Arkitektoa
Txema Garcia-Viana

Euskaltzaindia / BBK, 2007

 

 

II

 

      Eliza izan behar zuen obra zapuztua ikustera joan ginenean ilunabarra zen eta guztiz ateri zegoen. Nirekin Alkaidea eta gaskoien abadea zen frai Tomas de Guiloc etorri ziren gidari gisara. Kaleak lokaztuak eta irristakorrak zeuden eta, pare bat laprastadaren ondoren, abadeak sotana jaso eta urrats bakoitzari arreta berezia jartzen zion.

      Uste baino lehenago iritsi ginen.

      Basatza ikaragarri batean eraikinaren oinarria apenas altxatzen zen. Erdialdean horma sendo batzuk ageri ziren, egitura nagusiaren zutabe nagusiak izan behar zutenak; haiei loturik, ia jira osoa egiten zuen harresi bukatu gabe bat iparraldera begira, eta harri multzo batzuk baino ez beste muturrean.

      Eraikinak berak baino gehiago inguruak hunkitu ninduen.

      Ohi bezala, oihalezko herrixka bat baitzegoen eraikuntzaren bueltan. Eta nik bai Frantzian eta bai Flandesen halako lan handien inguruan sortzen diren auzo behin-behineko haietako asko ikusiagatik ere, hark sekula ikusi gabeko irudi zirraragarria agertzen zuen, zinez beldurgarria egiten zuena.

      Itxura batean, lurra estaltzen zuen lupetzatik bertatik sortzen ziren egur trauskilez eta oihalez egindako txabola haiek. Beraietan langile arruntak biltzen ziren, hots, harginak, zurginak eta harri-xehatzaileak gehienbat. Haiengandik gertu baina bereizita eraikitako etxoletan, aldiz, langileetarik apal eta txiroenak bizi ziren: remedeium peccati zeritzenak. Azken hauek penitenteak ziren eta eliza-eraikuntza batetik bestera ibiltzen ziren beraien bekatu larriak Jainkoak barkatuko zizkielako esperantzan beti ere. Ez dago esan beharrik hauei egokitzen zitzaizkiela lanik astunenak eta gainontzeko langileen artean, oro har, ospe txarra zuten; beraien artean baizik harremanik ez zutelarik kasik.

      Hura zen zen jendearen begirada hila!

      Besteetan ez bezala, langile haien begietan axolagabekeria nabari zen. Ez zuten, antza, jakin-min txikiena ere eraikitzaile berria ezagutzeko; nagusia bata zein bestea izan, haiek berdin-berdin egin beharko baitzuten lan gogorra sos gutxi batzuen truke. Gainera, eliza bukatuta, beste eraikuntza batera joango ziren. Beste leku bat eta beste nagusi bat, eta horrela urtez urte indarrek iraun arte. Haietariko gehienak, gainera, lanean hilko ziren: etengabeko esfortzuaz gorputza lehertuta, istripuz edo izurri-minak jota. Une hartan gizon zaildu haiei axola zitzaien bakarra, pertzen inguruan biltzen zitzaizkien beren andre-umeak baino ez zen. Haiek mantentzeko egin behar lana gogotik eta, hortaz, nagusia zein zuten berdin zitzaien. Bestalde, bazekiten jakin negua atarian zegoela eta lanak eten egin beharko zirela. Horrenbestez, lehenbailehen lanari ekin behar, neguari aurre egiteko behar hainbat sos irabaziko bazuten behintzat.

      —Bihar bertan helduko diogu lanari!— egin nien aldarri.

      Neure hitzon zain egon arren jende guztia, inork ez zuen zirkinik ere egin.

      Oso bestelakoa izan zen abadearen eta, batez ere, alkaidearen erantzuna. Abadeak gogoa izango zuen, noski, bere eliza bukatuta ikusteko eta alkaideak, berriz, jende hura guztia lanean jarri behar zuen arazoak sortu baino lehenago.

      Bat-batean kezka larria sortu zitzaidan: nola hartuko zuten agintari haiek frai Beremundoren presentzia? Iraintzat hartuko al zuten? Liskarrak sortuko al ziren berriz ere San Sebastiango komentuarekin? Hobe zen denborari bidea urratzen uztea.

      lkustaldia bukatuta, Pierresek ardandegi batera eraman ninduen, bertan, Batista, bertako jabea, gu noiz azalduko zain zegoen. Zalantzarik gabe bisita hura ere alkaidearen harrera-egitarauaren barnean zegoen: ni limurtu eta neure burua lasaitzeko bere ahalegin tematian hain zuzen ere.

      Egundoko ardo upelak lerroka jarrita, zein baino zein eder eta bikainagoa!

      Gu sartu ginenerako, Joannes D'Altruy komisarioa eta Mixel kontularia mahai batean eserita zeuden, pitxar bana ardo aurrean zutela. Biak ala biak muturra ederki bustita ordurako.

