Abe
06
23
Durangoko Azokan, Barrenkaleko ertzean topatuko dituzue aurten ere Susa literatura argitaletxeko liburuak. Abenduaren 6an (asteazkena) hasi eta abenduaren 10era (igandea) bitarte, aurtengo nobedadeak, azken urteetako liburuak, idazleak eta lagunak bertan izango gara, irakurleekin tarte bat hartu, eta literaturaz gozatzen saiatzeko.
Aurtengo nobedadeak
Lau narratiba liburu plazaratu ditu aurten Susak: Udaberrian Argialdiak Miriam Lukiren eskutik, eta udazkenean Juan Luis Zabalaren Dimisioa, Jon Alonsok Carvalho Euskadin, eta Lide Hernando Muñoz egilearen lehen nobela: Izotz ura.

Poesia sailean, hiru liburu argitaratu ditu Susak aurten. Fast fatum Libe Goitiaren lehen lana, Iñaki Irazuren Zakurrak zaunka eta Harkaitz Canoren azkena Ulu egiteko bolondres bila.

Jon Urzelaik, Euskal Herriko musika jaialdiak aztertzen dituen Su festak saiakera ondu zuen 2023ko udaberrirako.
Munduko Poesia Kaierak, Ganbila eta Lisipe
Narratiba eta poesia betiko sailez gain, azken urteotan proiektu eta ildo berriak ere jorratzen ari gara Susa argitaletxean. Munduko Poesia Kaierak bilduman aurten Bertolt Brecht, Mario Benedetti, Philip Larkin eta Pier Paolo Pasolini ekarri dituzte euskarara Irati Majuelo, Inma Errea, Juanjo Olasagarre eta Irene Hurtado de Saratxok.
Ganbila antzerki testuen bilduman berriz, udaberrian Hildako haurra eta Ura jaten plazaratu zituzten Gotzon Barandiaran eta Maddi Goikoetxeak, eta neguko irakurraldiak astinduko ditu Ander Lipusek Antzerkiaren labirintoan bi liburuekin.
Lisipe bilduma eta ildo feministan, Erresistentziarako gorputzak: bollerak gogoeta sortu du Eva Perez-Ponsek.
Urr
10
23
Irailekoak literatura ekitaldiaren baitan, Antonia Vicens idazle mallorkarra izan da gonbidatuetako bat. Eleberrigilea eta poeta, Balear Uharteetako egungo ahotsik sendoenetako bat da berea. Bisitaren karietara, Monika Etxeberriak zortzi poema ekarri ditu euskarara, irakurgarri jarri ditugunak.
maiatza
16
23
Jon Benitoren Etenari buruzko manifestu bat sei erretenetan testuak zabaldu zuen 2023ko Literaturia, 2023ko maiatzaren 5ean. Erretenetik erretenera, tarteka etenka baina et, et, et, eten barik, mintzaldi eder eta iradokitzaile batek abiatu zuen 2023ko udaberriko letren azoka, Zarautzen. Osorik edo zatika, zuk aukeratu erritmoa, eta gozatu manifestua.
Mar
08
23

