Arkitektoa
Txema Garcia-Viana

Euskaltzaindia / BBK, 2007

 

 

VII

 

      Goiz osoa beharrezkoa nuen atsedena hartzen iragan ondoren, eguerdirako Joannes d'Altruy komisarioari bisita egitea erabaki nuen. Nire etorreraren berri eman orduko bera jaitsi zen atalondora, eta bere begien mesfidantza guztiz estali ezin izan zion kortesiaz areto dotore batera eraman ninduen. Bertan, sutondoaren aldamenean zegoen mahai batean eseri ginen, zeina aurki hainbat platerez, erretiluz, jakiz eta edalontzi bete ardoz hornitu zuten morroiek.

      Denbora galtzeko ez nengoela, eta berehala harira jo nuen itzulingururik gabe.

      —Entzun dudanez —jaurti nuen brastakoan komisarioari tinko begiratuz—, Joana desagertu baino egun batzuk lehenago, ontzi misteriotsu bat Donostiara arribatu omen zen. Herio bera omen zihoan bidaiari...

      Komisarioari, hau aditzeaz bat, deblauki aldatu zitzaion aurpegia. Begiak kizkurtu eta, beste behin ere, errezeloz begiratu zidan.

      —Ez zegoen, ez, guztiz oker ontzi horren berri eman zizuna. Zeren eta aurrez aurre ikusi ez bagenuen ere, egia handia baita herioren beraren esku hezurtsuak gidatzen zuela ontzi malapartatu hura.

      —Zertara etorri zen ontzi hura Donostiara zehazki?

      —Laguntza bila inguratu zen gure herrira. Goiz, lanbrotsua zen ontzia azaldu zitzaiguneko hura. Lehengo errainuak lanbroa zulatu eta edeki ahala, emeki-emeki azaltzen hasi zitzaigun ontzi ingeles hura.

       —Ontzi ingeles bat Donostiara laguntza bila...— ozenki egin nuen hausnar, inolako ondoriorik atera nahian.

      —Gurutzadetara zihoan ontzi bat zen hura. Inoiz edo behin pasatzen ohi dira eta, batzuetan, Donostiara etortzen dira horniduren bila; baina ontzi hartan ez zen inongo mugimendurik sumatzen. Soldaduek ontziaren berri eman bezain sarri eman nion abisua alkaideari, eta hala, biok, soldadu batzuk lagun hartuta, ontzira inguratu ginen.

      »Ontziratu ginelarik, izua gorpuzturik ikusi ahal izan nuen jende koitadu haren azalean. Kontatu zigutenez, eskifaiako gizon batzuk eri zeuden eta sendagile baten behar larria zuten. Bazegoen zerbait berezia ontzi horretan: ontziaren alde, zoko eta bazter guztiei usan nabarmena zerien. Alkaideak baietz, sendagile bat eramango ziela, baina lehengo eta behin ontziko gaixoak berak ikustekotan. Eskifaia-kideen artean begirada zorrotzak elkarri isiltasun handienaren pean. Kapitainak lehengoari eutsi eta, arren eta otoi, sendagilea lehenbailehen ekartzeko izugarria ger tatuko zela eta, bestela. Alkaideak, berriz, here horretan tinko. Eriak ikusi arte ez diola sendagileari deituko eta kito! Ingelesak kirioak airean daude, guztiz lur jota, heriok berak zurkaiztutako gorpuak dirudite. Ontziko kapitainak, halako batean, etsipenaren etsipenez, alkaideari paparretik heldu eta astindu bortitzak ematen dizkio sendagilearen galdez. Gure soldaduek berehalakoan gainera jauzi egin eta lurrera eraisten dute. Tripulazioko kideei egoera, irudiz, guztiz jasangaitza zaie eta negarrari ematen diote batzuek, eta buruarekin gogor jotzen dute lurraren kontra besteek, odolak bisaia erabat estali arte jo ere.

      »Kapitainak, finean, amore ematen du. Kriseilu bat piztu eta ontziko sotora garamatza. Kriseiluko su-lama ikaratiak apenas urra dezakeen iluntasun lodi hura. Kapitainaren atzetik goaz eskaileratik behera, infernura bertara jaitsiko bagina bezala. Gure atzetik, soldaduek irmo heltzen diote ezpata-buruari, adi eta atezuan beti ere.

      »Jaisten dugun maila bakoitzeko, ustel-kiratsa nabarmenagoa da. Alkaideak mahukaz estaltzen du musua; soldaduek, eskua sudurretan paratuta, ezpata ateratzen dute zorrotik zer gerta ere. Azkenean, eskailera bukatzen delarik, ate lodi bat ikusten dugu aurrez aurre. Kapitainak bortizki, amorruz kasik, zabaltzen du eta, bat-batean, kiratsa jasangaitz bihurtzen zaigu. Arnasots larritua baino ez da entzuten barruan. Kapitainak kriseilua inguratzen du eriengana. Hauek imintzio txikiena ere ez dute egiten, horretarako indarrik ez baitute. Kriseilua balantzaka mugitzen da erien buruen gainean, horrorea era apalean argituz. Ez dago zalantzarik: hanturek, orbanek eta, eskuarki, ustel-kiratsak argi adierazten dute zeren aurrean gauden. Zeren eta heriok izen asko baditu ere, haietariko bat bereziki krudela eta beldurgarria baita, honez gero asmatuko zenuen bezala, izurri beltzaz ari naiz, jakina.

      »Arrapataka irten ginen handik. Behin kanpoan, kapitainari berehala alde egiteko agindu genion, baldin eta ontziari —eta haren barruan zeuden guztiei ere, noski— su ematerik nahi ez bazuen. Orduan kapitaina, tximist batek eraitsia bezala, lurrera amildu eta, begiak malkotan zituela, haietaz urrikaltzeko eskatu zigun behin eta ostera.

      »Nik buruan ostikoa jo nion, baina berak, bere jarreran etsi beharrean, indarrez oratu zion nire hankari, era lotsagarrian erreguka. Ezpata atera nuen eta, sinetsidazu, jauna, haren burua kolpe batez erdibituko niola, alkaideak nire besoari helduz ukaldia zapuztu izan ez balu.

      »Alkaideak artean ere lurrean zetzan kapitainari jaikitzen lagundu eta ozenki jaulki zuen erabakia: gaixotasunaren larria ikusita, medikurik ez zen ontziratuko, baina arratsean nahikoa hornidura hurreratuko zitzaien txalupa batean eta, goiztiria baino lehen, alde egin behar zuten handik. Eskifaia-kide guztiek galarazita zeukaten lehorreratzea, hau horrela izan zedin gau osoan soldaduak Donostiako kostaldean ipiniko zirelarik, ontziko inor ikusiz gero, jo eta bertan akabatzeko agindu zorrotzarekin. Eta ontziari ezarritako inguratzea zinez beharrezkoa eta eraginkorra gertatu zen; zeren eta iluntzearekin bat, ontzitik bi gizon ahalegindu baitziren ihes egiten txalupa batean. Hala ere, nire gizonak garaiz ohartu, eta geziz hil zituzten hondartzan oinik ipini baino lehenago.

      »Hurrengo eguneko lehen argi-urratzearekin, ontzia urrundu zen guregandik Frantzia aldera, eta zorionez ez genuen gehiago ikusi. Garai hartan pentsatu nuen alkaidea eskuzabalegia izan zela arrotz haiekin, eta behar bezain irmoki jokatu ez izanagatik Donostia arrisku bizian jarri zuela. Alabaina, gaur egun ene aburua bestelakoa da: kristau on batek izan behar duen errukitasunaz jokatu zuen alkaideak, eta ontzi hartako tripulazio-kide koitaduak ezinbestez kondenaturik egon arren, beste aukera bat eman zien, hots, beren biziaren alde borrokatzen jarraitzeko aukera. Zeren eta gauza jakina baita esperantza dela gizonari ahitzen zaion azken euskarria.

      Komisarioaren azken hitzei zerien ustezko onberatasun kiratsua alde batera utzita, itsasontziaren istorioa interesgarria iruditu zitzaidan oro har.

      Aulkitik jaiki eta eskainitako jatordu oparoarengatik eskerrak eman nizkion. Orain, askoz ere lasaiago zirudien.

