Eka 01 11

Iñigo Aranbarriren nobela berria: Zamaontzia

Doi-doi iritsiko da Literaturiara, dendetara baino lehen, Iñigo Aranbarriren hirugarren nobela: Zamaontzia, kontakizun asaldagarri bat, non gatazkan sartzen diren abandonuaren atsekabea, laguntasunaren babesa, doilorkeriaren destaina. Duela urte batzuk zamaontzi bat agertu zen Abrako badian, kapitainak eta armadoreek abandonatua. Barruan hamalau marinel ziren, etxetik oso urrun, SOS aldarrika, hilabetetako soldatak kobratu gabe, bertoko jendeak emandakotik bizi behar izan zutenak. Aranbarrik ekainaren 3an eta 4an aurkeztuko du eleberria Larrabetzuko Angulerin, baina aldez aurretik osorik eskaintzen dizugu sarean.

Mai 26 11

Joan da negua, Mikel Ibargurenen liburu berria

Mikel Ibargurenen lehen poema bildumak kartzela zuen herstura, bigarrenak deserria zuen mindura. Joan da negua du izenburua poema liburu argitaratu berriak, laugarrenak, eta heriotzaren eta bizitzaren arteko gatazka du gai nagusia. Hurbilekoen arteko gertakari lazgarriek eta minbiziaren erasoak bizipen larrietara eraman zuten Ibarguren:”heriotzaren irudia pixkanaka errebelatzen doan argazki baten antzekoa da, gero eta gardenago ikusten joan naizena”. Garai ilunetan argitasun bila, goibeltasunetik bozkariorainoko bidea urratzen duen ahotsa da Ibargurenena.

Mai 25 11

Zazpi liburu berri Literaturian

Ekainaren 3, 4 eta 5ean egingo da Literaturiaren hirugarren edizioa Larrabetzun, eta aldez aurretik inon agertu gabeko zazpi liburu berri aurkeztuko dituzte azokan: Iñigo Aranbarri, Karmele Igartua, Alberto Ladron Arana, Goizalde Landabaso, Xabier Soubelet eta Joseba Tobar Arbuluk idatziak. Errezitaldiak egingo dituzte: Jon Benito, Antonio Casado da Rocha, Miren Agur Meabe, Paddy Rekalde eta Asier Serranok. Solasaldietan parte hartuko dute: Jon Arretxe, Yolanda Arrieta, Josi Basterretxea, Lutxo Egia, Unai Elorriaga, Mikel Etxaburu, Mikel Garcia, Jon Kortazar, Xabier Mendiguren, JM Odriozola, Beñat Sarasola, Pako Sudupe, Iban Zaldua eta irakurle klubetako hainbat lagunek. Ipuin kontaketan jardungo du Mikel Martinezek eta Erlea aldizkariaren ale berria aurkeztuko du Bernardo Atxagak. Musika emanaldiak: Ruper Ordorika, Hudaltzainak, Anari, Napoka Iria, Jon Miner. Eta antzerkia: Hura ez da lekua.

Mai 19 11

Maiatz Solasaldiak Baionan

Maiatzaren 31 eta ekainaren 1ean izango dira Maiatz elkarteak urtero Baionan egin ohi dituen literatur solasaldiak, aurten 27. edizioa. Mahai inguruak izango dira arratsaldeko 19:30ean Euskal Museoan: lehen egunean poesia berriaz eta bigarrenean narratiba berriaz. Eta errezitaldiak arratseko 21:00etan: Itxaro Bordak eta Maddi Oihenartek lehen egunean, eta bigarrenean Eskuen sustraiak Oier Guillan eta Asier Sarasolarekin.

Mai 17 11

5.000 liburu kritika

Armiarma atariko Kritiken hemeroteka guneak 5.000 kritika bildu ditu dagoeneko. Euskal literatur liburuei buruzkoak dira 4.100 inguru eta 900 euskarara itzulitako liburuei buruzkoak. 2001ean abiatutako gunea da hemeroteka hau, astero hedabideetan argitaratzen diren literatur kritikak jasotzea helburu duena.

