Eka
03
14
Hirugarren poema liburua zuen Igor Estankonak orain hamar urteko Ehiza eta nekea (Kutxa, 2004), aurreko Anemometroa (1998) eta Tundra (2002) bildumetan ageri zen poeta leun eta indartsuaren heldutasunezko emaitza. Ikusten dena eta ikusten ez dena gogoetaren lagungarri hartuz, doi bat ironiko, doi bat autokritiko, leihoa, etxea, ibaiertza nahikoak ditu frogatu ahal izateko inguratzen gaituen guztia ez dela natura edo eraikidura, “pentsamendu erraldoia” baizik. Errazkeriatik ezin urrunago dauden poema gardenak egiteko ahalmen berezia dauka Estankonak, liburu honen muina izan litekeen “Minutu bat zuretzat” poema eredu. Sentimendua ez ezik, ideia ere pentsamendu erraldoi horren apurretan elikatu behar izan gabe daki bideratzen. Behe lainoak urtuko dira, baina berriro datoz: tolesdurek osatzen dute zoriona. Inoiz oreka galtzen ez duen maitale edo kritiko, tradizio kultuaren onenekoak paletan dauzkan pintore modernoa dugu Igor Estankona.
maiatza
27
14
Desadostasun kantu bat da Jule Goikoetxearen lehen poema liburua. Tractatus izenburu ironikoaz baliatzen da, adierazteko edozein aukera zientifikoren eta jarrera politikoren atzean esperientzia estetiko bat badela: desiozkoa, borondatezkoa, boterezkoa; eta poetak bere desadostasuna agertzen du politika, ekonomia, artea eta zientzia pentsatzeko eta praktikatzeko modu estandarren aurrean. Zibilizatua dagoen baten zibilizazioaren kritika izan nahi luke Tractatus honek. Disidentzia, egia, beldurra, erresistentzia, umorea, alferkeria, biolentzia, parranda, errepresioa, plazera, heriotza… ez dira hitz erreka soil bat, Jule Goikoetxearen indar espresibo biziaren gaiak baizik.
maiatza
20
14
Bihar, maiatzak 22, Donostian Lander Garrok bere bigarren nobela aurkeztu aurretik, sarean eskaintzen dizugu osorik. Gerra txikia eleberriko protagonista Xabi Ugarte da. Aita errefuxiatua denez, Hendaiara joango da bizitzera familia osoa. GAL garaia da, zelatan daude mertzenarioak, eta laster gertatuko dira atentatuak, hilketak, atxiloketak, deportazioak… Haur izatearen xalotasunak, ordea, munduari begiratzeko aldarte berezia ematen dio Xabi txikiari, eta une zailenetan ere beti saiatzen da atsegin edo probetxuren bat topatzen: lagun berriak, hondartzako egunak, etxera datozen iheslariak, Tour-eko karrera, lehen musua. Abenturak eta garai krudelen oroitzapenak, biek bat egiten dute kontakizunean.
maiatza
07
14
Bake prozesuaren gerrako partea ematen digu Urtzi Urrutikoetxeak bere hirugarren poema liburuan, Utzidazu karmina kentzen. Letretan sarrera garratza egin zuen Borroka galduetatik gatoz haren luzapena ote den pentsa liteke hasiera batean. Ez, ez dago luzapenik. Mundu berdintsuan bizi dela, besterik ez. Barnekoiak dira orain poemak, maitasuna dute hezurdura. Maitasuna, izan ere, egitate poetikoa da: hiztegi bat osatu behar dute maitaleek, elkarrekikoa egin ahal izateko. Kode ulergarri bat eskaintzen digu poetak, baldin intimitatea gizarteak kutsatzen duela badakigu, kodeek testuingurua salatzen dutela badakigu. Mundulekua gero eta estuagoa, gero eta ilunagoa egiten da liburuan aurrera joan arau, maitasuna aldiz gero eta gozoagoa, hots, beharragoa: bake prozesuaren gerrako partea, deklarazio bat metroan edo gaueko autobusean, maitearen adatsa sorbaldan.
