KOSMODROMO
Txillardegi

Kosmodromo
(ipuin bilduma)
Haranburu, 1984

 

(1969)

 

         Egun hartan ere, goizero bezalaxe, robotak esnatu zuen CPZ-3721 hiritarra.

         Hau pozik zegoen bere erosketaz. Dena esanez gero, modatik at jadanik egonagatik ere, XPT iratzargailu zaharrak ere, hori bai, Mozarten musikaz esnatzen zuen: leun-leunki hasten zen musikatxo hura; eta, pixkanaka-pixkanaka, ezari-ezarian, azkartuz joaten zen soinuaren intentsitatea. Eta horretara, lotan ari zenari zauskada atsekaberik txikiena baztertzen zitzaion.

         Auzoek ziotenez, ordea, xaharkitua zen tresna hura. Eta azkenean amore eman zuen CPZ-3721 hiritarrak; eta, erosi ez baina erabilerarako bahitu egin zuen XPTP iratzargailu berri bat.

         Orduan bai aurrerapenaren puntan, mutilak. Musikaz gain (eta ez Mozartena oraingoan, konputagailu batek moldatutako anti-harmoni saio bat baizik), XPTP berri horrek besterik ere egiten baitzuen: ohearen angelua aldatzen zuen poliki-poliki; eta, batera ere, telebista-aparatua pizten. Hau, orduan txit leunki abiatzen zen, eta bere kolore biziak eta usain sarkorrak hedatzen.

         Bere ohea maldan behera jartzen ari zitzaiola erreparatu zuen CPZ-3721 hiritarrak, baita bere gela hura nola musika-giroz eta usain ederrez betetzen zen ere. Jaiki zen, beraz; eta keinu xoil batez gelako pertsianak ireki zituen. Telebista eta kosmobistako milaka antenen artetik, garden, aratz, zeru urdinak guztiz egun eder bat iragartzen zuen.

         Gorritu egin zen orduan telebistaren pantaila bat-batean, eta gorri biziz koloreztatu; eta sekulako musika zaratatsua gaineratu zitzaion halako gorrite hari. Jatorri mekanikozko ahots lakar batek, horretan, handiro jakinarazi zuen: «Telebista-saio hau, ikus-entzuleok, automatikoa da osoki, Kondairan lehenengo aldiz. Munduko Irrati-Telebistan ari garen robotok prestatua dugu goitik behera; eta HPQ-17 honi gertatu zaio orain zuei albiste hori adierazteko ohorea... Ez da hau ezer, ordea, eguneko berri nagusiaren ondoan»...

         Asper antzean entzuten zituen CPZ-3721 hiritarrak, 27 urte, berri harrigarri haiek.

         «... Hona hemen —ekin zuen robotak— eguneko berria: giza lana amaitu dela. Hemendik aurrera inork ez du lanik batere egingo. Guk, robotok, Munduko Irrati-Telebistako langileria bota dugu bulegoetatik. Alferrikakoa izango bailitzateke hemendik goiti; eta betirako bakantzak hartzeko esan, eta denak joan dira. Gaurdanik, ikus-entzuleok, lan egin behar aspergarritik jaregin dugu gizona. Lanak oro, kito: bai gizasemeentzat, bai emaztekientzat. Guk, robotok, hartu dugu dena geure gain.

         CPZ-3721 hiritarrak orduan, guztiz goraki, hitz bakar hau jaurti zuen ingelesez: «enough!»; aski, alegia. Eta telebista-aparatua bertan behera itzali zen. Horrelaxe egiten zuen egunero.

         —Hamar urte badira kolperik ematen ez dudala. Hamasei urte nituenean (produkzioan parte hartu behar izan nuen bolada labur hartan, beraz), egunean 23 minutuz lan egin nuen bulego elektroniko batean. Eta geroztik, derrigorrez hau edo hura egin behar duenik inor zegoenik ere ez nekien. Bejondeiela halakoei!

