UNAMUNO ERAGILLE

 

(1957-III-28)

 

        Bildurtuta egoteko bezelakoa da artu dedan gaia: Unamuno eragille. Zertaz itzegin nik, eta Unamuno'ri buruz. Unamuno'z eta gaur, kondenatu berria dalarik. Au gaia nerea!

        Eta, alaz ere, emen nauzute ni, gertu, Unamuno eragilleak berak eraginda. Itzegin egingo luke berak nere egoeran, eta orixe egingo nik.

        Eta euskaldun berriekiko Unamuno bezin eragille ba nintz ni, pozik geldituko nintzake.

        Ia ba euskaldun berriak ausartzen diran. Eta berdin esaten dizuet gazte guzioi.

        Baña nere arloan bete-betean sartu baño leenago, gauza bat esan bear Unamuno euskaldunaz. Bestela, uts aundi bat egingo nuke; eta aipatu bearrean nago. Badakizute dagoeneko nundik nora noan: euskera gorroto izan zuen Unamuno'k. Bai jaunak: gorroto da itza, naiz-eta asko estutzen ba gaitu ere euskaldun aundi batek ala jokatu zuela aitortu bearrak.

        Eta berak zuen kategoria izanda, bi aldetatik galdu genuen euskaltzaleok: gure izkuntzaren alde egin zezakeana egin etzuelako batetik; eta euskeraren aurka egin zituen alegiñakatik bestetik. Idazle bikaña izan zanak etzigun euskeraz ezer utzi, olerkitxo batzuek baizik. Unamuno galdu genuen euskerarekiko, Baroja galde degun bezela; eta erderaz egin zuen lanari begiratuta, miña degu biotzean gure izkuntzaren beraka sentitzen dugunok. Nai izan ba lu, zer etzuan egingo bilbotar ospatsuak? Erdal-literatura landu ta aberatsean bera dan bezin aipagarria izanik, zer mallatakoa izango zan gurean? Piztu egin zezakean Unamuno'k gure izkera, ta etzuen alere deus egin bere alde: asko ordea zanpatzeko. Orduko euskera etzan gauza jakintzako gaiek jarduteko; ta au zala-ta, euskera gaitu ta eraberritu bearrean, baztertu egin zuen.

        Etzan, ez, ixildu. Bere eragin eta indar guziez idatzi zuen euskeraren kontra; bere lan guzietan sakabanatuta ditugu iskirioak eta irañak. Eta bere jarraille asko bide galgarri onetatik abiarazi zituela, nola ukatu? Kalte egin zigun beraz bere jokabideak; baña kalte aundiagoa utzi digute euskerari buruzko bere lanak, euskal idazle asko okertu bai-dituzte.

        Au guzia tristea izanda ere, tristagarriago zaigu gaztetango bere jokaera jakitean.

        Unamuno Bilbo'n jaio zanean euskeraz etzan an pitin bat baizik mintzatzen. Aro artan banaka batzuek kenduta gañerako guziak erdaldunak ziran; baita gure Unamuno ere.

        Eta zer egin zuen? Euskeraz ikasi. Euskaldun berria degu ba Unamuno. Ta edozein izkuntza ikasi duenak ondo daki artarako bear dan adorea.

        Euskera maite izan zuen Unamuno'k, arek berak liburuetan esaten duen bezela. «Milla Olerki Eder» liburuan agertu da bere lanen bat. Ez nuke nik esango oso ona danik, ez; baña euskaldun berri batek egiñak dira, ta gauza bat erakusten dutelako aipatzen ditut emen: euskera maite izan zuala, ain zuzen.

        Ez ori bakarrik. Geiago ere egin zuen Unamuno'k: euskeraz jabetu zan, eta 1886 urtean Diputazioko Euskal-Katadera eskeñi zanean, Unamuno joan zan azterketara. Ta irabazi etzuela jakiteak ez du ezer adierazten, Azkue'k kendu baitzion dalakoa.

        Unamuno ba euskaltzale izan zan gaztetan. Eta nola aldatu zan gero ainbesteraño? Ez dakit nik osotoro. Baña zio bat aipatu bearra dago: Madrid'era joan bear izan zuen karrera ikastera, ta egonaldi onek eragin zion ez gutxi, arek berak aitortzen zuen bezela. Kanpora aldegin bear izan zuelako, ta au, egia esan, emen Unibersidaderik ez genuelako gertatu zan. Lortuko aal degu aurki!

