Abe 15 11

127 klasiko gehiago
liburu elektronikoetan

Pierre Urte, J. Bautista Agirre, Etxahun, J. Ignazio Iztueta, J.M. Hiribarren, J.P. Arbelbide, Kirikiño, Larreko, Emeterio Arrese, Orixe, A.M. Labaien, Nemesio Etxaniz, Telesforo Monzon, Lotsati, Piarres Larzabal, Mariano Izeta, Salbatore Mitxelena, Martin Ugalde, Jon Mirande, Mikel Zarate, Manex Erdozaintzi-Etxart… euskal literaturako 127 klasiko gehiago ekarri ditugu Armiarmako Liburu Elektronikoa gunera: 39 poesiazko, 32 antzezlan, 19 narratibazko, 19 kronika eta saiakera, 18 erlijiozko. Gisa honetan, joan den urtarrilean abiatu genuen egitasmoan orain 377 liburu elektroniko dauzkazu guztira, epub eta pdf formatuetan doan emanak.

Abe 09 11

Oskillaso jaio zela 100 urte

Jose Basterretxea “Oskillaso” 1911ko abenduaren 9an jaio zen Madrilen. Matematika eta Fisika ikasketak egin zituen, Parisera alde egin zuen gerra sasoian, eta 1955ean Iruñera etorri zen bizitzera, 1996an hil zen arte. Hiru nobela ezagutzen dizkiogu liburutan argitaratuak: Kurloiak, Gabeko atorra eta Euskaldunak Madrilen, baina bada beste bat 1964an idatzi eta 1967an Egan aldizkarian plazaratua: Akats bako gizonaren heriotza, detektibe generokoa, etengabe umore zipriztinez gozotua, gaurko grafiara egokiturik eskaintzen dizuguna. Horrez gain, Eganen argitaratutako narrazio laburrak ere irakur ditzakezu.

Abe 01 11

Twist, Harkaitz Cano

Soto eta Zeberio bahitu, torturatu, hil eta desagerrarazi egin zituzten. Diego Lazkano idazleak gogoan betiko txertaturik daramatza bi lagunak, ezin ditu oroimenetik uxatu, bi itzal haietatik elikatzen ari da hogeitaka urtetan. Errua, maitasuna, traizioa, sexua, indarkeria, lotsa, justizia, erredentzioa, antzezpena… asko dira Harkaitz Canoren Twist nobelaren hariak, baina denen gainetik nagusitzen da adiskidetasunari egindako kantua. Eleberria osorik eskaintzen dizugu sarean, abenduaren 1ean aurkeztu aurretik.

Aza 28 11

Koldo Izagirreren
nobela berria

Egarri egunak portualdean nobela aurkeztuko du Koldo Izagirrek azaroaren 30ean. Egarri egunak, bai, 1977ko uda hartakoak: asean gozatu nahi ditu gazteria matxinatu batek askatasuna, maitasuna, berdintasuna, edertasuna. Egarri anitz honek gatazkan murgilduko du heziketa sozial eta sentimentalean aurreneko pausoak ematen ari den protagonista, hats kolektiboaren eta indibidualismoaren artean bere ezintasun, ahuldade eta ametsekin. Liburua Durangoko Azokara iritsi baino lehen eskaintzen dizugu sarean.

Aza 24 11

Laugarren Ahotsenea

Durangoko Azokan egunero zabalduko da Ahotsenea. Musikari eta idazle, 350 sortzaile inguruk parte hartuko du 95 ekitaldiko egitarauan. Idazle hauek izango dira: abenduaren 4an Yolanda Arrieta, Xabier Mendiguren, Pako Sudupe, Leire Bilbao, Fernando Morillo, Iñigo Aranbarri; abenduaren 5ean Xabier Artola, Daniel Landart, Joseba Azkarraga, Gaizka Zabarte; abenduaren 6an Kepa Larrea, Martin Etxeberria, Unai Elorriaga, Irati Jimenez, Jeremias Erro, Tere Irastortza, Goizalde Landabaso, Asel Luzarraga, Lutxo Egia; abenduaren 7an Juan Gorostidi, Ana Urkiza, Xabier Suobelet, Casado da Rocha, Fito Rodríguez, Harkaitz Cano; abenduaren 8an Mitxelko Uranga, Xipri Alberbide, Eñaut Etxamendi, Jimenez Maia.