Amodiozko haustura batek eragindako minetik ihesi, bolada baterako Landetara joango da, adiskide batzuek utzitako etxera; eta han, idazten hartuko du sosegua, bizitzako galerei, bere izateari, desamodioari eta askatasunari, idazkuntzaren zentzuari buruzko gogoetak paperera ekarriz.
2013ko martxoan horrela aurkezten genuen Literatur Emailuetan Miren Agur Meabe idazlearen Kristalezko begi bat nobela.
Bilbo Zaharra forum
10 urte geroago, Bilbo Zaharra Forumean solasgai hartu dute lana, eta hiru egunez nobelaren gainean arituko dira.
Urt
20
23
Euskal nobela beltzari eskainitako asteak, (H)ilbeltzak bederatzigarren edizioa du 2023koa. Beltza Baztanen argitzen da goiburupean, beste behin astelehenean hasi eta igandean akitu arte, denetarik izanen da Baztango herri ezberdinetan. (gehiago…)
Abu
25
22
Edorta Jimenez idazlea Eskozian burutuko den Transcending borders jaialdira gonbidatu dute, eta datorren abuztuaren 27an (larunbata) euskal literatura eta armiarma.eus ataria izango ditu hizpide Eskoziako Peebles herrian emango duen hitzaldian. Jaialdian, ibilbide poetiko bat ere egingo du Edorta Jimenezek bertako idazle eta literaturzaleekin, eta Mixel Ducau eta Caroline Philips musikariek kantu emanaldia eskainiko dute. Hipotesi demokratikoa Thomas Lacoste zuzendariaren filma ikusteko parada ere izango dute Transcending borders jaialdian.
Eka
16
22
Mende bat bete da aurten literatura unibertsaleko liburu esanguratsuenetako bat, Ulises, argitaratu zela. Besteak beste haren hizkuntza-konplexutasuna aipatzen dela, Xabier Olarrak ekarri zion euskarari obra ezinbestekoa 2015ean. Aurten, mendeurrena kari, James Joyceren lan nagusiaren edizio berri bat plazaratu du Igela argitaletxeak. Ulises eleberria ekainaren 16an gertatzen da, eta hori ospatzeko liburuaren zaleek Bloomsday izeneko eguna egiten dute Dublinen, liburuan aipatzen diren lekuak eta gertakizunak oroituz eta berbisitatuz. Aurten Iruñean ere izango dugu Bloomsday eguna. Eta urteurren berezi honetan, liburuaren pasarte bi dakarzkizuegu —liburuaren hasiera eta Molly Bloomen bakarrizketaren zati bat—, obra unibertsala dastagai.

Eka
02
22
“Urtsua deitzen dugun mazela bati josia bezala” dago Hegiko borda, eta hangoxeak dira Janbattit Dirassarrek luma trebez Hegiko Borda liburura (Elkar, 1995) bildu zituenak. Ume eta gaztetango kontakizunak, pasadizoak, bizipenak, toki bat bainoago bizimodu bat erakusten dutenak, inoiz ukitu kostunbrista izanagatik ere, bizi eta dotore azalduak. Jardunez eta jendez populatuak, interes handiz irakurtzen direnak. Ziburuko Liburu Azokan merezitako omenaldia jasoko du Janbattit Dirassarrek. Hona hemen irakurgai liburua, idazlea omentzen hasteko abiapuntu ederra izan daitekeena.

maiatza
27
22
Piztia izenburupean egingo du aurtengo jarduna Literaturiak, 2022ko maiatzaren 27tik 29ra. Gure literaturan piztien peskizan gehiegi jardun behar izan gabe, Zarautzen bertan aurkitu dugu Jesus Mari Olaizola Txiliku-k ondu zuen Piztiarioa, 2012an Elkar argitaletxearen eskutik plazaratutako liburua. Piztia literario eta ez-literarioak, mitologikoak, hezur-haragizkoak, historikoak… aurkituko dituzu online jarri ditugun atal hauetan.

Mar
30
22
Maxixatzen Euskara Elkarteak Geure gelatik izeneko liburu azoka antolatu du Azkoitian apirilaren 1etik (ostirala) 3ra (igandea) bitartean, emakumeek literaturan, kulturan eta bereziki liburugintzan egiten duten ekarpena balioan jarri eta bistaratzeko asmoz. Lehenengo egunean Arantxa Urretabizkaia idazleari Ibilbidearen aitortza egingo diote Juan Luis Zabala idazlea izango da aurkezlea. Larunbatean -apirilak 2, 12:00etan- Irati Jimenez idazleak Begiak zabalduko zaizkizue saiakera aurkeztuko du lehenbizi eta arratsaldean berriz Eider Rodriguez Eraikuntzarako materiala nobelari buruz arituko da solasean Iñigo Aranbarrirekin. Larunbat arratsaldean Goiatz Labandibar idazleak Amez liburua aurkeztuko du. Igandean -apirilak 3- azkenik, Gema Lopez itzultzaileak Edna O’Brien idazlearen Landa aldeko neskak aurkeztuko du eta eguerdiko 12:00etan. Azkoitiko Geure gelatik azoka amaitzeko emakumeek idatzitako liburuetatik aukeratutako testuen irakurketa. 25 lagunek irakurriko dute. Susa argitaletxea liburuekin, eta idazleak ondoan direla, bertan egongo da asteburu osoan.

