ETA EZ ZIREN SEKULA ITZULI
Txillardegi

Kosmodromo
(ipuin bilduma)
Haranburu, 1984

 

(1969)

 

         Arratsa leunki heldu zen Baiona gainera, Euskal Herriko «Lapurdum» zaharraren gainera. Igandea zen. Zerua zurixka, eta bare, txit; eta katedralaren bi dorre zorrotzen hegia, beltz nabarmentzen zen ia-ia. Hiriaren atzealdean, «Espainiako Atea»ren inguruetan; alegia, murru-ilarak eta gaztelu-ijenteak oraindik ere ikusgarri agertzen diren eskualde hartan, eguerdi iriko eguzki dirdaitsu pean baino itxura malenkoniatsuago hartzen zuten biek. Frantsesez «Nive» (euskaldunen ahotan inoiz «Errobi» baizik ez izana) deritzon ibaiaren ur freskoak, Auñamendiko usainez oratuak, oso poliki isurtzen ziren Aturrirekiko elkargunerantz. Honen eta haren urak hirierdian batzen ziren. Eta irudimen apur bat aski zen antzinako «kakoleta» famatuak antzemateko. Handik abiatzen ziren euskaldun emakume sendoak, oin hutsik, «barru» aldeko beren baserrietarantz, aztal gotorrak erakusten zituztelarik. Era berean, gaur egun desagertuak diren ibai-ontziak ere suma bide zitezkeen arrats geldi hartan, Baionatik Kanborako beren garraio-biderako abian. Osoki maitatu zuen hura guztia Edmond Rostand arrotzak, mende hasieran bai Kanbo bai Errobi bai Lapurdi osoa atzerritarrek ozta-ozta ezagutzen zutenean.

         Basusarri eta Milafrangaren artean, eta Errobiren ertzean bertan, Bordanasa auzotik ez urrun, Etxeparea zeritzon baserria zegoen. Eta Xalbat Dibar bertako etxeko jauna, igandero bezala, bazihoan oinez etxe aldera Baionatik itzulian. Urte askotan barrena izan zuen sasoi zalu hura, dena dela, galdua zuen erabat egun hartan. Gure arratsean asper antzean begiratzen zituen ibai-ur geldi haiek, jaiotzaz geroztik lagun izanak; eta Etxepareraino falta zitzaizkion bost kilometroak, hainbestetan gustura ibilitakoak, gehiegi zitzaizkion bat-batean.

         Arratsaldean, Mugerreko bere bi lagun topatu zituen Baionako Euskaldunen Enparantza zahar-zaharreko tabernetan gaindi pasean. Zergatik ez bazekien ere, plaza huraxe maite zuen. Iruñean bezalatsu, ageri dira oso Baionan ere antzinako gaztelu-murruak; eta autobusak batera eta bestera sakabanatzen dira, inguruetako herrietarantz prest. Galdutako herrixka horietako bizilagunek, landareak balira bezala, arbasoen lurrari eusten bide diote azkarki, izaeran ere halako zakarkeri kutsua nabarmen atxiki dutelarik. Ongi izkiriatu dut «bide» hori; zeren-eta, funtsean, «indiano»-herria baita Iparraldea. Alegia, Ameriketarako joale herria.

         Xalbatek, halere, ez-ikusia egin zien. Jende ona zitzaion, egia da; baina bere hartan gogorik ez «kalaka» egiteko. Mugertar haiek gehiegi edaten zuten, aise gehiegi; basoak ilaran hustu; eta arrastirian, zerrepeldurik, etxera, eta harakoan emaztearen sermoi berri (berri ote?) bat entzun.

         Egia esan, maiz egiten dute hori gaurko euskaldunek; bentzutuak eta desjabetuak izan diren herriek eta klaseek beti ere egin izan duten bezala.

         Gizon «bitxia» omen zen Xalbat hura. Gizon «jakintsuna» ere bai, omen. Araiz! Ez baitzen batere ipartarrik gehienak izan ohi diren plegukoa.

         Ez zen intelektual horietakoa. Hori ez. Nekez izan zitekeen horrelakorik garai hartan «kanpainan» jaiotako gizakumerik. Baina nahiago izan zuen Xalbat-ek baserriko bizimodu gogorra, kaleko leuna baino; eta, esate baterako, ez zuen inoiz lanbide teknikorik ikasi nahi izan: «Karrikan bizi? Ia!».

