Horla

(Bigarren bertsioa)

 

        Maiatzak 8.— Bai egun zoragarria! Nire etxe aurrean, etxea estaltzen, babesten eta itzala ematen dion albo erraldoiaren azpian belarretan etzanda eman dut goiz guztia. Maite dut leku hau, atsegin dut hemen bizitzea, hemen baititut nik nire erroak, gizona bere arbasoak jaio eta hil diren lurrera, pentsatzen denera eta jaten denera, ohituretara zein janarietara, bertako esamoldeetara, nekazarien hizkerara, zoruaren, herrien eta are airearen usainetara ere, lotzen duten erro sakon eta hauskor horiek.

        Maite dut hazi naizen etxea. Nire leihoetatik Sena ibaia ikusten dut, nire lorategia ukituz, bide ostean, etxean ia-ia, doan Sena ibaia, Rouenetik Le Havrera doan Sena handi zabala, igaroz doazen ontziz betea.

        Ezkerretara, han, Rouen, teilatu urdinezko hiri zabala, kanpandorre gotikoen aldra puntazorrotzaren azpian. Ezin konta ahala dira, argal zein zabal, katedraleko dorre gezia nagusi dutela, eta ezkilaz beteak, goiz ederretako aire urdinean jo eta beren burdinazko burrunba urruna, eguratsak, indartzen den ala ahultzen den, behin ozenago behin apalago, ekartzen didan brontzezko ahotsa nireganaino igortzen didatela.

        Zein eguraldi ederra gaur goizean!

        Hamaikak aldera ontzi sail luze bat, euli-txalupa baino gehiago ez zen atoi ontzi batek, ke lodi bat botaz nekearen nekez arnasestuka, zeramatzala, nire ate sarearen aurretik igaro da.

        Bandera gorria zeruan kulunka zuten bi goleta ingelesen ondoren hiru mastako brasildar ontzi bikain bat zihoan, zuri-zuria, harrigarriro garbi eta distirari. Agurtu egin dut, ez dakit zergatik, halakoxe atsegina eman baitit ontzi hura ikusita.

 

        Maiatzak 12.— Sukar apur batekin nabil azkeneko egun hauetan; mina dut, edo tristura, hobeto esanda.

        Nondik ote datoz zoriona gogohiltasun eta gure konfiantza bihotz-herstura bihurtzen diguten eragin misteriozko horiek? Esango bailitzateke haien hurbiltasun misteriozkoa pairatzen dugun ezagutu ezinezko ahaltasunez bete-betea dagoela airea, aire ikusezina. Alaitasunez beterik esnatzen naiz, eztarria kantu egiteko gogoz. — Zergatik hori?— Ur ondora jaisten naiz; eta bat-batean, ibilalditxo bat egin ondoren, atsekabeturik itzultzen naiz berriro, etxean zoritxarren bat izateko banu bezala. — Zergatik hori?— Hotzikararen batek eten ote dizkit, azala igurtziz, nerbioak, eta arima goibeldu? Hodeien itxurak, edo egunaren koloreak, gauzen kolore hain aldakorrak asaldatu ote dit gogoa, nire begietatik sarturik. Zer dakigu? Inguratzen gaituen guztiak, begiratu gabe ikusten dugun guztiak, ezagutu gabe ukitzen dugun guztiak, haztatu gabe jotzen dugun guztiak, bereizi gabe topatzen dugun guztiak, eragin bizkor, harrigarri, ulertezinak ditu gure organoetan eta, haien bidez, gure bihotzean bertan ere.

        Zein den sakona ikusezinaren misterio hau! Ezin duzu zundatu gure nolabaiteko zentzumen hauez, ez txikiegi dena ez handiegi dena, ez hurbilegi dagoena ez urrunegi dagoena, ez izar bateko biztanleak ez ur tanta bateko biztanleak atzemateko gauza ez diren gure begioz... erabat engainatzen gaituzten gure belarrioz, zeren airearen bibrazioak soinu nota gisa transmititzen baitizkigute. Horiek baitira mugimendu hori hots bihurtzeko miraria egiten duten maitagarriak, metamorfosi horren bitartez izadiaren inarroste mutua kantari egiten duen musika sorrarazten dutenak... gure usaimenaz, zakurrarena baino ahulagoa baita... gure dastamenaz, ardo baten urteak ezagutzera ere ozta-ozta baita iristen!

        Zenbat gauza aurkituko ez ote genukeen oraindik ere gure inguruan beste mirari batzuk egingo lizkiguketen beste organo batzuk bagenitu!

 

        Maiatzak 16.— Gaixorik nago, bistan da! Joan den hilean hain ongi nengoena! Sukarra dut, sukar ikaragarria, edo gorputz-arimak, bata zein bestea, sufrikariotan jartzen dizkidan sukarrezko urduritasuna, hobeto esanda! Denbora guztian daukat arrisku mehatxagarri baten sentipen erasangarri hori, zoritxarren bat ote datorren edo heriotza hurbil ote den irudipen hori, inondik ere odolean eta haragian ernetzen ari den gaitz oraindik ezezagun baten hasiera den susmo gaizto hori.

 

        Maiatzak 18.— Sendagilea ikustera joan naiz, ezin nuen lorik egin eta. Pultsua bizkorregi, begiak handiturik, nerbioak bizi-bizi iruditu zaizkio, baina ez dit beldurtzeko sintomarik aurkitu. Dutxak hartu eta potasio bromuroa edan behar dut.

 

        Maiatzak 25.— Aldakuntzarik ez! Egoera bitxia da nire hau, egiaz! Gaua hurbildu ahala ulertu ezinezko urduritasun batek hartzen nau, gauak mehatxu ikaragarriren bat ekarriko balit bezala. Bizkor-bizkor afaldu, eta irakurtzen ahalegintzen naiz; ez ditut, ordea, hitzak ulertzen; nekez baizik ez ditut bereizten hizkiak. Egongelan aurrera-atzera hasten naiz orduan, halako beldur lauso eta eutsi ezin batek, loaren beldurrak eta ohearen beldurrak, larriturik.

        Hamarrak aldera nire gelara igotzen naiz. Sartzen al naiz, bi bira ematen dizkiot giltzari, eta morroiloak sartzen ditut; beldurra dut... zeren beldurra? Orain arte ezeren beldurrik ez nuen... armairuak zabaltzen ditut, ohe azpian begiratzen dut; entzuten egoten naiz... entzuten... zer?... Harritzekoa al da, bada, gaixotasun batek, odolaren zirkulazioko arazoren batek, nerbio zain bat gaitzitu izanak, odol kolpe batek, gure bizi-makina markets eta hauskor honetan matxuraren bat gertatzeak gizonik alaiena ere malenkoniatsu, bipilena koldar bihurtzea? Gero, etzan eta loak hartu zain geratzen naiz, borreroaren zain egongo nintzatekeen bezala. Izumenez egoten naiz loa noiz etorriko, bihotza taupadaka hasten zait, eta hankak dardaraz; gorputz osoa hartzen dit ikarak ohe estalkien berotasunean, harik eta bertan behera erortzen naizen arte atsedenean, ur geldizko osin batean hantxe itotzeko eroriko banintz bezala. Ez dut sentitzen nola datorren, behinola bezala, lo maltzur hori, nire hurbilean ezkutaturik zelatan dagokidana, burutik heldu, begiak itxi eta deuseztatu nahi nauena.

        Bizpahiru orduz egiten dut lo, asko jota; gero amets batek —ez— eldarnio batek harrapatzen nau. Badakit etzanda nagoela eta lotan... halaxe sentitzen dut eta badakit... eta norbait datorkidala, begira geratzen zaidala, ukitzen nauela, ohe gainera igotzen dela, nire bular gainean belaunikatu eta bere eskuez lepotik heldurik estutzen... estutzen... hasten dela ahal duen indar guztiaz, itotzeko.

        Ahaleginak egin ditut defendatzeko, ametsetan balditzen gaituen ezintasun izugarri horrek loturik; garrasi egin nahi dut, —ezin dut: — mugitu nahi dut, —ezin dut; —ahal guztiak egiten ditut, arnasestuka, zapaltzen eta itotzen ari zaidan izaki hori uxatzeko, —ezin!

        Eta horretan asaldaturik esnatzen naiz, izerditan blai. Kandela bat pizten dut. Bakarrik nago.

        Gauero berritzen den krisi horren ondoren, soseguan hartzen dut lo azkenik, goiza argitzen duen arte.

