ERRAUTS
Eneko Aizpurua

Erein, 2011
armiarma.eus, 2020

 

—3—

 

Izerditan eta buruko minez esnatu nintzen goizean. Ajearekin. Ozta gogoratzen nuen Rodriguezekin elkartua nintzela bezperan. Bileraren ondoren, zulorik zulo ibili nintzen Alde Zaharrean berandu arte. Alkohol asko edan, zigarro gehiegi erre, berandu etxeratu. Kaleratze-egunaren biharamuna ez zen ongi hasi.

      Dutxa hotz bat hartu, jantzi eta sukaldera joan nintzen. Kafe oso fuertea egin nuen. Elefante bat dardaraka jartzeko modukoa. Beharko aztituko banintzen. Bi kafe bata bestearen atzetik edan eta sakelako telefonoari heldu nion. Mezu bat nuen. Igande gauean bidalitakoa. Norena ote zen? Begiak apur bat zabaldu eta astiro irakurri nuen:

      — Zoaz pikutara, ganoragabe alaena.

      Kaka zaharra! Ahurraz kolpe batzuk eman nizkion bekokiari. Ganbara gero eta okerrago nuen. Bateko eta besteko, zeharo ahantzia nuen Groseko taberna batean elkartzekoa nintzela bezperan Maiderrekin.

 

 

Neskalaguna. Tolosako inauteri batzuetan ezagutu nuen. Nire ezagunen harridurarako, baziren hiru urte elkarrekin genbiltzala —aurretik izan nituen bikotekide guztiek urtebete igaro baino lehen ospa egin zuten nire ondotik—. Atsegin nuen Maider. Neska alai eta bizia zen. Zernahitarako prest zegoena beti. Tarte bat harrapatu orduko bagindoazen zinemara, musika kontzertuetara eta lagunekin afaltzera. Edo hortik zehar egun pasa eta oporretan. Bai, ongi moldatzen ginen; azken boladan, ordea.

 

 

Hirugarren kafea hartu eta mugikorrera deitu nion. Itzalita zeukan. Artean muturtuta egongo zen igandeko hitzordua huts egin nuelako. Eguneko lehenbiziko zigarreta piztu eta xurgaldi luzea eman nion. Eztul batean hasi nintzen berehala. Birikak ikatz eginak nituen bezperatik. Zigarreta hautsontzian itzali eta sukaldeko leihoa zabaldu nuen. Itsaso aldetik etorritako laino ilunak hiri gainean pausatzen ari ziren astiro.

      Eguraldia madarikatu nuen. <>, esango zukeen aitak. Bizi izan balitz. Jatetxea itxi eta handik gutxira hil baitzen. Minbizi lauhazkatzaile batek jota. Eta hilabete eskasera, ama. Bihotzekoak emanda. Ez batak ez besteak ez zuten negozioaren porrota gainditu.

 

 

Aita donostiarra zen. Alde Zaharrekoa. Ogibidez, mariñela. Kargaontzietan munduko hamaika bazter korritua eta makina bat lan egina urteetan. Ama, berriz, lehorrekoa. Ataun San Martingoa. Loibe baserrikoa. Odol eta aiurri biziko emakumea. Gaztetatik neskame joana Donostiara. Hiriko abokatu ezagun baten etxera. Otorduak, garbiketak eta erosketak egiten zituen han. Hain zuzen, portura arraina erostera joan zen batean ezagutu zuen aita.

      Ezkondu eta Grosen jarri ziren bizitzen. Ni jaio berritan, amak neskame lana utzi, aitak itsasoko lana eta beren betiko ametsa gauzatu zuten: jatetxe txiki bat ireki zuten Gros auzoko Zabaleta kalean.

      Ama sukaldari aparta zen. Aita jendetasun handikoa. Berehala erakarri zituzten bezeroak. Estutasunik gabe bizitzeko adina diru egin zuten. Gauzak ongi joan zitzaizkien. Hain ongi, non amak Ataungo jaiotetxea, ia erortzear zegoena, zaharberritzeko modua izan baitzuen.

