Ira 10 20

Dendaostekoak Uxue Alberdiren denda baten kronika literarioa

Jostuna bata, brodatzailea bestea. 70eko hamarkada bukaeran ireki zuten denda, gurasoen etxean lan egiteaz nekatuta, eta liburu politikoak eta diskoak gehitu zizkieten ordura arte erabilitako kakorratz, makina eta hariei. Marx eta mertzeria. Aitak esan zien emateko tokia tailerrari eta almazenari: “Funtsezkoa ezkutuan egiten da”. Han josten dute geroztik, han brodatzen, hantxe gordetzen dituzte mozorroak egiteko oihalak, edo banatzaileari itzuli beharreko liburuak. Dendaostean entzun dute musika lagunekin, edo abortatzeko eskubidearen aldeko manifestazioetarako prestatu, edo mendi irteeretarako. Eta, bitartean, uholdeak, atxiloketa eta atentatuak, txikiteoa, jaiotzak eta heriotzak. Denda baten kronika literarioa idatzi du Uxue Alberdik eta, bide batez, garai batena ere bai. Osorik eskaintzen dizuegu Dendaostekoak sarean.

Abu 16 20

Charles Bukowskiren jaiotzaren mendeurrena

Mendea bete da abuztuaren 16an Charles Bukowski jaio zela. Idazle deabruen artekotzat sailkatua, alkoholarekin eta jendartearen hegiekin izandako harremanak markatu zuen haren bizitza eta ardaztu haren literatura. Nobelagilea, ipuinlaria eta poeta, Bukowskiren hainbat lan irakur daitezke euskaraz, eleberriak eta poemak. Mendeurrenaren karietara, Josu Lartategik euskaratutako Poema antologia, (Susa, 1997) jarri dugu osorik online, eta baita beste zazpi poema ere, Hezurrezko xirulak (Elkar, 1991) liburuan Joseba Sarrionandiak itzulitakoa bata, eta beste seiak Josu Lartategik berak euskaratuak, Hegats aldizkarian emanak.

Abu 12 20

Jose Mari Iparragirreren jaiotzaren 200. urteurrena

200 urte bete dira Jose Mari Iparragirre jaio zela. Urretxun sortu zen 1820ko abuztuaren 12an Euskal Herriak eman duen kantari ezagunenetako bat. Aro erromantikoen seme, Argentinara joan eta etorreran Madrilen, Europan, Euskal Herrian kantuak sortzen eta zuzenean eskaintzen dagoeneko gure ondare lirikoaren pieza garrantzitsuak direnak ondu zituen, gure poeta kantatuena bilakatuz. Kantuok seguruenik beste batzuen kalitate gorena ez badute ere,  herriaren sentimenduekin bat egiten asmatu zuen eta entzulearengana aise iristen diren letra eta melodiak dira. Bigarren mendeurren honetan, Hiriak haren kantu eta poemekin osatutako liburua, Olerkiak eta eresiak, eskaintzen dizuegu.

Eka 29 20

Oier Guillanen liburu berria

Victor aktorea Madrilen hil zen auto istripuz, pailazo sudurra jantzita, eta haren hiletara ez zen ia inor joan. Kasik 20 urte geroago, Ilehoriak detektibe emozional bat kontratatu du heriotza hura ikertzeko. Izan ere, zergatik hil zen istripuz Victor? Nork hil zuen inork hil ez zuena? Zer lotura du haren heriotzak elkar ezagutu zutenean grabatutako VHS zintarekin? Ilehoriak gogoan du Merlinerekin Andaluziara egindako bidaia iniziatikoa, nola bisitatu zuten Lorcaren herria, nola ezagutu zituzten La Marabunta antzerki konpainiako kideak, nola izan zen hura guztia pizgarri bere ibilbide artistikoarentzat. Gorputz hartara itzuli nahiko luke, orduko sentsazioak berreskuratu, oroitu, baina ezin du. Agian memoria beti delako ariketa kolektiboa. Agian orduko lagunak behar dituelako gertatu zena gogoratzeko. Agian lagun baten heriotza konpondu ezineko matxura delako denboraren makinan. Osorik irakur dezakezue VHS sarean.

Eka 09 20

Galder Perezen antzezlanen bilduma

Galder Perezen hiru obra biltzen ditu Hiru geltoki lurrun liburuak: Lurrun minez, Lau metrora eta Off the record. Hiru lanok egilearen kezkak islatzen dituen unibertsoa osatzen dute: homosexualitatea, zentsura, Mozal legea, kazetaritzako ustelkeria… umoretik sobera urrun ibili gabe. Eremu ttikiak, espazio itxiak gustukoak ditu Galderrek. Normala, beraz, lan honetako hiru “geltokiak”, sauna bat, erietxe bateko gela bat, eta bulego bat izatea. Eta espazio itxi horretan sartu ditu bere pertsonaiak. Eta iduri du, hiru lanetan bere pertsonaietako bat bederen “ez-lekuan” legokeela. “Ez-lekuan” dago Jesus, “ez-lekuan” gidaria, eta “ez-lekuan” Karmele. “Ez-lekuan”… edo deseroso behinik behin. Sarean duzue osorik irakurgai.