         Eta ohera hurbildu zen berriro; baina hau ordurako guztiz zut plantatua zen. Eta ezin 34 minutuz etzanarazi. Telebista-aparatuak zabaldutako larrosa-usaina, bestalde, azkarregi egiten zen; eta CPZ-3721 hiritarrak urruti-minez begiratu zuen leiho zabalgaitzaren aldera:

         —Haiek bai garai zoragarriak! Gure arbasoek nahi zuten guztietan irekitzen baitzituzten leihoak...

         Orduan botoi urdin bat zapaldu zuen behatzaz; eta eguratsaren auto-erregulakin automatiko bat abiatu zen; eta handik pixka batera, garbiago eta hozkirriago egin zen airea, are pittin batez ozonoztaturik ere.

         Armairuan gordetzen zituen bere 237 soinekoen aurrean paratu zen orduan, zalantzan zenbait segundoz; eta azkenean larrugorrian irtetea erabaki zuen. Aspaldidanik zeuden gainditurik hiri hartan nolanahiko sexu-ezkutukeria guztiak. Eta sentimendu estetikoak oro ere, programagarri ez direnez, erauziak izan ziren gizarte hartatik.

         Han eta hemen, eta bazter guztietan, izkribu hau irakur zitekeen: «Erreala den guztia, logikoa da; eta logikoa den guztia, programagarria da. Hortaz, konputagailu bidez azter ezin daitekeen fenomenorik ez dago, egon ere. Konputagailuen defentsa, hitz batez, eta irrazionalkerien eta alienazioen kontrako borroka, borroka bera eta bakarra dira».

         Ez da ahantzi behar, bestalde, bertako klima konputagailuen menpean zegoela; eta 28°Ctako tenperatura zutela tinko gau eta egun; eta urte guztian barrena. Eta, hori dela bide, beharrik gabeko mozorro bihurtuak zirela janzkiak.

         —Aldatu egin dut neure iritzia, horra! Aski eta sobera dut besteak bezalaxe gaur ere larrugorrian irteten. Oraintxe nago arrunkeria horretaz asperturik! Berde ilunez eta more fosforeszentez janzteko gogoa dut; ezkerraldean zulo eliptikoak eta eskuinaldean zilar hutsezko tatxa biribilak ageri direlarik. Neure burua horretara topatzen dut-eta barregarrienik.

         Jantzi egin zen. Segituan, bi pilula bitaminatu irentsi zituen gosaritzat, eta igogailua hartu. Hamalau segundotan jaitsi zituen honek, ezinago leunki, pisuaren 218 metroak.

         Ikuskari hura sinetsi ezina zen. Gruak, zamaketan eta deszamaketan, automatikoki ari ziren. Zintzilikatutako tren isilak, berriz, gidatzailerik gabe abiatzen eta geratzen ziren; eta hiri-inguruko lantegiak (hamaika urtez geroztik, erabat aseptiko eta garbi bihurtuak) beren buruz ari ziren lanean. Automatikuntza-beharra zela-eta, janari bakar bat prestatzen zen inguru haietan: haragi-xerra patata frijituekin. Hau, nolanahi ere, dohainik eskaintzen zitzaien bertako hiritar guztiei. Huts-ezinezko ospitale elektronikoetan, bestalde, nolanahiko eritasunak zaintzen ziren; eta jendea, istripuz ez izatekotan, oso nekez hiltzen zen. Hitz batez, jendaketa osoak, eta aurrerakoan batez ere, erabili ahal izango zuen aisian denbora guztia: egunean 24 ordu norberaren solaserako.

         Autogidatutako helikopteroak ageri ziren bazter guztietan, jolas-leku honetara eta hartara edozein ordutan abiatzeko prest. Arrakastarik bat ere ez, ordea: ez zituen inork erabiltzen.

