PIARRES GAIXOAREN PASADIZOAK
Txillardegi

Kosmodromo
(ipuin bilduma)
Haranburu, 1984

 

(1958)

 

         Gaizki samar zebilen Piarres bolada hartan; beti eskas, beti erixka... Horrengatik, ohean zegoelako fama etxez etxe barreiatu zenean, inor ez zen gehiegi harritu; bistan baitzen bere herbaltzea. Eta «Piarres gaixorik zegok» entzutean, askok esan zioten elkarri: «Oheratu beharra ez duk harrigarriena, orain arte horrek beheraka ikaragarri hartan irautea baizik.» Arrazoi zuten: hiru urte hartan behera eta behera, geroz eta ahulago eta makalago ibiltzen zen gure Piarres errukigarria.

         Ohean zegoen bada eta zer eman zioten sendagarri? Ikusiko duzu, irakurle. Gerta zaitez.

         Hasi zen lehenbizi Kepa bere laguna Piarresen eritasuna sendatzekotan. Eta bertsoak egiten ari zen jai eta haste, bertso ilunak alegia, bertso zirraragarriak, entzuleen bihotza estutu eta erdiratu egiten duten horietakoak... «Ai, Piarres bihotzekoa! Gaixorik zu, nire gaztetako adiskide hori», eta abar. Eta horrela, kantari, behin eta berriz azaltzen zuen Piarres gizajoaren zorigaitza.

         Baina, noski, geroz eta okerrago zihoan Piarres...

         Jakin zuen Mattinek ere Piarresen eritasunaren berri. Eta hark ere, ikustez bakarrik ezagutu arren, aurkitu zuen beste sendabide harrigarri bat.

         Inork ere nola asmatu zuen ez zekiela, hasi zen toki guztietan esaten Piarresek hetika zuela, hots, birikak zituela eri. Eta horrelako eta horrelako erremedioak zegozkiola. Eta agindu bat eman zion Piarresi, hau esanaz: «Piarres: Hik ez nauk ni ezagutzen. Baina zehatz zekiat nik zer duan. Hetikaz hago hi, ez dudarik izan.» Eta, ondoren, «hau eta hau eta hau egin behar duk» esan zion.

         Eta egin ere zuen Piarresek, Mattinek esan bezalaxe. Baina hargatik ere ez zen sendatu. Aitzitik, okerrago jarri zela esan dezakegu.

         Piarresek bazituen etsaiak ere. Eta hauetako batek, Rikardo zeritzonak, jakin zuen Piarres gaixorik zegoela. Eta poztu egin zen. Ez poztu bakarrik; kontsejuak eta iritziak ematen hasi baitzitzaion. Eta esan zion: «Hik minbizia duk. Jai duk edozertan saiatzea. Hireak egin dik.» Eta herrikideei esaten zien: «Honekin ez zegok ezer egiterik. Hau bazoak. Hobe diagu, hortaz, ehortzeta dotore bat gertatu, handikiak eta puntuzkoak hartara deituz; eta utz dezagun Piarres bakean hiltzera.»

         Eta askok aintzakotzat hartu zuten Rikardoren iritzia.

         Eta, bitartean, geroz eta okerrago zihoan Piarres gizajoa...

         Eta bazegoen herri hartan marinel famatu bat, Mari, itsasoko gorabeheratan oso jakintsua. Eta joan zen Piarresen etxera. Eta gaixoari begiratu arin bat emanik, hau esan zuen: «Honek ez dik ezer, buruan ezpada. Tema bat sartu zaiok honi kaskoan, seta huts bat. Sendatzeko ibiltzea komeni zaiok. Ohean etzanda segitzen badu, kito.»

         Sekulako ibilaldiak egin zituen Piarresek, eta... hainbat okerrago. Erruz ematen zioten jaten, baina alperrik. Egurastu, ondo jan, hobeto edan. Dena alperrik. Piarresen temak ez ziren Marik uste bezain azkar itzaltzen.