Mar
27
22
Antzerkiaren Nazioarteko eguna ospatzen dugu urtero martxoaren 27an. Urtero, munduko antzerkigile batek manifestu bat idazten du egun honetarako. Sarritan, manifestua euskaratu eta gurean ere irakurri egiten da antzerkiaren inguruko mezu hori, aurten ere batean eta bestean manifestuaren irakurketa egingo da.
Antzerkiaren Nazioarteko eguneko mezua
– 2022ko martxoaren 27a, Peter Sellarsek idatzia (Ameriketako Estatu Batuak)

(gehiago…)
Mar
09
22
Martxoaren 7an hasita, martxoaren 27ra bitarte kultur ekitaldi anitz antolatu ditu Loraldiak Bilbon. Tartean literaturari eskainitako ugari: Bernardo Atxagak Etiopia liburuan idatzitako testu batzuekin plazaratu zuen duela 40 urte Hautsi da anphora diskoa, eta emanaldi berezia egingo dute Ruper Ordorikak eta Bernardo Atxagak martxoaren 11an (ostirala) Bilboko Euskalduna jauregian.
Irati Jimenez idazleak Euskal literaturaren historia sobrenatural bat aurkeztuko du martxoaren 17an (osteguna) 19:30ean Bilboko Itsas museoan eta Hedoi Etxartek Sortaldekoak liburuan oinarritutako errezitaldia egingo du Xabier Erkizia eta Broken Brothers Brass Band taldeko kideekin martxoaren 18an (ostirala) 19:30ean Bilboko Itsas museoan.
Maribel Aiertzak Ezer ez da dirudiena liburua aurkeztuko du martxoaren 22an (asteartea) 19:00etan Bilboko Elkar liburudendan. Azkenik, Amaia Lasa idazleak Walt Whitmanen poemak errezitatuko ditu Belar ostoak saio berezian martxoaren 23an (asteazkena) 19:00etan Bilboko Bidebarrieta liburutegian.

Mar
01
22
Gutun Zuria Bilboko letren nazioarteko jaialdia. Aurten itzulpengintza izango da jaialdiaren ardatza, eta mundua bera itzultzeaz arituko dira besteak beste. Itzuliz usu mundua izenburuko aurtengo ekitaldietan euskal idazle anitz izango ditu Gutun Zuria jaialdiak parte hartzaileen artean: Unai Elorriaga, Uxue Alberdi, Miren Agur Meabe, Beñat Sarasola eta Kirmen Uribe besteak beste.

(gehiago…)
Ots
28
22
1937 eta 1958 bitarteko urteetan Gernika eta Bermeo arteko trenbidea berreraiki zuten lan bortxatuetara zigortutako presoek, gerra galdu eta esklabotza-egoeran lan egitera behartuak. Omenaldi instituzionala jaso dute joan den aste honetan. Literaturan omenaldia Edorta Jimenezek egin zien, 1993an Susa argitaletxearekin kaleratutako Azken fusila eleberri bikainean. Osorik irakurgai dagoena, garai ilun eta gogor hartan murgil egin dezakezue Onofre pertsonaia ahantzezinaren uberan.

Ots
03
22
Sukaldeko Solasaldiak jardunaldien baitan, Uxue Alberdik Hizkuntza gutxitu batean kozinatzea hitzaldia prestatu eta zerbitzatu zuen 2021eko irailaren 28an, munduko bost hizkuntza zailenen artean omen dagoen mintzaira honetan sortzen dutenek ere ez daukatela erraza erakutsiz, lapiko eta su artean ondutako mintzaldi batean, entzuleei oso plater ederra eskainiz. Irakurtzeaz gain, solasaldiaren bideoa ere ikusgai dago.