Bethi gibelekoz aintzina
Mattin Irigoien

Maiatz, Uhargi 23, 1991ko abendua

 

Aintzin Solasa

 

        Gure belaunaldikoek ez dugu toberarik ikusi, egiazko toberarik. Gure amatxien haur ixtorioetan, noiztenka ateratzen zen hitz bat zen, eta konprenitu dugunez pesta haundi bat zen. Etxe guzietarik norbait behar zen, irri egiten zen, dantza ere... Behar zen beztitu eta maskatu (edo ihauteriekin nahasten dut, etxez etxe zebiltzalarik xingar eske?). Kalapita zerbait zitekeen, batzu toberen kontra aurkitzen baitziren... Nagusiak mutilak toberetarat ez utzi nahi eta beste... Hots, gure irudimenean gure herriek lehenago zuten bizi nasai, tinki eta indartsuan, arto-xuritzetan sortzen, indartzen eta birmoldatzen ziren ixtorio-misterioetan dute leku toberek... Eta kondenatuak ziren zaharren gogo aberatsekin estaliak izaterat...

        Hitzak berak xantza gehiago ukan du. Nafarroa Behereko euskalkiak ez du ahantzi eta noiztenka airatzen da ostatuko ateraldietan, holako hitz ingurumen batean: «Zer aluak. Izaitea ere hola tupeta. Tobera merexi lukete!». Entzun ahal zitekeen berdin berdina « Bertsulari bati aipatzea merezi lukete, bertsuak bota dezken». Tobera ez zela baitezpada egiten deneri plazer egiteko ohart arazteko doi doia...

        Hitz baten bizi edo sailkatoki naturala hiztegi bat zela ikasteko aski tarrotu ginenean, erakutsi zigun Lhandek toberak tturrutta erran nahi zuela, beraz galarrotsa tresna, eta Azkuek espos gaizki parekatueri jasan arazten zen antzeskizun isekagarria. Herellen paper zaharretarat jo gabe tobera zaharren gai nagusia bagenekien zoin zitekeen. Noizbait auto gidatzeko permisa eskuratu genuen eta etxetik ateratzen hasi. Eta Baigorrin, Panpale Betixut eman zutelarik, berregite baten asmoarekin, fikziozko iztoriarentzat hautatu izan zen gaiak ez gintuen harritu. Toberen alderdi teatrala atxikia izan zen eta zaharrak paztixatuz auzi-farza ongi apaindu bat kausitua izan zen.

        Bainan errebelazionea, gehienik harritu gintuena, karrika edo plaza giro hura izan zen. Klarinek lekuko nagusiak eta Gortea sar arazten, protokola ontsa antolatu hori... Bainan gehiago dena, hor ditugu ikusi, lehen aldikotz euskal kultur expresabide gehienak eskuz esku elgarren osagarri: kabalkada bere jatorrizko lekuan (preseski dantzariak folklorekeriaren desbideratze itsusienak ezabatzen saiatzen ziren garai hartan) eta bertsulariak, herriak mendez mende orratu zien lekuan, eta heien artean Mattin zena nagusi. Besta oso bat, ikusgarri bat belaunaldiz belaunaldi antolatua, moldatua bere erritekin, pastorala bezala herri guzi baten parte hartzea eskatzen zuena. Eta hau izan zen, ene ustez Baigorriarren mereximendu nagusia, transmizio zuzenez, ekarri baitute tobera gizagogoz honaraino, eta paper zaharren formaren aldetik ez dituzte baieztatzen baizik.

        Jendea milaka heldu Urdozerat edo Irisarrirat, gaztek jargien egiteko lana zurginari beren sakelatik pagatzen, holako gauza harrigarriak ikasten dira Herellek toberetaz idatzi dituenetan, eta adigarria da beraz Baxenabartarren inkonzientean hitzak oraino duen indarra eta zergatik emaiten diogun jendearen biltzeko ahala. Azken bi hamarkada hauetan baliatua izan da tobera hitza gauza ezberdinen izendatzeko, puxka bat nola nahika, kitzika, salaketa, zatira zerbait kukutzen zuen ber, gehienetan politika gaietaz egia erran, Iholdiko famatu hura lekuko. Gauza horieri buruz, artxibo miatze, zahar elgarrizketaratze eta texto desberdin hauen aztertze lana egitekoa da toberari norabide arrazoinkatu baten emaiteko, geroari buruz. Anartean, antzerki, dantza, bertsulari edo zaleen sundaren arabera, bainan triptiko horren baitezpadakotasunaz jabetuak heltzen gara Donapaleuko toberarat 1991ko buruilan...

        Hiltegiak eta SPAVIA lantegia hesten, postu galtze administrazionean, kontextu hits horretan sortu zen Amikuze-Iholdin Kultur Astearen egiteko ideia. «Kantonamenduko Geroa»ren sortzeak emaiten zuen baikor izaiteko izpi mendrea, osoki frantsesez iragan ziren eztabaiden artean euskarazko aipaldi baten sortzeko xedea, hainbeste politikeroen erran-merranetan ironian aritzeko enbeia, hots, «Bethi gibelekoz aintzina» gaia toberaz baizik ez zutela aipatzen ahal argi ikusi zuten amikuztar sortzaileek. Gaia hautatzean berean tradizioneari lehen zarrapoa erranen dute batzuk... Bainan toberak bizi araztekotan hemendik aintzina beharko da horri jarri, ezen eskandala, salaketa nahia betidanik beharrezkoak izan direnez toberen pizteko, arazo sozio-politikoek gaituzte gehienik ihardok aratzen gaur. Nehor guti, ene ustez, mobilisatuko baita gaur egun auzoen külota ixtorietaz arduratzeko edo harritzeko.

