Ira
12
02
Debate ugari izan da gure literaturan XX. mendean. Iñigo Aranbarrik eta Koldo Izagirrek egindako “Gerraurreko literatur kritika” liburuan (Labayru-1996), adibidez, gauza ederrak jakingo dituzu. Baina aste honetan beste bat ekarriko dugu akordura, duela 40 urtekoa. Igela aldizkariaren lehenengo zenbakia Parisen argitaratu (1962ko otsaila) eta hurrengo Enbatak (Baiona) artikulu bat plazaratu zuen kritika eginez. Igelaren 2. zenbakian (1962ko maiatza) Afrika Baionan hasten artikuluarekin erantzun zuen Txomin Peillenek. Enbatak berriro ekin zion eztabaidari, 1962ko irailean “Amélioration d’Igela” izenburuarekin. Eta Igelaren 4. zenbakian (1962ko urria) jarraitu zuen joan-etorriak, Txomin Peillenek eta Jon Mirandek elkarrekin sinatutako Igelak azken hitza bere idatzita.
Ira
05
02
1977ko irailaren 4an Baietz astea gaizki bukatu saila jarri zuen abian Zeruko Argia aldizkariak Madrilen pepinoak merke artikuluarekin. Bernardo Atxagak, Koldo Izagirrek, Ramon Saizarbitoriak eta Ibon Sarasolak elkarrekin sinatutako hura eskaintzen dizugu, faksimile eta guzti. Honelaxe zuen hasiera: “Hemen azpian zinatzen dugunok, erabateko akordioaren ondoren, astero Zeruko Argiako bazter honetan agertzea erabaki dugu, bakarka nahiz taldean. Baina, nork hasiera eman lanari taldetasuna galdu gabe! Elkar lan batekin aurkeztea pentsatu dugu”. Astekariaren 750. zenbakian, bestalde, Sacco eta Vanzetti-ri buruzko Joseba Sarrionandiaren artikulu bat agertu zen. Aurrerantzean “Baietz astea gaizki bukatu” saileko artikulu bana argitaratuko dugu astero.
Literatur Emailu honetarako hitzaurrea idatzi du Zeruko Argiako kazetaria zen Elixabete Garmendiak, kolaborazio haiek gogoratuz
Abu
29
02
Ernest Hemingwayren “Agurea eta itsasoa” (“The Old Man and the Sea”) Life aldizkariak argitaratu zuen lehen aldiz 1952ko irailaren lehenean, eta zazpi egun geroago irailaren 8an plazaratu zuen liburuan Scribner’s argitaletxeak. Gotzon Goenagaren itzulpenez argitaratu zen lehen aldiz euskaraz 1963an, Itxaropena argitaletxearen Kuliska Sortan. Hiru urte lehenago, 1960ko abuztuaren 21ean, Jose Artetxek Ernest Hemingwayrekin enkontrua egin zuen Donostiako Maria Cristina Hotelean, euskarazko argitalpenerako Hemingwayk egile eskubideak doan eman zitzan eskatze aldera. Honela izan zen solasaldia, Artetxek “Agurea ta itxasoa” liburuaren hitzaurrean kontatua: “Baimena ematen al dezu?” galdetu zion Artetxek Hemingwayri, eta idazleak erantzun: “Nik ez daukat ezer euskaldunen kontra. Ondo egiña al dago traduzioa?”; Artetxek: “Bai, oso ondo gañera”; eta Hemingwayk orduan: “Egizue ba nai dezutena. Nere abogaduari eskribitu akiozute”. Duela 50 urte argitaratutako “The Old Man and the Sea” (1952) nobelaren euskarazko lehen edizioa Agurea ta itxasoa (1963) osorik duzu hemen .
