarrekoa izango da Zaldibarreko eskolan, iluntzeko 20:00etatik aurrera. CDa ere grabatu dute ibilbide luzearen ospakizun, eta berorren edukia dasta dezakezu orain Interneten. Audioaz gain, animaziozko laburmetraiak eta beste zenbait testu osagarri topatuko dituzu orrialde horretan.

Eka 15 06

Rikardo Arregi Diaz de Herediaren poemak

Unibertso poetiko indartsua aurkeztu zuen Rikardo Arregi Diaz de Herediak 1993an, Erein etxearekin Hari hauskorrak plazaratu zuenean. Eta ahotsaren indarra berretsi bost urte geroago, Kartografia (Alberdania) lanarekin. 2002an Susak kaleratutako XX. Mendeko Poesia Kaierak bilduman bere poemen antologia argitaratu zen, orain osorik dakarkizueguna.

Eka 11 06

Jorge Riechmann: “Erresistentziaren ideia hor dago beti”

Ekologista eta poeta izaki, Jorge Riechmanek jarrera aktiboa eta kritikoa erakusten du literaturan zein bizitzan. Hitz jokoa egin eta, dio, abizenak usnaka dabilena dela. Abizena alemaniarra, bera Madrilen jaioa 1962an. Aitonarengandik datorkio abizena. Matematika zientzietan lizentziaduna. Gazterik poemak idazten hasia, beste giza dimentsio bat, politikoa, Espainia NATOtik ateratzeko mugimenduarekin garatu zuen. Geroztik mugimendu ekologistan aritua. Egun, Comisiones Obreras sindikatuko ISTAS (Lan, Ingurumen eta Osasunerako Institutu Sindikala) institutuko liberatua da. Bere burua marxistatzat du (oraindik), konprometitua, egunkaria guraizeekin eta boligrafo gorriarekin irakurtzen duena. Kritikoa.

Eka 08 06

Hizkuntzaren sukaldean

Jean Baptiste Arxuren heriotzaren 125. urteurrena dela eta, hark Luis Luziano Bonaparteren engarguz itzulitako testu zenbait aurki ditzake irakurleak Klasikoen Gordailuan Itzulpenak izeneko estekan. Era berean, zuberotarraren hiru garaikide ospetsuren itzulpenak erantsi dira ondoren, guztiak L.L. Bonaparteren aginduz burutuak eta A. Iturriagaren Jolasak oinarritzat hartuz: J. Duvoisinen Iturriagaren Solastaldiak lapurteraz, E. Intxausperen Iturriagaren Elhestaldiak zubereraz eta J.A. Uriarteren Iturriagaren Berbaldijak bizkaieraz.
Autore ezagunik gabekoen artean, azkenik, sukaldaritzaren arloko ale bat, Eskualdun kozinera (1864), eta irakaskuntzaren inguruko bitxikeria, Irakasdearen eskugarria (c. 1868, 2004).

Eka 08 06

Borgesen Ipuin hautatuak

1986ko ekainaren 14an hil zen, duela 20 urte, Jorge Luis Borges. XX. mendeko literaturgintzan erreferente handia, poesia, saiakera eta, batez ere, ipuingintza izan zituen lan eremu idazle argentinarrak. Ficciones, El Aleph, El libro de Arena, El hacedor… hainbat narrazio-liburu gogoangarri idatzi zituen. Literatur aldizkarietan, Maiatz-en 1985ean —Beste buruz-buruko gudua— eta Txistu & Tambolin-en 1992an —Deutsches requiem—ekarri ziren euskarara haren ipuin bi. Eta 1998an, Literatura Unibertsala bildumaren barruan, Juan Garziak bere ipuinen antologia bat euskaratu zuen, Ipuin hautatuak. Hementxe irakur ditzakezu.

Eka 04 06

Jean Arp: zoria zori

1966ko ekainaren 6an, duela berrogei urte, hil zen Jean Arp, Hans Arp izenarekin ere ezaguna. Eskultura eta pintura lanak egiteaz gain, hainbat poema liburu idatzi zituen. Collage edota eskulturen oinarrian poesia zegoela zioen. Hain aipatua ez izan arren, garrantzitsua da bere obra poetikoa.

Mai 28 06

Paperezko hiri horiek, literaturarenak

Literatura existitzen denetik existitzen da hiria literaturan. Errealak dira literaturako hiri batzuk, fikziozkoak beste batzuk. Hiri irudikatuak dira guztiak.

