Zaborretan azkenak
Itxaro Borda

Booktegi, 2019

 

 

 

 

Hazketa 2010 elkartekoentzat,

Oragarreko jendeentzat,

21 sasoietan Goenkale

egin dutenentzat.

 

 

 

Lotsarik ez izan; lehena naiz eta azkena,

Eta bizirik dagoena (...) idatzi ezazu arren

Zure agerindea gaurko egoeraz

Bezain etorkizunaz.

Joaneren Apokalipsia. Patmos.

 

 

 

Baionako herriko plazara iritsi nintzen, hatsanka. Jendez mukuru zegoen, solas ozenen ordez marmara ilun eta erdi etsitua nabaritzen zela. Bata bestearen ondotik uhinak bazetozen adin eta jatorri guztietako herritarrak iturriaren aldamenean metatuz. Zenbaitek arkatzak eta lapitza erraldoiak aireratzen zituzten, anitzek Je Suis Charlie zutela aldarrikatzen A5 neurriko paper zuri-beltzetan. Gehienak ezaugarri berezirik gabe etorriak ziren urte hartako urtarrilaren zazpian, bi egun lehenago, Pariseko Charlie Hebdo kazetaren egoitzako eta bi egun beranduago Vincennesko Hyper Casher dendako sarraskiak salatzeko. Haur algarak salbu, bildutasuna zen nagusi.

         Maddik ahurra nire sorbaldan pausatu zuen.

         — Behar dinat hirekin mintzatu... Garrantzizko gauza batez... Ez hadila sobera urrundu!

         — Baina, baina, erradan orain, biak buruz buru gauden artean, hemen ez dinagu deus arriskatzen...

         — Badun kaskotik hik! Mentsa haiz? Ba ahal dakin zenbat belarri eta begi ezkel dabilen izengabe hauen artean?

         — Sinetsi ezina! Beti paranoiak jana!

         — SMS bat igorriko dinat elkartzeko ordurako gertu izango naizenean...

         Aldegin zuen, briu-brau.

         Bakarrik utzi ninduen oldearen minean.

         Bezperan Miarritzeko Wittig Bar tabernan hitzartu ohiko adiskideak bilatzen nituen, Baionako auzapez berria agurtuz, Hendaiakoari bostekoa luzatuz, hor zeuden lankideak zein ezagunak besarkatuz.

         Ilse begimendu nuen herriko etxearen arkupeetan, Deborah eta Preziosekin eleka. Nolwen, nire andraidea, lanean zen. Zokori zegokionez, aurpegia erabat gordetzen zion zetazko bela janztea onartu zuen egunetik anaiek ez zioten ateratzeko baimenik ematen. Telefonoz egoten ginen apurretan, agerpenak luzatzeko zuen modua jasan gaitzak zitzaigun:

         — Urrats zehatzak jarraitzekoak ditut, fedearen eta garbitasunaren izenean, baina aitortzekoa dut Miarritzeko gure gaualdiak faltan nabaritzen ditudala!

         — Zergatik ez duzu ihes egiten?

         — Erraza ezta, Ilse ? Ezinezkoa zait... Anaiak Siriara gerrara joatea aipatzen du, bere familia osoarekin, txiki ala handi. Damasera eramatekoak gaitu...

         — Jondoni Paulok argia han ikusi omen zuen...

         Kikizai artean ahoskatu Preziosen oharrak hotza barreiatzen zuen telefonoaren bi puntetan. Dohako txantxak ez ziren, alor horretan, gehiago zilegi: Zoko negarrez urtzen zen eta Preziosek larderialdi sarkorra pairatzen zuen kide hurbilenengandik —gu ginen, alaina… Espresatzeko Eskubidea bermatua zitzaigun baina hala ere erranaren edukiarekiko kontuz ibiltzekoa ginen. Tragedia honen karietara berriz ikusten genuen gurasoek mailukatu zuhur-bide sakon bat.

         Manifestaldi isil eta jendetsutik landa, Jacques Lafitte karrikako Txalaparta batzokira zuzendu ginen. Les Bascos batasunaren hegal pean, aurreko ekaina hondarrean ireki zen Ipar Euskal Herriko eta Hego Landetako gay jendeak, lesbianak, trans eta queer oldeak juntatzeko lekurik egokiena. Ordu zen! Txakolina baso-erdi bana hartzen ahal genuen ondorioz, besondoak altxatuz Celine Dionen I’am Alive abestiaren neurrian: hoberik ez zen, hori, hori egiazko bizitza!

         Zarata orokorraren erdian, minutu zenbaiten buruan, senditu nituen asperra eta berantetsia nigan igotzen. Hondar egunetako gertakariak komentatzen genituen, sutsu, hizka-mizka. Mugikorra dardaraz zebilkidan sakela zolan. Maddi deabruaren SMS bat zen: itxt ht. Poternako laugarren atariaren maldan. Hator bakarrik.

         Betidanik misterioz troxatuak ziren Maddiren mezuak.

         Kolegioan ginen elkarrekin. Ez zituen han bere ipurdi mazelak biziki larrutu. Hamasei urterekin ezkondu zen, iragaitzazko soldadu batekin. Hiru haur munduratu eta nehork ez zuen zehatz jakin zergatik aita-amen etxera itzuli zen bizitzera bakar-bakarrik. Zientzia ezkutuetan bezain new age kutsuko garapen pertsonaleko tekniketan trebatu zen. Mahaiak ingura arazten zituen iragana eta geroa ezagutzeko, karta esoterikoak tiratu aitzin bere bezero aberatsen konturako.

         Kinka larrian bide zitekeen Amaia Ezpeldoi, detektibe hiper-erruralaren premian baldin bazegoen.

 

 

Ortzearen grisa, harresietako huntz hostoen berde ilunarekin ederki ezkontzen zen. Nolwenen ihardesgailuan mezu laburra utzi nuen: mtzt.

         Eguzki izpirik ez agertu arren, Maddik animaleko betaurreko beltzak zeuzkan sudur hezurrean pausatuak. Incognito pasatu nahi baldin bazuen, ba ... garbi zen ez zituela diskrezioaren arauak errespetatzen.

         — Zeren beldurrez habil?

         — Amaia! Apalago! Gibeletik ditinat... mehatxuka!

         — Nortaz ari haiz?

         — Ez haiz deustaz ohartzen ala?

         Esku-muturra gatibatu zidan eta gotorlekuaren maldako leku are gordeago batera tiratu ninduen. Begitartea zurbiltzen eta ukaraia ikara ari zitzaion: erakunde armatua indarrean zebilen garaietan, euskaldun jende arrunten argiki elekatzeko izua ulertu nezakeen, baina bazen hiru urte jada nolabaiteko bakea dastatzen genuela gure lurretan... zerk zuen bada Maddik horrela beldurtzen?

         — Herritarrak oro informatzen ditinat. Banan bana. Sekretuki. Astelehenean bilkura ba dinagu, udaletxeko sotoko gelan eta han ikusi nahi haut. Aitzakiarik gabe.

         — Zer gertatzen da Oragarren? Zer dun misterio zital hori? Xehetasun gehiago eman behar datan...

         — Datan? Ez duna didan ahoskatzen ahal besteek bezala? ZUP-eko biztanlea irudi dun. Didan ahoska ezan… eta guztia hire dukeen.

         — Bakea ematan... Ez gaitun Euskaltzaindian... datan ala didan berdin dun ez? Zer daukan ZUP-aren aurka?

         — Nik? Ezer ez…

         — Eta gainera aitorra nekea dun hik!

         — No! Hortxe txostena! Osorik… irakurri ezan… zortziak eta erditan, astelehenean, izan hadi!

         Gutun azal beilegia muturrera aurtiki zidan. Harresien arteko xendra sugekoi hertsietatik desagertu zen, lasterka. Presaren presaz, betaurrekoak lurrera erori zitzaizkion. Paper zionea plegatu eta bizkar zakuan sakatu nuen, Txalapartan berandu arte geratuko ziren adiskideetara lehiatzeko.

         Victor Hugo karrikan behera nindoan Nolwenen SMSa erdietsi nuelako soinua hautematean. Ez nuen esperantza handirik ukan behar: nire polizia inspektorerik gogokoena gaueko zerbitzuko zatekeen. Ahots goraz erratea garratz zitzaidan: neure maitasun eder eta bitxia, baina egiazki pentsatzen nuen hori, nire jatorrizko jendartearen onargarritasunaren mugak gainditzen zituzten barne-monologoetan galtzen nintzenean.

         Banekien ondorioz zer egin, Amodio egin ezik, Jean-Philippe Toussaint idazle handiaren liburu titulu baten oihartzunaz balia: orainaz gozatu musika entzunez eta edariak hurrupatuz, Baionako LGBT gune xaloaren altzoan, etxeratu gero, eskuak sakeletan, Maddik eskaini dokumentua arraposki arakatu aurretik.

         Oheratu aitzin dutxa sakona hartuko nuen, Dédé eta Karimekin zaborra biltzen iragan egunean zehar, larruari itsatsi zikin ustel urrinak bertatik ehizatzen saiatzeko.

         Eta menturaz ETB katearen Nahieran sailean pilotari profesionalen binakako txapelketako partida baten ikusteko parada ere ba nukeen: Ezkurdia eta Zabaletaren aitzinatze distiratsua miresten nuen eta Olaizola eta Beroizen kalbario sufritua nire larruan bizitzen. Xala pantailaratzen ez zen bitartean, ez nekien zer edo nor sustengatu, distira eta itzala, biak ala biak, nire gogokoak zirelako arras!

         Bezperan Wittig tabernako tauladan miretsi nuen Melania Balduino gogo-dantzariaren keinuez oroitu nintzen, nola biluzi zen astiro, lizun eta deigarri, larruzko azotearekin ikuslegoarekin larderiaz jolasten zebilela.

         Bakarrik izanagatik ez nintzen sekula aspertzen.

 

 

Egon gelan plantatu nintzen, Maddik salbaiki botatu txosteneko orrialdeak, mahaian barreiatuz. Karrikatik zetorren argitasun ahularekin aski banuen letra urri ezkelez garatzen zen testuaz jabetzeko. Kasko zokoa, kalaka oihar eta txakolina aire oroitzapenez mukuru neukanez, egia erran, kontzentratzea ez zitzaidan aisa, den-mendreneko perpausa ulertzeko.

         Nahiago nuen pentsatu Lafitte karrikako Txalaparta ostatuak ba zekiela Lapurdiko queer herbal eta apaletsien ederki errezibitzen, nehor jujatu eta epaitu gabe. Zoramen mental giro horretan nengoen Hazketa 2010 elkarteak uztailaren 2an eskaini prentsaurrekoaren mamia begietara jazarri zitzaidanean.

         Zertan ari zen Maddi? Ez zen Hazparnekoa sortzez. Zein saltsatan sartua zen? Hatapataz aipatu zidan bilkura, Oragarren iragarria zelakoaz gogoratu nintzen. Zein zen Hazparne eta nire herriaren arteko lotura? Galderak baizik ez nituen eta Maddik ez zidan bere telefona zenbakirik edo e-zuzenbiderik utzi. Ez zen batere post-modernoa. Eta ni, galdua, ez jakin xehetasunak nori eskatu.

         Björken Vulnicura obra berri-berriko bederatzi kantak gatibatzen zituen USB giltza sartu nuen ordenagailuan: bakartasuna gustatzen zitzaidan, baina ez nezakeen isiltasuna jasan, lanean edo irakurtzen ari nintzenean:

         — Hazparne, euskal kostaldeko zabor lurperatze zentro bihurtu zutenean sortu zen Hazketa 2010 elkartea. Hogei urte duela. Hazketa zikindegiaren zerratzea 2010etik 2015era gibelatzea lortu dute. Bil Ta Garbi erakundearen joko bikoitza salatzen dugu: erabiltze epea luzatzea eta eremua handitzea aurre-ikusten dute. Bastidan ala Hazparnen bertan, ordezko lekuak bilatu dituzte baina hain motelki non Hazketa baliotsuaz beste aukerarik ez zaien geratzen. Bil Ta Garbiko buruzagiei, dibertsio egitea leporatzen diegu, bai eta eskualdeko zatar elkarteen baitan haserreak piztea, Hazketan dituzten xede kaltekorrak ahantzi ditzaten.

         Atom Dance puska atzean soinu, Hazketako lekua zitaltzen zuten gaitzen zerrenda begiratu nuen:

         — Ez gaitezela harritu ibaiak eta kostaldeko hondartzak kutsatuak baldin badira, ezen Hazketan tratatu ezin diren ur pozoitsuen haboroxiena errekara isuria baita, bereziki euri handi egunetan,

         — Urrin zatar eta okaztagarriz airean barreiatzen diren biogasak berreskuratzeko baliabideak eskas dira,

         — Lurrak mendeetarako ustelduak dira... erran dezagula 1975 baino lehen zegoen zikindegi ez-kontrolatu baten gainera etorri direla 65000 tonelada urtekal, bi hamarkadaz.

         Musuñuñuen munduan bizi nintzen, euskaldun batzuek zituzten egiazko arazoetatik mila argi legoatan. Maddi panpoxa, usain on karioak soinean ibiltzen zenaren eguneroko kezka zaborra zen, zaborraren metaketa, adarra, ekoizpena, bilketa, birziklapena, tratamendua, garraioa, garapena, ... hitz potolo horiek guztiek buruko min doloretsuak eragiten zizkidaten. Zutitzen saiatu eta, zabor-mozkorra zitekeen, kanapearen magalera lehertu nintzen, astun, matahame.

         Redios...

         Erortzean, hozkailuaren aldamenean zegoen zikin ontzi gris-gorria bulkatu nuen ostiko itsu batez: jogurt poteak, lur-sagar eta pastinarre axalak, plastikazko poltsak, kartoiak, tetrabrikak, berina ezkailak, egunkari zarpailduak, kafe ilun filtroak, denak, berduratu ziren banpez karrelajearen espazio leunean. Ikusgarria ez zen baitezpada gozoa.

         Eduki anizkoitzari begira geratu nintzaion, tetele.

         Arazoaren hasmenta zetzan, hor.

 

 

Lixiviat. Hitz bitxia zen. Arrotz zitzaidan. Nire Fiodor adoratuaren Deabruak bezain beste pasioz segitzen nuen Goenkale telesail estimatuegiko kapitulu baten beldurrezko izenburua izan zitekeen edo Mariano Izetaren Dirua Galgarri eleberriko kuterman elerik arraroenaren antzekoa.

         Maddiren paperek seinalatzen zidaten misterio etengabearen pikorra argitzeari ekin nion Ehizor bilagailuaren orrialde bat zabalduz.

         Mugikorra dardarika, mahai gainean:

         — Nolwen?

         — ...

         — Nolwen? Zu al zara?

         — ...

         — Ez da txantxetarako ordua... Nolwen? Otoi...

         — Nire urrezko erraztunak, hirotzear dagoen esku-mutur baten laugarren behatza hornitzen du. Ernatu zaitez.

         — Erraztuna galdu duzu eta aurkitu diezazudan nahiko zenuke?

         — Ez, hila naiz, aspaldian. Ez zaitezela arrangura. Ez dut deuseren beharrik.

         — Non zaude? Nolwen, badakizu, ez dut batere irri egiteko gutiziarik...

         — Ez naiz Nolwen. Lo-hilean natza, Zuberoako mugetan...

         Hats hartze erlats eta artegatsua hauteman nuen linearen puntan eta izuaren uhin hotzak bizkar hezurra hormatu zidan. Ez zen Nolwen, argiki. Are gutxiago Maddi. Nor izan zitekeen, horrela gauaren erdian, izenik eman gabe, niri deitzeko? Eta nik galderak egitean, mutu geratzeko, menturaz nire baitako beldurra areagotzen nabaritzen zuen bitartean.

         Bat batean, Basabürüako Egün Bereko Alargüna edo Bereterretxen Kantore-ko zoritxarreko pertsonaia batek garunak gatibatu zizkidan: ikusi nuen Margarita Ezpeldoi bere maitalearen atorra odoltsuak latsen, Junes Xubururen begirada jostariaren menean bukatzen zen ziren Atarratzeko maskaradetako atabal soinuaren erritmoan.

         Ezezagunaren ahots kakolak memoria harrotu zidan.

         Ez, ez zuen eskubiderik.

         Amaia Ezpeldoi nintzen: Parisen lanean hezia, Mauleko Peko Arrüan detektibe rüral bihurtua, Baionako garbiketa zerbitzuetan hondarrean sartua, pistonarik gabe, lesbiana plazaratua, asumitua engoitik, euskalduna, abertzalea izan gabe.. ezaugarriak herrokatu nituen, kopetan behera lerratzen zihoakidan izerdi karroindu birlatxoa eri zaintsuaz lehertuz. Egiaz, ez nintzen fida. Segurtatzeko premia neukan. Kontzentratzeko.

         Ah! Bai... Ehizor bilatzailea: lixiviat...

         Latinezko lixivius eletik dator eta euskaraz lixibiatua erabiltzen ahalko genuke jatorria eta zeregina biak errespetatuz. Edozein geruzaren baitatik perlatuz, hartzitzen zein mazeratzen utziriko hondarkinetatik, zikin puloetatik eta konpostetatik isurtzen zihoan likidoaren izena da. Makinari esker, kafea, adibidez, lixibiatu perfektua bat da. Hoberena agian. Hazketakoak segur aski ez ziren edatekoak.

         Ikasiak ez ninduen baketu.

         Nolwen, non zaude?

 

 

Telebista piztu nuen, sofan etzanik ez nuelako auzoen lardaska saio zaratatsuaren pairatzeko gutiziarik. ETB Kantxa programatu nuen. Artola eta Albisuk irakastaldi zorrotza eman zieten Olaizola eta Zabalari: ez bide zuten horrelako zafraldirik merezi baina, zena zelakoa, frontisean pilotaren klaska ozen bakoitzari esker, gainekoen orgasmo abere orroek belarriak bederen ez zizkidaten kolpatu. Aitor dut, nire erruz, bakarretan Björken aditzera behartuak zirela, azkar eta buklean...

         Berehala, lixibiatua ubelez itorik hazi zitzaizkidan ametsak. Maite nuen emakumearen aurpegia zirrimarratzen zuten olio kutsatuz busti burdinazko atzamar gosetiek. Mandruna kea altxatzen zen, zatar meta horien suteak trabaturiko andere gurutzefikatuaren poro guztietatik. Ezpondan nengoen, kobalto koloreko laino trinkoz troxatua, jauzi egitera ausartuko nintzenez galdezka. Gaztelu suntsituaren hondarren artetik jazarri zitzaidan piztia, bular biluziak balantzaz, mehatxulari, erasiatzen ninduela, ez nuelako keinu zipitzik egin haren salbatzeko. Amodiorako tirria piztu zitzaidan. Negarra neukan begian. Hatsanka nenbilen...

         ... Mamuak sorbalda malgorra ukitu zidan:

         — Iratzarri zaitez! Zer gertatzen zaizu? Arren, hatsa hartu ezazu!

         — Non nago? Nor zara zu? Nora naramazu?

         — Nolwen naizela...

         Neska lagunaren beso arteko gerizara ernatu nintzen. Harriturik so zegokidan. Ez zuen ulertzen zergatik neukan halako beldurra.

         — Amets txarpoila baten gatik?

         — Norbaitek deitu nau! Ezezagun batek! Boz astapito bat bazuen eta haren urrezko erraztuna bilatzeko manua eman dit...

         — Ametsaren zatia da hau ere?

         — Zuberoako mugetan hilik zetzala erran zidan. Zuberoa aipatzen didatenean, epopeia tragikoen oiharrek itotzen didate buru-zokoa. Horrelakorik ez nirekin!

         — Lasai, Amaia, lasai..

         Konta iezaiozu dena, hasieratik.

         Nolwen begiz segitu nuen pistola eta bere zorroa altxatzen armairu zuriaren goiko apalean. Lotsatzen nintzen orduan. 38 bat baneukan nik neuk ere baina Pannecau karrikako bulegoan abandonatzen nuen, giltzaz zerratu tiradera batean. Mauleko Pentotx izengoitiarekiko lankide komunista ohiak, sekretu handitan, oparitu arma erabiltzera ez nintzen menturatzen.

         Gazteluko ahanztokian bildu ginen tratu historikoaren finkatzeko, lekuko pasatze bat obratzeko hots:

         — Noizbait dirua behar baldin baduzu, aski duzu saltzea, eusko meta polita erdietsiko dukezu. Horrelako zaharkeria hartzaile franko bada sasietan. Oizu, bi liburu zuretzat! Sosez okituko zara...

         — Marxen Kapitala eta Axularren Gero... Pentsa, aberastuko naizenez... biak ere gerotik gerora, etorkizun distiratsu eta hitz-jate artean zebiltzan gosaio hamikatuak… Hobeko zuten Etxandiren lantegian ari izan balira!!!

         Oroitzen nintzen oraindik, neukan irri karkara inpudikoak Pentotx gaizoa trenpu-txartu zuela, eta 38-a nire aurka baliatzeko zorian egon zela minutu apurretan. Mauleko Gazteluaren ahanztokian ez ninduen nehork aurkituko. Eta bihi batek ez zuen nire desagertzea deitoratuko, gaur baino are adiskide gutxiago nuelako garai hartan.

         Nolwen larru-has zetorren. Jantziak kendu zizkidan, astiro. Ezpain hezeak lerratu arazi zituen nire lepondoan behera diti puntetaraino. Zoramen izutu egoeratik atera nintzen, ezkerreko belarri gingila odoleraino ausiki zidanean:

         — Kontatu iezadazu dakizun guztia...

         — Errealitatearen zehaztea zaila zait.

         — Zer dakusazu, hor? Bibliotekan? Erradazu!

         — Kapitala eta Gero... Baina zer gertatzen da? Doi-doia mihitan neuzkan. Kointzidentzia da. Ez da posible...

         — Nor da Maddi ? Eta urrezko erraztun istorio hori? Zein da bi aferen arteko haria?

