Urt 28 15

Xabier Kintanaren astinduak

Behin batean (Kriselu, 1972) ipuin bildumak liburu gutxik bezala harrotu zuen gure intelligentsia zuhurraren arima minbera. Kritika gogorrak jaso zituen Xabier Kintanak, irainak ere bai, zintzotasun historikoa errespetatzen ez zuelako. Tituluak berak ordea, “Behin batean”, aski garbi gaztigatzen zuen barnekoa fikzioa zela oroz lehen. Bost ipuin leku eta kultura urrunetan kokatuak dira, bi Euskal Herrian. Biotako bat, Ukronia, egun EAE dukegun lurralde hipotetiko baten deskribapena da, EAJ izeneko alderdia eta euskara sabindarra nagusi, botere autoritarioaren jabe. Ez zioten barkatu Kintanari ez umorea, ez ausardia, ez fabulatzeko ahalmena. EAJz trufatzen zen! Traizioa! Euskaltzaindiaz ere bai! Eskandalua! Xabier Kintanaren ipuinok, besteak beste, munduaren eta gizakion hipokrisia dute jomuga, espantuzko kritikak, zeharbidez eta nahi gabe, agerian utzi zuen gisan. Haizeberritu ederra gure literatura txepelari.

Urt 17 15

Ayalderen mendeurrenez,
Ibar ixillean

Antonio Valverde Ayalde duela ehun urte jaio zen, 1915eko urtarrilaren 17an. Errenterian sortua erroak Irunen zeuzkan inprimatzaile familia batean, etxeko langintzari jarraitu zion Donostian, hainbat lan eder argitaratuz eta grafikagintzako artistak formatuz. Ayalde rara avis dugu Euskal Herrian: lantegiburua eta artista, burgesa eta kultua, margolaria eta idazlea. Herrimaitalea izaki, baitezpadakoa gertatu zitzaion euskara: ikasi, landu, idatzi… eta nortasun handiko obra moderno bat osatu zuen gure hizkuntzan, hala poesian nola artikulugintzan eta ipuingintzan, hil zen urtean bertan (1970) antolatu zuen Ibar ixillean bilduman dasta genezakeena. Prosalari-poeta eta margo-marrazkilari honen obraren omenaldi txiki gisa, bilduman apaingarri txertatu zituen irudiak ere ematen dizkizuegu.

Urt 14 15

Domingo Agirreren Ni eta ni

Euskal-Esnalea aldizkariak esklusiba gisa argitaratu zituelako dauzkagu eskura gaur Domingo Agirre “ohiturazko” nobelagile politikoaren Ni eta ni amaitubako nobelaren aurreneko bi kapituluak. Santi Onaindiaren arabera, hil aurretxoan erre zuen egileak berak burutua zeukan nobela hau. Ez dakigu zergatik. Bi atalok aditzera ematen dutenez, ezinezko edo galdutako maitasuna dateke gertakarien haria, gure Erdi Aro gatazkatsu hartan kokatua. Agirrerik Agirreena irakur genezake honakoan, anaforaz, pleonasmoz eta sinonimiaz beteriko deskripzioetan, pertsonaia nagusi eta azpikoen arteko kontrastean eta egilearen beraren fikzioaren erdiko presentzian irakurleon laguntzaile. Tamala da erre izana, gaur egun hain aparrean dabilen nobela historikoaren aurrekari zatekeen. Eta eredu, zenbaitentzat.