         Joan zitzaion orduan Joxe. Eta, gauzaren harrigarria: Piarres zegoen gelara sartu beharrean, aldamenekora joan zen. Eta atea maratilaz itxirik, barruan gelditu zen ordu batzuez; eta ateratzean, goratik esan zuen poza zeriola: «Badakit, badakit zer duen. Hezueria du, hezueria, hezueria!». Eta Piarresen gelan sartu zen, eta galderak egiten hasi zitzaion. Ondo samar bide zihoazen gauzak. Baina bat-batean, keinu bat egin zuen Kepak, eta muzindu egin zen; zeharo haserretu geroxeago, eta azkeneko, sartzean baino goragotik esan zuen: «Hau gaizki dago. Zuk horrelako eta horrelako seinaleak eta aieruak izan beharko zenituzke hezueria izateko. Eta, halarik ere, ez dakuskit. Nik aldameneko gelan, alabaina, hori ikusi dut neure burua aztertuz: hezueria duzula. Hots, zeuk ikusiko. Hezueria duzu zuk. Bost axola niri, hortaz, zure sintomak eta zure esanak. Zuk hezueria duzu!»

         Gaizkiago jarri zen Piarres, esan beharrik ez dago.

         Ez hori bakarrik. Istilu ikaragarriak sortzen ziren herri hartan. Piarresen eritasuna zela-eta sesio zaratatsuak, kolpatzeak, eztabaida eroak, eguneroko gertaera ziren. Jendea, gainera, bere iritzietan finkatu zen, tematu zen. Eta batzuk «hezueri-zale» ziren, eta beste batzuk berriz «hetika-zale». Baina norainokoak!

         Mikaztu egin zen jendea, izugarri samindu arte. Herri hartan ez zegoen gorrotoa besterik. Ahaztu ere ziren, nire ustez, Piarres gizajoaz. Inor ez zebilen Piarresen alde. Denak, hau bai, elkarren kontra.

         Eta hau gogorra zen, itsusi eta atsekabea batez ere. Hots bakeak egin behar ziren. «Gozaiturri»k zioen bezala ez zen zer haserreturik: lehia guztiak onak ziren. Bere hitzak berak erabiliz «bide asko dira gure Piarres indartzeko, eta ez gaitezen horren hertsiak izan gure iritzietan. Joera guztiak, borondate onez lan egin ezkero, Piarres jasotzeko onak izango dira.»

         Eta Piarres geroz eta okerrago, noski... Ikustekoa zen bere bizimoldea. Egun batean asko jaten zuen, hurrengoan ezer ez; gaur ohean, bihar mendizale; asteazkenean legatza, ostegunean barau... Gizajoa.

         Gauzak horretan zeudela, lau miriku jakintsuk jakin zuten Piarresen ondikoa. Eta horrengana etorrita, zalaparta bizia aurkitu zuten: «Honek hezueria dik... onek hetika dik... hau burutik egina zegok, besterik ez... hobe likek hau eta hura egin balu...». Hura bai liskarra. Eta delako «Gozaiturri» hark behin eta berriz: «Ez gaitezen horren hertsiak izan gure iritzietan. Joera guztiak, borondate onez lan egin ezkero, Piarres jasotzeko onak izango dira...»

         Haien ikara. Zigor bana hartu zuten lau atxeterrek, eta besterik gabe, hasi ziren jo eta hautsi, ziotelarik: «Alde hemendik, erook. Zeuok gaizkitu duzue gaixo hau, ez eritasunak. Zeuon astakeria da bere oinazeen gakoa.» Eta eginahaletan bota zituzten etxe hartatik.

         Eta ateak itxita, hasi ziren laurak gaixoaren eritasuna aztertzen: Odol-ikertze, gorputz guztiko erradiografia, elektrokardiograma, elektroentzefalograma, gernu-ikertze... Nik dakita? Hamaika galdera egin zioten bere haurtzaroaz eta gaztaroaz, eta horrela, mia eta ikus, hiru egun pasatu zituzten.

         Eta, honatx jakingarriena: nork bere aldetik datuak ikertuta, laurek berbera erabaki zuten: «Gibela du eri Piarresek. Ez da horren gauza larria. Zestoara joatea dauka.» Eritasun berbera aurkitu zuten laurek, bai; eta erremedio berbera: Zestoara joatea.

         Zestoara joan zen bada, Piarres, eta onduz zihoan lehenengo egunetik beretik.

 

1958, Donostia

 

PIARRES GAIXOAREN PASADIZOAK
Txillardegi

Kosmodromo
(ipuin bilduma)
Haranburu, 1984