 

 

Loak eraman zuen Nolwen.

         Azantzik eta mugimendu faltsurik gabe atera nintzen ohantzetik. Ez nuen andraidea esnatu nahi, galdezka zinpurtuko zitzaidalako. Ez zitzaidan sekula agitu hainbeste luzaz emaztegai berarekin jardutea, baina harremanaren iraunean gutxien jasaten nuena jeloskeria mingarri hura zen, hala nola leporatzen zidan gaitz olde bortitz bota ondoan, barkamena ez eskatzeko modu haurkoia, guztia ikusia, guztia bizitua, guztia garraitua eta arrazoia beti bere edukitzea. Noski, denborarekin ez nion den-dena salatzen, alaina, ulertzekoa zenez, bera Baionako inspektore nagusia izanez eta ni detektibe pribatua.

         Interesak, manta artetik kanpo, ezberdinak genituen.

         Goizeko seiak eta erdiak ziren.

         Maddiren paperak berriz irakurri nituen, diagonalean, urrezko erraztun ospetsuaren aztarnak somatzea helburu. Atera nintzen, isil. Segur nintzen zer edo zer ba zegoela goroztegi horretan.

         Kalean, gazte saldoa gurutzatu nuen, etxera bidean: Aviron Bayonnais errugbi taldearen himnoa marrakatzen zuten, ahoak eman ahala, hurbilean mobileta brikolatu baten petarradaz lauhazkaturik. Adineko goiztiarrek, plantakoak eta behar bezalakoak, zakurrak paseatzen zituzten, espaloiak kakaz perdukatuz, alegia deus ez. Garbitzaileak iraganen ziren beranduago, nire lankide zohituak, palak ahurretan, mordo ketsuak kentzeko.

         Errobi ertzean gelditu nintzen. Hausnarrean eta arranguratua. Distiraz zetorren neguko azkorria. Argitasun gorriek ekialdeko ortzea sutzen zuten eta zazpiak jo zituen San Andres elizako zeinuak. Ubarroi laukoteak zeru zoharra beltzez ttakatu zuen. Zoragarria zen. Atseginezko intziria askatu nuen, soa lurrera apaldu eta odol hatzak zehaztu nituen.

         Pannecau zubia zeharkatu nuen. Merkatu tokia saihestu. Espainiako karrikara iristean, ezker ala eskuin jo aitzin, gelditu nintzen apur batez: katedralaren aldera zuzentzen zen odolaren haztegia. Poternako tunelaren maldan atzeman nuen azkenean isuria burrustan zetorkion gizona.

         Ez nintzen kikildu:

         — Laguntza behar duzu?

         — Zertara zatoz? Segitzen nauzu ala? Zakurra igorriko dizut!

         — Lasai. Arren, mintza gaitezen gizonki...

         — Gizonki? Zurekin? Poliziakoa zara ala?

         — Ez etxit. Detektibea naiz. Nahi duzu mediku bati deitzea?

         — Utzi bakean. Erran dizut!

         — Lasai, mugikorrik ez daukat nirekin.

         Ez zen egia baina urruntzeko keinua egin nuenean, atzetik etorri zitzaidan, otoitzez:

         — Jo naute... odolusten ari naiz... konfiantzazko mediku batengana eraman nazazu.

         — Goazen. Taxia deitu dut. Paulmy etorbidearen hegian igurikatzen gaitu. Larrialdietara lagunduko zaitu. Tori, hogei euro... zer agitu zaizu?

         Besapetik hartu nuen eta trinkili-trankala aipatu lekura heldu ginen. Autobus geltoki hutsaren aterbean jarri ginen elkarren ondoan, deus ez bailitzan. Kolpatuari, zikin, pizza eta goitikin urrina zetorkion. Zinezko zaborra bilakatua zen, txirotasunaren zurrunbiloetara belaunaldi osoak aurtikiz, opulantziaren eta arrogantziaren mendeak ekoizten zituenen antzekoa. Jada, baina, mututu ezina zen:

         — Andrea joan zait duela hamabost egun. Ez dakit bizirik ala hilik den. Gaur, ostatuan nintzen, arraila, sartzen ikusi ditudalarik. Aspaldian pataska bilatzen didaten bost mutiko azkar... Ez dakit zergatik. Emaztearen desagertzea leporatzen diet. Karrikan nago azken urte hauetan. Egoitza Finkorik Gabe. Jo naute, begira, odol hortik darit!

         — Hortxet duzu taxia...

         — Mila esker. Gaurkoa ez aipatu nehorri. Ez duzu ezer ikusi.

         — Zuberoa ezagutzen duzu?

         Algara lehorrak inarrosi zituen abenidako zuhaitzak.

 

 

Nolwen jaiki berria zen, oinetan hegalari, apartamentuan sartu nintzenean. Agerroiki eta amodioa azpimarratuz, igandeko Sud-Ouest egunkaria jarri nion begi pean, pastiza puska binarekin. Banekien gertakari arrunten orrialdera presatuko zela, istripuzko zein borondatezko herioen aitzakian Emanuelle Féré kazetariaren lumatik jauzi hitz palpagarriak irakurtzeko. Loriatzen zen, eta nitaz gain entzulerik ez izan arren, ahoz goraz distilatzen zizkidan agituaren xehetasun morbidoak oro.

         — Zuberoko mugetan gertatu erailketarik aipatzen dute?

         — Hmmmm... ez dut horrelakorik kausitzen. Banoa, salgaietan urrezko erraztun proposamenik badenez ikustera... ez da fitsik!

         — Bardako telefona ukaldia ondorioz nirekin jolastu nahi zuen baten batena zitekeen. Nola esplika bestela?

         — Hala ere... artikulua bada Sarrikota Peko zikin lurperatze guneaz. Maddik eman zizun txostenaren ildotik dator: heldu den ostegunean eremuaren handitze lanak abiatuko dira. Lehen harria pausatzeko ekitaldian, prefeta hor izanen dela erraten dute.

         — Baia? Zinez interesgarria. Inguru horretan gauza izugarririk suertatu denez ikertzen ahal duzu zure fitxeroetan niretzat?

         — Zergatik eginen dut hori?

         — Zu zarelako... ni naizelako!

         Touchée.

         Kafea kontra-zulotik joan zitzaion. Eztulka hauteman zen ondoko hiru minutuetan. Zafla motz bezain samurrak ematen nizkion bizkarrean, lasaitu zedin behintzat. Irriz urratuak bukatu genuen: erridikuluak ez zuen nehoiz nehor kalitu. Ez gintuen adinak hobetzen.

         Maite ninduen, baiki, eta nik ere maite nuen, eiki. Erraza zirudien baina noiztenka arrangura etikoek, etengabe, burn-out gaitzaz mehatxatu gure egunerokoa larrutzen ziguten, bion arteko loturari zegokionez, demagun: hari ikusi ezina zen, uztarri astuna ala aitzina tematzeko baliagarriak ziren zapata erabiliegiak. Galdera erantzunik gabe zetzan. Zena zelakoa, guztia egiteko prest ginen bata bestearentzat.

         Unerik egokiena zen:

         — Zure Renault 5 zaharra prestatuko didazu arratsalde honetan?

         — Nora joateko?

         — Maddirenera.

         — Oragarrera hurbilduko zara Hazparnen gaindi?

         — Maddi ez da han bizi, Bidaxunen baizik, Amikuzeko Oihaneko bide gurutzean. Gero joango naiz joan behar dudan lekura.

         — Baduzu haren zuzenbiderik?

         — Yes, my love…

         Zer uste zuen? Hasi berrietatik nintzela?

         Ez nuen Maddi abisatuko. Sorpresaz sartuko nintzaion sukaldean eta harrapatuko nuen gosturik hoberenean yoga egiten, House Medikua telesailaren hondar atalen aitzinean. Irudikatzeak berak ikara orgasmikoa hazten zidan larru azpian. Kontuz ibiltzekoa nintzen.

         Nire ezinegonaz ohartu zen Nolwen, baikor. Giltzak luzatu zizkidan, ezpainak oilo-ipurdi zimurtu moduan bilbatu eta, urrunetik, musu-luma igorriz:

         — Kasu egin bide horietan!

         — Nabilen abiaduran arriskurik ez dut.

         — Hala ere…

         Atea klaskatu eta eskaileretan behera lehiatu nintzen.

         Nirea zen destinoa.

 

 

Aturri hegiak okrez distira zeuden, irratiak berriak jarraian eskaintzen zituen bitartean: Charlie Hebdo eta Vincennesko Hyper Casheren kontrako sarraskiak salatzeko, Parisen, ehun milaka jende bildu ziren. Mundu osoko arduradun politikoak eta buruzagiak, Errepublika Plazara autobusean heltzen deskribatzen zituen aurkezlearen ahots sakonak. Jendetzaren eta gobernarien artean, sinbolikoa baino gehiago zitekeen lezea zabaldu zen: unean uneko premien arabera, nahieran, indartsuek manipulatzen zituzten defentsarik gabeko oldeen abandonua zehazki itxuratu nuen orduan.

         — Betiko leloa, manatzaile handikiak ideologiekin jolasten dira eta behe-mailako arruntenek dute egundainokoan pairatzen bezain pakatzen. Suak pizten badakite baina ez itzaltzen, alderantziz, suari buhadaz ari dira, munduak hain zuzen, beraiek salbu, errea bukatu dezan. Ez dute nahikoa kemenik erlisioneen bizkar irekitzen diren labakiak eragozteko, den-dena etxeko probetxu erabiltzen dutelako. Beldurrean entzerratua irautea zen modurik egokiena, betirako kontsumoan tematuko gaudela ziurtatzeko, artegatsu, mendeen azkeneraino.

         Jainko guztiak bat datoz behingoz ideia honekin!

         Autobideko atarian, geratu nintzen, zalantzaz: Hazparnera joan ala zuzenka Bidaxunera zulatu… Kurlo karrankak hauteman nituen Ahurti aldetik. Kopeta altxatu eta urtarrileko haize hotzaren pleguetako zeru urdinean V erraldoiak eratzen jarraitu nituen, saia eta saia, astiro eta zalu, norabidea urratu zuten arte. Hegoalderantz galdu ziren, urdin argitsuan.

         Maddik, gogoz kontra, errezibitu ninduen baina kafe beroa eskaini zidan. Plazerrik gabe. Telebista itzali zuen. Bazekien etorriko nintzaiola. Ez hain laster ordea:

         — Bilkurarako hire izena erantsi dinat, Amaia!

         — Super… horregatik etorri naun, baina ez bakarrik! Poternako hitzorduaren funtsa agertu behar didan… zergatik hainbeste misterio?

         — Txostena irakurri dun?

         — Bai noski… Zein da hire eta Hazketa 2010 batasunaren arteko lotura?

         — Ikusi dun barneko kolorezko argazkia?

         — Bistan dena, eta?

         — Gure herrian antzeko lurperatze gune baten irekitzeko xedea diten.

         — Non? Oragarren?

         Alde bietara mugitzen zuen burua, gora, behera. Bai, bai eta bai. Kikara ahurrean neukan, biribilka, berriak harritzen ninduela aitortu nion, Oragarre ez zela erdigune erraza, biderik eta azpiegitura izpirik ez zegoelako. Maddik bitxiki begiratu zidan, arras inozentea banintz bezala:

         — Zein mundutan bizi haiz Amaia? Iratzarri hadi! Guztiz ahaldunak ditun. Aski diten erabakitzea eta herrian bertan ados den gizaki bakun bat aurkitzea, proiekturik sekretuenak bururaino eramateko. Desertuaren minean ura iradokiko luketen nahi izanez gero…

         Beso muturraz bulkatu ninduen. Biduze ibairantz irekitzen zen ezkaratz ilunaren kantoian bi pantaila erraldoi zeuzkan ordenagailuaren aitzinean gelditu zen:

         — So egion satelite zelatariek estratosferatik ateratako irudi honi! So egion ongi! Hazketa dun…

         — Bai? Ez dinat ezer ulertzen…

         — Hogei hektarea eskaseko eremuak gurearen antzeko paisaia bukolikoan leku handia ebasten din. Baserriak baditun eta jendeak hor bizi direnak! Eta errekak. Basakeriaz konturatzen haiz ?

         — Zikinek nonbait behar diten ez?

         — Bai, Amaia Ezpeldoi, arrazoia dun: nonbait behar diten, hire baratzean ez den ber… laster hire sor-etxe ondoan edukiko ditun!

         — Sinetsi ezina zaidan!

         — Ba bai, Oragarreko Bartetan, Tartas oihanean! Beraz profitatzen ahalko dun arraiki isuri malgu eta beltzez, urrin bizi-biziez, bat bateko suez eta bapore uhargiez. Ez nuen uste hain ez-axola hintzenik. Hazketako kideek berantetsia diten ixteko hitz eman zitzaien eguna, maiatzaren 29a hain zuzen. Egiaztatuko dena, Oragarreko deskarga zabaltzean…

         Maddik harrapatu ninduen kontzientzia txarraren eta nire mendeetako axolagabekeriaren zepoan. Agerikoa alaina. Maddik ezagutzen zuen nire izaera antsiatsua eta hiper-atzarria. Baina banekien ez nintzela perfektua: zakarrak nahas-mahas sartzen nituen, plastikazko poltsetan, sailkatu, bereizi, hautatu, bahetu eta naturaren arabera, kontainer ezberdinetan zetabatu gabe…

         Gertatzen zitzaidan halaber, haserre nintzen azkorrietan, espaloietan abandonatzen ziren zakuak ostiko haserretuaz zartatzea eta eduki kiratsaz harritzea, egunkariak, lur sagar axalak eta tanpax odoltsuak begirada okaztatuaz zehaztuz. Orduan nire koleraren neurria bere oinarrietan apaltzen zihoan: zabor ibiltaria naiz nerau ere.

         Eta baikorra, horrekin…

         Maddiren eskua sudur puntan nekusan, kulunkaz:

         — Amaia? Hemen hago?

         — Zer erraten hidan? Zertaz ari ginen?

         — Hazketako zikindegiaz eta Oragarreko proiektuaz. Asteazkenean dinagu lehen bilkura. Etxe bakoitzetik norbait agertuko dun. Han izango haizela espero dinat.

         — Ahal dudan guztia egingo dinat. Zortziak eta erditan?

         — Elkarrekin joango gaitun!

         Mihi bizkarrean nekarren galdera sutan. Bixkotxa idorra trenpatu nuen kafearen epelean. Telefonoak jo zidan baina muzin egin nion:

         — Batek galdu lukeen urrezko erraztun batez entzutea badun? Zuberoako mugetara lehiatzera bultzatzen nindinan barda, ahots anonimo lakarrak. Han bada zabortegirik?

         — Eskua bilatzen badun erraztuna aurkituko dun. Herenegun, Bidarteko hondartzara, itsaso ilunak aurtiki lepo eta beso motzeko emazte hilotzarenak dituzkeen! Zer gehiago nahi dun ?

         Kafe pegarra xurrutegira eraman zuen, sinesgaitz.

 

 

Eguzkia sartzen zihoan. Biduze nagiaren meandroak bihurdikatzen ziren Agaramontarren gazteluaren maldan. Hausnartzeko premia neukan. Erabaki nuen Bidaxuneko israeldarren hilerrian nire kezkaren jabaltzea. Maddiren trufazko oharrak ahantzi nituen.

         Ez nekien zer xerkatzen nuen funtsean, eta nor zen xerkatzera bulkatzen ninduena. Neguko haize hotzak, lurrean etzan harri lauzen arteko belar meharrak balakatzen zituen. Urrunean, zapelatzak batera jolasten ziren, ene atsegin hutserako.

         Mundutik kanpo nengoen. Vivaldi eta Spinoza dantzari neuzkan aitzinean. Ederki konpontzen ziren biak eta pentsamenduaren alorra iraultzen laguntzen zidaten:

         — Zuberoako zabortegi hartara joan nadila! Gaur bertan.

         Nolwen kexatuko zen, normal, baina zer? Ez ote nintzen, Ipar eta Hegoa bilduz, Euskal Herriko detektibe erruralik ospetsu eta eraginkorrena? Lehen bidealdian Hazparnera beharra naiz. Berehala.

         Mugikorra ikaratu zitzaidan. Maitalea zen, ezti eta deigarri, lanetik:

         — Non zara zu? Berantetsia natza…

         — Bidaxunen naiz. Ez naiz Baionara itzuliko gau honetan.

         — Ondoko bi egunak libre ditut eta ez gara egongo? Erradazu nirekin ez duzula deus gehiago xede: hori da?

         — Nolwen! Zu beti azken burutik nazken muturrera! Izaririk ez duzu! Lanean naiz, lanean naizela… ene bizibidearen zati bat da. Zakarrez blai nabil, jakin nahi baduzu… Bidenabar, aurkitu duzu zure fitxeroetan, azken hamarkada honetako emakume balizko desagertze aztarnarik?

         Egoera jabaltzekoa nuen.

         Hilerri israeldar txukunaren erdi-erdian batez ere. Leku ederra, hausnartzeko. Portuges jatorrizko izenez zizelkatu harri grisetan luzatzen zihoan zuhaitzen itzala. Isiltasun talmudikoak gatibatu ninduen, bat batean.

         Ez nuen arraposturik igurikatzen. Nolwenek alta jarraitu zuen:

         — Ez dut ezer nabarmenik aurkitu. Haatik, tratu txar eta bortxaketa kasu anitzen lekukotasun zitalez mukurutu txostena arakatu dut. Oroitzen zara, maleta lodikote batean giltzapetua, Tarnoseko oihanean agertu emazteaz? Hila, bistan dena. Korrika egiten zuen mutiko batek abisatu gintuen. Eta beste bat atzeman zuten, oraino, Otsabideko kultura etxea eraikitzeko oinarriak zulatzen ari zirenean, baina hezurra baizik ez zen. Adibideak herrokatu nitzake… tai gabe.

         — Zure solasek mareatzen naute! Munduko Miseriaz asea naiz. Ez nauzu asko laguntzen. Helatuko zaitut beranduago. Ateka gaitz honetatik, bizirik ateratzen baldin banaiz bederen!

         — Ez nirekin kontatu zure bilatze deiaren egiteko!

         — Alaina… maitea!

         Arrastiriak samurki troxatzen zuen, uztear nengoen Bidaxuneko hilerria. Spinozaren haurrideek lasaitasuna merezi zuten. Vivaldiren negua musikaldiaren bigarren mugimendua ozendu arazi nuen nigan eta autoraino eraman ninduen musikaren eta errealitatearen arteko egokitasunak haziriko hunkidurak: aharra partida bat edo beste, Nolwen maite nuen eta haren premia neukan. Hobe erranik ezta?

         Beskoitzen gaindi urratu nuen. Gaua perfektua zen eta autoko irakurgailutik zetoren Björken melopeiak, modernoak, etsipenez eta musika aurkikuntzaz gainezka, areagotzen zuen nire barne-betetasun sentimendua.

         Azkenean, Hazketa auzoan nengoen agudo, ez ordea sobera fida. Zainetan. Edozer gertatu zitekeen: izenik gabeko piztiaren ala aurre-seinalerik gabe agertuko zitezkeen zaindari armatuen jazarraldia. Larruko poroetatik beldurraren lurrina altxatzen somatu nuen.

         Kontuz, kontuz: Maddiren argitzapen eleak nituen gogoan.

         — Gaueko zazpietatik hara ez diote publikoari biderik onartzen. Ez zekinat guardiarik ba denez baina berrikitan kamera zelatariak ezarri dituztela irakurri ninan egunkarian.

         — Berdin zion… ez zekinat zer bilatzen dudan ere. Urrezko erraztun batekiko behatz hirotu bat, Oragarren egitekoa duten zikinen lurperatze gune baten proiektua edo ahots misteriotsu bezain erakargarriak azpatu xendratik lerratzea. Hargatik segur naun, nonbait, noizbait krima bat izan dela, metaforikoa edo erreala!

         — Ongi ezagutzen haut Amaia! Tematu hadi. Ihardoki ezan. Erakutsi hor haizela! Irabaziko dun… guztion miresmena. Gutxienez. Ez ahantzi esker onez zeken gabiltzan jendaldea garela!

         Utikan Maddiren zuhur-hitzak!

 

 

Hazketa zabortegiaren atarian nengoen. Site sous videosurveillance. Denetan lelo bera zen. Metano azkar eta arraultza ustel urrin azkar artean altxatzen ziren debeku panelak. Paradisu antzeko bat. Euri-urak gatibatzeko piszina hertsatzen zuen hesi orlegi goraren itzaletik jo nuen, balizko azeri zulo bila.

         Debaldetan.

         Ortze-muga hausten zuten hiru karbono-hodi urdin eta etanola nasaiki airera igortzen zuen kolorerik gabeko tximinia lodia ageri ziren ibarraren zolan. Sinetsi ezina. Hazparnera anitzetan jo arren, ez nintzen sekula ohartu, minik eragingo ez zuela zirudien baserriko berdetasun liluragarriarekin baltsan zetozen instalazio erraldoiak ba zirela, abere lanjerosak bailiran.

         Artega, oinez zuzendu nintzen, Peña auzora zihoan bide hertsiko gurutze-unera, beste sarrera baten aurkitzeko. Hargatik, zabortegia bastatzen zuen belardietan barna urratu nuen mendi artifizialen asketatik lerratzen ziren uren kolore uherrak begiratzeko : ur grisa, naturalagoarekin nahasten zen.

         Eskualde hauetan bizi ziren auzoen lasaitzeko, lurrean finkatu irekidura borobila eta uherra ikusi nuen. Herritarrek horrela, hodietan zebilen uraren garbitasuna beraien begiz miresten ahal zuten, nahieran: zer demontre zuten bada ezerengatik haserretzeko ?

