Urt 18 12
Zaharrak ez zuen hil nahi Ortuellan
Gaizka Zabarteren Zaharrak ez zuen hil nahi nobelaz ariko dira urtarrilaren 18an (asteazkena) 19:30ean Ortuellako kultur etxean.
Urt 18 12
Gaizka Zabarteren Zaharrak ez zuen hil nahi nobelaz ariko dira urtarrilaren 18an (asteazkena) 19:30ean Ortuellako kultur etxean.
Urt 18 12
Oparoa eta distiratsua izan zenez Txillardegiren artikulugintza, eta genero hau gutxitan hartzen denez kontuan, idazleak berak apailatutako bi bildumei erreparatu diegu: Euskal Herritik erdal herrietara (1978) eta Gertakarien lekuko (1985). Liburuotan 50-60-70. hamarraldietako lanak datoz, gehienak Egan eta Zeruko Argia aldizkarietan plazaratuak. Lehendabiziko bildumatik 19 artikulu hautatu ditugu, adibidez: 1956an idatzi zituen Donostia ta Antigua 1829ean eta Karta idigia, edo geroagokoak: Orixe edo Mirande dituela hizpide. Bigarren liburua, aldiz, osorik ekarri dugu sarera; hiru sail ditu: zientziaren ingurukoak (tartean da Denborari buruz, 1967koa, erlatibitatearen teoriaz luze eta argigarri ari dela), idazleei eskainiak (Camus, Sartre, Jammes, Russell, Mauriac, Levi Strauss, Clavel, eta Unamuno eragille 1957koa) eta, azkenik, egunean egunekoak deitzen dituenak (zinemaz edo Tour-eko txirrindulari mitoez).
Urt 17 12
Uxue Alberdiren Aulki-jokoa nobela izango dute hizpide urtarrilaren 17an (asteartea) 19:30ean Hernaniko liburutegian.
Urt 17 12
Anne Beresten Bere aitaren alaba nobelaz berba egingo dute urtarrilaren 17an (asteartea) 18:30ean Arrasateko Kulturaten. Koordinatzailea: Mikel Ayerbe.
Urt 17 12
Gaurko egunez hil zen Pierre Topet Etxahun, duela 150 urte, 1862ko urtarrilaren 17an Barkoxen, 75 urte zituela. Familiak erre egin baitzituen Etxahunen paper idatziak, ahozko tradizioaren bitartez iritsi zaizkigu bertsoak eta kantak; Klasikoen Gordailuan jasoak dituzu, eta baita ere e-book moldean emanak. Kartzela, erbestea eta bestelako ezbehar anitz sufritu izan zuen Etxahunek eta kontuok ere ageri dira haren kobletan, adibidez: Mündian malerusik edo Bizitziaren khantoria edo Ahaide delezius huntan. Ohar argigarri batzuk badituzu Patxi Salaberriren Iraupena eta lekukotasuna liburuko pasarte honetan; Etxahunen bizitzan oinarrituta idatzi zituzten Larzabalek antzezlana, Etxahun-Irurik pastorala eta Etxaidek Joanak joan nobela; Chamissok idazle alemanak poema bat eskaini zion.
Urt 16 12
Koldo Izagirreren Autopsiarako frogak saiakeraz mintzatuko dira urtarrilaren 16an (astelehena) 19:00etan Igorreko kultur etxean.
Urt 16 12
Txillardegiren bulkada literarioa itzulpenari lotuta etorri zen lehenik. Alphonse Daudet idazle frantsesaren Aita Gaucherren mistela kontakizuna euskaratu zuen 1955eko abenduan eta Egan aldizkarian plazaratu zen 1956an. Udaberri hartantxe, Galiziara soldadu joan aurretik, Koldo Mitxelenari kontatu zion sei hilabete haietan Knut Hamsum-en Pan nobela itzultzeko asmoa zuela. “Ez, ez” erantzun zion Mitxelenak, “inolaz ere ez! Zeure buruz asmatu behar duzu zuk nobela bat”. Eta halaxe laga omen zuen albo batera itzulpena eta Leturiaren egunkari ezkutua idatzi zuen. Daudetek 1869ko abuztuaren 2an Le Figaro egunkarian argitaratutako Aita Gaucherren mistela eskaintzen dizugu sarean, Txillardegiren esku trebeari esker.