         Anai-arreba guztiak joanik, Etxepareko jaun eta jabe gertatu zen. «Sehi» langile bat aspaldidanik etxean laguntzaile izanik, irakurtzeko beta topatu ohi zuen usu; eta autodidakta zela esan liteke. Begi-kolpe zehatzak ere izan ohi zituen errealitateari buruz; eta Donostia, Iruñea eta Bilbo ezagutzen zituen. Harrigarria ote? Oso! Mugaz bestaldekorik ezer ezagutzea, guztiz gutxitan gertatzen baitzen hirurogeikada hartan Xalbaten inguruko jendeen artean; eskuarki, pentsa zitekeenez, burdinazko baradera batek lukeen lodiera baitzeukan Auñamendiko mugak:

         —Espainiarat joan, zerendako?

         Sorkuraz, nik uste, inguruaren kontra paratzen zen Xalbat afera-mota askotan. Eskola «libro»aren etsai amorratua zen, adibidez; eta, hau dela-eta, bere buruaren kontra bildua zuen udal kontseiluaren herra bizia: «Kasu! Xalbat gorria duk!».

         Askoren eskandalagarri, ez zen berrogei urte hartan mezatara joaten. Belaun berriak zer pentsatzen zuen garbiki ikusi ez arren, «Enbata» hartzen zuen aste oroz eta abonamendu bidez; askoren ustez «ahalkegarri» baitzen. Konturatu gabe, hitz batez, «progressiste» delakoa izan zitekeen. Hots, hitz horrek herrak eta pozak ernatu izan ditu gure herrian: «karlisten» eta «liberalen» arteko erdibiketa hori, ez baita Hegoaldekoen berezitasuna.

         Nolanahi ere, osoki gogaituta zeukaten bere herrikideek: kankailu eta zozo antzematen zituen alde askotatik; eta gutxi gurutzatzen zituen. Lanari zetxekiona besterik ez.

 

* * *

 

         Bide bakartian barrena zihoalarik, Larrondoeta parean gelditu zen; eta bere 58 urteetan osasun normala izanik ere, akiturik-edo antzeman zuen bere burua; harrigarriro unaturik. Are gehiago: biziak berak errotik nardaturik, eta bizitzen jarraitzeko inolako helbururik sumatzen ez zuelarik. Eta esaldi hau itzuri zitzaion:

         —Eta bihar lanera! Zertarako, ordea?...

         ...Eta seme bakarraren oroitzapenak gailendu ziren Xalbat-en buruan; Milafranga eta Errobi bera ezabatu arte.

         Xalbat Dibar, semea, Etxepareko seme bakarra zen, premu eta bakotxa batera. Eta bai Xalbat Dibar aitak, bai Maddalen etxekoandre eta amak, beren esperantzak oro eman zituzten haziz zetorren mutiko harengan.

         Lilura horiek, ordea, berehala suntsitu ziren:

         —Gogorra duk hemengo gure bizia, seme —esan zion aitak halako batez, semeak Ipar Ameriketara joateko zuen asmoaz zerbait jakin zuenean—. Baina sorterritik urruntzea ere gogorra duk arrunt. Ez duk batere goxo. Hogei urte bertzerik ez duk hik orain, eta dena ez dakik biziari buruz. Aitzakia bat baizik ez duk Ameriketakoa, estakuru bat, ihesbide huts ere usu. Gure herria hemen duk. Eta hire etxea, Etxepare daukak.

         —Aita: oraino ez nauzu deliberatua —erantzun zuen gazteak—. Peio lehengusuari aipatu diot afera, bai. Baina bertzerik ez dago mementoko. Bera hemendik bi hilabetetara joanen da. Garaziko Charles Iriart-ek hartu ditu bere gain bidaiaren gorabeherak eta paper-kontuak oro.

         —To! Ongi ezagutzen diat nik Iriart hori. Eskualdun artzainak kanporatzen ditik usu, baina bakanka ere ez herriratzen...

         —Bidai txartela eskuratzen die.

         —Joan-jinik ez, ordea, sekula santan —irribarrez aitak.

         —Bera ez da joan beharraren erruduna. Erabaki ez dituen atzerriratzeak antolatzen ditu berak. Bertzerik ez. Hegazkin-pilotuek egin ohi duten lana baizik ez du egiten.

         —Egia duk hori. Alta, ez diat gizon hori batere maite. Hire bi osaba galduak ditiat jadanik Idahon: Roger eta Pantxoa, ene anaiak beraz; baita hiru lehengusu ere. Eta adiskide pila bat ere bai. Bizimodu hobe baten xerka harat joanak, kito. Haiek ere Alaskara joan ohi zen bezala partitu ohi zituan Idahorat eta Nevadarat: berehala aberastekotan. Nolanahi ere, betirako joanak!