Mai 15 11

Max Frischen Su emaileak

Ehun urte dira Max Frisch jaio zela. Ospe handikoak dira Suitzako idazlearen nobelak (Stiller edo Homo Faber, bigarrena duela hamar urte Joxe Austin Arrietak itzulia), baina Max Frisch antzerkigintzan aritu zen batez ere. Su emaileak da bere obretan ezagunenetakoa, Antonio Maria Labaienek euskarari ekarria eta 1966an Egan aldizkarian argitaratua. Oraintxe teatro-testuak.com webgunean eman dugu digitalizaturik. Faxismoari buruzko alegoria hau Biedermann und die Brandstifter izenburuarekin idatzi zuen 1953an irratirako, eta 1958an moldatu zuen telebista eta oholtzarako.

Mai 12 11

Poesiaren Astea Mikelazulon

Maiatzaren 26tik ekainaren 2ra bitartean egitarau zabala dakar Oreretako Mikelazulo elkarteak Poesiaren 11. Asterako. Juan Ramon Makusoren Huntza hezur berritan errezitaldiarekin abiatuko da; bigarren egunean herrialde arabiarretako poemak irakurriko dituzte; maiatzaren 28an bi errezitaldi: Manex Agirreren Igo gora eta Jose Luis Otamendiren Bustilehorreko poemak; maiatzaren 29ko goizean mahai-ingurua eta arratsaldean irakurraldi irekia; eta amaitzeko, ekainaren 2an, Jon Benitoren Bulkada errezitaldia.

Mai 11 11

Julene Azpeitiaren 100 ipuin

Julene Azpeitiak Burgosen irakasle ziharduela, 1949tik 1952ra bitartean idatzi zuen Amandriaren altzoan liburua, 100 ipuin laburrez osatua. Aurten 50 urte dira bilduma eder hura Kuliska Sortan argitaratu zela, eta gogoan dauzkagu Juan San Martinek hitzaurrean paratu zituen hitzok, 1961ean: “Urri dira euskaraz Amandriaren altzoan bezain liburu onak haurrentzat. Gehiago esango nuke: oraindik zentzura sartzeke dauden umeentzat ere euskara trakets eta baldarrean egindako liburuak ikusten ditugula, pedagogiaren funtsik gabe. Julenek bete digu hutsune handi bat”.

Mai 07 11

Txitra, Tagoreren antzezlan bat

Rabindranath Tagore Kalkutan jaio zela 150 urte direla-eta hainbat ekitaldi badira Bangladesh eta Indian. Guk ere aitzakia hori baliatu dugu, idazle bengaliarrak 1892an idatzitako Chitrangada antzezlanaren itzulpena, Txitra, Balendin Aurre Apaizek 1962an Egan aldizkarian argitaratua digitalizatzeko eta teatro-testuak.com webgunean paratzeko.

Mai 05 11

Orain 50 urte hil zen Zerbitzari

Lehen Mundu Gerrako kronikengatik da ezaguna gure literaturan Jean Elizalde Zerbitzari; Eskualduna aldizkarian plazaratu zituen 13 zatitan, lehenengoa 1936ko abenduaren 25ean eta azkenengoa 1937ko abuztuaren 27an, eta Patri Urkizuk bildurik Alberdaniak berrargitaratu zituen 57a gerlan liburuan. Idatzi zituen baita ere Metsikorat izeneko kronika sail bat, olerkiak, ipuinak eta antzerkia. Jean Elizalde apaiza duela 50 urte hil zen Lekornen, 1961eko maiatzaren 5ean.

