Ots
13
25
Lugoko harresietan gordetako poetatzat aurkeztu ziguten Luis Pimentel idazlea Susa-Amerika aldizkariarekin batera banatutako Galegoz heldutako poemak- Poemas náufragos liburuan. Gaurko egunez hil zen, 1958an. Urtarril amaieran izan zen Manoel Antonio poetaren heriotzaren urteurrena. Eta bi horiekin batera, beste sei poeta galego erreferentziazkoen poemak dakartza liburuak (Luis Amado Carballo, Alvaro Cunqueiro, Aquilino Iglesia Alvariño, Luis Seoane, Celso Emilio Ferreiro, Manuel Maria), elebitan, Joseba Sarrionandiaren itzulpenean, Koldo Izagirreren hitzaurrea dakarrena. Galiziako poesiaren tantatxo batzuez dastatzeko harribitxi bat.

Ots
10
25
Gaur egun munduaren zati handi batentzat amesgaiztoa haizatzen den lurraldean amets amerikarra zen boladako XX. mendearen erdialdean, eta hain zuzen sistema honekiko begiratu kritikoa zekarren Saltzaile baten heriotza antzezlanarekin lortu zuen Arthur Miller idazleak sona handia. XX. mendeko antzerkigintzan erreferentea den autorea, pertsonaia mediatikoa, ezkerreko ideologiarekin konprometitua, 20 urte dira otsailaren 10ean Miller hil zela. Bere obra nagusia, hemen irakur daitekeena, Xabier Galarretak ekarri zion euskarari.

Ots
07
25
10 urte bete dira joan den urtarrilaren 23an Pedro Lemebel idazle eta militantea hil zela. Sexu-askapena, gay izatea eta marjinaltasuna izan zituen bere lanetako gai nagusi, eta bere inguruaren eta mundu zitalaren aurkako kronista zorrotz eta gordina izan zen. Performanceak ere egiten zituena, idazkera berezi baten jabe, ahots disidente oso indartsua da berea. Militante komunista, alderdiaren ekitaldi batean performatu zuen lehenengoz Manifestua poema, orain hona dakarkizueguna Iñigo Satrustegi Andresen itzulpenean (31 eskutik blogean eman zuen argitara), zeina belusezko eskularru brillante batez emandako ukabilkada latza den. Elearazin ere argitaratu zen Lemebelen testu bat, Danele Sarriugartek euskaratua.
Urt
17
25
Duela 130 urte, urtarrilaren 17 batez hil zen Miguel Torga, XX. mendean Portugalek eman duen literatura ahots inportanteenetako bat. Eleberri eta poema-liburu askoren egilea, bere herrialdeko zirkulu literarioetan bazebilena, mediku ere jardun zuen -inguru txiroan jaiogatik, lortu zuen Medikuntza ikasketak burutzea-. Senez aldizkarian haren poema bat ere badago euskaratua (Itzulera), baina euskaraz Piztiak irakur daiteke, animalien protagonismoaz gizakiez eta bizitzaz mintzo diren ipuinak, Bego Montoriok itzulia, Alberdaniak 1997an argitaratua.
Urt
10
25
Argentinako poesigintzaren berritzaileetako bat izan zen Paco Urondo idazle eta ekintzaile politikoa; kazetaritza, antzerkia eta poesia landu zituena. “Trelewko masakrea” deritzona kontatu zuen La patria fusilada liburuan, fusilamendutik bizirik atera ziren hiru kideei espetxean egindako elkarrizketan oinarrituta. Militante montoneroa, bera ere espetxean egona, beste askok legez errepresioaren gordina jasan zuen —bera eta bere bikotekidea hil zituzten, eta alaba zaharrena eta suhia desagerrarazi—. “Zuen baimenarekin / nahiago dut bizirik jarraitzea” idatzia zuen, baina ez zioten baimenik eman: Argentinako Armadak tiroz eta buruan kulataz jota hil zuten Francisco Paco Urondo poeta, 46 urte zituela. Euskaraz irakur daiteke haren lanaren lagin bat: Jose Luis Otamendik euskarari ekarri zizkion zortzi poema 2016an, eta 2020an 14 poema Josu Jimenez Maiak.