      Arrastiria zen frai Beremundo ikusi nuenean. Elizaren orubean zegoen; harrizko hondakinetatik gertu eraiki, eta obretako zuzendaritza eta antolakuntza lanak babesteko funtzioa zuen harrizko etxetxo baten kanpoaldean. Inguratu nintzelarik, planoak eskuan zeuzkan eta eztabaida bizian ari zen langile kualifikatu batekin. Aurpegia gorri-gorri eginda zeukan, eta hatz erakuslea bortizki astintzen zuen, bere aurrean betilun eta isilik zirauen gizonaren aurka.

      Ni fraidearengana inguratu, eta obrako harrizko etxera joateko gonbitea egin nion, hotz eta lehor.

      —Serio hitz egin behar dugu guk biok garrantzi handiko kontu batetaz, lagun.

      Nire hitzok ustekabean harrapatu zuten fraide arkitektoa. Bekozkoa zimurtu eta begia txitxilduz begiratu zidan, zertaz hitz egin behar ote nion aurretik asmatu nahiko balu bezala. Beste hitzik egin gabe etxera sartu ginen. Atzean gelditu zen langilea, harridurazko keinua aurpegiari erantsita.

      Behin barruan, bere pisuari eustea mirakulua zirudien aulki xume batean eseri zen, bere ipurdiaren azpian guztiz desagerraraziz; gero, sotananaren azpialdea eskuekin bizpahiru aldiz lisatu, eta zain gelditu zen.

      —Zu era larrian konprometitzen zaituen informazioa jaso dut, zeinek ospe txarreko emakume batekin lotzen baitzaitu.

      Frai Beremundok ezin zuen urduritasuna ezkutatu, hain zen nabarmena bere gorputza guztiaren dardarizoa; hala eta guztiz ere, nire salaketa ukatzen ahalegindu zen, era trakets eta sinesgarritasunik gabekoan ahalegindu ere.

      —Ez dakit zertaz ari zaren, zinez diotsut. Nik ez dut harremanik izan inongo emakumerekin, monasterioko mojekin ez bada, eta elizagizonoi dagozkigun kristautasunezko arauen barne beti ere. Horrenbestez, harritzen nau inork halako informazio okerrik eman izanak, eta ezjakintasunari edo nahita kalumniatu nahi izateari bakarrik egotz dakieke berauen jatorria.

      Lehentxeago aurpegia hartzen zion kolore gorria, ordurako zurira erabat mudaturik zeukan. Ziur nengoen aski zela pixka bat gehiago estutzea guztiz aitortzeko; halarik ere, tentuz neurtu behar nuen bere amiltzea, gauza jakina baita behea jota dagoen pertsonarengandik ganorazko deus gutxi atera daitekeena.

      —Sorgin sona zuen Ines izeneko emakumeaz ari natzaizu; Joana desagertu baino lehen hura ere desagertu, eta orain arte bere suerteaz batere arrastorik ez dagoena. Zuk maiz basoko etxolara bisitatzen zenuena, zurengandik opari garestiak jasotzen zituen berbera hain zuzen ere.

      Nire salaketaren larriaz jabeturik, kikildu beharrean, aurrera egitea erabaki zuen nonbait; azken batean, beste irtenbiderik ba ote zuen? Une batez ezpainak ikaran eta fundamenduzko argudiorik itxuratu ezinean eduki ondoren, ahotsa altxatu eta bere sandia buru eskerga ezker-eskuin jiratu zuen, nik esandakoaz desadostasuna areagotu nahian.

      —Herri honetan esamesa franko dabil lau haizeetara, jauna. Bertako jendeak berezkoa du lagun hurkoa larrutzeko grina, zenbat eta handiagoa bota, hainbat hobe. Nik, jende gehienak bezalaxe, Inesen aditzera badut, baina ez dut uste hura oso eliza zalea denik. Zuk egiatan uste al duzu halako emakume batek fraideak gustukoak dituela?

      —Hara adiskide, zuzen eta gordinki mintzatuko natzaizu, inguruminguru ibili gabe. Nik dakidala, larru kontutan inoren kontzientziak edo sinesmenak ezer gutxi balio du. Larruaren truke ordaindu, mundua bera ere bezain zaharra den tratua. Batek plazera bilatzen du, besteak, aldiz, saria. Salerosketa honetan non kokatzen da izpiritua?

      —Mihiluze batzuen lekukotasuna baino ez duzu, frogarik batere ez. Errespetu osoarekin, ikertzeko modua aldatu ezean, nekez argituko dugu ezer. Har ezazu, bederen, aholku umil bat niregandik: ez zaitez edonoren testigantzaz fio, are gutxiago gaskoi eta menditarrarenaz.

      Ni halako hitz jario farfailarekin gogaitzen hasia nengoenez, zirt edo zart egitea erabaki nuen.

      —Hortaz, eta zure iritzia kontutan hartzen badut, eliza-gizonekin fida ninteke soilik. Baina zainak esaten dit hori ez dala guztiz egia, fraide batzuek ere gezurra esan dezaketela. Hona hemen, adibidez, zeure kasua...

      —Gezurtitzat hartzen al nauzu? Orain arte zure zirtoak eta kalumniak jasan izan ditut, baina nahikoa da! Ni zure laguntzailea izateko aukeratu nauzu, orain arte prestu eta zintzoki zerbitzatu zaitut, ez dut uste honelako ordain eskergabea merezi dudanik zuregandik.

      Unea heldua zela iritzita, artzainari hartutako azpila bota nion oinetara.

      —Sorgin hark esan zuenez, zeuk eman zenion ontzi hau bere zerbitzu lizunen ordainez. Niri sorginekin zer egiten duzun bost axola zait, ni ez nago hemen fraideen hala-moduzko joerak salatzeko edo zuzentzeko. Arazoa zera da: azpil horretan Güllet familiaren armarria grabatuta dago. Ez nuke ahalegin berezirik egin beharko Joanaren desagerpenean zu goitik behera kakazteko. Nago, soluziorik errazena eta egokiena izango litzatekeela, gainera. Gaskoiek gustura hartuko lukete zu herriko plazan erretzea; hartara, jendea lasaiarazteaz gain, frai Estebanek beraiek zelatatzeko ipinitako satorraz libratuko lirateke betirako. Zama ederra kenduko dukete gainetik, bai horixe! Zure heriotzak ez ditu mendiko euskaldunak bereziki hunkituko, ezta minduko ere. Haiek askoz gehiago estimatzen baitzuten edabeak eta sendabelarrak eskuratzen zizkien sorgina, zu bezalako fraide potolo bat baino. Donostiako euskaldunak aparteko indarrik ez, eta agintari gaskoiek esandakoari men egingo diote, haiek bestelako arazoak bai baitauzkate. Niri dagokionez, azkenik, nire Obra Handiari ekiteko azken oztopoa ezabatuko egingo litzateke. Bikain! Ez al zaizu iruditzen? Zuk aukera izan zenuen Joana bahitzeko eta elizaren harri tartean ezkutatzeko, baita lapurtzeko ere! Zertarako lapurtu? Urdanga horri ordaintzeko. Zeuk Joana bezala geroago hil zenuen sorgin horri ordaintzeko. Nardagarria benetan!

      Frai Beremundoren erantzuna berehalakoa izan zen.

      Gorputza, berriz, dardarizo batean zuen, eta lepoko zaina izugarri hanpatua. Bat-batean, odolak burua hartu zion azala, berriro ere, arrunt gorrituz. Nik, zer gerta ere, etxolako ate ondoan jarri nintzen, gerriko aiztoaren heldalekuari helduz eta balizko erreakziorik oldartsuenerako pronto.

      Eta bere erantzuna etorri zen, nik uste ez bezalakoa izan bazen ere. Fraidea aulkitik jaiki, eta pauso batzuk aurrera eginda,      astun eta trakeski amildu zen nire oinetara.

      —Aitor dut Ines nire erruz hil zela, baina ez nire borondatez. Sinets iezadazu, istripua izan zen, ni neure onetik irtenda bainengoen. Istripua, beste ezer ez.

      Ni, artean ere hitz hauen aurrean harriturik, egoeraz guztiz jabeturik, eta, batez ere, jakiteko irrikaz, gehixeago estutzea erabaki nuen.

