Urr
07
24
Araua eta arrakala. Bien arteko tentsioan ageri zaizkigu ipuin hauetako protagonistak. Emakumezkoak dira ia denak, eta gizonez ari dira, nagusiki. Haiek euren gorputzetan, memoria afektiboan eta egunerokoan utzitako arrastoez. Gizonekiko espektatibez eta dezepzioez: unean bertan egin eta esan ez ziren horiez. Aitak —odolekoak, kulturalak, politikoak—, maitaleak, adiskideak ageri dira kontakizunotan. Tesi zuzendari, editore eta militante “idealizatuak”; hiru laguneko gorputz bakar bat frenorik gabe aldapan behera; Zarautz, Elgoibar, Kuba —“desira aplastante bat”—; whatsapp bidezko literatura lezioak; ezin bete diren promesak urpean eta naufragatzen utzitako bizi-puskak; hiltzen jarraitzen duen aita bat, alargun igerilari bat. Tarteko jendearen presentzia aztoragarria eta hizkuntzaren dardara bizia. Zortzi istorio askotariko eta hurbileko bildu ditu Uxue Alberdik bere hirugarren narrazio liburuan. Zortzirak dituzue irakurgai sarean.

Urr
03
24
Egungo poeta galego handietarik bat da Lupe Gomez. Antzerkigile, kiritikari eta kazetari ere badenak, liburu mordoxka ditu argitara emanak. 2018an Kritika saria jaso zuen Camuflaxe poemarioak, eta hain zuzen hortik euskaratu ditu Xabier Bovedak hainbat poema, Idatz & Mintz aldizkarian plazara eman eta hemen eskaintzen dizkizuegunak. Hauxe dio itzultzaileak obra horretaz: “Testu osoan zehar landa giroko haurtzaroa agertzen da, eta amaren (liburuko pertsonaia nagusia) heriotzarekin amaitzen da. Egileak esperientzia intimotik esperientzia unibertsalera gidatzen gaitu modu zuzen, baina baita harrigarrian ere. Materia, haragia, lurtasuna esperientzia horren erdigunean daude”.

Ira
27
24
Mendeurrena du irailaren 27an Josef Skvorecky idazle txekiarrak. II. Mundu Gerra eta nazismoaren mingotsak ezagututakoa, jazz zale handia —saxofoi-jolea izan zen—, idazketan eta edizioan jardun zuen. 1968ko Pragako Udaberriko altxamenduaren karietara Kanadara erbesteratu zen, eta han jarraitu zuen idazten eta berak sortutatko eta urte luzez zuzendutako argitaletxean idazle txekiarrak eta eslovakiarrak argitaratzen. Hainbat eleberri eta saiakeraren egile, Txekiako XX. mendeko prosaren berritzaileetako bat, euskaraz Mundu mingotsa (Alberdania, 1996) narrazio-liburua irakur dezakegu, Karlos Cidek egindako itzulpenean. Hemen dituzu liburu horretako lau ipuin.

Ira
24
24
Israelek Libano inbaditu, bonbardatu, sarraskitu zuen 2006an. Hitz hauek idatzi zituen Jon Benitok Berria-n: “Beirut setiatuaren argazkiak egunkarietan. Beirut suntsitua begi bistan: etxea zena harritzar piloa da orain. Sabairik gabeko etxeen ondoan zuzen aparkatuta zeuden bi auto kaltetuta argazkian. Hori balitz guztia. Ez balitz jendea”. Gaur idatzita ere balio dute. Baina sorkuntza eta literatura ere bazela Libanon, eta erakusgarri Libanoko 13 poetaren testuak euskaratu zituen. Hona hemen.
Eurak dira Libano libre, Libano erresistenteko poetak. Eurak gaurko Libano setiatuan. Euren ohoretan.

Ira
20
24
Irailaren 21ez aldarrikatu zuen independentzia Armeniak, SESB desegin zeneko 1991 hartan. Data aproposa hango ahots handietako bat euskarari ekartzeko. Idazle eta kazetaria, 16 poema-liburu eta hainbat artikulu eta saiakera argitaratua da Hrant Alexanyan, Armeniako Artsakh-en 1961ean jaiotako poeta. Bere obra zenbait hizkuntzara itzuli dute, eta bera ere itzulpen-lan handia egindakoa da, besteak beste Joseba Sarrionandiaren poemak, berak zuzentzen duen argitaletxean publikatuak. Harkaitz Canok Alexanyanen sei poema euskaratu ditu, hemen aurkezten dizkizuegunak.

