Arkitektoa
Txema Garcia-Viana

Euskaltzaindia / BBK, 2007

 

 

I

 

      Euria barra-barra egiten zuen. Zaldia aspaldi samarretik herrenka zebilen, apatxean sartutako harri zorrotz baten karietara. Zauria ez zen, itxuraz, hagitz larria. Ez, bederen, egonaldi suspergarri batek ezin senda zezakeen ezer. Atzetik mandoak ahal bezala jarraitzen zuen, lar zamaturiko gainaldeari nola edo hala eutsiz, burua makurka eta, tarteka-marteka, bere barneko ezinegonaren seinale ziren hats ozenak botaka; hil-urrenaren hats lehertua iduri.

      Arrats apalean iritsi nintzen Itzurun deritzan lurraldera. Nik uste nuenaz bestera, han ez zen herririk ez eta etxalde multzorik ere inon ageri; han-hemenka sakabanatutako etxola txiro batzuk baino ez. Lurralde hartako larretan alhatzen ari ziren abelburu gutxi batzuez gain, ingurumari osoan beste bizidunik ez ikusi izanak urduritu egin ninduen; areago, garondoan hamaika begirada ezkutu iltzaturik neuzkala sentitzen nuelarik.

      Horrenbestez, aise ondoriozta liteke zergatik hartu nuen egundoko lasaitua monasterioa ikusi nuenean.

      Eraikina muino baten kaskoan zegoen, itsaslabar baten ertzean kasik. Une batez eta ni nengoen lekutik, lurrari irmoki atxikitako animalia iruditu zitzaidan; olagarro eskerga bat, kasu, zeinak garroak lurraren baitara barneratzen zituen, harkaitzak eta oztopo izan zekiokeen edozein materia gupidagabeki zartatuz eta xehakatuz.

      Monasterioko atera iritsi nintzenean, zaparradak nabarmenki desitxuratzen zuen itsasoko ilargiaren isla. Eta egia esan behar badut, itsaso zakar hari begira nengoela, lehendabiziko aldiz hara joan nintzelako damu izpi bat sentitu nuen, urdaileko ziztadaren modukoa.

      Lehendabizi, monasterioari bira eman nion. Eraikin errektangeluar trinko eta soila zen. Harlanduzko egitura mardula, bao gutxi batzuk han-hemenka barreiaturik eta horma-bular sendoak alde banatan. Atzealdean, eraikin nagusiari atxikia, eliza txiki bat, zeinean bai inguruko jendearentzat, bai abade-etxeko fraide-morroientzat, mezak emango ziren. Egoitzaren aurreko atalburuan, berriz, harrian zizelkatutako inskripzioa:

GLORIA IN EXCELSIS DEO

      Bi danbateko ateari jo eta zain geratu nintzen.

      Luze gabe, konkor batez gorputza itsuski desitxuratuta zeukan fraide adintsu batek ate astuna zabaldu eta, ni ikusteaz bat, espantuzko imintzio bat egin zuen. Txerren berbera aurrean zuela zirudien!

      —Frai Esteban abadearekin mintzatu nahi nuke. Esaiozu on Gonzalo iritsia dela. Honez gero nire zain egongo da.

      Fraideak ez zuen txintik esan. Buru-makurtze batez baiezkoa egin eta astun urrundu zen ezkaratzeko ate estu batetik barna. Nik, bitartean, urrats batzuk eman nituen bebarruko ilunpean, horman sumatu nituen erliebe batzuk aztertzeko asmoz. Ondo alferrik ordea; zaldiaren intziri erdiragarriek nire asmoa bertan behera uztera behartu bainiduten: mindutako hankaren azpian odol putzu zabala zegoen.

      Mandoaren alportxatik ur zahagia atera eta hankako zauria garbitzeari ekin nion unean, lehengo fraide itxuragaitza azaldu zen berriz ere. Kriseilu bat zuen eskuan, zeinek haren hazpegi ikaragarriak ageriago uzten baitzituen.

      —Animaliak egoera txarrean daude— esan nion zaldiaren apatx minberatua erakutsiz.

      Fraideak hots gutural ulergaitz batez erantzun eta kriseilua astindu zuen harekin joan nendin adierazi nahian. Zalantzan egon nintzen. Ez nuen oso gustuko zamariak egoera horretan kanpoan uztea; halaber, fraide hark eragiten zidan artegatasuna zaldi zintzoaren begi eder bezain lastimagarriei so eginez apaltzen zitzaidan, beraietan baitzetzan une hartan eduki nezakeen euskarri bakarra. Pentsatu ere egin nuen ez ote nuen hobe ukuiluan bertan lo egitea kabalen abaroan, monasterio hartako izaki bitxi hark eskain ziezadakeen balizko ohantze epel eta erosoan baino.

      Fraidea aurretik, ezkaratzean zegoen atea zeharkatu eta korridore estu batera sartu ginen, zeina etengabe luzatzen zen gidariak kriseiluaz argitu hainbestean. Noizbait gela txiki batera iritsi eta fraideak, irribarre zapuztu batez, longain busti astuna nire soinetik kendu eta, inondik ere ez zegokion dotoreziaz, mahai baten gainean zabaldu zuen. Zirudienez, konkordun hark bisitarien hartzeko ardura zuen bere gain monasterioan eta, hala izanik, gainontzeko lekaideak nolakoak izan zitezkeen galdetu nion nire buruari.