         Mutil gazte batzuk, bakar-bakarrik beti (nahiz bateratsu joaki), pasean antza, oinez zihoazen kai aldera. Neska gazte batzuk, berriz, biluzik, alferrik baina etsipenik gabe, momentu baterako amorantearen zain zeutzan han eta hemen. Haurrik bat ere ez, eta heldu-jenderik ere ez. Hiri hartan baliozko adinetik at inor ez bizi: alegia, 16 urtetatik 30 urtetarakoak bakarrik. Gainerako hiritar guztiak, legearen arabera, «produziogabeak» zirenez, pausa-etxe berezietan bizi ziren: osasunezko kontrolpean, eta beren adinen arabera sailkaturik. Zero urtetatik bi urtetarakoak zeuden batetik, bi urtetatik lautarakoak bestetik, eta abar. 30 urtetatik gorako agureek eta atsoek, berriz, bosna urtetako taldeak osatzen zituzten: 30-35, 35-40, etab. Azkeneko taldea, memento hartan, hauxe zen: 270 urtetatik aurrerako senton guztiena (pila bat, dena dela). Talde bakoitzari zegozkion behar objektiboak hartzen ziren kontutan: xahututako kaloria-kopurua, edarien pH-tasa, galtzarbeko tenperatura, eta antzerakoak. Eta konfortik handiena eskaintzen zitzaien denei eta bakoitzari.

         —Zer egin dezaket orain? —galdegin zion bere buruari CPZ-3721 hiritarrak—. Eguzkiak hein batez itsutzen zuelarik.

         Besterik gabe gainbehera zihoalako, kairako kalea aukeratu zuen, eta beheraino iritsi. Goizegi zen.

         Kai hura ikaragarri zabala zen; eta bertan mota desberdinetako bela eta jolas-ontziak pilatzen ziren milaka. Hamar urte hartan abandonaturik zeuden batzuk, hogei urtez geroztik beste batzuk, are mende oso batez beste zenbait.

         —Zer egin nezake nik hemen honen goizik? —galdetzen zuen bere kolkorako goizero bezala—. Ezer ez, jakina.

         Eta kosmodromorik hurbilenerako helikoptero autogidatu bat hartu zuen. Handik minutu batzuetara planetarteko misilen abialekura iritsi zen (kaitik 600 km.tara), erabat automatikoki. Kosmodromoan, norakorik diferenteenetan barrena, hamarnaka milaka pertsona zeuden bildurik, trumilka harat-hunatean: Kopernikoren Ziklora zihoazen batzuk, 47 bide-orduz; Saturnoko Eraztunetara beste batzuk, 3 urtez; Marteko Ubideetara, 10 hilabetez, eta abar. Eta sekulako paneltzarretan hau iragartzen zen: «Osasun-arazorik ez».

         —Ez ditut jende hauek ulertzen —pentsatu zuen CPZ-3721 hiritarrak—. Estatistikek erakusten dutenez, bidaztien arteko % 97,6ak, asper-asper eginda hiltzen dira bidaian bertan. Gelditzen diren % 2,4 horietan, berriz, denak hiltzen dira, jakina; eta asperkuntzaz hiltzen; baina hauek helburutzat hartutako planetaren gainaldean bederen. Hortaz, hemen bertan nork bere buruaz beste egitea hobe. Edonoren eskuarrean daude hemen mila pilula ezin hilgarriago. Baina hauen erabiltzaileen kopurua murritza da oraingoz: iaz pilula bidezko 3.200 suizidio baizik ez zen gertatu. Aldera bekizkio horri bide-istripuz hil ziren 350.000k.

         Pertsona-multzo trinkoak abiatzen ziren artean kosmoserantz, berebiziko garretan, eta zarata infernu betean. Benetako munstrokeria zen hura. Eta une hartan ahots mekaniko batek urratu zituen bazterrak doinu berdin-berdin batez, ondoko hau iragartzen zuelarik:

 

                   «Kosmodromotikako irteera-estatistika, atzoko egunaz:

                   Ilargirantz: 673 lagun

                   Artizarrerantz: 732 lagun

                   Marterantz: 2.232 lagun

                   Jupiterrerantz: 3812 lagun

                   Saturnorantz: 14732 lagun

                   Neptunorantz: 22822 lagun

                   Plutoirantz: 33201 lagun

                   Orbita hiperbolikoetan joanak: 136.021 lagun.

                   Planetetatikako itzulerak: zero».

 

         CPZ-3721 hiritarrak orduan 1,328 ziklo-segundoko periodoaz dardaratzen zen aulki-zurubi elektroniko bat hartu zuen (alegia, ikerketen ondorioz, bihotzaren lagungarri gertatzen zen huraxe); eta aspaldidanik ezagutzen zen edari bakarra eskatu zuen: Coca-Cola.