         Lurperatze zentroaren buruzagien pentsamendua erraz irudikatu nezakeen, nerauk ere haien hausnarrak hitzez hitz errepikatu nitzakeelako. Ez nenbilen harro, eta irri karkara zozoa askatu ondoan, abiatu nintzen, beribil gurpilez harrixka pikorrak kirriskatuz.

         Maddik oparitu IGN karta xeheari behakoa bota nion eta xara mazelaren gain aldean sarrera bat zehaztu nuen. Borda kasik abandonatu haren saihetsean aparkatu nuen kotxea. Bizkar zakua eta argazki makina eraman nituen nirekin. Edariak. Janari zerbait, aferak gehiegi irauten baldin bazuen. Paperak aldiz gorde nituen eskumako kaxan. Ez nuen nire nortasuna sobera laster salatzeko gutiziarik, zer gerta ere. Nehork ez zuen jakin behar noren manuaz ari nintzen gorotza harrotzen, hori baitzen hondarrean maite nuen ekintzarik eraginkorrena eta ez nuen arranguratzekorik.

         Sabel-hatsa hartu nuen.

         Ote eta iratzeetan aurrera tematu nintzen, zangoak antzarak bezala altxatzen nituen. Keheila berdeak oztopatu ninduen, bat batean. Ez nuen giltzarrapoaren segurtasun kodea ezagutzen. Hiro urrin zakarrari ohitzen hasi nintzen eta ezbaika, begiz jarraitu nituen saiak, gau zohardian inguruka, zirurika, zeru azpian elkar desafiatzen. Zinez ederra zen!

         Alaxokotzia!

         Bai horixe… xehelaren peko azeri pasabidea baliatu nezakeen. Belauniko eta gorputzaren erdia lurrera aurtikitzean Buda lurrean bezain zoriontsu senditu nintzen. Nire izter lodikoteek iragaiteko traba egiten zidaten baina, eraginez, beste aldera biribilkatzea lortu nuen. Bospasei kilo galtzekoak nituen derrigor.

         Izpiritua hutsik, plastikazko oihal orlegiz estali zidor batetik lehiatu nintzen, ezker, eskuin begiratuz, kukuzkari. Agian norbait atzetik edo deskargaren hamalau izkinetan zeuden kamerak zelatari zebilzkidan.

         Maddiren animoez oroitu nintzen:

         — Ez hadila izutu. Sustut. Nik ere ardura ikusten dinat enpresaren kamioneta urdina astiro ibilki han gaindi nabilenean. Iragan egun batez txoriak ikertzera etorri adiskide ornitologo batekin sartu gintunan, eta noski, hor zitunan… bai… behari zeken.

 

 

Ez nekien zer xerkatzen nuen. Lehen aldia zen. Normalean ideia bat banuen bederen. Hazketako zikintegira zuzen nindoan Maddiren xehetasunak buruan eta gau erdi euritsu batez, telefonoaren ezpainetatik bihikatu ahots lakar misteriotsua belarrietan.

         Ez nintzen biziki fidatzen:

         — Orain aski luke izaera nazkagarri batek agertzea, dena mehatxu, eta xahu nintzateke. Nolwen maiteak ateka gaitzetik jalgi nazan amesteak ez duke balio. Andraidea beti legearen alde bermatzen zen.

         Desesperatzekoa zen.

         Tentsioa igo zen nigan eta marmaraz ari nintzen, zakarrak metatzen ziren lekura hurbildu arau. Lapar sasietatik moztu nuen. Ez neukan gehiago deuseren beldurrik. Jauzi arinaz, kamioientzat urratu eta legar grisez atondu bidean nengoen. Haize ufadak bulkatu plastikazko poltsa erori zitzaidan oinetara: hodia beltzak baziren, eremu karratuak, estalki lodi eta berde astunez gordeak, urrunago bulldozer, bultzari eta garraio-tresna indartsuak. Seinaleak ikusi nituen eta hirotze etengabearen urrin jasan gaitzaren ez hartzeko, eskua aurpegira ekarri nuen. Geriza moduan, kirurgilari maskara edo oihal puska bat ekartzea pentsa nezakeen.

         Hazketan nehor ez zegoen. Egunean zehar, hamar bat langile zenbatzen ziren, makinekin batzuk eta besteak bulegoetan, administrazio zereginez axolatzen. Kamioiek erremorka astunak hustu bezain laster, mundu txiki horrek mugimenduari ekiten zion, orduan eraikitzen ari ziren mazelaren konkorrera hupatzen zituztela zatarrak pala mekanikoekin.

         Olioa eta gizonen kopetetako izerdiaren lurrina senditzen zen.

         Makinen maldan nengoen.

         Poltsak, kartoiak, plastikoak, tubo borobilak eta lur hiro antzeko ekaiak: kontsumo gizarteak birziklatu ezin omen zituen hondarkin zamaren zabaleran galtzen zitzaizkidan begiak. Bitxia zen ikustea zabor mota anitz tratatu zitezkeen garaian, Peñako aska horretan, ahalkerik gabe, azken meneko hainbeste zikin kausitzea, jenderenak, abereenak edo industrialak, deblauki airean. Arduradun politikoak alferrak ote ziren? Egoera bere horretan atxikiz sos gehiago sakelara zezaketen agian?

         Roberto Saviano, italiar kazetariak, Gomorra liburu ospetsuan kontatzen zuen zikinen kudeaketa zenbatetaraino onuragarria zitzaion Camorra antolakuntzari. Europa guztiko zatarrik lanjerosenak onartzen zituen, txanpon eta subentzio trukean, hegoalde txiroan lurperatzeko. Alabaina mafia zekenak Alemaniatik, Herri Beheretatik edo Ingalaterratik burrustan biderkatu dirua poltsikoratzen zuen —eta duke… oraindik ere— bazterren, bizidunen, janarien eta naturaren kutsadura heinaz axolatu gabe: Kalabria eta Ziziliako lurrak erabat eta luzerako zitalduak dira.

         Hazketara berriz: mendi hegi berriak sortzen ari ziren gaurkoan, hantuz, lodituz, potolo bihurtuz, handituz, egunetik egunera. Langileek, gero, arradaturiko gelaxkak estalgi berdez tapatzen zituzten, uren eta gasen joana errazteko hodi luzeak hedatuz.

         Kamioiek hirietatik eta baserri aldeetatik garraiatu hondarrak aire gabetasunean suntsitzen zihoazen, zerra trinkoak osatuz. Usteltze mugimendua ekintza kimikoa zen, kasik naturala. Noiz behinka bakteriak barreiatzen zituzten botakien itxuraldaketa zalutzeko. Behereko parteko hiru kupeletan adibidez, lixibatuen garbiketaren abiadura sustatzeko. Ororen buruan, azken finean, zakartegia eramaten zutenek arraiki errepikatzen zutenez, Hazketa errekara ihesi zihoan ur zoharrarekin, Goenkaleko Boga-Bogakoa bezain ona zitekeen kafea prestatu zitekeen.

         Hitza hitz!

         Laino uherrak hertsatu zuen zabor pentoka, makurdura geografikoa, faltsua, begi-ebaslea, maltzurra. Hutsaren minetik jazarri zikin multzoa hargatik ez zen poetikoagoa edo onargarriagoa. Kea zutoinak hazten ziren non nahitik, Islandiako geiser urrien pare: estalkien pean bero zitekeen eta mamu mikroskopikoak loriatzen bide ziren. Ohikoan ehizatzen ziren mikrobioen lan iraunkorra estimatzen genuen, eraginkorrak zirelako zakartegiaren erresumetan.

         Frankie Agobe adiskideak behin bidali argazki batez gogoratu nintzen eta bat batean Akkra hiriaren bihotzean nengoen. Ghana betean. Mundu aberatseko —maite zuen bere burua horrela izendatzea…— ordenagailu, mugikor, tauleta eta gainerako tramankulu informatiko higatuen, hautsien eta ustez bezain alferkeriaz konpondu ezinen biltoki bihurtua zen Afrika sortaldeko hiriburua.

         Hamar kilometra luzeko Aglogbloshie Market eskualdeko haurrak ageri ziren kea eta laino pozoitu artean osagailu preziosoak biltzen, kobrea bereziki, goseak eta beldurrak setiaturik. Laster beren gorputza erreko zuen eritasunaren aurreneko zantzuak somatzen hasiko ziren beso-juntetan, hezur muinetan, kasko zokoetan, larruko poroetan, denetan hots, zabarra, zakarra, heriotza, beruna, merkurioa, kadmioa, seiko VI kromoa, adibidez, nazioarteko konbenioetan jada ekai debekatuak izan arren.

         Azantz elkorra hauteman nuen gibelean. Hedailo erori aitzin, iruditu zitzaidan, hirotzen zihoan zango fina zehaztu nezakeela, zikin karratuaren ertzean. Zapata beltz takoiduna ikusi nuen halaber. Trenpu-txartu nintzen, harrotzen ari zen ustel urrinak gogaiturik.

         Nolwen? Non hago?

         Oihu nirea, basamortuan.

 

 

Eskuak estekatu eta nire lasaitasun bortxatuaren segurtatzeko saihetsean bi tuñako hotz eman zizkidaten. Zelatatua nintzen, beraz, urrunetik. Zikintegiak ez ziren txantxetakoak: kamerak baziren, zaindariak ibilki, suen, ez-beharren eta bisitari klandestinoen izua, ez ordea zentrala nuklearretan bezain beste, baina kasik.

         Hondarkinak, edozein izanik, gai tabuak zeuden, lurpean gordetzekoak, Bure-ko zikin irratiaktiboak bezala bost ehun metrotan ehortziak, ingurune bukolikoetan urtuak, estalki berdeez ikus ezinduak, nehork ez zezan kezka zipitzik eduki, edertasun paradoxalezko paisaietatik isurtzen zen pozoiaren presentzia etengabearekiko.

         Sozietate aurreratuetan emigranteekin, eritasunarekin, homosexualekin, zahartzaroarekin, elbarrituekin eta heriotzarekin berdin obratzen zen eta bizidunekin halaber, zaborraren zaku berean sakatu zituzten denak: ez aipatu eta ezkutatu, ikus-ezintasunean gatibatu, zikintegien antzekoak ziren zaharretxe eta hilerri abandonatu. Jendeak makina moduan erabiltzen ziren, gaizkitzen zirenean pilulaz eta larderiaz konpontzen, ahantz leku ankerretara botatzen zituztela gero. Zaborrarekiko maitasun zirrizta bat jasan nuen. Poztuko nintzatekeen, hain kinka larrian izan ez banintz.

         Bi gizon gihartsuk preso eraman ninduten.

         Harrapatua nintzen. Harrapatu nintzela…

         Jantzi gorriarekiko andere ile beltza, dantzan zebilen plastikazko poltsa, bazkari hilezkor soberakin eta egurrezko kaxa apurtu artean. Irri zilarra zeukan ezpain ubelduetan. Gorputzaren kulunkaren uhinak gaindituz, arropa altxatu eta pubisa agertu zuen. Bere ile kizkurrezko hirukian zizare arrosak eta har zuriak begiesten nituen, jolasten eta algaraz. Bat batean, amets gaiztoa hautsi zen, gerritik, sorbaldatik, sabel eta lepo ondotik odola zeriola, ausarki, oparo, okaztagarri. Arrain begiekiko izakiak kalitza bildu zuen lurrean, lixibatuz arradatu eta niri eskaintzeko. Edan nuen, edan nuen baiki, txintik atera gabe, arraiki, fosforo osoz eta artsenikoz hornitu edari morea.

         Eztul idorra. Ametsetik ilki nintzen:

         — Baina, zertan habil, istorio honetan, hain kinka larrian?

         — Ama? Xu xira? Beti ene laguntzeko prest, gaizki aurkitzen naizen oroz?

         — Bahai… behingoz. Bizidunen erreinura itzuli hadi. Zikinkerian igeri tematzen bahaiz, hi ere arras zikin bihurtuko haiz. Eta jendea ez dun birziklatzen…

         — Ama? Ama?

         Mother do you think she’s good enough for me?

         Iruditeria desagertu zen eta behiala disolbaturiko anderearen isurkari kiratsaren gostua nuen aho sabaian. Erraiak sutan neuzkan. Astun senditzen nintzen. Etendua. Loeria kimikotik atera nintzenean, ama zenaren itxura neukan buruko pantailan finkatua eta aitzinean, egiazki, larderiatsu, Nolwen Kergelen andregaia, poliziaz jantzia:

         — Inutila halakoa!

         — Zer ari zara hemen? Non nago? Paradisuan ala infernuan?

         — Lurrean… zorigaitzez. Iraun beharko duzu oraino… Komisaldegira ekarri zaituztete, azkorrian. Baimenik gabe sartu zara, antza, oinarrizko bisitariei debekatu zikindegi batean. Hori, hori, turismo helburu ederra! Zer zenuen bilatzen?

         — Kartzelara eramango nauzue? Hala bada, ziur izan zaitez, irekirik utziko duzuen den-mendreneko leiho zirrikitutik ihes egiten saiatuko naizela!

         — Bai, zera! Babua, zu…

         Nolwenek ez zidan esperantzarik utzi. Baina aske nintzen.

         Etxerako bidea Chronoplus autobusez egin genuen. Nire zorte txarra sinets ezina zitzaidan eta belarritakorik gabe musika entzuten zebilen gazte saldo bati beha nengoen, hisian, dena zarata eta itsas zakur orroa elkor. Aurreko jargian tapalakatu agure panpoxa, haserretu zitzaien. Matoa altxatzen zien, mehatxukor. Ahora irri egin zioten eta Herriko Etxeko geltokian jaitsi ziren, besoak eihera zaharrak bailiran inguratuz, neskek ezpainak gorritzen zituztela, erdi-guneko karrika panpoxetan ibiltzen apailatzeko. Baiona, ez zen nola nahiko hiria gero!

         — Autoaren bila joan beharko genuke ez?

         — Hemen dugu jada, lasai, ez zaitezela arrangura…

         Esku-mutur minberak balakatu nituen.

         Zer gertatu zitzaidan zakartegi hartan?

 

 

Gure artean jada kultua zen Goenkaleren azken sasoiko asteko atala irensten higatu nuen arratsaldea, sofa ilunean luzatua, Nolwen lanera itzulia zelarik anartean. Alizia, Esther eta Kandido pataskan zebiltzan eta haien haserre aldiak etengabea zirudien. Eder zitzaidan ordea Arraldeko biztanle mitikoen saltsa mingotsetan ihaloskatzea voyeur gisako talaiatik.

         Bazuen bospasei urte euskarazko telesailari interesatzen nintzaiola —eta ez bakarrik, antzezle lanetan distiratzen zuen Itziar Ituñorengatik: Estherrekin, Mireiaren ahizpa, Lukasen infidelitatearen erruz, gertatu Malen suizidioa pantailaratu zen unetik hain zuzen. Hauxe burtzoroa! Goenkale saioaren nondik norakoak, okerrak oro zehatz ulertzeko, Eskileoren tragedietan bezala, premiazkoa zen pertsonaia bakoitzaren arbola genealogikoa sakon ezagutzea.

         Arralden, zero-zabor.

         Komisaldegian eman zidaten multa gotorrari begira geratu nintzaion: berrehun euro, ez zen makala! Gainera, funts pribatuetan baimenik gabe sartzea leporatzen zidaten eta prozeduraren arabera auzitegira presentatu beharko nuen ondoko astean.

         Gerri aldeko uspelak ferekatu nituen eta nire hausnarra uhertzen zihoakidan: pozten nintzen, Baionan, Oragarren edo Hazparnen bizitzeaz, Maria Luisa Galardi egoskorraren atzamar zitaletatik urrun. Suge mihi zorrotza zuen, gaitzeko funtsa zeukan, laidozko hitzak asmatzeko ahalmen zoragarria eta urrezko medaila zor zitzaion euskara aberasteagatik. Bakea zer zen ez zekien.

         Hamalaugarren sasoiaren erdi-minean hil zen, supituki, Joxemari, Xabier eta Gaizka zendu eta berehala, saila umezurtz utziz, kontsola ezina, eta Arralden, haren ehortzetak ikusgarriak izan ziren. Antzeko korapiloa geneukan: biek maite genuen gorotz mindulina nahastea, afera zahar zizkolatsuak azaleratzea, familiakoak, politika zein ekonomia alorrekoak, sasikoak ala klandestinoak izan. Miresten nuen erabat.

         Loak eraman ninduen.

         Berria, mahai gainean. Bizkaiako Artigas zabortegiaren auzoko oihanera haizeak barreiatu plastikazko poltsa kolore aniztunak zekartzan argazki batek, zuhaixka, aldaxka, arbola amilduen abarretatik eta txaboletatik zintzilik. Kazetari gogaituak, itolarria eta amets gaiztoa aipatu zituen. Planta itxirik egon zen aste betez, zikinak kamioietan etorri bezala aurtiki ziren, tratatuak eta trituratuak izan gabe. Estalki eskasean, haizete handiak indartzean, puska askeak bolada azkarren menpe zeuden, barreiatuak denetan, itsas txorien atsegina bezain bertan bizi zirenen etsipena biderkatuz.

         Egoera larria zen eta banekien ez zuela aterabiderik. Industrialak ez ziren ingurumenaz axolatzen, gaurko arazoak eta ondoko belaunaldiak ezezagutzen zituen, oraintxe bertan falangaz kontsumitzeak eta ohiturazko izaerak sobera bortxatu gabe zaramak botatzeak zuelarik muntarik handiena.

         Guztiok erraztasuna eskatzen genuen, distira, merkea, are merkeagoa, Txinako umeen lanean oinarritzen eta zeruko keroseno hedoien itzaletik baldin ba zetorren ere, egina presta, eraginkortasuna, arintasuna, azukre eta gantza gehigarririk ez alaina. Ondorioak gordetzen ziren, aitzinetik eta biztanleez metodikoki hustu haran zoragarri eta urrunen mugetan.

         Ikusten ez duen begiak negarrik ez du.

         Pesarru eta Uhane arteko Akazietako bideko bihurguneetan galdu nintzen eta nire hausnarra hantuz zihoan: arroila barnakorretara husten zituzten autoak hirietan bizitzen ziren anonimoek, makina zaharkituak eta modaz kanpoko gauzak aurtikiz. Txikitan, ezkutuan, eta anaiarekin, udako arratsalde sutsuetan, hara zuzentzen ginen bizikleta kuadro eta gurpil zaharrak biltzera, txirrinduak gero ezerretik guretzat osatzeko.

         Aurkituriko piezak garbitzen genituen, konpontzen eta urdinez, gorriz zein horiz tintatzen… biltzen genituen halaber oraindik eraman zitezkeen arropak. Paris Match astekari ospetsuaren ale pasatuak etxera ekartzen genituen irakurtzeko eta ilargiaren konkistako argazkiak kolekzionatzeko. Akkrako umeen pare ginen orduan, telebistarik eta etorkizunik gabe. Gurasoek debekatzen ziguten, alaina, natura erdian, trunpiloak nola, ireki zikindegi salbaira zuzentzea.

         Supermerkatuak zer ziren ez genekien garaia zen.

         Mende erdia beranduago, zaborren kudeaketa jada salerospen lehiaren bihotzari uztartzen zitzaion arren, herritar zenbaitek aspaldiko usaiak atxikitzen zituzten: tresna ugariren artean, hozkailuak eta garbigailuak kausitzen ziren gure haurtzaroko bilketa eremu hartan, pestizida bidoi irekiak, ongailu kimikoen poltsa plastikoak, aurtikitzaileak zakartegi ofizialetara eramateko alferregiak zirelako.

         Auzoaren baratzak egokiena zirudien zikinak sakatzeko.

         Gure herrietan Maria Luisa Galardiren pareko emazte larderiatsu eta ausart gehiago ernatuko balitz, behar bada, mundua zuzenago martxatuko liteke. Nioen, marmaraz.

         Intziri eta estira: kantuz ari zait nire arima…

         Ez nintzen kokilduko.

 

 

Nolwen bere laneko gaueko txandatik etxeratu berrian gertatu zen guztia. Dutxaren hots eztia entzun nuen lehenik eta gero gorputz hotza nire saihetsean lerratzen nabaritu. Niko Etxartek abesten zuen eran nenbilen: erdi atzarrik, erdi lo erdi hil (bis)… musua ezpainetan pausatu zidan eta deus erran gabe ohean bizkarra eman zidan. Karrikatik leihoa zeharkatuz zetorren argi arraioari beha geldotu nintzen, zalantzakor.

         Kafea berotu nuen. Eskuak bildurik, mahaian plantatu nintzen. Giharrak garratz. Lepokoak klaskari. Ukitua nintzen minagatik. Ganbaran utzi mugikorrak jo zuen. Nolwenen kurrinkak aditu nituen. Telefonora punpa egin nuen, atea samurkiro hertsi, egongelako sofan tapalakatu aurretik. Linearen puntan, hats hartze elkorra:

         — Nor da?

         — Zure panpina dislokatu kuttuna…

         — Non zaude?

         — Zugandik ez sobera urrun. Apuña non daukadan badakizu. Eta Hazparne Kostako zabortegian oin-ondo bat begimendu duzu. Urrezko girgilez hornitua. Noizbait osatuko nauzu, erabat, egia bezala.

         — Nor zara? Zer nahi duzu?

         — Galdu naiz. Galdu naute. Hirotzearen bidean puskatu ninduten. Berrogeita zazpi urteko emaztea naiz. Ez didate barkatu. Ez diet barkatuko.

         — Ez dut ezer ulertzen. Garbiago izaten ahal zintezke?

         Algara salbai eta zozoak ito zituen urrutizkinaren entzungailuak. Segitzen nindutelako sentimendua neukan. Prentsaren orrialdeetara jazarri ez zen krima baten lekuko birtuala nintzen. Ez hain birtuala hargatik, ezen agerindea izanagatik, Hazparneko zikindegian, trenputxartu aitzin, zapata aztaldunekiko andere baten oina eduki nuelako begi pean. Solaskidearen ahots hatsankak antsia indartzen zidan:

         — Hitzordua finkatu dezagun. Elkartu gaitezen. Mauleko Gurutze Zuriaren maldan. Arratsaldea libre duzula badakit.