      Pierresek berak luzatu zidan antosina bete ardo, keinu esanguratsua eginez.

      —Gure herri honetan dena ez dugu gaitza.

      Buruaz eta konbentzimendu handirik gabe onetsi nituen alkaidearen hitzak.

      Mahaian Joannes menditarren aurka egindako sarekada bati buruz hizketan ari zen. Alkaidearen gogoz bestera, arreta jarri nien haren hitzei. Ziur asko, gero ederki ordainduko zuen komisario kaskarinak alkaidearen asmoa hain era zakarrean zapuztu izana. Neu, aldiz, menditar bitxi haien berri jakiteko irrikatan, mahaian beraiekin eseri eta zurrutada luzea jo nuen.

      Pierresen bekozkoa inoiz baino nabariagoa.

      —Gauez abiatu ginen berrogei bat lagun mendi aldera— harrokeriaz puztutako komisarioaren ahoskerari, akoholak eragindako mihiaren etengabeko kateatzea kontrajartzen zitzaion. Emaitza, zinez, barregarria zen. Egun hura ilargi beteko ostirala zen, basati haiek beren lizunkeriak egiteko aukeratzen duten eguna. Aztarnariak laster eman zigun berria: talde bat bazegoen basoaren agerrune batean dantza eta orro, biluzik, deabruaren gurtzan. Txakurrak prestatu eta oihandarrak inguratu genituen. Haiek beren haragikeriatan jarraitzen zuten, gainera zetorkienaren guztiz oharkabe. Higuingarria zen ustez gu bezalako gizon-emakumeak direnek halako izugarrikeriak egiten ikustea. Berdin nahasten ziren ume eta helduak, xexu bereko zein desberdinekoak edo pertsona eta animaliak. Nire gizonetariko batzuek ezin eutsi izan zioten goragaleari, hain zen naturaren kontrakoa menditar haien jokabidea.

      »Lehendabizi zakurrak askatu genituen.

      »Ezin ditut gogotik uxatu gizon-emakume haien izu aurpegiak. Zakurrek sekulako triskantza egin zuten, bai; hala ere batere hunkitu ez ni, zeren eta azken finean berdinkideen arteko borroka izan baitzen hura: basapiztien artekoa.

      »Bizirik gelditu ziren bakanak ezpataz akabatu genituen. Horra lana txukun eta artez egitea, bai horixe!

      Nahikoa izan zen kontaera hau lurralde hartan nolako izugarrikeriak gertatzen ari ziren kontura nendin. Beharbada alkaidea beldur zen, ni halako kontakizunen aurrean izutu eta hanka egin nezan beldur; beste arkitekto bat bilatu beharrari beldur; elizaren inguruko jendea zereginik gabe luzaro egoteko beldur.

      Neure baitan, ordea, jakin-mina gero eta handiagoa zen. Banekien jakin eliza baten eraikuntza baino askoz gehiago zela jokoan zegoena: hiri baten etorkizuna zen, azken buruan, erabakitzen ari zena.

      Jainkoa unibertsoarena den legez, eliza hura herriaren ardatza zen. Elizak mugatuko zituen herri haren bizimodua eta geroa; edo beharbada alderantziz. Dena dela, herriaren eta elizaren etorkizuna gogor loturik zeuden, eta neu elizaren egilea nintzen aldetik, ahaltsu eta ezinbestekoa sentitzen nintzen.

      Azkenean neure neurriko erronka!

      Bai, une hartan neu nintzen gizonik garrantzitsuena. Denak ala denak niri begira zeuden. Begirune hark barne-indarra eta sekula sentitu gabeko adorea ematen zizkidan. Eliza egin egingo zen, bai horixe! Herriak, iraun arte bederen, Gonzalo de Montilla arkitektoa edukiko zuen gogoan, baita kanpoko kristauek ere.

      Eta neure gogoa, berriz, ardoak lar beroturik.

      Pierresek etxera laguntzeko egindako eskaintzari errefusatu ondoren kalera irten nintzen. Laino artean ilargiaren muturrari apenas antzeman zekiokeen; iluntasuna ia erabatekoa zen. Handik gertu itsasoak orroka jarraitzen zuen nekaezin, haserre antzean.