         —Ez duzu egia, aita. Bizi-beharrez joan ziren, ez han hiltzeko desiran. Ezin dakieke ezer bota aurpegira. Gure herria hiltzen ari denez gero, garaiz salbatu behar. Ez herria, geure buruak baizik. Belaunez belaun hemengook egiten duguna bertzerik ez da hori.

         —Gauza bera egiten zitean Irlandan. Irlandarrak ere garaituak izan zituan, menperatuak; eta ihes egin zitean. Nazio-errekaratzeari zegokiok nazio-emigrazioa. Xabierreko Frantses nafarra ere, okupatutako eta zanpatutako Nafarroaren sinboloa duk: hark ere deserri-mota ohoragarri bat behar zian; eta atzeman ere egin zian Kristoren aitzakian.

         —Bortz axola niri. Nik gizon gisa nahi dut bizi. Hemen ala nonahi.

         —Dretxoa baduk. Baina lurrik gabeko gizona, erdigizona baizik ez duk. Landareak ez dituk bakarrak izakien artean beren lur-sail berezia behar izaten. Lurra eta teilatua behar ditiagu gizonok, errotik behar; eta bertzela, haizeak erauzitako zuhaitzen antzera, ihartu egiten gaituk, eta antzu bilakatzen.

         —Lurrik ez daukan gizonaren izpiritua, horretan egia duzu, ihartu egiten da. Guk hemen, ordea, lurrik ez daukagu. Hamarretarik batek ba ote du? Gure lanik eza garbiki erakusten duen iduria dugu hemen: hondartza eguzkitsuak baditugu, bai; baina bertzeendako! Kanpina egiteko eskualdeak ere baditugu; alta, paristarrendako! Eta uda partean alogeratzen diren etxe ederrak ere, hor daude, hutsik, baina ez guretzat! Badauzkagu neskameak ere, anitz neskatxa prestu... Parisko hamaseigarren arrondisamendurat igortzeko; are neskazale aspertuendako neskatila «libroak» ere... Baina, hori bai. Guk dantza egiten dugu, beti dantza eta dantza, beti irribarre eta irribarre; bazter guztietan dantzari eta irria ahoan... «Qu'ils sont gentils ces Basques!»... Horra hor guk hemen daukaguna, aita. Ez daukagu fitsik!

         —Entzun ezak. Ene aitatxi beasaindarra zuan, eta nire «aitona», beraz. Gipuzkoarra zuan, eta Ibarra zian izena... Hi ere Ibarra haiz bosgarren deituraz. Hots, Bergarako eta Beasaingo nire lehengusuek, lantegitxo bat zeukatek han. Eta ez dituk higitu, ezta higituko ere. Sorterriari atxiki ziotek, eta kanbiatu egin ditek patua. Gerla ere egin ditek! Hori duk bidea. Hik heuk ere, borroka egin behar duk. Ez duk lekua hustu behar!

         —Minak bazituzten han.

         —Atxikitzera deliberatuak zituan!

         —Berdin zait, aita! Muga hor dago, tartean!

         —Hain zuzen ere!

         —Hain zuzen ere! Hori da! Errealista izan behar, ez dea? Eta nik ezer guti irabazten ahal dut Milafranga honetan. Joan egin behar. Partitu egin behar. Hemen ez daukat deusik. Zerbait bai, egia erran: neure bizkar-hezurra malgu, eta makurtzen hasteko prest. Turista jauntxoen aitzinean, edo-eta lur zekenari azken alea kentzekotan... Ez!

         —Gutiago diagu guk, hire amak eta nik biok. Hitaz kanpo, eta jadanik heriotzari buruz ari, deusik ez zeukaagu. Berrogeita-hamarkadan barrena ongi abiatuak gaituk. Entzun! Baionan edo Donapaleun eskatuko diat nik kreditu bat, eta traturra erosiko diat. Etxearen ondoan, eta hiretako, barruki handi zabal bat eginaraziko diat; barruki eder horretan kabala eta uzta sartzeko. Nik ez nian behar, eta ez nahi ere; baina telebista ere emanen diagu etxean. Alajinkoa! Posible duk hemen bizitzea... Bidea ere gudroneztatuko diagu. Astelehenean bertan joanen nauk Dupont jaunaren ikustera. Credit Agricole-enekoa, badakik. Eta gero, nahi duana egin ezak!

         —Mila esker anitz, aita. Baina...

         —Ez oraino deusik erabaki, otoi! Hemen, Milafranga honetantxe, duela ehun urteko aberatsek baino aise bizimodu errazagoa izanen duk hik...

         —Peio lehengusuari ez diot baiezkorik eman; egia da hau. Ia-ia deliberatua naiz, halere, harekilan partitzera...

