KARTA IDIGIA

 

        Arantzazun biltzen zeraten guzioi:

        Alfontso'k esana nekien aspaldidanik biltzar atsegin orren berri; ta ezin joateagatik pena aundia izan dut.

        Alere, nolabait or egon naiean, eskutitz bat bidaltzea bururatu zait. Eta ona beteta nere asmoa.

 

        Euskeraren beraka gorria

        Ez dizuet onetaz geiegi itzegingo. Euskaltzale geran guziok biotzondoan iltzatuta daramagu bere galeraren arantza.

        Geroz eta aulago dugu euskera aozkoa: zenbait erri txikitan baizik ez dute aurrak eta gazteak egiten. Zaarrak ba-dijoaz. Gaurko bere baliogabeak eraginda aldegin diote euskaldunak toki geienetan, eta izkuntzaren giarra galtzen da non-nai. Egiñaletan itzaltzen ari zaigu: begiak ideki ta naikoa da.

        Baikor batzuen ustez, ordea, ez da orretakorik gertatzen euskal literaturan, edo, zeatzago esateko, euskera idatzian. Zoritxarrez ez nator bat aiekin, erdizka baizik. Goraka dijoa euskal literatura, egia esan; baña beraka literatura orren euskera. Euskerari buruz ez dago alderatzerik ere: askoz obeto ta jatorrago erabiltzen zuten euskera antziñako euskal idazle askok, gaurkoak baño.

        Apaiz aiek kaxkarrak ziran, alegia, idazle: bañan euskaldun biziak, ia eredutzat artzekoak gaur bertan, orri buruz. Indarra ta odola ditu, esate baterako, Axular'en euskerak; gaur oso gutxitan ezpada, ez ditu ez bata ta ez beste, ta guziz odolgabe ta aula da jaiotzaz.

 

        Euskerak eskatzen duen jokaera ta gurea

        Euskeraren egokera ain txarra izanda, ezin dugu txantxetan edo erdipurdi artu bere biziari dagokion sendabidea. Euskeraren bizia ziñez nai ez duena ez da benetako euskaltzalea.

        Onengatik gauza bat eskatzen digu euskeraren egokerak euskaltzale guzioi: gogor lan egiteko agindu irmoa. Norberekeriak eta jokaera errazak utzi bear ditugu azkarki ta bein eta betiko.

        Alabaña, batez beste, ta bereizkuntza ondragarri batzuk eginda gero, au esan diteke nere ustez guri buruz: bigunak gerala oso.

 

        Eragozpenak

        Ona eroen leloa. Ba-dakigu denok (aipatu bearrik ere ez dago) traba ta eragozpen aundiak daudela, ta abar. Zoritxarrez, asko kontsolatzen bide-gaitu puntu au goratzeak, eta errazegi gelditzen gera lasai, aiek izan eta betebearrak aldatuko bai lirean. Ez orixe: gure burua trankil eta errugabe gorde arren, ez da euskera salbatuko. Egin egin bear da: eragozpenak aipatuz denbora galdu baizik ez dugu egiten.

        Ortaz, eten dezagun gure merituak aipatzeko seta: euskera salbatzeko bidean eskierki jartzean izango ditugu ibaziak. Ordurarte ezta txikiak ere. «Akabatzeari dagoka koroa, ta ez hasteari». (Axular'ek). Kontzientzia garbiakin eta asmo ederraz ez dugu ezer lortzen, geure buruak lasaitu ta gezurtaratu baizik.

 

        Solas-billa

        Erderaz esanez, «amateurismoa» da gure jokaera bigunaren erroa. Euskeraren alde lan egiten dugunok solas-billa bide-gabiltz. Oso gutxi dira euskerarenari lan gogorra deritzatenak; ez berez errexa ta erosoa delako, bakoitzak, beti ta orotan, nai duena ta nai duen erara egiten duelako baizik.

        Edozein lanetan, autsi edo aaztu ezin ditezken betebearrak dira asteko arauak. Onetan ordea, ez bide-dago ezer askatasun eroa baizik.

        Denok egin nai dugu «zerbait» (zerbaitxo jarriko nukean gogoz), eta ortaz gañera, nai dugun erara egin bear dugu «zerbait» au. Zer da jokaera ori itz batera bilduta, anarkia utsa baizik? Ta auxe da euskaltzaleoi (eta nolako zoritxarrez aitortzen dut) dagokigun itza: anarkia.