Api
30
14
Idazle guztiek idazten dute, nolabait, uretan. Jarioaren irudi eternala dugu ura, badoan biziarena. Patxi Salaberriren lehen liburua, Uretan idatziak (Kutxa, 2002), bizitzaren jarioan idatzitako poemez osatua da. Bizitzari buruzko aditasun horretan ekarriko digu Itaka auto-ilarara, edo begipean daukan botila hutsa hartuko du gogoetarako aitzakiatzat. Apunte intimo laburrak lehenik, inguruan eta oro har gizartean oinarritutako iritziak ondoren, erreferentzia klasikotatik abiatzen dituen jardun luzeak azkenik. Multzo guztietan ageri dira poema biribilak, eta beti gustu ona gure ezdeusa, joanaren garratza edo bizipoza kantatzerakoan. Autorearen hizkera landuak ez du mezuaren gardena kaltetzen, sobera poetikotik urruntzen dakien poeta da Salaberri.
Api
22
14
Preso egon denaren gogoa kartzelara itzultzen da beti; hainbat sarriago, hurbil den epaiketa zital baten zain baldin badago. Mikel Etxaburuk apirilaren 28an jendaurrean aurkeztuko du bere bigarren poema liburua, Hodeiak zapatetan, maitasuna eta askatasuna dituena gai nagusiak. Hitz biluzien jaiduraz, joskera apalen zale, molde soilen bitartez kantatuko ditu Mikel Etxaburuk oroitzapenak eta desirak, aberriaren ardura eta kartzelaren samina, bakardadea eta amets egiten segitzeko grina.
Api
19
14
Apirilaren 17an hil zen Gabriel Garcia Marquez idazle kolonbiarra, errealismo magikoa deitu izan denaren adierazlerik gorenetarikoa. Bere idazlanetan fantastikoa eta erreala maisuki uztartu ohi ditu, Hego Amerikako bizitza eta gatazkak islatuz. Oparoa da Garcia Marquezen liburuak euskaraz irakurtzeko aukera, lau liburu hauexek: Heriotza iragarritako baten kronika (1982, Xalbador Garmendia), Jenerala bere laberintoan (1990, Xabier Mendiguren Bereziartu), Koronelari ez dio inork idazten (1992, Tomas Sarasola) eta Naufrago baten kontakizuna (1998, Eneko Barrutia). Horiez gain, pieza txikiagoak ere argitaratu dira aldizkarietan edo bildumetan, besteak beste, orain eskaintzen dizkizugun Zerbait izugarri gertatu behar da herri honetan (1985, Joseba Sarrionandia / Mitxel Sarasketa) eta Horietako egun batean (1994, Gillermo Etxeberria).
Api
16
14
Zotal egunak: etorkizuneko giroaren iragarleak. Oharrak hartzeko egunak, ohartarazteko poemak. Bizikizunen trinkotze bat, dena erabakia dagoelako susmoa, ez baikara zahartzetik edo hiltzetik libratuko. Ezin izan izugarri baikorra ere. Baina nostalgia baikor handi baten barruan bizi da Joxerra Garzia, eta borroka egiteko kemena ematen dio laino mehe horrek, orainaldi batean finkatzen denez: egun haietan ikusten zuen giroak, zer etorkizun? Irakurlearekiko konplizitatea, zintzotasun politiko eta intelektuala mingostasunik gabeko umorez. Bai, zintzotasuna ere izan liteke tresna poetikoa. Nolakoa den poetaren barrena, zer daukan bihotz-ninian. Joxerra Garziaren gizabideak ez du poesiaren kalitatea jaten, baina bai handitzen. Poema libreak eta lotuak, kopla zaharrak, berriak eta berriagoak, hiria, haizea, itsasoa, inon ezeko uharteak… Ederra bilduma.
