Mar
27
18
Martxoaren 27an Antzerkiaren Nazioarteko Eguna ospatzen da eta horren karietara, osorik irakurgai jarri ditugu Susak 80etan argitara emandako antzerki-bilduman kaleratutako liburuetako batzuk, sei zehazki: John Steinbeck-en Izar bat izan zen, Guillaume Irigoienen Hamar manu minduak eta Apetitu on!; Alfonso Sastreren Ez da pale egiteko ordua; Xabier Mendigurenen Kanpotarrak maisu eta Kultur Ministrariak ez digu errukirik; Imanol Eliasen Haunditasun ametsak eta Hiru morroiak; eta Marx anaien eta Maskarada taldearen Marxkarada.
Mar
15
18
Kritikak esandakoaren arabera, intrahistoria dakar, hizkera indartsu eta estratoz estrato mailakatu baten bitartez Juan Karlos Lopez Mugartzaren Garraren eta karroiaren margoak poema liburuak. Eta hain zuzen ere izenburutik bertatik adierazten dizkigu kontrajarritako bi elementu bortitz, indartsu, poemetan gero garatzen direnak. 2017an bi poema-liburu argitara eman berri ditu Mugartzak, Arima animalia (Maiatz) eta Bihotz hauskorrak osatu eta portu handira iritsi dira (Denonartean). Isiltasun luze baten ondoren, esan genezake, izan ere gaur osorik eskaintzen dizuegun liburua, Euskaltzaindiaren Poesia saria irabazia 93an, haren lehen poemarioa, 1994an argitaratu baitzen.
Ots
28
18
Poema luze bakar batek osatzen du Ispiluaren aurrean gogoetak poemarioa, Aritz Mutiozabalen lehen lan argitaratuak. Pasaiako Hiria saria irabazitakoa, 2001ean argitaratu zuen Bermingham etxeak. Poema bisuala, ezinbestean ispiluari begira egonik, poetaren begiradak eta ikusten duenak gidatzen gaitu norbanakoaren hainbat gairen bihurguneetan. Beste hiru poema liburu kaleratua da Mutiozabal, azkena Hutsartea, Maiatz-ek argitaratua 2016an.
Urt
18
18
Umorea, Paul Valery poetak esaten zuenez, ez da hitz zehatza. Horrela hasten da Hamahiru ate, 1985an Joseba Sarrionandiak eta Mitxel Sarasketak aukeratu eta euskarari ekarritako ipuin liburuko Atearteko aurkezpena.
“Umorerik egiazkoena beltza” dela aitortzen dute itzultzaileek. “Umore beltzean irribarrez gainera badago mistizismo bat, baina ez mistizismo dultze eta zerutiar bat, umoristak izatez infernutiarrak baitira”.
Hamahiru autore ekarri zituzten orduan euskaraz: Ambrose Bierce, Hector Hugh Munro Saki, Francis Picabia, Franz Kafka, Sakutaro Hagiwara, Anibal Machado, Max Aub, Leonora Carrington, Virgilio Piñera, Kostas Axelos, Gabriel Garcia Marquez, Pere Calders eta Gonzalo Suarez. Hamahiru ate liburua osorik jarri dugu sarean, (H)ilbeltzaren karietara.
Urt
11
18
Txiroa delako, oparirik ezin duela egin dio, poema batean, Iker Bidegorrik. Poesiaren alorrean bat egin zuen, Emeki itxaropendutako egunkaria izenburuko poemarioa, 1982an Euskaltzaindiaren poesia sariketa irabazitako lana, obra intimista eta barnekoia. Beste opari asko egin ditu, egin dituenez, Jose Ignazio Ansorena Iker Bidegorri-k. Gaur poesiaren alorrean egindakoa dakarkizuegu.
Abe
04
17
Langile borroka, sabotajeak, lapurretak, drogak, negozioak, hilketak, adiskidantza, amodio harremanak dira Xabier Montoiaren zortzigarren nobelako adarrak. Kontakizun durduzagarri honetako protagonistak memoriaren menpe bizi dira neurri handi batean, oinaze lauso batek inguratzen ditu etengabe. Iraganeko mamuek ez diete bakerik ematen, kontu eske etorri izan balitzaizkie bezala. Hitzontziak nobela berria osorik eskaintzen dizugu sarean. Oihane filosofo gazteak, Biteri tabernariak, Gloria alargunak eta Goietxe ugazabak Iturri tabernan topo egiten dute aldian behin; ez dira laurak elkarren lagunak, baina elkarren berri izaten hasiko dira pixkanaka, zu bezala.
Aza
28
17
Esan gabekoek, isilik gordetakoek, erdizka adierazitakoek irteera gabeko kalezulo batera eraman ditzakete jende arteko harremanak, ez aurrera ez atzera, krisiak bueltarik ia ez daukan tokira. Arantxa Iturberen Honetara ezkero ipuin liburuko 29 kontakizunotan ustekabeko asko izango dira, pertsonaiak eta gertakariak katramilatzen ikusiko dituzu isilpekoen kariaz, oker ulertuak bezainbat agertuko dira susmoak. Umorezkoak batzuetan, gaiztoak sarritan. Denak osorik eskaintzen dizkizugu Susaren webgunean.