         Erdi lozorroan zozoturik begiratzen zuen misilen irteera etengabea. Hauen arteko indartsuenek, are mila metro gora ere bazuten. Eta dorre hegalariz osatutako alegia itxurako ikuskari harrigarri hura, nolazpait bederen jasangarria bederen bazela iruditu zitzaion; arrunt aspergarria behintzat ez zela. Han zegoen zarata maila hain azkarra izanik, hara heldu eta ordu laurdenera, deusik ere ezin entzun; eta han eta hemen pizten ziren garrak guztiz distirant izanik, ilundu egiten bide zen eguzkia bera. Eta kinka hartaraz gero, gainditurik gelditzen ziren giza sentiberatasunezko muga guztiak, eta azkenean goxo-goxo loak har zitzakeen.

         Eta, harako bisitaldi guztietan bezala, horixe gertatu zitzaion CPZ-3721 hiritarrari: lotan gelditu zela.

         Halaz ere, eskuarki han ikusi ohi ez zena ikusi zen egun hartan.

         Goizeko hamaikak hogei gutxi ziren. Eta horretan gazte saldo guztiz gaitza bildu zen batera kosmodromo pera. Bai populu koloretsua hura! Multzoa hurbildu ala, CPZ-3721 hiritarrak zenbait xehetasun berezi zituen. Edertasunez benetan apartak ziren neskatilek (gehienak biluzirik ibilki) argi-pankartak zekartzaten ehunka beren besoetan, izkribu honen eramaile: «Guk dena salatzen dugu. Guk salaketa bera salatzen dugu. Geure salaketa ere salatzen dugu. Salaketaren salaketa salatzen dugu. Eta azkeneko aldiz oraingoan salatzen».

         —Irrigarria da, halere —pentsatu zuen CPZ-3721 hiritarrak—. Zeren-eta, hala ere, salatu egiten baitute. Hots, dena izan da hemen behin eta berriz mukururaino salatua. Iraultza guztiak izan dira hemen bai hasiak eta bai bururatuak; baina gorotz piloek hortxe diraute. Alferrik gertatu dira salaketak oro.

         Eta berriro ekin zion loaldiari.

         Bazetorren multzo zalapartaria. Mutilak ere ederrak ziren arrunt, eta gehienak larrugorrian zihoazen. Baina hauek ez zuten besoetan pankarta argitsurik garraiatzen, aizkora arkaikoak baizik. Eta guztiz ozenki kantatzen beren bozgorailuen bitartez:

         —Heriotza garbia arbuiatzen dugu guk. Zatarki sarraskitu nahi dugu. Edozertaz ere nardaturik eta oka eginik gelditu diren kontzientzia soraioak berak ere, nardatu egin nahi ditugu, berriro ere oka eragin arte. Salbatu den oihan-eskualdea ere usteltzea nahi dugu guk, eta hondakinen kiratsa zabaltzea. Geure eskuez ebaki nahi ditugu lepoak. Eta haurren giza atal guriak geure ukaldi zatarrez gorputzetatik erauzi; eta erauzketaren ondoko odola geure begiez nola isurtzen ari den ikusi.

         Kosmodromoko osteak, halere, hura entzundakoan, ez ziren mendreenik ere ikaratu; eta kosmoserako herrenkadetan zain zeuden askok eta askok, sinesgaitz, irribarre egin zuten:

         —Beti ere mehatxuka! Beti ere horiengan, ezkutaturik, Erostrato eragile! Beldurtu egin nahi dituzte bazterrak, eta dena iraularazi; baina horregatik daude beti beren horretan, eta horregatixek ere ez dute sekula ezer aldatuko.

         Baina espero ez zen sarraski latza mamitu zen orduan kosmodromoan. Leku guztietan jauzten ziren buru odoltsuak. Eta baloi iletsutzat erabiltzen zituzten neskatila eder haiek lurrera berriak ziren buruok.