      Nire galderak, ordea, azkar asko izango zuen erantzuna. Lehengo eta behin, liho trauskilezko tunika lehor bat eskaini zidan fraide harreragileak, eta jantzi bustiak eranzten lagundu ondoren, areto zabal batera eraman ninduen; atzealdeko atea mantsoki zabaldu eta, bat-batean, jantokia azaldu zen nire aurrean.

      Mahai luze baten jiran zeuden hogeita hamar bat fraide, afaritan. Ni sartu orduko, erdian zegoen bizar zuriko fraidea zutitu eta, herrenka, niregana etorri zen besoak zabalik. Elkar besarkatu genuenean, fraidearen azal zimurtuaren azpian hezurrik ez baino lastoa zuela iruditu zitzaidan; izan ere, hain zen hauskorra nire besoetan estutu nuen gorputz txiki hura.

      Gainerako fraideak arretaz eta jakin-minez begiratzen zidaten, nire agerrera, igurikatua izanagatik ere, sekulako gertaera izan balitz bezala. Nire fraide gidariak, mahaiaren muturrean jesarrita, gogoz ekin zion oilasko-izter bati; jakinez, nonbait, bere eginbeharra bukatua zuela, eta hortik aurrerakoaz guztiz axolagabe.

      Fraide-buruak mahaira gonbidatu ninduen. Berehala urdaiaz eta hirugiharrez ondo hornitutako erretilua eta antosin bete ardo nafar paratu zizkidaten morroiek. Hitz bakar bat ere ez genuen egin afaritean. Halako usadioa baitzuten erlijio-ordena batzuek, otorduak isilik eta barnerapen handienean egitekoa, alegia.

      Afaria bukatuta, frai Estebanek, monasterioko abadeak, nire logela erakutsi zidan; ondoren, monasterioa erakusteko aitzakian, hitz eta pitz hasi zitzaidan. Bazuen barrena hustu beharra, inondik ere!

      —Gauzak izugarri mudatu dira gure artean azken urteotan. Lehen, orain ez bezala, eta gure txiroan bazen ere, elkarrenganako armonian bizi ginen, elkartasuna bertako jende xehearen ohiko bertutea zela. Gure artean ez zegoen gorrotorik, ez bekaizkeriarik, ez nabarmenkeriarik; hain gutxi lapurreta edo hilketarik. Ondikotz, jende arrotz hura gure lurraldera etorri zenetik, itxurakeria eta grina gaiztoak oro inguru guztian hedatu dira izurriterik zitalgarrienaren gisara! Zinez diotsut, on Gonzalo: zabiltza tentuz eta erne gizatxar haiekin, zerorrek ere erori nahi ez baduzu haren ele eztiek eta limurkeriek ehundutako amaraun hilgarrian.

      Ez ninduen ustekabean harrapatu frai Estebanen hitz hanpatuok. Ordurako, mihi zorrotzeko abade horren ospea ezaguna baitzen oso Gaztelako zein Nafarroako gorteetan, haren zolitasun eta adimenaren karietara. Garai batean Nafarroako errege Antso Jakintsuaren beraren aholkularia izan omen zen; hura hil zenean, Antso Azkarrak, haren semeak, elizarekin izandako tirabira batzuk zirela bide, abadea begitan hartu, gortetik egotzi eta San Sebastiango monasteriora bidali zuen. Haatik, frai Esteban beti izan omen zen fidela Nafarroako erregearenganako, baita Gipuzkoa Gaztelara bildu eta gerora ere. Agian horixe zen eta ez besterik abadeak gaskoiekiko zuen ezinikusiaren zioa, hots, jende askok beraiei leporatzen baitzien, beren diru-interesei men eginez, Gipuzkoa Gaztelaren mende ezartzea ahalbidetu izana.

      —Hara frai Esteban —leunki mintzatu nintzaion, haren samindura ahal bezainbeste leundu nahian—, ni arkitektoa naiz, eta gainontzeko arazoak bost axola niri. Gaskoiek lan bat egiteko deitu naute eta sariaz ados geratu gara. Nire ardura bakarra, hortaz, eliza ahalik eta handiosen egitea da. Nire eginkizunaren betetzeko behar ditudan tresna guztiak agindu dizkidate; bestalde, eraikina neure egitasmoaren arabera egiteko askatasun osoa dut. Ez dut besterik behar, are gutxiago, noski, ahapeko aholkurik.

      —Veritas odiun parit! —oldartu zitzaidan suturik— zure hobe beharrez ari naiz eta zuk, ordainez, zoro berritsutzat hartzen nauzu. Bai, arrotza etxekoari gailendu zaio. Haatik, ez da hori nire kezka nagusia, horrelakorik gertatu izan baita mundua mundu denetik. Axola duena ez da hainbeste gaskoi haiek bertakoon lurraldeaz jabetu izana, beraien arima galbidean jartzea baizik. Jende xalo honek gaur lurra galdu du eta hori ez dago, tamalez, neure esku; bai, ordea, biharko zerua ez galtzea.

      —Agidanean, norberak du bere zeregina bizitzan. Berorrek berea egin eta utzi niri neurea egiten, hori baino ez dut eskatzen.

      Frai Estebanek tinko begiratu zidan, hausnarrean. Banekien abade hura ez zela edonor; horregatik, hain zuzen ere, aholkatu zidaten Donostiara iritsi baino lehen kortesiazko ikustaldia egiteko monasteriora, zeren hobe izango zen nire lanerako bere oniritzia izatea eta ez bere mesfidantza. Agian jarrera umilagoa agertu behar nion abade zaharrari.