      Hormaren kontra bizkarra bermatu eta ozenki egin nuen barre. Burua jiraka zebilkidan eta pausuari pausu emateko ere ez nintzen gai sentitzen. Balantzaka eta lantzean behin estropezu eginez abiatu nintzen etxerantz. Ezkaratzean, olio-kriseilua zegoen pizteko prest. Sukarriari ekin nion alferrik: mozkortuegi nengoen. Azkenean, argirik gabe igotzea erabaki nuen. Egurrezko eskailerek arranguraz erantzuten zioten nire oin astunen ibilera traketsari. Bat-batean, hots bat entzun nuen. Horditurik egonagatik ere, zentzumenak ez nituen hain kamutsak eta arriskuari igartzeko moduan nengoen artean. Eskua ezpata-eskutokira eraman eta, albait isilen, igotzen jarraitu nuen. Tamalez, beste behin ere behaztopatu, eta eskaileretatik behera jausi nintzen, ezkaratzeko lurrean luze-luze eginda geldituz. Ezpata ateratzen ahalegindu nintzen, baina nire gorputzaren azpian geratua zen harrapaturik eta erori nintzen posturan ezinezkoa zitzaidan guztiz. Babesik gabe nengoen etsai ikusezin baten mendean! Barregarria ere bazen. Pixka bat lehentxeago munduko gizonik ahaltsuena sentitzen nintzen hau, edozein zarpailtsuren eskutik lepamozteko zorian nengoen. Etsaiari aurpegia ikusi ere egin gabe hilko nintzen zakur baten pare. Herriak gizaldiz gizaldi oroituko zuen gizona bertan zetzan, txorimalo abaildu baten antzo, heriok noiz kolpatuko zain, bere harropuzkeriaren erruz.

      Sastada barik, musu luze eta heze bat izan zen neure ezpainetan sentitu nuena.

      Jadanik hilik eta aingeruen esku ote nengoen ere pentsatu nuen nahasmendu une hartan.

      llunpetan sentitu nituen haren eskuak nire lepoaren jiran biltzen, indarrez, antsiaz. Ezpainek, beste behin ere, erasoari ekin zioten, kedar eta espeziez hornitutako usain sarkorra nigana barneraraziz. Zerk eragin ote zion neska zerbitzariari halako aldaketarik? Sukaldeko laratzean ongi hausnartutako erabakia zen ala baten batek belarrira xuxurlatutako aholkua? Nola pasa liteke emakume bat uzkurtasun handienetik erabateko gordinkeriara ordu gutxi batzuen bueltan? Eta nik burua gogoeta sakonetarako eduki ez. Haize-zurrunbilo erraldoi baten barnean sentitzen nituen buru-gorputza, hona eta hara eramanki bortizkeria eskergaz. Panpina nintzen esku trebeenetan erabilia, artean ondo ezagutzen ez nuen antzoki ilun bateko derrigorrezko antzezlea.

      Jantziak urratu eta zentzumenak itzartzen hasi ziren emeki eta etengabe. Neskak nire gainean jarraitzen zuen agintari, bularrak agerian eta mihia lanean neure soinetik behera. Jantziak gehiago urratu ziren eta mihi-eskuak dantza erogarri bati lotu zitzaizkion. Laster izerdiaren usaina ardoarenari eta sukalde-zokoko kedarrarenari erantsi zitzaien. Burua hegan nuen. Enbata, arnasestua, naturak libratutako oldar eutsi ezina gutaz nagusitzen hasia. Bere izena ere ez nekien, agian hobe zen horrela. Zentzumenen erresuman kortesiazko kontuak hutsalak direlako eta, azken finean, ordurako gorputzaren mintzoa beste edozein burutasuni gailendua zitzaiolako.

      Ez izenik, ez aurrez aurreko irudirik: sentimenak eta iluntasuna baino ez.

      Ardoaren eraginez zakil nekez puztu berriari ezpainetaratu zuenean arnasa arindu egin zitzaidan. Une batez burutazio bitxi bat izan unen: zer pentsatuko ote zuen frai Estebanek postura hartan ikusiz gero? Horra arkitekto handia, Jainkoaren etxe ederrena egiteko eginkizun sakratua duena pailarda baten eskuetan, zakur baten pare, etxeko ezkaratzean larrutan! Edo, batek daki, litekeena ere bazen erromeriara biltzea; afera horietan zenbait kleriko iaio askoak izaki, xurrumurruek diotenez.

      Ez zen hura pentsatzeko unea. Lurretik agondu eta eskuez neskaren gorputza goitik behera uki eta sentitu nuen. Gona emeki altxatu eta alu-mintza hatz erakusleaz emeki igurtzi nuen hezetasun likitsa sentitu arte; gero, hatza sudur-zuloetara eramanez, sakon usaindu eta azkenik mihi-puntaz dastatu nuen. Jadanik neskaren gona goraino altxatuta, mingainaz haren izter barnetik erasoka hasi nintzaion. Eskuez gerritik irmo heltzen nion eta, halako batean, sentitu nuen nola gorputz liluragarri hura, udaberriko lili goiztiarraren erara, neure zentzumen kitzikatuetara zabaltzen zitzaidan goi-eskaintza bailitzan.

      Neskak bi eskuez zakilari oratu eta ordurako fruitu umatua zen haren alura urreratu zuen.

      —Ez, hemen ez, laztana!

      Neure hitzok deblauki eten zuten haren egitekoa, eta latzegi mintzatu ote nintzaion damu izpia izan banuen ere, segidan berak belarrira jaulkitako hitz gordinek neure okerretik atera ninduten.