        Bizitzaren eginkizunetan lotuta gaudela-ta, onatx askabidea; euskerari emanez geure esku biur gaitezke, gogoan ditugun txotxolokeri guziak egiteko.

        Eta anarkiro beiñipein gogor lan egingo ba-genu, ez giñake gaizki izango. Baña au berau ere ez da gertatu oi: aisa, solas-moduan, txolarteetan gera euskalzale. Bizitzatik kanpora dugu euskalzaletasuna. Gauza bat bide da bizia, ta beste bat euskera. Zer egin dezakegu ere orretara jokatuz?

        Egiñetako arazoan, iñork ez daki bestearen berri. Gorrak gera bata besteentzat, eta sekulako indarrak galtzen ditugu onela.

        Izkuntzakoak zer esanik ez. Gure izkuntzan dagoena baño anarkia aundiagoa arkitzea gauza zalla da, oso zalla.

        Mugarik ez dago edo; bata garbizale, bestea mordoilozale, iñor ez «euskal»-zale. Berak ez beste ulertzen duen euskera «personala» sortzen du bakoitzak eta kitto: ontzat ematen ez ba-da, besteak dijoaz oker...

        Nor aztertzen ditu antziñako gure izkribatzalleak? Oso gutxik, eta auetxek ere izaten dira aurriritzi gogorren jopuak.

        Osakuntza aundia bear du euskerak gaurko bizikeran gai izateko. Egia esan, eta euskeraraen sufijatzeari eskerrak, berritze ederra egin diteke euskera beretik irten gabe, ta au egin bear da al denetan.

        Bañan asmakari ta kontzetu berri ugari ekarri dizkigu zibilizazioak, oso itz bereziakin batera, eta euskera «garbia» egiteko asmoa txatxukeri utsa da, izkuntza batek ere egin ez duena, eta gure izkuntzan gertatuko ez den gauza. Zein da, garbizaleen ustean, Europako izkuntza «garbia»? Batere ez; alere, euskerak «garbia» izan bear... Baztertu egin bear dugu etimologi-arrazakeria, elburu bakartzat au artuz: euskera maitea euskaldunen mintzabide biurtzekoa.

        Eta au lortze arren, anarkiari alde egin, eta beste erriak eta gure asabak egiten zutena arretaz aztertu. Euskera garbia etzaigu ajolik, bizia baizik. Izkuntza bizietan ez dago garbikeririk. Ain zuzen ere, erdaldunak sortu zuten euskera «garbiaren» mitoa.

 

        Euskaltzaleen gutxietsi-miña

        Euskerak ezertarako balio ez duela ainbestetan entzunik, konplejua jarri zaigu. Edozein gauzatarako gai dela adierazi nai dugu, eta asieran beiak eta baserriak ba-ziran euskeraren gai bakarra, Mekanika Ondulatoria ta Filosofia'ren aldera jo dugu gaur.

        Gure orekaren falta agertzen du onek, eta ziturik ez dakarten alegiñetan galtzen ari gera gaur denbora.

        Erderaz oso gutxi idazten da ukuiluetako egitekoez, eta are gutxiago De Broglie'z edo Sartre'z. Zergatik, bada, asko bear euskeraz? Proporzioaz ari naiz.

        Jo dezagun, arren, erdira. Ba-dugu garaia...

 

        Zintzotasunik ez

        Euskaltzaleak ez omen dugu fuldamenturik. Ta, izan ere, ez al da egia?

        Eragozpenen betiko aitzekia jarri oi dugu gure burua garbitzeko; bañan au ez da aski. Euskal errebistak tajuz argitaratu, euskal eskolak metodoz eman, eta euskal arazo guziak zindoro eraman arte, ez dugu aipurik irabaziko, aipu ori merezi ez dugulako.

        Gutxietsita ba-dago euskera, erauzi egin bear da gutxiespen ori indar dezaken guzia.

        Onengatik, aldizkari berriak orain argitara eman opa izateari kaltegarria deritzat: finkatu ta sendotu egin bear ditugu lenbizi, orain nekez irtetzen diranak, gure laguntza osoa eskeñiz.