Aza
14
17
Ostegunean jendaurrean aurkeztu aurretik sarean eskaintzen dizugu Eider Rodriguezen liburu berria: Bihotz handiegia. Lehendabiziko ipuinak ematen dio izenburua liburuari, maitasunaren hondakinez diharduen kontakizunak. Arroztasun sentipena dute pertsonaiek: nolakoa izaten ari da gure bikote bizitza, zein desio ote ditu auzokide perfektu horrek, norenak dira esku hauek… Konplexuak eta arruntak dira aldi berean hemengo bizilagunak, jarrera ideologikoaren eta irrika eutsiezinaren arteko lehian dabiltzanak batzuetan, zalantzati edo kontraesanean, baina gorabeherei aurre egiten beti.
Urr
24
17
Landa-eremua eta lurra dira eremu nagusi Seamus Heaneyren poesiagintzan, eta hala ere poesia moderno eta garaikidea egiten du. Poeta ezaguna eta goretsia Irlandan eta ingelesdunen artean, Nobel saria jaso izanak beste lur eta hizkuntzetara zabaldu zuen. Orain euskarara, Xabi Bordak egindako itzulpenari esker. Susa argitaletxearen Munduko Poesia Kaierak bilduman argitaratu da Seamus Heaneyren poema antologia, bildumaren udazkeneko emanaldiaren hirugarrena osatuz.
Urr
23
17
“Gaur egun ere poesia galegoz idazten jarraitzen bada, neurri batean bederen Rosalia de Castrori esker da”. Halaxe dakar Munduko Poesia Kaierak bilduman Rosalia de Castro poetaren hitzaurreak, eta zuzen esana da Galiziako literaturan ezinbesteko erreferentzia denari buruz. Susa argitaletxeak kaleratzen duen bilduman galegotik eginikako lehen itzulpena, Koldo Izagirrek egina, emakumearen bizimodua, lurra, herriaren miseriak, amodiozko penak eta beste kantatu zituen poetaren lana daukazue euskaraz irakurgai.
Urr
22
17
Japoniako XX. mendeko poeta handietako bat ekarri digu euskarara Hiromi Yoshidak: Chuya Nakahara. Susa argitaletxearen Munduko Poesia Kaierak bilduman argitaratu da, eta klasikoa eta modernoaren artean zubiak egiten asmatu zuen poeta dakarkigu. Sinbolista frantsesak japonierara itzuli zituen, eta bere poesiagintzan txertatu Japoniako tradizio poetikoarekin konbinatuz. Gaur 80 urte hil zen Nakahara —30 urte zeuzkala— euskaraz irakur daiteke, hemen.
Urr
11
17
Itu bandako kidea da Martin Bidaur, eta Lekore literatur aldizkarian irakurtzen dizkiogu bere lanak. Urriaren 10ean lehendabiziko liburua aurkeztu du: Itzulera, haurtzarotik gaztarora egindako bidaia poetiko bat: Okzitaniatik Euskal Herrira, hemendik Parisera, eta handik itzulera. Esperientzia intimo baten kontaketa egiten du Martin Bidaurrek, biltzeko oroitzapenak, bisitatzeko berriz lekuak, ulertzeko iragan nolabait hautsia, nahiz eta jakinaren gainean egon ia dena aldatuta eta ezberdin kausituko duela. Nork bere burua onartzetik datorren identitate bilaketaren hasiera da poemetan ageri duena.
Urr
05
17
Nagore Vargas du protagonista eta kontalaria Uxue Alberdiren nobela berriak; Jenisjoplin dauka izenburua, halaxe deitzen baitio bere aitak. Bihar, urriak 6, Donostian jendaurrean liburua aurkeztu aurretik osorik eskaintzen dizugu sarean. Baldintza makurrei aurre eginez zaildutakoa da Nagore, gaztaroa intentsitate handiz bizi izan dutenen grinarekin borrokatzera ohitua. Bilbora iritsi zenean hiri bat gatazkan zeukan deskubritzeko; zenbait iraultza eta abentura, engaiatzeko; gorputz bat, biolentziaren eta erotikaren artean jokoan jartzeko. 2010eko irailean, 28 urte dituela, Artxandan dago Libre irratiko hiru lagunekin, azken bilkura moduko bat antolatu dute, jakinaren gainean segika dituztela txakurrak, preso hartuko dituztela ziurrenik eta itxi egingo dutela irratia.
Ira
07
17
Euskaltzaindia-BBKren eleberri saria lortuta 2006an, hurrengo urtean argitaratu zen Arkitektoa lana, Txema Garcia-Viana Kartxi idazlearen orain arteko azken lana. Ihesi (Susa, 1986) poemarioarekin abiatu zuen bere ibilbidea Kartxik, eta narratibara jo zuen, ipuin-bilduma eta eleberrietara. Nobela beltz edo thrillerrak dira harenak, intriga ardatz dutenak, eta halakoa da Arkitektoa ere, Erdi Aroan Donostiara Gaztelatik iritsitako arkitekto baten istorioaren bitartez orduko gizartearen hainbat borroka eta gatazka erakusten dizkiguna, hizkuntza gozo eta bizi batean emana. Osorik eskaintzen dizuegu.
Abu
06
17
Bi poema liburu dakartzagu aste honetan, biak ere Patxi Ezkiagarenak. Poeta zela Ezkiaga esan zion kritikari batek bere lehen liburua, Beldur naiz, plazaratu zuenean, garaiko modatik kanpo ibiliagatik ere (80ko urteak ziren, poeta gazte askoren agerpen garaiak), poeta, eta poesian gehiago emango zuena. Eta eman du gehiago, bai horixe. Beldur naiz eta Aiodi herriko kantak bi lehen poemarioen ondotik, beste 15 plazaratu baititu Ezkiagak, gaurdanik irakurrita nabari denez, garapena izan duen ibilbide poetiko batean. Bere lehen biak irakur ditzakezue orain.