      Garai txarrak geroago etorri ziren. Eta ez nolanahikoak gainera. Negozioa pikutara joan baitzen. Jatetxea bezeroz hustu egun batetik bestera. Gauzak erabat aldatu ziren. Lehia areagotu ostalaritzan. Taberna eta jatetxe moderno, espezializatuak hasi ziren irekitzen edonon. Zein baino zein ikusgarriagoak, erakargarriagoak eta eskaintza hobearekin.

      Gure jatetxea ezin zen lehiatu haiekin. Aita-amak adinean aurrera zihoazen. Ez ziren, horratik, besoak gurutzaturik geratu. Irabazi eta aurrezki guztiak xahutu zituzten jatetxea goitik behera zaharberritzen. Baita maileguak eskatu ere. Baina jokaldia gaizki irten zitzaien. Uste zutenaren aurka, bezeroak ez ziren itzuli. Jatetxea kinka larritik atera beharrean, osin hondogabean jausi zen.

      Gurasoek amore eman behar izan zuten. Jatetxea eskualdatu, Groseko etxea saldu, zorrak ordaindu eta Ataungo baserrira joan ziren bizitzera. Seme-alabak etxetik alde eginak ginen ordurako. Ni Egia auzoan bizi nintzen. Kazetaritza ikasketak amaitu berria nintzen. Hiriko egunkari eta aldizkarientzat noizbehinkako eta enkarguzko lanak eginez ateratzen nuen bizimodua.

      Han eta hemen lortutako sosekin hartu nuen errentan Egiako apartamentu txikia. Logela bat, komuna eta sukalde-jangela. Ez nuen gehiago behar. Gainera, zorte handia izan nuen. Aitaren ezagun batek alokatu baitzidan nahiko prezio arrazoizkoan —ordurako etxebizitzen alokairuak oso garesti zeuden hirian—. Eta, horretaz gainera, atsegin nuen auzoa. Herri txiki bat hiri handi baten bihotzean, zailtasunak zailtasun, bere nortasunari eusten saiatzen zena hiriguneko higiezinen piroteknia-festaren erdian.

 

 

Sukaldeko leihoa itxi, jaka hartu eta etxetik irten nintzen. Euri tanta batzuk hasi ziren erortzen. Clioa sail batzuk harago nuen. Autoan sartu, motorra abian jarri eta Egia kalean behera joan nintzen. Mandasko Dukearen Pasealekutik igaro, Justizia jauregia atzean utzi, keinukariari eman, Frantzia Pasealekurantz hartu, klaxona jo, birao egin, tren geltokia, EUTG, Amarako zubitik pasa. Urrunean, Antso Jakituna hiribidearen amaieran, Amara Plaza hotela ikusi nuen. Aurrean, semaforoa gorri zegoen. Buxadura hiriko sarrera-irteeretan.

      Gorroto nituen auto-ilarak eta eguraldi txarra, bereziki ajearekin nengoen egunetan. Haizetakoak ezkereskuin zebiltzala, Lazkaon ikertu beharrekoak ekarri nituen gogora. Ahalik eta informazio gehien lortu behar nuen Rachidi buruz. Nola, ordea? Morroiaren izen-argazkiak besterik ez nuen.

      Artean euria ari zuen, Andoainetik igaro nintzenean. Trafikoa arindu zen. Ramones taldearen Life 's a gas abestia jarri eta gas pedala sakatu nuen. Era guztietako etxe-eraikinak utzi nituen atzean autobiaren alde banatan. Berdegune bat edo beste. Probintziak hiri bat zirudien. Eta autobiak, hiribide nagusia.

      Laster iritsi nintzen hiri-aldirietara. Goierrira. Ordiziko tuneletik igaro, Beasainen autobiatik irten eta Lazkaorako bidea hartu nuen. Herriko plazan aparkatu. Eguerdia zen. Ez nuen denborarik galtzeko. Zuzenean Zelata tabernara joan nintzen.

