Aza
23
17
Hirurogeitik gora poema-liburu idatzitakoa, Shuntaro Tanikawa egungo poeta japoniar handienetakoa dugu, hainbat hizkuntzetara itzulia izan dena. Euskarara ere bai, orain, zazpi poema hauetan, Iñigo Astizi esker. Japoniako lirikaz izan ditzakegun estereotipoetatik urrun —berriki euskaratutako Chuya Nakahararekin ere ezagutu ahal izan duguna—, bere aroko, egungo alegia, ahots indartsu bat aurki daiteke Tanikawaren poemotan.
Aza
09
17
Ibb herrian jaio zen 1971n Hoda Ablan, Yemengo poesiaren gaur egungo ahots nabarmenetako bat. 1989an kaleratu zuen lehen poema liburua, Ezaugarri bihurriekiko loreak, eta geroztik lanean jarraitu du, idazten eta idazle eta sortzaileen erakundeetan bere herrian. Gerra zibilak, Saudi Arabiaren bonbardaketek, kolerak, goseteak eta Mendebaldearen ahazturak jotako bere herrian, Yemenen, Hoblanen zazpi poemaren bitartez euskarara ekarri duguna, Mikel Elorzak itzulita.
Urr
27
17
“Ene herria hain da txikia / eguzkia lotara doalarik / inor ez da ikusi izanaz segur” dio Lluis Llachek Herri txiki kantuan. Ikusten ez dakigu, aspaldian begira bederen jende asko dauka; 2017ko urriaren 27an mundu oso bat, Parlament-aren erabakiari so. Kantu horrekin batera, Parlament horretako kide den Lluis Llach-en dozena erdi kantu ekarri ditugu euskarara.
Urr
26
17
1896ko abenduaren 30ean, Manilako Bagumbayan parajean, fusilatu zuten Jose Rizal. Delitua: sedizioa. Espainiako erresumaren aurka altxatzeagagtik atxilotu, epaitu eta hiltzera kondenatu zuten. Bi urte geroago lortuko zuten Filipinen independentziaren aldeko aktibista, Noli me tangere eleberriak egin zuen ezagun letren eta politika kolonial katoliko-nazionalaren kontrako borrokaren munduan. Fusilatu bezperan, Jose Rizalek Nire Azken Adioa poema idatzi zuen, egun sediziotsu hauetan euskarari ekarri dioguna.
Urr
24
17
Landa-eremua eta lurra dira eremu nagusi Seamus Heaneyren poesiagintzan, eta hala ere poesia moderno eta garaikidea egiten du. Poeta ezaguna eta goretsia Irlandan eta ingelesdunen artean, Nobel saria jaso izanak beste lur eta hizkuntzetara zabaldu zuen. Orain euskarara, Xabi Bordak egindako itzulpenari esker. Susa argitaletxearen Munduko Poesia Kaierak bilduman argitaratu da Seamus Heaneyren poema antologia, bildumaren udazkeneko emanaldiaren hirugarrena osatuz.
Urr
23
17
“Gaur egun ere poesia galegoz idazten jarraitzen bada, neurri batean bederen Rosalia de Castrori esker da”. Halaxe dakar Munduko Poesia Kaierak bilduman Rosalia de Castro poetaren hitzaurreak, eta zuzen esana da Galiziako literaturan ezinbesteko erreferentzia denari buruz. Susa argitaletxeak kaleratzen duen bilduman galegotik eginikako lehen itzulpena, Koldo Izagirrek egina, emakumearen bizimodua, lurra, herriaren miseriak, amodiozko penak eta beste kantatu zituen poetaren lana daukazue euskaraz irakurgai.
Urr
22
17
Japoniako XX. mendeko poeta handietako bat ekarri digu euskarara Hiromi Yoshidak: Chuya Nakahara. Susa argitaletxearen Munduko Poesia Kaierak bilduman argitaratu da, eta klasikoa eta modernoaren artean zubiak egiten asmatu zuen poeta dakarkigu. Sinbolista frantsesak japonierara itzuli zituen, eta bere poesiagintzan txertatu Japoniako tradizio poetikoarekin konbinatuz. Gaur 80 urte hil zen Nakahara —30 urte zeuzkala— euskaraz irakur daiteke, hemen.
Urr
19
17
1945ean aire bonbardaketen eragina bizi izan zuen Inge Müllerrek, 1925ean jaioterri eta 1966an heriotza leku izan zuen Berlinen, hondakin artean hiru egun harrapatua ere geratu zela. Gerraostean kazetari, idazkari… jardundako idazleak bere obrara ekarri zituen, besteak beste, gerra garaian eta Alemania suntsituan bizi izandako esperientziak, bere poemetara. Elena Martinez Rubiok haietako hamasei euskaratu ditu, eta hemen eskaintzen dizkizuegu.
