Abu
20
23
1953ko abuztuaren 20an zendu zen Errose Bustintza Mañariko. Beste idazle askoren gisa, bizi zela ez zuen libururik argitara eman, baina makina bat ipuin idatzi eta publikatu zuen, garaiko aldizkarietan gehienbat, Euzkadi-n batez ere, baina baita beste batzuetan ere: Gernika, Aranzazu… 1990ean jaso ziren liburu euskarrian, Ipuiñak izenburuaz, Jaime Kerexetak egindako argitalpenean. Horiez gain, poemak eta kronikak ere idatzi zituen. Labayru etxeak Ipuinik ipuin Mañarian gora bilduma argitaratu zuen 2009an. Haren heriotzaren 70. urteurrenean, hona hemen irakurgai Bustintzaren Ipuinak.
Abu
18
23
Asko izan dira Joseba Intxausti hilberriak urte luzeetan egindakoak. Hizkuntzaren eta kulturaren inguruan gehienak -1957an hasi zen Jakin aldizkarian idazten-. Egunotan, batean eta bestean nabarmentzen ari dira gainera. Gure arloan, Euzko Gogoa aldizkariaren inguruan jorratu dituen ikerketa lanak aipatu gura genituzke, izan ere Euzko Gogoa aldizkaria osorik sarean jarri zuenean ARMiARMAk, berak idatzitako zenbait artikulu digitalizatu eta sarean jarri genituen. Izenordeak, Euzko Gogoaren lankideak eta Hamar urteko lana (1950-1959) artikuluak hurrenez hurren. Joseba Intxaustiren omenez, eta garaiko testuinguruak aztertzeko egoki direlakoan dakartzagu gogora.
Abu
15
23
Pott bandaren 1978ko azaroko aldizkarian euskaratu zen lehenik Slawomir Mrozek idazlearen narrazio bat, Elefantea. 2013an Koldo Izagirrek itzuli zituen bi ipuin (Europarra eta Soldaduaren estatua); eta 2020an, azkenik, Xabier Bovedak bost narrazio eman zituen Idatz&Mintz aldizkariko 67. zenbakian. Duela hamar urte hil zen, 2013ko abuztuaren 15ean, eta hona bildu ditugu umore surrealistaz marrazturiko literatura egiten zuen idazle, antzerkigile eta marrazkilari poloniar honen narrazioak.
Abu
10
23
Aktorea, performerra, kantaria eta idazlea izan zen Emmy Hennings. Alemanian zehar kabaret ikuskizunekin batera eta bestera ibilia, zirkulu artistikoetan mugitu zen, garaiko espresionismoarekin eta abangoardia mugimenduekin harremana izanik. Hugo Ball poeta eta senarrarekin batera Zurichera aldatu eta Cabaret Voltaire ospetsua sortu zutenen artean egon zen Hennings, dadaismoaren sorreran. Bere poesia, dena den, soilagoa da, hitz justuaren bilakoa, ez zuen joera hauetatik edan. Bizitzan eta, ondorioz literaturan, mistizismoak indar handia izan zuen, erlijiorako hurbilketa nabaria izanik azken urteetan. Abuztuaren 10ean 75 urte dira hil zela, eta hona hemen bere zortzi poema.
Abu
02
23
50 urte zituela, 1988ko abuztuaren 2an hil zen Raymond Carver idazlea. Narraziogintzan erreferentzia ezinbestekoa, poeta ere garrantzitsua izan da Carver.
Badira euskarara ekarritako bi ipuin-bilduma, titulu oso inportanteak biak: Katedrala (Elkar, 1993, Juan Mari Mendizabal) eta Zertaz ari garen maitasunaz ari garenean (Alberdania-Elkar, 2003). Horietaz gain, baina, ekarri dira testuak, online irakur daitezkeenak: Jose Mari Pastorrek Idazteaz testua (Susa aldizkaria, 1991); eta hiru poema Kirmen Uribek (Hegats, 1997). Eta narrazioak: Harkaitz Canok Mandatua (armiarma.eus, 2004); Aita, Paul Beitiak (Lekore, 2017) eta Leire Vargasek Bizikletak, giharrak, zigarretak (armiarma.eus, 2021). Harkaitz Canok, bestalde, Carverren poema antologia bikaina eskaini zigun Munduko Poesia Kaierak bilduman (Susa, 2020).
Uzt
31
23
2023ko uztailaren 30ean zendu da David Albahari idazle serbiarra. Ipuin eta eleberri mordoxka argitara emandakoa, kontzentrazio esparruetatik bizirik ateratakoen semea, izan du islarik judutartasunak haren obran. Koro Navarrok itzulitako Götz eta Meyer eleberrian (Pasazaite, 2013), adibidez, paragrafo bakarrean aurkezturiko istorioan ikuspuntu diferente batetik begiratzen dio gaiari, juduak heriotzara garraiatzen dituzten kamioi gidari Götz eta Meyer soldaduen inguruan harilkatutako nobelan. Hona hemen zati bat.
Uzt
30
23
1818ko uztailaren 30 batez jaio zen Emily Brontë idazlea, Ingalaterran. Hiru ahizpetan gutxien idatzi zuena, baina ezagunena, Gailur ekaiztsuak (Erein-Igela, 2017) eleberriaren egilea, elkarrekin idatzi eta argitaratu zituzten poema gehienak —eta onenak, kritikaren arabera— Emilyrenak dira. Haietako bederatzi euskaratu zituen Itxaro Bordak Maiatz aldizkarirako, hona dakartzagunak.