      Xabierrek, Lazkaoko adiskideak, bezperan esana zidanez, ostatuaren atzeko aldean hil zuten Rachid. Bazter ilun eta estu bat zen. Tabernaren eta Agauntza ibaiaren artean ezkutatua. Kale-garbitzaileek espaloiko odolarrasto guztiak arretaz garbitu bazituzten ere, oraindik ere marka gorriren bat edo beste ikus zitekeen barandan. <>, esan nuen neure artean, Zelatako atea irekitzen nuen bitartean.

      Barrara hurbildu nintzen. Pintxoz egina zirudien. Haietako bati heldu nion. Jangaleak nengoen. Etxetik ia barautan irten nintzen. Zerbitzariari deitu eta ardo berezi bat eskatu nion. Primeran sartu zitzaidan. Ajea ofizialki amaitutzat eman genezakeen. Ospatzeko, zigarreta bat piztu nuen.

      Zerbitzari belarritakodunari kontua ordaindutakoan, patrikatik Rachiden argazkia atera eta galdetu nion:

      — Ezagutzen duzu morroi hau?

      Begi kolpe bat eman zion.

      — Ez.

      — Ziur zaude?

      — Inoiz ez dut ikusi.

      — Atzo ostatuaren atzeko aldean hil zuten gizasemea

      da.

      Aho zabalik geratu zen. Kazetaria nintzela esan nion. Hilketa ikertzen nenbilela. Argazkiari begiratu zion berriro.

      — Sentitzen dut —ihardetsi zuen ezezkoa eginez—. Baina, agian, bazter hartan dauden bezeroek lagun diezazukete. Etorri direnean esan didatenez, behin baino gehiagotan ikusi dute hildakoa Lazkaon.

      Zerbitzariari eskerrak eman eta lagun taldearengana hurbildu nintzen. Lauzpabost gizon ziren. Adinagatik, erretiratuak. Basoerdia eskuan, kontu kontari ari ziren lasai. Nire burua aurkeztu, argazkia atera eta Rachidi buruz galdetu nien.

      Hurbilen nuenak erantzun zidan txotxa ezpainetatik kendu eta gero:

      — Herrian asko ibiltzen zen lehen.

      — Lehen?

      — Gutxienez urtebete izango da azkeneko aldiz ikusi nuenetik.

      Buruaz baiezkoa egin zuen aldameneko gizon burusoilak.

      — Igande arratsaldetan, Albokako terrazan egoten zen marokoar gazte horietako batekin.

      — Marokoar gazte bat esan duzu?

      — Bai, Aldundiak Hiru Txikiko hotelera ekarritako nerabe atzerritar horietako bat.

      Axota eta ohar koadernoa atera nituen.

      — Deskriba zenezake gaztea?

      — Hamazazpiren bat urte, beltzarana, ile kizkur luzea eta argala. Zilarrezko uztai handi bat ezkerreko belarrian.

      Datuak hartu nituen. Nik baino oroimen hobea zuten solaskideek! Beraiek emandako deskripzioa eta Ertzaintza atzeman nahian zebilen gaztearen deskripzioa ia bat zetozen. Xabier Goikoetxea adiskide kazetariak emandako azalpenen arabera, susmagarriak hemezortzi bat urte zituen, beltzarana zen, garaia, ile kizkurra zuen eta buruan beisboleko txanoa zeraman. A, eta ezkerreko belarrian, zilarrezko uztai handi bat...

      Susmagarria eta Soinua hoteleko etorkin adingabea pertsona bera ziren? Zer dela eta biltzen zen Rachid harekin? Droga-kontuengatik? Hala baldin bazen, saldukeria edo sesioren bat tarteko, elkarrekin haserretu eta gazteak Rachid garbitu zuen? Eta, besterik gabe, adiskideak baziren? Edo senideak? Zergatik hil behar zuen gazteak Rachid?

      Zelatako bezeroekin hizketaldia amaitu ostean, tabernatik lekutu nintzen. Esan zidatenez, Soinua hotela herriaren beste aldean zegoen. Herrigunetik ez oso urrun. Oinez joatea erabaki nuen. Plaza atzean utzi eta Hirigoien kalean gora abiatu nintzen. Herria guztiz itxuraldaturik zegoen. Txikitan, Atauna gindoazela, hemendik pasatzen ginen.

