Poemagintza
Ibon Sarasola

Kriselu, 1969

 

 

Jose Azurmendi

Zegama, 13, 8, 1969

 

lbon Sarasolari

Donostiara

 

        Adiskidea! Hire poemak hirugarren aldiz irakurri nizkian bart gabean. Nire bakantzetako bizi-moduari begiratu ezkero rekord bat duk hori bene-benetan.

        Hire poesiak onak dituk, hori aurretik. Baina zerbait konkretuagoa nahiko duk. Ez zekiat nire bakantzetako pentsamen nagiak ezer tajuzkorik sortuko duen. Baina has nadin, nahi baldin baduk elkar-hizketaldi baten oinharri gerta litekean iritzi-aitortza batekin.

        Zurikeriarik batere gabe, hi euskal poesiaren zelaian Frantzia-koan Rimbaud izan zana gerta hintzeke. Modu eta sentiera zearo berri bat. Ez daukagulako abandonatu egin genuen horixe haiz hi: fintasuna, aristrokazia (izpirituzkoa), xoiltasuna, elegantzia. Gu harri ta adrilu bagaituk, hi (Donostiarra?) porzelana xuria haiz. Oroit hadi Baudelaire-ri buruz, harekin oheratzen zan ez nauk izenaz oroitzen zein neskatxak zionaz: biraoka ta zerrikeriak esaten abiatuta ere elegantzia zoragarrikoa zala. Hi ere hori haiz —Fleurs du mal— gaitzaren eta biraoarena izanik ere, azken-finean lore ta esprit. Hik beste biderik ibili nahi izatea (Aresti-rena edo Lete-rena, agian) zentzugabekeria hutsa litzakek. Ez errealismoa: hirea bestelako errealismoa duk, esango diat geroago nolakoa.

        Hain zuzen horregatixe, hire poesirik ederrenak, nire iritzi ta gustoarentzat behinepein, poesia banalak dituk. Akaidekathos-ena, esaterako, zoragarria duk, estruktura akabatukoa (nik euskeraz jarriko niokek «ez dago gustoez idatzirik batere»). Gainera, ezagutuko dituk noski Amerika-n argitaratutako drogazaleen idazki atalak. Haien estiloan zegok, eta haiek baino askoz finagoa duk hire poesia. Hire moldea hori duk. Ezer gertatu ez balitz bezala iaulkitzearen estiloa. E. A. Poek egiten duena. Hortan behintzat Rimbaud baino jatorragoa haiz, zenbait unetan. (Jakina, Rimbaud nik gehiegi maite diat, hi baino merkeagotzat eukitzeko, Rimbaud betikoa izanagatik zaharra ere baduk! ).

        Horregatik iruditu zaidak ARTZAIN ONA poesia beste norbaiten izpirituan sortutakoa. Hori ondo zegok; baina hori ez duk hire jokaera, ez hire sormena; merkeegia hiretzat. Hori Arestiren moldean tajutzen duk, hirean berriz prestamo bat zirudik.

        Hire errealismoa nolakoa dan esatea ez duk erreza, hire poesia guztia baituk hori

 

                                             Atea iriki

                                   zuen

                                                 kanpora

                                   doan bidea hartu

                                   zuen

                                   eta

                                   alde

                                   e

                                   gin

                                   zu

                                   en

 

                Edo-ta

 

                                           zur ilunezko mahain gainean

                                           porzelanazko arlekin luzea.

 

        Eta errealismo zoziala:

 

                          zeren bizitzea

                          ura,

                          sua,

                          haizea

                          da.

                                        (Nire lagun bat)

 

        Hire errealismoa, nolabait esateko, ez duk konfesionala. Ikus, niretzat zoragarria dan «Arruntkerien kontra jardun ondoren/lapitza hartu dut, etc.». Auster-egunari buruzkoa orobat, (—baina esan hidan oso gogoko zitzaiola Arestiri; ta holakoak eta San Martinek JAKINen goraldu edo aipatutakoak ere berriro goraldu beharrik ez zeukagu).

        Orobat Kunterpointer A), «Berrogei eguneko...» B)—rainoko guztia, harrigarria duk, guztiz harrigarria!