Abu
08
02
“Galop infernal” izenburuarekin 1852. urtean argitaratu ziren ustez Bilintxen bertso zaharrenak direnak. Honela kontatua du Antonio Zabalak: “Honoko bertso-sail honek bi zati ditu; lehenengoan (“Lagunkida fraternaleko galaiak beren damari”) aditzera ematen denez, inauteri batzuetarako paratua da; eta bigarrengoan (“Ziririkuak”)esaten denez, inauteri horietarako dantza-tokia eta abar prestatzen hasi zirenean, kontrarioren bat edo beste izan zuten Bilintx eta bere lagunek; baina hala ere ondo antolatu zituzten gauzak. Bertso hauek “Donostian Pio Barojaren moldiztegian (1852)” argitaratutako paper batetik ditugu. Paper hori Peñaflorida kondearen liburutegian omen zegoen, eta gure eskuetaraino Donostiako Juan Arbelaitz eta Tolosako Juan Jose Beloki jaunen bitartez etorri zen. Guk ezagutzen ditugunetan, hauek izango dira Bilintxen bertsorik zaharrenak. Hogeita bat urte zituen orduan”. Data honen aitzakian, Bilintxen bertso guztiak argitaratu ditugu sarean.
Uzt
18
02
Martzelino Soroa komediagilea hil zela 100 urte beteko dira uztailaren 20an. Donostiarra sortzez (1848), Ziburura ihes egin behar izan zuen Bigarren Karlistadan eta han “Iriyarena” zarzuela eman zuen 1876. urtean. “Anton Kaiku” obra idatzi zuen 1880an, 1882an argitaratu eta estreinatua. “Gabon” antzezlana 1880ko azaroaren 6an estreinatu zen Donostian. “Anton Kaiku” estreinatu zen 1882ko urtarrilaren 25ean. 1884an argitaratu zituen: “Hau ostatua!” eta “Alkate berria”. 1885ean argitaratu zituen “Lapurrak, lapurrak!”, “Beti oker” eta “Haizeak ekarri eta haizeak eraman”. 1886an “Barrenean harra” argitaratu zuen; urte bereko abenduaren 26an estreinatu zen “Urrutiko intxaurrak” (1887an argitaratua). 1888an “Gorgonioren estuasunak” (zarzuela). 1889an “Ezer ez eta festa”. 1894an “Hauek istiluak!”. 1894 eta 1895 urteetan bere artikuluak bildu zituen: “Azak eta nahaste”. 1899ko abenduaren 21ean “Ezer ez eta festa” estreinatu zen Donostian. Hil ondoren, 1907an “Baina zein naiz ni?” argitaratu zen (1909ko abenduaren 21ean estreinatua).
Goaz antzerki taldeak Martzelino Soroaren bi lan antzezten ari da aurten mendeurrenaren karietara: “Gabon” eta “Antton Kaiku”.
Eka
20
02
1937ko ekainaren 25ean Gasteizen fusilatuta hil zuten Estepan Urkiaga, Lauaxeta. Hilabete batzuk lehenago Gernikan atxilotua izan zen, Bordeleko kazetari batzuei Gernikako sarraskia erakusten ari zela. Ajuriagerrak jarri zuen Lauaxeta langintza horretan. Kronika hau idatzi zuen Iñigo Aranbarrik honi buruz Gure Mendea liburuan.
Xabier Mendiguren Elizegik Lau haizetara antzerki obra argitaratu zuen Gernikako bonbardaketaren karietara egindako Susa aldizkari berezian (1987ko apirila). Ibon Sarasolak Lauaxeta paredoian poema argitaratu zuen Oh! Euzkadin (1980ko maiatza). Xabier Montoiak “Anfetamiña” bere lehen liburuan idatziriko poema aurkituko duzu Korrok aldizkariaren lehen zenbakian (1984).
Eka
06
02
Donostiako Iñaki Deunaren Irarkolan inprimatu zuten duela 75 urte Gregorio Mujikak idatzitako “Pernando Amezketarra: bere ateraldi ta gertaerak”, lehendik ahoz aho erabilitako pasadizoen bilduma. Gregorio Mujikaren liburuari esker gure literaturako pertsonaia garrantzitsuenetarik bat bihurtu da Pernando (izatez Fernando Bengoetxea Altuna, 1764an jaio eta 1823an hila). Ondorengoak dira beste liburuok: Antonio Zabalaren “Pernando Amezketarra bertsolaria” (Auspoa, 1966); Anastasio Albisuren “Amezketako Pernando” (Kardaberaz liburuxkak, 1975); Joxantonio Ormazabalen “Pernando Amezketarra” (Elkar, 1981); Xabier Mendiguren Elizegiren “Pernando, bizirik hago oraindio” (Euskaltzaindia, 1989); Koldo Izagirreren “Fernandoren heriotza amezketarra” (Bertsolari liburuak, 1999); Antton Kazabonen “Pernando Amezketarra” (Sendoa, 2000).
