DONOSTIA TA ANTIGUA 1829-EAN
Oar bat: Gai auetan ikasia ez naizen ezkero, ez dakit eskierki 1829-ko urtean Antigurako txangoa azkeneko aldiz egin ote zanentz. Badakit alere ortxe-ortxe izan zala azkenekoa, ta 1829 urtea jartzen ausartu naiz. Oker banabil, barkatu arren.
Antigutarra nauzute ni, ta nere auzoak Donostian izandako aipua bear den aña istimatzen ez den ezkero, eta zerak ere alatsu... ta antigutarrai zor zaigun begiramentua piztutzeko asmotan... joan den mende arte gorde zan oitura gogoangarri ta giartsu bat gogoraztera natorkizue. Antigutarrak ere gure arrokeri-ondarra badugu-ta...
Danok, donostiarrak izanda, badakizute Donosti-egunaren bezperan jartzen diran zarata ta zalaparta.
Zarata ta zalaparta auei buruz urtero entzun oi da gure jaiak zuten kutsu jatorra galdu dela, ta antziñakoakin antzarik batere ez dutela gaurko gure festak.
Au betiko kontua da, eta onelaxe mintzaten ziran noski gure asabak beren zartzaroan. Bañan alere, oiturak gero ta laisterrago ondatzen dirala ezin uka diteke.
Edo-ta, 1829 urte artan etzan bestelakorik gertatzen, eta Donostia-ko jaiak baño leen an asi ziran eztabaida gogorretan au ta ura, jatorrenak etsita esaten zutela: «Alperrik duk: baziak jatortasuna. Frantzesak etorri ziranetik batez ere putzura gatxiaztik».
Arrazoiakin gañera, frantzesen eragiña oso sakona bait-zan Donostia'a orduko artan. Ogei urte aurretik Napoleon'darrak iritxi ta 1813 arte geldituko ziran. Andik amar urtetara onuntz abiatu ziran berriz San Luis'tar erregezale atzerakoiak, eta beste bost urte geiago pasa zituzten donostiarren artean.
Ortaz, asko egiten zan Donostian frantzeraz, eta ez omen zegoen errikoxemerik izketan ederki etzekienik. Ez da arritzekoa.
Egun aietan etzirudien Donostiak Gipuzkoa'ko erria, Lapurdi'koa baizik. Frantzeraz asko entzuten ba zan ere, euskeraz itzegiten zuten errikoak, gaskoieraz mintzatzen etziranak beiñipein.
Bai, jaunak. Babel-dorreren bat ematen zuen gure uriak. «Jaun» eta «Andere» ba zioten euskaldunak, «En» eta «Na» gaskoiak, «Señor» eta «Señora» erdaldunak, baita «Monsieur» eta «Madame» Frantzi'tik etorriak eta zenbait liberal porrokatuk.
Auek baño ere izkera geiago ba-omen ziran, ingles-dunak gutxitxo etziran-eta... Naspillaren ederra...!
Nola etzan bada aldatuko gure erria, orrelako naste-borrastea barnean zeukala?
Egia esan, Irutxulo etzan ordurartean «Donosti», gaur den bezala, «Donostia» baizik. Eta antziñako «lapurditar» kutsua bedere gordetzen zuen.
Oso zailla zaigu gaurko donostiarrei orduko biziera asmatzea. Amilibia jaunak 1863an uriko arresiak bota-arazi zituenarte, gerra-plazaren itxura zuen zuen Donostia'k, eta bere ortatik zetorkion ain zuzen gaur igarri ezin dizaiokegun izakera.
Esitua zegoen Donostia alde orotatik; eta arrats ordurako ateak itxita, bertatik ateratzerik etzegoen. Portu-kaletik, edo San Jeronimo'tik Plaza-Zarra'ko arkupetaruntz goazela (au da: Bulevar aldera) nor oartuko litzake gaur Donostia'ko ateetara abiatzen ari gerala? Txikia zan, alajaña, barneko etxeta.