         Dibar zaharrak eta emazteak, horretara, kezkaturik, eta jakin-minez ere, hauxe galdetu zioten elkarri: «Hortaz, utzi eginen ote gaitu semeak?».

         Baserritik beretik ikus zezaketen kanpandorrea; eta, bat-batean, eliza inguratzen zuten hilobiak, urrutitik ikusiak izanik ere, hurbilago, eta bestetan baino askoz ere nabarmenago azaldu zitzaizkien.

         Errobiko urak, artean, betidanikako soraiotasun berberean isurtzen ziren itsas aldera.

 

* * *

 

         Agindu zuena bete zuen Dibar aitak; eta kreditu koxkor bat lortu zuen Donapaleun. Egun berean, Muserolako Lebas xarpantagilearengana jo zuen, Baionara, Aturri ondoko lantegi zaharretara; eta barruki galant batentzako aurrekontua eskatu zuen: behientzako hodi-tresabiaz, eta paretak eternitez horniturik, eternit gorrizko bardajaz hertsia. Semearen partitzea moztu nahi zuen.

         1964ko uztailean, ordea; izandako elkarrizketa hartatik hiru hilabetetara, beraz, Bordanasako gelditasun osoan, «Herria» astekaria begiratu zuten Dibar jaun-andereek, ezintasunean, begiak azkeneko orrialdeko ia ohizko fotoan. Alegia: azkeneko irteeren fotoa. Hura ez zen berdina, halere. Euskaldun gazte ilara pare bat ikus zitekeen han, hori bai, beti bezala, hegazkina Orlytik joaterakoan aterea; eta Ameriketarako abian, Boeing-aren eskaileraren azpian «amerikanoak» irribarrez agertzen zirelarik. Baina oraingoan... Xalbat Dibar ageri zen, Peioren ondoan.

         —Hau ere joana dixugu betiko —esan zuen aitak. Eta Maddalen etsia erretiratu egin zen.

         Eta Etxepareko isilpea astunago eta geldiago egin zen.

 

* * *

 

         Xalbat semeak, itxuraz bederen, foto alaiak bidali zituen Etxeparerenera. Idahoko «euskal» kanpaina hartako «ranch» batetan, sukaldari-ordezko postu bat aurkitu omen zuen; eta foto barregarri bat ere igorria zuen Milafrangara: «Ongui Ethorri» delako bazkaldegian ageri zen zutik, Peter Latxague etxeko jaunaren ondoan. Zuriz jantzita ikus zitekeen, burugainean sekulako sonbreirua zeramalarik.

         —Kontent bizi naiz —idatzi ohi zuen bere eskutitzetan (ez oso ugariak, dena aitortzekotan). Eta ingelesez azpian hau erasten: «very glad, reaily. Don't worry about me». Kotxe eder bat omen zeukan, okasioz erosia omen: alimaleko «Pontiac» zuri bat. Orduko 200 km. egiten omen zituen, eta maiz jaisten omen zen Renoraino, basamortuaz bestaldera.

         Beste zenbait fototan, berriz, herriko jaietan ageri zen: buruan lumak, eta denean indio-itxura biribilean. Battitta, Janik eta Peio bere hiru lehengusuak bezalaxe, beti irriz.

         Dibar zaharra, halere, nekez alai zitekeen berri haien bitartez. Bere seme bakarra sekula berriro ikusiko ez zuela antzematen zuen:

         —Xalbat joana da betiko! —eta guztizko tristura batek betetzen zuen. Hilabete osotan barrena egon zen erabat etsita. Horditurik ere itzuli zen Baionatik zenbait aldiz; eta Maddalen, emazte isila, kezkatu ere egin zen.

         Antzinako denborez ez bestez mintzo zen Dibar xaharkitu hura. Batari eta besteari kondatzen zien bere biziera tristea, batari eta besteari behin eta berriz bere semearen jokamoldea; baita Maddaleni ere, honek istorio eta zorigaitz horiek ongi ezagutu ez balitu bezala.

         Okerragorik ere gertatu zitzaion behin. Hazparnen, merkatu-egun batez, goraki gauza berak entzunarazten saiatu zen «Kaskoina»renean. Zuhurtzia lapurtu bide zion ardoak; eta ia-ia borrokaraino ere heldu zen. Ez ziren irainak luzatu; eta norgehiagoka honetan Uztaritzeko Dufau gelditu zen gailen.