 

        Asmo geiegi ta egite gutxi

        Euskeraren alde lan egitea, len esan dugu, oso zailla da gure onetan. Errezagoa zaigu asmo ta eginkizunetan burua ta itxaropena jartzea, lortutako arrakasta urrietan baño.

        Emendik datorkigu joera galgarri bat: proietu-miña. Proietutako itsasoan murgiltzen gera, ta ezer onik zeaztu ez arren, zerbait egiten dugula iritzirik, poztu egiten gera.

        Geroko ekitekoetan aritzea amets pozgarria dela-ta, aietatik irten eziñean gabiltz euskaltzaleak; aietara oitu gera, ta gogorra egiten zaigu zeatzetako zurrunbilluan burrukatzea.

        Aldegin bear diogu joera kaltegarri oni. Gauzatu arte, proietuak eta asmoak ez dira ezer. Ori ta geiago ere bai, denbora xautu-arazten bai-digute lillura zoroetan.

        Beraz, izan dezagun au goiburutzat: asi ez-baiña daukaguna bukatu ta ondu.

 

        Euskaltzaleen izakera

        Euskaltzaleok, gerez, amestiak gera. Aultasuna izaten da gure kupida-gaia, ta aula dakusagulako erruki izan gera asko euskeraz.

        Au ondo dago, dudarik gabe. Bañan onela sentitzen dutenak, ez oi dira egite-gizonak; eta egite-gizonak bear ditu euskerak bere orretan.

        Orra ba, euskaltzale egin gaitun birtute orixe kaltegarria zaigu euskeraren alde lanegiteko.

        Euskaltzaleren ezpalekoak biguñak oi gera, antziñakoiak; aisago jartzen ditugu begiak atzoan biarrean baño; aula maiteago dugu sendoa baño, ta ezertarako balio ez duena naiago onurakorra baño. Itz batez esateko izpiritu pratikurik ez dugu.

        Onengaitik, euskeraren bearrak jakin eta gure «akatsa» ezagututa gero, arreta aundiagoa jarri bearko genuke aurrerakoan eginkizun pratikuak asmatzen, guztiz bearrezkoa bai-da au euskeraren salbaziorako.

        Euskeraren bearrak baño aurreago jartzea gure griñak, ezin ontzat eman.

 

        «Baliz»ko olak burnirik ez

        Ala dio esaera zaarrak, eta ondo esana gañera. Beste arotan egin genezakena etzaigu ardura: gaur egin dezakegunaz pentsatu bear dugu. Egin ditekena egin, eta ezin ditekena aaztu: ez dago onetaz beste aukerarik.

        Eta gaur, nere ustez, bitara bil ditzakegu egin ditezken gauzak: 1.º) Gutxiengo edo minoria bat gertu. 2.º) Euskera gaitu, batu ta osatu.

        Bi auek lortu arte, alperrik ari gera lanean; bi auek lortu ezkero, berriz, lasaitu egon gindezke...

        Onengaitik auek dituzute nere aolkuak:

        a) Nork bere aldetik euskera alik eta sakonen ikasi. Onetarako, euskalzale famatuen lanez baliatu, antziñako euskal literatura azterkatu ta euskal erriarekin albait artueman estuenak euki.

        b) Ba-dauden eskolak tajutu, alkartu ta eratu: aurrentzakoak eta euskaldun berrientzakoak.

        c) Euskaltzaleen alkar-ezaguera biziagotu.

        d) Orain ditugun euskal aldizkari ta erakundeak indartu.

        e) Al ba-da, euskal jaiak egin. Onetarako, euskal teatroa zuzpertu.

 

        Euskaltzaindiaren betekizuna

        Pozez ikusten dugu Euskaltzaindiaren piztutzea.

        Erabakizkoa izan diteke oni guziari buruz Euskaltzaindiaren betekizuna. Bere bi adarrak odol berriz indarturik, abiadura ederra artu dezake, ta bi lan goragarri egin ditzazke:

        1.º) Alegiñak bere babesean zuzendu.

        2.º) Bere aipu guziarekin, eta, ofizialki, euskeraren batasuna zeaztu, ta euskera «personala» ta euskal berrikeri guziak ezetsi ta kondenatu.

        Eta onekin, aski ta sobera barreiazi zaituedalakoan, urrundik, agur!

 

(1956)

 

 

 

© Txillardegi

 

 

"Txillardegi / Euskal Herritik erdal herrietara" orrialde nagusia