        «Bethi gibelekoz aintzina» textoa ondotik datorrenez anotaturik eta guzti, ez noa ixtorioaren kondatzera edo azterketa baten egitera. Bakarrik bizpahiru gogoeta. Lehenik toberaren paradan, karrika ibilaldian, dantzari eta epailetarik kanpo, anitz pertsonai ezberdin agertzen dira: jendarma, burjes, andere eta bereziki zirtzilak. Manera guzien arabera, tobera ihauteri kontexto batean ikusiz ez da harritzekoa. Bainan zehatzegi dirudite Herellek deskribitzen dituen «maskak», egite haundiegi dute maskaradetako beltzeki zirtzilek, beltz eta xuri horiek orduko gizartearen miraila ez izaiteko. Beraz hola pausatua izan da arazoa: zer erran nahi luke hainbeste urtetako eten baten ondotik kauterak azaltzea zirtzilen artean? Gizarte baten petzero bat ikus lezakea publikoak ala maskatze irringarri soil bat? Eta gauza bera erran genezake lau errotetako zaldi karrosa batean edo asto baten gainean ibiltzeaz. Ez ote da argiago BMW bat alde batetik eta 4La pourrita bat bestetik, edo Donapaleun egina izan den bezala Traktur bat haundia eta bestea zaharkitua...

        Hautua egina izan da beraz: tobera pertsonai bakoitzak, egiazko oraiko paper batekin agertzea. Zirtzilak lehen bezala orai ere, jende on eta katolikoen mintza edo jorragai... Gazte horiek bizi garen gizarteaz ideia politiko sendoak izanki eta azken hitza azkoneri ez uztekoa.

        Atakatzen zutenen mintzatzeko molde edo ohizko keinu baten eskarniatzea, ez zuketen ahanzten zaharrek eta hor ere honi edo hari zihoazkion ximinokeria zonbait gehituak izan zazkio, komiki edo marrazki bizidunetan jatorria bazuten ere, bereziki plazan hainbeste efetu egin duten sartze hobetu horiek: Dallas-en soinua edo Pantera arrosarena. Ondotik Donapaleuko plazan ikusgarri finitua ikustean, zinez agerian zen toberaren eredu mugatu hori osoki baliatuz zer ahalbide utz liezaguken karrika antzerkiarenak uztart bageniezaizkio.

        Egia erran, azken urte hauetan iparraldeko antzerkiak obra klasikoeri dagokionez maiztasunean galdu du bainan denbora hori ez dut uste alferrik xahutua izan dela ezberdintze edo bereizte lan bat egina izan baita: tobera kanpoko lanentzat, zketxak (maleruski toberak izenarekin batzutan), zalu, bipil egiteko, gertakizuneri hurbil eta fite ahantziak izaiteko (bainan efemeroaz da publikoa egiten). Luzarat irabazi behar luke antzerki osoak, bainan bereziki desberdintasunak publikoa moldatuz, bere forma klasikoen eta literarioenak. Eta artetik erraiteko, zilegi bekit pentsatzea pastoralak anitz irabazteko balukeela tragikoan eta beraz edertasunean, asto lasterrak ondoan balitu generoen bereizteko. Hortako ere gai ederrik balukete Xiberotarrek!

        Iduriz toberek beste bide puxka bat behar lukete egin Baxe Nabanen hementik aintzina eta antzerkiak zerbait irabazten balu gauza bera nioke dantzaz eta bertsolaritzaz. Aspaldidanik entzuten dugu dantzak, irautekotan, kreatzearen beharra baduela eta kreazionea gauzatzen da ere taulagainean. Bakarrik obra eder eta apaindu horiek ez dute eraginik herriko dantzan orainokoan. Espezialitate guzietako kulturzaleak segi balitez elgarrekin biltzen toberakari, aurki genezake hor dantza berrien herritartzeko arragoa.

        Eta ez litekeia gauza bera erran bertsuetaz? Biharko saio bertsuzale ala bertsulari, betidanik plazan sortu edo hasi dira. Agertu da Donapaleun ez direla gazteak zaharrak baino gutiago zaletuak gaia gustukoa duten ber. Eta gehiago dena, bere errima eta zirtoekin, tobera texto guzia ez dea bertsu edo kopla saio luze bat baizik? Aldi bat gehiago ardietsi du bere efetua, Merkatuko euskararen freskotasun eta arintasunez beztiturik, beti bezain eme 21. menderat pasatzeko, zimurdurarik gabe...

        Azken finean, anitz kanbiamen heldu da salbatu nahi den zaharkeri batendako, bainan gauzen trenkatzeko ahala duten horietarik baita Mattin Irigoien, tobera edo folkloreaz, tradizio ala modernitatearen arteko eztabaida bati bota zuen amaiera xerbitxatuko dizuet askapenez:

 

                «Zaharrek ez zuten tradizionerik segitzen,

                ziren bezala bizi ziren.

                Nahi badugu tradizionearen izpirituan izan

                tobera modernoak egin behar ditugu.»

Antton Lucu

1991 Buruilaren 23an

 

 

Bethi gibelekoz aintzina
Mattin Irigoien

Maiatz, Uhargi 23, 1991ko abendua