      Kriseilua bigarrenez pizten saiatu nintzen. Oraingoan, ardoaren eraginari gehitutako kilikadurari egotzi nion beste behin ere zorioneko kriseilua ezin piztu izana. Berehala, neskak samurkiro eskuetatik kendu eta trebeki irazeki zuen. Haren aurpegia Ama Birjinaren beraren agerkunde gisara argitu zen ezkaratzeko ilunean. Atorra askatuaren azpitik bularrak sendo eta desiragarri buztantzen zitzaizkion. Berriro ere ekiteko desioari nola edo hala ekidin eta, eskutik helduta, gorantz abiatu ginen irri eta jolas.

      Azkenean ate aurrera iritsi ginen.

      Bi besoetan altxatu nuen neska sutsua; berak, bitartean, burua nire lepoaren kontra leunki pausatua zuela, kriseiluari heltzen zion. Ostiko bortitz batez atea hots handiz zabaldu nuen eta barneratu egin ginen.

      Neskak, supituki, oihu lazgarria egin eta kriseilua lurrera jausi zen.

      Ahalik azkarren kriseilua lurretik jaso eta gelaren barrua argitu nuen. Neska nire atzean zegoen, lurrean etzanda, ahuspez, aurpegia eskuetan bildurik eta negar-malkotan.

      Ezpata eskuan nuela, poliki-poliki eta atezuan beti ere, gelan barneratu nintzen. Zinez ikaragarria zen, argia aurreratu ahala, neure begi aurrean zabaltzen zen irudia: lau hormak odolez arrunt zikindurik zeuden, zenbait tokitan (leiho ertzean kasu) odola ez ezik animalia baten errai puskak ere zintzilik zeudelarik. Ohe-buruan eta odolez marrazturik, niretzat guztiz arrotzak eta ulergaitzak ziren ikurrak ageri ziren; haien azpian, burkoaren kontra jarrita, idi baten buru kraskatua zegoen, burminak agerian zeuzkala. Lastaira aizkoraz txiki-txiki eginda zegoen eta barruko  lastoa han-hemenka sakabanatua. Ohearen ondoko arasan, aberearen begi lehertuak eta mihi odoldua zeuden; beren inguruan ikur gehiago izkiriaturik.

      Bertako kiratsa jasangaitza zen!

      Goragaleari eusteko ahaleginetan kanpora irten nintzen. Neska jadanik alde eginda zegoen. Eskaileratik behera begiratu eta haren eskalapoi bat besterik ez zegoen, arrapataka hanka egin izanaren seinale.

      Esku artean hartu nuen oinetakoa eta burua irmo bermatu nuen eskailerako hormaren kontra. Ezin nuen pentsatu: gertakaria zentzuari gailentzen zitzaion eta neure buruan iluntasuna nagusi zen. Artean ere odolaren kerua sudur-mintzetan itsatsita neukan.

      Kokoriko jarrita, barandari heldu nion; inguruko gauzak oro biraka ari zitzaizkidan. Zutitzen saiatu nintzen, baina hankek huts egin zidaten. Lurrean negar eta barre egin nuen nahasian. Jarrian, oka egin nuen.

      Frai Beremundo aldez aurretik esandako orduan azaldu zen etxera. Lehengo etxean jarraitzea erabaki nuen, nahiz eta alkaideak beste ostatu erosoago eta batez ere seguruago bat eskaini. Goiz osoa eman zuten morroiek gela txukuntzen eta ordu laurden bat inguru komisarioak derrigorrezko ikerketa egiten. Joannes komisarioak kortesiazko tratua uneoro gorde bazuen ere, gertakariak eragindako aldarte txarra nabarmenegi zitzaion, bezperako mozkorraren ajea bezalaxe.

      Hortaz, frai Beremundo azaltzerako, erasoaren arrastoak oro ezabatuak zeuden gelatik. Hark ordurako erasoaren berri bazuen eta inork ezer ikusi ez zuelako harridura adierazi zuen. Nik, neure aldetik, garrantzia kendu nion gertatutakoari. Ez nuen inongo gogorik gai horretaz aritzeko eta lehenbailehen ahantzi nahi nuen; ez bainuen nahi kontua gertatu zenean ni nengoen postura konprometigarria zabaldu eta jendearen ahoz aho ibiltzerik.

      Eta nago, fraidearen begirada zorrotza zela bide, jadanik bazekiela zein egoeratan nengoen. Zorionez eta itxura batez, interes handiagoa erakutsi zuen mahaiaren gainean eta hormetan zintzilik nituen planoekin, erasoaren aferarekin baino.