      Orduan, baratzeak besterik ez zegoen errepidearen ezkerretara. Eta, ortuez harago, San Prudentzio auzoko etxebizitza-blokeak. 60etako urteetan Galiziatik, Extremaduratik eta Gaztelatik etorritako etorkinak hartzeko eraikiak. Egun, aldiz, baratzeak desagertu ziren eta etxeeraikin berriek San Prudentzioko blokeak zokoratu zituzten.

      Etxe berrien ondoko parkea zeharkatu eta elkarri atxikitako etxe eta txaleten urbanizazio batera iritsi nintzen. Landaresiak ikusten ziren. Garajeen aurrean, autoak. Aurrera segi nuen. Hiru Txikiko zubitik igaro eta industrialdean sartu nintzen. Urrats batzuk eman nituen lantegien eta Agauntza ibaiaren arteko bidexkatik. Eraikin bat ikusi nuen parean. Lekuz kanpo. Inguruko fabrikek une batetik bestera irensteko arriskuan. Hotela zen. Izarrik gabekoa.

      Atarian, nerabeak barrezka eta builaka zebiltzan. Batzuk musika entzuten ari ziren mp3 tresnak eskuan. Beste batzuk baloi zuri bati ostikoka. Olanazko oinetakoak eta bakero zabalak zituzten soinean. Galtzen gainetik, elastikoak. Real Madrid, Bayern eta Manchester United taldeenak. Baina ez ziren futbol jokalariak. Ezpada etorkin adingabeak.

      Aldundiak bilatu zien ostatua hotelean.

      Haiei begira nengoen, eraikinetik gizon lodikote bat atera zenean. Builaka. Gazteei errieta egin zien.

      Harengana hurbildu nintzen.

      — Ez daude geldi egoteko.

      — Geldi diozu? Aurreko astean hoteleko beira bat hautsi zidaten, gaur goizean beste bat eta, martxa honetan, iluntzerako hirugarrena seguru.

      — Zu arduratzen zara nerabeez?

      — Ez, ni hotelaz arduratzen naiz —ihardetsi zuen putz eginez—. Hoteleko langilea naiz. Aldundiko hezitzaileren batekin egon nahi baduzu, asteazkenean etorri beharko duzu. Etzi aldatuko dituzte lekuz hemen geratzen diren azken nerabeak.

      — Ez nekien beste leku batera eraman behar zituztenik.

      — Aspaldi joanak behar zuten. Baina kontua luzatzen ari da. Ez dakite non sartu adingabe horiek guztiak. Urte erdia izango da gazte batzuk Segurako aterpetxera eraman zituztela. Beste batzuk Tolosako harrera zentrora. Toki gehiago ez zutenez, gainerakoak hemen eduki dituzte orain arte.

      — Gazte baten bila nenbilen.

      — Nola du izena?

      Rachiden argazkia erakutsi nion.

      — Baduzu gizon honen berri? Esan didatenez, ni bila nabilen gaztearengana etortzen zen bisitan.

      — Noiz edo beste ikusi izan dut bai hotelaren atarian Khalidekin.

      — Khalid esan duzu?

      — Bai, gazte marokoar bat.

      — Hemen da?

      — Ez.

      — Badakizu non topa dezakedan? Berarekin hitz egin nahi dut lehenbailehen.

      Buruari hazka egin zion.

      — Uste dut Segurako aterpetxera bidali zutela.

      Segurako aterpetxean zegoen beraz.

      — Bidenabar, zergatik eraman nahi dituzte nerabeak hemendik? Ez dirudi hotelean toki faltan zaudetenik.

      — Betikoagatik. Agintariek ez dakite non sartu gazte horiek. Beraz, hona ekartzen dituzte eta listo. Hor konpon! Baina gauzak ez dira hain errazak. Inolako plangintzarik ez baduzu, nekez lortuko duzu emaitza onik.