      —Lepoa salbatu nahi izateari zentzukoa deritzot, baina horretarako barrena hustu behar duzu. Zuri laguntzekotan den-dena jakin beharra dut, gertatutako guztia. Hori egin ezean, zu atxilo hartzeko agindua emango diet agintariei.

      Isilune baten ondoren, buruari nabarmen eragin zion goitik behera, bere adostasuna sutsuki adieraziz.

      —Egunak joan egunak etorri, emakume hura mehatxuka aritzen zitzaidan, dirua edo opariak eman ezik komentuan salatuko zituela nire amodiozko ibilerak. Ni bere jarreraz ohitua nengoen, baina bere dirugosea gero eta handiagoa zen. Nire trantzeari nolabaiteko lasaitasunezko irtenbidea eman ahal izan nion, monasterioko gela batean emakumeren baten hainbat objektu topatu nituenean. Soinekoak, bitxiak eta apaintzeko gauzak ziren gehienbat. Bai, zenbait egunez lapurreta egin nuen, baita azkenean, nire azioa nabarmenegia izan eta ohartuko ote ziren beldurrez, gehiago ez ebastea erabaki nuen. Inesen eratzuna bortitza izan zen oso. Esan zidan, urte batzuk lehenago, nire haziaz, ume bat ernatu zitzaiola bere erraietan; eta hain zela nabarmena nik egindako bekatua, ezen haren azala, nire arimaren ispilua zela: ustela eta zornetsua. Eta hortxe zegoela nik egindako bekatu larriaren froga bizia.

      »Badakizu, batzuetan arras suminkorra izaten naizela, eta nire burua ezin izaten dudala mendean hartu. Orduan ere hala gertatu zen, eta lepotik helduta gogor estutu nuen. Zoritxarrez, nire eskuetatik libratu zelarik, lurrera zerraldo erori zen. Amorruak eraginda nik inola ere nahi ez nuen ondorio tamalgarria fortunatu zen. Bai, orduantxe egin zuen Inesenak.

      »Ni, ikaraz, arrapaladan monasteriora joan eta frai Estebanekin konfesatu nintzen jazotakoak oro kontatuz. Berak jator lagundu eta isiltasuna agindu zidan, baldin eta nire burua bere eskuetan paratzen banuen. Gau hartan bertan, bion artean sorginaren gorpua ehortzi genuen basoko leku ezkutu batean. Bizi arteko zorra dut nik erretorearenganako.

      Azpila lurretik jaso eta malkoz blaitutako bere begien aurrean ipini nion.

      —Hau ere monasterioan ostu zenuen, beraz?

      Ume handi bat iruditu zitzaidan orduan fraidea, egindako bihurrikeriaz lotsatutako haur kankailu onkotea.

      —Bai.

      Frai Estebanekin berriz ere hitz egiteko tenorea iritsia zen. Baina lehendabizi ostatura joango nintzen, hazkari legea egin eta frai Beremundok kontatutakoaz hausnarketa egitera. Eta ostatura inguratu, inguratu egin nintzen, baina sartu ez; zeren eta bai baitzirudien patua gurekin jolasean zebilela aspalditxotik, eta hura ez zegoen, antza, amore emateko prest. Izan ere, ostatura nindoala mezulari bat irten zitzaidan bidera, eta berehala berarekin alkaidearen etxera joateko eskatu zidan: «batzar bat hastear dago bertan, jauna, batzar garrantzitsua omen, hil ala bizikoa»

      Alkaidearen etxera iritsita, Donostiako agintari zibil eta militar guztiak jadanik batzarturik zeuden. Beraien artean sutsu eztabaidatzen ari ziren, eta hain zeuden murgilduta beren arrazoietan ezen ez baitziren nire presentziaz ohartu ere egin. Nahikoa zen bere aurpegiei erreparatzea zerbait larria, oso larria gertatzen ari zela jabetzeko. Alkaideak, ni ikusi bezain laster, aulki bat ekarrarazi eta bere ondoan esertzera gonbidatu ninduen. Gainontzekoek grinaz eta nahasian ezbaian jarraitzen zuten bitartean, egoeraren berri eman zidan.

      —Gureak egin du kasik, on Gonzalo. Goizean zehar matxinoek, Itainen agindupean eta hainbat jauntxok lagunduta, posizioak hartu dituzte Donostiaren inguruan. Une honetan herria isolaturik daukate eta ziur gaude iluntzearen esperoan daudela erasoa egiteko. Tamalez, errege Alfonsori eskatutako errefortzu militarrak, bidean badaude ere, oraindik ere ez, dira heldu. Unerik ahulenean harrapatu gaituzte, gure egoera larria da zinez.

      —Ziur naiz, Pierres, matxinoek gaur, preseski, erasoa jotzea erabaki badute, ez dela kasualitatez izan; beraiek gure egoeraz informazio zehatza dutela, eta jakin badakitela hauxe dutela beren helburua lortzeko aukera bakarra.

      —Harresiak eta sarrera guztiak babestu arren, nekez egin geniezaioke aurre jendaila horren oldarrari. Hau herri bakezalea da, merkatari herria, gure indar militarrak oso murritzak dira, eta matxinoek Nafarroako erregearen aldekoen laguntza lortu dute.

      Alkaideari egoeraz jakinaren gainean jarri izana eskertu nion, baina estrategia militarrez ezertxo ere ez nekienez, nire presentzia alfer-alferrikakoa zela batzar hartan. Eta arlo militarrean laguntzea ezinezkoa bazen, ahaleginduko nintzela, bederen, diplomaziaren bideak urratzen, eta nola bazirudien frai Estebanek aparteko itzala zuela matxinoengan, prest nengoela berarekin elkarrizketatzeko erasoa bertan behera gera zedin, edo, besterik ez bazen, ahal zen gehiena atzeratzeko asmoz.

      Alkaideak nire ahaleginak biziki eskertu zituen, eta egoera kritiko horretan ez zuela besterik espero niregandik adierazi. Halaber, nire eginkizunerako edozein gauza behar izanez gero, eskatzeko, eta bere esku bazegoen behintzat, prestutasunez inguratuko zidala agindu zuen.

      —Monasteriora ahalik eta erarik seguruenean gidatuko nauen gizona behar dut, hori baino ez.

      Alkaideak kezkaz betondoa zimurtu zuen.

      —Egoera honetan nekez ziurta niezazuke zure asturua, on Gonzalo. Ez al da hobe saiatzea abadeari mezu bat helarazten leku seguruago batean berarekin elkar zaitezen?

      —Aldian aldiko erabakiak hartu beharra dago beti ere, eta matxinoak Donostiara sartuko balira, nork erantzungo luke gu guztion biziaz? Abia nadin lehenbailehen monasteriora. Eginahalak egingo ditut ilunabarra baino lehen zuei bileraren berri emateko. Ez dut zer galdurik! Zeren eta, finean, zein zentzurik izango luke gure bizitzak baldin eta Obra Handiaren egitasmoak porrot egingo balu? Nahiago hil!

      Pierres Orgeletekoak sekula baino abailduago zirudien une hartan. Horrela sumatu nuen besarkada amultsu batez baietza, baiezko etsia eman zidanean.

      —Donostiako marinelik trebeena bidaliko dut zu laguntzera, zeren eta monasteriora iristeko aukerarik bada, itsasoz izan behar du ezinbestean.

      Handik ordubetera kaian nengoen marinelaren zain. Donostian tentsio latz batek markatutako lasaitasuna bizitzen zen. Bai, ekaitz aurreko barealdia zen kale kantoi bakoitzean arnasten zen giroa. Eta inork ez zuen zalantzarik etortzear zegoen ekaitzaz; baiki, inor ez zuen zalantzarik etortzear zegoen ekaitza Donostia sekula inarrosi bortitzena izanen zela.

      Marinela begi argiko gazte txikia zen. Haren itxurak pitin bat dezepzionatu ninduen, gizon sendo zaildua espero bainuen nik, eta ez oraindik bizarra egiten ez zuen mutil koxkor bat. Nire artean pentsatu nuen ezen hura Donostiak zuen marinelik trebeena bazen, egoerak egiazki larria izan behar zuela gaskoientzat.

      Mutilak, ezer baino lehen, bidaiaren arriskuaz ohartarazi ninduen: «arrisku handiena lehorrera iristerakoan izango dugu, nahi eta nahi ez harkaitzetara inguratu beharko baitugu, han senaiarik ez dago eta harkaitzak, olatuen indarra medio, ezpatak baino zorrotzago bihurtzen dira, gu kolpe bakar batez erdibi gintzaketen ezpatak.»