      Godelet bana bete ardo atera eta, tarte batez, elizaren planoak aztertzen utzi nion, txintik esan gabe, ardoa emeki edanez eta dastatuz. Jakin-mina handiegia zuen eta hura ase arte onik ez zuela izango banekien. Arretaz begiratu nion. Zalutasun handiz mugitzen zen plano batetik bestera, gertutik xehetasun txikienak ere aztertuz; bere kabutan guztiz sartutik zegoen.

      Azkenean, aulkian eseri eta ardo zurrutada luzea jo zuen.

      —Potius mori quam foedari!!

      Hitzok ez ezik haren aurpegiaren zurrunak eta amorruz beteriko begiradak nire proiektuak eragiten zion gaitzestea adierazten zuten. Izan ere, proiektua guztiz berria zen —are gehiago, noski, tradizioari irmoki lotutako lurralde batea—, Frantzia, Flandes eta germaniar herrietan zehar egindako bidaian —hainbat eta hainbat eraikin aztertu eta hango arkitektoekin izandako elkarrizketa sakon eta luzeen ondoren— mamitutako ideien fruitua hain zuzen ere.

      Hona hemen, gutxi asko, neure egitasmoaren ezaugarri behinenak:

      Elizaren mendebaldeko aldeak gurutzadura zabala zuen, beronen buru bakoitzak hainbat pasabide eta sarbidea ahalbidetzen zuen dorre bana zituelarik; elemento hauek guztiek gurutzeriaren zinborio karratuarekin armonia ederra lortzen zuten. Bertan, aurre-abside eta abside zabal baten azpian kripta zegoen, zeinera lurrazpiko korridore baten bidez irits zitekeen. Eraikinaren ekialdeko aldeak, berriz, ez zuen kriptarik eta, horrenbestez, bere aurre-absidea motzagoa zen. Gainerakoan, bi aldeak hainbatekoak ziren erabat.

      Ia simetrikoak ziren bi eraikinon tartean, hiru nabe lerratzen ziren. Iparraldeko nabean bi sarrera nagusiak zeuden; hortaz, eta hauxe zen berritasunik nabarmenetarikoa, ohiko basilika-habearteetan ez bezala, eraikinaren noranzkoa luzeka ez baina zabaleran egituratzen zen.

      Nik banekien berrikuntzok fraideek eraikuntza lanean zituzten oinarrizko arau estuen kontra ez ezik, fraideak bizitzaz eta orobat munduaz zuen kontzeptuaren beraren kontra zihoazela. Gure  fraidea, gizatiar ala jainkozko aginduen artean aukeratu beharrean zegoen. Haren barne usteei men eginez gero, nire laguntzaile izateari uko egin beharko zion, baina bere baitako bakeak Frai Estebani berria eman arte doi iraungo zion, honek ez baitzuen bere asmoetan etsiko arkitektura-arau batzuk gora-behera.

      Frai Beremundo leihora inguratu eta eskuak bihurritu zituen begirada itsasoaren urdinean galtzen uzten zuelarik. Ondoren, soa zerurantz altxatu eta ezpainak mugitu zituen sakonki hausnarketan edo otoitzean bailitzan. Berehala, brastakoan niregana jiratu eta, haren itxura ustez lasaiari inondik ere ez zegokion amorruz, hatz erakuslea airera astinduz hitz egin zuen:

      —Goi-goikoa gurtzeko arau sakratuak hausten dituenak, deabruaren madarikaziorik beltzena baino ezin espero dezake!

      Niri begiratzeko eragatik konturatu nintzen azkenean neure jukutriari igarria ziola, hots, zergatik eman nion hain aise amore frai Estebanen eskaerei.

      Neu, noski, bitsetan nengoen fraide arkitektoaren zalantza larriak eta etsipena antzemanda.

      —Hara frai Beremundo, gaskoiek lurralde honetako eta are, inguruko herrialde guztietako elizarik ederrena eraikitzeko ordaiunduko didate, bai ongi ordaindu ere! Nik, neure aldetik, baldintza bakarra paratu nien lana onartu aurretik: eraikuntza goitik behera neure erara egingo zela, alegia. Baldintza hau dela eta zu zaitut laguntzaile, ez ezazu ahantz; eta baldintza berarengatik, eraikuntza kristautasun munduan egun dauden molde berritzaileen arabera egingo da. Bost axola niri antigoaleko abade zimur batzuen aurreiritzi txatxuak edo bi komunitateen arteko ika-mika zoroak. Neure lana txikikeria haien gainetik baitago, neure lana unibertsala eta betirakoa  izango da eta.

      Frai Beremundok, hitz hauek entzunda, ikaraturik begiratu zidan txunditurik bainoago. Ziur nago haren esku egon balitz ez zuela erreparorik txikiena ere izango neure burua sutara kondenatzeko. Nire hitzok, beraz, neuk nahi nuen erreakzioa sortarazi zioten fraide gizagaixoari: haren nagusiari zor zion derrigorrezko esanekotasunari uko egin ala, bere aburuz deabrua bera zenarekin, besoz beso lanean aritzea.