Eka
06
02
Dagoeneko bi urte joan dira Bilboko Kalderapekon Literatur Jazza abian jarri zenetik. Denbora horretan idazle askok irakurri dituzte beren poemak, Libitum jazz hirukoteak lagundurik. Aurten Kirmen Uribe, Jon Benito edo Sonia Gonzalezek poema liburuak aurkeztu dituzte, eta Jose Luis Otamendi, Juanjo Olasagarre eta Pako Aristik ere errezitaldiak egin dituzte. Bi urteotan jende ugari bildu da Kalderapekoko emanaldiotara. Ekaina iristearekin bat, ikasturte honetako azken Literatur Jazza izango da ekainaren 12an (asteazkena) 20:15etan, Jose Luis Padronen “Zure bila itsasoa bidaliko dut” poema liburu aurkezpenarekin. Argitaldaria: Bermingham.
maiatza
16
02
Alfonso Daniel Rodriguez Castelao dugu literatura galegoko maisuetako bat. Nahikoa da horretaz ohartzeko bere izena daraman Castelao museoan bisita egin edota bere biografia eta bibliografia irakurtzea. Euskaraz ere baditugu Castelaoren lan batzuk. Susak lau liburu argitaratu zituen 1986an:: Zirtzilak – Kristalezko begiak Koldo Izagirrek euskaratua, Gauzak eta Betiko biak Ramon Etxezarretak itzuliak eta Beti Galizan Bego Montoriok. Koldo Mitxelenako kulturunearen webgunean ipuin bat ere topatu dugu, Koldo Izagirrek jardunaldi batzuetarako apailaturiko edizioaz.
Api
11
02
1982ko apirilean, duela 20 urte, Susa aldizkarikoek Bernardo Atxagari eskainitako ale berezia kaleratu zuten, 5. zenbakia. Eneko Olasagastik, Mikel Antzak eta Josu Landak Bernardo Atxagaren obraren gainean jardun zuten; antzerkia, poesia eta bere bi liburutan barneratuz.Tartean Atxagarekin egindako elkarrizketa luzea eskaini zuten. Atxagak hiztegia eta poema bat ere idatzi zituen Susako infiltratu gisa. Azkenik, Joseba Sarrionandiari idatzitako gutun baten zatia ere agertzen da postdata moduan.
Api
04
02
Duela 20 urte Oh! Euzkadi aldizkarikoek Santi Onandiari eginiko elkarrizketa ekarri gura izan dugu Emailu honetara. Oh! Euzkadi aldizkariaren 15. zenbakia zuen 1982ko martxokoak eta solasaldi luzea eta interesgarria izan zuten garai hartan Larrako komentuan euskal literaturaren alde buru belarri lanean ari zen Aita Santi Onaindiarekin. Karmel aldizkariko arduradunak Olerti aldizkaria ere sortu zuen.
Mar
21
02
Antonio Maria Labaienek 1932ko urtarrilean sortu zuen Antzerti aldizkaria Tolosan, osorik teatroari emana eta Ixaka Lopez Mendizabalen inprimategian egina. Euskaltzaleak bazkunak Eusko Antzerti Eguna antolatu nahiaren kariaz (eta obrak falta zirelako) abiatu zuen Labaienek Antzerti aldizkaria, hilabetekari izateko asmotan. John Zabalo “Txiki”ren irudiez apaindua agertu zen lehen alea (24 orrialdekoa), Toribio Altzagak 1888an Ziburun idatzitako obra batekin: “Aterako gera!”. Denera 54 zenbaki agertu zituen Antzertik, 1936ko Espainiako Gerraren ondorioz Labaienek Sarara ihes egin artean. Aldizkarian agertutako antzezlanen zerrenda ikusteko, klik egin hemen. Antzerti aldizkaria berriro abiarazi zuten 1982an (Eusko Jaurlaritzak argitaratua), Labaienek sortu eta 50 urtera.