         — Jakin ederrean zara. Leku hurbilagorik ez duzu?

         — Baionan demagun?

         — Adibidez. Edo Hazparnen.

         — Maulen erran dut, eta han date.

         Garai batean gustukoa baldin banuen, denborarekin, gidatzea jasan gaitza bilakatu zitzaidan. Autobusak, trenak, kotxe partzuergoak eta zango zolak higatzea hobesten nituen, katalan erako decreixent egina nintzelako. Dirua debaldetan xahutzen zen autoarekin eta gainera airea zein birikak mikro partikula zitalez zipriztintzeko geneukan jaidura noizbait ordainduko genuen. Beharrean, Nolwenen beribila erabili nezakeen. Errazegia zela errepikatzen zidan. Arrazoi zuen: ez nuen inongo justifikazio etikorik horrela jarraitzeko, alaina, non ez zen nire alde zeken eta bekaitza.

         Burutazio antzuen haria eten nuen eta aditu logelatik Nolwenen boza arranguratua:

         — Norekin ari ziren?

         Isiltasuna.

         Goizeko bostak ziren: hitz ordua neukan nire garbitzaile kamaradekin, Aturri hegiko zabortegi nagusiaren atarian. Lanari ekin aurretik, kafea edaten genuen elkarrekin, kirol berriak komentatuz, bereziki Aviron Bayonnais eta Biarritz Olympique taldeen fusio gorabeheratsuari zegozkienak, politika mailakoak arraposki aztertuz, hondar egunetako Charlie Hebdo eta Hyper Casher-en aurkako sarraskiak partikularki.

         Karimek kamioi-iraulkia pizten zuen, Dédé eta biok, atzeko plataformetara hupatzera ernatzen ginen bitartean, bere tarrapatan ahanzten ahal gintuelako. Karrikaz karrika paseatzen gintuen, etorbideak, kale-itxiak eta plazak zeharkatuz, gurutzamenduetan abandonatu poltsa ilunak eta espaloietan metatu zikinak arrapaladan bilduz.

         Ordures ménagères.

 

 

Jakina. Nolwenek bere 4L zaharra prestatu zidan. Jeloskorra zen, jabekorra, antsiatsua, baina bihotz handikoa. Ofizioagatik agian, maite zuen norekin eta nola nenbilen hatzetik nire segitzea. Etxeratzen nintzenean, lanetik ala ikerketa zeregin egun batetik, komisaldegian bagina bezala, galdekatzen ninduen, foko maingu baten argi zurbila begitartera zuzenduz. Zenbaitetan, ekintza horiek haserretzen ninduten, baina orokorki, elkar maite genuen, guztiak ezabatzen nuen, nirekiko hartuz. Bere autoa uztea zidan eta hori zen maite ninduelako frogarik zoharrena.

         Sei oren iraun zuen nire lan-aldiak, zeinetan gaueko deiaren soinu-bandaz gogoratzen nintzen noiztenka. Fazinatzen ninduen, tripak harrotzen zizkidan, haluzinatzeraino. Ez nekien errealitatea zen ala agerpen dantesko baten ondorio gorpuztua. Ardura, inkestak eramatean, egiaren, hutsaren edo errealaren mugak zaldizkatzen nituen. Eguneroko bizitzan berdin. Erantzunak aurkitzen nituen, bekanak, barreiatuak, ehun mila galdera are ilunagoen artean.

         Harrigarria, ezta?

         Kamioi-iraulkiaren gibelean, Dédék eta biok, pala, erratza eta ur-zirriztagailua eskuetan, axola zitzaizkigun gaiez komentario doi bat ironikoak trukatzen genituen:

         — Badakizue zein den gauzarik zailena Baionan? Zaila da asmatzea ez? Lagun batek kontatu zidan errazagoa zela etxea erostea, bankutik mailegua lortzea eta hilabete-saria pagatzea, ezen ez eta ordainduzko aparkalekuz aldatzea…

         — Mihi gaiztoa zu! Ez izan zipotza!

         — Pentsa! Adiskidea notarioaren paper guztiekin joan zen udaletxeko langilearen eskariz. Squatter delakoen izua… itsuskeria! Harritu zen baina aparkaleku txartelak banatzen zituen arduradun mozkotak, serioski erran zion, Baionan aparkatzea merezitzen zen gauza bat zela!

         Irriz urratu ginen, Dédéren istorioa sinets ezina zelako. Esajeratzen zuen zinez. Kamioia gidatzen zuen Karim, soa beltz eta isilik zegoen maizenean.

         Mihia askatu zuen Xina tabernan, kafearen orduan:

         — Arazo bat badugu…

         — Larria?

         — Bai. Izugarria.

         — Mintza zaitez gizon, arren, ez gaitzazula leize hegian utzi!

         Dédéren berantetsia nabaritu nuen. Karim mutiko lasaia zen, alegera, bozkariotsua, problema berezirik gabekoa. Azkorri hartan, soa ortze-muga beltzean urtzen zitzaion:

         — Pariseko 9-3 departamenduan dugun anaiaren seme-alaba nerabeak desagertu dira. Zortzi egunen buruan Facebooken bidez jakin zuten haurrak Sirian zeudela Salafista kutsuko Estatu Islamistaren armadetan soldadu. Orain, Frantzia hegoaldeko sendi anitzen gisa, baten ala bestearen hil berriaren zain daude.

         — Nola gertatu daiteke hori?

         — Amaia, otoi, ez nazazula moztu noiz nahi, bukatu behar dut.

         Jada ezaguna zen kontakizuna harilkatu zuen Karimek: gazteak bat batean mezkitara joaten hasi zitzaizkien, Benzemaren modako bizar horaila luzatzen zitzaiola kokots pean mutikoari eta alabak kopeta belatzen zuela. Asteburuak djelabaz jantzirik pasatzen zituzten. Ohiko adiskideetatik bereizi ziren eta duela bi urte, oporrak leku sekretu batean iragan zituzten. Semeak beranduago salatu zuen Yemen eskualdean izan zirela, armak erabiltzen, Korana sakontzen eta neskak gizonaren zerbitzuko egoten ikasten.

         Balditu nintzen.

         Alta, ez nukeen behar.

         Ezagutzen nuen istorioa. Mende erdi batez, Euskal Herriko familia anitzek, beraien haurrak ETA edo IK erakunde klandestinoen lerroetara lerratzen ikusi zituzten dolorez, hastapen batean jainkoari galdatuz zertan huts egin zuten horrelako gaztigua merezitzeko, ondoko urratsean destino itsua onartu eta etxekoak borroka totalitario horretan sustengatu aitzin. (Baina, edozein kasutan, hobe zen hori, ezkondu gabe esperantzetan izatea edo norberaren homosexualitateaz ohartzea baino… gaindi ezina!)

         1985ko Baionako Besten karietara, San Izpiritu zubiaren puntan, desagertu zen Jana Elgebeltz neskatxaren itzalaren atzetik ibili nintzen ikertzen. Bizitza salbatu zuen, oinarrizko militante baten beldurrari eta kobardiari esker, ez baitzuen erakundearen bulego politikoak erabaki kondena bete ahal izan.

         Karimen begiak bustiak ziren. Dédé eta biok lankideari soberan genuen goizeko kemen uhinak oparitzen saiatzen ginen. Barre ahula marraztu zuen. Kamioiaren giderrean bermatuz kabinara hupatu zen. Ezbaian, ez nuen txintik ere atera.

         Biltzen genituen zakarren urrin zitalak, ezintasunaren harpearen zokotik zetorrela zirudien ahotsa oroitu arazten zidan. Ezintasuna. Poltsetatik ihes zihoazen haragi puska hiroak odoltsuak zirela itxuratzen nuen. Irudia osatzeko, botakinei urrezko erraztuna baizik ez zitzaien falta.

         Maubec karrika zolan, eraisten eta berreraikitzen ari ziren egoitzaren maldako squatt zikinaren aurrean gelditu genuen kamioia: ohantze herdoilduak, estalki zulatuak, matalaz eta buruko zirtzikatuak, bazina eta bokal hautsiak, egur apurtuko jargiak, zementua eta makadam plakak metatzen ziren haize basatiek lehertu tolazko gerizen atzealdean.

         Nola bizi ziren jendeak hor, pobreak eta atzerritar etorkinak, zabortegietakoak baino ez ziren baldintza horietan? Jendea zarama ibiltaria ote zen, nagusiek eta boteretsuek hartzen, baliatzen, balioztatzen, manipulatzen, muineraino zapaltzen eta aurtikitzen zutena justifikaziorik eman beharrik gabe?

         Bizitza: gorotza? Politikariak, denak ustelak? Gure harremanak? Zakarretarako on? Esperantzarik bada? Le Monde Diplomatique hilabetekariko Fréderic Lordon baten blogaren bukaera saihets ezina jauki zitzaidan: historiak irakaspen baliosa ematen digu: zikin ontziak dituela. Historiaren zikin ontziak badira. Eta ongi da. Garai hutseginak, belaunaldi kalamitatsuak, goi-mailako elite eskasak, ahanztekoak diren poxelukoak hots. Orduan, elkarrekin, hara zer den egin beharko genukeen: uzkinak bildu, iraulkia arradaz bete eta zabortegirako bidea hartu.

         SMS bat.

         Zbt badut ztz, Mdd.

 

 

Berehala deitu nion Maddiri, lanetik etxerako bidean. Lo astunetik ateratzear zirudien ahotsaz erantzun zidan:

         — Hara! Gure lapikoa!

         — Mintza hakit bestela! Labur eta on egin dezagun: zer berri dun?

         — Ba zekinat, emazte baten beso eta zango arrasto ustelduak atzeman ditun.. erraztunez hornitu pezak ditizten.

         — Eta? Hire pentsua argitzerik bai?

         — Galdatu iezaion dunan neska-lagun tuntunari, misterio lodi honen sasia aisa urratuko din hark. Poliziategian menturaz cold case kasu anitz ba diten.

         — Nolwenetaz ari haiz hor?

         — Bai.. ez dinat sekula onartu hire neskakoi amorratu izaera, ez lizeoan genbiltzanean, are gutxiago gaur, zentzatuagoak garenean.

         — Zertara datorren gaiztakeria hori?

         — Egiak baizik ez din minik egiten ezta?

         Eten nuen.

         San Izpiritu zubiaren alde bietako espaloiak partikula fin toxikoak arraiki hatsartzen zituzten oinezkoz emokatuak ziren. Tartean nengoen. Gutxienekoa, negar hegian nintzelako Maddiren erranengatik. Zutik iraun eta Hazketan trenputxartu aitzin ikusi nuena eta telefonoan hauteman ahots makala, biak, arras iruditeriak ez zirela segur nintzen: loturarik ez zuten eromen hastapen zantzuekin.

         Sosegatu nintzen.

         Zabor urrina larruari lotzen zitzaion. Dutxa pean geratu nintzen, luzaz. Jantzi eta agendari so bat bota nion. Bi egun banituen libre lanetik, eta hurrengo txanda arrats apalekoa nuen. Nolwenek, mahai kantoian utzi kotxeko giltzak ahurrean gatibatu nituen eta Infra, Max Richteren grabaketa, Maule eta Baiona artean entzuteko. Euskal Herri barnealdea zeharkatzeko xedeari zegokion soinu-banda handiosa zen, alaina…

         Bidean, Bidaxunetik hara, aborigena itsusia eta gaizki ikasia nintzen, denetatik haizatu paperrik gabeko arrotza Donapaleuko ateetan eta mutazio ezberdinek malgutu arrain begiekiko aliena Sarrikota Petik aurrera Zuberoan sartzean. Euskaradun ahots bakoa ere. Hizkuntza zaharra naraman ezpainetan, askorentzat ulertezina eta horrek mututasunera kondenatzen ninduen.

         Hargatik, euskalduna izateko, euskara jakitea ez zen nahikoa —debaldekoa suerta zitekeen, egoeraren arabera…— departamenduaren, presoen, borrokaren, bake prozesuaren eta laborantza ganbararen alde derrigor bermatzea eskatzen baitzen: another brick in the wall… gustatzen zitzaidan eta agian bizirik mantentzen laguntzen ninduen marmara etengabea, hausnarra, kitzika mentala, ez beti baikorra antza. Bihotz ikara eragiten zidaten mendi umil eta ibar hertsien artetik sugetzen ziren errepideek, laino urdinek, saiek, huntzek, kahakek eta pika bele sotilek, belar usainak eta ardi marraka lizunak ahantzi gabe.

         Ezpeizeko lautadatik Bosmendieta tontor borobilak zehaztu nituen lainoen artetik. Samurtasun zirrizta batek gatibatu nituen eta Richteren melodia elektronikoen ordez, Johañe Barkosen ahuntz ahots sakonaren oroitzapenak hantu nintzen. Nire buruan, Faltxarekin batera bertso traketsak kordelatzen zituen, eskuz bildu zigarretak ezpain izkinatik dilindaz eta garagardo basoak tabernako barran banbatuz.

         Mauleko plaza trabesatu nuen begiak gazteluan plantatuz: pasatu zen denbora, pasatu ziren urteak. Etxera nentorren baina ez nintzen etxekoa. Hargatik, Europa Kafetegiaren eguteran solas aspertuetan higatu ordu galduak bihotzean naramatzan eta bizitzako garrantzitsuenak, oinarritsuenak eta hunkigarrienak ziren.

         Ahantzi ezinak.

         Gurutze Zuriaren itzalean, Herriko Etxeari bizkarrez, emazte konkortua igarri nuen orduan. Matoa altxatzen zuen beribilek arrasatzen zuten aldi oroz. Mendekatzeko bezala, bankuaren atarian zamatu zikin-poltsak jo zituen makilaz. Bortitza eta burubero zirudien. Hurbiltzera ausartzen zitzaizkionei, tu eta irainka ari zitzaien:

         — Amaia Ezpeldoi naiz. Zurekin dut hitzordua.

         — Baliteke.

         — Zer nahi duzu?

         — Bide onean jarriko zaitut. Ez dakizu zenbatetaraino.

         — Mauletarra zara?

         — Ez. Angelukoa naiz. Zuberoan bizi naiz, kostaldean errotzeko ez baitut nahikoa dirurik. Gastuak ditut eta diru-sarrera urriak. Artista naiz, nire moduan, sortzen ditudan ikusgarriek arrakasta duten arren, ez dute leheneko sos olderik ekartzen, eta konkurrentzia… ohila!

         Kioskoaren aldamenera bulkatu ninduen. Hortzik gabeko aho kiratsa erakusten zidan eta hats ustela botatzen, egoera sozialaz pleinitzen zebilela. Denek bat egiten zuten, CAC 40eko nagusiak bezain RMI delakoa sakeleratzen zuen izkinako amilduak, zergatik ez berak? Belarri ona neukalakoaz ohartu bide zen.

         Puskak saku urdin batean eramaten zituen: arropa eta trapuz hantu zaku urdinak, orratza France Culturen malgortua zuen irratia, egunkari purtzilikatuak eta plastikoz gerizatu epez kanpoko Yorkeko urdaiazpikoak, errekuperatutako gauzak. Zaborrak miazkatzea gustatzen zitzaiokeen.

         Japoniako Sagarrondoaren ipuinarekiko liburuxka tinkatzen zuen papoan tinko-tinko, altxorra bailitzan. Markesturiko orrialde horituen erdian luma arinez Txinako tintaz marraztu irudiak ageri ziren. Beharbada berak zituen eginak?

         Esku zimurtuak nire belaunetan abandonatu zituen. Matela malgua ferekatu zuen motor olioz beltzatu behatz puntaz:

         — Mundua zaborra da. Guhaur zaborrak gara. Zaborren atzamarretatik salbatzerik ez dugu…

         Sakon begiratzen nion arau, ziur nintzen, ez zela erraten zuena.

         Anestesiatua nintzen.

 

 

Azken hilabeteetan, erabat eta errotik, bere ingurutik urtu bezala zen emazte batez hitz egiten zidan. Berrogei urte zituen, gutxi gora behera, izaki uherra zen, Dominique izenetik haste, nehork ez zekiela, begien bistan eduki arren, gizonezkoa ala emakumezkoa zen. Androginoa zen antzaz, meharra, gerririk gabekoa, zardaia, ile ilun laburrak zituen eta ezpainak zabaltzen zituen ber, soprano abeslari boz harrigarria ilkitzen zitzaion. Zetazko jantziek papar kasik leuna azpimarratzen zioten. Bularrik baldin bazuen, ederki gordetzen zituen, atorra hertsi eta koloretsuen azpian.

         — Hezur eta larrua baino ez zela iruditzen zitzaidan askotan. Eta hatsa hartzeko hodia soilik. Beldur egiten zidan eta batzuetan ez nuen ikusten ere jendeen artean galtzen zelarik, anonimo. Gaitzitzen zen, koskatzen eta bere hirak mugarik ez zuen. Gaueko lanetan ari zen. Gauza jakina zen. Auzoen ohar likitsak jasan behar zituen. Pairamena biderkatzen zitzaionean, telebistaren aitzinean entzerratzen zen, aparkamenduan, Youtube katean X Files telesaileko atal ezberdinak ikusi eta berrikusteko. Dana Scully eta Fox Mulderen arteko dialogo osoak gogoz errepika zitzakeen…

         Irri diskretua askatu nuen: ni ere errealitatearen ertzetan ihesian zebilen bikote oroigarriaren fan absolutua nintzen. Nire erreferentziak? X Files eta Goenkale. Zintzur Sakona eta Maria Luisa Galardi ederki konponduko ziren lurra, galaxia eta zizare zuloetatik isuriko litezkeen saihets unibertsoak tentsio eta estresa ikaragarrian mantentzeko. Debaldeko pentsua ezabatu nuen:

         — Desagertu zela uste duzu?

         — Fama txarreko gizonekin ibiltzen zen. Ofizioa zuen. Afizioa ere nolabait, lanjerra maite zuelako. Harro zen horregatik. Sosak guztia zilegitzen bailuan. Distira eta iluna. Urrea eta zaborra. Mari bargasta deitzen ziotenenean, kopeta altxatzen zuen, harro. Ez dakit non gordetzen den!

         — Eta zikintegietako beso mutur eta zango punta hiroez baduzu xehetasunik? Poliziek Hazketan aurkitu zuten zapata takoidun bat. ADN proba baterako lagina bidali dugu Bordeleko laborategira. Nire andregaia da afera horretaz axolatzen.

         Begiak zulo begiratu ninduen. Ulertu zuen? Ez zuen ulertu? Erreakziorik ez. Azazkalak garbitu zituen lurrean bildu xotx batekin. Arrastiriko haize burlariak errauts uhintxoak altxatzen zituen Plazan. Mutil-neska bipilak pilotan ari ziren berrikitan arrosez tintatu hormaren erraiak dardararaziz.

         — Ez natzaizu aurkeztu: Matilde naiz. Eta aipatzen dizudan androginoa Lisa zen, badakizu Dostoievskiren Lurpeko oharrak nobelako prostituta zohar eta duina bezala, baina denek Agata erraten genion. Agata harriaren nixta zeukan.

         — Fiodor zalea zara zu ere orduan? Eta uste duzu norbait gaiztoren hatzetara erori zela? Psikopata bat adibidez?

         — Baliteke. Baina istripu soila ere izan daiteke. Edo nahitarako ohiko desagerketa bat. Adinean zegoen. Bizimoduz aldatzea amesten zuen hondar hilabeteotan eta naski Indiara bidaiatzeko xedea zeukan…

         — Indiara?

         — Zergatik ez Indiara?

         Arrazoia zuen. Indiara joan zitekeen edo Islandiara, hala desio baldin bazuen. Bat batean, Matildek zinominoka itsusia marraztu zuen, murrikari:

         — Irakurri dut barda, egunkarian Star Trek telesaileko Spock jauna zendu zela… ukitzen nau berriak. Galtzen nabil ordea, ez zara hain urrunetik etorri horrelako gauzen entzuteko ezta?

         — Denbora neurtua dut.

         — Soixu! Zikin-biltzaileen kamioiak! Jakingo bazenu zenbat zakar eramaten duten haran sekretuen arteketako tegietara! Harrituko zinateke… urrea dago zaborretan! Sinetsi nazazu…

         — Agata… Lisa… dena delakoa… horretan?

         Misterioaren gakoa.

         Mozolo aurpegia jarri nuen, Spocken antzekoa, mutur uzkur eta belarri larri. Errazegia zen. Zirudien behintzat. Matilde, beraz, Sarrikota Peko zabortegiaz ari zitzaidan. Segurtatu nahi nuen:

         — Mendixkan?

         — Ezustez ezuste… Bisitaz joan beharko zenuke. Jendeak ez du ezeren lotsarik. Zakarrek estaltzen dituzte bizidunek bazter utzi zorrak. Itzuliño bat egiozu… ez zaizu dolutuko.

         Hala ere, Zuberoan bazen, Sarrikota Peko zikintegi gatazkatsuaz beste edertasunik miresteko. Turismo bulegoko gida-liburuetan Mauleko Gaztelua presentatzen zen, Ospitale Peko eta Santa Graziko elizak edo zenbaitek, zorigaitzez, suizidatzeko erabiltzen zuten Holtzarteko zubi kulunkaria!

         Trinbili-tranbala, ezker eskuin balantzatuz, saihetsetik aldendu zitzaidan Matilde, agurrik gabe. Emazte mozkotea zen, arraileria ilun eta ironia handikoa. Ez nekien nola ekin harekin, are gutxiago haren erranak egiatzat jotzekoak nituenez. Behar bada, gezurra buhatu zidan mitomano hutsa zen edo guzti-guztia egia zuen eta orduan nerauk ere beldurtzekoa banuen. Haserrea nabaritu orduko ordea, irri gogoa pizten zitzaidan. Eta alderantziz.

         Mauleko arrabotearen gibelean urtu zen itzal herbala.

