Ira
15
25
Jamaikan jaioa 1889ko irailaren 15ean, gaztetandik batu zitzaion Claude McKay nazionalismo beltza deituari, euren eskubideen defentsari, sozialismoaren lerroetatik. Idazle zein artikulista gisa erreferentzia izan zen Harlemgo Berpizkundea mugimenduan. Haren heriotzaren urteurrenean Iñigo Astizek euskaratutako lau poema eskaini genituen, atzera gogora dakartzagunak.
Ira
12
25
XX. mendeko literatur-lan handienen artean dago Iseka infinitua (Infinite Jest, 1996), David Foster Wallaceren eleberri mardula, egileari arrakasta komertziala eta kritikaren errekonozimendua ekarri zizkiona. Prosista aparta, saiakeragile zorrotza, kronikak eta ipuinak ere idatzi zituen 2008ko irailaren 12an, 46 urte zituela, bere buruaz beste egin zuen arte. Ordurako bere belaunaldiko idazle gailenetakoa bilakatua zen, garaikide eta ondorengo askorentzat erreferentea. Haren narrazio bat euskaratu zuen Ibon Egañak Volgako batelariak blogean, Suizidioa opari-antzeko, eta gerora Danele Sarriugartek ekarri izan dio euskarari egile estatubatuarraren lana: hitzaldi bat, Hau ura da, eta Pop asmakizuna 7 kontakizuna eman zituen Elearazi webgunean, eta Sekula gehiago egingo ez dudan gauza ustez dibertigarri bat (Pasazaite, 2016) liburua ere, itsas kruzero baten kronika literarioa.
Ira
06
25

Angel Gonzalez
Mendea beteko zuketen irailaren 6an idazle diferente bik: Angel Gonzalez eta Andrea Camilleri. Poeta izan zen Angel Gonzalez, frankismoan Espainiako belaunaldi berriekin batera idazten hasi zena, 30 urte betetzerako liburuak argitaratzen. Poesia soziala egiten zutenen artean kokatu zuten hasmentan, baina bide propio aberatsa jorratu zuen gerora. Gerardo Markuletak ekarri zuen euskarara haren lanaren antologia bat, Munduko Poesia Kaieren baitan argitaratu zena.

Camilleri
Eleberrigilea izan zen Camilleri. Profesionalki antzerki mundukoa, gidoilari, zuzendari… lanean jardundakoa, oso berandu arte ez zuen argitaratu. Ia 70 urte zituela argitaratzen hasitako istorio beltzekin eta bereziki Salbo Montalbano ikertzailearen sailarekin lortu zuen arrakasta handia, mundu osoan. Euskaraz irakur daitezke bere hiru liburu, eta horietako bateko lau narrazio eman zizkigun Fernando Reyk.
Ira
05
25
1914ko irailaren 5ean jaio zen Nicanor Parra idazle txiletarra. XX. mendea korritutako poeta izan zela esatea ez da gehiegikeria Parraren kasuan, izan ere 103 urte beteta zendu baitzen antipoesiaren poeta gailena izan zena (hura hil eta urtebetera hil zen Bernard Dadie idazle bolikostarra, 103 urtez hau ere). Txiletarrak mendea bete zuenean hamar poema ekarri zizkion euskarari Josu Landak, eta hamabost hurrengo urtean Garazi Arrulak. Merezi du gogoratzea eta irakurtzea gaur, antipoeta hil zela 111 urte betetzen direla (eta merezi, baita ere, Dadieren poemez akordatzea, haren mendeurrenean euskarari ekarritakoak).
Ira
04
25
Poesia egunak antolatu dituzte Oiartzunen. Heriotzak Eduardo du izena poesia ez-errezitala eskainiko du ostegun honetan Formol laborategiak. Biharamunean, Yolanda Arrieta idazleak eta Peru Galbete musikariak Etxe bat poesia errezitaldi musikatua egingo dute. Azkenik, aipagarria da Harkaitz Cano, Itziar Ugarte eta Jose Luis Otamendik Poeta bat zure sukaldean errezitaldiak egingo dituztela herritarren etxeetan.

Abu
29
25
Hegazkin-istripu batek isilarazi zuen, duela 65 urteko abuztuaren 29an, negritudearen ahots indartsuenetako bat, Bordelen jaiotako David Diop senegaldarrarena. 33 urte baino ez zituen, baina Mendebaldearen kolonizazio kultural nahiz ekonomikoaren aurkako poeta ezinbestekoa zen. Maiatz aldizkarian Itxaro Bordak bi poema euskaratu zituen, eta urteurrenaren harira bertze bi ekarri dizkiogu euskarari; hemen laurak.
Abu
28
25
Inis Mór irlan jaio zen abuztuaren 28 batez, 1896an, Liam O’Flaherty idazlea. Ia obra guztia ingelesez izanagatik, irlanderaz idatzi zuen ipuin bilduma bat, Desioa (1954), askoren iritziz hizkuntza horretan plazaraturikoen artean bikainena. Haurtzaroko paisaiaren indarrera itzultzen da O’Flaherty narrazio horietan, natura sotil bezain harro ageri da, landareen zikloek eta animalien bizitzek markatzen dute gizakiena. Bilduma honetako Jende behartsua ipuina euskaratu zuen Iñigo Aranbarrik.
Abu
12
25
Mundu anglo-saxoitik kanpo hain ezaguna ez bada ere, oihartzun handiko poeta izan da XX. mendean Donald Justice. Hainbat sari eta errekonozimendu jasoa, kritikak laudatua, abuztuaren 12an mendea bete da haren jaiotzarena. Bi poema irakur dakizkioke euskaraz, duela jada 45 urte, Xaguxarra aldizkari gogoangarrian Andolin Eguzkitzak euskaratuak.