      — Arazoak izan dituzue?

      — Gazteak hona ekarri eta berehala gaiztotu zen giroa, herritarren artean kezka sortu, segurtasunik eza zabaldu.

      — Segurtasunik eza.

      Hitz hark zerbait zekarkidan gogora, baina ez nuen ongi oroitzen zer.

      — Badakizu, gazte hauek ez dira hemengoak bezalakoak. Istilu bila ibiltzen dira kalean, dendetan lapurretan, txartelik gabe autobusean. Herritarrak kexu agertu ziren.

      Hitz haiek entzun orduko oroitu nintzen. Egian antzeko arazoak izan ziren. Antzeko bizilagunak genituen. Herritar batzuek sinadurak biltzeko kanpaina abiarazi zuten SEGURTASUN GEHIAGO NAHI DUGU leloarekin.

      Bazirudien Aldundiaren ardurapeko adingabeak zirela auzoko gaitz guztien errudun. Jendearen esanetan, basapizti haiek astebururo Atotxa ingurura hurbiltzen ziren saldoka. Alkohola edatera. Pegamentua esnifatzera. Barrabaskeriak egitera. Lapurretan egitera. Beti burugaldu. Beti sesio bila.

      Bizilagunen iritzian, bidegabekerien zerrenda luzeegia zen. Polizia gehiago nahi zituzten kalean. Agintariek arrastoan sar zitzatela atzerritar haiek. Jakina, hedabide nagusiak bat zetozen <> eskaerekin. Gaia egunkarietako lehen orrialdeetan zetorren. Orain elkarrizketak dendari, agintari eta bizilagunekin. Orain iritzi-artikuluak adituen eskutik. Beldurraren eta gorrotoaren sua hauspotzen zuten etengabe. Egunkarietako izenburuak irakurtzea besterik ez zegoen horretaz jabetzeko: Ba.rba.ro adingabeen hordak jaun etajabe edo Inpunitatea nagusi kalean.

      Irri egin nuen neure artean. Negar ez egiteagatik. Nire solaskideak hizketan jarraitzen zuen.

      — Arrazoi osoz gainera. Alproja hauek deabru galantak dira. Izugarrizko arazoak sortzen dituzte.

      Zugarramurdiko akerrarena bezalako isats-adarrak zituztela esatea besterik ez zitzaion geratzen.

      — Jakina, arazoak dituzten gazteak dira. Infernua gertutik ezagututakoak.

      — Bada, hotel hau infernu bihurtzeko zorian egon ziren. Orain dela urtebete edo, lauzpabost gazte, zu bila zabiltzana tartean, hotela erretzen saiatu ziren logela bateko lastairari su emanda. Eskerrak garaiz konturatu ginen. Gertaerak kezka handia eragin zuen herritarren artean. Protestak zirela medio, udal agintariek esku hartu zuten. Aldundiak adingabe atzerritar guztiak lekuz aldatzea erabaki zuen.

      — Gure agintariak herritarren esanera beti.

      Tira, nahikoa nuen. Ordulariari begiratu nion. Ordu bata zen. Behar nuen informazioa eskuratu nuen. Martxa egiteko tenorea zen. Hoteleko beharginari eskerrak eman eta herriko plazarantz abiatu nintzen. Bidean nentorrela, Maiderri deitu nion. Ez zuen hartzen. Plazako aparkalekutik deitu nion berriro.

      — Nor da?

      — Kaixo, Mikel naiz. Elkarrekin bazkalduko dugu?

      — Presaka nabil.

      Ez zegoen oso hiztun. Bezperakoa izango zuen gogoan oraindik.

      — Arratsaldean Lasartera noa bezero batengana. Gran Vian bazkalduko dut. Nahi baduzu, agertu. Ordu bietan.