         Bakarrik nintzen berriz, nire lurrean inon baino arrotzagoa sentiarazi ninduen munduaren zatian. Ordutik, gainera, etxerik eta funtsik ez nuela errepikatzen nuen, ahoak eman ahala. Amerikar moduan. Nolwen gontzetatik erauzteen zen hortik lerratzen hautematen ninduenan, bere iritziz, euskaldunak izanik, sustraiak derrigor leku segurrean eta barna landatuak behar nituelako, eskualde kasik perfektu honetan.

         Oinarrizko euskaldunari ukatuko ote zitzaion, Bizkaiako Golkoan, haizezko zapata-zolekin, joan etorrian, arrotz eta galdua ibiltzeko eskubidea?

         Waste of Time…

 

 

Mauleko gazteluko maldako jargian pausatu nuen nire ipurdi mardula. Urratsean eta hatsa trenka hurran igo nintzen. Izerdia, kopetan perla zihoakidan eta neguko argitasunak kobre kolorez tintatzen zuen

         Nolweni telefonatu nion, larrialdian. ADN frogen emaitzak ez zituen oraino eskuratu eta hitz eman zidan Agataren kasuaren inguruan ikertzen jarraituko zuela, nik urrutizkina dilindatu bezain laster.

         — Pertsona desagertuen fitxeroak aztertuko ditut. Agata izenarekin hasiko naiz eta gero Lisarena ere baliatuko dut. Jakinen atxikiko zaitut… kontuz, bazter horietan, zaindu zaitez.

         — Bihar arte, maitea.

         Maitea eleak, zintzurretik pasatzean, gorputz osoan ikara eztia eragin zidan. Benetako galerna garatzen zihoan nire baitan, batera, bulkatzen eta ezabatzen ninduela: desertu ametsez lehertu nintzen, egarriz eta gosez. Yom-en klarinetea ozen zebilen Sinaiko bortuan, eta Maulen baizik ez nengoen, Exodoaren isiltasunaz gozatzen denborak are pikorrak balakatzen zituela.

         Hiria oinetan neukan, pilota plaza, kioskoa, Etxandiren zapata lantegi hustuak, posta eta udaletxearen arbelezko hegatsak… Garindaine ezker. Sohüta eta Bildoze eskuin. Jokoaren jabe senditzen nintzen, hiri fantomatikoaren bakartasunean, ahots goraz maitea elea murduskatuz.

         Gazteluko bortaren ondoan itzal iheslari bat somatu nuen. iruditzen zitzaidan norbait banuela segika, Matilde utziz geroztik. Ez nion beldurrari zirrikiturik zilegitu. Inguratu nintzen. Ezer ez.

         — Gogoan dut alabaina nola borrokatu ziren Sarrikota Peko jendeak han eraikitzekoa zen zabortegi erraldoiaren proiektua plazaratu zenean Bil Ta Garbiren zuzendaritza pean. Larraskako Plazako lurperatze guneko lanen hastea, eta beranduago aitzinatzea, trabatu zuten, urte anitzetan, kasik kanpoko laguntzarik gabe, akitzen eta etsitzen joan ziren artean. Berrogeita hamabi hektareako eremua jadanik hondar hondarren mende zetzan orain: urte oroz, kostaldetik, hogei mila tonelada sukaldeko zikin ekartzen zituzten, banatzen, bereizten eta betirako… hirotze-gelaxketan metatzen.

         Bacheforesko erraustegia 2005ean hertsi zenean, zakarren erdia baino gehiago departamendutik kanpora bidaltzen zen Girondako Lapouyade herrira, birziklatua eta ahantzia izateko. Baiona-Iparreko plantak ez zituen neurri ekologikoak errespetatzen eta lixibatuak zuzenki Aturrira isurtzen ziren, auzoen gostuz, makur anitz eraginez. 1995an zerga ordaintzaileen sos parrasta gastatu zen errauste lantegia eraikitzen, debaldetan, hamar urte pasa eta argiki frogatuko zenez.

         Behialako garrak hauts bihurtu ziren.

         Karia horretara, Bil Ta garbiko bilkura batean, Hazketaren etorkizunaz ari zirela, Oragarreko auzapezak berriz aipatu zuen errausketarena, iraganeko gauza abandonatua zela oraindik ulertu ez bailuan, eta Hazparneko deskargaren epea luzatzearen alde bozkatu zukeen, alaina, Hazketari uko egiten baldin bazitzaion, zikindegiak, nonbait behar eta, Oragarren kokatzea arriskua zuelako.

         — Ez duzue uste lurperatzeaz beste modurik ez dela? Errausketa adibidez… keak menperatzen dira dagoeneko ezta?

         Memoria eta elkartasun eskasaren urrezko zikin ontziaren txapela eman zitzaion… erantsi dezadala halaber, deskalabruaren margoaren osatzeko, gay eta lesbianarik ez dela gure herrian ezkonduko jakinarazi zuela prentsa bidez Euskal Herriko beste hamaika auzapezekin batera! Nolwen eta biok, ondorioz, zakarren erdian eta bekatuan bizitzera kondenatuak ginen…

         Zaborren kudeakuntzaren errentagarritasunaren logikan dirurik ematen ez zuen guztia imilitzaren parekoa zen: jendeak, pentsamenduak, saihets ibilerak, garapen ezaren premia aldarrikatzen zutenak, ingurunea bera, Mauleko Gaztelu gainetik zehaztu Ühaitzaren ibarreko oihanak, haltzadi eta lizardiak, urmael eta aintzirak, lokatzak eta txakostegi laztanak, satorrak, arratoi-mozko zorrotzak, igarabak, ibaietako hamarratzak eta xarbo kliskatsuak. Sarrikota Pean, noskiren noskiaz, botere publikoek eraman ikerketa lasterrak, zientifikoki frogatu zuen zikindegi handi batek ez zuela nehondik neholaz naturaren oreka fundituko.

         Proiektuak kezkatu zituen bakarrak, Sarrikota Peko biztanleak ziren, eta herriko sarrerak, salaketa-pankartaz emokatu ondoren, udaletxeko bilkura nahasi batean, Pirusen erako garaipena, boto soilaren arteaz, baiezkoa atera zen, zikindegiaren alde.

         Oldartzearen pilota punpa sinets ezinak errendatzear zetzan kantxa abandonatua ikararazi zuen, Mendixka zikinen tratatze zentroa egiaztatu zenean. Aurkariek administrazio auzitegian kereilak aurkezten jarraitu zuten, lanak, geldiarazten ahal ez baziren, atzeratzeko bederen.

         Azken hilabeteotan, telebistako erreportajeetan Bil Ta Garbiko ordezkariak azaltzen ziren Mendixka bisitatzen, palto horiak eta segurtasun kaskoak soinean. Zoriontsu, prefosta.

         Gunearen sareko orrialdearen sarrerako perpausa, buru zokoan baltsan zebilzkidan:

         — Mendixka, funtsezkoa, fidatzekoa, iraunkorra eta integratua… ekologikoa, irekia eta ebolutiboa… hemen zaborren etorkizuna ziurtatzen da, urrinik eta bazter kalterik gabe.

         Errazagoa zen, jenderenaz baino, zikinen geroaz axolatzea!

 

 

Itzala aitzintoka zebilen Mauleko gazteluko harresi grisetan. Ilunak hiria troxatzen zuen amultsuki. Sarrikota Peko hiritarren destinoaren tragediaren zamak hausnarra urratu zidan:

         — Zabortegi proiektuak gehienetan mugetan finkatzen dira, frontera mutuetan, sustengurik lortuko ez dutela denek argi daukaten zedarrietan. Bagenekien. Aldi oroz egiaztatzen da. Sarrikota pean eta Oragarren ere bai.

         Izua isuri zitzaidan zainetan. Negar guraz urtu nintzen. Mantaleta eta kapela beltzez jantzi inguma karrankaria, klaskaz nekusan begien bistan, larderiatsu:

         — Zatoz! Ez banauzu obeditzen Agataren pairamena dastatuko duzu!

         — Zer da hori? Bilatzen dudan hiltzailea zara?

         — Ez, aparantziarik ere ez…

         — Zer nahi duzu orduan?

         — Zure hitza, zure hitza, zure hitza…

         Armaren, edo zena zelakoaren sudur hotzak, bizkar hezurrean ziztatzen zidan. Isiltasun dorpeak beruntzen zuen Europa kafetegiaren parean utzia nuen autorako jaitsiera. Maddi Oihenarten basahaide bat neukan kitzikari eta neurona jazarrien harrotzaile. Abeslariaren ahots biribilketa bakoitzean, nabaritzen nuen nigan, kuraia gehiago, kemen gehiago.

         Pettarra deitzen zen Zuberoaren zatia zeharkatu genuen. Bide nagusiak herriak erdizkatzen zituen, hutsaren hurrengoak bailiran. Ipularretako argizaiolak berak dudaz zebiltzan, zalantzaz. Ez nintzen sobera fidatzen gibeleko jargian tolesturiko izaki misteriotsuaz.

         Matilde?

         Sarrikota Peko plaza eta koloreak aspaldian galduak zituen eliza zeinu-hirukoitza mutu zeuden. Nehor ez zen bizi herri horretan. Desertu zipotza zen. Ezezagun maskaratuaren manu zakarrei jarraituz, eskuinera egin nuen, eraman pisuko idi astuna banintz bezala. Zolaren zolako larreak karroinaz zuritzen zituen lainoen artetik zulatzen saiatzen zen ilargi laurdenak.

         Mendixkaren sarrera erakutsi zidan nortasun malguak.

         — Motorra hil ezazu. Mantaletaren sakelan gordetzen dudan giltzarekin sartuko gara. Eta zuk… Hitzik ez, behingoz.

         — Baina?

         — Ixo! Piupiuka ari zara beti, pika bele lotsagabe baten antzera. Hitzak hitzen ondotik mustupilkatzen zaizkizu… Eta zertarako? Ez dakizu ezer. Uste duzu azkarra zarela. Zure urratsak oro debalde dira.

         — Nondik dituzu zozokeria horiek? Noren alde zara?

         — So egin eta ulertzen saiatu zaitez. Oraindik ahal baduzu bederen.

         Begiak apaldu nituen. Paper plastiko beltzez estaliriko aska batean poltsak, kartoiak, egur eta oihal puskak lasaiki hedatuak ageri ziren, makina erraldoiek zapaldu, zirtzikatu eta lurrez tapatuak izatearen aiduru. Zikinen artean gorputz enbor urrintsua ikusi nuen, eta besoa, eta zangoa, eta lepo muturra. Bular aldean sarraski itsusia zeukan, odol ubel eta idorra ttanttaka zeriola.

         Labankada izugarriaren bortitza iragarri nuen.

         Itzal erasiakorrak belaunikarazi ninduen. Lokatzean eta haragi zati barreiatuetan buruz behera zangalatrabatu nintzen. Goiti egin nuen. Kedarra zintzurrean gora zetorkidan, eztul idor eta behazun tsunamiak lagun.

         — Agata da?

         — Zer uste duzu zuk?

         — Ez dakit. Dagoen egoeran gorputzari ez zaio izenik ematen ahal…

         — Irudimena inarrosi ezazu, redios!

         Malkoz busti zitzaizkidan ikuskizun izugarriak itsutu ninikak. Denetan min nuen. Ostikoz apaindu ninduen. Zer pentsatu nezakeen muturra, zitzi usteletan ihaloska eta sudurra hiroaren kiratsez tapaturik?

         Aurpegia garbitu nuen, larriki. Zainak apurtu zorian, zutik, haserre eta ezindua, maskara erori zitzaion Matilderen parean nengoen, oilar:

         — Agata da.

         — Nola dakizu?

         — Ongi begizta ezazu lekua…

         — Hantxetan, poltsa xehatu haren aldamenean, dantzarako erabiltzen zukeen zapata dakusat. Eta hor, zeta urdin arinezko bularretako bat…

         — Azkenean garundegia belhitzen zaizu! Aste bete honat etortzen naizela hilotz erlikia hauen beilari. Egiazki, arranguraz iltzatua nabil. Ziur nago… enborra nire adiskidearena dela: bular pare galanta zeukan, oihal trinkoen azpian gordetzen zituen arren, gizonezkoek androgino era gustatzen zitzaielako.

         Ez nintzen itzal itzela bezain segur hargatik: gizon bortitz batek laidoz eta kolpez zurratu edozein emazte izan zitekeen, garbigailua, hozkailua eta mikro-uhindun labe matxuratuarekin batera zikintegira aurtikia!

         Beribil zarata elkorrak urruntzen entzun genituen. Mendixkako zaindariak zitezkeen. Zabortegien kudeatzaileek ez zituzten arras begiko sasietatik zelatari zegozkienak, zikin botatzaile salbaiak edo zaharkeria bilatzaileak izan ala gure neurriko kaka nahasle nazkagarriak.

         Matilderen aterkira hustu nuen urdaila.

         Urratsa atzera egin zuen, madarikatu eta, besoak balantzan, bertan abandonatu ninduen. Agudoaren agudoaz, autora ernatzeaz beste erremediorik ez neukan guardakoen atzamarretara erori nahi ez baldin banuen…

 

 

Odol ttaka idor gostua neukan aho sabaian oraino goizeko seietan, zerbitzua hartu nuenean. Kamaradak fleiterik hoberenean zeuden. Hitz joko dudatsuen ildotik burlatzen zihoazen, ausarki:

         — Gaua luzea ala laburra izan duzu Amaia?

         — Zergatik diozue hori? Ez bata, ez bestea.

         — Zerbait gordetzen diguzu? Maitale bat agian?

         — Ez dut sekreturik zuentzat…

         — Ez gara mozoloak! Nola sinetsiko dizugu horrelako gezurra?

         — Egia bezain borobila delako.

         Hortzak airean utzi nituen. Lana aiduru geneukan, ez presatua. Kamioia gidatzen jarri zen Karim, bizkarretik sufritzen zuelako hondar hilabeteetan. Mendeko gaitza zen. Walkmanaren entzungailuak sakatu zituen belarrietan, diskoz airostu bere rai musika à bloc entzuteko. Eta nik, eta nik eguna, distira gorriz altxatzen nekusan. Karrika izkinetan zamatu zabor zakuak, besoek marrazten zuten ereile handiosaren keinu zabalaz, kamioiaren atzeko ipurdi zulora botatzen nituen, zaintsu. Barneko zikin xehetzailearen zurrunga dorpeak gure azkorriak balakatzen zituen.

         Bizitzaren errota zirudien.

         Aztapar zorrotzez, gauza onak eta txarrak harrapatzen zituen, lehertzen, murtxikatzen, karruskatzen, desegiten eta irensten. Azkenean ez zen ezer gelditzen. Urrina, karatsa eta hauts meta birzikla ezin bat baizik.

         Agataren destinoa ez zen finkatua, zabortegi ezberdinetan aurkitu nituen puska hirotuak Matildek xerkatzen zuen lagunarenak baldin baziren behintzat. Duda piztu zitzaidan lehen ubarroiak Aturri gaina balakatu zuenean:

         — Eta ikusi dudan gorputz enborra Agatarena ez balitz? Matildek androginoa zela salatu zidan eta androginoek ez dute nik begietsiriko bularralde hain oparorik… papoa ezkutatzen zuen beraz? Behar bada okerreko bidetik lehiatzen ginen, baina alderantzizko froga izpirik ez genuen: ez erortzeko, leze hegian haizeari lotzen gintzaion egundainokoan.

         Ekialdeko babuxka handien buru-zapi lilitsua zekarren emazte adinekoa begimendu nuen zakar poltsa astunak arakatzen.

         — Aizu, babka, zertan ari zara hor? Biltzen ari zaren janari horrek erituko zaitu eta erraiak kutsatuko dizkizu. Ez zara sekula sendatzen ahalko.

         — Nahi dudanaren egiteko libre naiz ezta?

         — Bai, noski, baina haragi hori epez kanpokoa da, aspaldian pasatua. So egiozu: har zuri malatsak dauzka ihaloska…

         Karim lankidea, marmaraz ari zitzaidan. Emakume zaharra bakean uztea manatzen zidan, txintik atera gabe. Gaitzitua, isildua bezain isilarazia, ukabilak tinkatu nituen:

         — Iparraldeko euskal herritar bakoitzak urtean 385 kilo zikin aurtikitzen ditu, 306 kilo sukaldeetatik datoz, erran nahi baita % 80a, 34 kilo berinak dira, 25 kilo egunkariak eta paperrak, 20 kilo estalki ezberdin, zabortegietara eraman trasteak bestalde. BAB hiriguneak zatar meta orokorraren erdia ekoizten du.

         Harrigarria.

         Babka hurbildu zitzaidan. Hortzak galduak zituen baina irri erraldoia eskainiz plastikoz gerizatu Yorkeko urdaiazpiko zurbilak erakutsi zizkidan. Urrea harrapatu baldin bazuen, ez bide zen zoriontsuago izango.

         Tuta ozen erazi zuen Karimek. Ernatzekoa zen eta kafe premia zukeen, zainetan zebilelako. Bazterren lasaitzeko amona zohituak begi zorrotzez eta ahur gosetiz ikertu poltsa kamioiaren tripa ustelaren zolara aurtiki nuen birindika. Babkak urrunetik agurtu ninduen, kopeta makur

         Haserrea sutu zitzaidan, behatza jaki hirotu eta malgutu batean sakatu nuelarik. Agataren balizko gorpuzkiaren kiratsaz oroitu nintzen.

         Etxera eta, oren bat eskas eman nuen dutxa pean, goragalea gainditzen saiatuz. Nolwenek, loak hartzear, sudur mazela zimurtu zuen. Ez nintzen tematu. Zai neukan egongelako sofa, atseden laburrerako. Musu eta balakak ahantzi nituen.

         Gutun-azal urdina utzia zuen mahai kantoian. Berresten zidan Agata izan zitekeenaz xehetasun gehiagorik ez zuela atzeman eta ADN frogak mutu zeudela erantsiz.

         Mezuari post-data erantsi zion: zakarrontzia jaitsi…

         Zikinez axolatzen zen Agata? Erosi eta saldu hitzak ezkonduz orrazturiko salerosi aditz soilera laburtzen zen kontsumo frenetikoaz suntsitu sozietateaz kezkatua ote zebilen? Sei hilabeteren buruan hausten, andeatzen eta zaharkitzen ziren ontasun materialen metaketaz arranguratzen zen?

         Matildek, bere adiskidearen zati ilunak argitzean, Agatarenganako nire interesa piztu zuen: gauaren erregina horren gurutzatzea gustatuko zitzaidan, distiratsua zen, erakargarria, eraman handikoa. Bazuen bestalde, ikara epeletan urtzera deitzen ninduen zerbait: Matildek luzatu zidan berarekin zaraman Biblia, orrialde horitu eta plegatuekin. Komentatzaile arrabiatuaren plantan, Salmoen eta Kantuen Kantuaren pasartea hautatuak apuntatu zituen bere idazkuntza xeheaz.

         Heriotzarekin bekoz beko aurkitu zen arte.

         Birrindu eta erortzen, gu zutik gaude indartsu…

 

 

Kuriositatez, eskuan neukan zakar poltsaren pisatzeko jaidura zapaldu nuen nigan. Bainugelan geneukan balantza numerikoaren gainean pausatzea nahikoa nukeen baina ez nuen ezer egin:

         — Tuntuna halakoa… —nire buruari modu apalesgarrian mintzo nintzaion ardurenean— hiritar orokorraz hain ezberdina haizela uste dun? Planetaren beroketan errurik ez dunala? Garbi eta argi ibiltzen haizela munduan zehar? Hondar hondarrak baino ez direla lurperatzen? Lixibatuek laster hire kafea ordezkatuko dutela? Diskurtso ofizialetan sinesten dun oraindik? Txin-txin egin dezakegula?

         Ispiluan aitzinean, desafiatzen nintzen. Gogoan neuzkan lanera joan aurreko urrats presatuak oro. Bang egin nion, mirailean agertzen zitzaidan irudiari, behatz lodia eta erakuslea pistola moduan marraztuz. Postura horretan edonor kalitu nezakeen, mundua sosegatu eta azken egunetako traumak sendatu. Maria Luisa Galardi gerrara zihoan, toma castaña erranez, eta pantailetan agertzen ziren Charlieren inguruko sarraskien nondik norakoen xehetasunek izu larria distilatzen zuten.

         Eguzkia zeruan gora zegoela, tenoreak zereginez mukuru neuzkan. Hargatik atsedena behar eta lankideekin hitz ordua finkatua nuen San Izpirituko Babel tabernako gela urintsuan. Hamar bat kide zeuden, begitarteak airean, bargo zaharren antzera etengabeko berri-kate baten itxura hipnotikoak goloski irensten. Tarteka, basoetan, Europako ardo lodia zeukatela gogoratzen ziren. Elearen alorra jorratu zuen Karimek:

         — Aspertu naiz lagunak!

         — Zu? Aspertu? Gure artean zintzo eta finkoena zara… ez gaituzu arauz zakar-Himalaia honen maldan umezurtz abandonatuko!

         — Ez, Amaia, lasai. Ez zaituztet utziko. Proposamen bat egin didate.

         — Baia?

         — Fidatzekoa? —Dédéren oharra zen. Ez hintzen trapitxeo ziztrin batean sartuko?

         — Bakea emaidak, ez nauk akerraren zazpigarren uzkerretik sortuetatik!

         — Zer lan klase da egiazki?

         Bil Ta Garbi erakundeak eraiki berri zuen Canopia zentroan hastea eskaini zioten. Nagusiarekiko azkeneko urte oroko ebaluaketa-elkarrizketan bizkarretik sufritzen zuela jakinarazi zion eta birikak, dioxido karboniko partikulez hanturiko airearen kutsaduragatik gero eta sentiberagoak zituela. Askotan bere eztul elkor oldeak, mingarri bezain kirikariak hautematen genituen, bereziki aro ederrak hamar egunez geldoan irauten zuenean.