 

        Ekainak 2.— Egoera okerragoan nago oraindik. Zer dut, baina? Bromuroak ez dit ezer egiten; dutxak hartzeak ez dit ezer egiten. Orain dela gutxi gorputza nekatzeko, lehendik ere hain leher egina eduki arren, Roumareko basora joan naiz ibili bat egitera. Hango haize fresko, arin, gozo, belarren eta hostoen usainez beteak zainetan odol berri bat, bihotzean kemen berri bat isurtzen zidala iruditu zait lehendabizi. Ehiza bide handi batetik jo dut, eta gero La Bouillerantz hartu dut, bide estu batetik, zeruaren eta nire artean sabai berde, ia beltz bat eratzen zuten bi zuhaitz multzoren artetik.

        Ikara bat izan dut bat-batean, ez hotzak eragina, larritasun ikara bitxi bat baizik.

        Pausoa bizkortu dut, baso hartan bakarrik nengoelako kezkaturik, bakartasun handi hark inolako arrazoirik gabe, ergelaren moduan, beldurturik. Horretan, norbaitek orpoz orpo, ia ukituz, jarraitzen zidala iruditu zait.

        Kolpetik itzuli naiz. Bakarrik nengoen. Ibilbide luze, zabal, hutsa, beldurtzeko moduan hutsa, baizik ez dut ikusi atzean; eta beste aldetik ere begiak iristen zireneraino luzatzen zen, dena berdin, beldurgarri.

        Begiak itxi ditut. Zergatik? Eta orpo baten gain biraka hasi naiz, zibaren gisa. Ia erori nintzen; zabaldu ditut berriro begiak; zuhaitzek dantza egiten zuten, lurrak kulunka; eseri beharra izan dut. Eta ez nekien nondik etorri naizen, gainera! Zein ideia bitxia! Bitxia! Ideia bitxia! Ez nintzen ezertaz gogoratzen. Eskuinera jo dut, eta basoaren erdi-erdira eraman nauen ibilbidera itzuli naiz berriro.

 

        Ekainak 3.— Beldurgarrizko gaua izan dut. Aste batzuetarako kanpora noa. Bidaiatxo batek mesede egingo dit, zalantzarik gabe, indarberritzeko.

 

        Uztailak 2.— Banator berriro etxera. Sendatu naiz. Txango zoragarri bat egin dut gainera, Saint-Michel mendia ikusten izan naiz, ez bainuen ezagutzen.

        Zer ikuspegi zoragarria, ni bezala Avranches-era ilunabarrean iritsiz gero! Herria muino baten hegian dago; eta lorategi publikora eraman ninduten, alde zaharraren bukaerara. Oihu bat atera zitzaidan harriduraren harriduraz. Neurri oroz gaindiko badia bat zabaltzen zen aurrean, bista galtzeraino, urrutira laino artean galtzen ziren bi itsasertz bereizien artean; eta badia erraldoi horren erdian, urrezko zeru argitasunez betearen azpian, mendi ilun zorrotz bat zutik, hondar artean. Eguzkia sartu berria zen, eta oraindik ere garretan zegoen odaiertzaren kontra bere gailurrean guztiz monumentu bikain bat duen harkaitz harrigarri haren isla marrazten zen.

        Argia urratzearekin batera abiatu nintzen harantz. Itsas behera zegoen, bezperan bezala, eta hurbildu ahala, nire aurrean goratzen ikusten nuen miragarrizko abadia hura. Zenbait ordu oinez egin ondoren, gailur-gailurrean eliza erraldoia duen herritxoari eusten dion harritzar hartara iritsi nintzen. Kaletxo estu malkorra igarorik, Jainkoak lurrean inoiz eraiki duen egoitza gotikorik miresgarrienean sartu nintzen; hiri bat bezain zabala da, bete-beterik dago gangen azpian zapaldurik dauden gela apalez eta zutabe meheek eusten dieten galeriez. Granitozko bitxi erraldoi, farfaila bezain arina, igotzeko zurubi bihurriak dituzten dorrez eta ezkila dorre lerdenez betea, beren buru kimeraz, deabruz, ametsetako piztiez, lore munstroz beteak, elkarrekin arku brodatu finez lotuak, eguneko zeru urdinera, gaueko zeru beltzera jasorik.

        Gailurrera iritsi nintzenean nirekin lagun zihoan fraideari esan nion:

        — Zein ongi egon behar duzuen hemen, aita!

        — Haize asko egiten du —erantzun zidan, eta solasean hasi ginen gora zetorren itsasoari, hondarretan zehar lasterka hondartza altzairuzko koraza batez estaltzen ari zen itsasoari, begira.

        Eta historiak kontatzen hasi zitzaidan fraidea, hango historia zaharrak, elezaharrak, elezahar asko.

        Elezahar horietako batek txunditu ninduen. Hango biztanleek, mendikoek, diotenez, gauetan hizketan entzuten omen da hondarretan, eta gero bi ahuntz entzuten omen dira marraka, bata ozen, bestea apal. Sinesgogorren iritzian itsasoko hegaztiak omen dira, batzuetan ahuntzen marrakak baitirudite, bestetan gizakiaren kexuak; baina arrantzale berantiarrek zin dagite egiaz topatu izan dituztela, itsasaldien artean, mundutik hain urruti jaurtitako herritxo haren inguruan hara-hona, burua inoiz ikusten ez zaion artzain zahar bat, kapusaiaz estalirik erabiltzen baitu beti, eta haren atzetik, hura gidari dutela, gizon aurpegiko aker bat eta emakume aurpegiko ahuntz bat, biak ile zuri luzez estaliak, etengabeko erasian, hizkuntza ezezagun batean elkarri errietan eta, aldiro bat-batean isildu eta, indar guztiaz marraka hasten.

        — Sinesten al duzu horretan —galdegin nion fraideari.

        — Ez dakit nik —erantzun zidan.

        Eta berriro hasi nintzaion:

        — Munduan gutaz besterik balitz ez al genituzke dagoeneko aspalditik ezagutu izango? nola ez zenituzkeen ikusiko zuk? nola ez nituzkeen ikusiko nik?

        Hark erantzun zidan:

        — Ikusten al dugu existitzen diren gauzen ehun milarena ere? Begira, horra haizea bera, izadian den indarrik handiena, jendea lurrera botatzen duena, etxeak eraisten dituena, zuhaitzak erauzten dituena, itsasoa malkorrak amilarazten dituzten mendi bihurturik jaikiarazten duena eta itsasontziak uharrietara jaurtitzen dituena, haize hiltzaile, ziztugile, intziri egile, orro egile hori, ikusi al duzu, ikusi ahal dezakezu? Eta bada, izan.

        Isilik geratu nintzen arrazoibide soil haren aurrean. Gizon hura jakintsua zen, edo ergel bat, bestela. Ezin esango nuke ziur; baina isildu egin nintzen. Esaten ari zena, askotan nuen neuk ere pentsatua.

 

        Uztailak 3.— Gaizki egin dut lo; bada hemen, inondik ere, sukar eragileren bat, nire kotxezainak neure gaitz berbera du-eta. Bart etxerakoan, haren zurbiltasun gehiegizkoari erreparatu nion.

        — Zer duzu, Jean? —galdegin nion.

        — Ezin dudala atsedenik hartu, jauna. Gauek jaten dizkidate egunak. Berorrek alde egin zuenez geroztik, aztikeria bat balitz bezala heldu dit honek.

        Gainerako neskame-morroiek berriz ez dute gaitzik, ni, ordea, beldur naiz ez ote nauen berriro harrapatuko.

 

        Uztailak 4.— Bistan da berriro harrapatu dudala. Berriro hasi zaizkit lehenagoko zakur ametsak. Bart gauean nire gainean norbait nuela iruditu zait, nire gainera makurturik, bere ahoa nirearen kontra jarririk ezpainetatik bizitza edaten ari balitzait bezala. Horixe, eztarritik ari zitzaidan bizitza ateratzen, izain bat balitz bezala. Gero, ase ondoren, jaiki da, eta ni hain jota, hain etenik, hain ezdeusturik esnatu naiz, non ezin nintzen mugitu ere egin. Honek egun gehiagotan jarraitzen baldin badu, banoa ni hemendik, ziur.

 

        Uztailak 5.— Burua galdu ote dut? Bart gertatu zaidana hain da ezohikoa, hain da bitxia, non burua nahastu egiten baitzait pentsatu hutsarekin!