      —Hara, on Gonzalo —lasaiago mintzatu zitzaidan, begia kizkurturik eta hitzak ondo neurtuz; akaso berari ere komeni zitzaion ondo konpontzea nirekin— mesede bakarra eskatuko dizut: gaskoiek beren eliza eraikitzeko asmoa azaldu zutenean, frai Beremundok eskaini zuen bere burua eraikuntza lanak zuzentzeko. Jakingo duzunez, frai Beremundo gure monasterioko arkitektoa da, sona handikoa inguru hauetan, besteak beste Donostiako Santa Maria eliza eraiki zuena. Gaskoiek, beste behin ere gure borondate ona zapuztu nahian, gure eskaintza errefusatu eta merkatariei dagokien maila izango zuen arkitektoa bakarrik hartuko zutela jakinarazi ziguten. Paristik ekarri eta elizaren eraikuntza hasi zuen arkitektoa hilik azaldu zenean, bigarrenez gure burua eskaini genuen eta, bigarrenez, laguntzeko gure nahi zintzoa atzera bota zuten. Kontuak kontu, harrez gero frai Beremundo guztiz minduta geratu zen eta, besterik ez bada, zuk laguntzaile modura hartuko bazenu, zinez eskertuko nizuke.

      Ongi merezia zuen gure fraideak azeri ospea. Arrunt harrapaturik nindukan. Eskaria ukatuz gero, aitzakia ederra emango nion nire kontra jotzeko. Onartzen banuen, berriz, helburu bikoitza lortuko zuen: batetik, beraien gizon bat gaskoien artean kokatzea zeinak, batere dudarik gabe, gaskoien urrats txikienaren berri ere emango zion; bestetik, hartutako iraina itzuli egingo zien, zeren elizaren inguruko guztia neure esku zegoenez, ezin egotziko zuketen frai Beremundo lehendik nirekin hartutako konpromisoa hautsi gabe. Plan bikaina inondik ere.

      Nik, beste irtenbiderik izan ez eta, oniritzia eman nion. Geroago pentsatuko nuen nolako neurriak hartu egoera asko larritzen bazen. Monasteriotik lehenbailehen irten beharra nuen; zintzurra larregi estutzen hasia zitzaidan lakioa gehiago itxi baino lehenago bederen.

      Ez genuen gehiago hitz egin; maitinetarako geratu ginen kaperan. Lo egin behar nuen eta egunsentia arteko denbora urria zen; atseden hartu eta gogoeta egin, ez nuen besterik buruan.

      Lan gogor eta korapilatsua nuen aurretik; huraxe izan zen frai Estebanen kalamatrikak iradoki zidan lehen mezu argia, baina azpian gehiago ere bazegoen: haren hitzen tolesturetan bilduta beste hainbat gaztigu igorri zidan, horrenbeste banekien. Nire esku zegoen ondorioak ateratzea.

      Hurrengo egunean Maitinak eta matutiniak igaro ondoren, lehengo argi-printzekin bat, isiltasun osoz, gosaldu genuen. Isiltasuna, hala ere, etengabe urratzen zen eta ez ahots iheskorren baten erruz preseski: han begiradak mintzo ziren, ozen eta garbi mintzo ere. Begirada adierazkor eta ohargarriak, lagunkoi eta esanahi mamitsukoak; baita zorrotz eta mesfidatiak ere tartean. Esne-zopak gosaltzen ari ginelarik, fraide haien begiak, ezin eutsizko aldarriaren habi bihurturik, orroka ari zitzaizkidan hainbesteraino indarrez ezen neure burmuinak orratzen antzera zulatzen zituztela.

      Frai Estebanek besarkada batez agurtu ninduenean bere gorputza ez zitzaidan hain hauskor iruditu, alderantziz, bazirudien gorputz eskas horrek burdinazko zurkaitza zuela bere baitan.

      Ukuiluan hartu nuen azken egunetako poz handiena; zaldi-mandoaren egoerak, itxura batera bederen, hobera egin baitzuen. Fraideek biei nahikoa zaldale eman ez ezik, enplastua ere jarri zioten zaldiari zauritutako apatxean.

      Monasteriotik atera nintzenean, egunsentiko errainu ahulegiek ezin zeharka zuten laino trinkoa zegoen. Itsasaldetik haize zakar-hotza zetorrenez, barrualdetik joatea erabaki nuen. Irrikan nengoen Donostia eta, batez ere, eliza kokatuko zen lekua ezagutzeko.

      Harizti batean barneratu nintzen, poliki, ez bainuen zaldiaren hanka berriz minberatzerik nahi. Giroan haizea baretu eta sosegua nagusitu zen; hala ere, lainoak temati jarraitzen zuen.

      Bat-batean, zerbait mugitzen ikusi nuen laino artean. Eskua ezpata-sagarrera eraman eta atezuan jarri nintzen. Une llabur batez gelditu eta gero, lehen baino mantsokiago, jarraitu nuen. Bigarrenez, mugimendu azkar bat sumatu nuen sasi batzuen atzetik. Orduan, zaldiari ezproiez gogor jo saihetsean eta trostan abiatu nintzen itzal baten atzetik. Ordurako, bidaia guztian zehar, itzalak aski jolasturik zeuden nirekin; azkenean nire txanda iritsia zen.

      Deiadarka eta ezpata astinduz, zalapartaka, itzalarenganantz egin nuen. Berehala, nire harrapakina hobeki ikusteko adina inguratu nintzen. Figura txiki bat zen nire aurretik, erbirik azkarrenaren modura, korrika egiten zuena haritzen tartetik eta lainoaren babesean.