Eka 09 20

Kepa Errastiren Mami Lebrun

Mami Lebrun antzezlana azken urte hauetan euskal antzerkigintza, pauso sendoz, jorratzen ari den ibilbide oparoaren adibide bat da. Kepa Errastik idatzia, Kepa bera partaide den Xake Produkzioak konpainiak 2016ko maiatzean estreinatu zuen. Mami Lebrun antzezlanean amonaren heriotzak sortutako zirrara pertsonala du fikzioak sorgune. Antzerkiak antzerkiaren barruan ematen dituen aukerak baliatuz, heriotzaz, doluaz, iraganaz, maite genituen gertukoen memoriaren zaintzaz, aurreko belaunaldiek bizitzea tokatu zitzaien mundualdiari emandako erantzunaz… eta, inplizituki besterik ez bada ere, oraingoari eta etorkizunari guk eman beharrekoaz hitz egiten du. Osorik eskaintzen dizuegu sarean.

Eka 08 20

Eneritz Artetxe Aranazen antzezlanak

Eneritz Artetxe Aranazen bi antzezlan bildu ditugu Isiltasuna honetan: antzeztu gabeko Isiltasuna, eta egileak berak Dxusturi bere konpainiarekin taularatutako Karramarroa. Elkartasuna, politika eta umore zorrotza, guztiak topatuko ditu irakurleak testu hauetan. Isiltasuna ozen mintzo zaigu emakumeen ahotsez, barrenak ateratzen dizkio isiltasunari, egunerokotasun ustez neutralaren zamak isilarazitakoen ahotsean dagoena arakatzen du. Karramarroan espero ez genuen estetika eta umore gordin batez bete zuen oholtza, bufoiaren kodigoetatik hurbil betiere. Osorik irakur dezakezue orain sarean.

Eka 05 20

Bixente Serrano Izko presente

Bixente Serrano Izko hil berri den honetan, merezi du haren emaitza literarioa erreibindikatzea. Eta horretarako, 1987an argitaratu zuen narrazio liburua aukeratu dugu, Onkoteak, orain sarean osorik irakur dezakezuna. Bere lehen liburu hartan, argi aski ikusten dira hitzarekiko maitasuna eta gatazka, literaturaren oinarrian dagoen ezinbesteko harreman hori. Zertzelada pertsonaletarako argigarria izan daiteke liburu horretako solaparako idatzi zuen autobiografia txikia.

maiatza 27 20

Julen Belamunoren liburu berria

Lezetak hozkailu industrialak konpontzen egiten du lan, eta lankide antojagarri baten adarjotzeak aguantatu behar ditu. Euskal Herritik Berlinera egin zuen ihes Martinek 80ko hamarkadan, desagertzeko bulkada bati jarraituz. Belarriko minez farmazia irekitzeko zain dago artista bat, eta Isabelekin izan zuen harremana zelan hondatu zen gogoratuko du. Bikote batek Errioxan erositako etxera hurbilduko da jabe ohien semea, zuhaitz bat ez botatzeko eskatzera. Italian koadro berezi batzuk agertu ostean, aspaldi ahaztutako pintore baten gaineko ikerketan murgilduko da Ander. Bost ipuinez osatuta dago Julen Belamunoren Hotz industriala. Izoztutako txori baten begirada, paseo bat ontzi turistikoan laku hutsean, igelak koadro desitxuratuetan. Egunerokotasunaren zama astunegia bihurtzen denean, lanegunaren amaieran hartutako tragoa ere izan daiteke itxaropena. Osorik irakur dezakezue Hotz industriala sarean.

Api 23 20

Luis Sepulvedaren heriotza

2020ko apirilaren 16ean zendu zen, koronabirusaren ondorioz, Luis Sepulveda idazlea. Txileko Ovallen jaioa, haren bizitza Txileko patu politikora lotua joan zen bere militantzia komunista medio, eta Pinocheten estatu-kolpearen ondoren erbestera jo zuen, kartzelaldi baten ostean. Munduan zehar ibilia, hainbat lurralde eta itsasotan, ekintzaile ekologista, aktibista soziala, itxura batean xaloak diruditen haren istorioek eduki humano eta kezka sozial handia izaten dute. Euskarara batzuk ekarri dira, eta haren heriotza dela-eta Txalaparta argitaletxeak plazaratutako bi jarri ditugu osorik, Ana Santos Elortzak euskaratutako Maitasun eleberriak irakurtzen zituen agurea eta Ima Garbizuk itzulitako Patagonia Express.

