Mai 17 05

Gerra eta literatura: “Gerla ote dugu gerla?”

Asko idatzi da II. Mundu Gerraz munduko literaturetan. Gehiago Europa zaurituan, heroikoago AEBetan, Japoniaren birjaiotzara begira Asian. Lehen begiratuan ez hainbeste gurean, ez behintzat Gerla Handiaz edo 36koaz bezainbeste. Baina bazen gerla horretan euskaldunik, ezta? Nola landu den, garaian eta gerora, gerra ostean, eta zein ikuspuntutatik, Europako literaturan eta euskaldunean, ikusiko dugu ibilbide honetan. Gerra eta literatura eskutik beste behin ere.

Mai 12 05

Xabier Iratzederren poemak

II. Mundu Gerra ez ezik, hamaika gai landu ditu bere poemetan Jean Diharce Xabier Iratzederrek: antzerki-lan eta kronika-lanez gain, 15 poema liburu ditu kaleratuak 1940an Zakalar izeneko poemarioa kaleratu zuenetik. Horietarik  Fededunen arbasoa, adibidez, osorik eman genuen 128. zenbakiko Literatur Emailuan. Susak egindako XX. Mendeko Poesia Kaierak bilduman kaleratu zen Iratzederrena, 2000. urtean. Osorik eskaintzen dizugu orain. 

Mai 12 05

II. Mundu Gerraren amaiera

Maiatzaren 8 eta 9an  gogoratu da II. Mundu Gerra Europan duela 60 urte amaitu zela. Euskal Herria ere ukitu zuen gerrak ez du adierazpen gehiegirik izan gure literaturan, baina zerbait bai. Badaude liburu batzuk, artikuluak, bertsoak… eta guk Emailu honetara, efemeride haren harira, ekarri nahi izan ditugu Xabier Iratzaderren 6 poema

Mai 10 05

Fleur Jaeggy: itxaropenik ez

1968an kaleratu zuen bere lehen lana. Sei lan kaleratu ditu soilik ordutik. Drama hotz eta tragikoak dira bere narrazioak. Azkena Proleterka izan zen, 2001ean. Hedabideetan apenas agertzen den. Egileari buruzko ezaugarririk ez da ezagutzen ia. Zorrotzak eta isilunez beteak dira bere lanak. Ez du gupidarik pertsonaiekin eta munduarekin. Ez dago itxaropenik bizidunentzat.

Mai 10 05

Marianne Moore: pangolinak, adarbakarrak eta beste animalia batzuk

Mende hasierako AEBetako idazle garrantzitsuenetako baten libururik berezienetakoaren berrargitarapen osatua kaleratu du Bartzelonako Acantilado argitaletxeak. 1936an kaleratu zen lehen aldiz The Pangolin and Other Verse Londresen. Animaliak eta pertsonak modu erromantiko batean elkar hartuta: kobrak, sugandilak, dragoi txikiak, tximeletak, saguzarrak, usoak eta pelikanoak eta gehiago. Eta natura. Eta mundu berri bat islatzeko nahia poesiaren bidez. Eta poesia berria.

Mai 05 05

Pako Aristiren Libreta horiko poemak

Urte batzuk narratiban murgilduta eman eta gero, 2003. urtean poesiara itzuli zen Pako Aristi. Oparitu zioten libreta hori batean poemak idazten jardun zuen hainbat denboraz, eta argitara eman Susa argitaletxearekin. Poema soilak, alderdi formalari baino edukiari emanagoak, Aristiren munduaren eta gogoeten erretratu eta kritika zorrotza —batzuetan biluzia— eskaintzen digute. Osorik eskaintzen dizugu

Mai 05 05

Paul Celan euskaraz

1970eko apirilaren 20an bota zuen bere burua Seine ibaira Paul Celan poetak. Errumanian jaioa, judua, frantses pasaporteduna, idazle alemana, XX. mendeko ahots indartsuenetako bat da Paul Celanena. Kontzentrazio-eremu batean gatibu izandakoa, Tximeleta eta memoria poema liburuak (1952) eman zuen ezagutzera, eta bere hurrengo liburuek bere irudien indar eta sakona berretsi. Euskaraz ez zaio deus argitaratu, baina hemen dakartzagu bi poema, Heriofuga eta Hendaia, Koldo Izagirrek eta Iñigo Aranbarrik, hurrenez hurren, euskaratuak.

Mai 05 05

Urtzi Urrutikoetxearen Auzoak

Urtzi Urrutikoetxearen lehen narrazio liburua duzu Auzoak. Kontakizunak gaurko Bilboren kronika egiten du 24 ordutan, goizaldetik goizalderako bidaia batez, hiritarren bizibideetan erreparatuz beti. Auzoak Bilboko Erronda kaleko Likiniano kulturunean aurkeztuko du maiatzaren 11n (datoren asteazkenean) 11:30etan. Urrutikoetxearen liburu berriko bost atal eskaintzen dizkizugu aurrerapen gisa.

