Juan Ignazio Urangaren umore berezia
Juan Ignazio Uranga idazlea dakar aste honetan Klasikoen Gordailuak: bere antzerki-lanak, zehazki. 1863an Errenterian jaioa, Donostiako Lore Jokoetan 1887an saritutako Urtearen lau erak poemarekin plazaratu zen, eta olerkigintzan jarraitu zuen, baina bere literatur lan nagusiena antzerkigintzaren alorrean egin zuen. Hala antzeztokietan jokatutako lanak (Aritzaren zumo gozua, kasu), nola aldizkarietan —Euskal Erria-n eta Euskal Esnalea-n— argitaratutako bakarrizketak.
Etorri errazeko idazlea, bere antzerki-lanak bizitasun handikoak dira, elkarrizketa laburrez osatuak normalean, neologismoek apenas ukitutako herri hizkeran, ez kultua ezta herrikoiegia ere ez dena. Hitzaren zaleagoa dramaturgiarena baino, badute oso eite interesgarria bere antzerki lanek, batez ere lehen garaikoek. Komedia alorrekoak, jostirudi irri-eragileak, irria eragiteko darabiltzan hitz-joko, esapide eta pertsonaien arteko hitzezko dema biziaz gain, ero puntu bat dute elkarrizketek —erotasuna presentzia duen gaia da bere obran—, obra dialogo eta egoera absurduetara hurbiltzen dutena. Aritzaren zumo gozua bere lehen antzerki-lanak, batez ere. Pello pertsonaiaren bidez batik bat, ferian Praixku artzainarekin eta haren kideekin dituen elkarrizketak giro eroa hartzen dute, ekintza, gertakizun aldetik, apenas dagoen obra batean. Manu antzezlanean ere gordetzen du umore zoroarekiko joera, aurrekoan baino txikiagoa bada ere. Obra kostunbristak dira —pertsonaia eta paisaje aldetik batez ere—, jakina, ez dituzte pertsonaiek gai eta kezka traszendentalek hartzen, baina gidoian giro eroak badu presentzia. Bi obra horiez gain, Euskal Errian argitaratutako 10 bakarrizketa (Ero algara; Euskaldun bat; Gizon galanta; Osasungaia; Nekazaiya; Nere diruak; Zein da nere zale?; Sorgiñak; Aideko txoriya; Mari) eta 1909 Barojarekin plazaratutako Neska jakinzaleai iru bakarizketa lanak ere badakartzagu.