Mar 11 20

Igor Estankonaren poema liburu berria

Moskito Igor Estankonaren bosgarren poema liburua da, azkenekotik hamaika urte igaro ondoren argitaratutakoa. Bizitzaren bideak bezain zabala eta ustekabekoa, Moskito aitatasunaz ari da, bikoteaz, nazioaz, heriotzaz. Agerpen eta desagerpenean, adierazte eta ezkutatzean oinarritzen den unibertsoa da berea, lanbroak ezkutatutako poesia, hainbat irakurketarako aukera iradokitzen duena. Estankonak badaki zinikoa izaten, baina badaki esperantzari eta poesiaren edertasunari eusten ere. Osorik eskaintzen dizugu sarean.

Ots 21 20

Letrak hondakindegietan

Hondakindegiak erori, gorpuak estali eta negozio ilun eta pozoiak agerian geratu diren egunotakoa euskal literaturak orrietara eramandako errealitatea da. 2011n argitaratu zuen Eneko Aizpuruak Erein argitaletxearekin Errauts eleberria. Hilketak baten ikerketak agerian utziko ditu hondakindegien inguruko negozio ilunak eta barreiatuko ustelkeriari darion kiratsa. Iparraldeko zabortegien geografian murgildu zen, berriz, Amaia Ezpeldoi ikerlaria Zaborretan azkenak eleberrian. Zakarrak lurra ez ezik harremanak ere kutsatzen ditu Itxaro Bordaren lanean. Maiatz-ek 2015ean kaleratutako edizio elebiduneko eleberriaren euskarazkoa Booktegi egitasmoak irakurgai jarria du. Eta Armiarman irakur ditzakezu orain Errauts-en lehen hiru kapituluak eta Zaborretan azkenak osorik.

Ots 06 20

Gabriel Kortaren eta Pio Berasategiren lanak

Bi idazle hil berri izanaren albistea jaso dugu aste honetan: Pio Berasategi eta Gabriel Korta. Idazle oparoak bi-biak, bat poesian eta bestea narratiban. Gabriel Kortaren oroigarri, haren poema liburu bat eskaintzen dizuegu, 2010eko Laugarrenak lau bilduma mardula, aurretik argitaratuak zituen hiru liburuen berrikuspenaz gain, “Testigantza” izeneko poemario berria ekarri zuena. Pio Berasategiren lehen nobela ere, 1982ko Herbesteratua, irakur dezakezu orain sarean, Goierri gipuzkoarreko hizkerak blaitutako prosa parekorik gabeko baten erakusgarri.

Urt 28 20

Lina Ben Mhenniren heriotza

2011n ezagutu genuen Lina Ben Mhenni, Tunisiako Ben Ali presidentearen aurkako errebolten kronika egin zuelarik Tunisian girl blogetik. Debekuak debeku, sarean jaso zituen erregimenaren aurkako iritzi eta gertakizunen kronikak. Eta euskaraz irakurri  ahal izan genituen hainbat  Denonartean argitaletxeak 2012an kaleratu baitzuen Tunisian girl liburua, Itziar Diez de Ultzurrunek euskaratua. Urtarrilaren 27an zendu da Ben Mhenni, 36 urte zituela, eta haren oroimenez hona hemen liburua osorik.

Aza 27 19

Kirmen Uriberen poema liburu berria: 17 segundo

Hamazazpi segundo baino ez ditu igarotzen bisitariak koadro bati begira. Hamazazpi segundo batez beste. Egina omen dute ikerketa. Hori da koadro bati eskaini ahal diogun astia gure garai ero hauetan. Pentsatzen jarrita, poesiaren erritmoa guztiz bestelakoa da. Poesia da denbora gelditzea, poesia da begirada, poesia da desagertuko denari arreta jartzea. Inguruari begira egon, pentsatu gauza horiek hortxe egon direla aurretik, eta hor egongo direla beharbada, aurrerago. Kirmen Uriberen Hamazazpi segundo liburuak hamazazpi urtez idatzitako poemak biltzen ditu, 2002tik 2019ra. Intsumisioa, Japonia, Euskal Herria, New York, natura, Artea, haikuak, prosa, ondarruera. Daudenak eta ez daudenak. Hamazazpi segundo bezain hamazazpi urte luze. Osorik aurkezten dizuegu sarean.

Agenda

Efemerideak

Kritikak