Urt
09
25
120 urte bete dira urtarrilaren 9an Louise Michel hil zela. Adimentsua, landua eta bihotz onekoa, irakaskuntzan aurkitu zuen betetzeko lanbidea. Poemak argitaratzen hasi zen, eta Pariseko literatur zirkuluak ezagutu zituen. Langileen aldeko bazkunetan jardun zuen, eta Pariseko Komuna izango zenaren aurrekarietan eta matxinadaren gogorrenean borrokatu zen (1871), hala azpiegituran nola karrikan bertan. Deportatu egin zuten Kaledonia Berrira. Hil arterainoko militantea eta idazlea izan genuen. 2016an haren memorietako pasarte bat euskaratu zuen Koldo Izagirrek, haren estilo eta kezkak erakusten dituena. Eta berresten da Katakrak argitaletxeak plazaratutako Erbesteko gutunak Victor Hugori lanean, Amaia Lasak itzulia. Irakurgai indartsuak bi-biak.
Abe
23
24
1881eko abenduaren 23an jaio zen Juan Ramon Jimenez poeta espainiarra. Sinbolismo frantsesaren eraginpean hasia, modernismoan eman zituen lehen urteak, XX. mendeko Espainiako literatura munduan elementu inportantea bilakatuz. Aurrerago, ildo erromantikoak utzi eta barne ikuspegirantz jo zuen, amaieran existentzialismoaren hegira hurbilduz. Poesia lanez gain, prosan ere osatu zuen obra ezagunik. Xabier Bovedak hainbat poema euskaratu, eta Idatz&Mintz aldizkarian plazaratu zituen, 2019an, orain hona dakartzagunak.
Aza
20
24
Hainbat nobela gogoangarriren idazlea izan zen Leonardo Sciascia, eta baita ipuin ederren egilea ere. Izen ezinbesteko bat XX. mendeko literatura unibertsalean, euskaraz ere irakur daiteke 1989ko azaroaren 20an hil zen autore italiarra. 1991n bi obra plazaratu ziren: alde batetik, 1973an Einaudirekin plazaratutako Il mare color del vino euskaratu zuen Josu Zabaletak Erein argitaletxearentzat, 13 kontakizuneko bilduma den Itsaso ardo kolorea. Bestalde, Literatura Unibertsala bildumaren baitan ibaizabalek Hontzaren eguna nobela argitaratu zuen, Koldo Bigurik itzulia. Osorik irakur daitezke biak. 2023an, berriz, bilduma berean Igela/Ereinek Todo modo eleberria kaleratu du, Gaizka Ugaldek euskaratua (lehen kapitulua irakurgai).
Aza
15
24
1984ko azaroan, duela 40 urte, jo zuen goia Euskalduna ontziolako borrokak. Espainiako Gobernuak erabakitako industria-birmoldaketaren baitan lantegi erreferentziala izandakoa itxi zen, langile mordoa kalean utziz. Bilbo hainbat hilabetez su eta ketu zuten lantegi barneko eta Euskaldunako zubiko liskarrak, Poliziaren eta borrokan ari ziren langileen artekoak. 2010ean Susak argitaratutako Gotzon Barandiaran idazlearen Errotik eleberriak itxiera eta borroka horiek ditu hondoko paisaia, eta aita gaixoaren eta alabaren arteko harremanaren soinu-banda pilotakada- eta sirena-hotsez janzten da.