      Nik egoera azaltzeko izan zuen zintzotasuna eskertu nion, baina jadanik ez zegoen atzera bueltarik. «Jainkoaren eskuetan gaudek, mutiko,» berak, irribarre egin, eta lasaitasunez eman zidan arrapostua: «itsasoa baino errukiorragoa izango ahal da bederen!»

      Arrantza ontzia, bestalde, txikiegia eta ahulegia iruditu zitzaidan niri inora joateko ere. Eta hori gutxi balitz, itsasoa ez zegoen bare. Gainera, barneratu ahala, olatuak ugaldu egiten ziren, eta ontziak intxaur azala modura egiten zuen balantza. «Baga-itsasoa dago» jaurti zuen mutilak bestela bezala, zutik eta itsasoari begira orekari modu harrigarrian eusten zion bitartean. Gero honako hau erantsi zuen: «ez dut uste helduera gozoa izango dugunik!»

      Hitz hauek gerora erakutsi zutenez, mutiko hura marinela izateaz gain, iragarlea ere bazen; zeren eta, monasterioaren irudia gure begien aurrera azaldu orduko, haitz erraldoiek babestu eta zurkaiztua, itsasoa era beldurgarrian gaiztotu baitzen. Ni itsasoan nabigatzeaz ohitua ez nengoenez, burua biraka zebilkidan, eta urdaila husteko premia unean-unean handitzen zen nire baitan. Marinelak, nire estuasunaz oharturik, lasai botatzeko aholkua eman zidan, baina ez nuen astirik izan: supituan, itsaso kolpe batek txalupa jo eta uretara erori nintzen. Marinelak

      arrauna luzatu zidan berari hel niezaion, baina nik nahikoa nuen nire burua ur azalean mantentzeko ahaleginak egiten. Marinelaren ahotsa olatu lehertuen burrunban galtzen zen eta ura, ur gazi hura, eztarria erretzen zuen gesal madarikatu hura irentsi eta irentsi ari nintzen etengabe. Itsasoaren indar eskergek nahierara ibilitako jostailu ezdeusa sentitu nintzen, halabehar krudelaren zain zegoen jostailua; gaizki hezitako ume baten gisara, itsasoa noizbait nitaz aspertu eta nire burua harkaitzetara noiz jaurtikiko zain.

      Zorigaitzez eta itxura batera, hasieratik ni bere gustuko jostailurik ez izan, eta azkar asko tematu zen nire gorputz ahitua itsasoaren beraren hagin zorrotzak ziruditen harkaitzetara botatzen jo eta bertan txikitzeko asmoz. Lehen ukaldiak harkaitzetaraino eraman ninduen. Haietako bati heltzen saiatu nintzen, baina berehala beheraka irristatu eta itsasoak bereganatu ninduen berriz ere. Harrizko erraldoien kontrako bigarren kolpean —askoz bortitzagoa berau— antzeman nuen lepauztaia nola ateratzen zen bere lekutik. Hirugarrenaz burua gogor kolpatu eta begiak lausotu zitzaizkidan. Iluntasunaren aurreko azken argiunean, hura bukaera zela konprenitu nuen.

      Eta halako batean, belztasuna arindu, eta ustez betierekoa behar zuen gauak egunsenti berri bati eman zion bide. Eta jadanik ez zegoen itsasorik gure inguruan, baina bai oihal lehor epelak. Eta begiak ireki nituelarik, nire ondoan zegoen gizonak pozarren txalo jo, eta pare bat aldiz aitaren egin ondoren, korrika txikian abiatu zen nire ondotik. Berehala, bere herrenak inoiz baino zamatuagoa zirudiela, frai Esteban, San Sebastian monasterioko abadea, azaldu zen atetik.

      —Jainko ahalguztidunak eskuzabal jokatu du zurekin oraingoan adiskide.

      Ni agontzen ahalegindu nintzen, baina min sarkor batek besagaina zeharkatu zidan alderik alde.

      —Klabikula lokatua zenuen, baina dagoeneko behar bezala jarri dizugu. Frai Juanek, monasterioko petrikiloak lan bikaina egin du; luze gabe lehen bezalaxe edukiko duzu. Osterantzean, eta urratu batzuez gain, badirudi aparteko kalterik ez duzula jasan. Egiazko miraria inondik ere! A, eta ez gero ahantzi Mattini, monasterioko okinaren semeari, eskerrak ematea, bera izan baita, lanpernatan zebilela, zu ikusi eta prestutasun haudienaz heriotzaren atzaparretatik askatu zaituena.

      —Har ezazue nire esker ona ni salbatzeagatik, baina orain nire biziak ez du garrantzirik, herri oso baten biziraupena dago-eta jokoan. Zurekin hitz egin beharra daukat, jauna, biok aurrez aurre eta bakarka.

      —Herri baten etorkizuna ez ezik, badaudeke gauza gehiago jokoan; hala nola, gutxi batzuen handikeriari egin nahi zaion monumentua eta harrokeriaz Obra Handia deritzana, edo arkitekto handinahi baten zalantzazko geroa. Hala biz; solas egin eta argi dezagun betirako auzi hau, ezin niezazuke horrelakorik ukatu. Hala ere, nago dagoeneko beranduegi dela gertakarien norabidea aldarazteko, zeren eta laster, Jainkoaren eskua eta borondatea tarteko, etorkizuna erabakita egongo baita.

      Lehertzear zegoen gudaldiaz pozik eta harro baina, batik bat, seguru ageri zen; Frai Estebanek ez zuen inongo dudarik matxinoen garaipenaz.

      Frai Estebanek berak lagundu zidan jaikitzen, eta gu geunden gelatik gertu zegoen areto zabal batera zuzendu ginen. Behin bertan, atea iltzez eta giltzez itxi, eta leihoa zabaldu zuen. Hor kanpoan dagoeneko ilunabarra zen, eta Donostia aldean ezohiko argitasuna antzeman zitekeen. Fraidea, tarte llabur batez leihotik begira egon ondoren, irribera itzuli zen niregana. Ordura arte nik egindako ahalegina antzua izan zelako sentipena indartzen ari zen nire baitan.

      —Ikerketan urratu ditudan ia bide guztiek zuregana eta monasteriora naramate. Beharbada, jadanik aurrera jarraitzeak ez du zentzu handirik, baina zuk, kristau eta eliza-gizon bezala, egindakoaren ardura hartu beharko zenuke zeure gain.

      —Eta zeintzuk dira, zehazki, zuk urratutako bideak?

      Haren hitzak burlaize nabarmen batez jantzita zeuden. Niretzat duintasun eta buru-estimu kontua zena, berarentzat jolasa baino ez zen. Nolanahi ere, aurrera jarraitu behar nuen nahitaez.

      —Frai Beremundori lagundu ei zenion sorginaren gorpua ezkutatzen, eta berak egindakoa sekretupean gorde zenuen gero...

      —Frai Beremundo gizagaixoa! Denok baditugu akatsak, batzuk larriagoak eta bestetzuk arinxeagoak, azken batean, bekatuz libro dagoenak lehengo harria bota dezala. Frai Beremundo onkote hutsa da, ogi puska bat, baina zorigaitzez gonazale amorratua izan da betidanik; izan ere, hain dira ahulak izpiritua eta haragia zenbaitetan... Ines Exeberrikoa berariaz ez baina halabeharrez gertatu zen hila, ez dut nik esango merezia zuenik, baina emakume hura zitala zen oso, eta frai Beremundoren amodiozko grinak ororen aurrean agerian uztearekin egiten zion mehatxu, baldin eta bere diru-gosea asetzen ez bazuen. Emakume hura zela eta, frai Beremundok egiazko infernua bizi izan zuen garai hartan.

      —Frai Beremundorekin umea izan omen zuen...

      —Aspaldiko kontua da berori. Egia da Inesek ume bat izan zuela, eta ume hura basapiztien antzera bizi dela, eta bere amaren erabateko axolagabekeria dela bide, haren gorputza legenarraren bazka izan zela. Guk hainbat aldiz saiatu gara monasterioan atxikitzen, bertako legenardundegian. Baina bere arima zaputz eta muzina izaki, zenbatetan ekarrarazi, hainbatetan alde egin izan digu sendategitik. Kontuak kontu, eta ume hura frai Beremundoren semea izan edo ez, egia da emakumea hartaz baliatzen zela fraidea bere nahieretara makurrarazteko.