        Orain gauero egiten dudan bezala, giltzaz itxia nuen atea; gero, egarri bainintzen, baso erdi ur edan nuen, eta botila kristalezko tapoiraino urez beteta zegoela erreparatzea gertatu zitzaidan.

        Oheratu nintzen berehala, eta nire lo beldurgarri horietako batean erori nintzen; handik bi ordutara-edo hura baino ere astindu beldurgarriago batek atera ninduen hartatik.

        Irudika ezazu gizon bat lotan, hiltzen dutela, eta esnatzen dela biriketan labana bat duela, eta arrastaka doala, odoletan, eta ezin duela arnasa hartu, eta hiltzera doala, eta ez duela ulertzen, horra!

        Berriro nire onera itzulirik, egarria sentitu nuen berriro; piztu nuen kandela bat, eta botila utzia nuen mahairantz joan nintzen berriro. Jaso nuen, eta ura basora bota nahi izan nuenean, ezer ez zen isuri; hutsik zegoen! Hutsik zegoen erabat! Hasieran ez nuen ezer ulertzen; gero, halako zirrara bortitza izan nuen bat-batean, non eseri beharra izan bainuen, edo erori egin nintzen, hobeto esanda, aulki batean! baina kolpetik zutitu nintzen berriro inguruan begiratzeko! eta berriro eseri nintzen, beira gardenaren aurrean harriduraz eta beldurrez burua erabat nahasturik! Begiak finko nengokion botilari begira, zerbait asmatu nahiz. Eskuak dardaraz nituen! Norbaitek edan ote zuen ura? Nork? Nik? Nik, inondik ere. Nork, bada, nik ezpada? Sonanbulua nintzen, hortaz, eta gure baitan bi izaki bizi ez ote garen pentsarazten dizun bizitza bikoitz misteriozko hori bizi nuen, jakin gabe, edota ez ote den gure baitan dugun beste izaki arrotz ezagutu eta atxiki ezin daitekeen bat, gure arima lozorroan denean gure gorputz gatibua biziarazten duena, eta gorputzak, orduan, guri baino hari gehiago obeditzen diona.

        Ai! nork ulertu behar dit nire estura nardagarri hau? Nork ulertu behar du burutik sano, ongi esnatuta, zuhurtziaz beterik dagoen eta lotan zegoen bitartean desagertu den ur poxi bati botila baten beiratik zehar begira dagoen gizon baten emozioa! Eta hantxe geratu nintzen, eguna argitu arte, berriro ohera itzultzen ezin ausarturik.

 

        Uztailak 6.— Erotzen ari naiz. Berriro hustu dute botila bart gauean; —edo nik edan dut!

        Ni al naiz, ordea? Ni al naiz? Nor ote naiz ni? Nor? Ai, Jaungoikoa! Erotzen ari naiz. Nork salbatuko nau?

 

        Uztailak 10.— Froga harrigarriak egin ditut.

        Bistan da, erotuta nago! Baina, hala ere...

        Uztailaren 6an, ohera baino lehen, ardoa, esnea, ura, ogia eta marrubiak utzi nituen mahai gainean.

        Ur guztia eta esne pixka bat edan zuten —nuen—. Ardoa, ogia eta marrubiak ukitu ere ez zituzten egin.

        Uztailaren 7an berriro egin nuen froga bera, eta emaitza bera izan zen.

        Uztailaren 8an ura eta esnea kendu egin nituen. Ez zuten ezer ukitu.

        Uztailaren 9an, azkenik, ura eta esnea baizik ez nituen jarri mahai gainean, botilak muselina zurizko zapietan ongi bildu eta tapoiak ongi loturik. Ondoren ezpainak, bizarra, eskuak berunezko minaz igurtzirik eta lohiturik, oheratu egin nintzen.

        Logale eutsi ezinak menderatu nau, eta berehala iritsi da iratzartze beldurgarria. Ez naiz batere mugitu; maindireetan ere ez zen orban bat bera ere. Jauzi batez mahaira jo dut. Botilak biltzeko zapiak garbi-garbi zeuden. Beldur dardaraz askatu ditut lokarriak. Ur guztia edan dute! Esne guztia edan dute! Ai! Jaungoiko nirea!

        Berehalaxe Parisera joan behar dut.

 

        Uztailak 12.— Paris. Azkeneko egun hauetan burutik nahasita ibili naiz. Irudimen asaldatuak bere gisa erabili nau, nonbait, non eta egiaz sonanbulu ez banaiz behintzat, edota orain arte zentzuzko azalpenik eman ez den baina, frogatu, frogaturik dauden sugestio izeneko eragain horietakoren bat nozitu ez badut behintzat. Nolanahi dela ere, eromena izateko ez zuen asko behar nire asaldurak, eta Parisen hogeita lau ordu egitea aski izan da berriro ere nire tentu onera etortzeko.

        Atzo, arimara aire berri bizigarria ekarri didaten paseo eta bisita batzuk egin ondoren, Frantziako Antzokian bukatu nuen eguna. Alexandre Dumas semearen antzerki bat jokatzen zuten; eta idazle erne ahaltsu horrek erabat sendatu ninduen. Egia da gauza arriskutsua dela bakardadea barne lanera zaletuak diren buruentzat. Pentsatzen eta hitz egiten duten gizonak behar ditugu inguruan. Bakarrik luzaro geratzen garenean, mamuz betetzen dugu zuloa.

        Oso alai itzuli nintzen, bulebarretan zehar, hotelera. Jendetzaren bultzaden artean, aurreko asteko izumenak, usteak gogoratu nituen, ez barre irririk gabe hala ere, nire etxe berean izaki ikus ezinezko bat bizi zela sinetsirik bainengoen, hain sinetsirik hala ere. Zein ahula dugun burua, zein erraz txunditzen den, zein erraz nahasten, ulertu ezin dugun hutsaren hurrengo gauzaren batek jotzen gaituenerako!

        Ondorioren ondorio «Zergatia ez dakidalako ez dut ulertzen» esan ordez, misterio beldurgarriak eta naturaz gaindiko ahalmenak bururatzen zaizkigu lehendabiziko gauza.

 

        Uztailak 14.— Errepublikaren jaia. Kaleetan zehar paseatzen ibili naiz. Suziriekin eta ikurrinekin haurrak bezalaxe jostatu naiz. Ergelkeria galanta da, ordea, egun jakinetan, gobernuaren aginduz, alai izatea. Herria artalde ergel bat da, batzuetan zozo pairatsua, bestetan anker asaldatua. Esaten diote: «Josta zaitez». Jostatu egiten da. Esaten diote: «Zoaz auzokoarekin borroka egitera». Borroka egitera joaten da. Esaten diote: «Emazu zure boza Enperadorearen alde». Enperadorearen alde ematen du boza. Gero esaten diote: «Emazu boza Errepublikaren alde». Eta Errepublikaren alde ematen du boza.

        Buruzagiak ere beste horrenbesteko txepelak dira; baina beste gizonei obeditu ordez, printzipioei obeditzen diete; printzipioak, ordea, ezin izan daitezke zozokeria, antzu eta gezurrezko baizik, printzipio direlakoxe, ideia ziur eta ezin aldatuzkotzat hartzen direlakoxe, non, eta ezertaz ziur egon ezin daitekeen mundu honetan, argia irudipen hutsa baita, zarata irudipen hutsa baita.

 

        Uztailak 16.— Arras asaldatu nauten bi gauza ikusi nituen atzo.

        Nire lehengusina Sablé andrearen etxean ari nintzen afaltzen; haren senarra ehiztarien 76. erregimentuaren burua da Limogesen. Bi emakume gazte ere baziren han, bata sendagile batekin zen ezkondua: Parent doktorearekin, oso aditua bera nerbioetako gaixotasunetan eta gaur egun hipnotismo eta sugestiozko esperimentuak egiteko bide ematen duten gertaera berezietan.

        Luzaro jardun zuen Ingalaterrako zenbait jakintsuk eta Nancyko eskolako sendagileek lortu dituzten emaitza harrigarriez.

        Hark aipatu zituen gertaerak hain harrigarriak iruditu zitzaizkidan, non sinesgogor azaldu bainintzen erabat haiei buruz.

