Eka 23 16

Eduardo Gil Beraren Hortus botanicus

Baratze edo baso baten aberastasuna eskaintzen digu Eduardo Gil Beraren poemarioak, Irun Hiria saria jaso eta 1989an argitaratutako Hortus botanicus honek. Kultura klasikoak presentzia dauka, baina ez da erudizio erakustaldi bat, poemen baitan egoki txertatua da, eta disonantziarik gabe bat egiten du egilearen hizkera propioarekin, berau ere benetan aberatsa. Neurri desberdineko poemak dira, errima inoizka baino eskaintzen ez dutenak, itxura grafikoa ere zainduz hainbatetan, garai hartan zabalduxe zen joera batean. Etxeko bazterretatik mundu osoko toki izenetara, liburua autorearen geografian mugitzen da, azken batean. Hemen eskaintzen dizuegu osorik.

Eka 17 16

Paco Urondoren poemak

Zuen baimenarekin / nahiago dut bizirik jarraitzea” idatzia zuen; baina ez zioten baimenik eman. Gaur 40 urte, 1976ko ekainaren 17an, Argentinako Armadak tiroz eta buruan kulataz jota hil zuten Francisco Paco Urondo poeta. Alaba txikienak amarekin ihes egitea lortu zuen, Urondok ez. Ekintzaile montoneroa zen eta, beste askok legez, errepresioaren gordina jasan zuen —bera hiltzeaz gain, alaba zaharrena eta suhia desagerrarazi zituzten—. Lehenago egona zen espetxean, jardun politikoa landutakoa baitzen Urondo, kultura alorrean ardurak izandakoa. Baina oroz gain idazlea. Argentinako poesigintzaren berritzaileetako bat, kazetaritza, antzerkia eta poesia landu zituen, 46 urte zituela hil zuten arte.  Jose Luis Otamendik ekarri dizkio euskarari Paco Urondoren zortzi poema, guztion gozagarri.

Eka 10 16

Vercorsen
Itsasoaren isiltasuna

Parisen jaio eta hazia, ilustratzailea, istorio grafikoen eremuan egin zituen lehen lanak Jean Bruller Vercors idazleak. Bigarren Mundu Gerran mobilizatua, Erresistentziari lotu zitzaion eta Vercors mendien abaroan jardun sasiko lanean. Kultura alorreko ekintzailea, bere konpromiso politikoa ez zuen sekula utzi eta Ohorezko Legioari uko egin zion Aljeriako gerraren aurkako bere jarreragatik. Erresistentziako jardunean idazkuntzari ere lotu zitzaion, besteak beste. Eta gaueko lan honetako kide Pierre Lescurerekin batera, hain zuzen, Editions de Minuit sortu zuen 1941ean, eta hantxe argitaratu 1942an bere libururik ezagunena, Le Silence de la mer. Gaur 25 urte hil zen Parisen Vercors, eta haren omenez dakargu lan horixe, Ibon Sarasolak euskaratutako Itsasoaren isiltasuna.

Eka 09 16

Erramun Astibiaren mendeurrena

Bihar ehun urte beteko dira Erramun Astibia (Errenderi Aba, elizako izenez) hil zela, bizitza gehiena Lizarran eta Tuteran eman ondoren. Inguru erdaldun honek edukiko zuen zerikusia, seguruenik, bere olerkigintza zibilaren gaietan: hizkuntzaren heriotza, Euskal Herriaren gainbehera… eta Sabin Aranaren figura, gure Aitalehen modernoa, esperantza eta galera. Mezu zuzeneko eta irudi errazeko olerkiak landu zituen, hala elizako nola batzokirako. Etsipenaren eta itxaropenaren arteko, esan liteke deitoreak eta himnoak eman zizkigula Astibiak. Horrela, kanturako testuak bezala harturik, asko irabazten dute bere olerkiek. Letragile segurua da, neurriaren eta kadentziaren zentzua dauka, eta estrofa molde berritan saiatzen da. Entzutekoak izango ziren letra haiekin Alfonso Uriartek eta Astibia bezala kaputxinoak ziren Aita Donostiak eta Aita Elduainek sortu zituzten doinuak eliza eta antzoki beteek kantari. Elixabete Perez Gazteluk bildu eta editatu zituen sakabanatuak zeuden orriak eta eskuizkribuak Erramon Astibia «Errenderi Aba» (1881-1916) Idazlanak izeneko CDan (Errenteriako Udala, 2003), eta horretaz baliatu gara Errenderi Abaren abesti ez zerutar baizik euskotar batzuk eskaintzeko oroigarri gisa.