Urt 06 15

Gazteluren gaueko oihuak

Bigarrenez irabazi zuen Gazteluk Irun Saria Gauean oihu poemekin (CAP, 1972). Hitza, herria eta gizona ditu kantagai jesuitak: egoeraren gogorra eta Arestiren itzal luzea. Arestiren “ni” hura ni kolektiboa zela ohartarazi zuen Joxe Azurmendik zorrotz. Hezur-mamizkoa ere bazen ordea, kezka eta arazo pertsonalak azaltzen zituena, identifikazio bat sortuz. Talentua gorabehera, gizon korrientearen presentzia horrek alde handia ezartzen du Arestiren eta poesia soziala egin zuten gehienen artean. Esan liteke Arestik, kolpeak eman eta hartzeko zeukan ahalmenarekin, zinezkotasun bat eman ziola poesiari. Tamalez, zinezkotasuna zintzotasun bihurtu zuten epigonoek Aresti bera bizi zela, gure literaturak izan duen hainbatgarren aro “ondraua” ekarriz, Unamunoren berbetan esatearren. Gauean egiten genuen oihu, Arestik egun argiz eta kale okerretan.

Urt 05 15

Joxe Austin Arrietaren Trankart

Xaribari-aire gisa aurkezten digu Joxe Austin Arrietak Trankart antzerki-lana. Xaribari-aire eta ahaireko pieza, hiru agerralditan Koldo eta Mikel presoen eta Amaia eta Nathalieren amen eta haien seme-alaben gorabeheren berri izango dugu, vis-a-vis bisita berezi batean, pertsonak eta pertsonaiak nahasian dakartzan antzezlan honetan, obra barneko obra ere baduena. Osorik irakur dezakezu Armiarman Arrietaren lan argitaragabe hau.

Abe 10 14

Juanra Madariaga, espanturik gabeko heldutasunean

Bide puska bat egina zeukan Juanra Madariagak Amodioa batzuetan (Euskaltzaindia/BBK, 2001) plazaratu zenerako, aurreko lau poema bildumetan kultismotik abiatu eta estilo zein iruditeria propio bat eraikitzerainoko lana garatu baitzuen. Poeta nagusiagoen erreferentzia nabarmenik gabe agertu zitzaigun obra honetan, indartsu, tituluak adierazten duen asmoan: egia erlatiboak dira nireak. Maitatu izan duenaren bihotzetik lekutu ezin den hegaztia dugu poeta, gizakion barrunbeetan egon litekeen argitasun apurra bilatzen duela. Naturak “zu” baten akordua ekartzen du, isiltasunak ate itxi guztiak suntsitzen ditu. Dolutan ezarria du zu horren hustasunak, baina mindura eraginkorra du, hala ere, malkorik gabeko negarra. Zeren, poeta batek ba ote dauka, azken finean, galduaren dolua egiteari uzteko modurik? Lerro libreko poema laburrak, trinkoak eta espanturik gabeak. Poeta heldutasunean.

Aza 27 14

Iazko hezurrak, Unai Elorriaga

Kezkaz eta obsesioz bizi da Irene Arrias: erasoa, tortura, hilketa, bortxa, atentatua, jazarpena, sarraskia, exekuzioa, krimena, gerra hurbil sentitzen ditu bere inguruan. Unai Elorriagaren bosgarren nobela duzu Iazko hezurrak, eta bihar jendaurrean aurkeztu aurretik osorik eskaintzen dizugu sarean. Biolentziari erreparatzeko joera dauka Irene Arrias protagonistak; arakatu ere egiten du liburuetan, egunkarietan, interneten, baladetan, sehaska kantetan. Gertakari saminen sare bat josiz, sufrikarioaren aurrean paratzen gaitu Elorriagak, krudeltasunaren ispiluari begira.