      Hain zen nabaria fraidearen ezinegonak ezen gorputz guztia goitik behera izerdi patsetan baitzuen. Azkenean, antosinari esku urduriez heldu eta, beste behin ere hausnarrean legez begira geratu zen. Izerdi tanta lodi bat ardotara jausi zen. Segidan, kolpetik ontzia hustu eta mahai gainean ipintzeaz bat bere deliberoa jaulki zuen:

      —De gustibus et coloribus non disputandum!

      Fraidearen amore emanak ustekabean harrapatu ninduen. Nolako ahalmena ote zuen Frai Estebanek bere menpekoengan, non eta beraren erlijio sinesmen barnekoienen aurka bekatu egitera ausartzen baitziren, baldin eta era horretan haren hira ekiditen bazuten?

      Frai Beremundo aulkian amildu, eta burua makurtzeaz bat, bi eskuahurretan bildu zuen. Oinazea nabariegi zuen begitartean, hartutako erabakia harentzat nolako garrantzia izan zuen seinale. Donostiako arkitekto burgoia neure aurrean zetzan akitu antzean, zurkaiztutako txorimaloa bailitzan.

      —Bihar bertan lehen altxatutakoa birrindu eta eraikuntza handiari ekingo diogu.

      Neure hitzon hanturak ez zion fraideari inolako zirkinik eragin; bere baitan erabat sarturik zirudien. Gero emeki aulkitik altxa, elizaren planoari azken bistadizoa bota eta, oinak astun, herrestan kasik, kanpora irten zen.

      Leihotik ikusi nuen fraidea urruntzen eta, une batez, haren bihoz-minak hunkitu ere egin ninduen. Ez nuen, hala ere, berataz luzaro gupidatzeko betarik izan; gupidarako baino kezkarako arrazoi gehiago nuela jabetu bainintzen berehala; neureez gain beste begi zoli batzuek zelatatzen zuten frai Beremundoren ibilera unatua: Joannes d'Altruy komisarioarenak hain justu ere.

      Laster asko izango zuen alkaideak fraidearen eta nire arteko enkontruaren berri.

      Hurrengo eguna goibel antzera argitu zuen. Eraikuntzara nindoala, itsasoaren marruma bortitzak entzuten ziren non-nahi, lehorraren muga gainditu eta herria txikitu beharrez ari zen beldurgarri.

      Elizaren lekura iritsi nintzelarik, langileak jadanik prest zeuden, zain. Nork bere erreminta eskuan noiz hasiko irrikatan. Inguruan altxatutako txabolei, salda goiztiarraren usaina zabalduz, ke zurixka zerien. Andre batzuk txabolen atarietan zeuden, honenbeste desiratutako eguna iritsia zela eta, jakin-minez begira, haur hanka-gorriak aldamenean edo altzoan zituztela.

      Frai Beremundo ere bertan, zain, lehengo egunean bezain gogoilun.

      Aginduak albait argi eta ozenkien jaulki nituen:

      —Altxatutako hormatzar hauek suntsitu! Bihar goizerako leku honetan orube hutsa baino ez dut ikusi nahi; inoiz eta inon eraiki ez den eliza zoragarrienaren oinarriak bertan ezarriko ditugu. Aintza Jainkoari eta betiko ohorea haren zerbitzuan dihardutenei. Orain ekin gogotik lanari!

      Orro burrunbatsu batez erantzun eta lanari lotu zitzaizkion, bai sekula ikusi gabeko kemenez eta indarrez lotu ere! Laster lanabesen harrabotsa eta hamaika hizkuntzatan abestutako doinuak itsasoaren beraren dunbotsari gailendu zitzaizkion. Hura zen mazo, mailu eta borren etengabeko dantza! Zurginek aldamioak egiten zituzten mazolarientzat, harginek, eskultorek, pintoreek, burdinlariek eta entokatzaileek, bat eginik, gogoz astintzen zituzten borrak. Aurki, hauts zurixka lodi bat barreiatzen hasi zen han-hemenka. Andreak, eztulka, txaboletara sartu eta trapuzko ateak ahalik eta hobekien ixten ahalegintzen ziren. Beharginak iztupa txaplatak ipintzen zituzten musuan, arnasa nolabait hartu ahal izateko, eta atsedenik gabe heltzen zioten harritzarrak birrintzeari.

      Eraispen lanek aurrera egiten zuten bitartean, eraikuntza berriaren nondik-norakoak zehazteko asmoz frai Beremundorekin bildu nintzen nire etxean. Proiektuaz orokorrean ez ezik, material motaz, garraioaz eta, orobat, eraikuntzaren balizko iraupenaz mintzatu ginen luze eta zabal. Itxura batera eta neurri batean bederen, bezperako aladurei gailendu eta une oro arretatsu azaldu zitzaidan. Hainbat arazo teknikoz aholkuak eta errezeloak luzatu zizkidan. Egia esan, gustura aritu nintzen fraide arkitektoarekin hitz eta pitz; eta arkitekturari buruz molde zaharkitu samarrak izan arren, berehala ohartu nintzen arkitekto handi baten aurrean nengoela. Ardoak gure eztarritik behera bidea egin ahala, elkarrizketa berotu eta, apurka-apurka, elkarrenganako konfiantza handitu zen.