Mar
14
02
Emeterio Verdes-Atxirikaren irarkolan (Bilbon) argitaratu ziren Lauaxetaren Bide barrijak eta Xabier Lizardiren Biotz begietan poema liburuak duela 70 urte: lehena 1931ko abenduan, bigarrena 1932ko apirilean; eta bi argitalpenen arteko hilabeteetan eztabaida bizia izan zen, “Euzkadi” eta “Argia” agerkarietan batik bat.(Informazio luzeagoa daukazu hemen klikatuta). Lauaxetaren poema liburuak hautsak harrotu eta kritika gaiztoak izan zituen. Idazteari utzi egingo ziola esatera iritsi zen Lauaxeta, eta ia-ia Lizardik bakarrik defendatu zuen. Eztabaida hartan artikulu garrantzitsuenak idazle hauek plazaratu zituzten: Orixe, Lizardi, Jautarkol, Barrensoro, Larreko, Lauaxeta, Aitzol…
Mar
14
02
Ramon Saizarbitoriak 1976ko martxoaren 22an aurkeztu zuen legezko gordailura “100 metro” eleberria. Jose Luis Albizu zentsoreak (informeak 23 irakurlea kodeaz izenpetzen zituenak) martxoaren 24an irakurri eta salagarria zela erabaki zuen. Txosten hura beste batek hartu zuen ondoren (Antonio Barbadillok ziur aski) eta honela osatu: “El contenido de la obra es simbólico, referido a la época actual y de una fuerte crítica, ofensiva e inaceptable en su valoración total, contra el Gobierno y su actuación en el País Vasco (…) Ofensas hacia la Policía y Fuerzas de Orden Público, y velado espíritu separatista en contradicción con nuestra normativa Jurídica (…) Por todo lo anterior estimamos que el presente depósito no debe ser aceptado por presumible existencia de figura delictiva; y de acuerdo con lo ordenado en el artículo 64 de la Ley de Prensa e Imprenta debería ser puesto a disposición de la Autoridad Judicial correspondiente“. Bigarren txosten honen data martxoaren 27koa da… baina Zuzendari nagusiak Ordena Publikoko Tribunaleko epaile magistratuari bidaltzen dion denuntzia bezperan sinatuta dago, martxoaren 26an. Denera 119 lerrotan egin zizkioten markak eta ezabaketak 100 metro nobelari. Joan Mari Torrealdairen Artaziak liburuan topatuko dituzu zentsurari buruzko xehetasunak.
Ots
28
02
Panpina Ustela aldizkaria 1975eko urtarrilean sortu zuten Bernardo Atxagak eta Koldo Izagirrek. Bi zenbaki gehiago izan zituen ondoren: Zorion Ustela eta Mermelada Ustela (biak 1976an). Aldizkaria amatatu zen, baina Ustela izenak jarraitu zuen, 1977ko martxoan Koldo Izagirrek eta Joxemari Olaizolak Ustela Saila argitaletxea abian jarrita. Zazpi urtetan 19 liburu kaleratu zituzten, denak berriak, Ramon Saizarbitoriaren “Egunero hasten delako” nobelaren bigarren argitalpena izan ezik. Koldo Izagirreren Oinaze zaharrera poema liburua izan zen Ustela Saileko lehena, Juanba Berasategiren marrazkiez apaindua; eta azkena, 1983ko abenduan, Jose Luis Otamendiren Azken undinaren kaira (poemak, eta amaieran antzezlan bat), Carlos Martinez Gorriaranen marrazkiez. Bi horiek, lehena eta azkena, osorik eskaintzen dizkizugu Interneten apirileko Liburu Eguna bitartean. Ustela Sailak hamabi idazleren estreinako liburuak plazaratu zituen: Joxe Austin Arrieta, Juan Inazio Garmendia, Jon Casenave, Mattin Larzabal, Pello Lizarralde, Maripi Solbes, Gabriel Korta, Daniel Garbizu, Alex Azkue, Jose Luis Otamendi, Rafa Egiguren eta Jon Iñaki Lasa.