      —Lapurretara ere bultzatu omen zuen. Diruaz gain hainbat objektu ere eman omen zizkion frai Beremundok sorginari haren isiltasunaren truke, besteak beste Güllet familiarenak izandako batzuk, bere aitorpenaren arabera, hemen bertan, monasterioan lapurtutakoak, noiz eta Joana desagertua egon zen garaian hain zuzen ere.

      Nire berbok ustekabean harrapatu zuten abadea. Bekozkoa belztu zitzaion bat-batean; hortzak estutu eta, une batez, barrena erasaten zion sumina ez azaleratzen ahalegindu zen.

      —Hori ere egin behar zuen urde hark!

      —Hortaz, eta zure hitzetatik ondoriozta daitekeenez, zuk nola edo halako zerikusirik izan zenuen Joanaren desagerpenarekin.

      Ordurako, abade zaharrak pitin bat lehentxeago erakusten zuen arraitasuna ezabatua zitzaion guztiz bisaiatik. Nekatutako urratsez berriro leihora hurbildu zen baina, lehen ez bezala, oraingoan ez zuen Donostia aldera begiratu, zeru aldera baizik. Eta bazirudien oroitzapenen zama kolpetik jausi zitzaiola gainera, eta bere gorputza, dagoeneko, erkinegia zela hari eusteko. Jarraian, nire aurrean eseri, lokiak esku barrenetan bilduz buruari eutsi, eta iragananzko bidaiari ekin zion ele astun larriez.

      —Jakes de Güillet niregana etorri zenean euria goian behean ari zuen. Begiak malko eta bihotza urtu beharrean zuela etorria zen laguntza eske. Areto honetan bertan hartu nuen gizon koitadu hura, eta bera eta bere emaztea nolako tragedia bizitzen ari ziren kontatu zidan hitzetik hortzera. Nik banekien gizon hark, itsasontzien hondamendi sonatuarengatik, estuasun ekonomiko larriak zituela sortutako zorrei aurre egiteko. Eta, egia esan, hasiera batean bere laguntza eskaera alor ekonomikora lerratuko zela pentsatzen banuen ere, oker nengoen oso. Gizon haren ezinegona oso bestelakoa zen, zalantzazko itsaso batean murgildurik zegoen aita zintzo bati zegokiona baitzen, hain justo ere, bere larria. Negar zotinka kontatu zidanez, gurutzadetara zijoan ontzi malapartatu hura Donostiako kostaldera inguratu zenean hasi zen bere zorigaitza, eta bere familiarena. Eta aurretik neurriak hartu ezean, tragedia Donostia osora eta are, Gipuzkoa osora hedatzeko arrisku bizia zegoela. Zeren eta itsasontzi hartatik ilunkeran bi gizon lehorreratu baitziren, eta patu gaizto batek ahalbidetu zuen bilau haiek Joanarekin egin zezaten topo, eta gauza ezaguna da jende horrek barrena ankerra eta ustela edukitzen ohi duela gehienetan. Ekintza koldarra izan zen, gisa horretako jendilajeari dagokion legez. Eta gaitz erdi beraien bekatua neska gajoari desohore egitera soilik mugatu izan balitz, zeren eta doilor haiek gehiago ere egin zuten: beren arima bezain beltza zen, eta erraietan atxikirik zeukaten gaitza neskari kutsatu egin zioten.

      —komisarioak adierazi zidan ontzi hartako bi gizon hil zituztela lehorreratu nahian ari zirela. Ziurrenik, lehorrera barik, azioa eginda itsasontzira itzultzen ari zirela akabatu zituzten; dirudienez, soldaduei txaluparen branka norantz begira zegoen esatea kasualitatez ahaztu egingo zitzaien.

      Lipar batez isiltasuna nagusitu zen gure artean, Donostia aldetik zetorren guda-harrabotsa entzuteko bestekoa. Abadeak ez zuen zirkinik ere egin, ez zuen eta lantegi makala hainbat urtez gordeta izan zituen gogorapen mingots haiek banan-banan kanporatzen.

      —Jakesek orduan, bihotza ahoan zuela, mesede bat eskatu zidan: bere alaba monasterioan hartu, eta hemengo ospitalean isolaturik eduki nezan azken hatsa eman arte. Erabaki latza eta mingarria izan zen aita batentzat, bere alabarengandik era horretan bereiztea; baina, hala ere, hartu beharreko neurria gaitza zabal ez zedin. Zentzuz jokatu zuen merkatari gaskoiak. Eta nik agindu nion Joanari gertatutakoa ez zuela sekula inortxok ere jakingo, eta bere ohorea salbu egongo zela betirako.

      »Gau hartan, eta sekreturik handienean, orbanez jositako Joanaren gorputz indargea eta bere objektu pertsonal batzuk ekarri zituen monasteriora Jakesek. Ospitaleko arduradunak eta biok bakarrik izan genuen monasterioan neskaren presentziaren berri, eta biona izan zen hura zaintzeko erantzukizuna, handik astebete doi batera, azkenekotan dagoen kandela baten gisara, betirako ahitu zitzaigun arte.

      Tamalez, bitarte horretan, eta Joana oso neska ezaguna izaki Donostia aldean, suerte guztietako zurrumurruak zabaldu ziren bere desagerpenaz. Jakesen nahia zen, noski, lehenbailehen Joanaren sufrimendua eta agonia bukatzea haren gorpua bere jaioterrian ehortzi ahal izateko. Zoritxarrez, gertakizunak uste bezalakoxeak ez ziren izan, eta, azkenean, gorpu bat ez baina bi gorpu garraiatu behar izan zituen bere sorterrira. Agian, oraindik ere han biziko da, egunero eta uneoro bere alabaren eta emaztearen oroi-minetan dagoela.

      »Nork espero zezakeen, neska haren desagerpena eta ustezko hilketa zela eta ez zela, hemen halako iskanbila sortuko zela? Nik ezin nuen emandako hitza hautsi, gainera gertakizun hura azken tanta baino ez zen izan: bi herrien arteko ezinikusiak eta gorrotoa aspaldidanik egosten ari baitziren gure lurraldean. Egia esan banu, animuak baretu beharrean, amorrua guregana, eliza jendearengana zuzentzeko arriskua ere bazen. Jende guztiaren —gaskoiak edo euskaldunak izan—hobe beharrez jokatu nuela uste dut, eta okerrak oker, gaur egun kontzientzia lasai daukat. Eta jakin ezazu zeu zarela Joanaren sekretua nire ezpainetatik aditzen duen lehengo pertsona. Bai, horixe dut nik damu bakarra!

      —Ez nago ni hemen zure jokabidea epaitzeko, Jainkoak berak izango du, horretan ere, azken hitza. Nik misterio bat argitzeko ardura hartu nuen, eta korapiloa, oraindik ere, horixe dugu, lehen bezain gogor eta trinkoa. Zeren eta zure istorioa hagitz hunkigarria izanagatik ere, ezin baita inola ere josi Joanaren gorpuaren agerpenarekin. Ez, ezin sinets nezake Jakesek bere alaba kuttuna modu horretara ehortziko zuenik, baldin eta erabat burutik jota ez bazegoen behintzat. Horrenbestez, beste bi aukera badaude: edo Goi-goikoak mirakulu baten bidez leku hartara aldatu zuen gorpua, edo norbaitek ehortzita zegoen tokitik atera, eta elizaren horma tartean paratu zuen. Eta mirakuluez ia ezer ez badakit ere, zentzuak esaten dit Jainkoaren eskua ez, baina gizakiarena dagoela afera ilun honen atzean, eta honela bada, egon behar du logikaren bat horretan guztian, gizakiari dagokion logika bat, alegia.

      »Abia gaitezen, bada, urratsez urrats korapiloaren muinera. Nork aterako luke etekina halako gertakizun zirraragarri batetik? Zergatik orain preseski gertatu, gaskoiek beren Obra Handiari ekin behar dioten tenorean? Nork izan zuen aukera gorpua bertan uzteko inorengan susmorik sortarazi gabe? Lehengo arkitektoaren heriotza, berriz, halabeharrez ala azpilan baten ondorioz gertatu ote zen? Hari muturrari heldu, eta tira dezagun astiro-astiro mataza behingoz askatu eta desegin arte.