         Gizon hau biziki ezaguna zen; aspaldiko urteetan barrena, berak irakurtzen baitzuen 14/18 gerlan hildakoen «pheredikua», oso frantses txarrez eta oso ere euskara onez:

         —Messieurs-Dames: nous voici réunis à Urtaritz (eta harrigarriro entzun erazten zituen 'r' guztiok)...

         Eta azkenean bukatzen:

         —Nous sommes fiers de notre petite patrie basque... Mais nous sommes fiers d'être français... Vive la France!...

         Bera zen hizlari «atitratua», nolazpait esateko.

         Eta «Kaskoina»renean elkartu zirenean, berehala aurkitu zuen hizpidea:

         —Ixo, beldurti hori! —bota zion Xalbati Dufau zaharrak—. Ongi ikusi hindugun 1936an.

         —Eta gero?

         —Eta gero diok hik? Ez huen hik trabarik batere izan hunat heldu espainolak poliziari ez salatzeko; eta salatu beharrean, berekin nahasi hintzen. Geroago konprenitu zitean ongi afera, eta lekua ere egoki hautatu: Gurs! Ontsa egina izan duk! Komunistak zituan guganat trumilka jinak... Zantarkeriak erraiten zitiztean, lapurtu egiten zitean, ustelak zituan. Han Espainian denaz nardaturik, hunat jin eta hemen ere denari su eman nahi... Eta gure alabak desloratu, bortxatu; baizik eta frantses neskatilak «errazak» direla-eta. Neskatila leunak, badakizue...

         Eta «Kaskoina»reneko jendeak barre egin zuen algaraz.

         —Hik heure etxeko bortak zabaldu hizkien; ongi oroit nauk... Hik alabarik ez izaki, noski. Nik banitian, biga!...

         Beroaldi betean, zutitu egin zen Xalbat Dibar. Baina tabernan zeuden beste nekazari batzuk gelditu zuten, eta heldu zen gatazka baztertu.

         Eta orduan Xalbatek, garrasika, bere indar guztiez, hau bota zion:

         —Neure anai-arrebei ireki nizkiean ateak! Lehen-lehenik, larrialdian zeuden gizonak eta emakumeak zirelako; etsai zapaltzailearengandik ihesi zetozen gizonak zirelako...

         —Des crapules!! —erantzun zion Dufauk—. Urde zikinak!

         —...eta, bertzalde, hunat hemen zerendako zabaldu nituen Etxepareko bortak: eskualdunak zirelakoz, anaiak zirelakoz...

         —Puta galantak haiek!

         —Ni neu ere, beraz, putakumea nauk! Ene aitatxi zena Ibarra kapitaina bertzerik ez baitzen, Santakruz apezaren manupean gerrillan ibilia...

         —Domaia duk!

         —Hura ere hiru urtez gerlan ari izan ondoren, apurtua, xehatua, etsia, Baionarat jin zuan 1876an. Baserria liberalek sutan emana, etxea ere galdu zian; baita bere bi anaia ere Bizkaian, biak Gordexolatik ez urrun. Hark ere gerla galdu zian!...

         —Hobe hola —esan zuen Dufauk ahapeka.

         —Zer?

         —Segi, segi. Gero erantzunen.

         —Haren aitak ere 1839an gerla galdu zuen bezala, handik 18 urtetara deserritik, Langondik, itzuli arte. Familia-tradizio tristea duk hau, zinez: behin eta berriz bentzutuak, garaituak, xehatuak. Eta familia-tradizio hori, herri-tragedia bilakatu duk gurean; gure herri osoa izan baita behin eta berriz zafratua eta txikitua. Eta nik ez diat hori sekula ahantzi. Hik bai.

         Zutitu egin zen Dufau, gorri-gorri eginda:

         —Alu zerri hori!

         Jendea erdira irten zitzaion:

         —Hago lasai, Dufau!

         —Utz nazazue, aluia! —errepikatzen zuen Dufauk.

         Eta amorrazio osoan erasten:

         —Bistan duk, bai! Ikusi diagu berriz! Espainola haiz hi! Heure zainetarik, espainol odol zikina ari duk kurritzen! Kanporat hemendik! Hoa Espainiarat fite!

         —Ez nauk ni espainola sekula izan. Eta nire aitatxi hura ere ez!

         Lehertu beharrez Dufau:

         —Heure herrirat sartzea daukak! Han pobre izanen haiz, heure herrikideak bezala; baina zoriontsu bederen. «Cante hondo» kantatuko duk han, lasai. Eta guk hemen, bakea izanen diagu! Beti zuek, espainolak, gu frantseson bazterrak kakazten ari!