Eka 04 16

Anabitarteren erokeria

Azaroan 125 urte jaio zela, gaurko egunez 35 hil zela Augustin Anabitarte. Bidaiari, argazkilari, kirolzale, laketeko marinel eta, oroz gain, idazle. Munduok islatu zituen idatziz, obra ez oparo baina anitza baita Anabitarterena: dibulgazioa (Antzinako Olinpiar Jolasak, 1925), nobela  (Usauri, 1931 eta Donostia, 1932), gazte literatura (Poli, 1958), kronika (Aprikako basamortuan, 1961)… Ez da ohiko curriculuma gure letretan. Itsasoa ezinbesteko osagarria du fikziozko lanetan, urruntasun eta gertaleku askatzailearen balioarekin. Tipoetan eta gertatuetan kostunbrista dela esan bagenezake ere, ozta ageri duen baserritarrik edo arrantzalerik. Bere protagonistak, oro har, eskolatuak dira eta kalean bizi dira, baita Donostia bezalako hirian ere. Kostunbrismoarenak ez diren kostunbreak dituzte, eta folklorikoak ez diren motibazioak. Augustin Anabitarte gerrak eta diktadurak apurtutako belaunaldikoa izan zen, isilaldi luze batera kondenaturikoa. Baina horretaz gain gure literatur sistemak nobela onartu ezin zuen Pizkundea delako aroan egokitu zitzaion bere lan nagusiak argitaratzea. Gero, beste kasu batzuetan bezala, Gipuzkoako Aurrezki Kutxak bere lanak tomo bakarrean publikatu izanak, argitara ordez, ilunpera kondenatu zituen. Merezi ez zuen adur gaiztoak jo zuen gure idazlea. Anabitartek benetako idazlearen eskua zeukan —bizia eta dotorea—, detaileak atzemateko begia, kontakizuna antolatzeko burua eta pertsonaiak maitatzeko bihotza. Injustuki ahaztutako idazle honen prosak daukan dotoreziaren eta bizitasunaren adibide eskaintzen dizuegu 1936an El Día aldizkarian azaldutako Hiru eskiazaleen erokeria kronika.

Mai 30 16

Brendan Behanen hiru poema

Txikitatik jaso zuen Irlandako literaturaren berri etxean, errepublikazale eta langile klaseko giroan. Lanbidez pintorea, urte gehienak borrokari eman zizkion Brendan Behan idazleak. IRAko kidea, hainbat urtez egon zen preso. Poesia idatzi zuen hasieran, irlanderaz, baina arrakasta antzerkitik etorri zitzaion: The Quare  Fellow eta The Hostage lanengatik batez ere. Kronikak eta memoria liburuak ere idatzi zituen: Borstal Boy autobiografikoa, adin txikikoen kartzelako esperientzia kontatzen duena, Confessions of an Irish Rebel… eta baita narrazioak ere. Pertsonaia publiko eta ospetsua, 41 urte zituela hil zen. Dublindarraren hiru poema dakartzagu, Paddy Rekaldek euskaratuak.

Mai 24 16

Josep Romanilhari ebatsiak

Okzitaniako idazlerik garrantzitsuenetakoa da Josep Romanilha. Eskolako errienta, Federi Mistral izan zuen ikasle eta, urteetara, elkarrekin jardungo zuten Felibreen mugimendu linguistiko-literarioa sortzen eta zabaltzen. Idazle ez ezik editorea ere izan genuen, eta okzitanierazko literaturaren harroaldiko epizentroa izan zen bere liburu-denda. Poesian hasi bazen ere narrazioan atera zituen zakukoak, ahozko tradizioa jaso, edertu eta piperrez ondua emanik bere herriari. Robert Lafon irakasle eta saiakeragile handiak frogatua duen bezala, Alphonse Daudet ezagunaren zenbait obra Romanilhari eginiko plagioak dira, manipulatuak, noski, protagonista jator eta politikoki ez biziki zuzenak ziren okzitaniar lotsagabeak paristarren eta oro har turisten gustuko etnotipoak bihurtuta. Romanilhak, ondarea aberasteaz gain, idazkera  molde berri bat proposatu zuen, proventzala oinarri, latinisten eta populisten artekoa, publiko zabalaren mesederako. Urtez urte Mon Dimanche astekarian eman zituen ipuinak bilduman argitaratu zituen Li conte Provençau (1883) tituluarekin, eta data hori ezarri ohi da okzitanierazko prosa modernoaren sorreratzat. Ipuinotan dago Cucugnan-go medikua ospetsua (Lou mège de Cocugnan), Daudetek aurrez beretzat hartua edo saldua (Le medecin de Cocugnan). Plagio honek beste bi plagio probokatu zituen gure letretan: Jean Hiriart Urrutik berea balitz bezala sinatu eta iturriarekiko inolako aitorrik gabe Hilak hil izenarekin argitaratu zuen (RIEV, 1907) Cucugnan herria Garroze herria bihurtuz;  geroago Leon Leonek bertsio labur bat argitaratu zuen Bihurriko medikua izenarekin (Gure Herria, 1927) Bihurri herria asmatuz Cucugnan (edo Garroze, auskalo) ezkutatzearren. Hiriart Urruti baita apez saindu biotan Romanilharen testuari lotuena, haren plagioa eskaintzen dizuegu aste honetakoan, Okzitaniako literaturari barkamena eskatuz eta Josep Romanilha handiaren gorazarre gisa, 125 urte direnez hil zela: Gora Romanilha gurea eta kiskal bitez infernuan ohoinak oro jeloskorrez!