      Zaldiarentzat arriskutsu izan zitekeelakoan, jazarpena oinez jarraitzea deliberatu nuen. Ezpata aurrean nuela ekin nion neuk ere korrika egiteari. Haren ihesaldi azkarrak unean baino unean handiagotzen zidan neure amorrua; hala eta guztiz ere, une batez harrapaketa bertan behera uztea pentsatu nuen: hain zen irristakorra eta atzemangaitza lurralde basati hartako piztiatzarra baino ezin izan zitekeen hura.

      Zorionez, ihesleak bide bazterrean estropezu egin eta ezponda batetik behera erori zen itzulipurdika. Han bertan geratu zen, lurrean ahuspez luze-luze eginda. Jauzi batez, harengana iritsi eta hanka bizkarraren gainean jarriz, ezpata lepora inguratu nion. Brastakoan bira eman nionean, errozeloak egia hihurtu ziren: ume bat zen nire aurrean zegoena negar-zeinuka. Saia luze bat zeukan jantzita eta burua kapusai zabal batean erdizka gordetzen zuen.

      Ezpata zorroratu eta sakonunetik arrastaka atera nuen. Dardarka ari zen eta aurpegia bi eskuekin ezkutatzen zuen. Kapusaia eranzten saiatu nintzen alferrik; erbinude amorratuaren antzera astintzen baitzuen gorputza kapelatzarrari indarrez helduz.

      Azkenean, pare bat belarrondo joz, kapusaiari tira egin nion bortizki. Zur eta lur geratu nintzen!!

      Ezin nuen sinetsi nire begien aurrean nuena. Eta, hala ere, errealilatea bertan nuen, bere gordinean, nire baitako edozein zalantza-izpirik erabat ezabatuz. Pare bat segundo baino ez ziren izan. Aski, ordea, haren aurpegiko zarakar zornetsuak eta hazpegi desitxuratuak ikusteko. Legenarra! Gorputza atzera bota nuen lurrera eroriz. Umeak ez zuen gehiago negar egiten eta niri begira zegoen, tinko eta zorrotz, harrotasunez kasik.

      Ahal bezala, itsumustuka lainotan zehar, zaldiarengana jo nuen, izu-laborria sabelari atxikia neukala. Ez nuen astirik izan nire buruari galdetzeko zer arraio egiten zuen legenardun umetxo batek inguru hartan bakarrik. Zaldia hartu eta handik ahalik eta gehien urrundu, besterik ez nuen buruan.

      Donostiara iritsi nintzenean, artean ere, umearen gertaera gogoan bizi-bizirik neukan. Herriko kale nagusitik barna sartu nintzen, mantso-mantso, aurpegiaren zurbila nabarmenegi zitzaidala. Bertako biztanleek, noski, mamua edo deabrua bera ere beren aurretik pasatzen ari balitz bezala begiratzen zidaten. Egia esan, herriari ez nion gehiegi erreparatu; ez, behintzat, kanpoko itxurari zegokionez; bai, ordea, bertako giro burrunbatsuari.

      Donostiak etorkizun handia zuela irudi zitzaidan; izan ere, hori begi-bistakoa zen, jendearen etengabeko mugimendua harrigarria baitzen. Batzuk upelak eginez, edo etxeak konpontzen; beste batzuk olio eta ardo salerosketan, jantzigintzan eta zapatagintzan. ltzurun ilunaren aldean herri bizia zen Donostia. Nik, lehendabiziko aldiz, aukera ona egin nuelako ziurtasuna izan nuen eta gustura sentitu nintzen, babesean. Ezin nuen sinetsi jende langile hura frai Estebanek deskribatu bezalakoa izan zitekeenik.

      Poliki jarraitu nuen aurrera, eta aurrera egin ahala, nork bere zereginari utzi eta, begira geratu ondoren, hasierako harridura zurrumurru bihurtzen zen neure atzetik.

      Haurraren ustekabea gaindituta, noraezean eta pozik abiatu nintzen kaleetan zehar. Jendea sentitu nahi nuen eta, bide batez, neure burua ezagutarazi. Ez zegoen zalantzarik denek bazekitela zein zen nire eginkizuna herri hartan. Nolanahi ere den, giroan bazegoen nireganako jakinminaz haratago zabaltzen zen sentimendua, eta une batez, jende baten ustetan arkitekto arrunt bat baino gehiago ote nintzen begitandu zitzaidan.

      Hiru gizonen presentziak atera ninduen nire gogoetatik. Arnasestuka niregana zetozen eta beren jantzien dotoreziarengatik hiriko agintariak zirela egin nuen. Itxura batera, nire etorreraren berri izan orduko presaka atera ziren ongi-etorria egitera.

      Berrogeita hamar urte inguruko gizona izan zen lehena harrera egiten. Ilea urdindua zuen eta bere ilbeteko aurpegian urteek ondutako xalotasun imintzioa zetzan.

      —Jainkoak azkenean gure otoitzei jaramon egin die; zure etorrera ohore handia da gu guztiontzat, jauna —irribarre zabal batez jantziriko hitzok bazuten beren baitan halako letania kutsurik—. Bidaia ona egingo zenuela espero dut.

      —Ezin esan nezake bidaia lasaia izan denik; hala ere ziur nago zuen herrian etxean bezala sentituko naizela. Orain atseden hartu nahi nuke eta, ongi iruditzen bazaizue, bazkaria elkarrekin egingo dugu. Badago eta zenbait gauza argitu beharra.