Api
09
14
Iñigo Aranbarrik ostiral honetan Apirila nobela aurkeztu aurretik, osorik eskaintzen dizugu sarean. Esteban Alberdi protagonistak lana galdu du, aldentzen ari zaio familia, eta durduzatuta dabil. Baina oraindik gehiago okertuko da bere egoera. Gau batean, kaskarrean kolpe handia hartuta aurkituko dute kale bazterrean. Eldarnio betean, denboraren putzuan barneratuko da, bi mende eta erdiko jauzian: Azkoitian ikusten du bere burua 1766ko apirilean, gariaren eta artoaren prezioa garestitu dutenean eta herritarrak matxinatu egin direnean. Krisia, langabezia, errebolta, errepresioa, hondamena dira kontakizunaren ardatzak, jirabiran mugitzen dituztenak iragana eta etorkizuna.
Mar
31
14
Jario poetikoa esan zion Octavio Pazek bere Eguzki Harria poemari (1957): azkenik ez duen bidaia iniziatiko baten aitorpena, ilargiari, hezetasunari, heriotzari eta naturaren berpizteari lotua, argitasunezko gorputz batean barrena (azteken harri hori), eta haren bila. Mitologien uztarketa bat, Coatlicue eta Venusen medioz. Emazte maitatua gizakiaren eta naturaren arteko bitartekaria da, eta gorputzaren harroaldia atseginaz haratagoko zerbait bilakatzen da, behakoak ludiaren osotasuna hartzen ahal duen une berezia. Horrela, hitzak eta munduak bat egiten dute, elkartze erotikoak denboraren joana geldiarazten duen bezalaxe, maitasuna subertsiozko ekintza bihur litekeelako inguru sozial alienatu batean. Poema hau Isturitzeko harpeetan errezitatu zuen Itxaro Bordak duela zenbait urte. Josu Landa Goiogana irakasle mexikarrak 1997an euskaraturiko bertsioa ematen dizugu gaurkoan, Octavio Pazen jaiotzatik 100 urte bete diren honetan.
Mar
21
14
Martxoaren 21arekin, Munduko Poesia Egunean, Munduko Poesia Kaierak proiektua aurkeztuko du Susa argitaletxeak. Egitasmo berri honen bitartez, euskarari ekarriko zaizkio munduko poeten lanak, kaieretan bilduta. Kalean dira lehen hiru zenbakiak: Georg Trakl, Maria Merce Marçal eta Aime Cesaire. XX. mende hasierako poeta aleman garrantzitsuenetako bat, Kataluniako errealitate poetikoaren ikuspuntu emakumezkoa eta negritudearen ikurra. Beñat Sarasolaren zuzendaritzapean, hiru poetokin hasitako bidean, pixkanaka mundu osoko poetak ekarri nahi dira gure hizkuntzara. Anton Garikanok, Itxaro Bordak eta Iñigo Aranbarrik osatu eta itzuli dituzte antologia hauek, www.kaierak.com gunean aurkituko dituzunak.
Munduko Poesia Eguneko manifestua euskaraz
Mar
12
14
Hunik arrats artean (1970), Anjel Lertxundiren estreina publikoa, “ipuin” hitza etnografiaren, kostunbrismoaren eta literatura pedagogikoaren menpekotasunetik atera eta genero autonomo baten adierazle bihurtuko zuten hamasei ildo edo hamasei ereduren bilduma dugu: hasi eta bukako fikzio labur libreak, norberaren bizikizunetan edo garaiko errealitatean, baita linguistikoan ere, oinarrituak. Bilduma hau modernotasun saio bat izan zen, aurreneko ipuin liburua Hegoaldean. Anjel Lertxundik gure literaturari ekarri zion arnasa, besteak beste, irakurlea garaiko korronte estetiko nagusietan kokatu zuelako genuen berri. Ipuingintzaren gaztetze hau Lur editorialak Euskal Elerti 69 argitaratu zuen bilduman atzeman zitekeen, baina Lertxundirena ezinbesteko froga izan zen generoaren aldarrian: ikuspuntua, pertsonaiak, egitura… Ia mende erdi bat geroago irakurririk, nekerik gabe atzemango dugu idazle baten sena bideratu zuela genero baztertu honek.