         —Libertigarri gertatzen zait hau! —esan zuen histerikoki eta garrasika CPZ-3721 hiritarrak. Eta buru-moztaile amorratuengana jo zuen:

         —Ados naiz zuekin. Indazue aizkora bat.

         —Hain zuzen ere, ez duk ados izan behar. Ezta gurekin ere. Gu geu ere —azaldu zioten— ez gaituk geure artean batere ados. Baina barrua bete digun herra honenbestekoa izanik, bigarren mailan gelditu zaiguk gainerako guztia.

         —Gorroto zaituztet —esan zuen orduan CPZ-3721ek.

         —Hobekixe goazak horrela —entzunarazi zion taldekoren batek—. Dagoen guztia gorrotatu behar duk, denarekiko goragalea sentitu, Kondairan barrena inozoek ilaran asmatu dituzten askabide guztietatik at egon. Zer deritzok honi guztiari?

         —Deus ez.

         —Txit ongi erantzuna.

         —Den-dena mespretxatzen diat osoki, eta ez diat sinesten ezta neronen sinesgaiztasun horretan ere. Neure burua mespretxatzen diat, baina grinarik edo herrarik gabe mespretxatzen.

         —Ongi duk. Horretara bada, gurekin etor haiteke.

         Aizkora astun bat errezibitu zuen orduan haiengandik, eta beste guztiak bezalaxe ezker eta eskuin sarraskitza errabiatuan eta lepo-mozketa eroan abiatu zen. Berehalaxe gorri bustiz blai zegoen goitik behera. Erortzen zirenen garrasiei, alderdi guztietarantz ihesi zihoazenenak eransten zitzaizkien. Kosmodromoaz halako izu hotza nagusitu zen, eta misilak hutsik abiatzen ziren zerurantz.

         Hilkintza-lan hura amaitzean, konputagailu automatikoak mintzatu ziren: «Gertakarien bilduma hau izan da: 3.412 hil, 7.432 desagertu eta ihesle».

         Sekulako barre-algara lehertu zen orduan gazte salatzaileen ostean. Eta hartatik multzo trinko bat aldenduz, «Kosmos» zeritzon amildegirantz abiatu ziren. Kosmoserako irteerakoan errakuntza bat gertatu, eta izarrarteko bidaiarako misiltzar atomiko batek leher egin, eta hara malkor bitxi hura, zenbait hilabete lehenago sortua.

         Amildegira iritsi zen gazteen oste koloretsua. Denak barreka ari, honela mintzo ziten oihuka: «Ez dugu guk kirastegi aratz honetatik irten nahi».

         Bazituen malkor hark seiehun bat metro gora, eta gazteen multzoa labarreraino heldu zen. Bozgorailu ñimiñoak, nahiz arras ozenak, zeramatzaten beren lepoetatik zintzilik; eta algarak, hartara, jasan ezinezko orroa bihurturik, zalaparta ikaragarriaren gainetik entzun zitezkeen kilometro askotan barrena. CPZ-3721 hiritarrak ere, besteek bezalaxe egiten zuen, eta isekaz, eta trufaz mukuru, ahitu arteraino egiten zuen algara.

         Manifestariek, binaka sailkaturik, bi ilara eratu zituzten; kilometroetan barrena ikus zitezkeen bi ilara luze. Eta gazte eder haiek, bikoteka besarkaturik, nahiz erotismorik batere gabe, malkorrean behera amildu zuten beren burua.

         Atzean uzten zuten populu koloretsuak, etengabe egiten zuen barre, dardaratan bezala, amairik gabeko eztulaldian bezala. Eta bikoteek, amiltzerakoan, guztiz goraki entzun erazten zuten: «Guk ere den-dena salatzen dugu, gorotza salbu».

         Handik ordubetera, ezer gutxi ageri zen malkorburu hartan: han-hemenka, odoleztutako aizkorak suma zitezkeen, eta utzitako pankarta batzuk. Besterik ez.

         Une hartan eguerdia zen zehazki. Eta bildua zuen berriro eguzkiak betiko bere distira itsugarria.

 

1969-IX-Bruselan

 

KOSMODROMO
Txillardegi

Kosmodromo
(ipuin bilduma)
Haranburu, 1984