      Ez nuen itxurakeriatarako gogorik. Ordura arte nahikoa ustekabe eta buruhauste izan nuen nobleziaren hitz anpulosoak jasateko ere. Lasaitasuna baizik ez nuen eskatzen; denbora puska batez nire eginbeharra ahantzi eta ingurua emeki dastatuz deskubritu, besterik ez.

      Niretzat propio prestatutako etxe batera zuzendu ninduten. Hara iritsi bitartean, hiru kaparek aurkezpenak egin zituzten. Ilea urdindutako gizona Pierres Orgeletekoa zen, herriko alkaidea eta eliza egiteko gonbitea luzatu zidana. Beste bi gizonak, berriz, Joannes D'Altruy eta Mixel Berzog ziren, herriko komisarioa eta udaleko kontularia hurrenez hurren.

      Etxea, esan zidatenez, eliza eraiki behar zen lekutik gertu zegoen. Bertatik, itsasoa ikusi ez ezik, sentitu ere egin zitekeen; hain ziren nabarmenak olatuen orroak eta kresalaren usain sarkorra. Behin behar eta, azkenean bakarrik utzi nindutelarik, logelako leihotik begira gelditu nintzen. Ostadar ikaragarri batek zeruari kupula nabar ederrena margotzen zion mihisearen ubelean. Uhinen gandor zilarreztatuak eta kaio jostarien hara eta honako hegalaldi zalapartatsuak azken ukitua ematen zioten Jainkoak baino ezin sor zezakeen artelanari.

      Herria neure begietatik ezagutzeko nahia berpiztu zitzaidan beste behin ere. Geroago egin beharko nuen, noski, ikustaldi ofiziala agintarien esku. Une hartan, ordea, kaleko giroaren zertzelada xumeenak neureganatu nahi nituen; bularra sentipenez bete, alegia.

      Berrindarturik jaitsi nuen eskailera kale aldera.

      Haur batzuk korrika ikusi nituen lehendabizi, eta bakar batek izan ezik, besteek ez zuten niregan erreparatu. Hura une batez geratu, eta tinko begiratuz, zalantza une baten ondoren, korrikari berrekin zion gainontzeko haurrak harrapatu nahian.

      Berehala haur legenardunaren irudia etorri zitzaidan akordura, eta urdailean nolabaiteko zama sentitu nuen. Bazeuden, bai, hainbat gauza argitu beharrekoak agintariekin bazkalorduan.

      Kezkak arintzeko asmo irmoarekin segida eman nion nire ibilaldiari.

      Bospasei arrantzale ikusi eta atzetik jarraitu nien. Laster iritsi ginen Donostiako portura. Egituraz hagitz sinplea izanagatik ere —harrizko murruak eta zutoinez altxatutako egurrezko ezponda trauskilak soilik osatzen baitzuten kaia— berezko edertasuna bazuen inondik ere.

      Bertan antzeman nion euskaldun eta gaskoien arteko lehengo bereizketari: portuko merkatariak, ia-ia denak, gaskoiak baziren ere, arrantzaleak, nagusiki, euskaldunak ziren. Eta batzuen —gaskoien— itxura apainak bereziki nabarmentzen ziren besteen xarpa koipetsuen artean.

      Portuan baziren neurri eta itxura desberdinetako itsasontzi batzuk. Handienak —berrogei bat oin luze, zortzi inguru zabal— masta bakarra eta bela bildua zeuzkan; gainaldean pare bat arpoi eta kiribildutako sokak. Balea harrapatzeko erabiliko zuten ontzi hura, noski. Beste behin ere arrantzaleei begiratu nien, mira puntu batez, oraingoan. Gero pentsatu nuen nola adorearen bertuteak gizonik zarpailena ere gorets dezakeen.

      Hausnarketok buruan nenbiltzala, kalapita batek atentzio eman zidan.

      Lehen ikusitako arrantzaleak merkatari gaskoi batzuekin eztabaida bete-betean ari ziren.

      Gaskoiek, arrantzaleei kiratsa zerielako imintzioak egiten zituzten, barre-algaraka, haietaz trufatuz. Arrantzale gehienek jaramonik egiteke aurrera egin bazuten ere, haietariko bat, arrantzale ttattar gaztetxoa, amorruz oldartu zitzaien, haien karkailak eta zirtoak areagotuz.

      Arrantzale zahar batek hura besotik heldu, eta aurreraka eraman zuen; baina, tupustean, arrantzale gaztea zaharraren eskuetatik jaregin, eta saskia bete arrain bota zien merkatariei burutik behera.

      Gaskoien erantzuna berehalakoa izan zen.

      Merkatarietariko bik, ordurako ihesi zihoan arrantzale gazteari, atzetik jazarri eta lurrera bortizki eraitsi zuten. Bertan ostikoka ekin zioten, gaskoiz biraoka ari zirela eta beren onetik erabat irtenda. Gainontzeko arrantzaleak lasterka joan ziren lagunari laguntzera.

      Jendea leihoetara atera eta, aspertu antzean, iskanbila begira jarri zen. Bi taldeek elkar jipoitzeari eman zioten; lehengo arrantzale txikiak, inguratutako basakatu baten modura, itsumustuka astinduak jotzen zituen, lurretik, ukaldi eta ostiko zaparradari ahal bezala erantzunez.

      Ikuskizunak gogaitua beste norabait alde egin behar nuen une berean, dirdira bat sumatu nuen zalaparta hartan. Gaskoietako batek daga luzexka atera eta eroritako gaztearengana zuzendu zen. Gainontzeko arrantzaleak konturatu ere ez ziren egin, hain zeuden tematuak liskarrean.

      Nik oihu egin unen. Alferrik.