Aza 22 11

Jack Londonen Sua piztu

Jack Londonek 1908an argitaratutako kontakizuna da Sua piztu (To Build a Fire), Iñaki Ibañezen itzulpenez eskaintzen dizuguna. 1970ean pelikula egin zuen David Cobhamek, Ian Hogg aktorearekin eta Orson Wellesen offeko ahotsarekin. Henderson errekaren ezker adarreko meategi zaharra zeukan jomugatzat gizonak, husky zakur batek jarraitzen ziola. Ilundu eta pixka bat geroago, seietan iristea zen helburua; sua piztuta egongo zen han, afari beroa prest. Hotza ikaragarrizkoa zen arren, 50 gradu zero azpitik gizonarentzat horixe besterik ez zen: 50 gradu zero azpitik. Hori baino zerbait gehiago izan litekeela, buruan sartzen ez zitzaion ideia zen.

Aza 17 11

Lehen aldiz Parisen

Gaztetan surrealisten lagun, gero Gallimard etxeko argitalpenen arduradun, nobela ugariren autore, kantu idazle, zinemarako dialogo egile, OuLiPoren sortzaile… XX. mendeko idazle frantses handienetakoa izan zen Raymond Queneau. Parisera aurreneko aldiz iritsi den neskato baten istorio xarmant, ironiko eta ateraldiz betea irakurtzea proposatzen dizugu asteon: Zazie metroan. Ama amorantearengana joan da bi egunerako eta alaba osabarekin utzi du; metroan ibiltzeko irrikatan da Zazie, baina greban daude hango langileak. Joxan Elosegiren itzulpen apartarekin batera, hitzaurre argigarri bat daukazu.

Aza 09 11

Joseba Sarrionandiaren Kartzelako poemak

Bost urteko espetxealdian (1980-1985) idatzitako poemez eta presondegitik ihes egin osteko pieza batzuez agertu zuen gatibu esperientzia Joseba Sarrionandiak, 1992an argitaratutako Kartzelako poemak liburuan. Orain edizio berrituan plazaratu du Susak, gaurko grafiara aldaturik eta sei poema gehiagorekin. Liburuan oinarrituta, errezitaldia egingo dute Joxemari Iturraldek, Jon Benitok, Mikel Etxaburuk, Oier Guillanek eta Jose Luis Otamendik azaroaren 10ean (osteguna) 19:00etan Donostiako Doka kafe antzokian.

Aza 05 11

Emailuak twitter bidez

Aurrerantzean Literatur Emailuak twitter bidez ere zuzenean jaso ahalko dituzue.
@armiarma helbidean automatikoki argitaratuko dira, egunez egun.

Aza 04 11

George Brassens, 14 kantu

Duela 30 urte, 1981eko urriaren 29an hil zen George Brassens poeta, chanson izenekoaren ordezkari gorenetako bat. Fedegabea, libertarioa, irreberentea, probokatzailea… ziento bat kantu osatu eta abestu zituen, eta erreferentzia bilakatu munduko entzule askorentzat. Xabier Letek haren 3 kantu moldatu zituen, eta Anje Duhaldek 2001ean George Brassens Kantari diskoa plazaratu zuen 9 abestiz. Horiez gainera, Josu Landak euskaratutako bi eta 1985ean Akademia Sekretuaren Egutegia-n agertutako bat eskaintzen dizkizuegu denak batera.
(gehiago…)

Aza 02 11

Susako liburuak e-book moldean

Poesia eta narratiba bildumetako liburuak e-book moldean eskainiko ditu aurrerantzean Susa literatura argitaletxeak. Katalogoa 66 idazleren 142 libururekin abiatu da, bi formatutan emanak: epub eta pdf. Deskargak DRM kontrolik gabe egingo dira, irakurleak testuak kontsultatu ahal izango ditu erosketa egin aurretik, eta titulu guztiek prezio berbera izango dute: 3,54 euro.