        — Izadiaren sekreturik handienetako bat argitzeko puntu-puntuan gaude oraintxe bertan —zihoen—; lur honetako sekreturik handienetako bat, nahi dut esan; zeren badira beste sekretu garrantzi handiagoko batzuk izarretan. Gizonak pentsatzen dakienetik, eta pentsatzen duena esaten eta idazten dakienetik, bere zentzumen oihes akastunentzat atxiki ezina den misterio batek ukiturik azaldu da beti, eta beti ahalegindu izan da bere adimenaren bitartez bere organoen ezintasun hori gainditzen. Adimen hori oraindik ere bere hasi-masietan egon den bitartean, ezin ikusizko gertaera horiek izumen arrunt bat baizik ez diote eragin. Hortik sortu dira naturaz gaindiko herri-sinesteak, izpiritu herratuen, maitagarrien, mamuen, hildako itzulien eleak, Jainkoaren beraren sinestea, esango nuke nik, zeren eta jainko sortzaile-langile horren sinestea, zeinahi delarik ere horren jatorrizko erlijioa, ez baita gizonaren burmuin beldurtuak sortu dituen asmaziorik pobreen, ergelen, arbuiagarriena baizik. Voltairek esana bai egia: «Jainkoak bere irudira egin zuen gizona, baina gizonak ederki eman dio ordaina».

        »Baina orain dela mende bat pasatxo, badirudi berrikuntzaren bat iristear dela. Mesmer-ek eta beste zenbaitek uste ez zen bide bat erakutsi digute, eta emaitza harrigarriak izan ditugu egiaz, azkeneko lauzpabost urte hauetan batez ere».

        Nire lehengusina irribarrez ari zen, oso sinesgogor hura ere. Parent doktoreak esan zion:

        — Nahi al duzu lokartu zaitzadan?

        — Bai, nahi dut.

        Emakumea besaulki batean eseri zen, eta sendagilea finko-finko begira geratu zitzaion, zorabiatzeko. Ni kezkatsu samar sentitu nintzen bat-batean, bihotza taupadaka, eztarria estu. Sablé andrearen begiak astuntzen, ahoa dardarka hasten, bularra arnasbehartzen ikusi nuen.

        Hamar minuturen buruan lotan zen.

        — Jar zaitez atzean —esan zidan sendagileak.

        Eta emakumearen atzean jarri nintzen. Sendagileak bisita txartel bat jarri zion eskuetan, eta esan zion:

        — Hau ispilua da, zer ikusten duzu?

        Emakumeak erantzun zion:

        — Lehengusua ikusten dut.

        — Zertan ari da?

        — Bibotea bihurritzen.

        — Eta orain?

        — Patrikatik argazki bat ateratzen ari da.

        — Noren argazkia da?

        — Berea.

        Egia zen! Eta orduantxe, gau horretan bertan hotelean emana zen argazki hura.

        — Nola dago argazki horretan?

        — Zutik dago, eta kapelua eskuan du.

        — Aski da, aski da, aski da! —esaten zuten emakume gazteek izuturik.

        Baina sendagilea berriro hasi zen:

        — Bihar goizean zortzietan esnatuko zara; gero lehengusuaren bila joango zara haren hotelera, eta zure senarrak eskatzen dizkizula-eta, bost mila libera alokairuan uzteko erregutuko diozu, eta hurrengo datorrenean eskatuko dizkizula.

        Eta gero esnatu egin zuen.

        Berriro hotelera itzultzen ari nintzen bitartean, saio bitxi hura nerabilen gogoan eta zalantzak sartu zitzaizkidan ez nire lehengusinaren guztizko fede on ezin susmagarrizkoaz, arreba bat bezalaxe ezagutzen bainuen hura haurtzarotik bertatik, sendagileak egina amarrukeria izan zitekeelako baizik. Ez ote zuen eskuan ispiluren bat ezkutatuko lotan zeukan emakumeari bisita txartelarekin batera erakusteko? Lanbidez eskujokari direnek ere horrelakoxe gauzak egiten dituzte.

        Hotelera itzuli eta oheratu egin nintzen, beraz.

        Goiz horretan, ordea, zortzi t'erdiak aldean gelariak esnatu ninduen, esanez:

        — Sablé andrea etorri da, zurekin hitz egin behar duela esanez.

        Laster batean jantzi, eta harrera egin nion.

        Oso artega eseri zen, begiak apal, eta beloa jaso gabe esan zidan:

        — Lehengusu maitea, mesede handi bat eskatu behar dizut.

        — Zer mesede, lehengusina?

        — Lotsa ematen dit esateak, baina esan beharra dizut. Bost mila liberaren beharra dut, zinez beharra.

        — Bai zera, zuk?

        — Nik, bai, edo nire senarrak, hobeto esanda, hark eskatu baitit bilatzeko.

        Hain nengoen txunditurik, non totelka eman bainizkion erantzunak. Zalantzatan nengoen ea ez ote zitzaidan txuliatzen ari Parent doktorearekin batera, ez ote zen aurrez prestatu eta ederki burututako adarjotze bat hura guztia.

        Baina arretaz begiraturik, zalantza guztiak joan zitzaizkidan. Dardaraz ari zen larritasunaz, eginbehar hark ematen zion atsekabeagatik, eta eztarria zotinka hastear zuela konturatu nintzen.

        Banekien oso aberatsa zela, eta berriro esan nion:

        — Nola, ordea, ez ditu zure senarrak bost mila libera eskura? Pentsa ezazu, arren. Ziur al zaude diru hori niri eskatzeko agindu dizula?

        Segundo batzuetan zalantzan egon zen, bere oroimenean bilatzen neke handi bat balu bezala, eta azkenean erantzun zidan:

        — Bai... bai... ziur nago.

        — Idatzi egin dizu?

        Zalantzatan hasi zen berriro, gogoetan. Sumatzen ari nintzen gogoeta hark eragiten zion tortura. Ez zekien. Senarrarentzat bost mila libera eskatu behar zizkidala, hori besterik ez zekien. Eta horregatik gezurra esaten ausartu zen.

        — Bai, idatzi egin dit.

        — Noiz baina? Zeren bart ez zenidan ezer esan.

        — Gaur goizean jaso dut gutuna.

        — Erakutsiko al didazu?

        — Ez..., ez..., ez... gure arteko gauzak esaten zituen... gure-gure artekoak... eta... erre egin dut.

        — Zure senarrak zorrak egiten ditu, hortaz.

        Zalantzatan hasi zen berriro, eta gero ahapeka esan zuen:

        — Ez dakit.

        Nik bortitz bota nion:

        — Kontua da nik ez ditudala orain bost mila libera eskura, nire lehengusina maitea.

        Halako oinaze intziri bat bezala egin zuen orduan:

        — Ai, ai! erregu egiten dizut, erregu egiten dizut, bila itzazu, mesedez...

        Asaldaturik zegoen, eskuak biltzen zituen, erreguka ari balitzait bezala! Ahotsa doinuz aldatzen entzuten nion; negar egiten zuen, zezelka, hartu zuen agindu ezin eutsizkoak atsekabeturik, menderaturik.

        — Arren eskatzen dizut... bazeneki zer sufrikario dudan... gaur bertan behar ditut.

        Erruki hartu nion.

        — Berehalaxe izango dituzu, zin egiten dizut.

        — Ai! eskerrik asko, eskerrik asko! Zu bai zarela ona.

        Eta ni berriro hasi nintzen:

        — Gogoan al duzu zer gertatu zen atzo zure etxean?

        — Bai.

        — Gogoan al duzu Parent doktoreak hipnotizatu egin zintuela?

        — Bai.

        — Gogoan al duzu gaur goizean bost mila libera eskatzera etortzeko agindu zizula, eta orain sugestio hari obeditzen ari zarela.

        Segundo batzuetan gogoetan aritu zen, eta erantzun zidan:

        — Senarrak eskatu dizkit, ordea.

        Ordu betez ahalegindu nintzen konbentzitu nahian, baina ezin izan nuen.

        Hark alde egindakoan sendagilearenera joan nintzen lasterka. Hura ere ateratzera zihoan: eta irribarrez entzun zidan. Eta esan zidan:

        — Sinesten duzu orain?

        — Beharko sinetsi.

        — Goazen zure lehengusinarenera.

        Erdi lotan zegoen ordurako etzan-aulki batean, nekeak akiturik. Sendagileak pultsua hartu zion, egon zitzaion pixka batean begira, esku bat haren begien aurrean jasota, eta hura begiak ixten hasi zen poliki-poliki, indar magnetiko haren eraginari eutsi ezinik.

        Loak hartu zuenean:

        — Zure senarrak ez ditu behar bost mila liberak. Ahaz ezazu lehengusuari eskatu dizkiozunik, eta horrelakorik aipatzen badizu, ez diozu ezer ulertuko.