Mai 03 05

Dylan Thomas: erraietatik bizitzari lotuta

Swansean, Galesen jaio zen 1914ko urriaren 27an Dylan Thomas. Kazetaria izanik, zinema eta irratirako gidoiak idatzi zituen. San Vicenteko ospitalean hil zen, New Yorken, 1953ko azaroaren 9an. 39 urte zituen. Alkoholak barrena janda. Bere azken esaldia: “Hemezortzi whisky hartu ditut jarraian, marka ona da”. Baina esan zuenak baino garrantzitsuago behar luke idatzi zuenak. Bere poesia osoaren bilduma kaleratu du Madrilgo Visor argitaletxeak gaztelaniaz.

Mai 03 05

Blaga, zeruan zaude? Txori bat zara?

Hiru urte dira Blaga Dimitrova (1922-2002) hil zela. Bulgariako poetarik garrantzitsuenetako bat. Aldaketaren sinbolo izan ziren egilea eta berak idatzi Litse (Aurpegia) liburua. Komunismoaren osteko kontzientzia demokratikoaren sinboloa izan zen Bulgarian. Poeta, narratzaile eta itzultzailea. Garai berrietarako poesia egin zuen, neologismoak eta ironia. Ezezaguna gurean. 25 hizkuntzatara itzuli dituzte haren poemak. Bulgarian gogoratuko dute asteon.

Api 28 05

Juanra Madariagaren Izozmendiak

Imentzioaren pergamuak poema liburuarekin ezagutu genuen Juan Ramon Madariaga, 1989an Bizkaiko Foru Aldundiaren Olerki saria irabazi zuenean, eta hasiera indartsu hark izan du segidarik, izan duenez. Gure azken urteetako poesiaren zutabe sendoetako bat dugu, 2003an Susarekin plazaratu zuen Izozmendiak liburarekin zazpi poemario kalean dauzkala. Horiez gain, 1993an kaleratu zuen Neguko antzarrak narrazio liburua. Bere azken lana, Izozmendiak eskaintzen dizugu osorik, eta 8 poema idazlearen ahotsetik entzuteko moduan.

Api 26 05

Robert Penn Warren: ehun urte iraultzaile kontserbadoreak

Beste mende bateko amerikarra zirudien. Beste garai batekoa eta beste mundu batekoa. Basozainaren antza ei zuen, begi zorrotz baina adeitsuak, asko ikusitakoak. Bere figurak deskriba dezake bere lana ere: lurrari lotua, desagertu den eta itzuliko ez den mundu baten desiran dagoena. Eta izaera: beste garai baten nostalgia, beste garai bateko morala eta ikusmoldea. Nostalgia ez da bere bere literaturan bakarrik islatzen. Ez da oxymorona iraultzaile kontserbadorea izan zela badiogu.

Api 21 05

Erbestetik barne minez

Interneten dauzkagun Andima Ibinagabeitiaren izendapenak berritu ditugu, ezingo dugu egin paperean daudenetan. Hain zuzen ere, 2000n plazaratu zuen Susa argitaletxeak Andima Ibinagabeitiaren gutun bilduma, Patri Urkizuk bildu eta prestatua. Erbestetik barne-minez (Gutunak 1935-1967) gutun-bildumak euskal munduko eragile oso inportante bat aurkezten digu, gerraosteko giroan hizkuntza eta kulturari bultzada ematen kemen handia izan zuena, maiz bide ofizialekin bat egin gabe. Osorik eskaintzen dizugu liburua.

Api 21 05

Andima Ibinagabeitia, ñ barik

1906ko urtarrilaren 26an jaio zen Andima Ibinagabeitia, Elantxoben. Idazle, kultur eta literatur eragile oso inportantea, Euzko Gogoa aldizkarian egindako lanagatik da, batez ere, ezaguna. Baina lan asko egin zituen, eta idatzizkoak hainbat tokitan irakur daitezke. Toki horietan, askotan, ñ-z idatzia dator bere deitura, berak hala egiten ez bazuen ere. Alderdi aldizkarian argitaratutako Batasunaren baranoan artikuluan irakur daitekeenez, hainbatek gaizki idatzi ohi du bere deitura —ñ-az idazteari buruz ari da—. Hona artikulu hori eta bere aldarrikapena. Guk gure egin ditugu hark esanak eta kendu diogu ñ-ari txapela, eta n bihurtu sarean dauzkagun sinaduretan, Ibinagabeitia jarriz. Auzi honi buruzko aurkezpena idatzi du, bestalde, Azkue Liburutegiaren zuzendari Pruden Gartziak, Andima Ibinagabeitiaren artikuluaren eta nahiaren berri eman digunak.

Api 21 05

Itxaro Bordaren nobela berria

Itxaro Bordaren zazpigarren nobelak XX. mendean barrena Otsabideko jendeen zoritxar eta bozkarioak aletzen ditu. Zeruetako erresuma eleberriak amodioa eta heriotza ditu ardatz nagusi, sasoi zailetan: gerlak, emigrazioa, bizibide makurrak… eta hala ere Itxaroren estilo zirtolari eta jostakinarekin kontaturik beti. Liburua apirilaren 22an (ostirala) 11:30etan aurkeztuko du Donostiako Udal Liburutegiko Sotoan, eta aurrerapen gisa dituzu hemen lehen bost atalak.

Agenda

Efemerideak

Kritikak