Ira
12
24
Nafarroako euskaltasunaren bultzatzaile handi bat izan zen Fermin Irigarai Larreko. Auriztarra, mediku lanetara ikastoki izandako Madrildik Nafarroara itzuli zenean arrapiztu zitzaion euskara lantzearen harra, eta beste zenbait eragiletza lanez gain, artikulugintzan egin zuen ekarpen handia garaiko agerkarietan. Libururik argitaratu ez bazuen ere, Sendoa argitaletxeak bi liburuetan bildu zituen haietako hainbat, Klasikoen Gordailuan irakur daitezkeen Lekukotasuna eta Nafarroatik. Duela 75 urte hil zen, 1949ko irailaren 3an.
Ira
12
24
Joan den abuztuaren 12an 100 urte beteko zituzkeen Xabier Gereñok. Lehenagotik ere narrazio eta nobelak idatzitakoa, online daukagun Hiltzaile baten bila eleberriarekin, 1975ean, abiapuntua jarri zion gure literatura industrialari, genero beltzean, Jurgi kapitainaren abenturekin. Liburu xaloak, ez edukian ez idazkeran tolesturarik daukatenak, 30etik gora idatzi zituen 1990era bitarte. 1977an argitaratutako Espioitza, Gudari bat eta Iruneako asasinatzea ere irakurgai dauzkazu, eta baita Estalki zuriaren misterioa ipuina ere. XXI. mendean antzerki-lanak idazteari berrekin zion —80etako hasierakoak baditu batzuk—, testu mordoa osatuz (eta taularatuz azken urteetan bizi izan zen egoitzan). Ganbila.eus-en daukazu haietarik bat: Euskal ikastola.
Ira
05
24
Frank O’Hara poetak zuzendutako lehen erakusketaren pase berezia New Yorken. 1960ko uda. Espainiako pintura eta eskultura berriaren lagin on bat biltzea da ideia, eta hautagaien artean daude nazioartean sona hartzen ari diren Oteiza eta Chillida izeneko artista bi ere. Artea erregimen frankista zuritzeko baliatu ez dadin adi daude, aldiz, beste zenbait. Eta, bitartean, O’Harak, lanak lan, Vincent Warren dantzari eta maitalearengan du jarrita bere gogo biziena.
New York, Madril, Irun, Montevideo, Donostia, Miarritze. John Ashbery, Grace Hartigan, Luis Gonzalez Robles, Antoni Tapies, Diane di Prima, Ramos ahizpak. Iragan mendearen erdialdea igaro berritan, AEBetako eta Europako kultur mundua astindu zuten dozenaka izen sartu-irtenean dabiltza kontakizun honetan, argiaren —hala itsasertzeko egun batena, nola etxe-orratzen bitarteetakoa—, minduraren eta begirada ironiko bezain alai baten artetik. O’Hararen poemetan gertatzen den bezalatsu, hain justu. Haietako bati zor dio izena Beñat Sarasolaren bigarren nobelak. Osorik irakur dezakezue sarean: Coca-Cola bat zurekin.