Urt 15 12
Nobelagile eta saiogiletzat daukagu Txillardegi. Gure literaturako ikurretarik bat da, gainera, Ferrolgo soldadutza garaian idatzitako Leturiaren egunkari ezkutua (1957). Handik gutxira ondu zuen lehendabiziko ipuina: Orangutanen uhartea (1957ko azaroan), gizonaren animaliatasunaz gogoeta egiten duena; Egan aldizkarian kaleratu zen, bigarrena bezala: Piarres gaixoaren pasadizoak (1958), herria eta emigrazioa ardatz harturik. Peru Leartzako eleberria plazaratu eta berehala, 1961ean erbesteratu egin behar eta makaldu egin zitzaion fikziorako grina, harik eta 1968an, Bruselan, Elsa Scheelen nobela egin zuen arte (1969an Gabriel Arestik argitaratu ziona). Garai hartan idatzi zuen hirugarren kontakizuna, Depauw adiskide flandestarraren eskariz: Eta ez ziren sekulan itzuli (1969). Eta ordukoa da laugarrena ere: Kosmodromo (1969), Apolo izarrontziaren ilargiratzeak zirikatua. Txillardegiren gorazarrez, bere ipuinak eskaintzen dizkizugu sarean, idazleak Kosmodromo izenburuarekin 1984an laurak liburu batean bilduak.
Urt 14 12
Iban Zalduak Biodiskografiak errezitaldia egingo du Xabier Montoia eta Ibon Rodriguezekin urtarrilaren 14an (larunbata) 20:00etan Donostiako Kortxoenean.
Urt 13 12
Pablo Sastrerekin Jendartearen ahitzea solasaldia izango da urtarrilaren 13an (ostirala) 19:00etan Donostiako Kortxoenea gaztetxean.
Urt 12 12
Goierriko Kastak errezitaldia eskainiko du urtarrilaren 12an (osteguna) 20:00etan Beasaingo Usurbe Antzokiko erakusketa-aretoan. Musika: Igor Alustiza.
Urt 12 12
Ur Apalategiren Fikzioaren izterrak ipuin liburuaz solas egingo dute urtarrilaren 12an (osteguna) 19:00etan Basauriko Pozokoetxe kultur etxean.
Urt 12 12
Astrio-astiro gure baitan sartuko da, gure arimaren jabe egin arte. Eta orduan, gureak egin du! Zer ote da? Ipuin asaldagarri honetan Guy de Maupassantek gizon bat aurkezten digu, bere barrunbeetan galdua eta gauaren lanbroek itoa. Eromenezko hainbat kontakizun idatzi zuen Maupassantek, baina ziur aski Horla (1887) da ezagunena. Euskaraz lehen aldiz Pedro Diez de Ultzurrunek emana eta urtebete ondoren Josu Zabaletak, bi itzulpenak dituzu sarean orain: 1999koa zein 2000koa. Film ugari egin da ipuinean oinarriturik, besteak beste zuzendari hauek: Evgeni Bauer (1914), Iakov Protazanov (1915), Paul Wegener (1916), Reginald Le Borg (1962), Jean-Daniel Pollet (1966), Antonio Castro (1969), Pierre Carpentier (1987), Caio Amado (1993), Michel Ferry (1997), Daniel Coche (1989), Nitkowski eta Baroin (2004), JM Samsot (2005), Stevie Lacote (2008), Labourguigne eta Raynaud (2009), Giret eta Cognet (2011), Samuel Doux (2011).
Urt 11 12
Jon Benitoren Bulkada poema liburuaz ariko dira urtarrilaren 11n (asteazkena) 19:30ean Durangoko liburutegian.
Urt 11 12
Iban Zalduaren Gezurrak, gezurrak, gezurrak ipuin liburuaz mintzatuko dira urtarrilaren 11n (asteazkena) 19:30ean Bartzelonako Euskal Etxean. Gidatzailea: Aritz Galarraga.