      Ordurako lurrean, arrantzale txikia erabat menderatuta zeukaten gaskoiek beso-hanketatik irmoki helduta. Merkatariak ganibeta gora altxatu zuen, mutilaren gorputz eskasaren gainetik.

      Bigarrenez ganibetaren dirdira.

      Bigarrenez oihu egin nuen alferrik.

      Supituki, upel bat ikusi nuen airetik gaskoi aiztodunaren kontra zihoana. Bete-betean harrapatu zuen. Gaskoiaren gorputz uzkailia mutiko harrituaren gainera jausi zen. Gaskoiek ingurura begiratu zuten, baita arrantzaleek ere. Gero, gaskoiek lurrean zetzan laguna nola edo hala hartu eta, erdi herrestan, eraman zuten handik korrika, behin eta berriz estropezu eginez, arrantzaleak atzetik harrika eta biraoka ari zitzaizkiela beren kontra.

      Ustekabeko amaiera hark jakin-mina piztu zidan.

      Arrantzaleek jadanik lasaixeago ziruditen eta gaztea, hartutako astinaldiarengatik artean ere zorabiaturik, horma baten kontra bermatu zen arnasestuka.

      Arrantzaleak orduan atzera begira gelditu ziren, isil-isilik.

      Neuk ere harantz begiratu nuen.

      Sekulako gizon tantai bat, geldiro eta astun, idi baten antzera, urruntzen ari zen kaitik. Ibilera unatuaz eta burumakur, egindakoaz guztiz axolagabe bezala, bazihoan kreatura bitxi hura mendi aldera.

      Neuk beste behin ere nire buruari galdetu nion nola sor zezakeen Jainkoak halako lurralderik, non fraideak azpikariak ziren, haurrak legenardunak, nekazariak zelatari ikusezinak, merkatariak liskartiak eta gizak itxuragaitzak han-hemenka ibiltzen ziren jaun eta jabe.

      Horretan hausnarketan ari nintzela, mutiko bat etorri zitzaidan zaldiz, beste zaldi pinto bat atzetik lotuta zeukala, bazkaltiarrak nire zain zeudela eta hark gidatuko ninduela alkaidearen etxeraino.

      Etxea zinez dotorea zen. Bertara sartu bezain laster alkaide Pierresek berak egin zidan harrera eta elkarrekin joan ginen jantokiraino. Hamar bat lagun —denak dotorezi handiz jantziak zeuden— mahai luze baten inguruan konru-kontari. Gehienak gaskoiz mintzatzen ziren; nahiz eta, tarteka, euskaldunen mintzaira aldrebesa eta gaztelera ere entzuten ziren.

      Gu sartu orduko, denak isilik eta irribarrez geratu ziren geuri begira.

      Mahaiburu jarri ninduten eta ni jesarri arte zain egon ziren; oro har kuriositatez begiratzen zidaten. Hala ere, beren begirada batzuek lehengo fraideenen antz handiegia ez ote zuten susmoa izan unen.

      Berehala ardo gorri nafarra eta arkumea ekarri zituzten; bai erruz ekarri ere! Hura zen hura janari eta edari emana! Jendeak nireganako erakusten zuen arreta, gosea berdindu eta, batez ere, zintzurra ardoaz busti ahala apaltzen zihoan.

      Azkenean lasai hitz egin nezakeen alkaidearekin.

      —Gaur liskarra ikusi dut kaian. Zera, merkatari eta arrantzaleen artekoa.

      Neure eskuinetan zegoen Joannes D'Altruy komisarioak begiratu zorrotza egin zidan. Alkaideak, berriz, bestela bezala erantzun zidan, esku artean zeukan arkume izterrari erasotzen zion bitartean.

      —Halako liskarrak maiz gertatzen dira, gehien bat arrantzaleek sortutakoak. Zorionez eta eskuarki, ondorio larririk gabeko eztabaida zalapartatsuak baino ez dira izaten, arrantzaleek berez zurruteroak izaki..

      —Gaur ikusi dudana, ordea, merkatariek eragindakoa izan da. Neu lekukoa izan naiz.

      —Zera esan nahi dut, on Gonzalo: gehienetan gorrotoaren hazia mozkor haiek ereiten dutela beren etengabeko kalapitekin; eta ez dut esan nahi arrantzale guztiak horrelakoak direnik. Inoiz edo behin merkatariak gisa hartako zirriparretan sartzen badira, ziur egon jauna, aldez aurretik zirikatuak izan direla. Baina lehen ere esan dizut: zorionez garrantzirik gabeko tirabirak besterik ez dira izaten.

      Komisarioaren begirada niregan tinkaturik sentitzen nuen artean ere. Agian ez zen komeni anfitrioia gehiegi ernegaraztea, are gutxiago komentuko abadearekin izandako zaputzaldiaren ondoren, noski. «Hala jarraitzez gero, lurralde honetako handizki guztiak laster neure kontra ditut» pentsatu nuen neure artean. Hala eta guztiz ere, buruan nerabiltzan zalantzak argitu beharra neukan.

      —Herrien garapenak berak ekartzen ditu, neure aburuz, halako ikamikak —erantsi nuen era leunean, nireganako edozein errezelorik ekidin nahian beti ere—. Elkarren osagarri diren, gizartearen oinarriak sendotu arte, ezinbestean jasan beharreko gaitz iragankorra inondik ere. Flandesen bertan ere makina bat iskanbila ikusia naiz gizartearen atal desberdinen artean, interes ekonomikoak edo bekaizkeria gaiztoak tarteko; eta nago, finean, hori eta ez besterik dela herri baten aurrerapena bide onean doalako seinalerik nabarmenena. Era berean, herritarren arteko konponezinek, aukera paregabea eskaintzen diote agintariari bere dohainak eta bertuteak Jainkoaren eta herriaren aurrean erakuts ditzan.