         Nola ote liteke horrelakorik sentitzea eta sinestea? —pentsatu zuen Xalbatek. Baina ez zuen erantzun. Eta hitz mingarri horiek, hitz faltsu horiek, tinko gelditu ziren Xalbaten muinean: «Heure herrirat sartzea daukak!!»... Eta ustekabean:

         —Sartu beharrik ez zeukaat nik. Neure herrian nagok hemen. Zuek behar duzue zuenerat, Fraintziarat, sartu!

         Eta zorura bota zuen txistua. Eta «Kaskoina»reneko eztabaida garratz hura entzuten ari zirenen artetik tarte bat irekiz, kalera irten zen.

         Eliza inguratu, eta «Berria» frontoirantz jaitsi zen; eta han utzia zuen 2 CV zaharra hartu, eta ezkutatu egin bide zen metalezko kaxa urdinaire apal hartan:

         —Ezin dut hau guztia aitzinago eraman! Aski eta sobera dut!!... Azkenean, hemendik partituz, ene semeak egia zuela aitortu beharko dut. Herri hau... herri... (bilatzen zuen hitz gogorra ezin atzeman)... Hemendik alde egitea onena, hemendik betirako alde egitea, soluzio bakarra. Semeak egia zuen, bai... Hobe zukeen ene aitona zenak Iparralderantz segi izan balu; are Seine eta Rhin delakoez bestalderaino iritsi balitz... Orain ni holandarra edo norvegiarra izanen nintzen... Hori xantza!...

         Etxerakoan, bide-bihurguneetan, behin eta berriz gertatu zen bazterra jotzeko zorian. Eta etxean sartzerakoan, zerbait gertatu zela igarri zion berehala Maddalen emazteak:

         —Ez, Maddalen. Baina eztabaida gogorra izan dixut Dufau zozoarekilan.

         —Baina, gizona: Dufaurekilan? Xaharra duxu Dufau. Duela 45 urte Marneko bataila hartan besoan zauriturik gertatu izana: horra hor dena, horra hor Dufauren loriarik handiena. Ongi dakixu: haren etxean, Joffre, Foch, Pétain; eta bertze inoren fotorik ez duxu ageri... Zerendako harekiko disputak oro? Entzun ere ez baitu egiten. Ez dixu balio.

         —Egia duxu. Ezin, alabaina. Gure Xalbat duela urtebete joan zenez geroztik, kanbiatua nuxu, eta nekezago zautaxu zozokerien jasaitea. Ezin! Gatazka nahi dixut, nik uste; denbora luzeegiz isildu nuxu-eta...

         Eta pittin bat beranduago:

         —Eta gero ere, Maddalen... sos poxi bat bagenu... gu geu ere Ameriketarat joanen gintukexu... Idahorat agian... Eta han Xalbat...

         —Ia! Xalbatek ez dixu gure beharrik.

         —Bai, Maddalen. Hori eginen dixugu oraino! Ikusiko!...

         ...Eta gogoeta hits eta azkengabe horretan Xalbat zaharra Milafrangarako bidean ari zelarik, eta Errobiko uretara begiratuz ere urik ez ibairik ikusten ez zituelarik, zerraldo erori uste izan zuen; bere adin bertsuko norbaitek, hura ere baserritar pettoa, Xalbat Dibar zaharra bezala, besotik helduz, bertako hizkuntza zaharraz hau galdetu zionean:

         —Joan dea, Xalbat?

         Nekez itzuli zen hau egiazko mundura.

         —Pentsaketan ari orain ere? —ekin zuen gizon hark.

         Piarres Haramboure zuen ondoan, Milafrangako bere lehen auzoa; hura ere oinez etxerat ari. Betidaniko adiskide zuen; lehen auzoa adiskide izan daitekeen heinean. Eta maiz topatu ohi zuen Baionan, igandeetan bereziki; baina baita Hazparnen, Garazin, eta Donapaleun, azoka-egunetan. Txalotua gertatzeko segurantziarik izan ez arren, konprenitua izateko esperantza bazuen Xalbatek Piarresekin; eta jator aski mintzatu ohi zitzaion.

         —To! Hi haiza? —Xalbat-ek—. Joan dea?

         —Joan arazten, badakik. Eta hik? Gogoeta hitsean harrapatu haut, nik uste. Ez bide duk gaur oso planta alaia...

         —Egia duk. Akitua nauk osoki. Etsia, hobe. Xalbat ene semea hila duk.

         —Xalbat hila? Nola? Ameriketan?

         —Ba, ba. Hila duk.

         —Zer gertatu zaio?

         —Horrenbertze sofrikario, horrenbertze urtez bakardadean, itsutasunez inguratua... Eta orain, errotik bakarrik gertatu.