        Eta esnatu egin zuen. Patrikatik diru-zorro bat atera nuen:

        — Hona, lehengusina maitea, gaur goizean eskatu didazuna.

        Hain harriturik geratu zen, non ez bainintzen ausartu gehiago jarraitzera. Gogorarazten ahalegindu nintzen, baina irmo ukatu zuen, iseka egin nahi niola iruditu zitzaion, eta ez zuen asko behar haserretzeko ere.

        .................................................................................................

        Horra! oraintxe bertan itzulia naiz; eta ezin izan dut bazkaldu, halakoxe zirrara eragin dit izan ere esperientzia horrek.

 

        Uztailak 19.- Gertaera hori kontatu diedan askok eta askok barre egin didate. Ez dakit zer pentsatu. Zuhurrak esana baita: «Ba ote?»

 

        Uztailak 21.- Bougival-en afaldu dut eta arraunlarien dantzan izan naiz gauean. Bistan da lekuaren eta gizonaren arabera dela dena. Grenouillère-ko uhartean naturaz goitiko gauzetan sinestea eromenik eroena litzateke... Saint-Michel mendiaren gailurrean, ordea? eta Indietan? Izugarri nozitzen dugu gure ingurunearen eragina. Datorren astean itzuliko naiz berriro etxera.

 

        Uztailak 30.— Atzo itzuli nintzen etxera. Dena ondo dago.

 

        Abuztuak 2.— Ezer berririk ez: aparteko eguraldia ari du egiten. Sena ibaiari begira ematen ditut egunak.

 

        Abuztuak 4.— Liskarrak etxeko otseinen artean. Gauetan, armairuetan kristalezko basoak puskatzen dituzte, omen. Gelariak sukaldariari egozten dio errua, hark garbitzaileari, eta hark beste biei. Nor ote erruduna? Geroak esango.

 

        Abuztuak 6.— Oraingo honetan ez nago erotuta. Ikusi egin dut... ikusi... ikusi! Ezin dut zalantzarik egin... ikusi egin dut!... Azkazaletan ere hotza dut oraindik... hezurretaraino sartua dut beldurra... ikusi egin dut!...

        Ordu biak aldera, eguzki-eguzkitan, arrosategian paseatzen ari nintzen... loratzen hasi berriak diren udazkeneko arrosen artean.

        Hiru lore bikain zituen géant des batailles arrosa lore bati begira nengoela, non ikusten dudan, argi eta garbi ikusi ere, nire ondo-ondoan, lore horietako baten txortena bihurritzen, esku ikusezin batek bihurrituko balu bezala, eta gero eteten, esku ikusezin horrek bildu izan balu bezala. Gero beso batek ahora eraman izan balu bezalakoxe kurba egin du loreak, eta aire gardenean eskegita geratu da, bakarrik, mugitu gabe, orban gorri beldurgarri baten gisan, nire begietatik hiru pausotara.

        Erabat asaldaturik, jauzi egin eta harrapatu nahi izan dut. Ez dut ezer aurkitu. Desagertu egin da. Neure biziko amorrua hartu dut neure buruaren kontra. Zentzuzko gizon serio batek ez ditu zilegi horrelako begitazio eroak!

        Begitazioa ote zen, ordea? Txortena bilatzeko bihurtu naiz, eta berehalaxe aurkitu dut, aurkitu ere, landarean, eten berria, adarrean geratu diren bi arrosaren artean.

        Etxera itzuli naiz, bada, burua nahas-nahasirik, zeren ziur bainago, orain, egunaz eta gauaz ziur egon daitekeen bezala, nire inguruan badela ikusi ezinezko norbait, urez eta esnez elikatzen dena, gauzak uki ditzakeena, hartu eta lekuz alda ditzakeena, eta horrenbestez, gure zentzuentzat atxikiezina bada ere, nolabaiteko izaera material bat baduena, eta ni bezala neure teilatupe berean bizi dena...

 

        Abuztuak 7.— Lasai lo egin dut. Botilako ura edan du, baina loa ez dit eragotzi.

        Zalantzatan nago ea erotuta ote nagoen. Oraintxe puntuan, ibai ertzean eguzkitan paseatzen ari nintzela, zalantza sartu zait nire zentzu onean ote nagoen, ez orain arte bezala halako zalantza lauso bat, zalantza zehatz egiazkoa baizik. Ni ikusia naiz, eroak; ezagutu izan ditut gai batean salbu gainerako guztietan adimentsu, argi, zuhur jarraitzen zutenak. Gauza guztiez argi hitz egiten zuten, malgu, gogoeta sakonez, eta bat-batean, eromenaren harria jotzen zuen haien gogoetak eta mila puska egiten zen, eta «eromena» deitu ohi den itsaso beldurgarri, haserrekor, uhin harroz, lainoz, ekaitzez bete horretan galtzen zen haien pentsamendua.

        Egiaz erotuta nagoela erabat sinetsita nengoke, nire egoeraz erabat jakitun ez banintz, nire egoera zehazki ezagutuko ez banu, irizpide zehatz, doiez aztertuko ez banu. Haluzinatu arrazoizko bat-edo naiz, beraz. Ezagutzen ez den arazoren bat gertatu bide zait garunean, gaur egun fisiologialariak aztertzen eta ezagutzen ahalegintzen ari diren arazo horietakoren bat; eta arazo horrek arrakala sakon bat sortu bide dit gogoan, ideien ordenan eta logikan. Antzeko gauzak gertatzen dira, nonbait, ametsetan, zeren ezin sinetsizko fantasmagorietan barneratzen baikara eta ez baikara batere harritzen, egiaztapen aparatua, kontrolaren zentzua, lotan dugulako; eta irudimen ahalmena, aldiz, iratzarririk eta lanean baita ari. Ez ote zait gertatuko nire garuneko teklatuaren tekla horietakoren bat gelditurik edukitzea? Gertatzen baita, hain zuzen, batzuek, istripuren bat izanda, izen berezien oroitzapena, edo aditzena, edo zenbakiena galtzea, edo data zenbakiena baizik ez galtzea. Harritzekoa al litzateke, hortaz, nire baitan haluzinazio batzuen izategabekotasuna kontrolatzeko ahalmena une honetan zurrundurik egotea!

        Hori nerabilen gogoan ur ertzean nenbilela. Eguzkiak argitasunez betetzen zuen ibaia, guztiz gozagarri bihurtzen zuen lurra, biziaren maitasunez betetzen zidan begirada, enaren maitasunez, nire begien gozagarri baita haien hegada, edota ibai ertzeko belarrenganako maitasunez, nire belarrien pozgarri baita haien dardara.

        Poliki-poliki ondoez azaldu ezin bat ari zitzaidan sartzen hala ere. Indar bat, iruditzen zitzaidan, indar ezkutu bat zurruntzen ari zitzaidan, gelditu egiten ninduen, ez zidan uzten aurrerago jarraitzen, atzera deitzen zidan. Maite duzun norbait etxean gaixorik utzi eta gaizkitu ote den bihozkada duzunean berriro hara itzultzeko behartzen zaituen premia atsekabetsu horixe sentitzen nuen.

        Horregatik, gogoz kontra, etxera itzuli naiz, etxean albiste txarren bat, gutun edo gaztigu txarren bat izango nuen susmoz. Ez zen ezer; eta berriro ikuspen fantastiko bat izan banu baino ere harrituago eta urduriago geratu naiz oraindik.

 

        Abuztuak 8.— Gau ikaragarria pasa dut bart. Ez da azaltzen, baina nire ondoan sentitzen dut, zelatan, niri begira, nire baitan sartzen eta niri nagusitzen, eta beldur izatekoagoa da, horrela ezkutatuta, bere presentzia ikusezin etengabea naturaz gaindiko gertakariez salatuko balu baino.

        Lo egin dut, hala ere.

 

        Abuztuak 9.— Ezer ez, baina beldurra izan dut.

 

        Abuztuak 10.— Ezer ez; zer gertatuko da bihar?

 

        Abuztuak 11.— Ezer ez oraindik; baina ariman sartu zaidan beldur honekin eta pentsamendu honekin ezin dut etxean jarraitu; alde egin behar dut.

 

        Abuztuak 12, gaueko 10ak.— Egun osoan aritu naiz alde egin nahi nuela; ezin izan dut. Horren askatasun ekintza erraza eta sinplea egin nahi —irten, zalgurdira igo eta Rouenera joan—, eta ezin. Zergatik?