Aza
06
24
Azaroaren 6 batez jaio zen, 1919an, Sophia de Mello idazlea, Portugalgo XX. mendeko poesiagintzaren ahots inportanteenetako bat, klasizismoari eta ezagutza estetikoari lotua. Susa argitaletxearen Munduko Poesia Kaierak bilduman Sophia de Melloren poesiaren antologia plazaratu zen 2015ean —Beñat Sarasolaren hitzaurretik hartuak dira poetari buruzko hitzak—, Iñigo Roquek euskaratua. 1901eko azaroaren 7an, berriz, Brasilgo poeta handietarik bat jaioa zen, duela 60 urte zendu zena: Cecilia Meireles. Poeta (eta artikulugile) intimista, modernismoaren gailurtzat joa da. Hamar poema euskaratu zituen Koldo Izagirrek. Ozeanoaren alde banatan portugesez idatzi zuten bi poeta handi, euskaraz.
Aza
02
24
Omiasaindu egunaren biharamuna, azaroaren 2a, difuntuen eguna da tradizio kristauan, arima araztu eta santu izateko bidean daudenena. Eta baditugu gure amaraunean egun horretan hildako bost idazleren lanak online. Andima Ibinagabeitia hil zen azaroaren 2an, 1967an, eta sarean irakur litezke bere idazlan hautatuak eta gutunak. Egun berdinean zendutakoak dira Bernard Shaw (1950), Candida lana irakurgai; Johannes Urzidil (1970), Kafka eta Golem-en mistika irakurgai; eta Pier Paolo Pasolini (1975), sarean hainbat lan irakurgai dauzkana. Bistan denez, gure Ibinagabeitia ez besteak santu izateko oso aukera gutxi.
Urr
24
24
2004ko urriaren 24an zendu zen, gaur 20 urte, Fatou Ndiaye Sow poeta senegaldarra. Haurrentzako literatura lanen arloan aitzindaria, poesian eta prosan, sari eta errekonozimendu ugaria jasoa da. 1981eko Takam-takam (Asma, haur nirea, asma) liburutik euskarari ekarri zizkion Itxaro Bordak lau poema, 1987ko Maiatz aldizkariko 14. zenbakian.
Urr
09
24
Urriaren 6an hil zen, duela 45 urte, Elizabeth Bishop poeta estatubatuarra, XX. mendeko poesia ingelesaren ahots handienetako bat. Munduari eta bizitza sozialari beti zeharka begiratu zion, halako distantzia batez, eta hori bere poesiagintzan islatzen da. Garaiko joera eta abanguardietatik at jardun zuena, edonola ere AEBetako orduko poeta garrantzitsuenek hartu zuten aintzat Bishopen poesía. Leire Vargasen itzulpenean, dozena bat poema irakur ditzakegu euskaraz.
Ira
27
24
Mendeurrena du irailaren 27an Josef Skvorecky idazle txekiarrak. II. Mundu Gerra eta nazismoaren mingotsak ezagututakoa, jazz zale handia —saxofoi-jolea izan zen—, idazketan eta edizioan jardun zuen. 1968ko Pragako Udaberriko altxamenduaren karietara Kanadara erbesteratu zen, eta han jarraitu zuen idazten eta berak sortutatko eta urte luzez zuzendutako argitaletxean idazle txekiarrak eta eslovakiarrak argitaratzen. Hainbat eleberri eta saiakeraren egile, Txekiako XX. mendeko prosaren berritzaileetako bat, euskaraz Mundu mingotsa (Alberdania, 1996) narrazio-liburua irakur dezakegu, Karlos Cidek egindako itzulpenean. Hemen dituzu liburu horretako lau ipuin.

Ira
12
24
Nafarroako euskaltasunaren bultzatzaile handi bat izan zen Fermin Irigarai Larreko. Auriztarra, mediku lanetara ikastoki izandako Madrildik Nafarroara itzuli zenean arrapiztu zitzaion euskara lantzearen harra, eta beste zenbait eragiletza lanez gain, artikulugintzan egin zuen ekarpen handia garaiko agerkarietan. Libururik argitaratu ez bazuen ere, Sendoa argitaletxeak bi liburuetan bildu zituen haietako hainbat, Klasikoen Gordailuan irakur daitezkeen Lekukotasuna eta Nafarroatik. Duela 75 urte hil zen, 1949ko irailaren 3an.