Uzt 14 15

Mariano Izetaren Baztan

Parisen kokatu zuen bere lehen nobela poliziakoaren gaia Mariano Izetak (Dirua galgarri. Auspoa, 1962), eta hogei urte geroago gaizkileak (ez izugarri gaiztoak hala ere) Baztanen kokatu zituen osorik eskaintzen dizuegun  Nigarrez sortu nintzan honekin. Tituluak autobiografia batena dirudi, baina hirugarren pertsonan kontatua da Jose Larrekoa protagonistaren bizitza. Gogorra bizitza, aukeran sobera gogor. Jose Larrekoa gaizkilearen ondoko zintzoa da. Xaloa gizona, aukeran sobera xalo. Batean ageriago bestean ezkutuago, testu osoan barrena ageri dira joera etnografikoak, eta Baztanen presentzia handiagoa da, oro har, intriga sozial edo psikologikoa baino. Eskualdeko literaturatzat sailka genezake gaur 100 urte beteko zituzkeen Izetaren lana, baina horretarako, aurrez, aitortu behar genuke urrun samar dabilela idazlea folkloretik eta pintoreskotik. Nahiz artzainak, nahiz gaueko lana.

Uzt 01 15

Sonia Gonzalezen Sagarroiak

Gabriel Arestik eta Jon Mirandek politikazko eta erlijiozko tabuak apurtu zituzten, baina Arestiren poemen protagonista “gizona” da, eta Miranderen erotismoa, besteak beste, falokrata da. Hizkuntzan bertan txertatua zen gizonkeria tabu izaten jarraitu zuen. Amaia Lasak abiatu zuen A E I O U berria XXI. mendearekin nagusitu zen emakumezko idazleen multzo gaztearekin: tabu linguistikoak apurtuz, sexualitatearen zentroa aldatuz eta esplizituki aldarrikatuz, kolokan ipini zituzten gizon hitzak eta gizontasun kontzeptuak zeuzkaten oinarri sendoak. Iraultza honen adibidea dugu Sonia Gonzalezen Sagarroiak (Euskaltzaindia /BBK, 2002) Jabego nomada, Maitasuna gerra da, Ailitz soilik sexua! edo Mendekua bezalako poema antologikoetan.

Eka 24 15

Zinezko poeta

Maiteño (Kutxa, 1974), Xabier Azurmendik eman zigun bigarren poema bilduma, lehenagoztik —Izatearen malura (Gero, 1971)— ezagutarazi zizkigun kezketan eta moldeetan taxutua da. Asun zauri zaion Maiteño delakoa Jainkoa du. Min maite horretan bizi da Jainkorik ez balitz landareak behar duen hezetasuna bihurtu nahi lukeen apaiza. Naturak laguntzen dio ilunekoak argitaratzen, hartatik ekartzen du eraikuntzarako materiala, “masusta beltza baino trixteagoko bihotza” bezalako irudi delikatuekin. Batzuetan aski du deskripzio xumea giroa sortzeko, errekaren abaila, piku  hostoaren latza, barne egoera adierazteko. Espanturik gabeko arrangura existentziala da berea, eta ez esangura bakarrekoa: bihar edo etzi ezingo da konpondu huts hau, baina saiatzen ahal gara bizitzen “tente, Intxorta guda ostean bezala”. Bizi zelarik aipamen handirik jaso ez bazuen ere, zinezko poeta izan zen Xabier Azurmendi (1935-1996).

maiatza 26 15

Izagirreren nobela berria: Lorea Gernika, andrazko bat

Hiru bider ezkondu zen Lorea Gernika, eta beste horrenbesteko banantzeen edo alarguntzeen ondorioz –ez dago garbi– nahikoa eusko bildu ahal izan du bizimodu erosoan laketzeko. “Hortxe kokatu dut protagonista” azaldu digu Koldo Izagirrek, “mundua ulertzeko arazoekin, hunkiberatasunean, alegia, gizonezkook emakumea kondenatu izan dugun topikoan”. Lorea Gernika, andrazko bat nobela sarean osorik emana duzu jendaurrean aurkeztua izan aurretik. “Topikotik irteteko Lorea Gernikak egin dituen saioen bilduma da liburu hau”. Umorea eta malenkonia.

maiatza 20 15

Dena bestelakotzeko eztenak

Gorka Trintxerpek bigarren poema bilduma zuen  Ezten gorriak (Idatz, 1975). Eztenak ez min emateagatik, akuilagarri gisa baizik, eta gorriak ezinbestez sozialismoko plazan elkar topatuko bagenuen. Zentsurak bahitu zion Zorion baten zainak (Gero, 1972) hartan ageri ziren ildoen segida dugu bigarren hau, biluziagoa, zuzenagoa, baina egilearen nortasuna ezabatu gabe: maitasuna ageri da plusbalioaren eta alienazioaren artean, eta malenkonia tantak han-hemen aldarri gordinaren ondoan. Edertasuna eraikitzeko gogo handi batek gidatzen zituen eskua eta burua. Dena zegoen bestelakotzeko. Eta egiten ahal zuela sumatzen zuen belaunaldi berriak. Argitaletxe bat, esaterako, Idatz izan behar zuena. Eta halakoxea liburua bera, fisikoki: ezohikoa, apaina, marrazkiduna, eskurakoa, gordegarria. Garaiaren lekuko.