Arresi-barnean zegoena berria zan ia osoro, 1813an geien-geiena erre bait-zan. Santa Mari, Santa Teresa ta San Bizente elizak, San Telmo-komentua, ta aien arteko etxeak kendurik, etzegoen berritze baizik. Eta asko nabarmentzen zan uri berrian, Ugartemendia'k zuzenduta, aspaldidanik eraikitzen ari zan Udaletxea.
Arresitik at, berriz, etzan ezer aundirik ikusten. Gaur Donostia dagoen tokian etxegitea debekatuta zegoen, eta etxadi koskor batzuek beste gauzarik etzan: Atotxa ta San Martin auzoak, San Bartolome'ren komentu zaarra (ez gaurkoa, noski), ta Antigu'ko etxemordoa.
Santa Clara-ugartean, onen omenean egindako ermitaren azken abarrak ikusi zitezkean oraindik. Eta Txubillo-tontorrean, ez gaur bezin apaña, Donostiako Consulado'aren dorre-faroa izan zanak etzuen azken urteetan bere argia zabaltzen; eta gaua etortzean ozkarbi ba zan, bere zilueta illunak izartegi argitsua urratzen zuen. Nik ez dakit zergaitik, baña 1855 arte gaurko faroa bukatu ez arren, Urgull-Gazteluaren atzealdean jarri zuten Txubillo'koaren ordezkaria, ta antxe zegoen gure urte onetan ere.
Garrantzi aundixka zizuten Donostiako kaiak, eta oso maiz etortzen ziran bertara Puerto Rico ta Cuba'tiko ontziak, akeita ta alakoak zekazkitela.
Au zan Donostia gutxi gora bera; eta Antiguari legez zor zaion itzala gordetzen zioten oraindik orduko «landerrak».
Eta zeri dagokala orrenbeste errespetu?
Egiazki esaten da joanak-joan. Nor gogoratzen da gaur 1597 urtean jasandako izurrite ikaragarriaz? Nork dakike gaur, Donostiako jaien bidez, ilbeltzaren emeretzia barur-eguna izan dela urte askoz donostiarrentzat? Nor oroitzen da orduko erabakiez?
Ala delarik ere, eta ala bear, Donostiaren ernemiña Antigua izan dela esan bear dizuet; eta, ain zuzen ere, ortik datozkiola «Antiguo» izena ta Sebastian Deunaren babespea.
1829an bizirik bide-zegoen nolerebait izurritearen oroitzapen beltza; eta, oitura zarrari jarraituz, urte askotan ospatutakoa ospatu egin zuten artan ere. Bañan Donosti-berria zaarra menperatzen asia zan, eta arrezkero etzuen Antiguak jasoko Udaletxe'ko itzal-agurra.
1829an, bada, burutza edo nagusitasuna galdu genuen antigutarrok...
... ... ... ... ... ... ... ... ... ... ... ... ... ... ... ... ... ... ... ...
Egunak yoan da egunak yin, ilbeltzaren emeretzigarrena eldu zan.
Barur egin bear zala esan dugu. Iruñe'ko Gotzaiarekin ala itundurik, eta oituraren arauera jokatu zuten askok. Bañan banaka batzuek asi ziran bear ez bezela Donostiako bezpera ospatzen, eta oturuntza ederrak antolatu ondoren, kalera atera ziran giro otzaren bildur gabe, ta ikaragarrizko zalaparta ateratzen zutela.
Gautxori aiek etzuten oraindik asmatu ta osatu benetako tanborradarik; bañan txerbel eta mozkor aietxek, zaliak eta platerak eskuetan zeramazkitela, geroko tanborrada ta Donosti berria sortu zituzten.
«Kaskariñak» eta «Joxemaritarrak» tanborradakin batera jaio zirala dirudi. Zezen-suzkoak, soka-muturrak eta iriarenak zaarrak ba ziran Donostia'n, tanborradak ez ordea. Urte auetako ume dugu: «Koxkero»en lenengo ekarria nunbait.