        Eta Unamuno euskaldunaz oar ori esanda, igaro gaitezen Unamuno eragillearengana. Ots, goazen arira.

        Danok dakizute noski, Unamuno'ren bi libururekin gertatu dana: irakurri ezin ditezken liburuetako «Indize»an sartu dituztela. Nola ori?

        Arritu egin dira asko. Indizean Unamuno! Bearbada emengo batzuek etzekiten; bañan orain dala urte gutxi istillu gorria sortu zan Unamuno'rekin. Santu egin nai zuten Unamunozaleak, eta artikuluak ere idatzi ziran erruz au lortzeko. Beren ustez erlijiozko kezka larria izan zuen Unamuno'k, santuak izan zuten bezin bizia, ta bere santutasuna ospa zedilla eskatzen zuten.

        Orain, berriz, herejien zerrendan sartuta, zer pentsatuko? Nola ulertu diteke aurkatasun au?

        Baña Unamuno'ren liburuak ezagutzen zituena, ez da arritu. Iritzi ta aburu guziak arkitu ditezke beretan; une batean gauza baten alde ba dago, kontra jarri da geroxeago.

        Auxe esaten zioten sarri bere kontra zeuden askok: artikulu batean edozein joera defenditu ondoren, aurka jartzen zala urrengoan. Unamunok alere, etzuen onetzaz jaramon aundirik egiten, ez baitzitzaion ardura bere buruaren aurka betbetan biurtzea.

        Onengatik, Unamuno'ren idaz-lana zatika aztertzen ba da, fraseka esaterako, eroren batena ematen du. Ez bide-dago argan joerarik. Bañan erabat artuta, garbi nabarmentzen da eriotzaren larrimiñ etsia duela aritzat.

        Une batean santu dirudi; ta ondorengoan, edozertarako segurantzia ezabatuta duela, biraua dario.

        Ukatu egiten da askotan.

        Gañerantzean, izaeraz zetorkion nunbait joera au. Baña tinkatu egin zan gero bere pentsakeragatik. Paradoja maite zuen, eta au zitzaion argi-iturri bakarra: «Oi danez nabarmendu ez dan egia bat agertzen du paradojak», esan oi zuen. Eta beste batean: «Zentzu onaren lelakeri ta txepelkeriak sendatzeko, paradoja bezelako sendagairik ez dago».

        Kierkegaard'en eragiña agertzen zuen onetan. Eta orrela, bere aiurria eta pentsakera egokiturik, finkatu egin zan Unamuno lojika gutxikoa, ta bere kontradizio edo aurkatasunak ugaritu.

        Alere, ezin uka, herejea degu Unamuno. «Del Sentimiento Trágico de la Vida» liburuan garbi agertzen da bere okerra: egia arkitzeko almena ukatzen dio pentsamenari, ta sentimen utsaren bidetik abiatzen da. Au modernismo utsa da, ta herejia au elizak bereziki ezetsi zuen ezkero, ez nau batere arritu Unamuno bera ezesteak.

        Unamuno herejea degun aldetik, ba, «Indize»an sartzea ez da arritzekoa. Baña, esan degu leen, toki batzuetan kristau zintzoa dirudi Unamuno'k, kezka bizia erakusten du danean, eta auxe da noski bera kanonizatzeko bide eman zuena.

        Onela dala-ta Unamuno'k ain bereziki maite zuena arkitzen da bere nortasunean: paradoja bat. Bere buruaren aurka dagoela pentsa liteke. Sarri zion berak: «Unamunozaleen partidu bat sortzen ba da, neu izango naiz bere lenbiziko etsaia». Mundu guziaren kontra zegoen, beti ari zan aldatzen, eta onengatik arki diteke bere lanetan gauza berari buruz alde ta aurka, goraka ta beraka.

        Kierkegaard aipatu degu leen, eta bere «anaia Kierkegaard» berriz aipatu bearrean gaude. Onengatixe ikasi zuen danemarkeraz, eta gutxik bezela bere «anaia» orren filosofia ezagutu. Esistentzialismoa zer zan emen iñor etzekielarik, Dinamarka'ko izkuntza ikasi zuen Unamuno'k, arek eraginda, ta aurrenik ezagutarazi zigun gero famatua izango zan Sören Kierkegaard. Bai jaunak: esistentzialista goiztarra degu Unamuno, esistentzialista aparta, primerakoa, Aita Sciacca'k ari buruz esan zuena gogoraziko dizuet: «Unamuno ta Kierkegaard dira esistentzialismoaren aintzindariak».