      Pierresek trago luzea egin eta irmo hegiratu zidan begietara. Eskua nire sorbaldaren gainean pausatu eta baiezkoa egin zidan buruaz. Agurearen aurpegian ontasun zantzurik antzeman bazitekeen ere, erresalbua eta zuhurtasuna ziren bere ezaugarririk agerikoenak.

      Kontua horretan utzi beharrean, gehiago sakondu, gehiago lardaskatu nahi neuk.

      Era arriskutsuan hisiaka ari nintzela jakin arren, neuk neureari heldu.

      —Portuko sesioak, nolanahi ere den, ezusteko bukaera izan du —diotsot neu ere harritu ninduen lasaitasunaz, espero zitekeenaren atari zela jakitun—; erraldoi karkail batek borroka erabakita utzi baitzuen arrantzaleen alde. Zalantzarik ez dago bertako liskarrak ere berezi samarrak direla...

      Joannes D'Altruy, komisarioa, sumatu nuen nire aldamenean bihurritzen, alkaideari begira, haren erantzunaren zain, guztiz hagorandurik. Agureak behingoan erantzun ez, ordea. Denbora hartu zuen, hausnarrean eta beltzurituta. Bere aurreko azpila besoaz nagiki baztertu eta, azkenean, mintzatzeari ekin zion:

      —Zuk ondo diozun bezala, ezohiko gertakizuna izan behar derrigor Itain bezalako kreatura tartean bazegoen. Naturak berak ere bere perfekzioan halako laprastadak izaten baititu. Guk deus gutxi dakigu kankailu moldagabe horri buruz, non eta bertakoen sineskeriei jaramonik egiten ez bazaie, bederen, hots, bere ama urdanga mairua zela eta bere aita, berriz, Nafarroako mendietako hartza. Lelokeriak! Argi dagoen gauza bakarra zera da oihana duela bizilekua eta gaizkilea dela; eta honez gero gatibu hartuta eta are, urkaturik egon behar zuen, baldin eta horren ardura duenak ganoraz jokatu izan balu.

      Neure ondoan zegoen komisarioa, burumakur eta isilik, bere baitara kikiltzen antzeman nuen beste behin ere. Une batez, arerioak egiteko nuen joeraz eta erraztasunaz harritu nintzen eta pentsatu, ez ote zen neure jokabidea ingurumari erasokorrari gogor erantzuteko beharra, jakin arren, luze gabe, isuritako hitz zital bakoitza azkon modura bihurtuko zitzaidala.

      Halakoxe kontuak nerabiltzala, neska gazte baten presentziak neure gogoetatik atera ninduen deblauki. Beltzaran eta airosa zen guztiz, zapi batek adatsa biltzen zion eta soinekoak haren jatorri apala agerian uzten zuen. Hiru pitxar ardo zeramatzan bular naroen kontra eta barrena inarrosi zidan irribarrea ezpainetan.

      Pierresek, neskak sortarazten zidan liluraz oharturik, hari eskuez inguratzeko agindu, eta zerbait xuxurlatu zion belarri ertzera. Neskak irri xaloa egin, neuri goitik behera begiratu eta, aurpegia eskuez estalita, lotsatu antzean korrika txikian alde egin zuen jantokitik.

      —Hemengo neskak hasieran uzkurrak badira ere —jaulki zuen alkaideak ahapeka—, behin konfiantza hartuta, erabat suharrak eta malguak dira. Lurralde honetan giroa hotza eta hezea izaten da, are gauean, jakina. Ziur naiz, gaur iluntzean epeltasun pittin bat zinez eskertuko duzula...

      Alkaidearen asmoa, gizonik inozoarentzat ere, nabariegia zen. Ez zuen gustuko ordura arteko neure jarduna eta mintzagaia aldatu ez ezik, errezeloak samurtu eta neure burua limurtu nahian ari zen; nola eta gizonezkoon ahuldade likitsenaz baliatuz. Alproja alaena!

      Eta nik neskaren irribarrea gogoan atxikita.

      —Nola hil zen aurreko arkitektoa?— Galdetu nion brastakoan.

      Haren begietan amorrua gorriz tindatu zen. Bizpahiru aldiz sudurhauspoak bortizki astindu eta, lehengo aldiz agian, haien eliza eraikitzeko ni aukeratu izanaz damuturik antzeman nuen. Ongi-etorriko bazkari arrunta infernu bilakatzen ari zitzaion. Gizalegea eta adeitasuna arinegiak zitzaizkion, orduan, suminduraren aldean, haren barneko balantza berdintzeko.

      Ingurura begiratu eta, keinua eginez, berarekin kanporatzeko adierazi zidan. Komisarioa ere altxatu zenean, Pierresek berehala jesarrarazi zuen begirada soil batez.

      Etxeko eskailerak jaitsi eta barruko patio batera atera ginen. Bidean, sukaldearen paretik pasa eta, lehengo zerbitzari pertxenta ontzi eta lapikoen babesean sumatu nuen, kukuka, neuri so.

      Alkaide zaharrak leihoko erlaitzetik kutxa txiki bat hartu, zabaldu eta tresna bitxi bat atera zuen. Igitai ñimiño baten tankerako aihotz makurra zen. Bi hatzez heldu, mahukaren kontra garbitu, eta horman propio itsatsia zegoen harri batean igurtziz zorroztu ondoren, lainotzarrek ia guztiz estaltzen zuten eguzkiaren aldera zuzendu zuen.