      Maider Alde Zaharrean bizi zen, baina Grosen lan egiten zuen. Zuzenbide Fakultatean ikaskide izandako neska batekin batera, bulegoa ireki zuen auzoan. Nafarroa Beherea plazatik hurbil. Dirutza egiteko ez, baina bizibidea ateratzeko adina lortzen zuten. Bezero gehienak etxejabeen elkarteetakoak ziren. Bilera aktak, hileko kuotak, igogailuak jartzeko tramiteak eta liskarrak. Noizbehinka, bestelako auziak ere izaten zituzten esku artean.

      Iritsi nintzenerako, jatetxeko jangelan zegoen. Telefonoz hizketan.

      — Bezero bat —hitz beste egin zuen sakelakoa poltsan sartzen zuen bitartean—. Gaur ere ez zinela agertuko uste nuen.

      Tentsio unea. Beharrik, zerbitzaria etorri zen. Jatekoa ekarri zigun. Bapo jan genuen. Maiderrek barazki eltzekaria, bakailoa eta fruta mazedonia. Nik, berriz, arrain zopa, tripakiak eta izozkia. Edateko, Errioxako ardo beltza biok. Primeran sartzen zen. Lasaitu ginen.

      — Lazkaon izan naiz.

      — Atzoko hilketa ikertzera bidali zaitu egunkariak?

      — Ez, egunkariak popatik hartzera bidali ninduen atzo.

      — Zer diozu?

      Lehenik, kaleratzearena kontatu nion. Gero, Rodriguez abokatuarekin izandako bileraren berri eman.

      — Ez dut ezagutzen Rodriguez delako hori.

      — Gauzak bideratu bitartean ongi datorkit etorkin elkartearen ordezkariak eskainitako lana. Sei hilabeterako kaleratu naute. Epe hori igaro ondoren, enpresaren egoera ekonomikoak hobera egin badu, berriro onartuko naute egunkarian.

      Hitz beste egin nuen:

      — Zer moduz hasi duzu astea? Lanpetuta? Arduratuta nengoen.

      — Arduratuta? —galdetu zidan algara eginez.

      — Bai.

      Ordulariari begiratu zion. Bat-batean, zuzen begiratu eta galdetu zidan:

      — Zuri benetan axola dizu gure artekoak?

      Isilunea.

      — Tira, orain hasi behar dugu horri buruz hizketan? Badakizu baietz.

      — Ezetz esango nuke nik —erantzun zidan lehor—. Urteak daramatzagu betikoan.

      — Betikoan? Zer esan nahi duzu horrekin?

      — Aldian behin elkarrekin geratu, hortik zehar planen bat egin, oporretara, jatetxeetara edota zinemara joan, zure edo nire pisuan lotara geratu eta gero ospa hurrengo arte —gorago hitz egin zuen—. Noiz arte jarraitu behar dugu horrela? Noiz jarri behar duzu gehiago zure partetik?

      — Jartzen dut. Baina, egia esatea nahi baduzu, aspaldian ez dizut nirekin planak egiteko gogo handirik somatzen...

      — Nekatuta nago, Mikel. Beti bakarrik nabil alde guztietan, bikoterik edukiko ez banu bezala. Gure lagunak ikusiko bazenitu. Noiz egonkortu behar dugu gure harremana?

      — Elkarrekin bizitzen jarri? Une honetan hain juxtu.

      Aitortu behar nuen eragozpen nagusia ez zela kaleratzea. Benetako arrazoia beste bat zen: ihes egiten nien lotura guztiei. Preso sentitzen nintzen, itota, askatasuna galtzeko zorian. Egunerokotasunaren beldur. Gorroto nuen inori kontuak, azalpenak edo dena delakoak ematen ibili behar izatea. Bai, neure kasa ibiltzera ohitu(egi)a nengoen. Agian. Egian nuen apartamentu txikira. Auzoko eta Alde Zaharreko tabernazuloetara.

      Zerbitzariak kontua ekarri zigun. Maiderrek ordaindu zuen. Kanpora irten ginen.

      — Deituko dizut —esan nion.

      — Bi aste barru? —burlaizez berak. Agur esatea ahaztu zitzaion aldegin zuenean.

 

ERRAUTS
Eneko Aizpurua

Erein, 2011
armiarma.eus, 2020