        Alere, Unamuno'k etzuen bizar zikin narratxik, ezta orrelako itxurarik. Ez uste izan... Egiazko esistentzialista degu. Eta egiazko esistentzialismo au igaro ez baña geure giarra dala uste det nik. Onengatik bizirik dago gugan Unamuno, eta bizirik dirauelako sartu dituzte Indizean bere «Del Sentimiento Trágico» ta «La Agonía del Cristianismo». Oraindik asko irakurtzen diralako, oraindik ere eragin aundia izan dezatekelako.

        Zirikatu egin nai zuen aurrenik Unamuno'k, gero pentsarazteko; ta onengatik ari da eten gabe irakurlea zula ta zula. Arek berak zion: «Jendea su ta gar jartzea kontzientziaren betebearra izan diteke». Ta «erein egin bear dira gizonagan zalantza-biiak, kezka-miñak, baita etsipenekoak ere —Bai noski! Zergatik ez? Etsipenekoak ere bai! —eta ori dala-ta zoriona esaten dana galtzen ba da (eta zoriona iñundik ere ez dana, noski) ez da ezer galdu».

        Kezkatu egin nai du. Eta, berak zuen luma trebea izanda, geienetan iguratzen du. Marias'en ustez «egundoko eragiña du zirikatzen»; eta beste batean esan du bi zatitan zatitu ditezkela España'ko gazteak: Unamuno'ri irakurri diotenak, eta Unamuno'renik ezer irakurri ez dutenak. Eta egia da, nere ustez beiñopein.

        Nazka ematen dio Unamuno'ri kezkak eta gertaerak solasgaitzat artzeak: «Munduan gertatzen dan ia guzia izketa-gaia besterik ez da askorentzako».

        Unamuno'rentzat ordea, kezkabide gogorra da dena, ta larrimiñik gabe nola bizi ote diteken ez du entenditzen. Zertarako gaude munduan? Zertarako jaio gera? Zertarako? Pentsatu egin dezakegu, miña sentitzen degu, zorion-egarriak zulatzen gaitu, ta galdetzen du: «Zer dala-ta? Zerbait adierazten du onek guziak». Bost ajola zaio Unamuno'ri jakitea bera: gizona zertarako dan ez ba dakigu, ez dakigu ezer. Gizonarena ez beste danak sasijakintzak dira beretzat: «Izpiritua azitzeko... Ez! Jakiteko jakin! Egiagatik egia! Ori ez da gizonezkoa». Eta geroxeago: «"Zertarako" bat billatu bear».

        Jakite utsak, esan degu, iguin ematen dio. Orobat ere metaphisikak; eta onetan Gide'kin bat dator. Gizonaren auzia argitu nai du, ez besterik. Besteak ez dira, izan ere, benetako auziak. «Nundik nator ni? Bizi naizen mundua nundik dator? Azi nauen mundua nundik? Eta nora noa ni? Inguratzen nauen guzia nora ote? Zer adierazten du onek? Elikatzeko bere bear aberekoietatik jareginda, auek dira gizonaren galderak. Eta, ondo begiratuki, galdera oien muiñean, gogo aundiagoa ikusiko degu «zertarakoa» ezagutzeko, 'zergaitik' bat jakiteko bako. «Ez degu karia bear, xedea baizik».

        Gizonaren betekizunak larritzen du Unamuno, ta gizonari dagokion eran argitu nai du: «Ezur aragizko gizona da filosofoa, ta bera bezelako ezur aragizko gizonei aiertzen da. Nolanai ere, borondateaz filosofatzen du, sentimenaz, ezur aragiaz, arima ta gorputz osoaz, eta ez gogamenaz bakarrik».

        Gizontasuna dario Unamuno'ri, berak erderaz «hombredad» esango lukena. Gizona da albo guzietatik, gizonak sentitzen dituen kezkabide ta katramillak dira bere izkribuetako mamia, ta gizontasun orretxek unkitzen gaitu. Benitez de Castro'ren ustez, «Europak ez du izan eun urtetan Unamuno bezelako gizonik».

        Gizon osoa degu. Orregatik kezkati. Kezkak eragiten dio: kezkatan dabil, kezkatan bizi da, kezka gorrian iltzen da, kezka baten ildoa da bere bizitza.

