Adanen poema amaigabea
Bestela abisatzen zigun arren, Joseba Zulaika kartzela edo erbestea sufritzea inoiz merezi ez izanaren erru konplexu handirik gabe azaldu zitzaigun letretan, “bizi ala hileko uste ditugun arazoetaz bakarrik” atrebitzen zen poesia baten emaile. Arestiren eraginetik urrun, “ni” pertsonal bat ageri du: Adan, zuztarreko gizakia (ni, Adan hura; zu, irakurle hau), inguramenik eta gizarterik gabeko mundu batean, ur, lur, gau, eguzki, bide aurrean pentsamenduaren lehen pausoak ematen, bizitza ulergarritasun batean kokatzen. Hori, 1975ean, ildo gainditua zela uste genuen. “Ni / —Adan— / ni gizona naiz / Eta / ni nagoen toki guztietan / entenimendua / eta / nahimena / daude”. Eta erabakitzeko eskubidea: “Goazen beste zerbaiten bila / zori ona / eta / zori txarra / ez dira nire mundua”. Horra Adanen poema amaigabea. Joxe Azurmendiren epilogo mamitsuak argitzen digu garaiko egoera poetikoa.