         —Konprenitzen haut.

         Eta isilaldi bat sortu zen bi gizonen artean.

         —Ia hilabetea duk hila dela.

         —Nola hil da?

         Xalbatek nekez menderatzen zituen bere ideiak:

         —...Eta alde batetik, Ibarra kapitaina, nihauren aitatxi izana; hil arte bere hartan gogor. Baizik eta neholaz ere Beasainerat itzuliko ez zela, ezpada Errege eta «Foruak» zerbitzatzekotan... eta azkenean 1935ean Etxeparen zendua...

         Tarte txiki bat utzi zuen Xalbatek:

         —Egia erran, hobe harendako. Gaixo gizona! ... Eta gero, nihaur... azken finean, alferrik xahartua eta lanean ari izana! Madarikatua duk gure familia! Gure herri osoa duk madarikatua! Judeguez gain, bazegok bertzerik! ...

         —Hala duk bizia. Eta ihardukitzea, alferrik...

         —Judeguek —ekin zuen Xalbat-ek— bazekitek, jakin, herri madarikatua direla. 1943an, nihaurk batzuk salbatu eta Espainiako mugaz bertzalderaino joan nituenean, berek aitortzen zidatean. Ni sare anti-nazi bateko laguna ninduan; eta, euskaraz mintzo nintzelakoz, nihaurk egiten nitian berekilan mendian barreneko azken kilometroak. Eta judeguek hau erraiten zidatean: herri batzuk Jahvehk berak madarikatu ditik. Eta haiek ez zituan beldur izaiten: azkeneko mendera artio gorrotatuak, zafratuak eta jazarriak izanen direla bazekitean... Eta geroztik, ni jainkogabea izanagatik ere, gure herria, Eskual Herria, Jainkoak madarikatua izan dela sinetsi diat...

         —Barka, Xalbat. Eta, nola hil da hire semea?

         —Hila duk, eta hau sobera zaidak. Baina bertzerik ere bazegok Xalbaten heriotzan; alferrik ere hil baita. Are okerrago: zapalduen kontrako borrokan hila delakoz. Vietnamen hil duk, bai, enboskada batetan, eta tropikoetako oihan betean!

         —Hortaz, Vietnamera joana zena semea?

         —Bai, zorigaitzez. Oraintxe azalduko diat.

         Eta txapelaz jantzitako bi gizonek Errobiko ezkerraldetik doan bide bakartia hartu zuten patxadan. Eta berriro ere ibai huraxe izan zuten beren koaiten lekuko...

         —Duela urtebetetsu partitua zuan harat. Halako gradu bat eskuratu nahi omen zian; osabak 1945ean Pazifikoan lortutako ez zekiat zer domina edo zer debru. Ez zekian Xalbatek, nik uste, han borrokan zertarako ari zen. Baina borrokari atxikitzen zioan... Oso eskualduna omen duk ahalik eta sortetxetik, eta sorterriko arazoetarik, urrutienean hiltzea... Legazpi ere, gipuzkoarra, aspaldian hil zuan Filipinetan... Pentsa! Egia erran, kausa, errege eta helburu urrun eta konpreni ezinezkoen aldeko borroka latzean hildako eskualdunen zerrenda ikusia diat behin; eta, zinez, harrigarri luzea duk. «Integrista» omen zuan Santakruz apeza ere (integrista baldin bazen, ez bainaiz batere segur); eta hura ere urrun hil zuan, Argentinan. Bahekiena hau?

         —Ez. Hiri-edo ezpada, izen horiek ez ditiat sekula entzun.

         —Eta Zumalakarregirena entzun duka nehoiz? Edota, Agirrerena?

         —Nehoiz ere ez.

         Herra gora zihoala sentitu zuen Xalbatek:

         —Gauza bat erranen diat hiri: zapalduak ez direla nehon eta nehoiz aipatzen. Zapalduen gain, isiltasunezko lausa gotor bat; eta... bakea!

         —Ez zakiat zer erran, ba.

         —Garaitzaileak dituk beren etxeetan hiltzen; baina ez bertzeak. Garaituak izan direnak, hiri nagusietako «banlieue» gupidagabeetako kanposantuetan ehorzten ditiztek...

         Batera gorroto eta maite zuen Xalbatek bere herria.

         —Nire semea... Zer izan da nire semea afera-mordo horren barruan? Heuk erran.

         —Bazekiat nik ere horren berri.

         —Oinazeak antzinako oroitzapenak ekartzen bide ditik. Bazirudik, beraz, oraindik ere Etxeparerenean bizi izan zen urteak berriro biziarazi nahi lizkidakeela. Edo, nahiago baduk, eta gehienez, «Ongui Ethorri» «ranch» hartan sukaldari egondako urteak...