        Badaki Unamunok eriotzak mugatzen duela, ta ilbearrak astintzen du. Ta Salamanca'ko zelai paketsu zabaletara joaten danean eriotzaz pentsatzen du, eriotzaren idea dauka lagun, bañan alperrik billatzen du osertzean. Noizpait bukatu bear, bearbada Argia arkitzeke amaitu bear... Beti bizi nai du, beti bizi bear du. Noiznai betirako il ditekelako zalantzak larrimin betean dauka. «Ni mamitzen nauen gorputz au ilda —neure bururaekin ez nastutzeko «nerea» deitzen dedan orixe— ezerrezera biurtzen ba naiz, eta nere anaia guziei alaber gertatzen ba zaie berenakin, mamu-illara beltza besterik ez da gure giza-leñu au, eta ezerrezetik ezerezera goaz». Eta, beste batean: «Mendi bare berdea betestean, edo nere arimaren beste aizpa bat begi argietatik so egiten duela ikustean, biotza zabaltzen zait, arimaren taupada sentitzen det, eta bizi-giroaz ezaturik, nere etorkizunean siñisten det; baña, berealaxe, ezkutuaren abotsak susmur: 'Akabatu egingo aiz!', eta eriotzaren aingeruak egoaz ikutzen dit».

        Ez dauka lasaitzerik. Billaka asten da, ta ez du arkitzen. Gogamenak ez dio laguntzen, ez baitu berak ildakoaz besterik ulertzen. Eta gizonak bizi nai duen ezkero nola lagundu dizaioke pentsamenak? «Illa billatzen du pentsamenak, biziak iges egiten dio-ta»... «Zerbait ulertzeko, il egin bear du aurrenik, pentsamenean gogortu bear du».

        Nola urratuko ba buruak gizonaren auzia? Bizitzaren etsai amorratua da pentsamena, ta eriotza bear du. Orregatik, bere bideetan aurrera sartuta zer arkitzen du Unamuno'k? Itxarokizunik dagoela. «Gogamenak, gizonaren pentsamenak, bere neurrian eta eran ba da ere, arima illezkorra danik ez du probatzen ezta denboretan kontzientzia edo oarmena ondatu-eziña danik ere; kontzientzia onek gorputzeko eriotzaren ondoan irauterik ez daukala baizik. Beti esana det, bere neurrian».

        Etsipen gorriak iñarrosten du ba: «Gauza edozein tokitatik ikusita, beti jartzen da burua gure illezkortasun-irrikaren aurka ta ukatu egiten digu. Izan ere, bizitzaren arerioa da-ta pentsamena.»

        Orra auzia: ez iltzeko esaten dio biotzak gau ta egun, bañan ez dakus biderik. Eta onetara ezkero, larrimiñetik irtetzeko Herejiaren bidetik egiten du: «Fedea ez da pentsamenetik datorren gauza, naimenetikoa baizik. Siñistu nai izatea da siñistea, ta Jainkoa siñistu batez ere, eta guziaren gañetik, Jainkoa dedilla nai izatea. Orrela animaren illezkortasuna siñistea, illezkor dedilla nai izatea da; alabaña, ain gogor nai izan bear da, pentsamena zanpatu-ta bere gañetik pasa bear duela nai onek».

        Eta zergaitik au guzia?

        Biziak eskatzen duelako, biotz irrikak eskatzen duelako; ta eskatze au da biziaren mamia, ta ez arrazoia edo pentsamena. «Zuk, Spinozak, eta irurok ez degu beñere il nai, eta beñere ez iltzeko irrits auxe da gaurko gure izana». Baztertu egiten du arrazoia, ta ezertarako balio ez duela esaten du bein eta berriz. Jainkoaganaño iristeko gauza ez da, bere ustez. Ona herejia.

        Bañan bere arima muñean bertan dauka Unamuno'k biotz ikara. Betiraka ilko ba-gera, zertarako dana? Zertarako? Biotzak eskatu, ta buruak ezin eman. Ez al da au al dank eta ikaragarriena?

        Noizpait bukatzeko gogaiak ba zearo larritzen du. Baña beti betirako bizitzeko ideak ere ez gutxiago; ta Kierkegaard'ekin dio: «Noizpait ilbearra izugarria ba-da ere, are izugarriagoa litzake beñere ez iltzea». Ez du gelditu nai ez du iritxi nai, ez du pakerik nai, ez du gelditasunarik nai. Eta bildurtuta ojuka: «Etzazue il denbora! Oroitzapen biurtzen ari da eten gabe gure biziera. Itxaropena da ta itxaropidea sortzen du. Utz gaitzazue bizitzen! Betikotasuna, betirako oraintasuna, oroitzapen eta itxarokizunik gabe, eriotza bera da.»

