Txillardegi eta Saizarbitoriaren nobelagintza
Ibon Sarasola

Kriselu, 1975

 

 

ATARIKOA

 

      1972-1973 urteetan hamabi nobela publikatu dira euskaraz. Hauetatik bi itzulpenak dira eta gainerako hamarrak kreazio-lanak. Euskal nobelagintzaz arduratzen den orok badaki zifra hauek record bat suposatzen dutela eta gure prosagintza literarioak azken urte hauetan izan duen aurrerabidearen lekuko gertatzen direla. Baina aurrerabide honek espero arazten duen etorkizun esperantzatsua errealitate finko bihurtzeko «nobelagile hobeagoak» behar ditugu, inoiz esan den bezala.

      Zenbaitetan esana dut nobelagile bat ez dela ezerezetik sortzen den mirakulu bat. Kreadore bat giro bati zor zaio eta halaber kreatze-tradizio bati, ezinbestean. Eta nobelagintzaren giroa batez ere irakurleek osatzen dute. Irakurlego aditu bat da nobelagintza oparo baten aurrekondiziorik lehenena eta sostengarririk seguruena. Irakurle esijente bat da nobelagile errespontsablearen akuilari zorrotzena eta kontsolatzailerik preziatuena.

      Liburu honek laguntzaile bat izan nahi luke euskal nobela-irakurlea irakurle adituago eta esijenteago bat bihurtzen. Ikus arazi nahi dio nobela bat egitea ez dela askok uste duen bezain gauza erraza eta ezdeusa, nobela taxutu baten atzean buruhauste asko geratu direla egilearentzat, eta kreadorearen neke hauk ordaingabe geratzen direla askotan, irakurlea, bere literatur-ezjakinduria eta preparazio falta gatik, ez delako gauza izaten nobelaren orrietan zehar eskaintzen zitzaion errealitate literarioaren alde positiboez eta eskergarriez jabetzeko eta gozatzeko. Salatu nahi du, ondorioz, gure nobelagile aurrerakoienek (aurrerakoi nobelagile bezala) ez dutela merezi duten irakurlego nobelagile eta gaurko literaturgintzan jantzia, eta sensibilitate-gabezia, inkonprensioa, kritika erresponsable eta ohartu baten falta, hitz batean irakurlegoaren kalitate txarra dela gure nobelagile zintzoenentzat behaztoparik desesperanteena bere eginkizunean.

      Badakit euskal nobelagintzaren problematika ez dela irakurlegoaren egoeran ahitzen. Baina uste dut gure artean gehiegi hitzegiten dela idazleaz eta gutiegi irakurleaz gure literaturaren akatsak eta hutsak aipatzeko orduan. Ez dugu gogoan hartzen literaturgintzaren prozesoan irakurlearen eginkizuna kreatzailearena bezain garrantzitsua eta beharrezkoa dela, eta gure literatura sendotzeko ahaleginek ezin dutela ahaztu irakurlegoaren literatur-heziketa.

      Nere asmoa nobela bat «irakurtzen» erakustea denez gero, kritika formalista bati lotu natzaio nere saiaeran, mende-haserako errusiarren eta gaurko neoformalisten lanetatik atera dudan irakaskintzaz baliatuz. Txillardegiren eta Saizarbitoriaren orain arteko nobelen irakurketa bat egitera mugatu naiz, baina uste dut ez zaiola inori kostatuko hemen adierazten direnak beste nobelagileei hedatzea. Bi autoreok hautatu ditut nere ustez ziklo bat hersten eta beste bat irekitzen duten bi pauso dezisiboak direlako gerraondoko euskal nobelagintzan.

      Badakit nobela batetan beste irakurketa asko egin daitezkela, baina uste dut hau zela egokiena nere asmoen arabera. Azpimarkatu nahi dut hori nere lanaren zentzua oker interpreta ez dedin.

      No vull acabar sense recordar en Pere Sariola i la M.ª Rosa Vallribera per uns anys de convivencia en els quals, entre altres coses, es va realitzar aquest treball.

Ibon Sarasola. Donostia, 1974 abendua

 

Txillardegi eta Saizarbitoriaren nobelagintza
Ibon Sarasola

Kriselu, 1975