      »Zure kontaera, ederra eta betea izan da oso. Baina nik, nire maltzurrean, ahulune bat aurkitu diot, logikarekin bat ez datorren xehetasun ñimiño bat: zergatik lehengoan ezin izan zenuen Jakesi emandako hitza jan, eta orain bai? Zer aldatu ote da ordudanik hona?

      »Euskaldunen eta gaskoien arteko lehengo liskarrak lehertu zirenean, ez al zegoen zure esku triskantza hura gelditzea? Ez al da hori bera kristau on baten eginbeharra, akaso? Nor zegoen bereziki eroso egoera ezegonkor horrekin? Orain beste aurrera pauso bat eman dezagun: nork zabaldu ote zuen desagerpenaren kontua lau haizeetara, ondorengo istilu larriak eraginez? Erantzuna berez dator: orduko egoerarekin konforme egon ez, eta bi komunitateen arteko oreka errotik aldatu nahi zuen baten batek. Eta kontutan hartzen badugu gaskoiak nagusitasun politiko eta ekonomikoa zutela, eta dutela, euskaldunen gain, zentzuzkoa dirudi pentsatzeak egoeraren balizko iraultza batean, euskaldunak izango zirela, izango zinetela, onuradun bakarrak.

      »Baina nahia eta ahala uztartzea ez da beti erraza izaten. Eta gaur gaurkoz, euskaldunak, zangarrak eta bipilak izanagatik ere, gauza jakina da gehienak trauskilak eta zorroztasun handirik gabeak direla, estrategia politikoetan eta azpilanetan arras ezjakinak. Baina bada euskaldunetan gutxiengo bat jukutriatan eta azpijokotan arraina itsasoan bezain trebe mugitzen dena; are gehiago: konspiratzea beste zereginik ez duena kasik. Ez al da horrela, Frai Esteban?

      »Eta Joanaren desagerpenaren karietara gertatu iskanbilak buru hotz eta argi batzuek sustatuak izan zirelakoan nago; zeren eta zure isiltasuna ez baitzen aski egoera lehertzeko, xaxatze kanpaina sotil bat ere beharrezkoa zen, euskaldunak beren oreka iraultzera eramango zituzten anabasa egoera bat lortuko bazen. Alabaina, zapalkuntza basatiak euskaldunak gaskoiei gailentzeko sortu ziren esperantzak errotik zapuztu zituen. Zer egin egoera horretan, frai Esteban? Amore eman? Edonork errealitatearen gordinaren aurrean etsi, eta zegoen egoerara albait hobekien moldatzen saiatuko zen. Baina zu ez zara horrelakoa: zoritxarrak eta porrotak, abaildu beharrean, indartu egiten zaituzte zu. Horretan miresten zaitut, abade jauna, nahiz eta, zure kasuan kemen horrek azpilanik maltzurrenak obratzeko bakarrik balio izan.

      »Noiz ekin zenion jukutria berri hau antolatzeari? Denbora behar zen, denbora behar zenuten; hartutako jipoia bortitzegia izan baitzen. Denbora animuak suspertzeko, denbora matxinoak prestatu eta antolatzeko, denbora akatsik izan behar ez zuen plan bat borobiltzeko.

      Lehengo eta behin, jendea inarrosiko zuen motibo larria behar zen. Herriarengan, beste behin ere, zirrara eragingo zuena, eta aurreko erreboltan egindako triskantzak era eraginkor batez aireratuko zituena. Hitz gutxitan esanda: amorrazioa hezur-muinetaraino sartu beharra zegoen.

      »Gauzak horrela, zer hoberik Joanaren gorpua agerraraztea baino, iraganeko mamuak oro berpiztu zitezen? Baina gorpua Jakesek eraman zuen bere sorterrira, eta bertatik hona isilpean ekartzea oso lan gaitza izan zitekeen. Gainera, zertarako hartu gisa horretako lanik, beste emakume baten gorpua eskueran bazenuen? Jendeak sinetsi behar zuen, inongo zalantzarik gabe, horma tartean azaldu gorpua Joanarena zela, baina horretarako gorpuak ez zuen, nahitaez, Joanarena izan behar. Nahikoa zen beste gorpu horri Joanaren soinekoa eta objektu pertsonalak ipintzea, beti lepotik zintzilik eramaten zuen lepokoa, kasu.

      Frai Estebanek arretaz, jakin-minez ia, aditzen zuen nire berba-parrastada soraio, eta apenas atzemangarria zen irribarre burlati batez. Nik, aldiz, aurrera egin ahala, unean-unean, suminago eta sutsuago sentitzen nuen neure burua. Amorrua. Eta amorrua irentsi eta aurrera jarraitu beharra neukan, unea iritsia baitzen, egiaren uneaz goza nintekeen, eta plazer hura inortxok ere ez zidan eragotziko!

      —Gordeta zeneuzkan Joanaren objektu haiek baliatu zenituen engainua gauzatzeko, baina, haatik, xehetasun bat oharkabean pasa zitzaizun: hezurrek, beren biluzian, hitz egin dezakete. Haien hizkuntza jakitea, besterik ez da behar, eta hezur haiek esan ziguten ama izandako emakume batenak zirela; ezinezkoa zen, hortaz, Joanarenak izatea.

      Gehiago ere badago, zure plana nola edo hala aurrera eraman behar horretan, ez zenuen errukirik izan oztopo izan zitekeen inortaz; horra lehengo arkitektoaren kasua. Hura zen, era berean, oztopo eta giltza. Bera hilik egotea ezinbestekoa zen, eliza eraiki ez zedin; halaber, bere heriotzak gorpuaren agerpena ahalbidetuko zuen. Izan ere, gauza jakina baita arkitekto bakoitzak, eliza baten eraikuntzari ekiteko orduan, bere egitasmo partikularra edukitzen ohi duela eta, horrenbestez, zentzuzkoa zen pentsatzea hura ordezkatzera etorriko zen arkitektoak, ordura arte egindakoa birrindu, eta hutsetik hasiko zela. Hala gertatu zen, zeuk prestatu bezalaxe, eta ustez Joanarena zen gorpuzkina ez zen, hortaz, halabeharrez agertu: zure asmoei eusten zien beste katebegi bat baino ez zen izan, bikain beste behin ere! Hauek horrela, kosta egiten zait sinistea arkitektoaren hilketa matxinoen esku gertatu izana, kasualitate hutsez, eta zeure jukutriatik at suertatutako gertakaria izan zenik. Zer esan zenien matxinoei? Gaskoien salataria zela eta, ondorioz, euskaldunen artean egindako triskantzaren errudun?

      Nire salaketa larriei jaramonik egin gabe jarraitzen zuen abadeak. Nire aurrean eserita eta bi eskuetako hatz-mamiak elkarren kontra samurkiro pausatuak. Bazirudien bere gogoa mundu honetaz haraindi zegoela, eta horregatik, nire hitz larrienak ere ezin zuela hunkitu, ezin zuela mindu. Bat-batean, fraide bat aretora sartu, eta abadeari erreberentzia txiki bat eginez, zerbait esan zion ahapeka. Agureak baiezkoa egin, eta eskua leunki altxatu zuen, jakitun geratzen zela adierazi nahian edo.

      —Nire salaketak frogatzeko —jarraitu nuen, gero eta ozenago—, gainera, bada modu erraz bat: Ines ehortzi zenuten hilobia aztertu, ea bertan gorpurik dagoenentz, horren sinplea, bai horixe! Eta jakin badakit frai Beremundok ere izan zuela, zeuk bezalaxe, aukera Inesen gorpua elizara aldatzeko. Hala eta guztiz ere, badago zehaztasun bat egin beharrekoa: zeuk, aukeraz gain, eta frai Beremundok ez bezala, zio nabarmena bazenuen.