Urr 27 11

Tranströmer suediarraren zortzi poema

Naturaren edertasunak sortutako durduza agertuz eta bizitzaren laburraz hausnartuz murgiltzen da Tomas Tranströmer giza kondizioaren muinean. 1931ko urriaren 15ean jaio zen Stockholmen eta Literaturako Nobel Saria izan da 2011n. Zeru amaitu gabea eta beste poema batzuk izenburupean, Kirmen Uribek zazpi poema eta haiku sorta bat itzuli ditu Armiarmarako, Tranströmerren poesigintzara amiñi bat hurbiltze aldera, datorren urtean haren liburu bat euskaraturik argitaratu bitartean.

Urr 19 11

Zaharrak ez zuen hil nahi

Gaizka Zabartek bere lehen nobela aurkeztuko du urriaren 20an Susa argitaletxearekin. Heriotzazkoa eta maitasunezkoa da Zaharrak ez zuen hil nahi, ustekabez eta umorez zipriztindua eta dotoreziaz ondua. Ehorzleak larunbat goizeko zortzietan deitzen badizu, esanez zurekin hitz egin nahi duela eta ordubete barru hilerrira joateko, harritu egingo zara. Baina, kanposantuan zaudela, zure aitaren hobi gainean eserarazi eta ehorzleak esaten badizu kontu bitxi bat daukala zure aitari buruzkoa, orduan hunkitu egingo zaitu. Horixe gertatu zaio nobela honetako kontalariari, eta aitaren misterioa argitzearren bazterrak nahasten hasiko da. Hain da demasa! Kontakizuna osorik eskaintzen dizugu sarean.

Urr 12 11

Aitzol eta Jose Markiegi
hil zituzten duela 75 urte

Ondarretako kartzelan gatibu egondako Jean Pelletier frantsesak, torturatzen ari ziren gizon baten sufrimendua deskribatu zuen (6 meses en las prisiones de Franco). Koldo Izagirreren Sua nahi, Mr. Churchill? liburuko Martiria narrazioan ere honela irakurriko duzu: “eta orduan ikusi nian Aitzol, aurpegi osoa handitua, maspildua, eskuineko begia hutsik (…) Hidalgok saltarazi ziok begia, nire aurrean. (…) Giltza ingeles batekin jota lehertu zioan begia”. Biharamunean fusilatu zuten Aitzol, Hernaniko hilerrira eramanda, 1936ko urriaren 17an, duela 75 urte. Astebete geroago, urriaren 24 eta 25 arteko gauean, Lizardiren Itz-lauz liburuari hitzaurrea idatzi zion Jose Markiegi eraman zuten Ondarretatik Oiartzungo kanposantura; Telesforo Monzonek La delación olerkian ekarri zuen gogora Markiegiren hilketa.

Urr 10 11

Duela 200 urte jaio zen Xaho

Gaur berrehun urte dira Agosti Xaho jaio zela, Atharratzen 1811ko urriaren 10ean. Revue des voyants (1838), Ariel (1844) eta Uskal Herriko Gaseta (1848) agerkariak sortu zituen. Frantsesez idatzi zuen batik bat, liburuok adibidez: Paroles d’un voyant (1834), Voyage en Navarre pendant l’insurrection des basques (1836), Histoire primitive des Euskariens-Basques (1847) edo Biarritz entre les Pyrénées et l’Océan (1855). Xahoren euskarazko artikuluen bilduma Azti-begia eta Xahok apailatu baina sekula argitaratu ez zen Kantutegia, biak Patri Urkizuk plazaratu zituen 1992an eta 2006an.

Agenda

Efemerideak

Kritikak