        Entzun dagiogun berriz: «Miñak oro itzaltzen ba-dira, baita alik garbien eta gogozkoenak ere, arrenkura guziak suntzitzen dadira, zerk biziarazen ditu doatsuak? Jainkoagatik sufritzen ez ba dute, nola maite dezateke? Eta an lorian bertan ere, piskanaka ta geroz ta bertagorik Jainkoa ba-dakusate, beti guztiz iritxi gabe, ezagukizinik ez ba-dute, irrikakizunik ez ba-dute, zalantzakondarrik ere gelditu ez ba-zaie, nola ez dira loakartzen?»

        Ez du iñora iritxi nai; bildur da eltzeko. Ta bere filosofian alaxe gertatu zitzaion: irrika bizian idatzi zuela bizitza osoan zear, bañan elburua beñere atxiki gabe. Ba-zion berak: «Borroka da garrantzia duena ta ez garaipena».

        Batzuen ustez, alere, zaratazalea zan Unamuno ta orregatixe arrotzen zituen bere larrimiñ eta biotz ikarak, ain larri sentitu ez arren.

        Ez naiz ni oien aburukide. Gauza bat siñisten edo sentitzen ez danean, aixa azaltzen da sasikeria ta ondoretan agertzen da batez ere argi ta garbi. Onengatik esaten zuen Goethe'k sentitze berean idatzi bear dala, ta berak beti egin zuela orrela. Ta Unamunorekin orixe gertatu da. Eragin ikaragarria izan du gazteen artean aspaldidanik, eta orain ere ba-du asko, ta zerbaitengaitik gertatu da au.

        Gañera sentitu gabe esan al diteke: «Bizitza egian eta egia bizitzan billatzen da nere erlijioa, naiz-eta bizi naizeño arkituko ez dedala ba dakit ere; nere erlijioa izkutuarekin eten gabe ta nekaitz borrokatzea da; egunsentitik arratseraño Jainkoarekin borrokatzea da nere erlijioa, Jakob'ek bere aroan egin zuan bezela».

        Bi zio aipatuko ditut bere alde. Unamuno'k berak zion, etzala urrea berak ematen zuen sosaren balioa, bere eskutik zeraman beroa baizik. Eta, au aski ez ba-litz aski, Jimenez Ilundain bere adiskidearekin izandako eskutitzak agertzen du benetako kezka zuela.

        Bestetik ere, askotan gertatzen da, irakurle batek Unamunoren liburu bat artu-ta berak sentitzen zituan gauza asko liburuan ipiñiak arkitzea. Zer adierazten du onek? Gaurkotasuna dariola orain ere Unamuno'ren lanari. Guziok, bai zerok eta bai neronek ere, sarri sentitu ditugu bere larribideak; bearbada ez arek bezin biziro, baña sentitu bai. Oiartzun zaigu bere abotsa, ta erdibitu egiten gaitu. Zergaitik? Gezurrezkoa dalako? Ez orixe. Ondo egiazkoa dalako, guztiz gaurkoa dalako ain zuzen.

        Esistentzialista utsa dan ezkero, emen dezute Unamuno larrimin betean sartuta. Bañan larrimin ori baloratzen du, ta itxaropen-iturri biurtu nai du: «Oñazea da kontzientzirako bidea». Minak pentsarazten digu, berak jartzen gaitu bidean; ta atsegiñak gere burutik aldentzen ba gaitu, miñak biurtzen gaitu gure izanera.

        Eragin gogorra du Unamuno'k. Bere alde ala bere aurka jarri gaitezke, bañan ezin geldi iñor leen bezela: Maitatu egin bear da ala gorroto; beste amar liburu geiago irakurtzen dira ala ezta lerrorik bat ere. Ez dago erdian geratzerik: aurrera ala atzera jo bear, eta bertatik.