Ira
28
17
Carson McCullers hil zela 50 urte dira irailaren 29an, eta otsailean izan ziren 100 urte jaio zela. Gorka Arresek Jockeya ipuin laburra itzuli du, McCullersek 1941eko abuztuaren 23an The New Yorker agerkarian plazaratua eta hamar urte geroago The Ballad of the Sad Cafe bilduman txertatu zuena. Lehenago egin zen ezaguna McCullers, bi nobelarekin: Ehiztari bakarti bat da bihotza (1940) eta Begi urrekara bateko errainuak (1941), bigarren hau John Hustonek filmerako egokitua, Marlon Brando eta Elizabeth Taylor aktoreekin.
Ira
21
17
Idazle ezagutzen dugu, eragile ere bai, baina marrazkilari fina ere bazen Alfonso R. Castelao. Eta bere herriaren erretratu zorrotza egiteko baliatu zuen marrazkia, hitza baliatu zuen ber gisan. 1920an marrazki erakusketa bat egin zuen, Nos izenekoa, Galiziako herria azaltzen zuela marrazki eta oin-ohar moduan idatzitako komentarioetan. 1931n argitaratu zen liburu gisa, eta 1974an Jucar argitaletxeak egin zuen argitalpen bat, marrazki-albumarena, testuak Gabriel Arestik euskaratuta. Hemen eskaintzen dizuegu.
Ira
16
17
Jean Genet Beiruten zegoen 1982ko irailaren 15ean (duela 35 urte) armada israeldarra sartu zelarik: “Au petit matin, les chars israéliens étaient dans Beyrouth-ouest. Les regardant venir, je vis donc le premier char et les autres, quand ils passèrent près de l’ambassade de France“. Biharamunean hasita, hiru egunez, irailaren 16-17-18an gertatu ziren Libanoko Sabra eta Xatilako sarraskiak: 3.000 gorpu palestinar. Jean Genet Xatilara joan zen irailaren 19an, eta lau orduz egon zen izugarrikeria ikusten. Haren kronika idatzi zuen Revue d’études palestiniennes-en: “Quatre heures à Chatila”, Mikel Antzak euskaratua: Lau orduz Xatilan (Susa, 1991); osorik irakur dezakezu hemen. Ondoren, palestinarrek liburu handi bat egin zezan eskatu zioten Jean Geneti; 1983ko abuztuan idazten hasi zen “Le Captif amoureux”, 1986an argitaratu zena (Genet hil eta bost astera).
Ira
14
17
Disko ederra kaleratu zuen Txomin Artolak 1978an, autoprodukzioan, Belar hostoak izenekoa. Abesti gogoangarriak dituena. Eta tituluak berak aitortzen duenez, Walt Whitmanen Leaves of Grass (Belar-hostoak) poema-liburua da iturria. Liburuko zazpi poema euskaratu zituen Artolak, eta musikatu. Entzutez gozatzen dena bereziki, irakurgai duzu orain.
Abu
31
17
Charles Baudelaire zendu zela 150 urte bete dira abuztuaren 31n. Poeta erreferentziazkoa, « lirika modernoaren aita » kalifikatu du Xabier Bovedak gaur hemen eskaintzen dizkizuegun poemen aurkezpenean. Les Fleurs du Mal obra seinalatuko zortzi poema dakartzagu, Bovedak euskaratuak eta Idatz&Mintz aldizkariaren 56. zenbakian, 2014an, argia ikusi zutenak.
Abu
22
17
Poeta eta antzerkigile irlandar handia ekarri du euskarara, bere azken zenbakian, Idatz& Mintz aldizkariak. Irlandako herriarekiko idazle konprometitua, herri hartako kultura alorrean erreferentzia ezinbestekoa da William Butler Yeats. Xabier Bovedak haren ibilbideko liburuetatik aukeraketa egin eta hamar pieza argitaratu ditu, orain hemen aurkezten dizkizuegunak.
Abu
16
17
Amerikari berriro ere Amerika izaten uzteko aldarrikatzen zuen 1935ean Langston Hughes idazleak; ostera ere beltzena, indioena, pobreena… Ez du gaurkotasunik galdu Hughesen oihuak. XX. mendeko AEBetako ahots ezinbestekoa, herri soilaren, langilearen eta beltzaren aldarria bikain jaso zuena hala literaturan nola bestelako lanetan, Espainiako Gerran eta beste zenbait mugimendu politikoetan, poema hori eta beste dozena erdi itzuli dizkio Iñigo Astizek, hemen eskaintzen dizkizuegunak.