maiatza 14 15

Saizarbitoria eta iragana, Zapiainen saiakera berria

Nola jokatzen dute Ramon Saizarbitoriaren ipuin eta nobeletako pertsonaiek? Markos Zapiainek saiakera liburu berria aurkeztu du maiatzaren 13an: Saizarbitoria eta iragana. Errua, maitasuna, jelosia, fideltasuna, egia, sekretua, oroimena, damua, mendekua, patua, kontzientzia, beldurra nola bizi dituzten erakutsiko digu Zapiainek. Pertsonaiek arazoak dituzte beren burua onartzeko orduan, ez dituzte gertaerak osasuntsuki digeritzen. Pasioek erasaten diete. Identitatea kuestionatzen dute. Saizarbitoriaren obrak bekoz beko jartzen du irakurlea bere iraganeko alderik mingarrienarekin.

Api 29 15

Ametsak ere zain, Mikel Antza

Hamar urtean kartzelan idatzitako poemek forma berezia hartu dute orain Mikel Antzaren gogoan: erreka moldeko sei poema luzek osatzen dute Ametsak ere zain liburu berria, apirilaren 30ean jendaurrean aurkeztu aurretik sarean osorik eskaintzen dizugun hau. “Poema gordinak dira” diosku idazleak, “heriotza eta kartzela eta gerra dute gai. Baina maitasunezkoak ere badira, norbanakoa dutelako gai eta helburu, askatasuna dutelako amets”. Kantu zabal baten tankera hartuko diozu obrari, horrexegatik dakar azpititulu gisa: garaitu gabeen balada.

Api 16 15

Jende desegokia, Gaizka Zabarteren bigarren nobela

Peter Zuazok gonbidapen bat jaso du Desegokituen Elkartetik, Bilbon izango diren jardunaldi batzuetan hizlaria izan dadin. Halako deitura duen elkarte batek, noski, segituan sortzen du kitzika edo harridura suerte bat, gutxienez jakin-mina. Komedia gaizto bat da Gaizka Zabarteren bigarren nobela, Jende desegokia, ostegun honetan aurkeztu aurretik sarean osorik eskaintzen dizuguna. Umore onez dabiltzanentzat bakarrik da gomendagarria liburu hau.

Mar 26 15

Anne Sexton, Sophia De Mello eta Gabriel Ferrater

Aurrera doa Susa argitaletxearen egitasmoa eta kalean da Munduko Poesia Kaierak bildumako  hirugarren sorta. Udaberriaren hasmentarekin, Anne Sexton, Sophia de Mello eta Gabriel Ferrater poeten lanak ekarri dituzte euskarara, hurrenez hurren,  Harkaitz Canok, Iñigo Roquek eta Aritz Galarragak. Anne Sexton (1928-1974) poesia konfesionaleko idazle garrantzitsua da AEBetan; Sophia de Mello (1919-2004) portugaldarraren obra erreferentzia klasikoek zipriztintzen dute; Gabriel Ferraterrek (1922-1972) gerraondoko poesiagintza katalana eraldatu zuen.

Mar 18 15

Xabier Gereñoren
nobela beltza

Hiltzaile baten bila (Kriselu, 1975) gure literatura industrialaren abiapuntua izan zen, hiru osagarriz moldatua: jenero literario popularra, nobela beltza; abentura desberdinak biziko dituen protagonista bat eta beti berdina, liburuz liburu errepikatua; idazkera lau eta tolesturarik gabekoa, euskara ikasten ari zirenen edo ikasi berrien lagungarrizko materiala. Xabier Gereñok merkatuaren legera edo merkatua izan zitekeen hartara makurtuz garatu zuen bere liburugintza. Jurgi itsas kapitainaren abenturek, ordea, erraz aspertuko dute beste edozein hizkuntzatan nobela beltz bat irakurri duen edonor, xalotasuna ez baita jenero honi egokitzen zaion jantzia. Inguru tradizionaletik kanpo mugitzen baita, esan genezake aldi batez gure nobela beltzaren lehen protagonista modernoa izan zela Jurgi kapitaina, benetako modernoak heldu ziren arte. Xaloak ez direnak, alegia.