Uzt
22
23
1898ko uztailaren 22an jaio zen Stephen Vincent Benet idazle estatubatuarra. Poemak eta narrazioak idatzitakoa, izan zuen sonarik Estatu Batuetako letren giroan II. Mundu Gerra aurreko aroan. Bury my Heart at Wounde Knee liburu ospetsuaren izenburua Beneten poema bateko bertsolerroa da: “I shall not be there / I shall rise and pass / Bury my heart at Wounded Knee”. Haren jaiotzaren urteurrenean, Super Flumina Babilonis dakarkigu, Joseba Sarrionandiak Hegats aldizkariaren lehen zenbakian, 1989an, euskarara ekarritako haren narrazioa.
Uzt
14
23
Zientzialaria, immunologoa zela nabarmentzen da Miroslav Holub poetaz berba egitean, haren lanbide eta pasioak eragin zuzena baitauka haren obra poetikoan. Zeri begiratzen dion, eta batez ere begiradan. 25 urte bete dira uztailaren 14an Holub hil zela, eta gogora ekarri nahi izan dugu Karlos Cidek egindako antologia (Susa, Munduko Poesia Kaierak, 2016), eta baita 1991n Hegats aldizkarian Maite Gonzalez Esnalek itzulitako lau poema.
Uzt
11
23
94 urte zituela hil da Milan Kundera, XX. mendeko idazle handienetakoa. Euskaraz irakur daiteke haren lanik: literatur aldizkarietan Juan Manuel Basurkok eta Koldo Etxabek egindakoak (Kultura eta izaera nazionala, Literatur Gazeta, 1987; eta Hamar mandamentuak, Porrot 1987), eta Jacques eta Nagusia antzezlana, Beatriz Zabalondok eta Txilikuk euskaratua. Eta handiena Karlos Ciden itzulpen lana izan da, zuzenean txekieratik ekarri dizkiguna idazlearen narratiba obra oparoko bi pieza oso esanguratsu: Amodio barregarriak (Erein, 1993) eta Izatearen arintasun jasanezina (Alberdania-Elkar, 2009, Literatura Unibertsala bilduma). Duela 5 urte, azkenik, Amodio barregarriak liburutik Kunderak berak kanpo utzitako bi ipuin itzuli zituen Cidek, hementxe dituzunak irakurgarri.
Uzt
09
23
1875eko uztailaren 9an jaio zen Donibane Garazin Jean Barbier. Apaiza, Eskualduna aldizkariaren bultzagileetakoa, idazle sutsua. Hainbat lanen egile, ezagunak ditu Supazter xokoan eta Ixtorio Mixterio narrazio liburuak, eta gerran girotutako eleberri bat, Piarres. Klasikoen Gordailuan irakurgai dituzu guztiok. Trebezia handiko idazlea, nahiz eta maila folklorikoan geratzen ziren gehienetan haren idazlanak. ipuina.eus webgunean bere estiloaren eta gaien lanketaren adibide bat badago, Bi makila bidean.
Uzt
05
23
Ahanztezina da bere dibisa: “Menturari hiru dohain zor dizkiot: emazte sortu izana, / Klase sozial apalekoa eta herrialde zapaldukoa. // Eta hiru bider errebelde izateko urdin uherra”. 25 urte bete dira uztailaren 5ean Maria Merce Marçal poeta hil zela. Kataluniako poesiaren erreferente ezinbestekoa, Itxaro Bordak ekarri zuen euskarara Munduko Poesia Kaierak bilduma abiatu zuenean Susa argitaletxeak. Hona hemen haren poemen antologia.
Eka
28
23
Duela mende bete, 1923ko ekainaren 24an hil zen Edith Sodergran. Suedierazko literaturari eta poesiari astindua ekarri zien bere poemetako haize berriak eta, oso gazte hil izanagatik, erreferentzia handia bilakatu zen bere herrialdean—finlandiarra zen, suediar hiztuna— eta oro har Eskandinabian. Euskaraz presentzia bitxia du Edith Sodergranek: Jon Gerediagak protagonista nagusi bilakatu zuen —izenez aipatu gabe ere— Dama antzezlanean (Susa, Ganbila bilduma, 2021), pertsonaia baten hitzetan idazlearen poemak txertatuz. Eta beraz, antzezlaneko testuan haren hitzak irakur daitezke. Horretaz gain, hamaika poema euskaratuak ditu Gerediagak, hemen eskaintzen ditugunak (Finlandiako literaturari eskainitako Hegats 42.ean Teodoro Sorrondegik itzulitako poema barne).
Eka
19
23
Antzerkiak prestigio sozialik ez duen artean, prekaritatera kondenatuta dagoela esaldiari tiraka, elkarrizketa sakonak egin ditu Maddi Goikoetxea Juanenak Euskal Herri osoan, batez ere oholtza gaineko lana hezkuntza eta mediazio proiektuekin uztartu dituzten antzerkilariekin, eta elkarrizketa horiek Ganbila bildumako libruuan batu: Ura jaten. Elkarrizketa hauek hasiera bat baino ez dira, dena den, ezadostasunerako, debaterako, gogoetarako abiapuntu herren baina beharrezkoa.
Eka
19
23
Bi obra dira Gotzon Barandiaranek Hildako haurra liburuan bildu dituenak, Hildako haurra, orain arte antzeztu gabekoa, eta Besaulkiak, Abarka antzerki taldeak oholtzara eramana, Ander Lipusen zuzendaritzapean. Ganbila bildumako 20. titulua da, eta autoreak batean zein bestean botere mota ezberdinekiko dialogoa edo, zehazkiago, etengabeko talka aurkeztu digu. Hizkuntza landu batez oholtzaren kodeetara moldatutako testuak bi-biak.