Mai 18 16

Arrotz eta eder, Pako Aristiren poema liburu berria

Literaturiarekin bat eginik, Arrotz eta eder poema liburua aurkeztuko du Pako Aristik jendaurrean, Donostiako Liburutegi zaharrean. Noiz izan gara ederrago 17 urte genituenean baino?, esan ohi da xaloki; denok baitugu mundua perfektua izan zeneko oroitzapen bat, nork berea, uste izanik zerbait irabazten edo zerbait galtzen dugula biziaroen kontrakarrean. Nolanahi ere den, poetak gogorarazten digu, arrotz garela herentzia kultural eta sozialaren menpeko bizi garen artean; eta menpekotasun horretatik askatzen garenean agertzen dela gure benetako izaera, eder bihurturik. Noiz izan gara ederrago gaur garena baino? Pako Aristik, uztailaren 16an, Eako Poesia Egunetan egingo du lehendabiziko errezitaldia.

Mai 17 16

Mario Benedettiren 13 poema

Uruguai eta oro har Hego Ameriketako urte ilunei letren argia jarriz bizi izan zen Mario Benedetti. Eleberrigile, antzerki autore eta poeta, Hego Ameriketako XX. mendeko bigarren erdialdeko literatur mugimenduetan ahots nabarmenetakoa izan zen, gizartean zapalduei ahotsa eman ziena, hain zuzen ere. Maiatzaren 17an sei urte hil zela, haren hamahiru poema dakartzagu sarera, Xabier Bovedak euskaratu eta Idatz& Mintz-eko 59. alean argitaratutakoak.

Mai 11 16

Literaturia, plazer hutsa

Literaturiaren zortzigarren edizioa egingo da maiatzaren 19tik 22ra bitartean Zarautzen, larrua gai gisa hartuta eta “Plazer hutsa” lelopean. Miren Agur Meabek egingo du sarrera hitzaldia, Isaac Xubin idazle galiziarrak Sarrionandiaren poemak irakurriko ditu, Anne Sextonen poemen errezitaldia eskainiko du Harkaitz Canok, Itu Bandak “Isabel Iturberen bizitza eta heriotza” estreinatuko du, Ekhine Eizagirreren Alde erantzira nabil poemetan oinarritutako ikuskaria izango da, Eider Rodiguezekin eta Kirmen Uriberekin solasean jardungo dute. Eta Garoa liburu-dendan liburu berriak aurkezten ariko dira: Oier Guillan, Peru Magdalena, Joxean Agirre, Asier Serrano, Aritz Mutiozabal, Pako Aristi, Goiatz Labandibar, Egoitz Zelaia, Markos Gimeno. Antzerkia Metrokoadroka kolektiboaren eskutik. Eta musika emanaldiak: Ruper Ordorikak, Beñat Axiarik eta Joseba Irazokik. Hementxe duzu egitaraua.

Mai 07 16

Jerzy Lecen Aforismoak

Galitzia eskualdeko Lwow herrian jaio zen Stanislaw Jerzy Lec (1909-1966), Polonian. Poema eta artikulu satirikoak publikatu zituen gaztetan. Judua zenez, Tanopol kontzentrazio eremura eraman zuten alemanek Polonia inbaditu zuteneko (1941). Bi urte geroago ihes egin zuen suntsimenetik, eta partisano poloniarrekin ekin zion erresistentziari. Gerra amaitutakoan Szpilki aldizkari satirikoaren sorreran hartu zuen esku, baina, gerraurreko ildoari jarraituz, poemagintzan saiatu zen bereziki: Bizitza umorezko poema da (1948), Poema berriak (1949) eta Israelen bizi izan zen bi urteren emaitza zuen Jerusalemgo eskuizkribua (1956). Estalinismo aroaren amaierarekin (1956), trabarik gabe publikatu ahal izan zituen bere senaren emaitzarik onenak, aforismoak, arrazoiketa sakonik eta argudiatze sendorik behar ez duten pindarrak, espiritu zorrotzaren txinpartak (Ilea laztutako pentsamenduak, 1959). Bitxia da nolako argitasunak ematen dituzten Jerzy Lecen pentsamenduok estalinismoaz honatago ere kritika eta kontzientzia manipulatu nahi zituen sistema bati buruz. Agian, ez zaigu hain bitxia gertatuko egilea alderdi komunistako kidea zela eta Poloniako Herri Armadako itzulpen eta propaganda unitatean jardun zuela jakinik.