 

        Abuztuak 13.— Gaixotasun batzuek harrapatzen zaituztenean, badirudi izaki fisikoaren baliabide guztiek huts egiten dutela, indar guztiak desegiten, gihar guztiak lasaitzen, hezurrak haragia bezain bigun bihurtzen direla, eta haragia ura bezain jariakari. Modu harrigarri eta etsigarri batez sentitzen dut nik hori dena nire baitan. Ez dut ezertarako indarrik, ezertarako kemenik, ez naiz neure jabe, ez dut inolako ahalmenik nire baitan, ezta neure ganora eskuratzeko ere. Ezin dut ezer nahi; beste norbaitek nahi du nire ordez; eta nik haren esana betetzen dut.

 

        Abuztuak 14.— Galdu naiz! Beste norbaitek hartu dit arima, eta hark gobernatzen du! Beste norbaitek agintzen dizkit egiteko guztiak, mugimendu guztiak, pentsamendu guztiak. Ni ez naiz ezer neure baitan, neuk egiten ditudan gauza guztien ikusle esklabo erabat izutu bat baino. Irten egin nahi dut. Ezin. Ez du nahi; eta etxean geratzen naiz, burua nahasirik, dardaraz, eserita naukan besaulkian. Zutitu nahi dut, jaiki besterik ez, neure jabe naizela uste izateko behintzat. Ezin! Nire aulkian iltzaturik nago, eta aulkia zoruari atxikirik, eta ez gintuzke ezerk handik jasoko.

        Eta gero, bat-batean lorategi barreneraino joan, marrubiak bildu, eta jan beharra, beharra, beharra. Eta han joaten naiz. Marrubiak biltzen ditut eta jan egiten ditut! Ai, Jaungoiko nirea! Jaungoiko nirea! Jaungoiko nirea! Jaungoikorik ba ote? Baldin bada behintzat, aska nazazu, salba nazazu! lagun zakizkit! Barka! Erruki! Grazia! Salba nazazu! Oi! Hau atsekabea, hau sufrikarioa! hau izumena!

 

        Abuztuak 15.— Horrelaxe zegoen, hain zuzen, menderatua eta barnetik hartua nire lehengusina ere, bost mila libera eskatzera etorri zitzaidanean. Bere baitan sartua zitzaion inoren borondate baten mende zegoen, beste arima bat balu bezala, beste arima bizkarroi eta menderatzaile bat sartu izan balitzaio bezala. Munduaren amaia al da, ausaz?

        Baina nor da nire baitan agintzen duen ikusezin, ezagutu ezin hori, naturaz goitiko arrazaren bateko zelatari hori?

        Badira, beraz, ikusezinak! Nola ez dira agertu, ordea, mundua mundu denez gero, niri agertzen zaizkidan bezain zehatz eta agerian? Nik behintzat inoiz ez dut irakurri etxean gertatu denaren antzeko gauzarik. Ai, alde egin ahal banu, beste norabait joan, ihes egin eta gehiago ez etorri ahal izango banu. Salbu nintzateke, ezin dut ordea.

 

        Abuztuak 16.— Gaur bi orduz alde egin ahal izan dut, bere ziegako atea ustekabez zabalik aurkitu duen preso batek bezala. Bat-batean libre nintzela eta hura handik urruti zela sentitu dut. Zaldia gurdiari ahalbait lasterren lotzeko agindu dut, eta Rouenera joan naiz. Ai, zer poza bati «Rouenera!» esan eta hark obeditzea.

        Liburutegiaren aurrean gelditzeko agindu diot, eta Hermann Herestauss doktorearen antzinako munduko eta mundu modernoko biztanle ezezagunei buruzko liburu handia utz diezadaten eskatu dut.

        Gero, berriro nire zalgurdira igotzerakoan «Geltokira!» nahi nuen esan, baina ez dut esan, oihu batez adierazi baino, inguruan zeudenak birarazi dituen ahots ozen batez oihu egin ere: «Etxera», eta larritasunaren larritasunaz asaldaturik kotxeko aulkian erori naiz. Aurkitu egin nau eta berriro jabetu da nitaz.

 

        Abuztuak 17.— Hau gaua! Hau gaua! Baina poztu egin beharko nukeela iruditzen zait hala ere. Goizeko ordubata arte irakurtzen aritu naiz. Hermann Herestauss, filosofia eta teogonian doktoreak gizonaren zelatan dabiltzan edo gizonak ametsetan ikusi dituen izakari ikusezin guztien historia eta agerraldiak jaso ditu. Izaki horien jatorria, ingurua, ahalmena deskribatzen ditu. Baina hark deskribatuetatik batek ere ez du inguruan dabilkidanaren antzik. Esango litzateke gizonak, pentsatzen ikasi zuenetik, izan duela susmoa eta beldurra, bera baino indar handiagoko izakari bat azalduko zela, mundu honetan bere ondorengo izango zena, eta, nagusi izango zuen hori hurbil zela sumaturik, baina nolakoa izango zen ezin asmaturik, izumen horretan, ezkutuko izakizko fantasiazko mundu bat sortu duela, beldurrak sorrarazitako mamuen mundu bat.

        Horrela bada, ordu bata arte irakurtzen egon ondoren, leiho zabalduaren ondoan esertzera joan naiz, bekokia eta pentsamendua iluntasuneko haize barean freskatu ahal izateko.

        Eguraldi ona zen, epel. Zein atseginak horrelako gauak behinola!

        Ilargirik ez. Izarrek distira dardaratia egiten zuten zeru beltzaren atze-atzetik. Nor bizi da mundu horietan? Zer bizi era, zer eratako izaki biziak, zer eratako animaliak, zer eratako landareak dira han? Urrutiko unibertso horietan bizi eta pentsatzeko gai direnek zer dakite guk baino gehiago? Zer dezakete guk baino gehiago? Zer ikusten dute guk ezagutzen ez dugunik? Ez ote da agertuko horietakoren bat, espazioak igarorik, gure lur honetan, lur hau konkistatzeko, garai batean normandiarrek herri ahulagoak mendean hartzeko itsasoa igaro zuten bezala?

        Hain baikara elbarriak, hain arma gabeak, hain ezjakinak, hain txikiak, gu, ur tanta batean birrindurik biraka ari den lokatz bikor honetan.

        Amets horietan hartu ninduen lozorroak gaueko haize freskoan.

        Horrela bada, berrogei minutu edo lotan egon ondoren, berriro zabaldu nituen begiak, bestelako zirkinik ere egin gabe, halako zirrara nahasi bitxi batek iratzarririk.

        Hasieran ez nuen ezer ikusi, horretan, ordea, mahai gainean zegoen liburuko orri bat bere kasa itzuli zela iruditu zitzaidan, berez. Leihotik ez zen haize bafada bat ere sartu. Harritu nintzen; eta zain geratu nintzen. Handik lau minutura-edo, non ikusten dudan, ikusi bai, neure begiez, beste orri bat goratzen eta aurrekoaren gainera itzultzen, behatz batek orriak pasatuko balitu bezala. Nire besaulkia hutsik zegoen, hutsik zirudien, baina berehala konturatu nintzen han zegoela hura. Jauzi amorratu batez, bere bezatzaileari sabela zabaldu behar dion piztia asaldatu baten jauziz, igaro nuen alderik alde gela osoa, hura harrapatzeko, estutzeko, akabatzeko!... Besaulkia, ordea, ni hara orduko hankaz gora erori zen, nire aurretik norbaitek ihes egin izan balu bezala... mahaiak balantza egin zuen, haren gaineko argia ere erori eta itzali egin zen; eta leihoa, gaizkileren bat harrapatu izan balute eta esku biez leihatilei heldurik gauean barrena ihes egin balu bezala itxi zen.

        Ihes egin du beraz; beldur izan du, nire beldur, berak!

        Hortaz, bada... hortaz... bihar... edo etzi... edo beste edozein egunetan, nire ukabilen aurrean hartu ahal izango dut, lurraren kontra zanpatu! Ez al diete bada, zenbaitetan, zakurrek beren nagusiei hozka egiten eta itotzen?

 

        Abuztuak 18.— Pentsatzen egon naiz egun guztian. Ai! Bai, obeditu egingo diot, haren eragin guztiei jarraituko diet, haren asmo guztiak beteko ditut, umil egingo naiz, mendeko, koldar. Bera da indartsuena. Baina iritsiko da ordua...