Tanborradaren jatorria ez da bada-ezbadakoa. Bateko, barur-oitura galtzen zijoala esan dugu len, egunsentiko soka-muturrak indartzen ari ziralarik. Eta besteko, Frantzi'ko soldadu apañak beti arroputz eta martxetarako prest ainbeste urtez ikusirik, irainka asi zitzaizkien donostiarrak eztenka alaiean, eta gure umore onari dagokion legez. Orra tanborrada arrigarriaren bi erroak.
Zeñek pentsa zezakean bezpera otz artan, geroko jai sonatua ozitzen zala? Galduta zuten etorkizuna egunaren barur-legeak...
Antiguan, berriz, etziran berritze berri oiek ezertan ere nabaitzen: Irutxulo'ko auzo zaarra zegoen oraindik. Tokitan Antigua! Gaur Lasarte-edo bezin urruti zan...
Eta, jakin ere, deus gutxi jakin diteke orduko Antigu koxkor artaz.
«Argiko»ko magalean aspaldian izandako arrantzale-kaitxoaz agureak bakarrik gogoratzen ziran pittin bat; eta aurrakin itzegiten zutenean, erdi txantxetan agian, Arribisketa-barratik Santa Clara ugartera, oñez joan zitekeala esan omen zieten, umeak argiturik uzten zituztela.
Dana dala, mariñelen erritxoa genuen Antigua. Marigora zanean, eta ondorengo au erraz egizta diteke orain bertan, Ibaeta ta Igara'raño sartzen zan itsasoa; ta gaurko Antigu osoa urez beterik zegoenean, burnizko konportak itxi-ta, aintzira bare moduan geratzen zan «Konporta» ta «Benta-Berri» deritzagun aldea, txanelak ibilli ere zitezkeala uraren gañetik.
Konporta aien ondakiñak ortxe zenituzten oraintsu, ta neronek ikusi ditut.
Au dela ta, burni-olarik ez ba zegoen Antigua'n, batelak eta ontziskak egiteko ontzitegiak baziran ordea, eta erruz. Gaurtxe, izen argigarri batzuek arki ditzazkegu: «Txalupagillene» dugu baserri bat; eta «Portu-Etxe» arunzko aldean.
1829an etzegoen Loreton tunel-zulorik, eta Antigu'tik Donosti'ra joateko elizaren ondotik zan Frantzi'rako kamiñua.
Oso zaarra zan Antigu'ko parroki au, bañan alaz ere politta: aldare bakarra ta ojiva-arkuak zituen, eta aundi xamarra zan auzoarentzat. Urtetsu izan arren, arrunt dotore omen zirauten bere arlandu oriak.
Eta onen aldamenean, itsatsita, Loreto-komentu famatua. Alfonso Idiakezek eraiki zuena. Bertan bizi izan zan aspaldi donostiar monja ausarta bat: Kataliña Erauso.
Auek ziran Antigu'ko etxerik ederren eta ikusgarrienak, eta auzoari antziñatasun-kutsuren bat ematen ziotenak. Zoritxarrez, andik urte gutxi barru, zearo ondatuko ziran biak karlista-gerratea bide izanik.
Errege-Jauregia dugu gaur beren tokian, eta «Loreto-pe» euskal izen jatorraren ordez «Pico del Lorito» erdal aldakera nardagarria.
Arira itzuliz, Ilbeltzaren ogei artan egun zoragarria ikusi omen zuen Donostia'k, naiz-eta ozkirri xamarra. Goizetik asi ziran karrasiak eta tronpetak, eta Gaztelurako-bidean eta Zubigain-kalean joan-etorri bizia zegoen, soldaduak gora ta bera zebiltzala.
Eta oitura gordegarria ikusteko zorian gaude.