Mar 11 15

Grand Placeko mugarria

Mario Onaindiaren Grand Placen aurkituko gara eleberria (Kriselu, 1983) izan liteke zenbaitek azken urteotan hainbeste errepikatu duten (ETAren) “errelatoaren” eredua, izugarri gustukoa izango ez badute ere: emakume politizatu batek maitasun eta askatasun gutunak idazten dizkio presondegian zortzi urte daramatzan senarrari, jakin gabe laster kartzelatik atera eta Bruselara atzerriratuko duela Espainiako Gobernuak. Gutunok presoaren oroitzapen, iritzi eta eguneroko kontuekin tartekatzen dira, urruntzen eta hurreratzen diren planotan. Indar handiko pertsonaia dugu Jone, maitasuna aitortzeak ez baitu Penelope bihurtzen: historia pairatzera egokitu nahi dute bere alabaren aita historia egitera joana den artean, eta ez dirudi ados dagoenik. Egoera politiko-historikoa, herriari “zor zaiona” eman beharra, bizitza pertsonala, autokritika… Mugarri bat gure nobelagintzan.

Ots 04 15

Sechu Senderen
Sorgin ehiztaria

2012an ezagutu genuen Sechu Sende idazle galiziarra euskaraz, Made in Galiza narrazio bildumaren bitartez. Orain, Txerra Rodriguezek euskaratuta, haren prosaz gozatzeko aukera berria dago Sorgin ehiztaria narrazio luzearen bitartez. Herri hustuak, emigrazioa eta jazarpen politikoa nahasten dira Kaliforniaraino eramango gaituen istorio hunkigarri honetan.

Urt 28 15

Xabier Kintanaren astinduak

Behin batean (Kriselu, 1972) ipuin bildumak liburu gutxik bezala harrotu zuen gure intelligentsia zuhurraren arima minbera. Kritika gogorrak jaso zituen Xabier Kintanak, irainak ere bai, zintzotasun historikoa errespetatzen ez zuelako. Tituluak berak ordea, “Behin batean”, aski garbi gaztigatzen zuen barnekoa fikzioa zela oroz lehen. Bost ipuin leku eta kultura urrunetan kokatuak dira, bi Euskal Herrian. Biotako bat, Ukronia, egun EAE dukegun lurralde hipotetiko baten deskribapena da, EAJ izeneko alderdia eta euskara sabindarra nagusi, botere autoritarioaren jabe. Ez zioten barkatu Kintanari ez umorea, ez ausardia, ez fabulatzeko ahalmena. EAJz trufatzen zen! Traizioa! Euskaltzaindiaz ere bai! Eskandalua! Xabier Kintanaren ipuinok, besteak beste, munduaren eta gizakion hipokrisia dute jomuga, espantuzko kritikak, zeharbidez eta nahi gabe, agerian utzi zuen gisan. Haizeberritu ederra gure literatura txepelari.

Urt 17 15

Ayalderen mendeurrenez,
Ibar ixillean

Antonio Valverde Ayalde duela ehun urte jaio zen, 1915eko urtarrilaren 17an. Errenterian sortua erroak Irunen zeuzkan inprimatzaile familia batean, etxeko langintzari jarraitu zion Donostian, hainbat lan eder argitaratuz eta grafikagintzako artistak formatuz. Ayalde rara avis dugu Euskal Herrian: lantegiburua eta artista, burgesa eta kultua, margolaria eta idazlea. Herrimaitalea izaki, baitezpadakoa gertatu zitzaion euskara: ikasi, landu, idatzi… eta nortasun handiko obra moderno bat osatu zuen gure hizkuntzan, hala poesian nola artikulugintzan eta ipuingintzan, hil zen urtean bertan (1970) antolatu zuen Ibar ixillean bilduman dasta genezakeena. Prosalari-poeta eta margo-marrazkilari honen obraren omenaldi txiki gisa, bilduman apaingarri txertatu zituen irudiak ere ematen dizkizuegu.

Urt 14 15

Domingo Agirreren Ni eta ni

Euskal-Esnalea aldizkariak esklusiba gisa argitaratu zituelako dauzkagu eskura gaur Domingo Agirre “ohiturazko” nobelagile politikoaren Ni eta ni amaitubako nobelaren aurreneko bi kapituluak. Santi Onaindiaren arabera, hil aurretxoan erre zuen egileak berak burutua zeukan nobela hau. Ez dakigu zergatik. Bi atalok aditzera ematen dutenez, ezinezko edo galdutako maitasuna dateke gertakarien haria, gure Erdi Aro gatazkatsu hartan kokatua. Agirrerik Agirreena irakur genezake honakoan, anaforaz, pleonasmoz eta sinonimiaz beteriko deskripzioetan, pertsonaia nagusi eta azpikoen arteko kontrastean eta egilearen beraren fikzioaren erdiko presentzian irakurleon laguntzaile. Tamala da erre izana, gaur egun hain aparrean dabilen nobela historikoaren aurrekari zatekeen. Eta eredu, zenbaitentzat.

Agenda

Efemerideak

Kritikak