         — Lortu duzu orduan?

         — Bai… datorren astetik hara, kamioia gidatzea eta poltsa astunak alu-zulo kakaztu horretara aurtikitzea baino lan interesgarriagoa eginen dut!

         — Zorionak Karim, zorionak! Ez gaitzazula ahantzi! Ez dizugu besterik eskatzen…

         Dédé, betileak plegatu eta irri ozenaz zartatu zen. Karimek, Canopiako egoitzak aurkezten zituen liburuki kolore aniztunak kontuarrean abandonatu zituen, keinu axolagabez. Web gunearen zuzenbidea zizelkatu nuen memoriaren zokoan. Karimentzat ona baldin bazen, niretzat ere ez zitekeen txarra.

         Zalantza izpirik gabe.

         Zubiaren erdi geodesikoan nengoen sakelako telefonoak jo zuenean. Kasurik ez egitea erabaki nuen baina linearen beste puntako perttolia tematzen zihoan:

         — Nor da?

         — Maddi, hire adiskide kuttuna. Badakin nortaz ari naizen ez?

         — Zer nahi dun?

         — Arren, ez zakar mintzatu nirekin otoi… ene beharra badun. Bildu gaitezela berehala, elementu berriak badizkinat hirekin partekatzeko. Zikloiaren begira hurbiltzen ari haiz. Argi zagon?

         — Distiratsu…

         Ez zen gozoa Maddi bezalako mari-manatzaile batekin hitzegitea. Misterioz beterik eta ironiaren burlaren maisu, hor zegoen goaitan, bere bonba lexikalak gure buru-muinetan zartarazteko eta suak pizteko prest. Baiona Txikiko karrikak, garunetan neuzkan galderak bezain izoztuak ziren: noren kontura ari zen Maddi? Agata ezagutzen ote zuen? Zer lotura zuen Matildekin? Zergatik ardura zion hainbeste, zakarren eztabaida polemikoek, herrixkak errotik inarrosten zituztenak? Jakinean zirudien… bitxia zen arras. Jende zentzatua nola sartu zitekeen, obsesioraino, horrelako gai eta ekai zikinetan?

         Bosgarren solairuko egoitzako atea bulkatu eta ez nintzen gutxi harritu Nolwen han kausitzeaz. Musu-lapa eman nion betazaletan eta larruak lardaskatzeko gutizia jazarri zitzaidan. Ehun bider errepikaturiko nirea zara, nirea zara mantra laguntzen zihoazen ferekak eta behatzak, zuzen, sexu hezeetara lerratzen. Ezpainak, nagi eta goseti, bular ikaratietan pausatzen ziren, sabel pare dardartietara lehiatu aitzin, big bang izugarriaren kaosetik salbatu orgasmo baten minean lehertzeko.

         Luzaroan geratu ginen bata bestearen besoetan, guhaurren atseginez kikilduak, amilduak, bilduak, isilduak. Amodioaren ondotik bertsolari bihurtzen nintzen.

         — Maite zaitut Nolwen.

         — Pozten naiz nire izenaz oroitzen zarela ohartzeaz.

         — Benetan maite zaitudala! Zergatik ez nauzu sinesten?

         — Alferrik da… Zer usaina! Zoaz dutxara eta egongo gara… bestela ez zaitut saihetsean jasango.

         Arrazoia zuen Spinozak. Bikotean ere conatus hura zen bizitzeko oinarririk baliagarriena. Kofoina eta harresia, Agatak bere Biblian tinta gorriz azpimarratu 27. salmoaren arabera: ez nazazula etsaien menean utzi, lekuko faltsuak eta bortitza draien jendeak altxatzen dira nire aurka!

 

 

Canopia zentroko ate birtualetan nengoen. Ikara zebilkidan sagua ahurrean. Ez nekien nondik hasi.

         Ekitan nagitzen zihoan lantegi gisako multzo industrial biribilduaren argazkia zekarren lehen ziber-orrialdeak. Guztia, leloak terrentaz zioen moduan, eskualde baten zerbitzuko: murru itsuen artean gure zaborrak energia berde eta konposta bilakatzen ziren.

         Tratamenduek balio gehigarria eransten zieten gure zaborrei. Gure zaborren bestelakotzea eta birziklatzea premiazkoa zen. Gure zaborrak, xeheki bereizirik, Bil Ta Garbi Jainko fantasmatiko bezain omnipotenteari esker, ez ziren lurperatuko. Gure zaborrak hau, gure zaborrak hura, gure zaborrak eta bake saindu gotorrak…

         Gure min gogorrak eta zuen zaborrak.

         Canopia bi zatitan banatzen zen. Birziklatze sailean sukaldeko esperantzarik gabeko hondarkin azkenak tratatzen ziren, denboraren botereaz, metanoz osatu biogasa mota bat ekoizten zutela, berotasuna eraginez eta elektrika sortuz, elektrikaren parte handia EDF enpresa pribatuari saltzen zitzaiolarik. Berrogeita hamar mila tona konposta adelatzen zen halaber. Lur beltz aireztatua pentze eta elgeetan hedatzen ahal zen ohiko ongailu kimikoen ordez. Pantailari itsatsirik geratu nintzen, sagutxoari ekin ezinik: Banksyk Gazako hormetan marraztu gatu arrosa bezain ikusgarria zen!

         Baloratze organikoen zatia, hamabi mila eta bederatzi ehun metro karratutan zabaltzen zen autopistaren eta Tarnoserako bideen altzoan, Baiona Iparraldean. Berrogei langile baziren, administrazioan eta sailkapenaren lehen urratsetan, premiazkoak guztiak. Karim bertan ariko zen etorkizun hurbilean.

         Hondarretan hondarrenak toki batetik sartzen ziren kamioiez eta katearen muturrean energia edo konposta itxuran ateratzen. Adoratzen genituen, ehun urte hauetan modan ziren antzeko mirakulu industrialak, Amerika sakoneko harategiak adibidez, zeinetan behi zaharrak, idi dopatuak, zaldi etenduak eta zerri kirikariak, etapaz etapa, zarata sinkopatuen neurrian, tripota, lukainka, urdaiazpiko eta haragi jangarri bihurtzen ziren.

         Canopia zentroaren bihotzean berdin ekiten zuen makinaren, teknikaren eta borondate zientifikoaren hirukiak. Zikinek bereizketak, hartzidurak eta barne-barneko aldaketak jasaten zituzten. Zakarren destinoa zen, eta errefusak, gaizo errefusak, urrikirik ez errefusengan, langile alferrengan, langabetuengan, eriengan, itsusiengan.

         Zein infernutan kiskailiko ote ziren?

         Canopiako tapiza ibiltarietan gora pasatu ziren Agataren gorputz zatiak? Pantaila eta sagutxoak bertan behera utzi beharko nituen, alabaina, errealarekin tematzeko. Kezka ukan arren, ez nintzen kantitu, bisita jarraitzen nuen kafea berotzera joan artean.

         Telefonoa ozendu zen:

         — Ez dun ahantzi bihar arratsean elkartzekoak garela?

         — Agurrik ez duta merezi. Zer dira berriak?

         — Aitzintoka ibiltzen naun, xingilka, itsumandoka… duda dorpeak ditinat.

         — Super ongi!

         Irriz bukatu zen solasaldia eta hotz olde artikoak bizkar hezurra hormatu zidan. Agataren atzetik nebilen, Matilde salbu, nehor ez zen bere desagertzeaz arranguratzen, ez dakit zergatik, Maddik Oragarreko herritarren batzarrean agertu nendin desio zuen. Joango nintzen. Faltarik gabe.

         Canopiaren hostailara itzuli nintzen. Artikulu bat, kolore eta argazki, hamabost kide enplegatzen zituen bereizketa zentroaz ari zitzaidan. Tapizaren gainean plastikozko botila tolestuak ba zebiltzan, janari poltsak, esne tetrabrikak eta kartoi melengak, fardel astunetan bildu eta gero birziklatze kateetara bidaltzeko.

         Hiritarren zikinekiko joera biziki garrantzitsua laburbiltzen zuen kapitulu oso batek. Zinez ikasia behar zen izan jakiteko zein materia zein ontzitara aurtikitzen zen eta berriz erabili zitezkeen gauzen zortzi familiak ezagutzeko. Edozein zalantzaren argitzeko karriketan edo etxeetako korridoreetan gurutzatzen ahal genituen bereizketaren enbaxadoreak. Neska ederra ziren, ile-horidunak, gorpuzkera zoragarrikoak, ulermena bezain arazoen konponketa errazten zutela begi-kliska kokin soilaz!

         Ez nion sekula horrelakorik aipatzen Nolweni, haren jeloskeria ez atitxatzeko. Kasu egitea ahanzten nuenean, Altzaiko herensugearen pare hasten zitzaidan sua sudurretatik botatzen, eta zabor zakuaren ondoan kokildurik, bakarturik, gaitziturik bukatzen nuen!

 

 

Berria ireki nuen. Gizon mundu bat. Politika eta kirola. Pilota orrialdeak bereziki interesatu ninduen: Olaizola eta Irujo eskutik pairatzen zeuden eta Xala alaina arras gaizki zen, bizkarretik minez, lehiaketatik kanpo Retegi eta Rezustaren aurka abandonatu zuenetik. Lekorneko txapeldunaren dolorea dastatzen nuen nik ere zutabea irakurtzean. Anartean, Ezkurdia eta Zabaleta gazteak izar nagusi gisa aitzina zihoazen baina ororen buru, ez bide zuten lehiaketa eramango.

         Horoskopora jauzi egin nuen barneko sena zaintsuaren jabaltzeko: garai ederrak iragartzen zizkieten marro zeinukoei. Agendan ez nuen deus deigarririk kausitu. Egunkaria ixtera nindoala, testu batek, hamar minutuz ebatsi zidan begia: Komuneko zuloa ez da zakarrontzia.

         — Gorputzak sortzen dituen hondakinak baizik ez dira bota behar komunetik behera eta komuneko papera. Hala ere, oraindik jende askok bestelako zaborrak botatzen ditu, problema larriak sortuz.

         Kazetariak egoera beltzatzen zuen:

         — Norberaren komunetik desagertu arren, paper zati bustiak ez dira berehalakoan desegiten. Hodietako uraren emaria oztopa dezakete. Arazo handiak sortzen dituzte zapiok araztegiek ez dituztelako tratatzen ahal, halaber onartuak ez diren likidoek bezain bestelako gai solidoek. Adituek, praktika inkontziente eta lanjerosak kontzientzia falta nabarmenari egozten dizkiete.

         Hamarkada higienista hauetan, supermerkatuetako apaletan ugaritzen ziren zapi hezeak zer ote ziren asmatzen eman nuen denbora. Kate muturrean, birziklatzeko eta itxuraldatuak izateko nekezia erraldoiak zeuzkaten. Herrientzat bezain hirientzat gastu handiak ondorioztatzen zituzten.

         Zapiak eguneroko bizitzako edozein uneetan baliatzen genituen: haurren ipurdiak garbitzeko, pottotten leuntzeko amodiotik landa, mahaien xahutzeko, sukalde zolaren eta bainugelako zeramikazko zera haien distira arazteko… erabilera, infinituraino estira nezakeen.

         Gauzen biodegradagarritasuna goraipatzen zuten, erosketetara gure akuilatzeko. Baina hatzak geratzen ziren beti, hezurrak, plastikoak, kaskezurrez hornitu kontainerrak, tibia eta peroneak, berinak, zapia zikinduak, molekulak, hormona hondarrak….

         Erradazu zer botatzen duzun, erranen dizut nor zaren…

         Egunen batean, menturaz, komunetara aurtikitzen genuena pisatuz aztertuko zen gure bizi-modua. Antropologiaren eta soziologiaren adar berria zabalduko liteke. Ateko txilintxak orroa egin zuen:

         Bortara hurbildu nintzen astiro.

         — Nor da?

         — Ni naizela! Nolwen!

         — Non dituzu giltzak?

         — Armairu zaharraren gainean ahantzi ditut. Ikusten dituzu?

         — Bai, bada zerbait, han… ongi da, zabalduko dizut.

         Maite nuen andrearen irri zoriontsuak, nire buru txikia emokatzen zituen urrin zizkolatsuak urrundu zituen. Besoetara jazarri nintzaion. Arranguratu zen:

         — Daldaraz zabiltza… zer duzu?

         — Hoztua naiz. Berria irakurtzen eta ordenagailuaren aurrean iltzatua egon naiz. Leihoa zabalik zitekeen.

         — Eroa zara! Ez dut beste erratekorik. Zer bilatzen duzu?

         — Agataren aztarna bat.

         — Nehork ez du haren desagerketa salatu… zer gehiago nahi duzu? Hutsean ari zara, debalde, helburu egokirik gabe, denbora galtzen…

         — Bukatua duzu?

         — Bai, baina lasai, orain arte bezala lagunduko zaitut.

         Musu lasterra pausatu nion ezpainetan.

         Aurpegia aldatu zitzaion eta maitea hitza marmaratu zuen auhen batean. Bihotza hautsi zitzaidan eta betezpalak astuntzear nabaritu nituen.

         — Amaia, zuzen zaude orohar… Iparraldeko zabortegi ezberdinetan atzeman dituzun gorpuzkiak ez dira ametsetako lukainken hagakoak. Norbaitenak dira. Bacheforesko gurutzunean patruila batek maleta urdina jalgi zuen lokatzetik.

         — Noizkoa duzu berria?

         — Goiz honetan ekarri ziguten. Gakoa zeukan. Gauza bitxiak baziren barnean. Plastikozko poltsan berrogeita hamar euroko billete parrasta bat bazegoen. Irakorlatik atera berriak, bankarrotak antolatzen trebatu Europar Banku Zentraleko Mario Draghik bezperan izenpetuak ziruditen.

         — Eta?

         — Entzun ezazu hoberena… billete bakoitza hiru puskatan ebakia zen eta kola bereziaz berrosatua. Hasmentan Monopoly joko ezaguneko monetak zirela uste genuen, baina ez, egiazko egiazkoenak ziren.

         — Bitxia da… gure aitak kontatzen zuen, iragan mendeetan, Euskal Herri barnealdeko politikariak, herriz herri ibiltzen zirela, hauteskundeen aurretik ehun liberako billete erdiak banatuz, beste erdia hauteskundeak pasatu eta eskaintzen zutelarik. Egokiro bozkatzeko ziurtasuna ordaintzen zuten —lana, familia, eliza, patria.

         — Billeteren batean odol ttantta bina zehaztu genituen. Laborategira igorri ditugu. Bihar edo etzi jakinen dugu ADN zantzuak norenak diren. Berantetsia ditut ondorioak. Ez zara egarri?

         Nolwen zutitu zen eta basoak ekarri zituen ontzitegitik. Eskailera azpian geneukan sototik txinta ozenak hegalda zebiltzan. Getariako txakolinaren hotsa zen eta poza ernatu zitzaidan arimaren erraietan.

         — Agataren osagarrira…

 

 

Berrogeita hamar euroko billete famatu haietako baten argazkia erakutsi zidan andregaiak, bere mugikorraren pantaila distiratsuan:

         — So egizu… hiru lekutan moztuak dira. Cutter urrakoz bezala.

         — Hatz markarik?

         — Bai. Kola banda batean aztarna bat bazen. Aztertzera igorri dugu.

         — Biba zuek!

         — Badakizu, ez dudala, informazio mota honen zabaltzeko eskubiderik!

         — Baina, ni, zure emaztea naiz…

         — Oroit arazten dizut ez garela ezkonduak!

         — Hori baizik ez bada…

         Guztia alabaina Top Secret zigilu azpikoa zen. Agataren atzetik genbiltzan. Misterioak irauten zuen Baionan, Lekeriketan bezain, pista ezberdinen kaleidoskopioa geldo zetzan, egoera sakontzeko baliabide izpirik ezean, garun narrastiarra sustatzen genuen arau, gure cortex delakoa arranguratzen zuela.

         Nahasten nenbilen zabor meta galanta horretatik deus ez banuen ateratzen, Matilde eta Maddi betiko haserretuko zitzaizkidan, baztertuko ninduten eta zilbor hestea ebakiko zidaten. Nolwen karkailaz lehertu zen eta besagainka zabalaz telebista piztu zuen.

         Amerikar telesaila, kanapea, isiltasuna.

         Gose nintzen. Hozkailua ireki nuen. Mukuru betea zen behingoz. Nolwenek hipermerkatua hustu zuela zirudien. Ondoko egunetan irentsiko genuena baino traste eta zera gehiago erosi zuen, botatzeko menturaz parte handi batean, ahalkerik gabe.

         Begiak zerratu nituen.

         Noiz behinka egunkarietan plazaratzen ziren zenbakien arabera, estatuko bizidun bakoitzak, urtean zehar, hogeita hamar kilo janari aurtikitzen zituen, eta jan-kate osoari egokituz, zifrak ehun eta berrogeira hupatzen ziren. Ekai jangarrien botatzea, etika, ekologia zein ekonomia aldetik, ez zen gehiago jasangarria, onartu ezina baino.

         Doi-doia epez kanpo eta saltzen ez ziren produktuen aurtikitzea debekatzeko legeak orrazten zebiltzan gobernariak, supermerkatuak helburu. Askoren gostuko, sektore pribatuan eragin ez zitekeen, enpresa eta salmenta askatasunaren izenean, alor horretako politika publikoak oinarrizko kontsumitzaileen bizkarrak astintzen zebiltzan.

         Banaketa kate erraldoien jabeek, lan-eguna bukatzean, jabel urez edo azidoz bustitzen zituzten botakin-kontainerrak, zakarrontziak miazkatuz ihardukitzeko ohitura zuten jendeak urruntzeko. Halaber, abereentzat, metanoa ekoizteko ere ez ziren on.

         Ankerra zen egoera. Jende oldeak gosez hiltzear eta soberakinak suntsituak ziren nahitara, iraungitze mugetan edo inperfekzio arinez saldu ezinak zirelako. Halatan, doan eman zitezkeen milaka pinta esne eta ehunka kilo jogurt galtzen ziren arraiki, kontsumo arruntaren hodi ezkutatu eta ilunetan behera isuriak.

         Eta inork ez zekien kapitalismo letal, morbido eta pornografiko horren ordez zer ezarri. Hiritarren eta politikarien izpirituetan antsia emendatzen zihoan, sistemak, lehertuko zenean, utziko zuen zuloa irudikatzean. Terrorismoaren beldurrak, arraposki landuak, ustiatze, opulantzia eta arrogantzia garai horren bukaera ahanztea baimentzen zuen.

         Nolwen, begiak pantailan zetzan.

         Pantailan, amerikar mutiko lodiegia ageri zen, beltza, trinkili-trankala eta hanburger urintsua ahurrean zaraman. Hortzak zuri zeuzkan, baina LAPD-koak aurrean edukitzean, irriak sartu zitzaizkion:

         — Atxilo zaude! Hemendik at erranen dituzun guztiak zure kontra baliatuak izan daitezke. Esteka ezazue!

         — Abokatua nahi dut…

         — Buztan-bero alu zikina zu! Lasai, ukanen duzu bat, ofiziokoa. Zureak egin du.

         Eskuaz kasko pelatua gerizatzen ziotela, polizia kotxera bultzatu zuten bortizki. Hanburgerra, erortzean, ostra baten antzera, espaloian zabaldu zen tomate saltsa, maionesa birlak, tipula xerrak, entsalada hostoak eta haragia barreiatuz. PT315 matrikula papoan zekarren poliziako argazkilariaren ezkerreko oinak geratzen ziren puskak tapalakatu zituen, nagusiaren kexua eraginez.

         Gorputz zatiak zakarrontzietan gordetzen harrapatu zuten gizona. Bazuen aspaldi atzetik ibiltzen zitzaizkiola. Hainbat neskatxa eta emakume desagertu ziren, zuzenbiderik utzi gabe. Serial hiltzailea omen zen. Hannibal Lesterren seme propioa. Ez nezakeen zehaztu odola ala ketchupa, zer zetorkion ezpainetan behera.

         Sabela inarrosi zitzaidan, garbi gelara abiatzen nintzela, arrapaladan goiti egiteko. Bat batean, Nolwen neukan aldamenean, kezkaz kiribildua:

         — Zer gertatzen zaizu?

         — Zure telesailak… tripak iraultzen dizkit…

         — Arren, fikzioa baizik ez da!

         — Ikertzen nabilen gaiarekiko lotura zuzena dauka. Agatak, agian, horrela bururatu zuen, serial killer ziztrin baten atzamarretan, torturatua eta mutilatua, bata bestearen ondotik, ez bada biak batera!

         — Ikara nabari dut nik ere. Nahi duzu Céline Dionen Quebec-eko kontzertuaren bideoa bulkatzea?

         — Gogotik ikusiko nuke bai… milesker maitea!

         Disko musikarekiko dantza-lekuan banintz bezala urrundu nintzen garbi gelatik eta Nolwenen beso artetik. Keinu bitxiak egiten nituen. Punpari nindoan. Agatarantz.

         — I’m alive…

 

 

Goizean goiz atera nintzen, beharrera. Karim eta Dédé aurkitu nituen zainart eta zoriontsu. Egia erran, ez zen sobera normala, garai hauetan, pozik joatea lanera: bazen hainbeste kezka, arazo, hainbeste min eta estresa, hierarkiaren edo lankideek aldetik hainbeste ageriko tratu txar non lanaren mundua, izan bulegoak ala fabrikak, muturreko kalbario bide mutu, eta bakarretan dramatiko bilakatuak ziren.

         Dédék hitza askatu zuen:

         — Arratsaldea libre daukagu!

         — Hori bai dela, lan honek duen hoberena…

         — Ez da erraz erraza… baina baditu abantaila zenbait.