      —Zinez, zure hitzaldia berebizikoa izan da, Arkitekto jauna. Ezagun da, zure bertuteek arkitekturaren eremua gainditzen dutela, eta arkitekto on bati dagokion legez, irudimen handiz hornitua zaudela. Eta zure salaketa guztiei banan banan erantzungo nieke, baina ez dut egingo. Ez argudiorik ez dudalako, tenorea dagoeneko pasea delako baizik. Oraintxe jakinarazi zaidanez, matxinoak Donostiara sartu eta hiriaz jabetzen ari dira. Hitz gutxitan esanda: zure garaia, eta zure eliza handiosarena jadanik iragan dira. Zure lana alferrikakoa izan da eta zure ahaleginak oro hutsalak. Sentitzen dut, on Gonzalo. Hala ere, eta zuk uste bezain gaiztoa ez naizela ikus dezazun, morroiei aginduko diet zu ingurumari arriskutsu honetatik ahalik eta urrutien eramateko; besterik ez bada, zure bizia salba dezazun.

      Abadearen lainezak biziki sutu ninduen. Ezin nuen eraman haren nagusitasun jarrera nireganako, eta Donostiako egoera edozein zela ere, ez nengoen prest amore emateko.

      —Ezagun da ez nauzula ezagutzen batere, frai Esteban. Obra Handia burutu gabe ihes egitea proposatzen didazu? Jainkoarengandik ihes egin al liteke? Edo norberaren buruarengandik, akaso? Nire patua, dagoeneko Obra Handiarekin loturik dago, eta, ondorioz, Donostiarekin, onerako eta txarrerako izan. Zure erruduntasuna frogatuko dut aldez edo moldez, eta Obra Handia izango da, ez ezazu horretaz zalantza egin, kristau guztien erreferentzia puntua. Horretarako sortu nintzen mundura, eta ez litzateke arrazoi eskasa izango mundua uzteko ere. Estimatua dago zure eskaintza, jauna, baina ni Donostiara itzuliko naiz.

      —Zeu bai tematia! Aukera bat eman eta zuk errefusatu egin duzu; hemendik aurrera Jainkoaren esku dago soilik gerta dakizukeena. Zorte on, arkitekto jauna!

      —Egoskorra izan naiteke, baina ez inozoa. Eta kexu zaude orain zutaz fio ez naizelako, baina lehengo arkitektoarekin errukirik ez bazenuen izan, zergatik izan behar duzu begirunerik nirekin? Bego bere horretan zure eskaintza, nik neure erronkari eutsiko diot.

      Nire hitzok ez zuten erantzunik jaso. Fraidea aulkitik jaiki, eta ohikoa zuen balantzarekin leihora inguratu zen. Donostia aldetik zetorren argitasuna lehen baino askoz ere nabarmenago zen. Zerk bultzatzen ninduen Donostia aldera? Zeren eta fraidearen eskaintzari sumo txarra hartzeko motiboak banituen ere, egia zen, halaber, ez zirudiela zentzukoa Donostiara bueltatzeak. Eta abadearen laguntza gabe ere, banuen nire kasa alde egitea beste norabait. Baina bihotzak ezer gutxi daki zentzuaz, zorigaitzez.

      Itzulerako bidaia aparteko gorabeherarik gabe egin nuen, ordurako matxinoak Donostian barruan zeuden seinale. Ez nekien nola zeharkatuko nuen herria, baina banekien, argi asko jakin ere, nora joan nahi nuen: bizitzeko neure arrazoi bakarra bilakatua zen elizaren obretara. Jakin beharra neukan zertan zen obra bera, baina baita, obraren ingurukoak ere, langileak eta beren familiak, kasu.

      Donostiara gerturatu ahala, nire susmo ezkorrenak egiaztatu ziren: herria sutan zegoen! Gainera, barrutik zetozen borroka hotsak ikaragarriak ziren, eta une hartan, zuhurtasuna nire buruaren jabe izan balitz, arrapaladan urrunduko nintzen infernu hartatik. Baina bertara behar nik; barrenak agintzen zidan elizaren oinarriak, nola edo hala, behar izanez gero azkazalez eta haginez ere, defendatzeko.

      Barrenera sartuz gero inongo aukerarik ez nuela izango jakitun izan arren, urrats bat egin nuen aurrera, gero beste bat, eta beste bat... Kea nonahi zegoen eta haragi errearen usaina nabarmenegia zen okadari eusteko ere. Baina nik barrura behar nuen. Urrats bat, beste urrats bat gehiago... Deblauki, esku batek besotik heldu zidan.

      —Ez, hemendik ez, zatoz nirekin!

      Ihintza zen, beste behin ere lurretik bertatik sortua bezala, niri laguntzeko asmoz. Segidan, eskutik hartu, eta korrika abiatu ginen biok ketan barrena. Azkenean, sasi tartean erdi gordeta zegoen zulo batera iritsi ginen. Ilunpe hartan apenas ezer ikus bazitekeen ere erreten edo ubide baten tankera hartu nion. Ura uherra eta kiratsua zen, baina, hala ere, perfume finena zirudien Donostiatik ateratzen zen usain sarkorraren aldean. Berehala, zanga-zulo hura erabat makurtuta ibilarazten gintuen tunel bat bilakatu eta, konturatu orduko, Donostian ginen. Ziur asko gautan kontutarako ibiliko zuten euskaldunek pasabide hura. Dena dela, behin Donostian, ikusi ahal izan nuen ikuskizuna ez zait bizi naizen artean behin ere ahantziko! Matxinoen eta gaskoien gorpuak han-hemenka zabaltzen ziren, gehienek egundoko ebaketak jasan zituztela: bai burua, besoak eta hankak; edo erraiak berak ere ateraraziak! Zakurrak bertatik jaten zuten eta, bazirudien odolaren usainak aztoratu eta basatu egiten zituela, eta gu aurretik pasatzerakoan haginak erakusten zizkiguten mehatxuz, beren harrapakina kenduko ote genien beldurrez. Bortxatutako emakume franko ere ikusten ziren lurrean, haietariko batzuk oraindik haurrak baino ez zirenak. Gehienak behartuak izan ondoren erailak, nahiz eta batzuk artean ere hilzorian geratzen ziren. Ihintza basakatu baten zalutasunaz mugitzen zen anabasa hartatik, bazekien, une oroz, berezkoa zuen senen batek aginduta bezala, nondik joan eta matxinoak eta soldadu gaskoiak nola saihestu. Horrela bada, Obra Handiren orubera iritsi ginen.

      Hura inguratzen zuten oihalezko etxebizitzetako bat bera ere ez zegoen zutik. Den-denak erreta eta arrunt txikituak ageri ziren. Altxatzen hasiak zeuden hormak eraitsiak zeuden, eta berauei atxikitzen zitzaizkien egurrezko egiturak lurreratuak eta erreak. Esan liteke ez zegoela harri bakar bat beste baten gainean. Hura zer zen hondamendia!!

      Inguru atsekabegarri hartan belauniko jausi nintzen eta negarrari ekin nion. Eta Jainkoari eskatu ezen, huts egin nionez, arren bere zigorrik latzena igor ziezadala, barrena zarrastatzen zidan min hura behingoz amaitzeko.

      Lanak zuzentzeko erabiltzen nuen etxola txiki hura zen zutik zirauen gauza bakarra. Ihintza hari begira jarri, eta berriz ere eskutik helduta, jo eta ma utzi ninduten hitzak xuxurlatu zizkidan:

      —Guretzat gorrotoarena ez, baina maitasunaren garaia zaigu heldua. Neuk aterako zaitut amesgaizto honetatik, fida zaitez nitaz.

      Harrez gero, gertakizunak arrapaladan igaro ziren. Orain, une haien zenbait zertzelada baino ez datorkit akordura, eta tximista baten iraupenaz eta indarraz erasaten didate oraindik ere gogoa. Lehendabizi Ihintzaren gorputz biluzia, txantxangorriaren luma bezain leuna, kresalaren usainez gozatua. Gero, ferekak eta ukitu xamur iheskor haiek, luze gabe gu bion izerdiarekin blaituko zirenak. Ondoren, plazerezko antsiak; kanpoko hots eta oihu erdiragarriak, mende oso bat iraun zuen tarte labur batez isilaraztea lortu zutenak. Azkenik, hiltzear dagoen piztia bezain bortizki mugitzen den aingeru itxurako eromen hura nireganatzea etorri zen. Bai, zaila da zehaztea zenbat denboran egon ginen sentipenen ekaitz eskerga horren mendean; zenbat oldarraldi jo ote

      zituzten gure plazeraren uhin asegaitzek elkarren kontra, kontzientziaren azken harresia guztiz eraitsi eta apurtu arte.