«Baxo» aldera begira-ta zirgillu-ontzitxo batean bandera bat jarri dute. Geroko festa antolatzen asi dira, beraz.
Bitartean, ozte ugaria bildu da San Bizente'ra. Ura ikustekoa! An dituzute danak: erriko andiak, andikiak eta andi-gurakoak. Ara Gazteluko Gobernadorea, bere apaingarri ta domiña guziakin, erriko Alkatearekin berriketan ara ere Udaletxeko uri-batzar osoa, Gabidunak eta zibillak, agintari guzi-guziak, apaizak eta prailleak... An dago ere Gaztelu'tik jetxitako soldadu-talde bat, galaz jantzia...
Gurutze bat aurretik eta Sebastian Martiriaren erlikiak arturik, atera egiten da multzoa, geldiro ta illun xamar aspaldiko oiturari jarraiki. Ixil-ixillik pasatzen ikusten ditu jendeak San Juan eta Putzu kaleetatik. Eta geroxeago ezkerretara jota, «Puerta de Tierra» delakotik zelaiera irtenik, Antigua'runtz abiatzen dira gure erromes jatorrak. Gaur Concha deritzagun playan barrena dijoaz Loreto'raño, eta andik pixkat igo ta gero, Antigu'ko eliza zaarrean sartzen dira, meza ta oiko eskeintzak ematera.
Andik itzultzerakoan, Loreto'ko belardi goxoan geratzen dira gazteak, ots, ondarreta ondoan, txistua ta danboliña arratsaldean izango bai-dizute. Eta besteak uriruntz abiatzen dira.
Bandera-tiroa asten da une ortan, eta Urgull'etiko kañoiei sua bide-dariote. Artezkarrean diardute soldaduak, eta banderan jotzen duenak erregalo bat jasotzen du gero Alkate jaunaren eskuetatik.
Oso militarra deritzagu noski joko oneri; bañan Donostia gudatoki berezia zala ez dugu aztu bear...
... ... ... ... ... ... ... ... ... ... ... ... ... ... ... ... ... ... ... ...
Eta era ortara ospatu zan gutxi gora-bera 1829ko Donosti-eguna.
Donostia'ko Udala etzan geiagotan Antigura joango, eta oitura polit ori betirako galduko zan. Ba al dago gaur Antiguarekiko ikustaldi onetaz gogoratzen denik? Nik beintzat ez dut ezagutu.
Tanborrada jaio ta Antigu'ko ikertaldia il egin urte artan...
... ... ... ... ... ... ... ... ... ... ... ... ... ... ... ... ... ... ... ...
Ala gertatzen da danakin, eta ala gertatuko ere mundua deño.
Denborak ez du iñor eta ezer barkatzen.
Zer egin ote zuen gaizki, esate baterako, «Puerta de Tierra»ren gañean leoi arroxko urdiñak, bere sona zabaldua txoil galtzeko?
Urte askotan izan zan au ere Donostiako bandera bezelakoa: ate nagusi artako apaingarri, sartu ta ateratzen ziran donostiarren zelatari, arresiko iturri bakarraren zaindari...
Gaur, ordea, zer zaintzen du gizajoak? Txantxetan arturik-edo, marroiez margotu dute, ta antziñako donostiarrak berak piztuko ba lira, ez luteke bere ortan ezagutuko.
Donostia nola txartu den ikusi ez dezan agian, ez dute toki gallenean jarri. Baldin bere... Gauza askori buruz itzegin al ba leza zokoratu onek...
Ez, alere. Lasala-enparantzatxoan duzute, bakar-bakarrik, Donostia zaarraren azken lekuko gisa.
Eta au beintzat ba lekite donostiarrak. Bañan ezta berau ere.
Gaur edozeñek ikusten duenean, onela mintzatzen omen zaio: «Zer arraio egiten duk ik or, leoitxu kaxkar orrek?» Ta Avenida'rako bideari darraio besterik gabe...
(1956)
© Txillardegi