      Ateko zartada batzuek deblauki eten zuten gure jarduna. Maratila askatu eta alkaidea, komisarioa eta frai Tomas de Guiloc, gaskoien abadea, sartu ziren gelaren barrura. Ni zutitu eta beraien aurrean jarri nintzen, harritu plantak egiten. Nire atzean frai Beremundo sentitu nuen atzera eginez, gibelaldian aulki bat erorarazi zuen haren uzkurkeria are ageriago utziz. Artean hitzik ez zen egin geure artean bisitarien aurpegierari arakatzeari ekin nionean. Denetarik betilunena Pierresena zen, beltzuria eta haserrea nabarmen ageri zituela. Joanesek zurruntasuna zuen ezaugarri nagusiena eta haren ezpainak ezin disimulatutako irribarre doi baten atakaraino luzatzen zitzaizkion. Frai Tomasen hazpegiek, berriz, arranguraren isla fidela gordetzen zuten beren baitan.

      Ezin bestela izan, eta Piarres Orgeletakoa izan zen lehena mintzatzen:

      —Azalpen bat zor diguzulakoan nago, on Gonzalo. Noren baimenaz inguratu duzu San Sebastian komentuko fraide arkitektoa zeure ondora?

      —Ongi jakitun nago zeuen arteko tirabirez —erantzun nion albait ahots-doinu seguru eta zorrotzena taxutuz—; baina jakizue, liskar hutsal batzuek ez diotela itzalik egingo Eraikuntza Handiari.

      Alkaidea astun eta goibel niregana hurreratu zen. Atzetik Joannes d'Altruyk bere nagusiari jarraitzeko keinua egin zuen, baina hark berehala geldiarazi zuen esku astindu batez. Komisarioak atearen ertzaren kontra bizkarra bermatu eta bere eskua ezpataren heldu-lekuan paratu zuen, irmo atxikiz. Tomas de Guiloc, bitartean, eskailerako argi-itzaletatik, herabeti eta  arretaz jarraitzen zuen gelaren barnan gertatzen ari zen oro.

      Alkaideak besotik heldu eta leiho aldera eraman ninduen leunkiro. Han, kanpoan, itsasoa bare zegoen eta kaio batzuek elkarren artean txirikordatzen zituzten hegada jostariak salbu, ez zen bestelako mugimendurik antzematen. Agureak, belarri ertzera xuxurlatuz, neure kolkorako bezala jaurti zituen hitzak.

      —Kontura zaitez zeure hobe beharrez ari natzaizula. Fraide hura zure aldamenean izateak kalte besterik ez baitizu sortaraziko eta, azken buruan, bizitzan legez gure zeregin sakratu honetan lehentasunari atxiki behar gatzaizkio, hots, bertako zein kanpokoen miresmena eta Goigoikoaren onespen betea sortzera deiturik dagoen Eraikuntza Handia hain justu ere.

      —Lan honi baiezkoa eman aurretik baldintza bat lehenetsi nuen ororen gainetik —ihardetsi nion ziurtasunez—: eraikuntzari ekiteko orduan, bitarteko guztiak eta askatasun osoa izango nituela neure zereginean. Ez nizuke gogorarazi behar aitorren seme baten hitzak zenbaterainoko balioa behar lukeen!

      Azken ziplada honek, artean ere gelditzen zitzaion eroapen pizarra, kolpez eta erabat deuseztatu ez ezik, sutan kiskaltzen jarri zuen agintari zaharra.

      —Ero halakoa! Nola eman niezaioke amore basetxean bertan azeria sartzeko maizter bordariak eginiko eskaerari? Edo, laguntzaren aitzakian, artzain-zakur leial eta lañoaren ordez otsoa artaldean bertan sartzeari? Nola eutsi emandako hitzari, honetarako zentzuaren aurka jo behar baldin badut?

      Gorritasunak osoro hartu zuen alkaidearen begitarte ohiki xaloa. Auziak egundoko garrantzia zuen. Bazekien frai Estebanen zelataria haien tartean sartzen etsiz gero, elizaren etorkizuna ez ezik, herriaren bakea bera ere arriskuan egon zitekeela.

      Ni, berriz, neureari tematu nintzaion.