      Egunsentiaren lehen urrats goiztiarrek ekarri ninduten errealitatera. Kanpoan zaratak zirauen; baina ez lehenagoko deiadar lastimagarriak: kantak eta barre-algarak ziren kanpotik iristen zirenak. Leihotik begiratu nuen. Gure etxetxotik gertu, soldaduak pasatzen ari ziren; dantza, kanta, zantzo, irri eta ardo zahagia eskutik eskura elkarri. Soldadu gaztelarrak ziren! Errefortzuak berandu, baina iritsiak ziren azkenean! Begiak behin eta berriz kliskatu nituen sinesgaitz. Eta orduantxe ikusi nuen, soldadu haietako baten lantzaren muturrean sartuta, Itainen buru desitxuratua. Euskaldunen matxinadak huts egin zuen, eta Obra Handiak aurrera egingo zuen. Sinets iezadazue aitortzen badut momentu hartan munduko gizonik zoriontsuena nintzela. Hala ere, zorionak ez zuen luzaro iraungo.

      Lehengo sastadak garbiki urratu zuen haragia, eta min sor bat sortarazi zidan. Itzultzeko astirik eman gabe jo zidan bigarren ukaldia, amorrazioak soilik sor dezakeen indarrarekin egindako berau, eta zauriaz gain, bizkarrezurrean txikizio larda eragin zuena. Baina hirugarren aiztokada, saihetsean jotakoa, izan zen azkenean aurrera erorarazi ninduena. Eta guztiz amildu baino lehen, lipar llabur batez, Ihintzaren gorrotozko begitarte krudela nireganatu ahal izan nuen.

      Odol putzu batean nentzala, azken indar pizarrak biltzea lortu ahal izan nuen, eta susperraldian, leihoraino iritsi nintzen laguntza eskatzeko asmoz. Baina kanpoan, ziztuan urruntzen ari ziren bi figura baino ez zeuden. Ihintza zen haietako bat, bere adats beltz sarria airean zerabilela; bestea aurreneko begiratuan ez nuen ezagutu, baina berehala, hari hanka batean nabarmentzen zitzaion herrena medio, egiaren mingotsa konprenitu ahal izan nuen. Gero, begiak lausotu, indarrak ahitu eta ziplo jausi nintzen.

      Orduantxe bukatu zen nire bizitza, edo hobekiago esanik, nire egiazko bizitza; zeren eta harrez gero bizi izan naizen denbora tarteari ezin baitakioke bizitza deitu. Nire bizitza ez zen eten, baina bai, ordea, bizitzeko esperantza eta ilusioa. Ez naiz, haatik, kexu; bai baitakit Goigoikoak neureganako eskatutako zigor gogor hura obratu egin zuela, eta merezitakoa besterik ez dudala jaso.

      Eta zigorra nire handikeriarengatik etorri zait; edo, argiago esanda, Bere izen sakratua baliatu izanaz nire burua handiesteko. Nolanahi ere den, Jainkoak nire faltaz une bakar batez ere ez ahanzteko modua ere egin zuen; zeren eta zauri larrien ondorioz, hankak alfertu, eta geroztik nire gorputzak aulki bati lotuta egon behar izan du.

      Hala eta guztiz ere, eta nire baitako hildura, har goseti baten pare, arima jan eta jan arituagatik ere, gogor lotu nintzaion lanari, beharbada nire bizitzari sekula iritsi ez zitzaion zentzu bat bilatu nahian. Asko izan dira Europan zehar nik altxarazitako eraikinak, mota guztietakoak... elizak izan ezik.

      Kontatu ditudan gertakizun hauek aspaldikoak dira. Orduz geroztik, egun asko joan eta etorri egin dira, eta nire denboraren bukaera inoiz baino gertuago sumatzen dudan honetan, indar misteriotsu batek bultzatu nau berriz ere Donostiara itzultzera.

      Lehendabizi, ezin bestela izan eta, San Sebastian komenturantz zuzendu nituen urratsak. Estreinakoz heldu nintzen behialako egun hartan ez bezala, eguzki gozo batek ferekatzen zuen eraikuntza gotor hura, bere itxura muker eta zaputza guztiz gozatu ezinik, hala ere. Urduri antzera sumatu nuen barrena bertako atetzarraren aurrean zain egon nintzen tarte laburrean; Zorionez, nire itxura ikusita trakeski harridura ezkutatu nahiz harrera egin zidan fraidea, gazteegia eta inozoegia zen, inondik ere, niri inolako larderiarik eragiteko. Poztu egin nintzen.

      —Ostatu bila etorri al zara hona, jauna?

      —Neure baitako deabruak betirako akabatzera etorria nauzu hona. Ez dago esan beharrik, hitzok hasierako harridura izu-laborri bilakarazi ziotela instantean, eta errektorearekin egon nahi nuela esan nionean, orduan bai, egiazko lasaitua hartu zuen, artean bizar egiteko ere adinik ez zuen fraidegai gizajoak.

      Frai Anbrosio, lekaideen burua, itxuraz apala eta manera onen jabea zen oso; ele gozoa zuen, aldioro irribarre sotil batez hornitutakoa. Harrera aretoan nire gorputz elbarritua ahalik eta erosoen behin kokaturik, morroiak komentuko sukaldera eramateko agindua eman zuen, bertan bidaiak sortarazi flakia eta nekea otordu jori batez arin zekizkien.

      —Zerorrek esango duzu, jauna.

      Eta nire ibilien berri eman nion, akordura etorri ahala eman ere; nahasi, gozo eta emaro. Grina zipitzik ez zuten nire hitzek, grina oro gaztetasunarekin bat, esperantzarekin bat ahitu baitzitzaidan aspaldi. Nire jarduna hiltzear zegoen agure baten testigantza bizigabe eta astuna zen, neure arimaren ispilu.

      Erretorea adi-adi nire berbaldiari, zirkinik egin gabe, bere pentsamenduak betiereko irribarrearen gozopean ostenduak. Eskertzekoa zen nireganako ageri zuen jarrera ulerkorra.

      —Zuk ezagutu zenituen agintariak, tamalez aspaldi utzi gintuzten. Frai Estebanen aditzera izan dut, noski; baina zuk kontatutako gertaera latz haiek bezalaxe, bera ere denboraren zurrumbiloan galdua aurkitzen da dagoeneko. Bego, hortaz, bere horretan.

      Zilegi zen behialako mamuak berriz ere ez itzartzeko egin zidan erregua; zeren eta gauza jakina baita etorkizunaren errotari iragan ur uherrek ez diotela jada jiraraziko.

      —Bizirik irten al ziren Donostiatik? Horixe beste ezer ez dut jakin nahi...

      Frai Anbrosiok betazalei jausten utzi zien, saminduraz. Estreinakoz bere irribarrea doi bat zimeldu zitzaion.

      Aulkiaren kulunkan beste behin ere nire frustrazioaren garraio morroi zintzoek, kanpora, Donostiara.

      Oraingo herriak, zorionez, ez du zerikusi handirik nik ezagutu nuen behialako Donostia harekin: herri aberats eta orekatu bat dut nire begien aurrean, non kultura desberdinetako jendeak bat egiten duen aurrera egiteko.

      Obra Handiaren orubean, San Bizenteren omenez altxatutako eliza xume bezain ederra dago orain. Baina, nahi gabe ere, nire begiak haratago doaz; harrizko etxetxoa zegoen lekura hain zuzen ere. Horrekin batera, berehala, Ihintzaren ahots eztiak durundi egiten du nire belarrietan, eta alferrik saiatzen naiz, haiek estaliz, isilarazten; zeren eta itsaso aldetik datorkidan kresal usaina, gupidagabeki tematzen baita neure oroitzapenean haren gorputza marrazten. Eta igarotzen dudan kale kantoi bakoitzean, bere eskuaren azken laztana —amultsua bezain zitala— noiz sentituko esperoan geratzen naiz, nire gorputza lotzen duen aulkiaz, eta nire arima gatibu duen bizitzaz, behin betirako libratuko nauen esperantzan.

 

Arkitektoa
Txema Garcia-Viana

Euskaltzaindia / BBK, 2007