        Gañerakoan esistentzialista guziak bezelaxe, oiturakeritik ateratzen gaitu, irakurri-ala piztu egiten gera, beste mundu berri bat ikusita. Kalean ikusi ez degun zerbait arkitzen degu argan; Jainkoa, arima, ta bizi-bearraz elizetan entzun ez ditugun gauza sarkorrak irakurtzen ditugu. Agustin donea gogoratzen digu orain; Gide siñisgabea segittuan. Zer da txorabio au? Zer da berotasun kiskalgarri ura? Unamuno da. Nietzsche'k aña unkitzen du, Kierkegaard'ek aña iñarrosten du. Liriku sakona da. Olerkari da.

        Ondo daki au guzia «Del sentimiento Trágico» edo beste edozein saio irakurri duenak: minduta uzten du irakurlea. Gizona geiago da biotza, arrazoia baño. Ta Unamuno'k biotzari itzegiten dion ezkero, eragin bizia lortzen du.

        Emendik bere arriskua: eragille izugarria Unamuno. Emendik ere bere birtutea: eragille aparta Unamuno.

        Ni ez naiz iñor Moralari buruz itzegiteko, noski; ta alde orretatik ez det tutik esango. Bai ordea bere espirituzaletasunaz.

        Izpirituzale guzizkoa degu Unamuno. Gure giroa berriz, gaikoia. Futbola dala, dirua dala, negoziuak dirala... ez bide dago arimarik. Ez esan, arren, elizak beteta daudenik. Barkatu bañan ez dakit nik askotan zertarako joaten geran mezetara. Gaia bide-dago, ta ez besterik. Noiz entzun dezute zuek kalean Jainkoaz itzegiten? Mintzagaia bezela bai, bearbada, txolartea aixago pasatzeko agian; eta au ere, seguraski, ez asko askotan. Jainkoa, arima, biziaren adikizuna, ta abar, apaizak itz-egiteko arazo «espexalak» bide-dira. Ta ni neu ere, nu esateagatik, guziz arrigarri natzaizue guzioi. Ez da ala? Ta, zergaitik? Giro gaikoa baño gaikoagoa degulako, arima ta berari dagozkion arloak gure bizimodutik at daudelako, materialista gogorrak geralako.

        Unamuno ez ordea. Tai-gabe mintzatzen zaigu gure etorkizunaz, tai-gabe bizitzaz eta eriotzaz, tai-gabe gizonari dagozkion arloez. Beraz, gure giro txar onetan, jaso egiten gaitu, gu baño gorago bai dago. Ta alde onetatik, ezin uka dezake iñork oso oso egokia dala. Zuzpertu egiten digu biotza, piztu egiten gaitu, urduri utzita. Lozorro ta gezurraren bidez lortuko ba-da pakea, ez du ezertarako nai; ta sasi-pake au iltzeko asmotan dio: «Pakea! Pakea! Ala egiten dute korroka gure zingirako igel eta txalburu guziak».

        Ortaz, ondo dago Unamuno'ren liburu okerrak kondenatzea: onela, ba-daki irakurleak zer arriskutan sartu diteken irakurtzean, eta ba-dakike nora ez jo. Bañan, ori dala bide, bere liburu ta izkribu guziak baztertzea, jokaera kaltegarria irudituko litzaidake.

        Batzutan herejea degu Unamuno, bai. Baña, zer dira inguratzen gaituzten gaikoi amurratu oiek? Zer dira lagun-urkoarekiko maitasunaz arrastorik ez dakitenak? Ta beren etekiñei baizik begiratzen ez duten oiek? Zer dira? Herejeak baño kondenagarriagoak ez al dira kristautasunarentzat? Gaur berekoikeria nagusi dala-ta, zer ote da txarrago?

        «Españan ez dago herejerik —zion Unamunok— federik ez dagoelako». Eta ez aal da egia?

        Materialismoak josita gaude. Ta au galdetzen dizuet: Unamuno kaltegarri izan ba diteke, zer da gure giro gaikoi nazkagarri au?

        Unamuno ezagutu duenak ez dauka aaztutzerik, eta alde batera ala bestera jotzen du. Astindu egiten du, gogor, eta ez dago geroztik txatxukeritan ibiltzerik. Arima-gosea ixiotzen du, dirukeria ondatzen du, ta berari eskerrak arkitu degu askok gure burua.

        Eta, au esanda, eskierki agintzen dizuet au, kontutan ar dezazuten: naiago det nik Unamuno eragillea, bere akatsak eta guzti, sasi zentzudun biurri berekoi guziak baño.

 

 

 

© Txillardegi

 

 

"Txillardegi / Gertakarien lekuko" orrialde nagusia