Ots
26
14
Lehiaketen zurrunbiloan gutxietsitako Oier Guillanen bi liburu dakarzkizugu gaurkoan. Gabeziak elementu gutxi batzuekin sortutako mundu poetikoa da, kontrastez antolatua: mugarik gabeko izarak eta gela bat, gela bat baino ez hiriaren erdian: besterik behar ote dute maitaleek, ordea, orainak eta orbainak trukatzeko? Baina amodioaren zurrunbiloak baditu bere pausaldiak, zalantza zirraragarri bihurtu beharrekoak. Poema labur eta gardenak, adimenaren eta sentimenaren uztarketa begia, iluna eta azala bitarte. Bakarrizketa poetikoak lana jokalari bakarrerako lau bakarrizketak osatua da, lauak gaiaren garapenaren zerbitzuan: jokalekurako poesia, genero zaila eta Oier Guillan bera lantzaile bakarra dukeena gure literaturan. Mundua, benaz, hilapaindegia da, itxaropenak esperantza gutxi. Heriotza, argi dago, ezoroitzea da: zer da lekukotasunik gabeko bizitza hau? Heriotza ekiditea, ez dago besterik, horixe da guri eskaini zaigun mandatua. Itzaliko da jokalekua argitzen duen argi xumea. Larruazala ezpain bihurtuko zaio ikusleari, oroitzen ez zuen ahots huraxe etorriko zaio akordura.
Ots
19
14
Hiru urte geroago Zarama taldeak izenburu berarekin atera zuen abestiaz oso bestelakoa da Mikel Peruarenaren aldarria bere bigarren poemategian (Edan ase arte): bizitzatik edan behar dugu, bizia edan bizi ahal izateko, hilobiko lauza bizkar gainean daukagula ibili behar dugunez. Eraispena modako hitza zen garaiko animalia mindua dugula aitortu zigun poetak, eta horrek eskubidea eman zion noski zorrotza eta egiatia izateko, “Literatura bergizarteratzeko neurriak” edo “Zapatak hutsik” bezalako poema gogor eta ederretan (aukera dago liburuan) mintasuna argigarrizko kontzientzia bihurtzerainokoa. Eta batzuetan sarkastikoa den irriñoa behin eta berriz irakurlearengana. Jexux Aranbururen bandoneonak nostalgia erantsi zion egin zituen errezitaldietan, poemen mezua biderkatuz. Edan poesiatik, edan poesia ase arte.
Ots
13
14
Bestela abisatzen zigun arren, Joseba Zulaika kartzela edo erbestea sufritzea inoiz merezi ez izanaren erru konplexu handirik gabe azaldu zitzaigun letretan, “bizi ala hileko uste ditugun arazoetaz bakarrik” atrebitzen zen poesia baten emaile. Arestiren eraginetik urrun, “ni” pertsonal bat ageri du: Adan, zuztarreko gizakia (ni, Adan hura; zu, irakurle hau), inguramenik eta gizarterik gabeko mundu batean, ur, lur, gau, eguzki, bide aurrean pentsamenduaren lehen pausoak ematen, bizitza ulergarritasun batean kokatzen. Hori, 1975ean, ildo gainditua zela uste genuen. “Ni / —Adan— / ni gizona naiz / Eta / ni nagoen toki guztietan / entenimendua / eta / nahimena / daude”. Eta erabakitzeko eskubidea: “Goazen beste zerbaiten bila / zori ona / eta / zori txarra / ez dira nire mundua”. Horra Adanen poema amaigabea. Joxe Azurmendiren epilogo mamitsuak argitzen digu garaiko egoera poetikoa.