Mai 25 06

Kardaberazen idazlan guztiak sarean

Iragarri bezala, gaurko Literatur Emailu honen bidez Agustin Kardaberazen lan guztiak kontsultatzeko aukera paregabea zabaltzen da azkenik sarean. Aurrekoetan argitaratutakoez gainera, irakurleak honako idazlan berri hauek ikusi, irakurri, dastatu eta erabili ahal izango ditu oraingoan gure Klasikoen Gordailuan: Aita San Ignazioren bizitza laburra [1767; 1901], Ama beneragarri Josefaren bizitza [176?; 1882], Senar emazte santuak (1766), Deboziño batzuk (1764), Jesus Maria eta Joseren debozioa (1764; 1824) eta Meza eta komunioa [176?; 18??]. Badu, beraz, non bazka letrazaleak!

Mai 25 06

Baldendin Enbeita jaio zela 100 urte

1906an jaio zen Balendin Enbeita, berak esan zuen legez “Balendin Berriotxoa, Elorrioko semea, beato egin eben egunean, Lorailaren 20an”, Muxikako Usparitxan. Urretxindorraren semea, bere kasa azkar asmatu zuen hegan egiten bertsolaritza eta olerkigintzaren munduan. Gaztetandik kantuan hasia, hainbat plazatan jardun zuen bertso-kantari, Bizkaiko txapela lau aldiz jantziz, eta aldizkarietan ere eman zituen argitara bertso eta olerkiak. Gerra ondoren —gerra eta espetxea, biak ezagutu zituen— bertsolaritzaren sustatzaile nagusietako bat izan zen; besteak beste, lehenengo bertsolaritza eskola sortu zuen. Bere bertso eta olerkien bilduma bat kaleratu zuen Auspoa sailean, Nere apurra, 1974an. Eta 1986an Bizitzaren joanean plazaratu zuen, Elkar argitaletxearekin, memoria liburua. Biak eskaintzen dizkizugu osorik.

Mai 25 06

Txistu y tamboliñen seigarrena

Fermin Eguren, Lodinowsky, Bernardo Kapanaga, Kapez Kap… sinadurak irakurri eta Txistu & Tambolin aldizkaria duzula begien aurrean da pentsatzekoa. Durangaldeko taldea berriro ere aldizkaria egiteari lotu zitzaionetik, seigarrena plazaratu dute. Interneten plazaratu, hain zuzen ere, paperezko ediziorik ez baitu orain aldizkariak. Poemak, narrazioak, testuak, ironia, kritika… topatuko dituzu 6. honetan, “Txistu & Tambolin… … y lo malo de ser pobre es que ocupa todo el tiempo” izenburua duen honetan.

Mai 25 06

Bingen Ametzaga, itzultzaile aitzindaria

William Shakespeareren Hamlet eta Juan Ramon Jimenezen “Platero eta biok” euskaratu eta 50etan argitaratu zituen Bingen Ametzagak. Gure literaturako itzultzaile aitzindarietako bat izan zen Ametzaga, 1901ean Algortan jaioa eta exilioan Caracasen hila 1969an. Bere poema sakabanatu eta argitaragabeak batu ditu Xabier Irujok Itsaso aurrean liburuan, bai eta ere poesia itzulpenak: Chaucer, Marlowe, Argensola, Whitman, Turgenev… edo Oscar Wilderen “Reading kartzelako balada” gogoangarria. Itsaso aurrean maiatzaren 30ean (asteartea) 11:30etan Donostiako Liburutegiko Sotoan aurkeztuko du Susa argitaletxeak.

Mai 21 06

Ramiro Pinilla: “Idaztea nekeza da. Norberarengan fedea izatea eskatzen du”

“Abertzaletasunak bere mitoak sortu dituen bezala”, Ramiro Pinillak bereak sortu ditu Verdes valles, colinas rojas trilogian. Bereak gehiago gustatzen zaizkio. Ramiro Pinilla (Bilbo, 1923) bere liburuetan erakusten duen Getxo horretan bizi da. Andre Mariaren ermitatik gora. Walden izeneko etxean. Berritan Espainiako Kritikaren saria eman diote Ramiro Pinillari. Lan hori amaituta esan zuen orain bazekiela zergatik edo norengatik idatzi zuen.

Agenda

Efemerideak

Kritikak