 

        Abuztuak 19.— Badakit... badakit dena! Irakurri berri-berria dut Revue du Monde scientifique aldizkarian: «Berri bitxi bat iritsi da Rio de Janeirotik. Badirudi eromen bat, Erdi Aroan Europako herriak jo zituen eromen kutsakorraren antzeko eromen izurrite bat zabaldu dela Sao Pauloko probintzian. Herrietako biztanleek ihes egiten dute, asaldaturik, beren lurrak bertan behera utzirik, esanez ezin ikusizko izaki batzuek esesten dituztela, giza abereak balira bezala erabiltzen dituztela; izaki horiek ordea, ikusezin izanagatik, ukigarriak omen dira guztiz, banpiro gisako batzuk omen dira, gizonak lotan dauden bitartean haien arnasatik elikatzen omen dira, eta itxura denez, horrez gainera ura eta esnea baizik ez omen dute edaten, eta gainerako elikagairik ukitu ere ez.

        »Don Pedro Henriquez irakasle jauna, beste sendagile ospetsu askorekin batera, Sao Pauloko probintziarantz abiatua da eromen harrigarri horren jatorria eta izaera gertatzen den lekuan bertan aztertzeko, eta zoraldiak jotako jendetza hura berriro zentzu onera ekartzeko egokien derizkieten neurriak Enperadoreari proposatzeko».

        Ai! ai! gogoan dut, gogoan dut joan den maiatzaren 8an Sena ibaian gora nire etxe aurretik igaro zen hiru mastako brasildar itsasontzia. Hain polita iruditzen zitzaidan, hain zuria, hain alaia! Han zetorren nonbait izaki hori, bere arraza sortu den lekutik! Eta ikusi egin ninduen! Nire etxea, zuria hura ere, ikusi; eta itsasontzitik ibai ertzera jauzi egin nonbait. Ai, Jaungoiko nirea!

        Orain badakit, sumatzen ari naiz. Gizonaren erreinua joan da.

        Iritsia da, herri ezjakinen lehenengo izualdietako beldurgarria, apaiz kezkatuek konjuruak botatzen zizkiotena, sorginek eta belagileek gau ilunetan deitzen zioten eta oraindik azaltzen ez zitzaiena, munduaren behin-behingo nagusi guztiek hura baino mamu, izpiritu, intxixu, maitagarri edo iratxo modurik munstrozkoen edo zoragarrienak nahiago izan dituztena. Hasierako izumenaren ondorioz sortutako irudi oihes horien ondoren, zehazkiago irudikatu ahal izan dute zentzu gehiagoko zenbaitek. Mesmer-ek sumatua zuen, eta sendagileek orain dela hamar urte baino gehiago zehazki aurkitua zuten haren ahalmena, hura ahalmen hori erabiltzen hasi baino lehen. Jaun berriaren arma horrekin jolasean aritu dira: nahi misteriozko batek haren esklabo bihurtzen den giza arima baten gain duen nagusitasuna, alegia. Magnetismo, hipnosi, sugestio eta nik al dakit zer, deitu diote ahalmen horri. Haurrak bezala ikusi izan ditut ahalmen izugarri horrekin jolasean! Zorigaitzekoak gu! Zorigaitzekoa gizona! Etorri da, etorri da... nola deitzen da... bere izena oihuka esaten ari zaidala iruditzen zait, eta ez diot entzuten... oihuka ari da... Entzuten diot... zer?... ezin dut... berriro... Horla... Entzun dut... bera da... Horla... iritsi da!...

        Ai, saiak usoa jan du; otsoak bildotsa jan du; lehoiak bufalo adar-zorrotza jan du; gizonak azkonaz, ezpataz, sutautsaz hil du lehoia; baina guk zaldiaz eta idiaz egin dugun gauza bera egingo du gizonaz Horlak: bere gauza, bere zerbitzari eta bere janari bihurtu, bere borondatearen ahalmen soilaz. Zorigaitzekoak gu!

        Batzuetan, ordea, animalia ere oldartu egiten da, eta bezatu duena hiltzen du... nik ere nahi dut... ahal izango dut... baina ezagutu egin behar da, ukitu, ikusi! Jakintsuek diotenez piztiaren begiak, ez baita gurea bezalakoa, beste era batera bereizten ditu gauzak... Nire begiak, adibidez, ez du bereizten mendean harturik naukan iritsi berria.

        Zergatik? A... Saint-Michel mendiko fraidearen hitzak datozkit orain gogora: «Ikusten al dugu existitzen diren gauzen ehun milarena ere? Begira, horra haizea bera, izadian den indarrik handiena, jendea lurrera botatzen duena, etxeak eraisten dituena, zuhaitzak erauzten dituena, itsasoa malkorrak amilarazten dituzten mendi bihurturik jaikiarazten dituena eta itsasontziak uharrietara jaurtitzen dituena, haize hiltzaile, ziztugile, intziri egile, orro egile hori, ikusi al duzu, ikusi ahal dezakezu? Eta bada, izan».

        Eta pentsatzen geratu nintzen oraindik: nire begia hain da ahula, hain akastuna, non ez baititu gorputz gotorrak berak ere bereizten, gardenak baldin badira, beira adibidez!... Zilarbizirik gabeko beira batek bidea itxiko balit, buruz buru joko nuke, gelan sartu eta burua beira kontra hausten duen txoriak bezala. Mila gauzak tronpatzen dute eta nahasten. Zer du, bada, harritzekoa, argiak alderik alde igarotzen duen gorputz mota berri bat bereizten ez jakiteak.

        Izaki berri bat! zergatik ez? Etortzekoa zen inondik ere! zergatik izan behar genuen bada guk azkenak? Ez dugu bereizten, baina ezta gu baino lehenago sortu izan diren gainerako izaki guztiek ere. Izaera beteginagoa du, gorputz finagoa eta hobeto egina gure hau baino: gure gorputz ahul, oihesa, beti nekaturik dauden, beti baliabide konplexuegiz behartuegi dauden organoz betea, landare bat edo piztia bat bezala airez, belarrez eta haragiz nekez elikatuz bizi den gorputza, gaixotasunak, itxuragabetzeak, usteltzeak mendean har dezakeen abere makina, beti ito beharrean, doitu gabe, nola hala eta bitxi, zuhurki gaizki egina, langintza oihes eta fina, adimentsu eta bikain izatera iritsi daitekeen izaki zirriborro hau.

        Banaka batzuk gara mundu honetan, ostratik hasi eta gizonarenganaino. Zergatik ez beste bat, animalia edo landare mota bat agertzen denetik hurrena agertzen denera bitarteko aldia bete denez gero?

        Zergatik ez beste bat? Zergatik ez beste era bateko zuhaitzak, beren usainaz lurralde osoak beteko lituzketen lore erraldoi distiratsuak dituztenak? Zergatik ez sua, airea, lurra eta uraz gainerako beste elementuren bat? Lau dira, lau besterik ez, izakiak elikatzen dituzten elementu horiek. Lastima! Zergatik ez dira laurogei, laurehun, lau mila! Zein den pobrea, txiroa, ezdeusa, zeken emana, idor asmatua, astunki egina den-dena. Ai, zer grazia duen elefanteak, hipopotamoak, zein dotorea den gamelua!

        Baina, tximeleta, esango didazue, hegan egiten dakien lorea! Ehun unibertso baino handiago bat dut nik amets, forma, edertasuna, kolorea eta mugimendua adierazteko ere gauza ez naizen hego batzuekin. Baina ikusten ari naiz... izarrik izar dabil, izarrak bere hegadaren haizetxo armoniatsuaz freskatuz eta urrinduz... Eta han goian bizi diren herriek xoraturik eta pozaren pozaz ikusten dute nola igarotzen den!

.................................................................................................

        Zer dut, bada? Horlak sorgintzen nau, hark pentsarazten dizkit erokeria hauek! Nire baitan dago, nire arima ari zait bihurtzen; hil egingo dut!

 

        Abuztuak 19.- Hilko dut. Ikusi dut! Bart gauean mahaian eserita nengoen; eta arreta handiz idazten ari nintzelako itxura egiten hasi nintzen. Banekien luze gabe etorriko zela inguruan zelatan egitera, ondo-ondora etorriko zitzaidala, agian ukitu ahal izateko moduan, heltzeko moduan agian? Eta orduan... orduan, agian etsita daudenek duten indarra izango nuen ausaz; eskuak, belaunak, bularra, kopeta, hortzak edukiko nituen hura itotzeko, birrintzeko, hozka egiteko, urratzeko.

        Zentzumen guztiak erne-erne nituela nengoen haren zelatan.