 

                            Dena biluzik

                            zeuden eta

                            burutik behera erortzen

                            zitzaien!

 

        Hori duk gauzak diran bezalaxe guztiz errespetatzea, eta gauzak xinpleak dituk beti; interpretazioak izaten dituk nahasiak, eta deskribizio bat beti duk adierazpen edo ulerpen bat. (Txarra, gehienetan. Itzultzen ahaztu zaigulako!). Hori duk hire indarra: deskribizio zuzena, arkaikua esango nikek, konparazio gutxirekin (hontan ere Rimbauden antzera) (P. Claudel-ek hauxe goratzen ziok Rimbaud-i).

        Hor zegok hire ederra ta kultura. Horregatik, ba, ez zaidak atsegin izan textu arrotz luzeegiak tartekatzea. Nola, esaterako, «Nire lagun bat...» poesian «Sometimes I wish gal gas left, etc.».

        Hori, agian, exotikua duk. Baina hire poesia goitik beheraino duk exotikua euskaldunontzat. (Eta geure-geurea: baina abstraktuagoa ta finagoa dalako, arrotz gerta dakigukeana).

        Esku leun bat duk hirea. Esku leun bat, gauzek, eskuetan hartu ditukenean, gauza jarraitzen dutelako lehen-lehenik; eta ez aurrenik irudi edo sinbolo edo-ta irudizko metafora, eta gero gauza (sinbolisteri eta beste makina bati gertatzen zaien bezala). Halere, niri ez zaidak atsegin (baina bazekiat beste iritziko edo jokabideko, asko badagoela bazterretan), Paul Hindemith-eri eskeinitako omenaldia. Eta ez, hor abstraktu izatea zeharo formagabe izateraino doalako, nire ustez. Hori, egiazki, hil-harri bat edo salgai dagoen partitura baten azala, kontzertu-agiriren bat e.a. izan zitekek. Baina horixe gutxiena: errespetuaren eta miresmenaren gehiegiaz hitzik gabe gelditzea erakusten dik, bai, baina hor poesia ere bukatu egiten duk, niretzat. Oteiza eskultura baterako harria alde hortatik soiltzen dabilela, irudia abstraktuagoaz eta hustuaz, harririk gabe mailuarekin bakarrik geldituko balitz bezalatsu. Irudia ez duk oso zuzena, baina antzemango diok. Trebeki habil sentimenak objetibutasun gorrian azaltzeko, baina objetibutasun dokumentalista baino zerbait gehiago zirudik horrek (hire arrisku bat izan zitekek hori, dohainik ederrena ere horixe duk-eta). Hor, nire ustez, ezinezkoaren atarian gaudek (ezin esandakoaren atarian, alegia; ezagutzen dizkiat ezin esandakorik ez dagoela batere derizkioten esperimentalistak eta estrukturalistak, baina ni ez nauk uste hortarakoa izan); eta ezinezkoak poesian ere mugak jartzen dizkik, beste nunahi bezalaxe.

        Poztu nauk hire poesiekin, Ibon. Oso, oso onak dituk (bigarren partea ez diat oraindik azterkatu). Hitz bat edo beste aldatuko nizkikek, agian?  Segurantzia handiegirik gabe sentitzen nauk hortan ausartzeko, —dena lardaskatzeko!— ta, gainera, huskeriaren bat izango huke. Ez dik, ba, merezi. Daudela daudenean, primeran zeudek-eta.

        Zorionak hiri ta goraintzi Saizarbitoria-ri.

        «Ehune», edo «ehun»(a), amak azaldu didanez, «liñoarekin egindako zapi zuria» omen duk. Lehenago asko egiten omen zian Zegaman. Hau, hik Donibanen galdetukoari erantzuteko.

        Agur, ba, Ibon, besarkada bat eta ongi izan. Aurki arte,

JOSE

 

P.D. Hi, Ibon, hire poesietan darabilkikan «Karrusel-forma» (Austerre-koa, esaterako) Rilke-k zabaldutakoa duk. Geroago Celan-ek-eta erabilitakoa, oso ondo egiten duk eta elegantzia apartekoarekin erabili ere!

 

Poemagintza
Ibon Sarasola

Kriselu, 1969