Aza 19 14

Pernando, bizirik hago oraindio

Xabier Mendigurenen Pernando, bizirik hago oraindio (Euskaltzaindia / BBK, 1989) heroi baten inguruan osatutako antzerkia dugu, alprojaren errekuperazioa kritika soziala egiteko. Gaiak, arin eramandako hariak eta dialogo piperdunek publiko zabal batentzat egindakoa dela erakusten dute, baina gure 1960-70 hamarraldietan aberatsa izanagatik hain bihurtua zen tamala antzerkiaren egoera autonomia aroan, non zaila baita oraindio bertako eta bertarako ekoizpena. Antzerkigintza hori, gaztelaniaren bertsioaren menpekotasunik gabekoa, talde amateurrek baino ez dute egin urteetan. Xabier Mendiguren esku trebearen lan hau Debako Goaz taldeak taularatu zuen 1992an, azpiegiturako hainbat arazo gainditu ostean. Antzerki liburuen salmenta hutsaren hurrengoa denez, mesede handia egiten diete egileari eta generoari argitalpena bermatua daukaten sariek. Corpus bat metatzen laguntzen dute, testuak eskuragarri bihurtuz.

Aza 12 14

Kapital publikoa,
Jose Luis Otamendi

Jendaurrean aurkeztu aurretik sarean osorik eskaintzen dizugu Jose Luis Otamendiren poema liburu berria: Kapital publikoa. “Denona den hori da kapital publikoa” diosku Otamendik, “inork beretzat bakarrik hartzerik ez daukana: gabiltzan kalea, arnasten dugun airea, mintzo garen hizkuntza, pertsonak, oroitzapenak, egunkaria, sentimenduak”. Gogoeta sozial eta politikoetatik abiatu eta eguneroko bizimodu intimorainoko bidaia bat erakusten digu. “Galtzerik nahiko ez nituzkeenak, salatzeko modukoak iruditzen zaizkidanak, babestu beharreko jotzen ditudan gauzak dira poema hauen muina. Kapital publikoa zaindu beharreko mundu egingarrien aukera da”.

Aza 04 14

Tomas Meaberen 14 alegia

Tomas Meaberen alegien hautaketa bat dugu Hamalau alegia (Kriselu, 1968), Gabriel Arestik egina eta euskaratua ez ezik, baita editatua ere liburu berezi eta apainean euskaraz, gaztelaniaz, galegoz eta katalanez, Arestiren beraren “Espainiarra izateko behar dira jakin Espainiaren lau hizkuntzak” hura konplitzeko, agidanez. Badute antzik, Meabek eta Arestik: bilbotarrak, abertzaletasunean haziak eta sartuak, sozialismoak erakarriak, gazterik hilak… Biek ala biek, ideologiaren aginduz baino, bihotzak eta barrenak agindutakoak eginez paratu ziren beti gizonaren alde. Alegiotan ezagutuko ditugu piztia gaiztoak eta piztia onak, noski. Baina batez ere militaristak eta aberats okituak ezagutuko ditugu, gizakia zapaltzen duten indar ilun horiek. Eta pobreak, eta langile xumeak, eta ume dohakabekoak. Gure eskoletan derrigorrezko irakurketa izan behar lukeen liburua, ederra bezain menostua.

Aza 03 14

100 urte Georg Trakl hil zela

Kokaina gaindosi batek eraman zuen, 1914ko azaroaren 3an, Georg Trakl poeta alemana. XIX. mende amaiera eta XX. mende hastapenean Austria-Hungariako inperioan bizi izan zen loraldi kulturalaren partaide izan zen, eta baita inperio haren gainbeheraren testigu ere, eta tarte historiko horretan, alemaniar erromantizismoaren eta espresionismoaren arteko katebegia da. Beñat Sarasolak dioskunez, Alemanian modernismoari ateak irekitzen dizkion poeta. Izadiaren zabala bere obran agertzen duena, maiz istanten bitartez emana, halako tristezia batek blaituta. Munduko Poesia Kaierak bilduman argitaratu du Susa argitaletxeak, Anton Garikanok euskaratuta, Georg Traklen poemen antologia bat,  osorik irakur dezakezuna. Antologiaren sarreran ematen dizkigu autoreari buruzko zertzelada zehatzak Sarasolak, batzuen ustez XIX. mendeko erregimen zahar eta XX.eko berriaren arteko benetako muga den 1914ko gerlaren hasieran hil zena.