Ira
03
24
1899ko irailaren 3an jaio zen Errose Bustintza Mañariko, idazle eta ekintzailea. Haren ipuinak online irakur daitezke Armiarman, ipuin eta artikuluak ere bilduta daude Jakin-en webgunean, Emakume Abertzale Batzari eskainitako gunean —kide esanguratsua izan zen Bustintza—, eta poemaren bat edo beste ere irakur liteke Euzkadi agerkarian publikatuak. Garaikide izan zuen Aurora Bertrana idazle katalana. Senarraren lanbidearen karietara munduan ibilia (Polinesiatik bidaltzen zituen kronikak Kataluniara), ERCko militantea, erbestea sufritu zuen eta 36ko gerrak inposaturiko garai grisa bizi izan zuen. Irailaren 3 batez hil zen, duela 50 urte. Joannes Jauregik Papetee modernoa idazlana euskaratu eta argitara eman zuen Egan aldizkarian.
Abu
30
24
1949ko abuztuaren 27an hil zen Ander Arzelus Luzear, 51 urte bete berri. Jardun esanguratsuetan emandako urteak, XX. mendearen lehen erdialdeko ekintzaile politiko eta kulturgile handia izan baitzen Luzear. Idazle eta kazetaria, El Dia egunkariaren euskarazko orriaren arduraduna izan zen, Argia-ren sortzaile eta zuzendaria, hizlari eta ekintzaile jeltzalea (Joseba Rezolari guardia zibilek atxilo zuten trenetik ihes egiten lagundu zion, Kirmen Uribek kontatzen du pasadizoa Elkarrekin esnatzeko ordua eleberrian), erbestean Euskadi Irratiaren sustatzailea… Kazetari lan ugariaz gain, antzezlanak idatzi zituen, hemen irakurgai dituzuen Gibel handi eta Neskamearen marmarrak; eta ipuinak ere landu zituen, hona Gizarajoa!. Gerra galduta, espetxean sei urte eman zituen, Donostiara itzuli eta “lanean” jarraitu zuen, eta azkenik 1945ean erbesteko bidea hartu behar izan zuen. Baionan hil zen, duela 75 urte, eta haren bizitzaren berri zehatza jaso liteke Jonan Zinkunegi Arzelusek, bilobak, Amale bere ama eta Luzearren alabari —emakumezko lehenengoetako euskal irrati esataria— entzundakoak jasota idatzitako biografian.
Abu
21
24
Arrazaren erreibindikazio-saioa da James Baldwinen lanaren funtsa, ardura erlijiosoaren ukitu ezabaezinarekin, eta horren adibide bere lanik ezagunenetako bat, Zoaz mendira aldarrikatzera (Ibaizabal, 1996), Literatura Unibertsala bildumarako Juan Mari Mendizabalek euskaratua. Baina eskubide zibilen aldeko ekintzaile ere izan zen idazle honen lanetan homosexualitateak (Giovanniren gela) eta bestelako kezka sozialek ere tokia dute. Hegoak, poor Richard narrazioa itzuli zuen Iñigo Aranbarrik (Susa aldizkaria 27, 1991). Mendea bete da abuztuaren 2an haren jaiotzarena, eta biharamunean 100 urte, halaber, Joseph Conrad idazlea hil zela. Iñaki Ibañezek ekarri zuen euskarara Ilunbeen bihotzean eleberria (Ibaizabal, 1990, Literatura Unibertsala), eta euskaraz ere irakur daitezke beste zenbait lan, besteak beste Salataria —Juan Mari Mendizabalek euskaratua— eta Josu Zabaletak itzulitako Gaspar Ruiz narrazioak. Kasualitate polita ez al da egun bateko aldearekin hiltzea XIX. mendeko inperioen Europaren ordezkari izan daitekeen Conrad eta jaiotzea XX.ean arrazismoak zapaldutakoei ahotsa jarri nahi izan zien Baldwin?
Abu
16
24
125 urte bete dira joan den abuztuaren 11n Alejandro Tapia Perurena idazlea jaio zela Iruñean. Hiri berean hil zen 58 urte geroago, ilunean, 36ko gerrak isiltasunera bultzatu zuen olerkaria. Euskal Esnalea-n eman zituen argitara bere lehen bi poemak, 1925ean, eta geroztik hainbat agerkaritan publikatu zuen, Olerti Egunetan parte hartu zuen, izan zen nor gerraurreko giro euskaltzalean, 36ko kolpeak “gure gizona kulturalki hil zuen arte”, bere poemen antología bildu eta eskaini zigun Joxemiel Bidadorrek definitu bezala. Poemokin batera, Kattalin umezurtza antzerki-lana ere eskaintzen dizuegu.
Abu
07
24
Ehun urte bete dira 2024ko abuztuaren 7an Joan Salvat-Papasseit poeta kataluniarra hil zela. Autodidakta, proletarioa eta abangoardista, Pamiela etxearekin argitaratutako haren antologian Koldo Izagirre itzultzaileak hitz hauek zekartzan hitzaurrean: “Bere poesiaren indarrak egundaino iraun badu, inguruan dauzkan elementu errealistak modu guztiz libre eta berrian lotu zituelako da. Abangoardia egiten zuela jakin gabe zen poeta, berez zetorkion freskotasun ingenuo eta baikor batean”. Idazlearen heriotzaren mendeurrenan, hona hemen poema antologia osorik, eta baita Gerardo Markuletak Zenbait poeta katalan-Antologia liburuan, Literatura Unibertsala bilduman kaleratua, euskaratutako Salvat-Papasseiten zortzi poema ere.

Uzt
30
24
Ipuin bikain askoak idatzi zituen Katherine Mansfield-ek, bere garai eta batez ere inguruaren erretratu zehatzak eginez, pertsonaia eskuarki emakumezko indartsuekin, eta haietako hainbat irakur ditzakegu euskaraz. Zeelanda Berrian jaiotako idazle britainiar honek, dena den, idatzi zuen ospetsu egin duten narrazioetatik at, eta horren erakusgarri Izaskun Etxebeste Zubizarretak euskarari ekarri dizkion Mansfielden hamalau poema, bere poesiaren lagin ederra.
Uzt
25
24
1966ko uztailaren 25ean, duela 58 urte, hil zen Frank O’Hara poeta estatubatuarra, eta haren lau poema dakarzkizuegu, Beñat Sarasolak itzuliak. Hain zuzen ere, O’Hararen bizitzan oinarrituta dagoen Sarasolaren Coca-Cola bat zurekin nobelan ageri dira poema hauek. Nobela irailean argitaratuko du Susa argitaletxeak.