         —Bazekiat nik ere oinaze horien berri.

         —Nire semeak ere, erran diat, arrazaren ahotsari kasu eginez, bere bihotzondoan, urrutira nahi zian joan, urrutira behar zian joan. Eta han hil. Hark ez zekian, nik bai. Biziki urrun hil, bai; ahalik eta kausarik urrunenaren aldeko borroka zentzugabean... Santakruz, Legazpi, Xabier, eta bertze hamaika bezala... Nardatu egiten zian Milafrangak. Denok nardatzen genian, hobeki erraiteko. Eskual Herri osoak etsiarazten zian. Eta ene galdera hau duk: zergatik ote gara gu, eskualdunok, horren nazkaturik? Konturatu gabe beharbada, betirako deserriratze gogorra nahiago diagu, are heriotza bera ere, hemen segitzea baino. Zerendako? Partitu behar gorri hori, ez duka bitxi atxemaiten? Zerk uxatzen gaitu?

 

* * *

 

         Ordurako hantxe zeukaten, aurre-aurrean, bidartea; eta handixek abiatzen zen gorantz Etxeparera zeraman bidexka. Eta gelditu egin ziren bi gizasemeak:

         —Sinets nazak. Xalbat: neure motzean, ez bainaiz ni eskola duen gizona, konprenitu uste haut. Erraiten duan hori guztia, gogor zaidak biziki...

         Eta arnasa hartuz bezala:

         —Duela zazpi urte. Aljeriako gerlakoan, Joanes ene semea ere Tizi-Ouzou-ren ondoan hil zenik bahekiena hik?

         Zauskada harrigarri batek astindu zuen Xalbaten barrunbea.

         —Ez. Edo garai hartan jakin banuen ere, orain ahantzia neukaan... Barka!

         Isilunea luzeegi gertatzen zen.

         —Mila esker, Piarres. Mila esker anitz. Orain etxerat ari nauk...

         —Kuraia ez gal, Xalbat. Ahantzi egin behar. Horixe egin diat nik ere. Bertze irtenbiderik ez baitago mundu honetan... Ahantzi...

         —Ahantzi, ahantzi —esan zuen Xalbatek—. Agian bai! Baina ni gazteago banintz, ez nikek soluzio hori onartuko. Aski!!

         —Ez, Xalbat. Etsi egin behar! Pasa eginen duk hori. Dena duk pasatzen, are heriotza bera ere, are agoniaren oroitzapena ere; are gure eskuek edo burumuinek sortu edo sentitu duten gauzarik ederrena ere. Denak dituk ezabatzen. Eta gure semeen oroitzapena ere, ezabatu eginen duk. Tristea izanik ere, hori duk etorkizuna, Xalbat. Eta hobe duk, segur! Bizi egin behar. Adio!

         —Ez adiorik, Piarres. Gau on!

         Eskuin aldetik, eta patarran goiti igan ahala, lerro distirant bat ikus zezakeen Dibar jaunak: zilarraldea zen, zabal samarra, iparralderantz desagertzen abiatua. Lotan bide zetzan Errobi ibaia. Eta Etxeparereneko tragedia gaitza, alegiazko lokamuts bihurtzen zen arrastiriko argitasun epel gozoan.

         Xalbat gelditu egin zen bidexkan. Arnasarik ezin harturik antza; eta burua gero eta lurrerantz makurtuago. Zotinka hasi ote zen? Eztulka ote? Ezin esan. Baina bat-batean, oso urrutitik, hitz hauek entzun ziren bazterretan:

         —Madarikatua izan bedi nire herria! ... Madarikatua izan nadin ni neu ere! ... Madarikatua Euskal Herrira sortu nintzen egun hitsa! ...

         Baina Xalbaten garrasi etsi hura, berehala suntsitu zen. Eta gure gizona, burua harresiaren kontra jarririk, hantxe gelditu zen luzaz eta saguzarrak aldea gurutzatzen hasi ziren arte...

         Eta ezker aldetik, eta Kanboren aldetik, tarteka-marteka, zaunka batzuk entzuten ziren; baserrietan, dei urrunak ari; eta beheretik gora, zurrumurru urtsua Xalbatenganaino heltzen. Errobiko uren xuxmur izuti etengabea zen; Bordanasa ondotik behera, itsaso mugagabearen aldera joaki.

 

1969ko irailean, Brusela

 

ETA EZ ZIREN SEKULA ITZULI
Txillardegi

Kosmodromo
(ipuin bilduma)
Haranburu, 1984