Mai 05 16

Haroldo Contiren
ahots isilarazia

Gaur 40 urte eraman zuten, gaur arte. Argentinako Armadaren Inteligentziako 601 Batailoiak hartu zuen preso Haroldo Conti idazle eta irakaslea, eta desagerrarazi.  Hainbat eleberriren egilea (En vida; Mascaró), bere belaunaldiko idazle aipagarrienetako bat da. Idazlea eta ezkerreko militantea, Argentinako diktadurak jasaten ez zuen konbinazioa. Haren omenez, idazle buenosairestarraren eguna da Maiatzaren 5a, eta guk Anaia baten heriotza narrazioa eskaintzen dizuegu, Gotzon Barandiaranek euskaratua.

Mai 03 16

Padraig Mac Piaraisen
hamar poema

1916ko maiatzaren 3an, gaur 100 urte, fusilatu zituzten Dublinen Tomas O Cleirig, Tomas Mac Donnchadha eta Padraig Mac Piarais, Pazkoko Altxamenduko buruzagietarik hiru. Altxamendua amaitu eta astebetera exekutatu zituzten matxinadaren lehenengo buruzagiak. Politikariak, iraultzaileak eta langile mugimenduko liderrak izateaz gain, haietako batzuk idazleak ere baziren. Inoizko iraultza literarioentzat joa izan da Irlandakoa. Eta haien artean, nabarmen, Padraig Mac Piarais, izen ingelesarekin ezagunagoa, Patrick H. Pearse (Thomas Clarke eta Thomas MacDonagh, kideenak). Poeta eta antzerkigilea (MacDonnchadha ere hala zen), euskaraz paratu ditugu haren hamar poema.

Api 28 16

Akram Aylisliren ipuin bat

Estatuari dirua lapurtu ote dion esamesaren zama bizkarrean bizi da Axdar, ezkutuan, eta lapur fama horren eraginpean lotuko da Sarvar ere, berak salatu ez duen adisideak traizionatu duelakoan. Axdarren jokabidean, baino, bada ezagutzen ez den konturik. Badaki zer den jendearen, bereziki boterearen, pisua nabaritzea Akram Aylisli azerbaijandarrak. Idazle ezaguna, behiala errekonozimendua jasoa, armeniarren genozidioa salatu izana, bera azerbaijandarra izanik, larrutik ordaindu du, bere herrian guztiz bazterrera geratu arte. Azerbaijango idazlerik ezagunenetako bat, euskarara ipuin bat ekarri dugu, Josu Zabaletak itzulia, Bihotzak baditik horrelako gauzak.

Api 24 16

Pazkoko Altxamenduaren mendeurrena

Gaur 100 urte, 1916ko apirilaren 24an aldarrikatu zen Irlandako Errepublika, Dublinen, Pazkoko Altxamenduan. Irlandako gizon eta emakumeei zuzendutako manifestu batekin, abertzale irlandarrek errepublikaren aldarrikapena egin eta Britainia Handiarekiko askatasuna deitu zuten. Urteetan ernatzen joandako abertzaletasunak eta nagusiekiko herrak 1916ko Aste Santuan egin zuten eztanda, eremu abertzaleak eta langileak batuz 5 egunez luzatu zen matxinada batean. Orduan bost egun, baina luzarora eragin erabatekoa izan zuen mugimendu batean. Britainia Handiko Armadak gogor borrokatu zuen bolondres irlandarrek armez hartutako Dublingo eremua, eta ondorengo errepresioa oso bortitza izan zen, altxamenduaren buruzagiak exekutatuz, eta zientoka lagun espetxeratuz.  W.B. Yeats poetak hurbiletik jarraitu zituen gertakariok (Pizkunde 1916 poema ezaguna adierazgarri), eta egun haien inguruan ondutako beste bi poema eskaintzen dizkizuegu, mendeurrenaren karietara.

Agenda

Efemerideak

Kritikak