        Nire bi lanparak eta tximiniako zortzi kandelak piztuta neuzkan, argitasun horretan agerrarazi ahal izango banu bezala.

        Nire aurrez aurre nire ohea, haritzezko ohe zahar habedun bat; eskuinera tximinia; ezkerrera atea, hura erakartzeko luzaro zabalik eduki ondoren kontu handiz itxia; atzean, armairu ispiludun handi bat, egunero bizarra mozteko, janzteko erabiltzen dudana, eta aurretik igarotzen naizen bakoitzean burutik oinetara dena begiratzeko ohitura dudana.

        Idazten ari nintzen itxura egiten ari nintzen bada, hura engainatzeko, hura ere zelatan ari baitzitzaidan niri; eta bat-batean nire bizkar gainetik irakurtzen ari zela sentitu nuen, ziur nengoen, han zegoela, belarria ia-ia ukitzen zidala.

        Tupustean jaiki nintzen, eskuak luzaturik, eta bat-batean itzuli, ia-ia erori bainintzen. Eta zer?... Egun-argiz bezalaxe ikusten zen... eta neure burua ez nuen ikusten ispiluan! Hutsik zegoen, garbi, sakon, argiz bete-beterik. Nire irudia ez zegoen han... Eta aurrean nengoen ni... Goitik behera garbi-garbi ikusten nuen beira handia! Begiak eroturik ari nintzen hori dena ikusten, eta ez nintzen ausartzen aurrerago egiten, argi sentitzen bainuen bitartean zegoela hura, eta berriro ihes egingo zidala, baina garbi ikusten nuen haren gorputz sumaezinak nire isla xurgatzen zidala.

        Hura beldurra izan nuena! Gero, bat-batean laino batean hasi nintzen ikusten nire irudia ispiluaren barren-barrenean, laino batean, ur geruza batean barrena bezala; eta geruza hori ezkerretik eskuinerantz mugitzen ari zela iruditu zitzaidan, geldiro-geldiro, segundotik segundora nire irudia zehatzago bihurtzen zela. Eklipse baten amaiera ematen zuen. Ezkutatzen ninduen zera hark ez zirudien isla zehatz-zehatza zuenik, poliki-poliki argituz zihoan gardentasun opako bat baizik.

        Azkenean egunero ispiluan begiratzen nuenean bezain argi eta garbi ikusi ahal izan nuen neure burua.

        Ikusi nuen, bada. Harrezkero geratu zitzaidan beldurrak zirgit eragiten dit oraindik ere.

 

        Abuztuak 20.— Nola hil behar dut? Ezin baitut harrapatu? Pozoia? Baina uretan nahasten ikusiko ninduke; eta gure pozoiek izango lukete eraginik, gainera, haren gorputz atxikiezinean? Ez... ez... inondik ere... Orduan?... orduan?...

 

        Abuztuak 21.— Rouendik sarrailagile bat ekarri, eta nire gelarako burdinazko leihosare bat egiteko agindu diot, Parisen, egoitza partikular batzuek beheko solairuan lapurren beldurrez eduki ohi dituztenak bezalakoa. Horrez gainera gisa bereko ate bat ere egin behar dit. Koldartzat hartu izango nau, baina ez dit axola...

.................................................................................................

 

        Irailak 10.— Rouen, Continental hotela. Egin dut... egin dut... Baina hil ote da? Goitik behera asaldaturik nago ikusi dudanaz.

        Atzo, alegia, sarrailagileak nire leihosarea eta burdinazko atea jarri ondoren, den-dena zabalik utzi nuen, gauerdia arte, ordurako hozten hasia izanagatik.

        Horretan, han zegoela sentitu nuen, eta pozak, poz ero batek, hartu ninduen. Jaiki nintzen geldiro-geldiro, eta ezker-eskuin ibili nintzen hara-hona, luzaro, ezer asma ez zezan; gero botinak erantzi eta etxeko zapatilak jantzi nituen nagi-nagi; ondoren burdinazko leihosarea itxi eta geldiro-geldiro aterantz egin nuen; atea ere bi giltza biraz itxi nuen. Berriro leihora itzulirik, giltzarrapo batez itxi eta patrikan gorde nuen giltza.

        Bat-batean nire inguruan zalapartan zebilela ohartu nintzen, hark ere beldur zuela, zabaltzeko agintzen ari zitzaidala. Ia-ia amore eman nion; ez nion eman, ordea, baizik eta, atearen kontra babestuz, erdi-zabaldu egin nuen, neu, atzeraka, ozta-ozta igarotzeko adina; eta neurez oso handia naizenez, buruaz ate burua ukitzen nuen. Ziur nengoen ezin izan zuela handik ihes egin, eta hantxe utzi nuen bakar-bakarrik, bakar-bakarrik. Hura poza! Harrapatua neukan! Lasterka beheko solairura jaitsi nintzen, eta egongelan, nire gelaren azpi-azpian, bi argiak hartu eta tapizean, altzarietan, alde guztietan isuri nuen haietako olioa; gero su eman, eta ihes egin nuen, sarrerako ate handia kontu handiz bi giltza biraz itxirik. Eta lorategiaren barren-barrenean erramu ereinotz multzo batean ezkutatu nintzen. Zein luze izan zen, zein luze! Dena beltz zegoen, dena mutu, dena geldi; haize bafada bat ere ez, izar bat ere ez, hodei mendiak, ikusten ez zirenak baina nire ariman hain astunak zirenak, hain astunak.

        Etxera begiratzen zuen, zain. Bai luze! Uste nuen sua berez itzali izango zela, edo hark itzali izango zuela; horretan beheko leihoetako batek suaren bultzadaz eztanda egin zuen, eta gar bat, gar handi, gorri-hori, luze, malgu bat igo zen horman gora, hura igurtziz, eta sabairaino hartu zuen. Argi distira bat zabaldu zen, eta ikara bat, ikara bat ere bai, zuhaitzetan, adarretan, hostoetan. Txoriak esnatu egin ziren; zakur batek zaunka egin zuen: eguna argitzen ari zuela ematen zuen! Beste bi leiho lehertu ziren berehalaxe, eta nire etxearen azpiko alde guztia sutegi beldurgarri bat bihurturik zegoela ikusi nuen. Baina oihu ikaragarri, zoli, erdiragarri, emakume baten oihu bat, zabaldu zen gauean, eta bi sabai leiho zabaldu ziren! Etxeko otseinak ahaztuak nituen! Eta haien aurpegi erotuak eta haien eskuen imintzioak ikusi nituen!...

        Orduan, izumenak harturik, herrirantz jo nuen oihuka eta garrasika:

        — Lagundu! lagundu! Sua! Sua!

        Ordurako bazetozen batzuk topatu nituen, eta haiekin itzuli nintzen, ikusteko.

        Etxea su ikaragarri, bikain bat zen ordurako, munstrozko su bat, lur guztia argitzen, eta hartan erretzen gizonak, eta hura ere bai, hura, nire presoa, Izaki berria, nagusi berria, Horla!

        Bat-batean sabai osoa erori zen hormen barrura, eta zeruraino altxatu zen gar mendi bat. Labe haren leiho zabal guztietatik suzko agoa hura ikusten nuen, eta hantxe, labe hartan, hilik izango zela pentsatzen nuen...

        — Hilik? Ba ote? Haren gorputza, ordea, argiak alderik alde igarotzen zuen gorputz hura, ez ote zen, bada, izango guretarrak hiltzen dituzten bestelako baliabidez birrindu ezina?

        Eta hilik ez balego?... Agian denborak baizik ezin mendera dezake Izaki ikusezin beldurgarri hori. Zertarako, bestela, gorputz garden hori, gorputz ezagutu ezin hori, Izpirituaren gorputz hori, berak ere kalteak, zauriak, gaixotasunak, garaia baino lehen suntsitzea nozitu ahal balitza?

        Garaiz aurretik suntsitu? horrexek eragina da gizonaren izumen guztia! Gizonaren ondoren, Horla. — Edozein egunetan, edozein ordutan, edozein minututan, edozein istripuz hil daitekeenaren ondoren, etorria da bere egunean, bere orduan, bere minutuan, bere izatearen muga iritsi duelako baizik hilko ez dena.

        Ez... ez... dudarik ez da, dudarik ez da... ez da hil... neuk egin beharko dut, hortaz, neure buruaz beste...

.................................................................................................

 

(1887)

 

 

 

© Guy de Maupassant

© itzulpenarena: Josu Zabaleta

 

 

"Guy de Maupassant / Fantasiazko ipuinak" orrialde nagusia