         Karimek ele baikorrak ahoskatu zituen eta jauzi batez, kamioiaren kabinara hupatu zen. Zaratak eman ahalako musika ezarri zuen. Ras Daniel izeneko reggae taldearen melodien kolpekak hauteman ziren, bazterrak eta arimak troxatuz. Karimek bortitz gidatzen zuen eta atzean gu, hosto meharrak abar puntetan bezala mugitzen ginen, orekan, plataformatik jaitsi eta igo tematzen genbiltzan, neurrian, mekanikoki, erortzear, erortzear, erortzear…

         Azkorria altxatu zen. Ekialdetik, zerua gorri zebilen. Artizarra ortze-mugan desagertu zitzaigun. Aturri gaineko argi zirrintek, jendeen bihotzak, gogorrenak barne, biguntzeko ahalmena zeukaten. Aski zuen gainera, haize fresko samurrak Errobiren azala zimurtzea, paradisuko ateak irekiko zirela ziurtatzeko. Doi-doia zabaldu tabernetatik kafe eta kruasan usain indartsuak iradokitzen ziren.

         Plataformatik lerratzear egon nintzen. Telefonoa belarrira hurreratu nuen eta adiskidearen ahots loz hordia hauteman nuen:

         — Zertan haiz Amaia?

         — Lanean…

         — Lanean? Hi?

         — Bai… Errazkidan erran beharrekoak. Agudo…

         — Finitzen dudanean, haugi Hazketara. Ukabil Ekintza baten minean gaitun…

         — Oren bata irian agertuko naun.

         Maddiren boz kementsuak erakusten zuen bete-betean zebilela zabortegia ixtearen aldeko borrokan, Hazketa 2010 elkartearen baitan. Aurtengo maiatzaren 29an, Bil Ta Garbik deliberatzekoa zuen zakartegiarekin jarraitu zuten ala ez, 1995an izenpetu konbenioa lekuko. Are gehiago: egun seinalatu horretan ahitzen zitzaion Bil Ta Garbiri Hazketa erabiltzeko epea.

         Egonaldia hemezortzi hilabetez luzatzen ahal zuen, menturaz bi hamarkada ere, ordezko tokirik aurkitu ezean: erosoagoa zen jada funtzionatzen zuen lekua zaintzea, bazterrak harrotzeko eta deskargarik beraien lurretan nahi ez zuten herriak haserretzeko premiak uxatuz.

         Izpiritua lauhazka utzi nuen: Hazketari zegokionez arduradunak axola eskasez hurreratzen ziren. 2014ean demagun ez zen kontrola izpirik egin. 2012an aldiz DREAL ikuskari publikoak plazaratu txostenean zakar debekatuen eta garraio fitxa ez osatuen presentzia azpimarratzen zuen. Suez enpresaren filiala zen Sitako komunikazio buruek eskualdeko biztanleei agerpen zientifiko baketsuak eskaini zitzaketen arren, ez ziren hegiak arras leunak afera honetan.

         Lana bukatu eta Hazketara ernatu nintzen kotxea harturik.

         Deskargaren atarian aurkitu nintzenean, Maddi, lasterka, niregana zetorrela begimendu nuen. Zainetan zegoen:

         — Hator! Hator! Zazpiak eta erditan ttanko hemen gintunan. Orain, prentsaurrekoa dinagu. Erna hadi arren…

         — Trankila, emaztekia, nora dun horrelako presa?

         — Herritarrek ba diten Hazketan gertatzen den guztia jakiteko eskubidea, zer lurperatzen den, zer isurtzen eta zer ateratzen den hondar-mendi hauetatik… eta horretan ari gaitun. Alafede baietz…

         — Hi bai hi, pasionaria sutsua!

         Tuñako bat eman zidan kostetan. Behaztopatzear egon nintzen. Nork zuen bada Maddi geldiaraziko momentu hartan? Argazki makinak hauteman nituen klix-klax, arkatz ilunak orrialde zurietan xirri-xarra eta kamerak zurrungaz.

         — Sei kamioi kontrolatu ditugu eta batek bakarrik garraio bonoak erakutsi zizkigun. Bostek atzera joan behar izan zuten paperak ozkan ez zituztelako. Errepidean, behereko bide gurutzean, itzuli-minguli, beste bi ibilgailu astun zelatatu genituen.

         — Zer dira garraio bonoak?

         Kazetariaren galdeari erantzunez, Emile, Beskoiztar zohituak, hitza hartu zuen. Arrapostua, kasik mailu jalgi zitzaion:

         — Bonoek kamioiek dakarten zaborraren nortasun agiria ematen digute. Ekai likitsen jatorria, ekoizlea, natura eta tonelada kopuruak ere bai. Beraz zinez garrantzitsuak dira. Gaur ere, frogatu ahal izan dugunez, Hazketan ehorzten denarekiko duda handiak daude.

         — 2014ko abendua arte, segitu zuen elkarteko ekile batek, Bil Ta Garbik hilabete oroz informazio fitxak pasa arazten zizkigun, baina hondar asteotan mutu bezala dago. Uste dugu Hazketan nahi dutena ezkutatzen dutela eta guk, auzoek, zabortegiaren kiratsa patitzen dugunok, lekuan lekuko egiaztapenak egiteko dretxoa dugula!

         — Bihar arratsaldean berriz etorriko gara eta goiz honetan baino ugariago gainera. Ez dugu etsiko. Ez horixe.

         Atorra karrakatuaren gainean segurtasun palto fluoreszentea zaraman gizon zardaiak oihukatu zituen azken hitzok. Bil Ta Garbiren bilketa espaziotik kanpoko eremuetatik etxegintza hondarrez kargatu kamioiak zetozelako susmoak zeukala erantsi zuen, ikara.

         Maddiren litania, nire buruan: artsenikoa, fosforoa, errefiuma.

         Zakarren erreketa-keen garbiketa aztarnak.

         Hazketa hets ala geroa hits!

 

 

Berri lasterrak trukatu nituen lanean zegoen Nolwenekin. Jakin arazi nion Oragarrera nindoala Maddiren konpainian. Bakoitzak gure autoa hartu genuen. Behialako nire eskolako lagunak ximixtaren pare gidatzen zuen, zeruaren iluna zirrimarratuz eta beltz une izugarriak argituz. Ekin-gose zebilen beti. Egun batez, iktus amnesikoak hegaldi betean zirtzikatuko zuen edo bihotzekoak akabantza emango zion.

         Isturitzeko bihurguneen gainean, saiak zirurikaz zebiltzan, haragi hiroz falangatsu. Menturaz, zabortegi ireki batek, ezezagunek Otso Errekara aurtiki abere tripaki zaleak ziren hegaztiak loriatuko zituen. Haizeak aurka buhatzen zuenean, ustelaren nazkak kateztatzen zituen inguruko bazter bukolikoak.

         Auto-gidari presatuei traba egiten zielako, auzapezak suntsitzea erabaki zuen pilota plazarik gabeko nire herrira iritsi ginen. Eliza eta hilerria, biak, paradaz balia, arrasatzen ahalko zituen, eginkizuna osatzeko eta herriaren bihotzean lau-bideko bat zabaltzeko.

         Aire meheak, ezpata bailitzan, lardaskatzen zituen bortu mazela amilduak. Oragarreko batzar tokiaren pareko aparkalekua betea zen jada. Maddiren ondora hurbildu eta elkarrekin sartu ginen, herritarrak agurtuz:

         — Zuek hemen?

         — Ongi goaz, Maddi gurekin baldin badago!

         — Aspaldiko…

         — Bizirik zarete oraino?

         — Orduan? Hirian dena ongi?

         Trufa baino musika handiagoa zen gelako atarian. Ageri zen zerbait handios jolastuko zela bertan. Sakontasuna eta garra nabari zen, durduza bat, zalantza bat.

         Bilkura kudeatzen zuen andere gazteak, zintzurra karrakatuz, arreta eskatu zigun:

         — Ordu larria suertatzen zaigu. Jaun Merak zerbait gordetzen digu. Zurrumurruak baziren baina nola sinetsi? Alta egia da: Bil Ta Garbiko arduradunei proposatu zien Oragarreko Bartetako ibar urrun batean zabortegi erraldoia zabaltzea, Hazketan edo Mendixkan eraikiak zituztenen antzekoa. Isilka-misilka aritzea leporatzen diogu auzapezari. Hau ez da horrela pasatuko!

         Leizor burrunba elkorrak hantu zuen berrehun eta berrogeita hamar kide entzerratzen zituen gela. Oihuak. Harramantzak. Haserre sartuak. Ilusio kolektiboen leherketa. Etxe bakoitzetik saltsari bana bazen, gizonezkoak nagusiki, baina emakumezkoak ziren bozaren garatzaile sutsuenak.

         Melania Dupontek bildu zuen elea:

         — Kontseilukoa naiz… ez diezaiogula harria zuzen kontra bota: Bil Ta Garbiko arduradunek derrigor diskrezioz aritzera bultzatu zuten. Hastapenean haiek errana egiten zuen, baina txutxu-mutxuak hedatzen hasi baiko, guztia salatu zigun. Hautetsiok, proiektuaren aurka bozkatzea erabaki genuen.

         Munduaren giderrak absolutuki esku artean zeuzkatela sinesten zuten erakundeek beren borondatea inposatzen zieten herritar xeheei, normalean hauek delibero unilateralen errefusatzeko dretxo mikorik ere ez zutelarik. Funtsean ez zitzaien sekula ezer galdatzen. Multinazionala ustiatzaileek, trenbide eta aireportu diseinatzaileek, SEVESO neurriko lantegi kutsakor eta zentrala nuklear eraikitzaileek horrela ekiten zuten, elkor eta gor.

         Txosten eta ahalaz idazkirik gabe antolatzen ziren gauzak, diruaren trukean segurtatzen zutela promotoreek minoria konplizearen duplizitate adostua. Aski zuen gizon ttattardunak batzarrean azaltzea, hitza etengabe monopolizatzea, ele urguilutsuak erabiltzea, eta dadoak mahaian hedatzen ziren, beti indartsuenen alde, irabazle itsu.

         Beti.

         Herritarren gehiengoak, gau hartan, Oragarren, ezin hobeki ulertua zuen afera likitsaren mehatxua. Ez zuten horrelako lurperatze eremurik nahi. Bil Ta Garbik aztertu nahi ez zituen aterabide ezberdinak ere ba omen ziren.

         Aurkarien helburua orduan, herria elkartzea zen, zakarren ehorzte eta errauste plantak blokean ez onartzeko. Mendiolako Charlotte Corday zutitu zen, bere haurdun sabela samurkiro ferekatzen zuela:

         — Canopiako arduradunak, bere ardi arloteak zainetan lehertzen zebiltzala konturatzen zihoan auzapeza lasaitzen saiatu ziren: Oragarre ez zen haien xedeetan sartzen. Ideia abandonatua zuten. Baina ez dira fidagarriak, nehondik ere ez. Badakigu, eta Sarrikota Peko adiskideek guk baino hobe badakite: herria azkena zen Bil Ta Garbiren zerrendetan, eta hondarrean lortu zuten zortearen sari nagusia! Batera lan egin dezagula, ez badugu Zuberoako gure lagunen pare bukatu nahi.

         Txaloak ozen. Nasaiak.

         Charlotak jarraitu zuen, fermuago:

         — Bihar, auzapeza Canopiara joango da, gutariko bi kideekin, ikerketa publikoen ondorioak entzuteko, eta datorren larunbatean, Sarrikota Pean agertuko gara, Mendixka gunearen estrenan, banderola eta megafoniekin, gure ez-adostasuna plazaratzeko.

         Bi orduren buruan Bettanek azken hitza hegaldarazi zuen:

         — Gauden bat! Batasunean baizik ez dugu, herria zikintegi horren mehatxutik libratuko… Zaindu dezagun arbasoen lurra ondorengoei kutsatu gabe oparitzeko. Jende horiez mesfidatu gaitezela, izurriteaz bezain. Ez dut besterik eransteko. Gau on eta laster arte…

         Antolatzaile bat aitzinatu zen, paper bat eskutan:

         — Jarri hemen, zuen mezutegi zuzenbideak eta banatze-lista bat osatuko dugu, eskuratzen ditugun arau, informazioak eta ekintza iragarrien egutegiak zuei pasatu arazteko…

         Herritarrak, banan-bana, atera ziren, irriz karkaraz, borroka baten hasmenta jotzen zuen mugimendu muskil baten kide izateaz harro. Maddik bi solas irun zituen bere anaia gehienarekin, niregana bihurtu aurretik:

         — Blokea osatzen dinagu, Amaia… Hargatik harririk borobilenak ditun hauskorrenak, den-mendreneko kolpea angelurik egokienean aski dutelako mila pusketan zartatzeko!

         Adiskide txinpartatsua ez zen baitezpada baikorra.

 

 

Maddi bere 4L-a makatuan sartu zen eta agudo desagertu, Bidaxunerantz. Agur laburretatik lekora, gauaren erdian, bakar-bakarrik gelditu nintzen, Apaterena ibaiaren ertzean, Baionara itzultzeko biderik laburrena zein zen hausnartzen. Gustatzen ez zitzaidan arren, Amikuzeko Oihanaren zeharkatzea hautatu nuen finaren finean.

         Haurtzarotik oihan sakonari beldurra nion: galera eta ilunbea biltzen zituen batera. Etxekoek, egia erran, izua hazi ziguten, istorio latz eta zapalgarriekin. Ez zuten nahi, ezezagunak tirriaturik, amainaturik, ezkaratz gerizagarrietatik urrundu gintezen sobera.

         Karroinak zuritzen zituen bazterrak. Lainoen artetik ilargia kuku-gordeka jostatzen zebilen. Irri hezea neukan ezpainetan. Matilderen deiaren zai nengoen, baina mutu zegoen, desesperatuki mutu. Autoko irratian, Bilboko Loraldia jaialdian, Joseba Irazokik, herri honetako gitarra joile zoroenak marrakatu Lau Teilatu abestiaren dirty aldaera hautematen nuen… Grabaketa pirata, erran gabe zihoan. Engoitik, zabortegiak, zikinak, oldartzeak, erabakien parreko ezintasunak eztabaidatzen ziren edozein herriko jaixetan… txanpaina basoak gora, bereziki neguko arrastiri hotzetan.

         Halako batean, Oihaneko Egoitzaren aldameneko gurutzunean, trastuki beztitu gizonak bidera jauzi egin zuen.

         — Horixe besterik ez nuen behar…

         — Geldi! Redios! Geldi zaitez!

         Gizakia hertzen begimendu nuen. Besoak zabalik. Ahoak eta ezpainak tolestuak itsuski. Harritua nengoen. Inkontziente hitsaren ez zauritzeko autoa sigi-sagaz maneiatzen nuen. Hondarrean, kalatu nuen.

         Eromenak bihurtu aurpegia berinara hurbildu zitzaidan:

         — Bilatzen duzuna naun!

         — Zu? Zaude isilik!

         — Agata kalitu nuen eta Euskal Herriko zakartegi ezberdinetara aurtiki, plastikozko poltsa berdeetan. Nehork ez nau sinesten! Hiltzailea naiz, argia, inteligentziarik gorena…

         — Bakea emaidazu! Poliziari deituko diot!

         — Izuak akabatzen nago… ilki zaitez autotik! Mintzatu behar dugu! Egin dudanaz harro nabil, are harroago ordena-indarrek beraiek ez nautelako oraindik harrapatu! Norbait naiz, jakizu, norbait naizela!

         Tulipa-arbola eta lizarren kasko altuak plegatzen segitzen nituen haize hotzarekin. Maddi madarikatzen nuen, hain soil abandonatu ninduelako eta Nolwen halaber, haren premian nengoela, beti lanean zelako. Mitomanoa nuen aitzinean, agian imitatzaile putruska bat, baina ni arriskuan nenbilen, egoera jasan ezinean: nondik atera zen ez nekien inguma haserretua nire autoari joka ari zen temaz.

         — Ez higitu, arren! Sumetituko zaitut… Horrelakorik ez duzula maite badakit! Agatak sufritu pairamen berdina jasanen duzu zuk ere, hamabost suplizio kordelan, ongi-etorri opari gisa. Zure antzeko putaxka memeloak ditut maite. Gozokeriak egingo dizkidazu gainera, zuk, dirurik eskatu gabe.

         Algara ziztrinaz lehertu zen eta oihartzunak Amikuzeko Oihana kateatu zuen. Irudiz, behialako espektroak oro airean zebiltzan. Ume jaleak eta txita irensleak. Piztia gosetiak. Urkatzaile amorratuak eta birjinitate ebasle zigilatuak. Den-denak, zelatari, haritzen maldan. Agata erahil zuela aldarrikatzen zuena herioaren munduko likits horietatik zela sinesten nuen erraz.

         Mozkorra zen erabat. Pistola zakila malgua bailitzan atxikitzen zuen, konkor. Arreta ahultzen zihoakion. Besoa bihurdikatu nion, keinu zehatzaz eta ihes joan zen, dolorez orroaz, abere sangratuaren pare.

         — Nora hoa, urriza ustela? Haugi hona, urdanga zikina, haugi berehala! Zer ari haiz kaka nahasten? Enekin behar haut.

         — Behar nauzula ? Ez duzu hoberik! Urdaiazpikoak, lukainkak eta odolkiak egiteko! Hori bai ironiaren zortea!

         Azken hitzok, haritzen artetik lerratu arau ahoskatu nituen. Bihotza ehun eta berrogeita hamarrera igotzen nabaritzen nuen, ohartu nintzen arbolen erresuman, erabat galdua nintzela. Gizonaren deiak aditzen nituen, urrunean.

         Oragarreko norabidean nengoen? Bartetakoan? Arruta ala Bidaxunerantz abian? Nola nekikeen? Zuhaitzak eta lurrak guztiak antzekoak ziren eta ororen buru zirkuluak marrazten ari nintzela ziruditan. Amikuzeko Oihana benetako labirintoa zen. Errepidea berriz eta agudo aurkitzen ez banuen, hezurrak bertan zurituko zitzaizkidan, eta saia alderraiak nire haragiaz aseko ziren arraiki.

         Ufada astun eta hotzek gizaki mentsaren laidoak eta irainak ekartzen zizkidaten, elkor, itoak, nigan halako burtzoro minbera haziz. Pitzatua zen arras. Nora jo bada? Itsumandoka nindoan, arbolak kuskatuz, erroetan oreka galduz, izuak, lasterraren abiadurak eta nerau salbatu xedeak akuilatua.

         Agataren azken uneen lekukoa izan zela zioenak xederan gatibatu errepittitta axola gabea nintzen. Aukera uzten baldin ba nion, ziur nengoen ni ere akabatuko ninduela hor berean, briu-brau, damurik gabe. Malkar luzea jaitsi nuen arrapaladan, azpiak xehekatuz, gaztainondo biren erditik doi-doia pasatuz, bidea bordatzen zuen arroila batera erortzeko. Garbotsek odoleraino larrutzen zidaten nire ipurdi baliosa.

         Autora iritsi nintzen. Oinarekin lurrean zegoen zera gogor bat jo nuen. Inkontziente edo buru-arin batek, bertan ahantzi dokumentu poltsa bat zehaztu nezakeen. Bildu nuen, kotxea piztu eta agudo desagertu nintzen, Bidaxunerantz.

         Atze-ikusgailuari behako etsituak botatzen nizkion, noiz behinka, nire integritate fisikoa mehatxatu zuen gizon basatiak ez ninduela segitzen baimentzeko. Hatz izpirik ez.

         Salbatua nintzen? Maddiri deitu niezaiokeen? Eta Nolweni?

         Bidaxuneko hilerri judutarraren harresi xumeen maldan gerizatu nintzen, bigarrenez zazpi egunetan. Eskua bihotz aldean pausatzen nuen taupada salbaiak jabaltzeko bezala. Zeruaren minean ilargia nekusan, begi kliskariz, trufariz agian, nire erabateko etendura egoeraren lekuko. Harlauz grisak, izotzez zuritu belardian zebiltzan distiraz.

         Agataren izarrak eramango ninduen.

         Spinozak: ez irri, ez negar, baina ulertu…

 

 

Baionako ostatuak, gauerdi irian, ez ziren oraino zerratuak hirira heldu nintzenean. San Izpiritu zubiaren maldako Bar Abbas izenekoan sartu nintzen. Zerbait azkarren premian nengoen.

         Denborak eta alkoholak higatu begitarteekiko mozkor erre pare bat zetzan kontuarrean. Basoetako hormatxoak klaskaz inarrosten zituzten, etsitu, apatiko, kalakari.

         Zerbitzariak helatu ninduen:

         — Zer nahi duzu? Ez zara hor egonen pelele baten moduan…

         — Whiskya mesedez!

         — Nire kontura —erran zion mutikoari zahar batek, bere bizitzaren istorioaren kontaketa geldituz. Kopeta apal zeukan, munduari ezkel behatzen zion eta sakonki triste zirudien. Berrogeita hamar urte lehenago paratxutista gisa bidali zuten Baionara:

         — Halako batean, Zitadelan geunden soldadu talde bat joan ginen Miarritzeko Négresse auzoko dantzaldi herrikoira. Akordeoiak, txistuek eta danborrek alaitu giroan bere gurasoekin zebilen neska gazte beltzaran ederrak onartu zuen nirekin baltsan aritzeko gonbita, dantza alorrean funtsean arras malestruka nintzelarik eta hala naizelarik oraino. Egiazko heskualdunak… sei hilabete gabe, Maria-Luisa eta biok ezkonduak ginen, legearen eta elizaren arabera.

         Oreinaren antzera arramaz ari zen.

         — Ez genuen liskar soil bat eduki, zorion itsuaren hegal pean bildurik egon ginen zoroki. Iragan astean ehortzi nuen minbiziak eraman nire andre kuttuna. Ezin dut gehiago…

         — Ezagutzen dugu zure ipuina, Tizian! Min hartuko duzu… aspergarria zara, hondarrean.

         — Terrentak ez nau axolatzen.

         — Isildu zaitez behingoz, kanpotarrak baditugu hemen. Zer pentsatuko dute gutaz?