Urr 29 14

Su zelaiak, krimen itzela

Mikel Peruarena Ansak bigarren nobela aurkeztuko du urriaren 30ean: Su zelaiak, sarean osorik eskaintzen dizugun hauxe. Inoiz izandako gerrarik handi eta odoltsuena izan zen Lehen Mundu Gerra, 60 milioi pertsonaren mobilizazioarekin eta teknologia militar berrienarekin. Baionako Infanteriako 49. Erreximenduaren ibilerak aletuz, krudelkeria neurririk gabeko haren kontakizun gordina dakar nobelak. Soldadu saldoa duzu protagonista, infernuko zelaietan sarraski kolektibo batean kiskalia. Bataila eta triskantza haietan Euskal Herriko 6.000 lagun hil ziren, eta beste milaka batzuk era lazgarrian hondatu: itsu, maingu, herren, zoro. Belaunaldi oso bat sakrifikatu zen.

Urr 22 14

Martin Iturbe Balda,
literatur sarien amarruan

Martin Iturbe Baldaren Bizitzako urratsetan (CAP, 1973) eta Asekaitz (CAP, 1974) poema bildumak, oro har eta bereziki poesia sailean Irun Sariak hamarraldi horretan izan zirenaren eredua izan litezke: topikoen zakua, arrunkeriaren biltegia. Gizon izatearen gurutzea, kezkaren kezka, ilunpean argirik ez… Planteamendu xaloak, garapen xaloak, ideia xaloak. Modernitate kutsu edo sarien oinarrietan ezarritako lerro kopurua betetze aldeko amarru, hitz batek, bik edo hiruk osatzen dituzte lerroak, zutabe-poemak sortuz. Horrek ere zirriborro efektua egiten du. Urteak behar izan zituzten Irun sariek, egia esan, idazle idazleagoen estimua jaso arte. Argitaletxe batek eskaini zion Kutxari sarituak argitaratzea prestigioa eta zabalkundea azkartzearren, baina Kutxak jarraitu du, egundaino, argitalpenak egiten.

Urr 15 14

Dickinson, Drummond de Andrade eta Hernandez

Munduko Poesia Kaierak bildumak kalean du bigarren emaria: Emily Dickinson, Carlos Drummond de Andrade eta Miguel Hernandez. Beñat Sarasolaren zuzendaritzapean, hauek izan dira antologia horien paratzaile eta itzultzaile, hurrenez hurren: Angel Erro, Koldo Izagirre eta Josu Landa. Kaier horien aurkezpen errezitaldia bihar izango da, Egiako (Donostia) Bukowski tabernan, 19:00etan.

Urr 08 14

Zumeta detektibea,
Gotzon Garateren eskutik

Hitzaurrea egin zion Gotzon Garatek berak Izurri berria (Bilbo Aurrezki Kutxa, 1982) nobelari. Nobela beltza baita, genero honek gurean izan dituen aitzindariak gogora ekarri (Loidi, Izeta, Peillen, Gereño) eta historia labur baterako ildo nagusiak ezarri nahi izan zituen aipatu autoreen lanez ohartxo batzuk eginda. Nobela beltzaren gorazarrea oroz gain, eredu estatubatuarra proposatuz. Egileak maila bat igo zuen arteko nobelagintza mota hau euskaraz, heroiaren karakterizazioaz —detektibe zurrutero eta gonazalea— eta dialogoen biziaz. Horrelako lanek eskatzen duten jakin beharra eta segidaren irrika egoki taxututa, Izurri berriak ongi antolaturiko egitura ere ekarri zuen. Baina gogorrarena egiten dakien arren, Haitz Zumeta detektibea, bere lagunak bezala, xaloa da funtsean, eta xalotasun honek katramilaren irtenbideak kutsatzen ditu. Ahultasun horrek, tamalez, zuritu egiten du belztasuna.

Agenda

Efemerideak

Kritikak