      Egindako lanari oniritzia eman zion nonbait.

      Isil-isilik eta era zeremoniatsuan beti ere.

      Buru-keinuaz jarraitzeko adierazi eta tarte labur bat urrats geldoz eginik, patioaren atzealdera heldu ginen. Bertan ate txiki bat. Eskuin eskuaz eta soberako eztitasunez aizto txikiari atxikitzeari utzi gabe, atea bortizki bultzatu eta, bat-batean, brau irekitzeaz bat, lorategi zoragarria agertu zitzaigun gure oinetan.

      Hamaika lore-landare zeuden bertan, lerroka eta atalka apailaturik; bertan, kolore eta jite desberdinen arteko oreka ikusgarria lortua izateaz gain, landare bakoitza hain zegoen mainatua non bizipoza noranahi hedatzen zen, gizakiek ez baina aingeruek berek sortutakoa zirudien paradisu txiki hartan.

      Zeruan, ordea, lainotzar beltzek bizitzaren edertasunarekiko mira zapuzten tematurik.

      Piarres, isiltasunik handienean beti ere, aizto ttikiaz lardaskan landare koloretsu eta jori baten inguruan.

      Lantegi gaitz hartan murgildua eta niri begiratu ere egin gabe, hizketan hasi zen agurea.

      —Jainkoak Berarenganako bidea erakutsi zigun, hari lotu eta aurrera egitea baizik ez dugu gizakiok betekizun. Hala eta guztiz ere, gizon-emakumeak aunitzetan ergel eta burugogorrak izaki, okerreko norabideari eusten tematzen dira. Jakina da nolako ondoriorik letorkeen Jainkoak debekatutako eremuen ilunpeetatik...

      —Nola hil zen lehengo arkitektoa?— Berriz ere nik.

      Ur tanta bat kopetaren kontra lehertu eta nagitsu antzean sudurretik behera lerratu zitzaigun.

      —Mendian azaldu zen hilotzik. Ehiztari batzuek inguruko baso batean topatu zuten, agerrune batean. Bizkarra aizkora-ukaldika txikitu zioten, antza. Zauri ikaragarri haiek gurutze baten itxura ei zuten.

      Alkaidearen lehengo hitz anpulosoak gertaera latz honekin lotzen ahalegindu arren, ezin tankerarik hartu nik agureak iradoki nahi zidanari.

      —Nork hil zuen?— jaurti nuen zakarki, argi utzi nahian kontu horren inguruan azalpen garbi eta gardena zor zitzaidala.

      —Garrantzitsuena ez da nork hil zuen, zergatik baizik.

      Hau esanik, pauso batzuk aurrera egin, bizkarra lore urdinxka multzo baten aldera makurtu, kukubilko jarri, eta berriz jorraketa lanari ekin zion igitai txikiari eraginez.

      Zeruan trumoi-hots baten burrunbak bazterrak oro ikararazten ditu.

      Lehen bakanak ziren ur tantak zarraparraka orain.

      —Iritzi asko daude arkitektoaren heriotzari buruz. Gizon hark basoa zuen aukeratua. Lurralde hura deabruari dagokiola jakinaren gainean egon arren, okerreko hautua egin eta larrutik ordaindu zuen bekatua. Zentzuak agintzen duenez, Jainkoaren etxearen eraikuntza eta deabruaren gurtza ezin dira inola ere uztartu.

      Lorategitik irten eta etxearen albo batean zegoen aterpe batean babestu ginen. Dagoeneko blai-blai eginda geunden. Alkaidearen begietan begirada urrun misteriotsua ageri zen.

      —Honakoan, ume legenardun batekin egin nuen topo...

      Alkaideak ez zuen zirkinik ere egin, inoiz baino zaharrago zirudien.

      —Horren inguruan ere, eta basoaren eremuko kontua denez, zurrumurru franko entzun izan da. Bertakoek ume hura deabrua bera dela diote, zeren eta gauza jakina baita berak munduan litekeen itxurarik xamurrena propio aukeratzen ohi duela jendea errazago nahastu eta galtzeko asmoz. Esamesa haien arabera, deabruaren berezko gaiztakeriak eragiten dio zorne jario higuingarria. Eta egon badaude beste azalpen batzuk. Nola esango nuke... Azalpen gizatiarragoak, nahiz eta beraietan fraideak tartean egon. Ulertuko duzunez eta neuri dagokidan kargua dela eta, arinkeria izango litzateke nire aldetik halako txutxumutxuak zabaltzea.

      Euria apalago botatzen zuen orain. Zalantzarik gabe paradisu txiki hura zen iheshide betea alkaidearentzat: hainbeste estutzen zuen errealitate gordinari itzuri egiteko eraikitako burbuila magikoa. Agian pentsatuko zuen ez zitzaidala zilegi bekatuaren etengabeko aipamen

      zorrotzaz haren santutegia zikindu izana. Edo jukutria baino ez zen izan ni lorategi zoragarri hartara eramana: beharbada bere baitaren sakonean esperantza bazuen, hango liluraz kutsatu eta neuk ere bertako armonia hausten ausartuko ez nintzelakoa, berak neure arimaren sosegurako egindako gonbiteari ataka itxiko ez nion esperantza izpia. Sosegua, ordea, aspaldi alde ginda zegoen niregandik.

 

Arkitektoa
Txema Garcia-Viana

Euskaltzaindia / BBK, 2007