         — Pentsa dezatela nahi dutena! Bost axola…

         Nire behialako izua berresten nuen, nire iragan hurbileko gertakariak konprenitzen saiatuz eta Tizianen harpe-ahotsa entzunez, ispiritua desbideratzea lortuz: zer zuten bada jendeek, horrela, deblauki, beraien bizitzak harilkatzeko, xehetasun intimoenak, txikienak, kurios pinterdi goseti anonimoen bazka gisa eskainiz eta piperra eskas bide zuten egunerokoei egintza okaztagarrienak erantsiz?

         Hausnar zekenaren antolaketa nahasi zidan mugikorraren joaldi zizkolatsuak. Telefonoa eskuratzean, Amikuzeko Oihanean lurrean harrapatu larruzko moltsa atzeman nuen:

         — Kontxo! Zer da hau? Ahantzia nuen… muga-egoeren bortxak gogapena egiazki elbarritzen duela argi dago!

         Zorroaren edukia mahai urintsuan hedatu nuen: berrehun euro baziren, segurtasun sozialeko karta, gidatzeko baimena eta nortasun agiri froga bat.

         Harritu nintzen horrela, suertez, Agataren puskatzea harroki bere gain hartzen zuen gizonaren identitateaz jakitun bihurtzeaz. Gaitzeko mitomanoa zen! Aste bete jada ikertzen ari nintzela eta hara, gutxien uste nuelarik, enigmaren gakoa ahurrean neukala. Baina ebasle soila ere izan zitekeen, hiltzailearen konplize bat edo bere ospetsu ordu-laurdenaz gozatzea amesten zuen norbait.

         Nortasun agiria argazkitan hartu nuen eta Nolweni bidali: tipo hau zure fitxategietan bilatu mt ztt. Mezua ezinago argia zen. Nitaz nahikoa fier, azkenean, etxeratu aitzin nekienaren bilduma osatu nuen:

         — Bernitz Mendiola, enpresa burua, hirurogei urte. Baionan sortua. Familiatua, ile horiekiko emazte panpoxa eta, noski, zohituriko bi seme kankaila. Hiritar perfektuaren irudi prestua ematen du, arras behar den bezalakoa. Komunioa emango genioke kofesiorik gabe. Itxuraz asetzen dabilen jendarte honi egokitzen zaio, erabat.

         Kolpea bihotz minean?

         Tabernariak kontuarrean tapalakatu izaki hondarkinak eta zakar poltsak oro kanpo ezarri gintuen, olde berean. Errepublika Plazako jargietan ttottotu nintzen, Tizian eta beste itzal herbalak nondik nora zihoazen begiz zelatatzeko.

         Iturriaren aldamenean, bi mutiko beltz, zango-baloian ari ziren eta laster batean eremua, urrez brodaturiko djelaba zuri-zuriaz jantzi bizardun arranguratsuak trabesatu zuen. Altzazia-Lorrenako suan, auto bi zotinka zebiltzan. Polizia kotxe eta anbulantzia baten sirenek Baiona Handiko biztanleen loa ebaki zuten. Merkantzia trenak, abiadura itzelean pasatuz, auzoko egoitzen oinarriak inarrosi zituen.

         Karrika hutsetan, hiriaren erdian, Amikuzeko Oihanaren zoko-zokoan baino sosegatuago senditzen nintzen. Baserri gune hiper-erruralak zegoeneko metropoli erraldoiak baino lanjerosagoak ziren: arima eskasak zebiltzan ilunbean, ingumari, parpaila immaterialez eta itzal fantomatikoz bizkar-zainduak…

         Sinagogaren paretik lerratzean, leihoak behera zeuzkan Mercedes gotorra ikusi nuen, elektro musika à fond eta barnetik itsas-zakur oihuak ihesi zihoazkiola. Eskua kopetara altxatu nuen eta bat batean isiltasuna itzuli zen Maubec kalearen bakartasuna mendratzera.

         Sofan etzan eta telefonoak jo zidan. Hatsa hartzeko betarik ere. Nolwenen deia igurikatzen nuen. Eskatu nizkion xehetasunekin. Baina ez zen hura. Zenbakia ezagutu nuen, alaina.

         — Matilde hemen… Errekontru gaiztoa pairatu duzu beraz Amikuzeko Oihanean. Pozten naiz zure burua segada horretatik salbatu duzulako…

         — Bai, beldurtu naiz, ikaragarri. Agataren hiltzailea nor den badakit dagoeneko. Hura dela dioena. Hala uste dut bederen. Bere paperak atzeman ditut xendra nagusiaren erdian, eroriak…

         — Eta nor da? Jakin ba daiteke?

         — Bernitz Mendiola izeneko trauskila bat.

         — Bernitz? Bernitz erran duzu?

         Harrituetan harrituena zirudien. Matildek ez zuen gehiago fitsik erran. Zerbait bitxi gertatzen zen linearen beste puntan. Doinu aldaketa nabari zitzaion bozean. Izua partekatu genuen: nola zekien arazo bat eduki nuela gauean? Solaskidearen ahurretatik entzungailua erortzearen xirri-xarra zalua nabaritu nuen. Kolpeak eta orroak.

         — Matilde? Matilde? Ongi zaude?

         Nolwen abisatzekoa nuen, urgentzia absolutuan.

 

 

Hiru oren beranduago, andregaiarekin nintzen, loz hordituriko hiriaren ertzak eta galdeketak eramateko baliatzen zen Baionako komisaldegiko soto hertsiko leihoetako barroteak argitzen zituen egun urrakoan. Nolwen lanean zebilen, serio eta super kontzentratua.

         Nire deiaren ondotik, poliziek ernai-ahariaz lehertu zuten Matilderen Mauleko pisuko atea eta Bernitz Mendiola izeneko gizon bat atxilotu. Bere aurkako biolentzia zurrunbiloaz estonatua zirudien eta errugabea zela zioen:

         — Damutuko zaizue. Harremanak dauzkat, nik. Inozentea naiz.

         — Eraman dezagun. Boutati, emakumeaz arduratu zaitez. Ezer ez ukitu arren…

         — Inozentea naizela!

         Inspektore nagusia isilik zetzan. Bernitz Mendiolaren biografia luzea errepasatzen zuen. Alde orotatik errespetagarria zirudien jaun eta enpresari arrakastatsu fatxadaren atzean, harrapari sexual ankerra gordetzen zen, polizia zerbitzuek bulta honetan begian zeukatena beste arrazoien gatik, bereziki diru-zuriketa eta Kaiman uharteetarako kapital ihes sare antolatu burua zela susmatzen zutelako.

         Maria Luisa egidazu kamamila…

         Gibeleko sarreratik iritsi nintzen komisaldegira. Lekua, alabaina, debekatua zitzaidan, non ez nentorren kereila jartzera edo nerau atxilo izanez. Nire burua ahanzten saiatzen nintzen eta ingurunean urtzen. Den mendreneko xehetasunak oroitzen nituen eta ez nuen inorekin hitz mikorik trukatzen. Pasatzen zenean, Nolwenek kidetasun keinuak bidaltzen zizkidan.

         Maite nuen klandestino izaera hau: azpi-lanetan higatzea zegokidan txiki-txikitik eta beharrak betetzen nituen, kantitu gabe, ordena kontraesankor eta askotan apalesgarriek zoratua. Hargatik, Dédé eta Karimekin zinpurtzen nintzenean, halako berdintasun proletarioaz gozatzen nintzela iruditzen zitzaidan, jakin arren argiki egoerak ez zirela iraunkorrak. Nolwen Kergeleni lotzen ninduen harreman sinets ezina bezala.

         Ispilu itsuaren ezkutuan, isilik, Bernitz Mendiola, abokatuaren aiduru zegoen. Poliziak zituen inguruan, setiatzen. Nolwenek, parean, zaintsu, txosten mardula zeukan eskuetan. Gaizkileak eragin desmasien neurriaz galdezka nenbilen bi polizia hurbildu zitzaizkidanean:

         — Zer ari zara zu hemen?

         — Komisario buruarekin etorri naiz. Bere baimenez nago gela honetan. Lekuko bat naiz. Super ezinbestekoa.

         — Betikoa… istorioak asmatzen zabiltzate eta egiak bailiran hizkatzen dizkiguzue. Mitomano hutsak. Nortasun agiria?

         Sakelak miazkatu nituen. Paperrik gabe nenbilen. Bietatik batek besotik hartu eta polizia-etxeko espaloira aurtiki ninduen. Zakarrontziaren aldamenean aurkitu nintzen. Ez nintzen Bernitz Mendiolaren kofesioaren jakile izango.

         Zorigaitzez.

 

 

Baionan euria zen. Ez nuen xendran aurkituriko lehen ostatuan aterpetzeaz beste aterabiderik. Kafe beltz-beltza manatu eta lurrinez estali leihoaren ondoko mahaira zuzendu nintzen egunkaria eskuan. Aferaren norakoak eskaini zizkidan Nolwenek lanetik landa. Azken hitza ezagutzea berantetsia zitzaidan.

         Sud-Ouest irakurtzeari ekin nion, ahapez, leitzen ikasten ari ziren umeen moduan, eleen azpian behatza lerratu araziz: Sarrikota Peko Mendixkaren estrenan zeuden berrogeita hamar Oragarreko herritar notre campagne n’est pas une poubelle edo non à la décharge d’Orègue lemak eskuz egin banderoletan plazaratuz. Erreportajean Bil Ta Garbiko zuzendariaren agerpenak zetozen gero: Orègue n’est pas une solution technique et environnementale satisfaisante et aucun des sites étudiés n’a été retenu.

         Kazeta arakatzean, ziurrenik, Hazketa 2010 elkartekoek ulertuko zuten, lerro artean, Hazketaren erabiltze epea luzatuko zela, 2015eko maiatzaren 29atik hara, hogei urte gehiagoz menturaz.

         2036 proposatzen zen jadanik.

         Bil Ta Garbi sindikatua eta prefeta bat etorri ziren zaborren arazoak hemen eta gaur berean tratatua eta konpondua behar zuela azpimarratzeko. Aho batez halaber, beldurren instrumentalizazioa salatzen zuten. Estatuaren ordezkaria urrunago ausartu zen: on ne peut être dans une forme d’opposition sytématique spécialement sur la question des dêchets… gehituz oldean: les intérêts particuliers et les égoismes locaux ne sont pas entendables.

         Aise mintzo zen prefeta: zergatik ez zuen onartzen Auhuñamendi departamendu osoko zikinak Paueko prefeturako baratzean lurperatzea, tokia bazen ausarki, eta nehor ez zen pleinituko.

         Kafe ttilika bat irentsi eta algara zozo batez askatu nintzen.

         San Izpiritu zubia lainotan zegoen. Kotxe gutxi, oraindik. Lau ubarroiek zeru esnetsua urratu zuten. Etxeko atean aurkitzean, norbait aurreratu zitzaidala susmatu nuen eta espero nuen barnean zegoena Nolwen izatea. Hala zen, Jainkoari eskerrak. Jario beltzez ketan ekarri zidan kikara baztertu nuen arren, ezpainetan pausatu zidan musua onartu nion:

         — Orduan?

         — Bernitz Mendiolak Agataren hilketa eta zatiketa aitortu zuen. Abokatua etorri zen azkenean. Ondo-eza nabari nuen nigan deskarga ezberdinetan barreiatu gorpu zatiak aipatzen zituenean. Argitasun kaltekorra pizten zitzaion ninika dilatatuetan. Lankideak lau desagerpen kezkagarriren kasuak aletu zizkion. Mutu geratu da baina beranduago kozinatuko dugu eta uste dut egia okerka aurtikiko digula. Bestela errautsiko dut. Sinetsi iezadazu… Eta zuk, zer?

         — Zure mutilek komisaldegitik bota ninduten, egunkaria bipildu nuen iragarki sailkatuetaraino eta eratorrian ibili naiz Baionan zehar. Ustel eta odol usainak ahanzten saiatu naiz, urrinak, bapore zizkolatsuak, zakarrak, zikinak, hondarkin ontziak, zabortegi legalak eta ilegalak, lurperatze proiektuak, aurkarien borrokak… azkorria iratzar araztera joateko, 57. salmoa.

         Nolwen beha zegokidan, zur. 7:24eko abiadura handiko trenaren zurrungak geltokia hantzen zuen. Belarriak luzatu eta solasean jarraitu genuen, amoros:

         — Bernitz Mendiola Matilderen lo-gelan kateatu genuen. Hurrengo biktima zitekeen. Gizakiak bazekien Agataren desagertzeaz jakitun egin gintuela. Hiltzailearekin oheratzen zen. Matildek ez zuen ezer latzik susmatu. Beldurrik ere ez zion. Amodioa zein den itsua! Pentsa, eransten zigun, elkarrekin bizitzen plantatzekoak ziren. Bernitz, bezero estatututik senarra izatera pasatuko zen, makur erraldoiak Agata lardaskatu baldin ez bazuen.

         — Mundua zabarra eta ankerra da gutariko hoberenekin. Matilde eta Agatak maitasun zintzoa zuten bilatzen, eta hara, tragediaz bukatzen dela…

         — Emagalduak ziren….

         — … Psikopata baten atzamarretara eroriak, zorigaitzez. Lanbidearen arriskuak nolabait. Zelan dago Matilde?

         — Joa, erabat. Sendatzeko denbora beharko du.

 

 

Nolwen lumatxaren azpian kolokatu zen. loa. Loa, orain loaz beste ezer ez zuen gogoko. Insomnio arinaz sufritzen nuenez, egun osoa bihikatu nuen garbiketa egiten, seinale ona ez zena, zuriketak, errautsak kentzen, azken asteetako periodikoak irensten —Charlie Hebdoko sarraskiaren segidak izparringien orrialdeak kasik izenda ezinezko etsipen letalez itotzen zituzten— eta Goenkale euskal eta euskarazko telesaila harrigarriaren 21. sasoiko astelehen arratseko atala begimentzen, baikorki zoratzen ninduelako: banuen bai zer egin.

         Nire bihotzeko egunkariak, lehen plaman agertzen zuen sute erraldoi baten argazkia, apokaliptikoa, estreinatu berria zen Mendixka gunean bereber abiatu zena: lurperatze zentroaren laurdena ukitua zen, sei ehun metro karratuko hondarreko hondarkin eremua hautsetan hegaldatzen zela. Hogeita hamabost su-hiltzaile borrokatu ziren istripuzko suaren menperatzeko. Ondoko egunetan lurrez estali beharko ziren plastikozko askatxoak funditu zituzten ur kanoi eta lantza turrustek. Mendixkatik, indartsu, neguko gauetako izotz tematiek zuritu herriak, elgeak eta pentzeak irentsiko zituela zirudien ke beltzezko zutoin bat altxatzen zen. Bil Ta Garbiko arduradunek ziurtatzen zuten gertaerak ez zuela ondorio izpirik edukiko ingurune mailan.

         Oragarreko berri-emaileak, azkorrian bertan, Bihotza deituriko eskola alternatiboa eta esperimentala aurkezteko bidali zidan e-mezuari bota nion begia. Bartetako egoitza zaharrean irekiko zuten, ondoko larrazkenean, hamasei ikasle bilduko ziren ber, sei eta hamaika urte bitartekoak, esku-zabaltasuna, ardura eta kuriositatea lantzea helburu. Ordainduzko eskola izanen zen alabaina, sare ohietatik kanpokoa. Hirurogeita hamarreko Montessori eta Freinet heziketa ametsak aurrerago eramaten zituzten. Pierre Rabhi kolibria decreixent ezagunaren irakaspen zenbait eta komunikazio ez-biolentoaren teknika pare bat erantsiz.

         Zikinen adoratzaileen ñapurkerietatik Bartak libre atxikitzeko, lurraldea ber biziaraztekoa zen, odol hotza isuriz hiper-erruralitatearen zainetara, horrela eufemizatzen baitziren jada gure kanpainetako basamortu humanoak: eskola bat sortu, sosa zutenentzat izan arren, oinez ibiltzeko bideak marraztu eta ekintza kultural ezberdinak antolatu.

         Herritarrak konturatzen hasiak ziren, abandonuz eta utzikeriaz desertatu eremuek, peskiza maltzurrean zeuden zikintegi promotoreak errotik interesatzen zituztela, hor zeudela enboskadan, muturrak nehoiz erakutsi gabe, goaitan, beraien artean murmuzikaz, arrastak karruskatuz : zer zuten bada herri baztertu horietako jende ezdeusek gure proiektuak salatzeko eta hauen kontra asaldatzeko? Aitzina joango gara, gure alde dauden gutxiengoak behar den bezala sariztatuz eta aurkari bilo luze likits horiek bortxaz zapalduz, gure erabaki unilateralak onartu eta amor eman dezaten arte.

         Telefonoa orroaz:

         — Maddi naun… ba zirudien irabazi dugula!

         — Zertaz ari haiz?

         — Oragarrekoaz. Buztana besapean joan ditun. Etorri bezala.

         — Hik uste?

         — Oraingoz bai, bederen… Ospatu beharra zagon, ez?

         — Nahi dunanean. Nolwenekin jinen naun.

         Brauki eten zuen hizketaldia.

         Andregaia ate kantoian, zutik, somatu nuen, biloak harro, begiak loz hordi eta biluz biluzik. Desio zirrizta bat nabaritu nuen bizkar-hezurrean gora sugetzen. Barrez begiratu nion. Orduan nintzen ohartu: haserre gorriz so zegokidan.

         — Norekin zinen?

         — Maddirekin… Bernitz Mendiolaren bidean ezarri gintuen adiskidearekin. Gonbidatzen gaitu…

         — Berarekin zaude ala?

         — Ez! Zer diozu?

         — Entzun zaitut, adiskideak baino gehiago zinetela iruditu zait.

         — Jeloskor zara? Ez duzu zertan, zinez…

         Hara, Goenkaleko neurri gabeko pertsonaia distiratsuen antzera mintzo nintzela! Baina ez zen arraileriarako tenorea: Nolwenek mindua zirudien. Ahotsa zakar eta harri ozen jaukitzen zitzaion. Egin ez nituen bekatuak egozten zizkidan, zelatatzen ninduen, zertzelada guztiez oroitzen zen, norekin egoten nintzen berandu arte, nork musu eman zidan, edozein gay jaietan nork ninduen trinkoegi tinkatzen… ezer ez zidan barkatzen. Ez nuen beste premiarik.

         Galerna jabalduko zelakoan, burua apaldu nuen. Baina ez. Alderantziz. Haserreak haserrea hazten zuen, ondo-ezak ondo-eza. Negar gutiziaz nengoen.

         — Banoa…

         — Nora zoaz? Zaude hemen… Egia osoa nahi dut!

         — Zer egia eta zer megia?

         — Nora zoaz? Nora zoaz?

         Kirolako zapatak jantzi nituen. Kolore aniztunak. Berehala ongi senditu nintzen. Isilik atera nintzen, atea klaskarazi gabe, neguko arratsaldeko argitasun zoharrean. Lehen urratsetatik beretik, hiru minuturen buruan desagertzen ziren min txikiak salbu, betetasun lasaiak nire gorputza setiatzen zuen: Nolwenek ez zuen jeloskor egoteko arrazoi izpirik. Berarekin nintzen, beretzat, bere baitan, itsuki maitemindua, eta vice-versa.

         Poternerako bidean, zuhaitz handien azpian, Maddi neukan gogoan, gure hitz ordu misteriotsua, hemen bertan, Nolwen, Matilde eta zatiak osatu bezain laster, Baionako institutu forentseko hiltegian gorpua eskura zatekenean egingo ziren Agataren ehorzketak iragarriz bidali zidan SMSa. Gutxien hori zor nion…

         Zanpa-zanpa abiatu nintzen eta gelditu Jean Dauger kiroldegiaren kantoian hatsa hartzeko. Irudi batek garunak zeharkatu zizkidan. Ikara batek. Desio batek. Jeloskeriaz sendatzeko balizko erremedio bat. Bikote bateko kide bakoitzari zilegitu libertate bat. Amodioaren eta Lanaren artean, oraino eta beti. Izate galduen amildegietan bilatu. Hilak ohoratu. Bizidunak maitatu.

         Emil Zatopek handiaren espektroak pasatu ninduen Aturri ertzera jaisten zen Mosoletako pentokan. Barrenaren hondoan haren pazientzia eta haren kemena senditu nuen. Dubcek buru, gertaturiko iraultzaren eta Jan Palachen immolatzearen ondotik, sobietarrek Pragan sartu botereak degradatu zuen Zatopek, gizon funtsean zoriontsua, olinpiar txapelduna: armada txekoslovakiarreko koronela, Jakymoveko uranio meategietan bortxaz lan egitera kondenatu zuten, K. jaunaren karrika kuttunen garbitzaile bilakatu aurretik, derrigorrean beti.

         Zatopek. Desagertutako geografia. Zatopek.

         Hondarrak biltzea, gaztigua zen? Mundua, sinetsi ezinezko hondarkin puloa zitekeen, birziklatu ezina? Bere amarekiko zilborra ebaki ez zuen mitomano aho-zabalak martirizatu Agatak, gorputz sozial urrintsua, zatitua, bere hats zizkolatsu iraunkorrari ohitua, zakar mendi horien errealitate ukatua, bere segurtasun eta balore ebazpenetan hormatua, bestela bizi zitekeela asmatzea lortu ez zuena.

         Arima sutan neukan.

         Nolwenek utziko ninduen. Nolwen utziko nuen.

         Before believing…

         Lasterrez nenbilen. Eta biziko nintzen… Kristina Taubira justizia ministroak zioen eran, kulebrina kilikari zenbait irentsi, zu, ni, haiek, gu maitatuz, bururaino laster eginez, Zatopeken edo Tirunesh Dibabaren hatzetatik.

         Eta zakar poltsa bat espaloian hedatua…

         Goenkale saileko azken atala ikustekoa nuen oraindik.

 

Zaborretan azkenak
Itxaro Borda

Booktegi, 2019