Mai 02 11

Spray, Paddy Rekalderen bilduma berria

Spray du izenburua Paddy Rekalderen poema liburu berriak. Atariko kantuan poetak gaztigatzen digu memoria garela, “inoiz ixten ez den oroitzapen bilduma bat”, “zer garen zehazten digun akordu meta”. Eta ondoko gogorapenetan hiru gai hartzen ditu ardatz, tartekatuta agertzeko liburu osoan barrena: maitasuna eta maitaketa, gerra eta borroka, musika eta literatura. Spray maiatzaren 5ean aurkeztuko du jendaurrean, eta aurrerapen gisa eskaintzen dizkizugu bildumako hamar poema.

Api 23 11

Joan Salvat-Papasseit, poemak

Umezaro gogorra pasatakoa, 1909ko Aste Tragikoaren ondoren anarkismoan murgildua, Joan Salvat-Papasseit (1894-1924) poeta kataluniarra autodidakta, proletarioa eta abangoardiakoa izan zen. Haren antologia bat argitaratu zuen Koldo Izagirrek 1995ean Pamielarekin. Hitzaurreko hitz batzuk dira hauek: “Bere poesiaren indarrak egundaino iraun badu, inguruan dauzkan elementu errealistak modu guztiz libre eta berrian lotu zituelako da. Abangoardia egiten zuela jakin gabe zen poeta, berez zetorkion freskotasun ingenuo eta baikor batean”. Nova Cançó mugimenduari esker masa-poeta bihurtu zen Salvat-Papasseit. Saint Jordi eta Liburu Eguna dela aitzakia, poema antologia osorik eman dugu sarean.

Api 19 11

Manuel Bandeiraren antologia

Joseba Sarrionandiak Manuel Bandeira (1986-1968) poeta brasildarraren antologia bat prestatu zuen 1999an, Pamiela argitaletxeak plazaratua. Apoak poemarekin oso ezagun egin zen Bandeira 1922an eta Libertinagem (1930) izan zen liburu estimatuena. Honela diosku Sarrionandiak hitzaurrean Bandeiraren ahotsari buruz: “Espero zuen heriotzari, Brasilgo jendeari eta eguneroko bizimoduari buruzko poema ederrak izkiriatzeko estilo apal bat moldatu zuen (…) gauza sinpleak atzeman eta, handiuste eta harrokeriarik gabe, samurtasunez adierazten zituen”.

Api 13 11

Txakur ingelesak, Lutxo Egiaren lehen ipuin liburua

Bederatzi ipuineko bilduma da Txakur ingelesak, atzo bertan Lutxo Egiak aurkeztu zuena, Harkaitz Cano lagun zuela. Jendartean ikusezin bihurtu diren edo mundutik desagertzeko erabakia hartu duten pertsonaiak bizi dira orrialde hauetan: ihesi, ezkutuan, alderrai, deitura aldatuta, oharkabean, lanbro artean. Irakurri ahala desegin egiten diren biografietako hitzak eta itzalak dirudite Lutxo Egiaren kontakizunek. Liburua osorik eskaintzen dizugu sarean.

Api 05 11

Diruz estu dabilenaren kontuak

Quebecen jaio zen Saul Bellow 1915ean, Errusiatik joandako gurasoen semea; bederatzi urte zituela aldatu ziren Chicagora. 1944an plazaratu zuen lehen nobela, oso ezaguna egin zen 1953an Augie March-en abenturak eleberriarekin eta Herzog (1964) izenekoa jotzen da bere lanik osoentzat. Vladimir Nabokovi erdipurdikoa iruditzen zitzaion Bellowen literatura, Martin Amisek esan izan du inoizko idazle amerikarrik onena zela. Juan Mari Mendizabalek euskarari ekarri zion Heldu orainari nobela laburra, 1956koa, aita-seme juduen arteko istorio komiko bezain maluros bat kontatzen duena, New Yorkeko Gloriana Hotelean. Saul Bellowek Nobel Saria hartu zuen 1976an eta duela sei urte hil zen apirilaren 5ean.

Agenda

Efemerideak

Kritikak