      —Nola pentsa zenezake, halako lan eskerga baten gidaritza pertsona bakar batek har dezakeela bere gain? Frai Beremundo arkitektura alorrean gizon jantzia denez, haren laguntza ezinbesteko gerta dakidake. Akaso, zeu bezalako agintari ahaltsu batek ez al du aski bitartekorik, iturburuko xirripak lur emankorra ureztatzeko bere zereginean, bide doia egin dezan mugarazteko? Behar izanez gero jakinen duzu uholde arriskuari nola aurre egin, urgunea itoz, ibai emaritsuaren urak emendatzera iritsi aitzin, ez da hala on Pierres?

      —Hartzazu beste laguntzaile bat eta bakea izan dezagun!— jaurti zuen epaia.

      —Hain erraza balitz! Nondik ekarriko duzu arkitekturaz nahikoa dakien laguntzaile on bat? Nafarroatik, bi erreinuen arteko tirabirak direla medio, nekez etorriko litzateke inor. Frantziatik ekartzea litzateke zentzuzkoena, noski; baina mezulariak bidali, pertsona kausitu eta Donostiara heldu arte zenbat denbora iragan ote liteke? Hiru, lau hilabete apika... Nola hartuko lukete langileek atzerapen berri hau? Ausaz, arriskurik larriena hortik letorkizuke.

      Une batez Pierres bere kabutan bildu zen. Auzi korapilatsua zen eta neurriko irtenbidea aurkitzea ez zitzaion batere erraza. Nire atzean, apal batzuen artean kikilduta jarraitzen zuen fraide arkitektoari mesfidantzaz begiratu eta aurpegia, bet-betan, desitxuratu zitzaion. Ondoren, eskuak mahai gainean pausatu, arnasa sakon hartzeaz bat begiak itxi eta, ahots lodiz, era zeremoniatsuan kasik, azken erabakia adierazi zuen:

      —Ongi da. Frai Beremundo izango duzu laguntzaile. Baina jakizu, gau eta egun, une oroz, estu har tuko dugula eta ez duela urrats bat bera ere egingo guk jakin gabe. Bestalde eta eraikuntza lanek iraun artean, debekatuta edukiko du hiritik kanpora ateratzea. Hiri eremutik oin bakar bat aterako balu, soldaduek inongo errukirik gabe akabatzeko agindua jasoko dute zeina, ez izan zalantzarik, prestu eta zorrotz beteko duten!

      Azken hitz hauei, onespen osoaren seinale izan nahi zuen komisarioaren buru-makurtze bat jarraitu zitzaien.

      Une hartan eta ustekabean, frai Beremundo bere gordelekutik irten eta protesta egin zuen:

      —Nola ausartzen zara Jainkoaren zerbitzari bat bere zereginetan mugatzen? Ni arkitektoa banaiz ere, oroz gain gizon erlijiosoa nauzu eta, horrenbestez, nire ordenari nagokio. Zeure aginpidea hutsaren hurrengoa da Jainkoaren eskumeneko landan.

      Alkaidea fraidearengana inguratu eta, hatzaz bularrari galkatuz, amorruz mintzatu zitzaion:

      —Donostiaren azken mugariraino zabaltzen da nire ahalbidea, erregek hala aginduta. Berdin suge, putre edo traidore higuingarria izan, den-denak meneko ditut. Ados ez bazaude, zoaz monasteriora eta lotu zure lanari, gure aldetik ez duzu eta oztoporik izango. Zeure esku dago.

      Orduan, frai Beremundok, ezusteko mugimendu azkar batez, alkaideari paparretik heldu eta leiho ertzeraino bultzatu zuen. Berehala, fraideari lepotik atzeman eta atzera egiten ahalegindu nintzen. Fraidearen gorputz izugarri hura astunegia izan, ordea, niretzat. Joannes ere korrika batean gerturatu zen guregana, ezpata eskuan zuela.

      Azkenean, borrokan korapilatutako bi lagunen artean nola edo hala sartu eta bereiztea lortu nuen; hala ere, konturatu orduko, komisarioa fraidearen aurrean ikusi nuen, ezpata altxaturik eta ukaldia jotzeko prest. Jauzi baten ezpatariari oldartu eta besoari eutsi nion, derrigor hilgarria izango zen zartada desbideratuz. Tamalez, ezpataren eskutokia fraidearen burua jo eta zerraldo erori zen gure oinetan konorterik gabe, zauritik odola borborka zeriola.

      Zapi batez odol jarioari eutsi nahian nengoen, langile bat gelara sartu zenean. Aurpegia estaltzen zion hauts zurixkak apenas ezkuta zezakeen azpiko zurbiltasun ikaragarria.

      —Izugarria gertatu da elizaren hondakinetan jaunok!

      Buru-keinu batez behingoan mintzatzeko agindu nion.

      —Hormarzar bat eraisteko lanetan ari ginela, harria zulatu eta barnean zera azaldu da... gorpu bat, emakume baten gorpua.

 

Arkitektoa
Txema Garcia-Viana

Euskaltzaindia / BBK, 2007