Abu
12
25
Alemaniako idazle handietarik bat, gaur egungo narratiba nekez uler liteke Thomas Mann-en ekarpena aintzat hartu gabe. Mendi magikoa, Doktor Faustus, Buddenbrooktarrak… izenburu erreferentziazkoak dira literatura unibertsalaren ondarean. Baita Herioa Venezian, euskaraz irakur litekeena, Xabier Mendigurenek itzulia. Koldo Izagirrek ere Burdinbideko istripua narrazioa ekarri zigun. Abuztuaren 12an hil zen, duela 70 urte, idazle alemaniarra.

Abu
06
25
Goizeko 08:15 ziren, duela 80 urte, 1945eko abuztuaren 6an, AEBetako Armadak bonba atomikoa Hiroshiman jaurti zuela. Hiru egun geroago Nagasaki joko zuen eztanda nuklearrak. Suntsipen erabatekoa eta 200.000tik gora hildako, leherketarekin erdia baino gehiago, radiazioaren ondorioz besteak, eta urte askotako osasun alorreko ondorioak. Euskarara ekarritako autore japoniarrak hainbat dira, narrazioak eta poemak, eta urteurrenaren harira horietako zenbait gogorarazi nahi izan ditugu: Chuya Nakahara, Ineko Sata, Takiji Kobayashi, Shuntaro Tanikawa, Sakutaro Hawigara.

Abu
04
25
150 urte, abuztuaren 4an, Hans Christian Andersen danimarkarra hil zela. Jatorri apalekoa, eleberriak, antzerkiak eta poema bildumak argitaratu zituen, baina 156 ipuinengatik da mundu osoan ezaguna, horietako asko antzezlan, ballet eta filmen oinarri izan direnak. Enperadorearen jantzi berria, Ahatekume itsusia, Berunezko soldadu irmoa edo Sirenatxoa, ondare unibertsaleko ondasun dira dagoeneko. Horiek eta beste batzuk irakur ditzakezu Hemeretzi ipuin bilduman. Literatura Unibertsala sailean 1997an argitaratua, Martxel Eguen izenpean itzultzale talde batek euskarari ekarriak.

Uzt
29
25
Hirurogei urte zituela hil da, 2025eko uztailaren 29an, Xuan Bello idazle asturiarra. Hestoria Universal de Paniceiros narratiba-liburu apartak oihartzun handia eman bazion ere, batez ere poeta gisa literatur bide luzea egina zen, ordurako, Xuan Bello. Asturierazko literaturaren erreferente nagusia, berritzaile eta sustatzailea, txikitik eraikitako balio unibertsal bat galdu du literaturak. Hiru poema irakur daitezke euskaraz, Gerardo Markuletak itzuliak, Hegats aldizkarian 1994an kaleratu zirenak, hemen dakartzagunak.

Uzt
25
25
45 urte, 2025eko uztailaren 25ean, Vladimir Vysotski aktore, kantari eta poeta errusiarra hil zela. Erregimen sobietarrarekiko kritikoa, boterearekiko liskarrak ez zuen galarazi arrakasta oso handia izatea Errusian, artean SESB zen herrian. Annie Etxeberrik bi kantu euskaratu zituen eta Maiatz aldizkarian eman argitara 2001ean, hemen dakartzagunak. 2021ean atzera iritsi zen gure belarrietara Vysotski, Ruper Ordorikaren Amour et Toujours diskoan Vladimirrena (Koni) abestia haren gainean izatea.
Uzt
24
25
1886ko uztailaren 24an jaio zen Japoniako XX. mendeko idazle handienetarik bat, Junichiro Tanizaki. Antzerkia, saiakera, nobela, poesia, genero guztietan jardun zuen eta lan azpimarragarriak eman argitara (Gerizaren laudorioa, kasu). Tatuaia narrazioa ekarri zuen euskarara Koldo Izagirrek, japoniarraren narrazio bikain bat. Uztailaren 24 batez hil zen, bestalde, garaikide baina eremu kultural eta literario erabat desberdin batean jardun zuen Witold Gombrowicz. Ferdydurke maisulanaren zatitxo bat euskaratu zuen Joxerra Utretxek (Susa aldizkaria, 17, 1986), eta Poeten kontra artikuluaren atal bat Antton Juaristik (Literatur Gazeta, 7, 1987). Eta artikulua osotik, Poeten kontra, Patxi Salaberrik ekarri zigun, eta Egan aldizkarian argitara eman 2005ean. Bi mundu diferente, data batek elkartuta.